Itz-Lauz
Lau kantari eta xori bat
(«Zurgin Zaharra» tik artua)
Monzon-Olaso'k
1957-garren Epailean
Donibane Lohitzun-go «Dukontenia» teatru berrian
lehen aldiz emateko den
IKUSGARRIA.
NORTZUEK ZER
Beñat. Zurgin zaharra.
Ganix. «Dies Ire». 60 urte.
Pettan. Sankristaua, 80 urte.
Gaxuxa. Andre Serora xaharra.
Kattalin. 14 urteko neskatxa pullita.
Berri-emailea. Gizon gazte bat.
AINTZIN KANTA
Berri-emailea, oyaletarik kanpo.
Berri-emailea (erran-kantuz).
Eskualerriko herriska baten
Ur-errekaren egian
Zurgin zahar bat bizi omen zen
Egun ta gauaz lanian.
Goizian goizik atzartua zen
Gauerdiz askotan xutik
Merkesko ari bai zen lanian
Ta beartuentzat urrik.
Etxe zahar bat zen, eta ari urbil
Baratze xoragarria
Baratze artarik biltzen zituen
Bakea ta eltzekaria.
Eskualerriko herriska baten
Ur-errekaren egian
Zurgin zahar bat bizi omen zen
Egun ta gauaz lanian.
Zurgin zaharra goizian goizik
Lotzen zitzaikun lanari
Ta aren barnea garbia bai zen
Bizi omen zen... kantari.
(Barnean adituko da kanta bat)
Bera da! Beñat da!
(Berri-emailea gordeko da, eta oyalak idekiko)
Zati bakarra
I AGERRALDIA
(Beñat bakarrik)
(Zurgintegi barnea. Beñat zurgiñaren lan-tokia. Buruz-buru ate aundi bat, goialdiak zabaltzen zaiozkala. Andik mendiak ageri. Ate aintzinetik heldu baita bideska. Ezkerreko aldean leio bat: errekarat ematen duena. Eskuin aldean ateska, baratzerat doana. Zurubil zahar txiki bat ere, Beñat-ek gaira artan baitu bere ganbera. Zurgindegi barnean ageri bitez, onek eskatzen tresna ta puska zahar guziak.
Udazkeneko lehen egunak dira. Uso-sasoina. Argi astea. Barnea hilun. Ordu zahar batek joko ditu bortzak.
Beñat, kantari ateratuko bere ganberatik; eta, emeki emeki, ateko leioak zabalduko ditu. Barnea beteko da goizeko argiz. Atetik behatuz, Beñat-ek erran kantatuko Pastualetan bezala:
Beñat.
Hilunaren igesia...
Nausitzen ari argia
Larrun mendi gibeletik
Ageriko iduzkia.
(Badoa bere txisparen billa, eta ate ondoan ematen. Berriz leiotik begira)
Usotako ze denbora!
(Elizako ezkilek joko dute goiz-otoitza)
Beñat (erran-kantuz).
Eguna eldu, gaua doa...
Lauda dezagun
Zoin eder goizian goizik
Eskila oien mintzoa!
(Kanpoan adituko dire xorien kantak)
Beñat. Ixo! Udaberrian bezala, xoriak kantari...!
(Erreka-aldeko leioa idekitzrat doala) (erran-kantuz)
Aberatsek ba lekite
Goizaldia zoin eder den
Ez lirake eguerdi arte
Oge barnean egonen.
(Leioa idekiz erranen, kantatu gabe):
Agur ene erreka, ene errekaiño
Munduan ez da pullitagorik i baiño.
Egun etzaiz ageri, neguan bezala,
Oyuka, goibel, hillun, asarre, minbera...
Menditik eldu aiz gaur jausika, kantari
Preskura ekartzerat gure etxe zahar oni,
Sortzen ikusia nauk, iltzen ikusiko,
Ez bai nauk i bezela munduan betiko...
