L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Platon eta Sokrate

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin

 

Lehen sorraldiko iakitunak baino obeak dira bigarren sorraldikoak, nonbait; orain arte, ageri danez, eskumen ikol eta zizpila bildu dugu Elade'ko iakintzaren alorrean. Oraingoan, ordea, bala aletsu ta mardulak iasoko ditugu, baldinbait ere. Erri artako iakitun bikainenak. Erakleito, Parmenide ta Pitagora aiputan artu ta Platon'ekin alderatu ta alkar io ditugu dagoneko, oiek baitzenitun Platon'en aitaso, arbaso, okilaso ta tokabilaso.

        Orain, berriz, Platon'en aita ezagutu nai genuke iakitun zanez, Sokrate alegia: txera ona egingo digute aita-semeok, aiek dira alakoxe ortz-argiak-eta. Esan oi danez, aritzak zozpela beretarikoa omen, edota, beste nolarebait esan, ezpalak bere egurra dirudi ta egurrak bere ezkurra, edota, beste nonbait esan oi danez, nolako zura, alako ezpala.

        Mingainaren ertz-samarrean Platon erabilten dugu beti, aren «Politeia», edo «Fedro» dala-ta, irakasle argi ta idazle ederra aipatzen dugunoro, korapillo asmatu-eziña erabat zirt edo zart arildurik. Arpegia ausi ta buruz buru eztigu itzik inoiz ere Platon'ek egin, ordea ez zan nonbait arpegi-andi, arpegi-bageko baizik; iñoren ao-mingainez mintzatzen zaigu eskuarki, Sokrate'ren aoz, alegia, Sokrate baitzun bere arpegi-ordeko. Arrezkero, bi-biok, Sokrate ta Platon, alegia; bat bailiran agertzen zazkigu.

        Xenoponta ta Platon, berriz, bat ez datoz Sokrate'ri buruz esanetan. Xenoponta'k dakarrenez, inongo gizonik xaloena ta bakunena duzu Sokrate: ederrenetik ederrenera ari ziran Elade'ko gizakume argien artean, Sokrate garako gizona bailitzan ageri da, eladetarrek asmatu zezaketen adimen argiena soin eta mami eginda, arean: alaxe azaltzen zaigu Xenoponta idazle ulerterrez ta aratzaren oroitzapenetan. Idazle au baina, aizea bezela zebillen, eta axaletik ikusi bide zun Sokrate'ren iarduna. Garai artako gazteek, ordea, onik atera zezaketen Sokratek Xenoponta'ren idaztietan zabaltzen ditun aolku onak dirala-ta.

        Platon'ek dakarren Sokrate, ordea, besterik da iakitunagoa, ederragoa, bikainagoa, labur esan. Bestalde, «Oturuntza»-n Alkibiade'k baiesten dunez, Sokrate inoiz ez zan agertu batekoitz, bikoitz baizik, ao batean bi mingaineko-edo baitzan: edonon eta edonoiz, Silen'en antzera ageri zan, barnean zeraman iainkoaren iduri takarra, alegia. Platon'ek dakarren Sokrate bitara ikusi zezaken so egile banak, beraz, batak batera ta besteak bestera, esate baterako. Arrezkero, Xenoponta'k dakarrenez, Sokrate xalo, takar, eta bakun zan; Platon'ek dakarrenez, oi ez bezelako asmo gorengo ta aburu zaillen adierazle litzateke. Bi idazleon orrialdetan gauzak badaude; nolakoak ezik

        Sokrate'k berak ezertxo ere ezpaitzun idatzi, gure korapiloa auxe da, ta izango. Egiazko Sokrate Xenoponta'k dakarrena ote zan zin-ziñez?

        Orrela ba'litz, gainerontzekoa Platon berekiak erantsiko zion: Sokrate'k esanari puska aundirik etzion kenduko Platon'ek, erantsi baizik. Ala Xenoponta'k asmatu ta igarri zezaken baino gizon beteagoa ta eginagoa ote zan Sokrate? Orrela ba'litz, axalekoa besterik ez zun ikusi ahal Xenoponta arinak. Alderantziz, Platon argi, ederbera ta egazabalak aren adimen zorrotz, sutsu ta gotorraren berri bete-batean txastatu, ta ikusiz gain utzi ote zun, zan bezela?. Ori iakiteko eztago naierarik, an zer dan, dakienak daki. Arrezkero, auzi orren isatsa larrutzeko dago oraindik eta korapilo ori arildu dezakenik ez da bazterretan, antza. Bataz beste io ezkero, or nonbait izango da egia ta orixe dugu laztanenik.

        Platon'ek dakarren Sokrate bera ez da beti bat bera, ordea: besterik da «Apologia»-n eta «Fedon»-en ageri dana. Apologi ori eztuzu alkar-izketa, bide ori orixe soil-soilik utzi zun Platon'ek. Alare. Sokrate'ren benetako itzak diralakoen antza artzen zaio, izkera gordin xamarra baitarabil, biotzondo gogor baten eraginez mintzo dan norbaiten berezko izkera dirudi. Bestalde, Fedon alkar-izketan ageri diran itzak iasotzean, Sokrate'ren azken esanak iasotzea nai lukela Platon'ek amaten du Sokrate'ren eriotza bere begiz ez zun Platon'ek ikusi, ordea Alkar-izketa ortako lagun batek zeatz-meatz orixe baiesten du. Lagun orri entzun bide zizkion Platon'ek Sokrate'ren azken itzak. Iturri garbiagorik ezin, beraz. Fedon asmatu danik ezin diteke esan, gainera. Zenbait zeaztasun ezin ditezke asmatuak izan, iñola ere: bilurrak kendu ta lokabe sumatzean aztalak igortzi zitulakoak, esate baterako, sorgor izatearen itxura-nai larriak, negarretan urtuta dauden emazte ta semeei ematen dien aolku zakar eta gordin xamarrak, aien arreta bere gain artu nai dun edonori uzteak, eta abarrek, egiaren kutsua ematen digute. Dana dala, nire ustez, egia edo egiaren antzekoena bi idaztiok ekarri al izango digute: Apologia'n bere bizitza arteko guztia gibel-ikustez ikusita ematen baitigu, ta ikuspide ori «Fedon» alkar-izketako berri barrukoienez osotu, borobildu ta adierazi dezakegu.

        Beti izan ditugu bazterretan buru argiko gizakumeak, baita gizakume biotz-beroak ere. Bakan bakanetan, ordea, arkitu al izan ditugu biotz-beroko gizakume buru-argiak, biotzean labe goria ta buruan izoztea ta garranga dutenek, alegia. Are bakanago oraindik, biotzari aleginean eragin eta tauparazi, ta alegi nok arren, burua otz iraunerazten duten gizakumeek. Egitekoren bati buru ta biotz lotu diran bakanok, gizarte osoan indar aundia izan dute, urteak ioan eta urteak etorri. Ustez uste-bageko gertari onen zergatikakoak gizonek bere baitan ditute: biotz-beroaldiak ezpaitu ezer argiago egiten, adimena lausotzen eta ilunagotzen baizik. Eskualdeka ez ari izatea, biotz-bageak iritxi lezake.

