Itz-Lauz
Enea'rena
Virgilio
euskaratzailea:
Otarri
Latirrak, naiz-ta gerkarrak aiña ez, garai ditugu olerki-saillean; aietan, ordea, Bergili bikaiñena. Jesukristoz aurretiko 70'garren urtean jaioa dugu Andes (gaur Pietola) auzotegian, Mantua'tik ur.
Suetoni'k dionez, aren aita Maron ontzigillea ta aren ama Magia Pola, etziran aberatsak; baiña langille trebe bai. Orrela, arduraz azi ta ezi zuten semea. Kremona'n egin zitun onek lenbiziko ikasketak, gero amasei urteko Milan'en jarraiturik. Laster Napoles'en daurkigu, gerkar idazleen lanetan buru-belarri Homer, Teokrit eta Esiodo ditu maiteen. Jakingai edo zientzi askotan zan buru, garai artako gazteen artean batez ere; sendagintzat, pilosopi, eleketa, edesti, lur-izti ta abar, eder zitun. Baiña, ala ere, berezko griñak, barneiko deiak olerti-zelaira bultz eragiten zion.
Sortzetik zan nonbait itunkor ta bakar-zale, ta ikas-arazoz jarei zanean, jaiotetxe zurira jo zun joranez. Mantua ondoan eukan aitak utzitako etxaguntza ugaria arduraz zaindu ta zuzen du zun. Begiko zitzaion noski soro ta zelai bazterretako bizimodua; ta ba-zun egiaz ixil-toki aietan nun barreia bere gogo ezkutu-miña. An ikasi zun, gaiñera, lur ta baso-en mintzo ixilla. Orduantxe idatziak ditu Unai-kanta edo Bukolikak, azken urteotan Ibinagabeitia' tar Andima'k oso ederki euskeratuak.
Erroma'n ere ba-zun adiskide ta ongille aundia, Mekena zeritzaiona; onen baratz alboan, au da, Eskilin auzunean aukeratu zun azkenez bere bizitegia. Errege-jauregiko olerkari auta omen zan, ta August Kaisarraren ardurapean, liburu sail bikaiña sortu zun. Aldi ontakoa dugu Horati ere, ta bion adiskide ta urgazle zintzo, Mekena. Ba-zituan oindiño beste lagun batzuk ere: Galo, Agripa, Tibul, Propertzi, Mesala ta Polion, esaterako; guztiok idazlariak. Baiña danon artean aipurik ozenena Bergili'k zun, ezpai gabe: ez aurretik, ez gero, iñork izan ez dun langoxe maite-girotan biz izan zan.
Ogei ta amalau urte zitula, Napoles'era aldatu ta antxe jarri zun bere egoitza. Beste zeregin guztietatik azke, Mekena'k agindua bete bear, au da, Solo-kanta edo Georgikak idatzi. Mekena aundiak, izan ere, aldikoz utzi guda-zaratak eta Erroma'k naiko azturik zeukan nekazaritza jaso ta indartu nai izan zun. Eta etziran alperrikakoak izan bere asmuak.
Geroago, aberri-poema nagusia asi zun, bere olerki-sailletatik ederrena. Erroma'ren asiera, gurentasun ta dirdai, oso egoki azaltzen ditu lan aipagarri ontan. Auxe duzu gaur euskeratzen asten gerana. Berau osatzeko gai billa, batez ere Homero'k aipatzen ditun eskualdeak-eta, aztertu bear; luzaro ibilli zan, bada, Grezi, Asi Txiki, Patras, Kerete, Korfu, Atenai ta beste lurralde askotan zear. Bein August Kaisarrak, sortaldetik zetorrela, Atenai'n aurkitu zun, eta berarekin zeraman Erroma'ra. Baiña gexoti samar zalako ta itxasaldi zakarra izan zutelako, Brindis'en lurra jotzean il zan, 19'grren urteko iraillaren 21'an. Gorpua Napoles'era aldatu zuten, ta zanaren azken-naia betetzearren, Puteoli bidean, erritik bi millara, eortzi, obi gaiñean idazkun au jarririk:
Mantua me genuit; Calabri rapuere; tenet nunc
Parthenope. Cecini pascua, rura, duces.