Baiñan ene ondotik elduko denari
Neguan oyuka ta udan kantari
Emaiok eskola ta beldur ta atsegin
Etxe zahar untarik urrundu ez dedin.
(Kanpoan adituko dire, oillarren goizeko kukurrukuak)
Beñat. (baratzeko atea zabalduz)
Jainkoak egun on, ene baratzea
Atzar adi, usain ta fruituz betea,
Intzaren ukituz bustia bai zare
Orain iduzkiak emanen kolore.
(Eta hola, bere laneko tresna zaharrak alki gainean pulliki emanez, asiko da gure Beñat lanean kantuz).
II AGERRALDIA
(Beñat eta Kattalin)
Kattalin atean ageriko, xoria eskuan duelarik.
Beñat. (arritua) Ori! Zer duzu zuk emen, tenore hontan?
Kattalin. Nauzu ikusi? Xoria
Beñat. Choria? Nola zaizu etorri?
Kattalin. Ogerat, lo negoelarik.
Beñat. Ori! Ta ze bear duzu emen?
Kattalin. Kaiola.
Beñat. Bai, Ezpaitut bertze lanik. Errotuko nauzute zuek, denen artean. (Gero gogoketan). Zaude. Ez ote nuen nik, zoko batean, kaiola zahar bat...
Kattalin. Berdin du, zaharra izanik ere.
Beñat. Baiñan, ezpaitut nik zozokerietako astirik. Bon, beartua ez ba zare, jarri or eta egon, nik nere lanak pittat arindu arte.
(Neskatxa geldituko da, xoria eskuan, leiotik begira. Eta gure zurgina, beti alai, lotuko berriz lanari).
Beñat. (erran kantuz)
Oyaneko egurrakin
Oge bat bear dut egin,
Oletako neskatxa bat
Senpere'n amatu dedin.
Ezkon berrien ogea
Bizitzaren berritzea
Yainkoak nahi, oge berri au
Nere eskutarik sortzea.
Kattalin (Oyuka). «Dies Ire» dator.
Beñat. Dies Ire? Nun?
Gaixo «Dies Ire» herriko Xantria.
Elizan kantari pasatzen bizia,
Paisola besoan ta beltzez jantzia
Itxuran ageri du tripako gosia
III AGERRALDIA
Dies Ire, Beñat eta Kattalin
Dies Ire. (Atetik. «Lauda Sion» airean): Emen duzu Dies Ire.
Beñat. Aren serbitzako gire.
Dies Ire. Nun da nire kadira?
Beñat.
Zangoa zuen okerra
Arrimatzen aitu gera.
Sar zaite sar, ta jarri
Dies Ire jaun Xantria.
Dies Ire. Dena soiñu ta gosia
Beñat. Gizon argi prestua
Dies Ire. («Dies Irae dies illa» aireakin):
Ni naiz erriko Xantria
Argatik nauzute beltzez jantzia!
Dena soiñu ta gosia.
Izena daudate emana Dies Ire
Hilek ez naute izitzen
Biziengatik negoke gosiak iltzen
Hilek ematen bizitzen.
Beñat. (Dies Ire airearen segidan): Emen duzu kadira, zango berria emanik arrimatua.
Dies Ire. Jarri gaitez emeki, kadira berri ontan ez bai nauzu oitua.
Beñat. Ian...
(«Dies Ire» jarriko da, Beñat-ek ekarri dion kadiran; zurgin-alki gibelean. Aren gain eskuak emanik, organua balu bezela, eginen du soiñu-jo, alegia. Beñat-ek, xantriaren ondoan emana, pasako diozka orri-aldiak, muxika-liburua zudur aintzineon ba lu bezela. Bi abozetan abestuko dute, organuari dagokion aireen bat. Artean Kattalin, xoria eskuetan duelarik, asiko da dantzan).
Beñat. (astiko airean) Kadira ongi ba duzu, mutikoakin etxerat igorriko dautzut.
