L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Berriak—

 

Gure patroi aundia

San Inazioren Bizitza

U.

 

Gure Patroi Aundia, San Iñazioren Bizitza, I. M. Manzisidor, S. J. - Hechos y dichos, Zaragoza 1956.

 

Iñaki gurenaren bizitza aztertu ta aditzera eman dutenek bi taldetan sailkatu ditzakegu. Españar-zaletasunez pikea baino mozkorrago egin, eta Iñaki gure Patroi aundia Españi'ren gudari bezala ta Iosu'ren lagundia Españi'k egina bezala azaltzen digute. Idazle oien artean nabarmendu dira damurik Astrain eta Villoslada iosulagun eta euskaldun motzak. Nolako idazle, alako ele.

        Besteak beste, badira Iñaki gurena, gizon zanez, euskaldun bezala azaltzen saiatu diranak. Esate baterako, Apalategi, Agirre, Estefania, Muxika, Laburu, Leturia, Casanova, Dudon iesulagunak eta Basaldua, Artetxe, Arozena-eta, prakadunen artean. Dana dala, nere ustean, Iñaki deuna, euskaldun bezala agertzen eztugu egin, ahal genukeana.

        Noren arteko ezarriko dugu Manzisidor Aitak idatzitako bizitza au?

        Naiz ta idazle au euskalduna izan, ta arretaz beraren ioera estali nai, aurrenekoen artean ezarten dut neronek beinzat, españar-zaleen artean, alegia. Naiz ta itzez itz ez aiputan artu, Basaldua'k idatziaren berri badu, ta aren iritzietarik onartzen du, iraizean eta engaraz bederen, Xabier'tarren ta Loiola'tarren ioera.

        Alare, geiegitxo nabarmendu nai du Españi ta españatarren iarduna, okerrean ezpagaude, beintzat. Bestalde, Loiola'ren euskal-gogoa ez du azaleratzen bear bezala.

        Esate baterako, euskaldunek pozarren irakurriko lituzken zenbait berri, ixilean uzten ditu, argibidez, aren iatekoak: Iñaki gurenari gaztain erreak-eta gogoko omen zitzaizkion Erroma'n zanean, guretariko edozeini lez. Euskal-dantzak bazekizkin: Ribadeneira erdaldunak eskatuta aurrezkoa atera omen zun bein, gaixoaren pozetarako. Erderaz ari zanean ere, euskaldunen kutsua omen zun, idazterakoan batez ere.

        Aitaren eta amaren aldetik euskaldun iatorra genun Loiol'ako semea. Bere iatorria aintzakotzat zeukala Iñaki gurenak adierazteko, gertaritxo bat bakarra dakar l5'karren orrialdean.

        Iosu'ren Lagundiko lenengo lagunak nondikakoak zirala esatean, lau Españi'koak omen ziran, Manzisidor'ek dionez. Erabat besterik erakusten digu arazo au, Iosu'ren lagundia sortu ta andik laister Lagundi ortakoek egin zuten idazki ospatsuak (ikus Monumenta S.Uren lenengo idaztian). Iosu'ren lagundia sortu ta andik laister, Lagundi ortakoek, Iñaki gurenak eta onen iarrai Iosu'ren bideari ekin zioten ikasleek egindako agiri ortan, gizon zindo aiek zertarako batu edo alkartzen ziran aditzera ematen zaigu, beren asmo ta elburu bakar bakarra Elizaren alde egiteko lagundi bat sortzea zan, alegia, eta bertan, lagundi ontan sartu ziran lagunak nondikakoak ziran irakurri dezakegu: guztien artean bi euskaldun edo «cantabri», aldi artan esaten zitzaienez bereziki izentatzen dizkigute. Oraintsuago agertu diran beste agiri berriagotan, Aita Polanco'ren idaztietan «cantabri orrek (erderaz «vizcainos» eta egungo egunean artezago ta egokiago «euskaldunak») Xabier eta Loiola zirala irakurri dezakegu.

        Naparru'ko berri ematerakoan, ango abertzaleen iarduna berariaz ixilean uzten du Manzisidor'ek. Ango korapiloan españarrak eta prantzesak besterik ez dira ageri. Bertako semeak ez-ain tzat edo ditu zoritxarrez. Ikusi 25-34 arteko orrialdetan diona Manzisidor gure adiskideak. «Legezko ez bazan ere», Katoliko zeritzan Perrando'k Naparroa ere menpean artzea, gauzak dakarrena bezala azaltzen du idazle onek. Aita Santuagandiko Bulda hura gezurrezko Bulda zala, Katoliko zeritzan Perrando'k asmatua, alegia, guziok dakigu, ta katoliko bateri zegokionez etzula iokatu ortan eta beste amaikatxo gauzetan dalako Perrando orrek, argi ta garbi azaldua izan da bazterretan.