(Mantua'k sor nindun; kalabritarrak atxilotu;
orain Partenope'k nauka. Larre, soro ta buruzagiak jaso ditut)
Ertilariak eztira iñoiz ere beren lanakin poz izaten; ezta Bergili ere berearekin, eta il-zorian aurkitzen zala liburu bikainena, bere Enearena edo Eneida sutara botateko agindu zun gaixoak. Auxe, alabaiña, bere olerti-lanik jator osoena.
Munduko elertietan ba-dira poema ederrak. Eta garaienak epopei izenez ezagutzen ditugu; oietakoak dira, esaterako, Homero'ren Iliada ta Odisea, Bergili'ren Enearena, Dante'ren Jainko-antzerkia, Milton'en The Lost Paradise, Camoens'en Os Lusiadas, Goethe'ren Faust, Erzilla'ren Araucana, Valbuena'ren Bernardo, ta abar. Homer aundiak gerkeraz idatzi zun, eta lateraz Bergili'k, aren jarraillerik zintzoenak.
Homero'ren Iliasena ta Bergili'ren Enearena ditugu, epopeirik ederrenak. Bai bata bai bestea, gizonki egiñak. Olerkari guren biok alderatu ezkero, Homer berezko ta jaikiago. Bergili ertitsu ta goxoago.
I KANTUA
Kanta-gaia. Poema ontan zer kantatzen dan. Goitar Musa'ri laguntza eske. Enea zazpi urtez itxaso zear dabil, ta Troia'rrak Sikili izarotik Itali'runtz zoaztela, Juno'k ekaitz gordiña sortzen du, Eol aize atxilotuen erregek lagunduta. Guda ontzidi sakabanatua. Neptuno itxas-erregeak ekaitza baretu. Zazta basa-okela jatea. Venu Tzeu'gana doa alaka ta espaz, bere seme Enea'ren zori gaiztoa dala-ta. Tzeu'k gogo-alaitzen du, ta Enea'ri ortik datorkion aintza ta Erroma'tarren dirdaia iragarten dizkio. Merkuri'ren gaztigu. Venu'k, tiritar eiztari jantziz, bere seme Enea'rekin topoz egiten du au oian uzuan ara-ona zebilela; itz-aspertuka, Dido erregiñaren berri ugari damazkio. Enea ta Akate, ikusgaitz, laiño barruan, Kartago'ra doaz; emengo jauretxera sartu ta Troia'ko edesti ta gertaerarik irtenenak bertoko ormetan margoztuta ikusirik, arritutik geratzen dira. Euren ontzidiko lagunak ere ba-datoz, itxas-miñetik biziaz irtenik: Dido'gana, noski, abegi on bila. Enea'k laiñoa eten: Dido'ren izua ta arrera txeratsua. Enea'k Akate zintzoa ontzidira bialtzen du, Askani bere semea ara ekarteko aginduz. Maitagarri'k Kupido'k Venu'ren aztikeriz Askani'ren antza arturik, Dido'ren biotz-barnean maite-sua pizten du. Askani'ren loa Ida mendian, izpiko usai artean. Enea'k Dido'ri egiñiko bezuzak. Erregiñaren biotza maitemindurik. Orritsa: Jopa iletsuaren bertso-kantak. Dido'ren azken-itaun eta eskaria.
Ni naiz, beste orduz, txirul-ots bigunean, unai-eresi-joka jarduna; ni naiz oianetatik irtenik, lur-langileari naita asegaitz izan beti eder ta esaneko izaten, biran ziran zelaiei irakatsi niena; lan bikaiña nekazarientzat batez ere. Baiña, orain, Marte'ren ankerkeriak abesten ditut.
