Itz-Lauz
Sopokel
Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin
Sopokel ospatsuaren zenbait antzerki euskal-baratzera ekarriak dizkitzut onezkero. Lenengo idaztia Mexiko'n argitarazi nizun. Bertan dituzu Antigone, Eletere, Oidipu Bakaldun eta Oidipu Kolonu'n. Aurten, nonbait, argitarazi gogo dizut bigarren idaztia: bertan, «Aiatz», «Tarakin'go emaztekiak» eta «Piloktete» arkitu al izango dituzu. Egun, berriz, Sopokel'aren berri azaldu nai nizuke.
Sopokel'en berri iakiteko bearrenik ditugu non, noiz yaio zan eta noiz il zan iakitea: Kisto'ren aurreko 497'garren urtetik 496'garren urteetako artean yaio ta 406'garren urtearen azkenaldera il zan. Arrezkero, beraren erriaren aldirik dirdaitsuenean bizi izan zan olerkari uren au. Izan ere, Atenai'ko gara bete ta ederrenean ageri dan gizonik beinena ta mardulena izan zan oro dendu ta neurri.
Medikar guduak amaituak ziran bearrik: Kimon eta Perikel agintari aipatuen urtabe aintzatsuak ziran. Non-naitik inolako ogasunak parrastan Atenai'raturik ziran. Ara io zuten nondinaiko iakintsu, edertzale ta izlaririk bikainenak.
Parmenide, Elea'ko Zenon, Anaxagora, Protagora, Gorgia, Prodiko, Hipia, Trasimako, Sokrate, Perikel, Aspasia, Fidia, Euripide, Herodoto, Sopokel-eta Dioniso'ko antzokira ioaten ziranean, Elade'ko eguzkia bere gingan zala eta garbi artako gizakumerik argienak alkarren leian bizi zirala argi ta garbi ageri zan Atenai ederrean.
Gizona izan, ordea, ta illen umeen zoriona mengela ta iraizekoa izan bear, berberak maiz esan oi zunez. Irurogei urteko edo zalarik Peloponesu'ko gudu gorria sortzen ikusi zun. Sikili'ko itzulian, tarteko izan ondoren, Atenai gainbera zioala goganbeartu-edo bide zezakean. Dana dala, bere erriaren erabateko azkena ikusterik ez zun izan, lainkoak ala naita. Atenai'ren auzo zan Kolonu'n yaioa zan. Ain zuzen ere, bere auzoa izneurtu ederretan goraipatu zun, «Oidipu Kolonu'n» antzerkian ageri danez. Atike'ko eskualderik ederrenetakoa bide zan. Orra beraren auzoaren iduri ximena: «Kolonu dirdaitsura el zera arrotz ori!...»
Aberats okituak zitun gurasoak. Sopil ontzigiña zun aita ta iopu sail aundia zerabillen lanerako. Azibiderik ederrena eman al izan zion bere seme laztanari. Ezaguna dugu aren eres-irakaslea, Lanpuru, alegia. Garaiz iarri zuten soin-iñarkunetan, Atenai'n oi zanez.
Gaztaroan soiñez eder ta adimenez azkarra zan mutil hura. Salamine'ko garaipena ospatu zuten erriko iaietan irraida-buru egin zuten gure Sopokel, guzien begi-betegarri. Ango txaloak mutil hura larrugorritan, olioz blei blei, agertu zanean! Guduketa ortan gudari ibili omen zan Eskil antzerkigille ospatsua ta garaipena-en egun argitsuan Euripide yaio omen zan, Sopokel mutilla irraidan ari zan bitartean.