        Alakoxea zenun buruz ta biotzez Sokrate. Adimenez zeatza izaki, egiaren bila su ta gar ari zan edonoiz ta edonon: orixe zenun aren aleginik bizkorrena, egia bere-bere egitea, alegia. Amaikatxo ikasle azkar arganatu ziran iakin-gosea berdintzeko, ta ioera berriak ekarri zitun iakintzaren alor zabaletan.         Soporoniska irudigina zun aita ta Jesukisto aurreko 469'garren urtean Atenai'n iaio zan Sokrate: ama emagina zizun. Oldozpen eta bulkoetan iori ta okitua zan Sokrate ta erabat berekia: etenbagean gogai berriak sortzen zitzazkion, etorri andiko gizona izaki. Gizon zanez, ordea, buruz belarri ari zan maiz emengo goraberetan, bere gogoa auziren batean tinkaturik baileukan. Adibidez, Poteidaia'rako bidean, goizean goizik egunak txirrist egiterakoan, karpapean gogartean asi omen zan, eta buruan gogai bera iraulirik, oin berdin egotez egon, zutik gelditu omen zan, korapiloari mototsa arki eziñik. Eguerdian auteman zuten arri ta zur eginik lagunek, egun-nabarra ezkero zutik irauten baitzun, egonean egon. Eguna gautu zaneko eta beste guziek afaldu zuteneko, oial urdinetan oea iaurri zuten, aldez, aize-oxkirrietara lo egiteko, uda baitzan, aldez, gau osoan oin-berdinean zutik Sokrate'k iraungo ote zunentz ikusteko. Egun berria zabaldu arteraino orrela iraun omen zun Sokrate'k, eta eguzki berriari otoitz egin ondoren, narerik lekutu omen zan. Gertari bitxi ori Alkibiade gudalagunek iaulkitzen du, Platon'en «Oturuntza» alkarizketa ederrean. Alako zerbait Newton iakitunari ere gerta omen zitzaion bein baino geiagotan. Bein baten, adibidez, eguna aurrera zioala, oe gainean iantzi-arin eserita oldozketan aurki omen zuten. Beste bein, zenbait adiskide etxeratu zitzazkion, eta aiei txera ona egitearren, Newton ardo-bila goinubera ietxi omen zan eta an gelditu auznarrean.

        Bestalde, gose-egarriak, otz-beroak iasaiten indar eta kemen ikarragarriak omen zitun Sokrate'k. Lagunekin alkartzean, inork baino ardo geiago edaten omen zun, eta buru argia lausotu bage, edan ere.

Ageri danez, soin kementsua ta bizkar zabal-zabalak zeuzkan Sokrate'k, baita ioera galgarriak ere. Aren arpegia ikusi-ala, Zopir'ek aragi-irritsetara grinatuaren antza artu zion. Sokrate'ren ikasleak aserre omen ziran irakaslearen baranoan, eta Sokrate'k aien aserrea eztitu nairik esan omen zien: izpidean dago Zopir, irritsa ori ezi egin dut nik, ordea.

        Dirudinez, bakan-bakanetan bada ere, aserreak irakiten ler eta zapart egiteko zorian egoten zan, laster iaiki-bearra baitzan: eskuarki, baina, bere buruaren iabe irauten omen zun.

        Gaztaroan aitaren bizibideari ekin zion eta irudiak egiten ari zan. Beingoan bizibide ori zapuztu ta iakin bideari lotu zitzaion erabat, eta amak erdi-egiten aurdunari lagun egiten zionez, eraberean gizakume guziei lagun egin nai zien, nork bere barnetik egia argitara erakarri zezan. Arrezkero, Iantipe bere emaztea ta iru seme-alabak bertan bera utzi ta iakin-bideari ekin zion buru-belarri.

        Nondik sortu ote zitzaion Sokrate'ri gogo ori? Anaxagora'ren ikasle izandako Arkelao'k sartu omen zion Sokrate'ri gogo berri ori, Samu'ko izaro ederrean, Kio'ko Ion antzerkigileak dionez.

        Sokrate garbitu nai izan zan, auzitegian alkarizketaz bere burua xuritu bear zun ezkero: bein ez dana, bein oi da-ta, auzitan erabili oi diran itzaldiak eta itzak bazter egiten ditu. Zer danaren eta egiaren alde su ta gar iarri zan beti; ortan, ez da bere buruaren etsaia. Bere biotzaren barrunbean Iainkoarekin batu ta Iaungoikoak nai dunera oso egonik, ez lezake ipini bere uste osoa ain mugonez lagunduko dun beste inorgan eta ernai ta sutsu erabateko bururakizunak atzematen ditu aleginaren aleginaz: goien eta bean ikusten diran guziak ez dira berez, ez dute berezko izaterik, dirana eta dutena besteri zor diote; besterik baitira iraizekoa ta bein-beingoa, ta erabateko gotorra, aldakaitza ta betikoa. Gure baitan, gure lurrezko soin-egoitzetan bada lainkoaren zer-edo-zer, izan ere. Aristotel'ek dioskunez, io-muga ori atzemateko, arlo baten saiets xeenak alderen alde aztertu oi zitun, baita bere barrua, ta argitzen ditun barneko argiaren gora-berak ere. Orretara zetozten aren galde-erantzunak, erriko semeekin aurkez-aurke zegoenean. Alkar-izketa aien bidez itzik ezagunen esan-gura zeatza tinkatu nai zizun, goi-goiko iakintzaren irrika bizia erabat sendotu ta gotortzeko. Nai bizi ori iainkoren batek idaroki omen zion, ioera ortara eraginik eta eraginik. Gaztaroan izan zizun alperrikako iakin-goseak ere berez ekarri zezaioken gogo ori: on-bearrez leiatu omen zan iakitun ospatsu bati entzun nairik, eta beraren iritzian, iakitun ark ez bide zun nai bezain argi ta ongi ekarri bere asmoen azalpena: ona emen Sokrate'ren itzak:

        «Nere gaztaroan oi ez-bezalako irrika nun izadiarekiko iakintza oi deritzan iakitea nereganatzeko: danaren zioak ezagutzea, inolako gauza zalakoan nengoen: zer-nola gertarazten dan, zer-nola deusezten dan, zer dala-ta dan. Izan ere. Iker eta ikas, erabat murgildua nintzan azterketa ortan; nere ta gizon adituen iritzian garai artaraño argi aski nekiena ere, erabat ahantzi al izateraiñoko irrika nun, izan ere. Anaxagota'k idatzi omen zun idatzi bat irakurten urliari aditu niolarik, orde, zer guzien zioa ta ederrerazlea adimena dala, alegia, zergatikako ori ezagutzeko pozak artu ninun: eta ori orrela izatekotan, zer bakoitzaren alde oberenik egiten dula berak, burutara etorri zitzaidan. Asmo au buruan iraulirik, pozarren auxe uste izan nun zioaren berri emango zidan irakaslearekin tril egin nula, arean. Anaxagora'k, adibidez, lurra biribila ala laua danentz irakatsiko lidake lenik, eta tankera au ala bestea izatea zer liteken oberenik, gero. Eta sailok argitzerik iritxi ezkero, egundainokoan bestelako ziorik ez aztertzeko gertu-gerturik nengon». (Fedon, 96)

