Itz Lauz
Maitharien arnoa
J. Mirande
«Ihardetsi nahi ez dautananaz geroz, ba nioan», erran zuen, azkenekotz samurturik, emazteari so luze bat eman ondoren. Ohetik jautsi zen, dorpheki, eta atherat buruz abiatu. Gehiegi edan zukean atzoz geroztik biek gehiegi edan zuten, bai; zergatik ez zuen hark, egun, batere edan nahi? eta lehen urrhatsa bururatu ezinik, lurrerat erori zen bere luzetarzun orotan, irri-egingarria. Baina emazteak ez zuen irri egin. Haren ixil egoiteak muthiri eraztenago zuen hor zatzalarik, lurrean, burhauka eta auhenka. Nahiago zukean irri egin balu, ozen eta luthoki ohi zuen araura, eme ardanoi lotsagabetu horrek! Nausa lezan nahi zuen ba, haren ukhabilka zehatzeko zio berri bat ukhan lezan. Baina ez zuen nausatu.
Nolaerebait, eraiki eta besalkhi baterat heldu ahal izan zen. Hartan erori, beso-zangoak hedatuz, azkenean eden. Lo egin nahi zuen. Ez hargatik ohean, haren aldamenean... Laster kurrunkaz ari zen. Mozkor-ametsen gozoa! Bet-betan atzarri zen ondea. Zerbaitek iratzarri zuen. Iruditu zitzaion zerbaitek edo norbaitek burua eztiki hunkiten zeraukola... Larri eta ikhara, eta hotz-izerditan, egon zen luzaro begiak borobildurik alde orotara so. Ez zekian zen sinhets. Ohe-alderat so egin zuen; hura zen othe? Baina ez: han zatzan bethi, axol gaberik lo, edo lo bezala? Joan zitzaion uste gaberiko iratzartzeak jauz erazi herstura, mozkorra atzera, jin zitzaion, areagotuz. Ahal bezala zutitu eta ohe-bururat hurbildu zen, ikhur-makhurka. Oihu egin zeraukon emazteari, ukhabilak bildurik: «Hi hintzana?» Ez zuen ihardetsi; hark, amorraturikago, ziotsan ethen gabe: «Hi hintzana? Hi hintzana, emea? Bazakinat hi hintzana. Eni bildur emaitea gatik, nitaz iseka egitea gatik, eh? Ago, olhoak eraikiko ditun, emea...» eta beharrondoko bat eman zeraukon, zolia. Berezi bait zuen. Baina orduan ere deus ez zeraukon erran, zelako buru thematuak, ez zuen den gutien iharduki. Harekin mintzatu nahi izan gabe jarraiki zen, selhaururat beha. Hark erakhutsiko zeraukon ordea ez zuela jostetako gogorik! Halako amorru batek bereturik, hasi zitzaion, jo eta jo, burutik behera, sabel agertuan, zangar hasetan.
Bildur zen bezala, ez zeraukon ez hitzik erran ez ukhaldirik bihurtu. Eta etsitu zen. Azkena eman zuen bere amorraldi itsu horri, ohe-buruan belhaurika erori zen, hatsalbo, bihotzterriturik. Horrelako emazte bat! Zergatik ez zeraukon egun guzti orotan elherik eman nahi izan? Begiak hari buruz eraikirik, othoiztuki ari zitzaion: «Mintza akit, bai, zerbait erradan!...» Zerendako ez zuen ulhertu nahi ez zuela hark gaiztakeriaz joiten, maite zuelakotz baizik? Maite-egi zuelakotz. Barnea bereturik, nigarrez hasi zen. Gozo ziran nigarrok, hainbat edanaren ondotik, bere baitharik halako gisan atheratzetik landa. Barkhamen eskatzera gerthu zen orain. «Ez hakidala aiher izan, arren, maitea!» othoitu zuen hipaka, haren burua esku-artean harturik. Elas! nola sinhets ez zeraukola hitz edo so egin nahi, haren bihozmina zenaz gainen zin? Eta halatan ere, bihozmina ezti zitzaion, bien arteko elkhar maithatze eretzik gabeko, bertzeak ez bezalako, bethiko ziraukeanak bait zuen karia. Gogamen horrek bakez eta ahanztez gainbethe zuen. Nigarra begietan zuela oraindik, baina arima zohar, joan zen emaztearen aldean etzatera. Aphur bat egon zen bere damua gozatuz, emazteari amultsuki behatuz. Zioan bere baithan: «Mutinean ari hatzait, baina nik barkhatzen haut, maite haudalakotz. Haizen bezala maite haut eta botzik niagon, mintzatu nahi ez ba hatzait ere, enekin hagoan ber. Ba zakinat enekin egonen haizela. Eta ene heina edan dukedanean, besoetan hartuko haut, musuka janen haut goiz hontan bezala, eta hire gorphutz guri eztia bero duken eneari kontra... Lehenik ordea, utz nazan bertze botoila baten edatera, othoi!» Hasi zen ñaphurki edaten; berhala hargatik, orhoiturik emazteari berheziki laket zitzaiola arno hura, aphalki galdatu zeraukon, botoila eskainiz: «Dostatu nahi duna?»
Emazteak ez zuen erantzun. Jarraiki zen selhaururat beha, ixilik. Egun guztian bezala, ez zeraukon aldi honetan ere elherik erran nahi izan. Eta gizona, botoila oraindik eskuan zedukala, haren aldamenean egon zen, nahigabeturik. Hutsik zuen eskuaz, samurki ohiltzen zituen haren begithartetik eulitzar beltz, firrindari, asegaitzak. Hila zen. Goiztirian hil zuen gizonak.
11-08-1956
|