Ageri denez, Sopokel ao-ederrak aurtzaro ta gaztaroa zorion betean igaro zitun. Uraren gaiñeko bitsean ta aren gaiñeko sitsean bizi zan. Atzebeldurrik ez zan gero. Buruz iantzia ta ari oneko gizona zan. Besterik izan zan Euripide'ren aurtzaro ta gaztaroa. Amaika bidar sartu bearra izan zun onek beatza ortz-agin artean! Urteetan or or dabiltz biok: amabost urteetako aldea zuten, zar-gazte aundia ez daukate, beraz. Urtez urte bestelako dira, ordea. Arbasoen ekanduei atxikirik iraun zun Sopokol'ek eskuarki. Ariurriz ta gogoz lenaldiari areago begiak zorrozten dizkio, etorkizunari baiño. Urak ez daroa iñoiz ere. Izatez narea zan, eta oin geldian bizi zan: oro dendu, sen eta gurbil. Soingogoz garbal, baikor eta begi-betegarri asgeri da. Beste iñor baiño Iainkozaleagoa da. Ikusbegian dun ikuskizun iaukala gogoko zaio, ta dana iainkoen esku-begidunen argitan ikusten du. Antxiñako ipuietatik alde ona ateratzen badaki, idurimenaren edergarri, adimenaren asegarri, ta gogoaren betegarri.
Antzerki bideetan barna Eskil izan zun bide-aurreko ta irakasle. Eskil k.a. 525 urteantsu iaioa zan; Sopokel baiño ogei ta amar bat urte zarragoa, beraz. Elkar ongi artzen zuten, Aristopan'en «Igelak» irri-antzerkiak darakuzkigunez. Laster aurrea artu zion Eskil'i. 468 garren urteko norgeiagokan lenengo saria atera zun Sopokel'ek. Arrezkero, anitz eta agitz geiagotan sariztatua izan zan, eguzkiaren azpian izan dan anzerki-idazle bikaiñenetariko billakatu arte. Irurogei urte aunditan iardunean iraun zun. Suida'k dionez, norgeiagoka ogeitalau aldiz atera zun bere burua garaile, Diodor'en esanez amazortzi bidar, Karisti'k dionez ogei alditan, eta iñoiz ez omen zan gelditu azkenengo. Euripide bizitan bost aldiz garaille atera omen zan: onen aldean, Sopokel'en garaipen ugariak badute kanore.
Erriko azi-orrazi ta gora beretan ikusi-bearra izan zun Sopokel'ek. Iostorratza baiño txintxoagoa omen zan gizon au. Ontan ere alde ederra zun Euripide'ri buruz. Au gogoetatsu ta arazotsu ari zan idazten, idazti artean. Bitan izan bide zan gudalburu Sopokel: lenengoz k.a. 440 garren urtean, Samu'ko gudaldian, ain zuzen ere. Erriaren ederra izaki, 443/2 urtetan elendar egingoa burutu zun: Nikia'rekin gudalburu izan bide zan bigarrenez. Iainkozale miña izaki, Alkon sendagille gurenaren opaz yaurezkuntzaren arreta lepora zioten. Askelepi'ren ikaskide izana zan Alkon ori. Berebiziko oneraspena izan omen zion Sopokel'ek Askelepi'ri. Onen goratzarrez eresi bat ondu omen zun, eta andik geroago ere erriak abesten omen zun. Ori dalata, Epidauri'tik Askelepi'ren irudia Atenai'tarrek erakarri zutenean, Sopokel' enean egin zioten aterbe ta etxalegor. Arrezkero ilda gero, Dexiôn izenondoz edertu ta ospatu zuten.
Xeetasunok iakingarri zaizkigu, noski, baiña axalekoak ditugu, izan. Aren mamia ezagun nai genuke: olerkariaren eguneango ekanduak, aren ariurria, aren aldartea, alegia. Sopokel'en etxeko berri badugu, noski. Alare uste aundirik ezin dezaiokegu ezarri, Elendarrek esames zale itoak baitzenitun. Irri antzerkietan eleak eta beleak banatu zituten.
Nikostate zeritzan aren emazteak, eta seme-alabak izan zituten. Iopon antzerkigillea seme zun. Iopon gazte zalarik, Sikione'ko Teori urdangarekin senar-emazte bezala bizi izan ziran biok. Ariston semea izan zuten. Ariston'ek aldiz Sopokel gaztea sortu zun. Sopokel zarrak berebiziko laztanez erabilli omen zun birbiloba.