        Sokrate an ioan zan etxetik alde, iakitun ospatsu arengana, ta uste ez zun zakurrak zaunka egin zion. Aren esanek entzulea limurtu ta iruzurtara ekarri besterik ezpaitzuten egiten, bazterrak gainekoz-azpi ezarririk. Zer guziak, zer dala-ta onetara naiz bestetara ziran argibidez ipinteko, ezpaitzun adimenaren ulerbidez azaltzen, zer-dana bigarren maillako zioz edo zergatikakoz adierazten baitzun. Arrezkero auxe atera zun: aren azalpenak onen antzeko lirakela, alegia; Sokrate'k berak egiten duna, adimenak eraginda egiten dula urliak egiztarazi nai izan ezkero, au-edo esango ba'lu, nire soina onetara eginda dalako, ta ezurgiarrez osotua dagolako, orrexegatik eta ez beste ezergatik, Sokrate emen ziegan ezarrita dagola, gogoko dun eriotzaren zai. Orrelakorik! Geiegitxo dio, nonbait, Sokrate'k Anaxagora'ri buruz. Egia esan: iakitun onen asmotara eta esanetara, adimenak dana alderen alde edertzen du ta zer guzien zio duzu adimen ori: «pánta diakósmei, kaí panton aitiós éstin». Sokrate'k ez ote zun bere burua zuritu nai, berez zekarren ioera onarturik eta Anaxagora'ren iarduna bazterreraziz?

        Dana dala, Anaxagora'k berak zer guzien io-muga ta elburua adieraz nai bide zizun; bestalde, gizakumearen goraberak aintzat artzen Arkelao aren ikaslea asia omen zan.

        Sokrate, berebat, alperrikako azterkizunak zapuzturik, ortziko izarren jira-berak azterkatzen eta lurreko iakin-gai guziak ikasten ari izan bearrean, norbere burua ongi ezagutzen asi zan on-ustez eta arretaz: norbere burua ongi ezagutzea bait-da ikaskizunik goren-gorenekoa ta norberarentzat onen-onena. Arrezkero, lurra ta ortzia aztertzen ari izan bearrean, zain eta muinez gizakumearen barnea ikertzen iarri zan Sokrate, ta iakintza ortzitik gure artera lurreratu egin omen zun onek, Kikero'ren esanez, ots, orain arteko iakitunek lurbira ta lurbirakikoak, ortzi ta ortzikikoak zituten ikas-gaitzat, Sokrate'ren egitez ta eragitez, ordea, gizona ta gizonarekikoak aukera zituten azterkizun-zurrian.

        Sokrate bere barruan batuago, ta gai ugariagoak eta sakonagoak aditzen zitun nekerik bage: goitikako adimen-argia artzen baitzun. Jaungoiko-usainez bere buruaren azterkizunak adieraztean, ortarakoxe deitua zalako adierazten zitun, eta Elade'ko erlejio-agintaririk nagusienak ortaratuta, ain zuzen ere. Gizakumeen uste arol eta utsak aztertzeko burua nekatzen ari dadinean, Delfo'ko iaungoikoari inolako iauresketa egiten diolakoan dagoke. Arro-usaietan ibili bearrean, goitikako eginbide orri zintzo ta kirmen eutsi nai dio, ezertan zabartu bage. «Ezaguna duzu, noski, Kerefon, dio Sokrate'k, ta esku-artzen darabilen edozeri ezartzen dizkion su ta garra badakizu, arean. Beinola Delfo'ra ioan eta ango iaungoikoari galde egin zion, ni baino gizon iakitunagorik bazterretan ba ote zan, ots. Bakana benetan! Ni baino iakintsuagorik ez zala erantzun zion Pitia'k.» Arrezkero, bera baino iakintsuago ziruditen gizonen bila iarri zan. Esan eta egin. Iakintzaleen auzi-mauziak oro zekizkiten iakitunek, Atenai'ko olerkari ederrak eta egungo egunean ere zur eta lur eginda museuetan ikusten ditugun ontzi zoragarriak egiten zituzten ontzigile aipatuek arki zitun bearrik. Ezin ukatu, eguzkia bera baino egia argiagoa baitzan: aien buruak iakitez okiturik zeuden, gain-gainez eragiteko zorian, ain zuzen ere. Auxe atera zun Sokrate'k, beraz: gizakumerik iakintsuena orixe da, Sokrate'k bezala, iakiteari buruz, burua ezer gutxian edo ezereztzat daukana, alegia. Ezer ez zekila baitzekin Sokrate'k. Iakin-eza ori iakinaren gainean aitortzea baituzu gizakumearen benetako iakintza. Gertari ori ipuin utsa danik ezin diteke egiztatu. Aurrerantzean, edonon eta edonoiz, ontan saia zan ahal guziaz, eginalik bizkorrenez: iduritu utsa danetik gizakumeak kataskan bereizten, eta benetan danarengana arganatzen, alegia, ta ori egitekoan, Delfo'ko iaungoiko osasungarriaren alde lanean ari zala eskuko beatzak bezain eskier zegon. Auxe izan zun bere arlorik nagusiena, Delfo'ko esana egia zala erakutsi, ots, naiz ta egiaren antzik ez izan.

        Atenai aberatsean, gatzaren ardurarik izateke, elea zeriola bizi zan Sokrate beti: azala enparau ezkero, eztago ardurarik. Bere bizialdiaren arlorik nagusiena alkar-izketan burutu zun. Enparantzetako diru-aldaketa-mai ondoantsu ta etxarte ertzetako zugadiak barrena, erritarrekin ari zan izketan: zerbait eztalakoan badalakoan, garerdiko ta garako gizonak baranoan zitun, eta utsaren urrengo gairik arinenak oinarritzat arturik, alkar-izketa asten zun: berealakoan, igerika izaten asten zan besoak edaka edaka, geroago ta gai sakonagoetan murgildu arte. Aren galde zirikagarriak entzunda, adarra ioten ari zala zirudin, eta azkenik aoa bete aginekin uzten zitun.

        Egiaren bila, leizako azeria baino zitalagoa zan. Aren alkarizketak edonongo ele-ederrean eredurik bikainen gertarazi dira, Platon'en egitez baitik bat. Erriko semeak zapuztu orde, beregana erakarri oi zitun bere ateraldien apeukoz. Bere burua ez zun bestearena baino andiago egiten. Gizonarekikoetan iakinbide zeatzik ez zeukaten aldi artakoek, eta iakitun arroputz izan orde, ikerle apal bezala agertu oi zan Sokrate zuzen eta bidez. Ez-iakinarena eginaz, norbaitek zer-edo-zer galdetzea zeritzaten eladetarrek eironeia: ori bide zala, bere burua uste ez bezala gutxiesten zun, ezpain-ertzean irri xuria beste erritarrek ao-beroz ta ao-andiz nor naiz ni'ka, edo, nor gera gula ari ziran bitartean. Inakaz eztenka asten zan Sokrate zirtoll-aria, edozein gairi buruz: aren entzuleek, berriz, arro-arro eginda oi ziran alkar-izketaren asieran. dan dana bailekiten. Puztu egiten ziran erritar aiek: bai, zereko puztu! An zetorren gure Sokrate, beti gizaro batean, beti burua bere senean: gizon arraio ori ez zan amutsa, ez orixe. Barruak etzion agintzen an galdetu bage gelditzea. Bazun oraintxe burutik bera, gainez egiteko lain. Atzamarka axal-axalean asi ta dana zarrakitu oi zun ark.