Dies Ire. Aski zenuke lehenik erraitea zenbat zor dauzut.
Beñat. Deus ez.
Dies Ire. (Hilen mezako «Kirie» aireakin):
Gaixo zurgin zaharra
Gizon pobria zare zu.
Beñat.
Gaixo iaun xantria
Gizon alegera nauzu.
Dies Ire.
Tori. Naiz-ta gauza gutxi izaki
Nere eskutarik ar zazu (ematen dio zerbeit).
(Elizako ezkilak adituko bai dire)
Dies Ire (aintzineko airean). Ezkillak jotzen ari, meza bear kantatu eta ba noa.
Beñat. Artuko duzu joan baino lehen esne xorta bat bero beroa.
Dies Ire. Berdin.
(Dies Ire jarriko da zoko batean, mahain zahar baten gibelean. Mahain artan eskuak emanik abestuko ditu bere geroko kantak).
IV AGERRALDIA
Beñat, Dies Ire, Kattalin, Gero, Sankristaua eta Andre Serora.
Beñat. (Kattalin-i) A! Orain zure txanda. Banoa kaiolaren bila. Ona emen. Zaharra da, bainan antolatuko dugu nolabait.
(Beñat asiko da, kaiola zahar ua pixkat arrimatzen. Bitartean, Dies Ire ta Beñat lotuko dire kantuz. Besperetako airean)
Dies Ire.
Gose ta baru heldu ninduzun
Orain asea noa
Gure Jainkoak ordain deitzula
Katillu esne beroa.
Beñat.
Zure ezpainetarik egun ta gauaz
Gure otoitza doa
Zure eskuetarik egazten zaiku
Herriaren gogoa.
Dies Ire.
Gure elizan goizian goizik
Kantari nagoela
Yainkoa bera ogiz jantzirik
Eltzen zait aditzera.
Beñat.
Eta ni ere goizian goizik
Lotzen bai naiz lanari
Maillu soinuakin egiten diot
Otoitza Jainkoari.
(Gero Kattalin-i, erranez)
Emen duzu kaiola xoriarendako,
Naiko aundi litake ba litz neretako
Mundua izanik ere zabala ta aundia
Huna nere sorleku ta bizi-tokia.
(Kattalin-ek emanen du xoria kaiolan. Gero kantuz)
Kattalin.
Ago emen gaixo xoria
Niganat egaz etorria
Egon adin nikin ol-ola
Zurginak egina kaiola.
Gaixo xoria
Zeruak jantzia
Dena zare dantza, kantu
Ta koloria
Txi-ru-li-ru-li-ru-li, txi-ru-li-ru-li-ru-li
Zu zare oyanetako xantria.
(Beñat-ek ere kantatuko du gero gauza bera; neskatxa kaiola eskuan, dantzan ari delarik. Dies Ire-k lagunduko ditu organuan. Bat-batez, sartzen da Pettan sankristaua, giltze aundi batzu eskuti zintzillik. Zaharra, gohorra eta maingua da).
Sankristaua.
Zer ari zaizte bola, soiñu ta espantu?
Goizik asiak zaizte dantza eta kantu...
Beñat. Nola zare Pettan gure sankristaua?
Sankristaua. Zahar, gohor, itxu, oker ta maingua. (Dies Ire-ri begira) Ques quil fe se couyon? Ez da Dies Ire? Ezautzen diat bai, bon paréssé quil e...
(Arengana joanda)
Hola bizi bear aiz, goizeti kantari.
Eskuak pianuan, xi-ru-li xi-ru-li?
Nigandik bear uken artu exenplua
(zurginari) Souassant an que ché trabaill a l'egliss, gaixua.
Jaun erretora eri ta xantria alfer,
Gai-xo gu-re-e-li-za ni ez ba ne-go e-men.
Beñat.
Etzaiteztela xamur, elizako gizon,
Zato hunat Pettan, yarri emen t'egon.