Senideok iñolako buruausteak ezarri omen zizkioten olerkari aipatuari, leikide zirala-ta, eletak zirala-ta, etiketak zirala-ta. Etxeko atsekabeon oiartzuna bederen gure belarrietaraño eldu da. Gaztetan irakurri baikenun Kikeron'en «Zartzaroa» (22 g. z.). Plutarku'k berebat badakar ori.
Arrezkero auxe dugu egia: Sopokel bere bizitzaldi osoan ez zan egon narerik. Bestalde, maitasunaren sugarra bere baitan ateman zun. Ain zuzen ere, aren antzerkietan bi elaide edo adiskide agertzen diranean, batak bestea laztan du eskuarki, elkar, ondea, ez dira maite izaten. Urteak ioan, urteak etorri, laztanaldi luzearen ondoren, illunaldi ta nekeak besterik ez diraute. Lengo lillura beintzat galdurik dute. Oroi Deianeire ta Tekmese. «Erkala»ren asieran ageri danez, maitasun zakar eta gordiñak zerabillen Sopokel gaztaroan. Zartzaroan, zorioneko agure illezuri izan bear, gaztaroko kezka-miñak itzuri ta uztarri aztuna urraturik.
Erodotu'ren adiskide miña zan Sopokel, eta aren eragiña ta aztarnak ageri dira Sopokel'en antzerkietan. Orduko gizonik opatsuenekin iardunean ari zan. Iai eder eta dirdaitsuek zituten an zebillen gure olerkaria atsegin, mazal eta burutsu, ezpain ertzean irria. Iztun eder eta mintzalari andi zan Sopokel: an zitun bere erritarrak agoa zabalik eta belarriak ernaturik begira.
Edegin oneko gizona zan! Andia benetan. Esku-eutsi ta zikoitzat salatu zuten. Aberastu-miñak kilikatzen omen zun aren gogoa. Gauzak dakarrenez, aldeztu ta zuritu nai izan dute gizon ikasiek. Nor ote izpidean? Nork iakin? Obe ote soiñak uzkurtzea? Dana dala, zillarraren ederra ezaguna bide du. Baita beraren itsusia ere. Sarri madarikatzen du zillar zuriaren gosea (Antigon'n 295 t.a., 1037 t.a.). Erriko seme xeak irabazi-galez diardute aren antzerkietan. Besterik uste izatea, alperra litzake. Ala gerta oi da eguneango iardunean eta oi ez bezelako azi-orrazietan.
Orduko gertariak aztertzeko begiak zabalik zitun. Zenbait iarduki zakar ondoren, lagun batzuk elkar ezin burutuz alde egiten dute. Ala ageri dira Aiatz'en (1038 t.a.), Oidipu Kolono'n (1665 t.a.). Euripide sakerrearen adiskide miña ez zan: erdizkamuan egon ziran: aren oldozpen saskara ta zurrunbilloa ez zun eder. Alare, aren antzerkien azal berria erabat onartu zun erri alaiak. Arrezkero alako zerbait Euripide'gandik ietxi zun Sopokel'ek. Adibidez, Oidipu soiñeko zar zikiñez iantzita, ille adats-txerlo biurriak buruan ageri da, (Oidipu Kolono'n 1254 t.a.). Tarakin'go Emaztekiak deritzan antzerkiaren sarrera Euripide'ren eduz egin zun, baita Piloktete'ren azkena ere. Benaz, naiz ta garako gizona izan, aren gogoak zabal iraun zun zernaitarako..
Egikizunik latzena bere antzea izan zun. Bikaiñagotu, arean. Baita berritu ere. Irugarren antze-laguna antzokiratu zun. Bearrezko zuten berrikuntza ori. Era berean, abeslarien kopurua areagotu egin zun. Amabi abeslari ziran taldeko. Sopokel'ek ordea, amabost iarri zitun. Talde-erdi bakoitza, seikoa zun, beraz, bakoitzak bere burua izaki. Beste aldakuntza batek iaso aundiagoa izan zun. Ordurarteko antzerki irukoitzak batekoitz biurtu zitun. Norgeiagoetara irukoitza aurkeztu bearra zuten antzerkigileak. Sopokel'ek naiz ta iru antzerki aurkeztu, batak bestearekin zer ikustekorik ez zun.