        Egiaz ta begiaz uste zuten bera, ez zala iakitea adierazten zien argi ta garbi, ta lotsaren larratza ianbearra izaten zuten eskuarki, amen-omenka mintzo baitziran. Aien ao garratza! aien oroitzapen mingarriak! Belarriak apal-apal eginda-gelditzen ziran entzuleak oro, zer erantzunenik iakiteke. Sokrate bera ontan tinko-tinko eginda baitzegoen, eta bere entzuleak bere esanetara ekarri nai baitziran: norberaren korapilorik xeenak eta nagusienak askatu-eziñak zirala, alegia. Ioan daneko aspaldian, aurtzaroz gero, arro-arro darabilzkigun itzik eta bulknrilr erabilienak eta ustez ezagunenak, erabat ezagun-bageak eta ezagungaitzak dirala, izan ere, ta ateka gaizto aietako sasietatik eta edoi mataza artetik beren burua onik ateratzeko gai ez zirala, egin eginean ere. Lur zabala nasturik ikusten zuten, non zer dagon etzekiten. Sokrate ez zan aterako bere aritik. Bazekitela arro-arro uste zutena, etzekitela aitor-erazi ondoren, zekiten apurra oinarritzat artuta, gai berriak sendo ta zindo irakasten zizkien. Ba ote zekin zer kardabari eltzeko zegon bizibide ortan? Tautik eztakigu. Dana dala, Sokrate orrek, ez loan ez atzarrian, etzion epe onik uzten entzuleari. Ortik edo emendik iarriko zizun beti eztena txorrotx txorrotx eginda. Zertan dago zuzen izatea? Zertan datza on izatea? Nor ote da zinez eta minez iaungoiko-zale? Zein da erri baten araudirik ederrena? Galdekizun sakon oietan urtua zegon iakintzale gaixoa. Erritarren usteak ustel zirala argi ta garbi erakusten digu Platon'ek bere Politeia'ren lenengo idaztian, adibidez ta argibidez. Bidenabar, Platon'ek dakarren Sokrate'k zerabilen erakusbidea sakonago ulertu al izango dugu. Galdekizun auxe egiten dio Sokrate'k Kepal'i: — «Orrela, egia esatean eta bakoitzari argandik eskuratua biurtzean dagola zuzenbidea esan ote dezakegu, ala, gauzok batean zuzen eta bestean zuzenbage egiten al dira? Demagun: senean dagon adiskide bategandik urliak zenbait iskilo iaso ditu; gero, ordea, zoratu, ta iskilo-eske ioan ba-dakio, ez lizkioke itzuli bear; eta itzul ba'lizkio, ez luke zuzen egingo, ezta buruak emandako egiak oro berariaz esango ba'lizkio ere.

        — «Zuzen eta bidez diozu», erantzun zion.

        — «Beraz, egia esaten, ezta eskuratua itzultzen ere eztago zuzenbidea mugatuta.

        — «Bai, noski, Sokrate! tartetuz esan zun Polemark'ek, Simonida sinistu-bearra ba'litz, beintzat.

        — «Or uzten dizuet iardunkizuna, Kepal'ek esan zigun, oparien ardura nere gain baitut.

        — «Arrezkero, zurekikoen oinordekotzat ote nauzu? —esan zun Polemark'ek.

        — «Erabat, parrez erantzun zun ark, eta beingoan oparietara ioan zan.

        — «Iardunkizunaren ondoko zaitugun orrek esan, ba, galde egin nion nik, Simonida'k zuzenbidearengaz esan omen zunari zer deritzazu?

        — «Ots, bakoitzari zor dakiena biurtzea omen da zuzenbidea, ta ori esatean ederki esan zula deritzat.

        — «Egia esateko, Simonida ez sinestea ez da errez, gizon iakitun eta iaungoikokoi bait-da; ortaz, ordea, zer adieraz nai luken, zuk noski, Polemark, badakizu, bear bada; nik neronek eztakit, beintzat; alabaina, arestian esaten genuna ez dula adierazten agirian dago noski, urliagandik artua itzultzea, alegia, bere senean eztagola, eskatu ba'leza, beinik bein: ori bai ordea, iñorengandik zaitzeko iasoa, zorra da nolarebait; ez ote?

        — «Baiki.

        — «Bere senean eztagonari, ordea, inola ere etzaio itzuli bear, naiz ta berak eskatu.

        — «Egia diozu.

        — Au ez, baina besterik dio Simonida'k, dirudinez, zorra itzultzea dala zuzenbidea, dionean.

        — «Besterik, noski, ala Tzeu, erantzun zun: adiskideei adiskideek on egin bear diela baiteritza, gaitzik ez.

        — «Ortaz iabetu naiz, zaitzeko urrea iaso dunak ezpailuke zorrik biurtuko, itzultzea ta eskuratzea galgarri gerta dadizenean, eta eskuratzen duna eta biurtzen duna adiskide ba'lira: zure iritzian, ez al zun ori esaten Simonida'k?

        — «Noski baino noskiago.

        — «Zer, beraz? etsaiei zor dakiena itzuli bear ote zaie?

        — «Erabat, noski, zor dakiena; ta etsaiak etsaiari dagokiona zor dio, nik uste, gaitzen bat, alegia.

        — «Zuzenbidea zer daiteken alegiaz ta antzez adierazi zun Simonida'k, dirudinez: bakoitzari dagokiona itzultzea zuzen eta bidezkoa zala uste baitzun, ageri danez, ta au zorra izendatu baitzun.

        — «Zer besterik uste dezakezu? — esan zun.

        — Ala Tzeu, oiu egin nun nik; urliak auxe galde egin ba'lio: «Simonida, osakintza deritzan antzeari dagokion eta zor dakion zer eta nori ematen dio»? Zure ustez, zer iardetsi zezaiguken?

        — «Argi ta garbi dago, esan zun, ots, soinentzako sendagailu, ianari eta edariak.

        — «Ta zer eta zeri ematea zor eta dagokio sukaldegintza deritzan antzeari?

        — «Iatekoei ongailluak, alegia.

        — «Demagun: zuzenbidea deritzaken antzeak, berriz, zer eta non itzuli bear dio?

        — «Sokrate, len esanaren atzetik ioan bear ba'dugu, esan zun, adiskideei ona ta etsaiei gaitza.

        — «Adiskideei on egitea ta etsaiei gaitz egitea dala zuzenbidea esaten al du?