Guda-izkilu bildurgarriak kanta nai nituzke, ta Troia'ko itxas-egalak ala-bearrez utzi ta Itali'ra jorik, Labina'ko ondartza lenbizikoz ikutu zun giza-seme urena goretsi; ur ta lur luzaro bait-dugu ibilia Juno zitalaren gibelmiñetik igeska, urtzitarrak ortaratuta noski. Amaika neke ta lor izan zun gudartean, Uria jaso ta etxe-jainkoak bertaratu arte; emendik bai datoz latitar enda, albanitar arbaso ta Erroma burgoiaren arresi zutiak.
Argi nagizu, ene Musa! Esaidazu, otoi, zerk zauritu edo zerk gibelmindu zun urtzien Erregiña, giza-seme leial ta errukitsuari ainbat oker ta zori gaizto arrerazteko. Zer dugu au? nork uste ainbat sumin goikoen erraietan?
Antziña ba-zan uri bat, Kartago, tiritarrak bizi izan zirana, Itali'tik aurrez-aurre ta Tiber agotik ur samar, altxorrez jori ta guda-arazoetan latz. Ementxe bizi omen zan Juno iñun baiño lasaiago, beste eskualde guztiak, bai ta Samo bera ere, saiets utzirik. Ementxe zeuzkan bere izkiluak, ementxe bere zalpurdia; ta zoria lagun ba'zetorkion, erri guztien buru Uri auxe egitea opa arduratsu. Baiña bein izpar txar bat eldu zan bere belarrietara: Troiar odoletik erneko zan, aurki, Tiri'tarren arresiak noizbait bekoz-gora irauliko zituan enda; ta emendik sortuko zan gero, Libi'tarren kaltez, jenderri oso ugaria, gudaritzan ezin azkarragoa. Balbeak orla arildu omen zuten, ardazketan.
Orren bildur zan Saturno'ren alaba, ta oraindik gogoan zeukan Troia ondoan argeiar maiteen alde berberak leia biziz egindako gudaketa gordiña; etzun oindiño bere barnetik alde orduko asarre ta isi mingotzen zioa. Bai, ondo itsatsirik zeukan kolko barruan Paris'en erabakia, bere eder-dirdai ezetsia, jenderri aiertua ta Ganimide abatsiari eskeiñitako gorespena. Onela, asarretan supizturik. Troia'rrak, au da, danaotar ta Akile bulartsuaren puskak, itxas-zear banatuak, Lati mugatik albaitanez saiesten dendatu oi zan: urteetan zebiltzan auek, ur-gaiñez ara ta ona, aduen jostailu. Astuna izan, nunbait, erromar jendeari asiera ematea!
Sikili ertzak utzi ta pozez bide zegiten Troia'rrak ur aundira, galtzairu-brankaz gezal-bitsak zirrikaturik. Baiña Juno, aspaldiko zauri-eztena bular azpian zeramana, berekiko mintzo zan: «Nik bear bada, azpiratua asi-arloari ez ote diot eutsiko? Ezingo ote dut Teukro'tarren errege ori Itali aldetik iges-erazi? Aduak debekatu didate, noski. Ez al zun Pala'k, Aiax Oilei'ren semearen erru ta asarreeagatik, argeia ontzidia ixio ta beingoan danak itxas-barneratu? Ontziak berak bait-zitun sakabanatu Tzeu'ren su bizia odei gaiñetik egotziz, bai ta gezal sabela aize burrunbatsuz naspildu ere Sua zerion Aiax erdi ilak, gaiñera, zirimol nasian artu ta aitz-muturrean maspildu zun. Baiña, nola ni, urtzien erregiña ta Tzeu'ren arreba ta einazte, ainbeste urtez erri batekin gudaketan? Taiu ontan, nork gurtuko du Juno'ren ala? Edo-ta, nork aren mai done aurrean auspez, opariak eskeiñiko?»