Beste zerbait oroiterazi bear dugu: antzestu bear zutenen lagunen ariurri ta berebizikotasunei begira idazten omen zitun bere antzerkiek, idazle zarrek diotenez. Auxe da berri-berria! Oraingo idazleek besterik ez dute egiten. Alare, aren izneurtuetan ageri diran lagunek ur andiko arraiñak dira eskuarki: ian-txakurrik ez da ageri. Bakan-bakanetan nasi oi du bere mintzoa antzezlagunenarekin. Beraren bizitzaldiaren ondarrean zan. Gudua zala-ta, goi-barrenetako bazterretan minduru ta negar-otsa besterik ez zan aditzen. Piloktete idazten ari zan gure olerkari laztana. Ta guduaren galgarri erdiragarria begietan izaki, guk ere damurik maiz esan duguna berebiziko miñez idatzi zun: «guduak beranez zantar bat ere ez, baina, beti onak eran oi ditu» (Piloktete 436).
Era berean, zartzaroaren dordo ta nekeak aipatzen ditute agure zar okituek, Oidipu Kolono'n, esate baterako.
Ark idatzi zitun antzerkien kopuru zeatza ainbatzea gaitz egiten zaigu: askotxo idatzi baizitun. Eunez goitik, noski, Bizantziko Aristopani'k eun eta ogei ta amar zenbatzen ditu. Oietatik amazazpi ez omen ziran Sopokel'ek idatziak, naiz ta aren izenpean agertu. Aburu ontara eun eta amairu idatzi zitun. Suida'k Sopokel'en eun eta ogei ta iru antzerki zenbatzen ditu. Dana dala, askotzak egin zitun. Oraiñaldian, ordea, aren zazpi antzerki oso besterik ez ditugu. Aiatz, Antigone, Oidipu bakaldun, Eletere, Tarakin'go Emaztekiak, Piloktete ta Oidipu Kolono'n, alegia. Ta beste zenbaiten txatalak. Ditugunok, ordea, aski ditugu idazlea, ez-ilkorren artean, goratzarrez ta elesariz edertzeko.
Dakigunez, Sopokel aurkeztu zan norgeiagoken taxu zeatza nolarebait antola dezakegu, idazle zarren esanak bilduta: aurrenekoz garaile k.a. 468'garren urtean izan zan. Triptolemu aurkeztu zun, ausaz, Plini zarrak alde-alde bota zunez.
441'garren urtean Antigone antzerkiak iñolako garaipen dirdaitsua izan zun. 438'garren urtean berriro garaile atera zan. Bigarren Euripide izan zan, beraren Alkesti'rekin. 431'garren urte ko sariketan aurrena Euporion, Eskil'en semea, bigarren Sopokel ta irugarren Euripide izan zan bere Medeie ospatsuarekin. 409' garren urtean len-en atera zan Sopokel Piloktete'rekin.
406'garren urtean il zan, zenbait astebete «Igelak» antzestu aurretik. Iraizean aipatzen du Aristopan'ek; aieru ditekenez, irri-antzerki au Ariztopane idazten ari zanean, il egin zan Sopokel.
401'garren urtean Ariston'en semeak, Sopokel gazteak alegia, aitonaren Oidipu Kolono'n antzezterazi zun. Antzerki au gaiñ-gaiñetikotzat zeukaten antxiñakoek. Garai artan entzun zuten azkenengoz Atenai'tarrek Sopokel'en mintzo ederria, beraren aberria goresten eta aren erritarren biotz zabala goraipatzen. Azkeneraiño kirmen iraun zun olerkariak.
Aren ilotza, aitaren illobian eortzi zuten, Dekeli'rako bidean, erritik amaika estadi ortxe antxe. Aren illobiaren gaiñean seiren bat ezarri omen zuten. Sopokel olerkariaren irudi ta edergarritzat. Bertan iauretxea eraiki zioten gizuren bailitzan, ta urtero opariak eskeiñi oi zizkioten.