        — «Orrela deritzat nik neronek.

        — «Ta osasun-eritasunari dagokionez, eri dauntzan adiskideei ta etsaiei on eta gaitz egiteko altsuen nor ote?

        — «Sendagilea, noski.

        — «Ta itsaso-ekaitz zakarrean itsaso zear doan ontzian adiskide-etsaiei on-gaitz egiteko indartsuen nor ote da

        — «Lemazaina, arean.

        — «Zuzenak, berriz, zer? zertan eta nola daiteke adiskideei on egiteko eta etsaiei gaitz egiteko indartsuen?

        — «Alde ala aurka gudukatzen, nik uste.

        — «Ala biz: eri ez dauntzanentzat, ordea, alperrikako da sendagilea, Polemark laztana.

        — «Egiazki.

        — «Ta itsasoan ez dabiltzanentzako lemazaina.

        — «Baita.

        — «Gudukatzen ez diardunentzat, alperrikako litzake zuzena, arrezkero.

        — «Ontan ez nauzu gogaide erabat.

        — «Bake-aldian berebat onuragarri ote da, ba zuzenbidea?

        — «Bai, noski, onuragarri.

        — «Ta nekazaritza, bai ala ez?

        — «Baita.

        — «Igaliak biltzeko ote?

        — «Baiki.

        — «Ta oskigintza?

        — «Baita ere.

        — «Oinetakoak egiteko esango duzu, nik uste.

        — «Ain zuzen.

        — «Arrezkero, zer ote? zuzenbidea bake-aldian, zeren bearreko edo irabazirako onuragarri dala esan dezakezu?

        — «Egiunetarako, Sokrate.

        — «Gizarte egiunetarako diozu, ala bestetarako

        — «Gizarte egiunetarako, noski.

        — «Zotz-iokuan, ordea, zotz ezarteko nor dugu lagunik onena ta onuragarriena, iokulari ona ala gizon zuzena?

        — «Iokulari ona, noski.

        — «Adrilu ta arri-ezarten argina baino onuragarriago eta lagun obea ote zuzena?

        — «Inola ere ez.

        — «Alabaina, nolako baltzuan ote, argina ta kitara-iotzailea baino lagun obea zuzena, kitara-iotzailea, zuzena baino obea danez kitara ioteko?

        — «Zilar-arazoetan, nik uste.

        — «Zaldi bat sal-erosteko zilarra erabili bear dezagunean ez, besteetan, ausaz, Polemark: onelakoetan zamaldun bat, nik uste. Ez ote?

        — «Ala bide da.

        — «Ta itsas-ontzi bat sal-erosi dadinean, ontzigile naiz lemazain bat ez ote?

        — «Antza.

        — «Zilar zuria edo urre gorria eskuarki erabiltzean, noiz dateke onuragarriago zuzena osterontzekoak baino?

        — «Inorenean ezarri ta zaitu bear dezanean, alegia.

        — «Ezertarako erabili bear ez dezanean, egonean egon bear dezanean, alegia.

        — «Ain zuzen.

        — «Zilarra ezertarako ez dadinean, zilarrari buruz zuzenbidea onuragarrien ote?

        — «Baditeke.

        — «Zuzenbidea baltzuan naiz bakarrean onuragarrien daite, ihite bat zaitu bear dezanean: erabili bear dezanean, ordea, mahastizaingoa ote?

        — «Agerian dago.

        — «Erredola ta lira bat erabili bage zaitu bear dezanean, zuzenbidea onuragarrien dala esan bide duzu, ta erabil bear ba'ditzat, berriz, gudaritza ta ereslaritza, alegia.

        — «Ala bear, noski.

        — «Bestelakoetan ere, beraz, gauza bakoitzaren erabileran alperrikako dugu zuzenbidea, ta erabil bear ez ditzagunean, onuragarrien: ez ote?

        — «Baditeke.

        — «Ezereztzat edo ezer gutxian dukegu zuzenbidea arrezkero, adiskide laztana, ezertarako ez dadinean, baitugu onuragarri. Besteletara, ordea, aztertu dezagun. Burrukan edo ukabil ketan ukaldirik ederrenak emateko mutilen dana, ez ote egokien eta eskurakoien bere burua begiratzeko ere?

        — «Bai noski.

        — «Ta bere burua erietatik alde begiratzeko egoki dana, ez ote litzake egokien iñori ixilean sorterazteko?

        — «Ala deritzat.

        — «Areago dana: gudu-zelai zaitzale ona ez ote, arerioen egitamu ta bestelako ariketak laguntzeko ona dana

        — «Bai, noski.

        — «Beraz, zer-edo zeren zain ona dana, zer orretxen lapur ona duzu.

        — «Orrela dirudi.

        — «Diru-zai ona zuzena ba'litz, lapur esku-kako ere bera litzake, arrezkero.

        — «Egibide orrek orixe erakusten du beintzat.

        — «Zuzena, bada, lapurra bide da ta ori Omer'ek-edo irakatsi dizu, antza; ark, ba, Autolika, Odiseu'ren amaren aldeko aitona agitz laztan dularik, artaz auxe baitio, gizon guziak baino gailenago zala lapurretan eta zin-autsietan. Omer'en, Simonida'ren eta zure esanez, lapurreta besterik ez da zuzenbidea, beraz, adiskideen onerako ta etsaien gaitzerako, alegia. Ez al zenun orixe esaten?

        — «Ez, ala Tzeu, iardetsi zun; nik neronek ere, eztakit, ordea, zer esan dudan, onezkero. Oraindik ere, auxe uste dizut, ordea, adiskideei on eginaz laguntzeko ta etsaiei gaitz egiteko dala zuzenbidea.

        — «Adiskideak eta bereonela etsaiak aipatzean, ordea, norberari on diruditenak, ala ez iduri izan arren, on diranak, izan ere, aipatzen al dituzu?

        — «Norberak ontzat ditunak laztandu ta gaiztotzat ditunak gorrotatzea bidezko da, noski.

        — «Ortan, ordea, ez al dute uts egiten gizonek, on eztiran asko ontzat ditutela ta bestetara?

        — «Bai, uts egiten dute.

        — «Oiek, beraz, onak etsai, ta gaiztoak adiskide lituzke.

        — «Ain zuzen.

        — «Alabaina, gaiztoei lagun egitea ta onei gaitz egitea zuzen gertarazi litzaieke orrelakoei.

        — «Agerian dago.

        — «Onak, ordea, zuzenak dira, ta zuzenbagekeririk egiteko ez dira gai: ez ote?

        — «Egiazki.

        — «Zure esanaren arauz, berriz, zuzenbagekeririk egin eztutenei gaitz egitea zuzen eta bide litzake.

        — «Inola ere ez, Sokrate; itz ori gaizto deritzat.

        — «Zuzenbageei gaitz egitea ta zindoei on egitea zuzen ote?

        — «Au ederragotzat dut, hura baino.

        — «Gizonei buruz uts egiten duten askorentzat, ordea, adiskideei gaitz egitea zuzen da, antza, gaiztotzat baitituzte, ta etsaie on egitea bidezko, on baitira; Simonida'k esana, berriz, bestetara aditzen dugu, arrezkero.