        Perrando eta Isabel'en izena eta oroitza españitarrentzat atsegina da, 20'garren orrialdean dionez. Bost guri, euskaldunontzat ezpaita atsegin, samingarri baizik. Naparroa'ren aurka egina etzaigu burutik galdu, are gutxiago biotzetik. Naparroa, «eize gaixoa, bi zakur goseren iaki», gertatu zan Orixe aundiak dionez. Beraz, Naparroa'ko berri ematean, eskualdeka ari zaigu Manzisidor. «Agramont'darrak, Prantzi'ra, Beamont'darrak Españi'ra begira zeuden». Ta napartzaleek egina ixildu egiten du.

        Ez da egia bezalakorik. Nai ta nai ez, Naparro'n asko baitziran lengo Erregeen aldekoak eta gauza berri auen etsaiak, Españi'ren etsaiak, alegia, berberak aitortu bearra izan dunez (30 ta 32 g. orrialdetan).

        Cisneros Kardinalari España'k asko zor omen dio, Manzisidor idazleak esaten digunez (28 g. orrialdean): Euzkadi'k, ez, ordea, euskaldunon etsai gorria baitzan. Manzisidor berberak aitortu bearra du: «Cisneros Kardinalak Naparru osoko gazteluak beratu ta desegin zitun; etsaiak baiziran, indarrik izan ez zezaten» (27 g. orrialdean).

        Areago oraindik: ogeigarren gizaldiko euskaldun bat Españi'ko Inkisizioaren alde ari dala irakurtzea, bitxia deritzagu, benetan. Ortarako «integrista» gogorra izan bear, nik uste. Inkisizio orrek beltzak egin zitula ez ikusteko itsu edo lauso egon bear. Esate baterako, gure Patroi aundiaren aurka egitekoak egin zitun, bai Alkala'n, bai Salamanka'n. Españi'ko auzitegi ori erregearen mutil eta makil gertatu zan zoritxarrez. Torkemada aipatzea besterik eztuzu bazterretan, arekiko gorrotoa ta iguina sorterazteko. Parregarria, gainera, benetan, auzitegi orren iarduna, bata beltzez ta bestea gorrizkaz iantzita ibili bear zutela erabakitzen Iñaki gurenaren aurkako auzitan. Ageri danez, erritarrek nolako soinekoak erabili bear zuten ere, bere gain zeukan Españi'ko Inkisizio orrek. Beltzagorik ezin diteke asma. Beste batean, berrogei ta bi egun euki zuten Alkala'ko espetxean gure Santua, katez lotua, zergatik zegonik iakiteke (95 g. orrialdean). Ez zan ori euskaldunon oitura, noski. Gogor erabili zuten gure Santua, errazoirik bage, Alkala'n. Andik alde egin bearra izan zun. Ez zun izan goxoagoa Salamanka'ko egonaldia: praileek ere aurka izan zitun. Gixakeriz eta ankerkeriz dalako Inkizisio auzitegira eraman zuten, bere eskubideak zaitzen gizon iatorra izan zalako. Ori dala-ta, itzalean sartu zutenetik ogei ta bigarren egunera epaia eman omen zioten. Inkizisioaren ankerkeriok eta bidegabekeriok azaldu ondoren, ona emen Manzisidor gure lagunaren iruzkina: «Ondo egina! Sinismena, fedea, Jaunaren doai aundia da-ta, geregan eta bestegan zaitzen alegindu bear gera. Egun aiek eta urte aiek arri-ku aundikoak ziran». Gure uste apalean, ordea, inoren sinismena begiratzeko bidea ezin izan indarra ta indarkeria, are gutxiago ziega iluna. Gure Patroi aundia ere, ortan zegon, nonbait, espetxetik irtenda, amabost edo ogei egun geroago, Salamanka'tik alde egin baitzun. Eskuko beatzak bezain eskier, Españi'n iarrai izan ba'lu, etzukean gauza aundirik egingo gure erritarrak. Beste girorik arkitu al izan zun Prantzian: orri esker sorterazi zun bere Lagundia, nik uste. Idaztiaren izentzat «Gure Patroi Aundia» ezarten du Manzisidor'ek, aren goratzarrezko ereserkitik artua, nonbait. Guziok onartzen dugu Iñaki gurena Gipuzkoa ta Bizkai'ko patroi bezala. Ez, ordea, Euzkadi osoko patroi bezala, oraindik ezpaitu erabakirik artu Elizak gai ortaz. Zenbait euskaldunen ustez, egokiago litzake Euskalerri osoko patroi Xabier'tar Pantzeska, bizitzaldi guzian euskaldunago eta euskaldunen aldeago iraun baitzun.

        Makartxo oiek kenduta, pozik irakurri dizut idazti au. Bigarrenez argitaraztean, errez zuritu ditzake beltzuneok. Besterik eztiot opa, Manzisidor euskal-idazleari, zorion beroak baizik. Beste iosulagun euskaldunek euskerarekiko lo zeutzan urte gorriotan, erne aski ta bero ibili bait-da euskeraren alde. Ontan, Larramendi, Mendiburu, Kardaberatz, Olabide-ta lagunen orpoz-orpo io du gure Manzisidor euskal-idazleak. Bearrik egungo egunetan ugariagotuz doaz iosulagun euskaltzaleak. Alda-egaztiek giroaren aldaketa adierazten dutenez, iosulagun erneon iardunbide berriak beste aldaketaren bat iragarri bide digu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.