Azkenik, auxe esan nai dizut: idazle edo antzerkigille danaren pozik aundienetakoa auxe duzu, ametsetan mamitu dun nor edo nor benetako bizitan-edo ikusi al izatea, alegia. Sopokel' ek sorterazi zitun Aiatz, Oidipu, Antigone, Tekmese, Deianeire ta abar berebiziko adorez betiko tankeratu ta bizieraziak dituzu.
Sopokel'en antzerkiak erabat artuta.
Eskil'arenak baiño askozaz ere liriku-ezagoak ta Euripide'renak baiño areago dituzu. Abeslari taldearen iardunak motzagoak dira eskuarki. Alare badu zer ikusi abeslarien iardunak, antzerkiaren arian. Orrelakorik ez duzu Euripide'ren abeslarien iarduna. Alde ori Aristotel'ek berak ateman zun. Abeslari-taldearen iardunetan ez, beste ataletan liriku atal gutxitxo ditu: alare, baditu zenbait lilluragarri ta arrigarri, adibidez, Oidipu Bakaldun deritzan antzerkian.
Ortik datorkio Sopokel'en antzerkiari eragiñagoa izatea. Sarrera eder, edo eztiaren ondoren, zenbait gertari azaldu oi ditu. Auxe du ederrenik: gertariok antzes-lagunen berebiziko ariurriak sorterazten ditute eskuarki, ta gertariok azkena ekartzen dute.
Sopokel'en antzerki-etan auzi bat oi du gaitzat: antzerki irukoitzik ez du, Eskil'ek bezela, batekoitzak baizik.
Giza-naimen eta eragiñak ioan etorri andiagoa du Eskil'aren antzerkietan baiño. Alare, alabear aldakaitza beti onarturik, aren gizurenak bere kabuz ari dira, nork bere burua bere eskuko izaki. Bakan bada ere, zenbait alditan, alabear aldakaitz ori itzuri nairik ere, bete egiten dute, Oidipu'k esaterako.
Giza-ariurriak. Eskil'ek baiño aztertuago ta sakonago du giza-gogoa. Luze, zabal eta sakonean aztertu ondoren, guzior, begietara oi dizkigu. Bigarren maiilako egingoa duten gizalagunak ere txukun azalduta aurkezten dizkigu, Ismene, Neoptolemu, erriko-seme geznariak ta abar, esaterako.
Antzes-lagunon ariurria bide ainitzez bulartzen digu, aurkako agertuta (Antigone ta Ismene, Eletere ta Kirisotemi), naiz elkar-izketaz edo etiketaz (Kereon eta Antigone; Oidipu ta Teiresi); Odiseu ta Neoptolemu, Teuker, Menelau, Agamenon eta Odiseu).
Naiz ta ioera askotako ariurriak izan, bere artan beti bat gotorrik diraue. Egia esan. Eskil'aren antzez-lagunen ariurriak ere aldakaitz dituzu; onengan, ordea, gertariak berak gutxi aldatzen dira, Sopokel'en antzerkietan berriz, gertariak aldakor dituzu, gizurenak, baiña, lengo lepotik dute burua, esate baterako, Antigone'k, Oidipu'k eta abar.
Egiazko gizakumeak dira, gaiñera. Ez dira zurrun, Eskil'aren gizurenak bezala. Elkar-laztan eta gorroto dute, ta gizakumeen biotzondoak oro bere ditute. Besterik ezean, oiu ta garraixi egiten dute miñaren miñez, erakusburuz, or duzu Piloktete, Oidipu, Erakel, Aiatz ta abar.
Gizakumezko ariurriak dira geien bat. Erraldoi ta iainko txiki gutxi agertzen ditu. Bestetara azaltzen ditu Eskil'ek. Alabañan, gizakumea izan bear luken bezelakoa azaltzen omen du Sopokel'ek, eta ez dan bezelakoa: Euripide'k ordea, alderantziz: gizakumea dan bezalakoa agertzen omen du, izan bear luken bezalakoa. Aren gizurenak naiz ta akatsak izan, beti dira uren, eta aitorseme. Iñoiz ere ez dira esku-eutsi, koldar, berekoi ta erabateko gaizto, Euripide'ren antzerkietan bezala.