        — «Orrela da, noski baino, noskiago: itza, ordea, bestera dezagun ongi ipintearren. Adiskide ta etsai nortzu diran zuzen ezarri eztugulakoan bainago.

        — «Nola ezarri dugu, ba, Polemark?

        — «On buru egiten duna, adiskidetzat artu dugu

        — «Orain, berriz, nola bestelakotuko al dugu?

        — «Iduriz ta izanez on dana adiskidetzat artu, ta iduri bai, izan, ordea, on eztana, iduriz adiskide dugu, noski, izan ordea, ez; ta beste onenbeste etsaiei buruz.

        — «Baiezpen ontaz ona date adiskide, ta gaiztoa, etsai, antza.

        — «Baiki.

        — «Zuzenari buruz aurrenik esanari, auxe eratxikitzeko agintzen diguzu arean, adiskideei on egiten eta etsaiei gaitz egiten zetzala zuzenbidea esan baitugu; orain, ordea, orrez gain, on dan adiskideari on egitea ta gaizto dan etsaiari gaitz egitea dala diogu.

        — «Ain zuzen: onetara esatea eder deritzat.

        — «Gizon zuzenarena ote inori gaitz egitea, dana dala?

        — Bai, noski, gaizto ta etsaiei gaitz egin bear dakie.

        — «Zaldiei gaitz egin ezkero, obe ala makurrago egiten ote dira?

        — «Makurrago.

        — «Zakur ala zaldi-adoreari buruz makurrago ote?

        — «Zaldi-adoreari buruz.

        — «Era berean, zakurrei gaitz egin ezkero, zakur-adoreari buruz makurrago gertarazten dira, ez, ordea, zaldi-adoreari buruz: ez ote?

        — «Alabearrez.

        — «Gizonei gaitz egin ezkero, beraz, ez al lirake gaiztoago gertatuko giza-adoreari buruz?

        — «Erabat.

        — «Zuzenbidea, ordea, ez al da adorea?

        — «Noraezean.

        — «Gaitz egiten dakien gizonak, beraz, noraezean, makurrago ta zuzenbageago gertako lirake, adiskide.

        — «Orrela dirudi.

        — «Eresiz ereslariek gizonak ereskaitzago egin al ditzakete?

        — «Ezinkizun litzake.

        — «Zaldi-ariketaz zaldunek inor zaldiz ibilteko antzebageago egin al dezakete?

        — «Ezta.

        — «Alabaina, zuzenbidez zuzenak zuzenbage ote? edota, labur esaterako, onak onoimenez gaizto ote

        «Ezinkizun liteke.

        — «Beroak ezpaitu ezer otz egiten, alderantzikoak baizik.

        — «Orrela da, noski.

        — «Ezta legortasunak ere, ezpaitu ezer busti egiten, alderantziz, baizik.

        — «Baiki.

        — «Ezta onarena ere ez da gaitz egitea, alderantzikoarena, baizik.

        — «Argi ta garbi ageri da.

        — «Zuzena on ote da?

        — «Erabat, noski baino noskiago.

        — «Beraz, ez da zuzenarena gaitz egitea, ez adiskideari, ez beste inori, alderantzikoarena baizik, ots, zuzenbagearena, Polemark.

        — «Egia diozula deritzat, erabat, Sokrate.

        — «Bakoitzari zor dakiona itzul egitea zuzenbidea dala urliak esan ba'leza, ta ontara adierazi, ots, etsaiei gaitz egin bear diela gizon zuzenak eta adiskideei on egin bear diela, orre lakorik esan zuna, ez litzake iakintsu izango, egirik ezpaitzun esan; gaitz egiten ezpaitakigu agertzen zuzena, inola ez.

        — «Bat natorkizu, esan zun.

        — «Arrezkero, zu ta biok batera ekingo genioke burrukan, naiz Simonida'k, naiz Bianta'k, naiz Pitak'ek, naiz beste gizon iakintsu ta zorioneko batek esana dala baietsi ba'leza norbaitek.

        — «Ni, beintzat, gertu nauzu, gudu ortan zure lagun iza, teko.

        — «Adiskideei on egiten eta etsaiei gaitz egiten datzala zuzenbidea, ba al dakizu, ordea, nork esana' dun ori, nere iritzian?

        — «Nork?

        — «Ori Periander'ena, edo, Perdika'rena, edo, Xerxa'rena, edo, Zeb'ko Ismenia'rena, edo, orrelako norbaitena dala deritzat, bere burua ahal aundikotzat zeukan gizon aberats okituren batena, alegia.

        — «Egi-egia diozu. (Politeia, I, 331 c - 336, a).

        Ikusi duzuenez, bateko badakiala, besteko eztakiala, laguna darda gainean erabili du Sokrate'k.

        Ori dala-ta, alderdi askotara zegoen errian gaizki ikusia. Diranak esatea ezer ez litzake: eztiranak! Erri baten oinarriak berak aztertzen ari danak, nekez aienatu al izango du gaizki ikusiren bat: erria bera azpikoz gora itzuli nairik ari ote danentz pekoa, nonbait.

        Bazegon aizea ta ustea bazterretan!

        Alare, Sokrate, zazpisuete bat eginda, erriaren uberan sartuta bizi al izan zan amaikatxo urte aunditan. Orrelakorik! Beren naikariak bazter utzirik, iker eta ikus ari zitun adin guzietako gazteak, naiz mutil, naiz etxeko-seme: eta baitik bat, Atenai'ko gazterik bikainenak, azkarrenak eta andikienak. Alkibiade, Kritia, Platon eta Karmide aideak, esate baterako: gazte batek ezpaitu aski ahal, aski esku, zerbait aundiren buruan iraulteko. Areago oraindik: bear gorrian eta urri bizian lur-iota ari zan itzontzi orrek bazun sarbide zabalik, Perikel agintariaren inguruetan ibilteko ere. Zenbait iaun eta iauntxo zitun baranoan bere adi: inork etzion esaten, nora edo ara aldendu zakit. Ortik auxe atera dezakezu: Atenai ederrean, gizakume aipatuenek arrokeria ta itxura-naiak alde batera iaurtita, gizon bizkorren ateraldi ta zirto ederrak aintzat artzen zituzten, benetan.

        Erritar xumeek, ordea, etzuten aien begietatik argia ikusten, damurik. Goianengotik eginda zegon aldarte oneko gizon parregarriren bat bezela zeukaten Sokrate. Ernerik eta gogorrik Sokrate begi gorria, larru-ximur, lepo ta zango lodi, ortz-luze, ezur-aundi hura, goizetik gaueraino ara ta ona ari zala baitzekusten uriburuan barrena. Gaur-biarretan eta uda-neguan soineko zarpil bera erabilki, oinutsik, arlote aundi bat iduri, edota, ero baten antzera, noiz aserre, noiz eztiki, noiz irriz. Axaletik ikusten baitzun erri xeak. Amorruz aparra zeritela ta aserretan irakiten eginda, io goiak eta io beak, eta begiak ere su ari ziran aren zenbait etsai minduek ere orrelaxe ikusten zuten.