Juno, urtzitar emakumea, gauza oek biotzean gar-iraulka, Eoli'ra doa, ekaitzen sorterrira, zear-aize biurriz gonburu diran artzuloetara. Eol erregeak emen, artzulo zabaletan, aize zakar ta eraso orrulariak esku latzez menderatzen ditu. Auek, ezigaitz, asarre-astalka, marrao bizi ari dira mendi-sabelean, baitegi guztia dardar dutela. Eol'ek gaztelu goian du exerileku, ta andik agint-makillla eskun, oro arindu ta paketzen du. Ta orrela ezpa-legi, euren ekin gogorrez, itxaso, lur ta ortze sakon, oro nasturik, goi zear amilduko lituzteke.
Baiña Jupiter altsuak, orrelakoren bildurrez nunbait, leizazulo beltzetan atxilotu zituan; menditzar astuna gaiñean jarri zien, ta agintari zorrotza eman, ao-ugelak estutu ta lasaitzen arau zuzenez zekiana noski.
Juno'k, ba, eske antzean ta otoizka, itz auek ebaki: «O Eol, urtzitarren aita ta gizonen errege danak, uiñak naretu ta aizeak zirimoltzeko eskua eman zizuna: eder etzaidan erri bat Tirren uretan zear dabil, Ilion ta etxejainko goituak Itali'n sarerazi nairik. Indar emaiezu aize auei, ta urpera itzazu osoan ontzi erdi-estaliak, edo bientzat sakabanatu itxas-zear, aien gorpuak gezalpera egotzirik. Amalau neskatx ditut, guztiak lirain ta eder; ta auetatilk atsegingarriena, Deiope, emaztetzat emango dizut, neri egin on-ordaiñez, ta zure dukezu, urteetan alkarrekin bizirik, seme-alaba lerdenen aita zagiantzat».
Eol'ek onela jardetsi zion: «Zeure lana duzu, oi erregiña! egokien zaizuna aukeratzea, ta niri dagokit zuk nai duzuna betetzea. Erri au, izan ere, nori zor, zuri ezik? Zu zerala-ta ditut agint-zigorra ta Jupiter'en adiskidetza; zure bitartez eskei oi naiz jainkoen maiean; zuk egin nauzu euri-jasa ta ekaitzen zuzentzaille».
Itz auek bukatu zituneko, jotzen du Eol'ek agint-zigor erpiñez mendi konkorra saietsean, ta bertako aizeak, gudari-saldoa iduri, irikiko zulotik irtenda, lur guztian zear edatu dira, iskan bil ta zurrunbillo. Ba-doaz itxasoraño ere, ta Euro, Noto ta ekaitz-aizeak alkar artu ta nasturik, gezal guztia asaldatu ta bekoz-gora jartzen dute, ondartzara bildurgarrizko uiñak bidaliz. Ta or bertatik gizakameen garraxi ta txikoten karraska biziak. Bat-batez, zerua ta egona ezkutatzen dituzte laiñoak Teukro'tarren begietatik. Eta, ondoren, gauak egal beltzez estaltzen du itxasoa. Juzturi dago zerua aldetik alde, ta tximista maizberrituz eguratsa: ingurukoak oro ez die gizonei eriotza besterik eskintzen.
Enea'ri ortan soiña etendu zitzaion bertatiko otzaz; negar dagi errukarriro esku biak izarretara jasoz, onela mintzatzen dala: «Oi, bost eta eun bidar zoriontsuak, zuek, gurasoen begi aurrean, Troia'ko arresi jaikien azpian, il ziñatenok! Oi, Tideseme, danaotarretan indartsuena. Zergatik ez nintzan ni ere Ilion'go zelaietan erori, ta ene gogo au zure eskumape egotzi? An bai datza Ektor zangarra, Akile'k geziz il zuna; an Sarpedon zaintsua ere! Oi, Simois ibaiak ainbat beso-iskillu ebatsi, ainbat buru-zorro, ainbat gudari bizkorren gorpu zaramalka daramazkin toki aietan ezin egona!»