Bereizgarri dira zenbait gizakume: Oidipu zuzen, egiti, zindo ta on duzu. Erriaren ona nai du, beste ezer baiño areago. Oldarkoi duzu, ordea, iainkoei buruz muturturik iartzen da. Goganbearrez ta aieru utsez, Kereon errudun uste du. Iaiotzaren kuxelu ostena ainbat laisterren agertzen ez diolako, esatekoak esaten dizkio morroiari. Gertari osoaren errudun bere burua dala atzematean, bere buruaren aurka iartzen da, ta aserre-sumiñez bere begiak erauzten ditu: Oidipu Kolono'n eztiago, itzalgarriago, ta buruzuriago ageri da.
Antigone, neskatx sendo ta kementsua da, iauntxoei buru egiteko beldurrik gabea. Berebat laztan eta biotz ederraren iabea. Anaiarenganako onginaia du gogor egitearen erro ta zergatika koa. Ismene aizpar: buruz gogorregi izan arren, betillun gertatzen da erio urreratzen zaionean.
Eriak lur-iotako gizona duzu Piloktete: erbestean bizi bearrak minkaiztu egin du aren gogoa. Arerioei buruz gorroto beltza du ta etxera itzuli nai du. Erbesteratu-en ariurria, benetan. Erritar bat arkitzean pozkario da, ta Neoptolemu laztan du. Maiz betillun, aserre ta etsi-etsirik dabil, azkenean, ordea, narerik ageri da.
Neoptolemu gazte aldakorra bere esanetara dakar Odiseu asmogin, asmatzaile ta amarrutiak, gero, ordea, garbaitu egiten da.
Aren abeslari-taldearen eresiak eder, guri ta bikaiñak dira: alare, Eskil'arenak aberatsagoak, iaukalagoak eta kementsuagoak dira eskuarki.
Dana dala, Sopokel'en eresi garbi, garden eta baretsuak Elade'ko olerkariari buruz dugun ustekizuna egiztatzen dute erabat. Eresi egin-egiñok Atenai dnJaitsuko eguzkipean abesteko egokiegokiak dituzu.
Idaztankerari gagozkiola, Eskil'ena baiño argiagoa ta aratzagoa duzu Sopokel'ena, elkar-izketan batez ere. Malgu, etorkor, eta erreza duzu Sopokel, izneurtuaren uztarria arin eta legun eramanki. Betegiña bezin xaloa ta bakuna duzu, ta orobat neurri betea azaltzen du. Etorkor izan arren, etorri andiko olerkari duzu. Irudiz erlantz, itzez eder. Bein edo bein bekalde bakanen bat badarabil, Oreste'ren aurtzaia zaldi zar batekin alderatzekoan, adibidez.
Sopokel'en aintzak ez du itzalunerik izan mendez mende ta gizaldiz gizaldi. Eskil baiño ulerterrazago izaki, aintzatago izan dute beti. Atenai'tarren olerkari laztanena izan zan.
Bake-aldiko atsegiñak Aristopan'ek ainbatzean, Sopokel'en antzerkiak ikustea zun bata. Erroma'ko Kikeron'ek olerkari iainkotiarra deritza. Oraiñaldiotan gizon ikasiek narerik eta atsegiñez irakurtzen dute ta erriko semeak ere ikartzen ditu. Paris'ko antzokietan maiz agerterazi izan ditute Sopokel-en antzerki entzutetsuak.
Erabat esan: Sopokel'en etorria, antze ta ederra, Eskil'arena baiño egin egiñagoa duzu. Pidia'ren arlanduak bezela, aren antzerkiak antze-lerrorik gorengoa atzeman dute: xalo, bakun, egiti ta ederraren guraz bete ta orrillo duzu, izan ere. Iñork baiño areago agertzen du Elade-ko eder-eredua.
|