        Erritarron usteok gorabera, eten bage ari zan. Onbera ezagutu ta erazagutu nairik, iakiteak atzeman ezin dezaken ezer onik ezpaita, aren iritziz! —Medén éstin ágazón ó otík epis téme periéjei—; iakite zeatza, ordea, lanaren lanez egiari dagokion erabateko iakitea, alegia: «bat eta bera edonon, oro ta oso, edozeri buruz, edozer zear edozeinen gain bat erabat» —Taútón pantajoú eídos fon kai ygiés, én katá pánton. diá pánton, épi pasi, kaz ólou—. ONBERAK, adibidez, orixe bear luke izan, eta orixe da, noski. Eiztariak bere eiza bilatu, aurkitu ta begiz galdu ez oi dun antzera, guk ere, burutzen ditugun besterekiko, naiz inoizko ta inongo on aldagarri zear, Onbera ori idoro ta begiz begi ukan bear dugu.

        Zer dan eztakidana, ordea, nola iakin dezaket nolakoa dan? Demagun: Menon ezagutzen eztunak, ezta nor danik ere eztakienak, eder, aberats, ta aitorseme danentz iakin ote dezake? Arrezkero, auxe baietsi dezakegu: arpegiz arpegi norbait ezagutzen dugunez, alakoxeak lirake Onbera, Zuzena ta Ederra ezagutzea. Aristotel'ek, ordea, auxe eratxikitzen du gertarien ezaguera argia irixteko bidea baizik ez oi zula Sokrate'k erabateko muga-bila ibilte ori.

        Egunean eguneango iardunetik Sokrate'k atera zitun bururakizun argi ta zeatzak nola ekarri zitzaketen Platon'en bururakizun zerak? Bururakizunok nola zertu ta nortu zitzaken Platon'ek? Bitxia, benetan! Uitziarrak ordea, ez izan gu, asmatzeko.

        Platon'ek, iakintzale zurrian, Sokrate'ren begietatik ikusten zun egiaren argia.

        Areago oraindik: aren itzak eta erakutsiak osoki ta gozoki aditu zitun ezkero, erligio edo iaurespideari buruz eragin aundiagorik somatu zun bere baitan eta gogoan.

        Elea'ko irakasleek sortzezko edo berezko erlijioaren berri irakatsi zioten Platon'i: Sokrate'k berriz, erlijio orri dagokion noraezeko morala edo zilegigoa. Iaurespide orrek eskatzen ditun ibilbide ta eginbideak argi ta garbi ezagun zitun Sokrate'k, sinisbagekoen artean lenen-lenengoz, ain zuzen ere. Ezagun eta zeatz-meatz adierazi.

        Aren bitartez, Onberaren berri Parmenide'k iakin-erazi zion Platon'i, iakitunen auzi-mauzietan ari dan adimenaren asegarri; Sokrate'k bakarrik irakatsi zion, ordea, gogo-betegarri dan benetako iainko-zaletasun egina, baita itxarobide pozgarria ere eriotzaldian irakasle bikainari atsegingarri gerta zitzaion itxarobide zabala, alegia. Arbasoengandiko irakatsiei eutsirik, eta inguruan zituru sineskizun ugari ta ñabarrak aztertuz auxe ikusi zun bere buruaren onerako: beraren ardura zeukan norbait bazala, izan ere, guzi-altsu, adimen-uts ta onbera. Bizitza-arte guziko irurogei ta amar urtetan, ikusterrean zitunak oro aztertuz, ikus-ezin orren dirdira beregana zun, eta arazo ta iardun osoak eta bere egikizun guziak asmo orretara zuzentzen zitun bere barruan: asko iakiteko baino ondo bizitzeko gogo biziago izan zun, arrezkero. Sion'go igarlearen antzeratsu, Atenai'ko iakintzaleak ere esan zezakean: «Iainko bizkor biziaz egarri dut gogoa». «Sitivit anima mea ad Deum fortem vivum». Sion'en ezagun zuten Iainko biziaz egarri zan Sokrate zin et minez. Auxe, beinik bein, egia: uts-ezineko agintea bere dun iaurespideak bear luken gaindegia erakutsi zun Sokrate'k eraspenez, eta argi ta garbi ezpada ere, azpiz ta zear-bidez sineste orri itsatsi zitzaion. Egin-eginean ere, bere saria iaso zun, edenak ez-ari ezarian auldua eta gelgetua zegoalarik, iltera zioela ezagutu zunean. Gizabegiek ikusi ezin dezaketen aldeetan barna ioateko gerturik dago, arrezkero.

        Aldez aurretik ikusten zun ikuskizuna ain gogo betegarri izanik, zer dala-ta, bere burua iltea ez izan zilegi ta guren? Iainkoen ogasun baikera, iainkoen iopu baikera, sen aundiz barruak agintzen zionez. Zor etzaion biziaren iaun eta iabe egiteko eskubiderik eztu iopuak, beraz, bere burua ilteko eskubiderik eztu iopuak.

        Etzula zer bildur izan, adierazi-ta gero, ikasleak aurrera deitu ta aolku asko egin zizkien eta alkar bizkortu zuten, etsaien erasoei arpegi emateko. Sendo ta zindo irauteko eskuarte guziak erabilli zitun uste osoan, bere buruaren eta adiskideen naigabe aringarri. Orrelakorik inoiz etzuten ikusia Elade'n, eta ustez uste bageko erio zindo ark Atenai'ko ele-ederra areago edertu egin zun, bide berriak urratuz; ziegan ilteko gerturik dagon Sokrate, ots.

        Aldez aurrera, kistarren antzera ilteko gerturik dagon Sokrate arri ta zur eginda amaikatxok eta amaikatxok ikusi dute, arrezkero, bere asmoen alde bizia ematearren, ziegan edan zu nean, Platon'ek dionez. Sokrate'ren antzera, kistar gizurenek ain estualdi larrian beren buruak ikusirik, etsai gaizto zitalek nondiknai erasoten zietela, narerik eta gogo argiz iraun zuten: idizilez zeatu, garra zerioten burnizko eltze gorietan txigortu, mingaina ebaki, burua larrutu, oin-eskuetako beatzak moztu, edo beste onelako zipert ikusi eragiten zienean, ordea, bazuten pozgarri oberik, beren sinestea, alegia, ta Sokrate'k baino azkarririk geiago, noski. Antxinako sinesgabeen artean, Elade'n batez ere, bazekiten il arteraino zintzo ta kirmen irauten. Sokrate'ren garai arte, ordea nor bere erriarenganako, bere etxearenganako ta adiskidearenganako zintzo ta kirmen izaten bazekiten, eta il bearrekotan ilten ere. Ori ezin ukatu, gauza iakina da-ta. Begiz ikusi ezin diteken zerbait edo norbaitenganako zintzo ta kirmen il arte irauten Sokrate'k ez beste inork etzun iakin. Edonork gogoko izan zezaken legearen babesera iotea, bere burua eriotzatik begiratzeko: orrelakorik ez egiteko kemena ta indarra izan zitun Sokrate'k. Inor baino bere buruaren iabeago bizi izan zan ark muga egokia ezarri zion bere biziari.

