L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Txomin zorri'ren eskontza

 

Aizkorri

 

Zelebriagoa zen zelebriagoa nik diñotan mutilla! Baldar eta traskillagorik ez dot sekula ezagutu. Kitanuak eurak be ez a bestean. Ezta!

        Gorputza oker-okertuta, bizkarrean zorroen bat eroiala antz emoten eban. Euki be gero baeukan lepotia edo olako tontor makala!

        Janzkeran barregarria, iñor izatekotan. Praka ta alkondara zar-zarrakaz beti. Adurra be erion ugari aotik. Ta tontolin bat irudian. Baiña listoa zan, oso azkarra denganiñoa alakoa!

        Txomin Zorri deituten eutsela? Asko eutsan berari, barre ordez noiz-beinka txikitotxu bat emoten baeutsen!..

        Igarriko zeunskide zein burutasun etorri yakon bein gure mutil oneri? ESKONDU EGIN BEAR EBALA TA EZKONDU EGIN BEAR EBALA!, edadea be baeukala-ta. Bero asi zan gure mutilla burutasun onegaz

        Baiña gizajoak ez ekizan, antza, neskatoen gustoak. Txomin Zorrigaz eskondu? Jajai!...

        ...Tximiño bat baiño motzago zan aregaz!...

        — «Ezetz, e! Ondo dago, ondo. Mustur-musturretan joko zaituedaze ba danok, sorgin petral erriok!»

        Ta gure Txomin Zorriri bere biziko burutasun bat emon eutsan buruak. Eskonduko zan bai, eta auzoko neskarik ederren eta aberatzenagaz eskondu be. MIREN ARANTXA'GAZ BERAGAZ, aur!

        Zelan irabaziko eban Miren Arantxa? Ori itxi bere kontura. Beingoan asmauko deusku iñoizko erarik politena-ta

        Miren Arantxa guraso eta anai-arreba bakoa zan. Neskamea eta bera bakarrik bizi ziran etxe eder atan Txomin Zorri baiño urte bi zarragoa zan. Zar-izate onek ardura ete eutsan gure Txomiñeri? Bai zera! Bein eskondu nai ebanezkero, zer eutsan bera eta emaztegaiaren arteko urte biren aldea? Ezer be ez. Ta gitxiago ondiño Miren Arantxa lako neskatillea emaztegai izanaz.

        Gatx izango ebala emaztetzat artzea? Ez uste!

        Illuntze-aldean Miren Arantxarenera joan-da, bere neskameagaz egin eban berba. Abots gozo-gozoenez agertu eutsazan neskameari bere burutasunak. Lagun izaten bayakon, ondo baiño obeto sarituko eban gero.

        Sari on baten ordez ez eutsan lagunduko ba neskameak? Bai pozik be! Eta gau aretarako onoko au gertu eben bien artean

        Txomin Zorri, ixil-mixillean, Miren Arantxaren oe azpian sartuko zan. Miren Arantxa oeratutekoan, oiari bultz eragiñaz, esango eban Txomin Zorrik: «Miren, Txomin Zorrigaz eskondu bear dozu. Osterantzean neugaz zaroat». Miren Arantxa, jakiña! neskameari deika asiko yakon. Orduan neskamea joan, eta gela guztia ikusiko eban, iñor egoanentz. Ta, ametsen bat izango ebala-ta, barriro joango ziran biok lotara. Iru-lau bider egingo eben au. Ta azkenean... baietz Miren Arantxa Txomin Zorrigaz eskondu!...

        Txomin Zorriren poz-ikara burubide au asmau ebala-ta! Eldu zan gaua. Amabiak ur-urrean. Ai ene! amabiak jotean Miren Arantxak bota eban txilioa!

        — «Juani! Erdu! Erdu arin!...»

        — «Banoa, Miren, baña zer jazoten yatzu ba?»

        — «Ai Juani! Emen deabruen batek ibilli bear dau! Oraintxe berton ibilli yat oiari bultzaka!»

Neskameak, baiña, iñor topau ez gela guztian.

        — «Ametsen bat izango zendun, Miren. Egizu lo, ezeren ardura barik!»

        Ordu erdi barru —kostaz baiña— lo egoan Miren Arantza Txomin Zorri, ostera, iñoizkorik itzartuen.

        — «Ondo yoak gauzia! —esan eutsan kolkoari.— Tira! Beste apaskadatxu bat!»

        Ta lengo berea egiñaz, esan eutsan Miren Arantxari Txomin Zorrigaz eskonduten ezpazan, beragaz eroango ebala.

        Azurretarañoko bildurrez egoan gizajea. Ta ia berbarik be egin eziñik, deitu eutsan bigarrenez Juaniri. Juanitak, baiña, oraingo enetan be iñor topau ez gela barruan.

        Norena izan litekean ba abots a? Jaungoikoarena, bear bada! Barriro entzuten baeban, eskonduko zala agindu bearko eutsan.

 

* * *

 

        Ordu bete inguru igaro da. Gaua bake-baketsu...: katuen miau bat be ez da entzuten iñon!... Onetan, Txomin Zorrik, artu oea lepoagaz da, len baiño bultzada aundiagoak emonez, diñotso abots gogorrez Miren Arantxari

        — «Txomin Zorrigaz eskonduko zara, ala neugaz zaroat?»

        — «Bai, bai! Eskonduko naz, eskonduko naz»!...

        Ta gizajea taupadaren taupadaz biotzak urten bear eutsala, neskamearengana joan zan arrapalaka, laguntasun billa.

        Bien bitartean gure Txomin Zorrik, zer? Zast! iges egin eban bere etxera. Eta —ez deustazue siñistuko baiña— gau ta goiz guztia igaro ebazan bizarra kendu, jantzi barriak ipiñi ta gorputza txukun-txukun jartzen.

        Goizeko amaikak inguruan Miren Arantxa gau atan jazorikoa esaten etorri yakonean, Txomin Zorrik iñoizko arpegirik alai eta gozoena ipiñi eutsan, eta poz-adurretan artu eban «Mirentxuk» ekartson barri zoriontsu a.

        Jaungoikoa on-ona ete zan gero gure Txomin Zorrigaz!...

        Illabete barru, alkarren senar-emazte dakusguz Txomin Zorri ta Miren Arantxa.

        Domeka-arratsaldietan-da, besotik artuta, emazteagaz pasioan ikusten ebenian

        — «Hola, Don Txomin! Arratsalde on!» —agur egiten eutsen erritarrek. Ta Txomin Zorrik, irribarrerik gozoenaz

        — «Baita zeueri be!» —erantzuten eutsen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.