Gisa ontan ziarduala, ekaitz ipar-aizez arroak oratzen die aurretik ontzi-oialei ta ur-bitsak zakarki zeruraño jasotzen ditu. Ezpal biur zitzaizkio arraunak, aurrez atze ontzia alboa uiñai eskeñirik; eta gain datorkio gero, mendi eskerga iduri, izugarrizko ur-meta apartsua. Batzuk onen erpiñean gelditzen dira zintzilika; beste batzuei, olatu bat zartatu dalako, uin artean azpia agiri zaie. Gezal-barneko eragin gibel-mindua! Iru ontzi Noto'k biurrian artu ta urpeko arkaitz auei mai doneak deritzaie Italikoen artean. Beste iruri Euro'k, itxas urrunean atzaparrak eratzi ta ur-ertzeko ataka ta ondartzetara dakazki, oi ikuskizun larria! an uberetako zulu-muluetan saskara ta lokatzez obiraturik. Beste bat, Liki'tarrak eta Oronte zintzoa zerazkiana alegia, izugarrizko eramai batek jotzen atzetik, Enea'ren begi aurrean; lemari gaixoa, gogor astinduta, buruz bera doa itxaso barnera; ta ontzia, uin berberak iru aldiz inguruan biratu ta, azkenik, zurrunbillo zakarrak irusten du gezal-erraietan. Itxas zabalean agiri dira banaka batzuk, igeri, ekaitz asarretik igeska: gudari zangarren iskilluak, ontzi-ol zatiak eta Troia'ko ondasunak uretan zapart. Onez gero, Ilioneu'ren ontzi bikaiña menpeko du erasoak; bai ta Akate azartuarena ere; orobat Abante zijoana ta beiñola Alete zarra zuzendari izana ere; guztiak or printzaturik, eta saiets-zirristu zabaletatik ur kaltegiña sartzen zaiela.
Neptuno'k ba-dakus, bitartean, itxasoaren gibel-miña ta onen gaiñeko zirimol naste asarretua, ta etzaio eder gezal-barrendiko naspil orrutsu ori; oso sumiñetan, gorantza begiraturik, ur gaiñera agertzen du bere buru ederra. Enea'ren ontzidia or dakus itxaso edatuan sakabanatua; Troia'tarrak, ostera, estu ta larri olatu-naspillean; bai a goiak ere osin-lertu. Ez zitzaizkion, ez, ezkututu bere arreba Juno'ren iruzur ta sumiñak. Euro ta Kepir beregana deitu ta onela diotse: «Orrenbesterañoko ustea duzute zerorrekan? Noiztik asartu zerate, aizetxoak, nire baimen gabe, ortzi-lurrei lasa eman ta ainbesteko ur-mendiak itxasoan jaiki-erazteko? Zuei, nik... Baiña obe dut len-bait-len uin naspillak naretu. Gero, oitu ez lakoxe zigorrez ordainduko didazute egiña. Zoazte bizkor emendik, ta esan zuen erregeri «gezaleko agintea ta iruortzeko zorrotza, berari barik, neri emana izan zaizkidala zozketan». Anditu ark arkaitz galantak, oi Euro! ire estalpea noski. Bizi bedi an nasaiki, aizeen baitegi goibeleko nagusi».
Onela dio, ta esan bezin azkar, uin arroak baretzen ditu, ta ondoren, laiño nasi ta abar uxaturik, eguzkia jartzen du ñirnir ta alai. Kimotoe'k gero, Triton lagun dula, ontziak askatzen ditu ugarri ezkutu zorrotz artetik; berak ere iru-ortzekoz laguntzen die, ondar-pillak agirian jarri ta itxasoa paketzen; ta, ondoren, bigun ta txairo dabil, bere gurpil ariñez ozta-ozta urazala ikuturik. Eta, adibidez, uri nagusi baten, zalaparta sortu dala-ta, bertako kaxkarrak bero ta su badabiltza, zuzi ta arriz sekulako barbuillla egiñik, eta gorroto ta ezin-ikusiak esku bakoitzean iskillu bat jartzen dularik; baiña orduan bear bada, gizon zentzudun, agurgarri ta onbera bat agertu ba'ledi, gizatalde lardakatua ixillera dator bertatik, olakoari entzuteko gertu dala; ta aren aotiko itzez, asaldatuen adimenak narotu ta biotz nastuak ezti biur oi dira. Era berean ixil-erazi zun Neptuno aitak itxasoaren zalaparta, itxas-zelai zear bere begiak edatu ta ortzi garbipean bere zaldiei eragiñik, ao-ugelak jarei, gurdi ariñean egaz abiatu zanean.