Sankristaua. Ari da beti kantuz?
Beñat. Ez. Ixilik zaizu.
Sankristaua. Gizon xoroagorik munduan ez duzu.
Beñat.
Ez da xoroa Pettan. Da... muxikaria
Hargatik ametsetan pasatzen bizia.
Sankristaua.
Bai, zu ere, gaixoa, zare naiko xoro
Kantari artzen baituzu munduko gauza oro.
Dies Ire. (Eskuak organuan, gogoa bertze nonbaiten, «Santa Ageda» aireetan):
Apez mutila ninduten
Latinez naute azia
Neskentzat apeza izaki
Ta apezendako mutila.
Beñat.
Apez mutila zinduten
Latinez zaute azia
Neskentzat apeza izaki
Ta apezendako mutila.
Sankristaua.
Atzo enderramendua nuen
Eta egun batayua
Ikaratu gabe segitzen dut
Munduko mobimendua.
Beñat.
Atzo enderramendua zuen
Eta egun batayua
Ikaratu gabe segitzen du
Munduko mobimendua.
Sankristaua.
Elizan ditut begiratzeko
Berrehun t'ogoi kadira.
Ezautzen ditut... mendiko artzainak
Bere ardiak bezala.
Beñat.
Ezautzen ditu mendiko artzainak
Bere ardiak bezala.
(Turuta batek joko du eskualdun aire bitxi bat. Aren neurrian sartuko da erdi-ibil, erdi-dantza andre Serora. Beltzez jantzirik, itxura bitxi ta arpegi samiña dakar. Ua ikusiz, izituak dire gure bi eliz-gizonak. Andre Serora ibilki delarik, turutak joko dio beti, lehengo soiñu bera. Aire horren segidan kantatuko ditu Serorak geroko bere bertsoak.)
Andre Serora. (arpegi idorrakin). Eliz-gizonak xurrutian eta kantuz?
Sankristaua. Nor da hor?
Beñat. Andre Serora.
Sankristaua. Urdea! Ongi gaituk oraintxe.
Andre Serora. (Dies Ire-gana joanda. Hau arritua dago. Belarrirat egiten dio kantu)
Elizan bear eta, kanpoan ibilli
Funtxa gabeko gizon tristia ta zirtzilli
(Gero Sankristaua-ri)
Eskuan arnoa ta gakoak zintzilik...
Zoazi elizarat zuzen eta ixillik.
(Andre Serora badoa, beti ibil-dantzan)
Beñat. (Sankristaua-ri) Uy uy...!!
Sankristaua. Ba. Horrengatik izitu? Bon, gaki naiz. Tenoria etorri bai zaut.
Beñat. Tenoria edo...
Sankristaua. Ba! Emaztekieri beldur? Ez ni beti... E-maz-te-ki-a...? Il fo fér for a lé fam, for. Tenoria heldu bai zaut... artako gaki naiz. Ber-tze-la...? (Atetik) A le fam? For il fo lé fé, for...!
(Badoa dardaraz, andre Serorari beldur).
Dies Ire. (jaikia da, hiluri eta gizonki. Bera eta Beñat, biak kantuz): Nere mixeria!
Beñat. Agur jaun xantria.
Dies Ire.
Elizan ere, mutxurdin zahar bat
Da nere nausia.
Beñat.
Etzaitela kexa, muxikarekin
Ahantziko baituzu zure bihotz min
Dies Ire.
Ze pazientzia!
Beñat.
Agur jaun xantria
Hilunari bear zako gogor egin.
Dies Ire.
Ze itxura neria!
Beñat.
Agur jaun xantria
Zoazela pulliki Jainkoakin...
(Beñat gelditua da baharrik, ixil eta irriparrez. Xorien kantak aditzen ditu kanpoan. Asia da berriz lanean, kantari. Eta hola, emeki-emeki, oyalak etxiko).
|