Itz Lauz
Pio Baroja'ren eriotzaren inguru
B.
Pio Baroja il da. Eta ez det uste Pio Baroja nor zan gau iñork galdetu bearrik izango duanik. Bañan eta ontan ezagun da orainik ere kristau-artean bizi gerana berri negargarri ori entzutean, nola il dan askok eta askok galdetu du. «Nola il da?»
Askotan gertatzen bait-da, Elizarekin muturtu-samar bizi izan diranak ere, azkeneko orduan Jaungoikoarekiko gauzak ondo eginda «joatea»... Ortega Gasset zanarekin gertatu zan bezela. Beste askorekin gertatu izan dan bezela... Gure Pio Baroja ere Elizarekin muturtu-samarrik bizi bait-zan aspaldi...
Pakea zor diogu joan danari. Eta ez goaz, «berak» ondo ala gaizki egin duan erabakitzera. Berak bere baitan, alegia. Ori, Jaungoikoak.
Bañan, il-inguru ontan alako irizpide batzuek ixuri oi bait-dira baztarretan Ortega Gasset'enean ixuri ziran bezela; ortara, iritzi oietara biurtu nai degu guk gaurko gure jardurioa.
Kristaukiro euskaldunkiro gauzak esaten diranean, iltzen dagonaren inguruan egin oi danari, «laguntzea» esan oi zaio, «iltzen laguntzea». Mundukiro gauzak esaten diranean, ordea, laguntze orri «molestatzea» esan oi zaio.
Ortega zanak, Jaungoikoalk ala nairik, izan zuan nork lagundu. Monjatxo bat, monjatxo euskaldun bat, Azpeiti'ko alaba. Monjatxo arek egindakoa, batzuren batzuek gaizki egintzat joko zuten. Bañan ori, Ortega zanak berak esan bearko luke: on, ala kalte egin zion alegia, monjatxo azpeitiar arek, Gurutze Santua mun egiteko ezpañetara urreratu zionean. Berak esan bearko liguke. Guk dakiguna, auxe da: Gaxoak, bere azkenak alde ikusi zituanean, esku errukitsu bat, zeri-eldu errukitsu bat nai izan zuala bere aldamenean. Eta gure monjatxuak orixe besterik etziola egin: Esku errukitsu ori gaxoari luzatu. Ez bait-da iñor, ori, gaxoa molestatzea dala esango duanik. Euskeraz beintzat laguntzea esan izan zaio beti ere. Laguntzea. «( Muralla» austea dala, lioke norbaitek...).
Gaxoaren «argaleri» bat dala, gaxoaren esku-nai ori, zerbaiti-eldu nai ori, esango du zenbaitek. Argaleria? «bearra» ez ote? Ez bait-da berdin. Bearra ez da argaleria. Bearra, gure izaeraren izkuntza bat da, entzungor egin bear etzaion izkuntza jakintsua. Argaleria litzake moskor batengan ardo-eskea. Bañan ez da argaleri, ur-eskea egarri dan batengan. Ez dira berdin.
Gaxo dagonak, bere azkenetan Jaungoikoaganako egarria nabaritzen du bere erraietan. Ez da, ez, argaleria. Izaeraren dei bat baizik... Egarri danari, berriz, edaten eman bear zaio. Lagundu egin bear zaio.
Ortega Gasset zanak agertu zuan egarri ori. Pio Baroja zanak, ez dakigu. Bear bada, bai ark ere. Bañan ez dakigu. Auxe da guk dakiguna: Pio Barojak ere, azken-aldean bere iritzi-aldaketak izan zituala bizitzari dagozkion zenbait gaietan. Beti ere ezkon-gai bizi izan zan arren, ba'dakigu urteen buruan, ezkondu izan balizko gogoa, guraria, aitortu zuana. Guk al-dakigu zer aldatze izan zuan zenbait gairi buruz bere azkeneko orduan? Beste geiago ere aldatu izan bait-dira.
Dana dala ez ori da «argaleri», ezta bestea ere «molestatze».
Gauzak garbi.
Eta gure otoitzen bearrean arki baledi, ez deiogula uka «Aitagure» bat bederenik Jaun errukitsu-errukitsuaren aurrean. Lagun deiogula.
|