Eneatarrak, guztiz aulduta, urreneko itxas-ertzera eldu nairik, Libi'ko ondartzetara jotzen dute. Ba-da an kolko sakondun toki ezkutua: ugarte bat noski, bizkar luze biak alkarri diotela kai apaiña egiñik; an lertzen dira ur aunditik datozan uiñak, zokoz-zoko, inguru, bil ta izur txairotan. An ta emen, ezker-eskuma, bi arkaitz ikaragarri dauzkazu, ugarri bikotzak, goiari zemaika; auen azpiko ura, berriz, txit naro ta ixil. Goi aldetik oian urduri dirdaitsua agiri da, ta bertako zugatz erpiñak argia ikutzen dute ta auen adarrak dagiten itzala gau, lazgarria dirudi. Ta beste aldetik, itxasoari buruz, leiza bat dago, aitz-muturrak dindilizka ditula; ta barnean, ur geza aurkitzen da, ta jaurlekuak arri bizian. Lamien etxea duzu. Ontzi abailduak an ez dute bear lokirik, ezta ortz makurdun aingurarik ere. Onaxe dator Enea geratzen zaizkion zazpi ontziak bildurik; eta Troia-rrak, lur-min, andik irten-ala, ain leiatsu opa izan duten lurrean oiñak ipiñi ta kresalak iñartatutako soiñak ondartzan etzan-azten ditute. Ta Akate'k, ezer baiño len, suarritik txiñar bat piztu du, ta sua oso batzuetan bildurik, errekin legor ugari jartzen dio baranoan; ardaia ixio ta su joria dagi. Ta bertatik, ainbat zorigaiztok nekatu zitun gizakume aiek, gari urak aunditua ta au ontzen duren Kere'ren tresnak atera ta galbera sutan erre ta arri gaiñean zeatzen saia dira.
Enea'k, bitartean, aitz baten gaillurrera igorik, itxas urruna begiztatzen du, aize-erauntsiak jaurtitakoen bat agiri ote dan, noski: Anteu'ren ontzi galernak iñarrosia, Prigi'tarren izontzi arraun bekozdunak, edo Kapi, edo Kaiku'ren iskilluren bat beintzat, ontzi-atze zutietan dilindan. Etzan ezeren aztarrenik. Baiña iru orein, bai, ba-dakus ur ertzean bazkazurrian; auei atzetik jarraika, ordea, saldo aundia, ibarrean zear belar gozobilla. Tinko gelditu da Enea, ta arranbel ta gezi ariñak, Akate zintzoak zeramazkianak aurki, eskuratu ta botarik, aurrelari buruzut adar abartsuenak lurreratzen ditu lenbizi, ta gero besteai erasorik, gezi-jaurtika, adar ostotsu artean, izu ta larri ipiñi du orein talde osoa. Ta ezta aspertzen bere eiza ugarian zazpi zerra bikain, oindiño berekin ditun ontziak aiña, eskuratu arte.
(iarraitzeko).
Oharra: Testu honi dagokionez, testua Kai- hitzarekin amaitzen da, jatorrizkoan, eta hurrengo zenbakian -era hasten. Irakurleari lana erraztearren, Kai- hurrengo zenbakiko testura aldatu dugu geuk, Kaiera osatuz. Edonola ere, jatorrizko kontsultatu nahi duenak faksimiletan aurki lezake.
|