        Bestalde, bere esanetan uste aundirik etzun. Ez-iakinarena eginaz galdeka ari zanean ere, berebiziko ioerari edo ariurriari amor-ematearren ez zan ari izaten, egiaren egiztabidea zulako baizik. Beste norbait bere esanetara ekarria izan zitekenik etzun uste erabat: orrela, gainera, inoren erantzukizunik bere gain eta bere lepora bearrik etzun: orren kexkaz artega ta urduri ari baitzan beti. Areago oraindik norberaren uste ta bulkoak itzen bidez inoren gogoan erein ote zitezken bildur zan: itz soilen ahala orrenbesterainokoa zanentz bien-arteko ta zalantzan zegon. Aren iritziz, nork bere usteak ezin ditu inorengan aldatu zeatz ta meatz: inoren baitan lotan dauntzan ustekizunak iratzarri besterik ezin dezakegu egin; edota, bizitara ekarri, besterik ez. Ori egitekoan ere, amaika barru urratu bearrak izango dira, noski.

        Egia bera ezpaitugu adimen soilez atzematen, soin-burmuin-gogo osoz baizik. Ori dalata, ontan iraun zun Sokrate'k azkeneraino: egia esateko, aren biziko iardunean irakasle-ikaslerik ez zan izan, bestela-baitakoan, alegiaz deus ez, ari izan zan.

        Goitikako mintzo hura ere, asmatu omen zun iainko berri hura ere, nolarebait adieraz ditezke, aren gogoa ezagun ezkero. Inori iseka egitearren etzun asmatu ori, urliak balizkatu dunez, korapilo asmatu-ezinik ere eztago ortan. Auzi aundi-txikietan bere buruarengan uste aundirik eztunari errex gerta zaioke berez ta alabearrez. Baitik bat une larri batean bein betiko erabaki aundiren bat artu bearrean egokitu ezkero. Orrelako gertarietan alako gizakumea, gauzak dakarrena egiteko, uzkur lotu oi da, ta edonon eta edonoiz, iainkoaren arreta ikustera etzana ba'litz, une larri artan aingeru iagoleak andi-andirik zaituko bai luken ikusiko luke. Gauzak dakarrena, beraz, oi ez bezelakotzat artu zun.

        Ao batean bi mingaineko-edo baitzan bi etsai-taldeen aurka iardoki bear izan zun. Iakitun-leinuarentzako min-bizi, izurrite ta idi-zila izan-arren, iakitun edo sofistok gorrotatzen zitutenek gorroto zuten berebat. Atenai'ko zar eta zar-zaleon ordezkari zan onetan Aristofane parre-eragile zorrotza: zar-zaleok ikulu bateko txalak edo orra bateko opilak baitzenitun; Aristofane'k ere bazekin bai beren eltzeari gatz ematen!... Oien iritzian, zoro batek amar zintzo gaiztotu zitzaken; amar zintzo, ordea, etziran asko bat-hura ontzeko. Egun eta ordu oro, ezerk galerazi bage, aspaldidanik ontzat artutako egiak aztertzen ari baitzan Sokrate, egiaren agiria ikusi nairik, bere ezagueraz goragoko gauzak iakin naiez ari zala uste zuten, eta askotan lotsaren lotsaz gorri-gorri eginda uzten zitulako, begiko zikina baine ezin ikusiago zuten: baizik-eta, kalte aundia egiten omen zun Sokrate'k gazteen gogoetan.

        Esku-artean zerabilan iardunean, gaizpiderik etzutela beren semeek, Apologia'n gurasoei adierazten dienean, auzitegian bertan eta beste amaikatxo alkar-izketetan, Platon'ek dakarrenez, bazun alako kako-makorik ugari, egia esateko. Saiatzen da edolarik, bere burua xuritzen: bear ez bezalako itzik eta erausi alperrik eztu esaten, baina, onenbeste estu-larrien erdian, berenezke gogokk darama biziro batzuen edo besteen alde iartera: egibiderik makurrena zuzenen egitea gogoko zitzaiola uste izan bide duzu, edota, eztala uzkur ori egiteko; eta irtenbide oker eta gezur zuri alperrok sasi-iakitun batentzako egokiakoak lirakela deritzakezu, antza.

        Atenai'ko gazte zindoak bide onetik okerrera eramaten iakinaren gainean ekin ziola salatzen zutenek, egirik etzuten esaten noski. Gazteok laztan zitun benetan, eta aien gogo zuzena egiaz aitor zun eta aien lagunarte gozo ederrari toki eman zion: beraren eskura uzten zituten beren buru-biotzak on-bidera eraman nai zitun. Orretarako, ordea, beren gogoerara ibil-bearra zuten, nork bere buruaren ardura artu bear zun: orixe opa ta orixe egiten zun. Menon, Pol, Karmida ta gainerontzekoak beren buruan ardura izaten leiarazi nai zitun: beren baitan, beren barruan zeuzkaten bazter berri ta zabalak ezagun eta maite izaten eragiten zien. Orixe bear zuten aien ekinik bizkorrena: agiriko gauzak erdeinatu, ikuskizunik etzeukaten inoren esan-eginetan ez sartu, ta nock bere burua ezi ta azi: ortxe duzu azibidearen oinarririk eta arlorik nagusiena. Nork bere burua ezautze orrek zer onik ekarri ezpadeza, ordea, galgarri-galgarri gertaraziko litzake, ta bakoitzari gogoak agintzen diona egiteke, zan baino gaiztoago bilakatuko da.

        Dana dala, bere eskumenean eta bere babesean zitun aietakorik askok, etzuten burutu al izan norberaren oberena, damurik. Sokrate'k on-bearrez esan eta ikasle zenbaitek gaizki artu; ta egia da, izan ere, nork berea baino makurragorik eztala, txarrera ezkero. Sokrate'k lagunduko zien. Zereko lagundu! Putza egingo zun, hura ere eztakit. Etorri egin bear hura ere, egingo ba'da. Arrezkero, ikasle zenbait biurriagotu egin ziran, obe bearrean, eta txarretik txarragora io zuten, inoren itzalik onartu nai bage: ta Sokrate etzegonean, bat-edo-batek zeukan egualdi gorria

        Itza bestera dezadan. Sokrate'ren eriotza larrian, bi eskubide buruz-buru imakikan azaldu ziran. Aldez, aspaldidaniko iardunbide oarkabea, ta ez-iakina, geienek onartzen zuten agin tarien iardunbide itzalgarria; bestaldez, barruak agintzen zion iakin-naia. Aren gora ta izen ederra zala-ta, zarraren zarrez ilten utzi izan ba'lute agintariok, obe, benetan. Irurogei erteetako agure zarra baitzan, zenbat urtetxo geiago bizi al izango zan, bururen buru. «Atenai'tarrok: iakitun bat, Sokrate il-erazi duzuela iaukiko dizute. Atenai uriburua beztu nai dutenean bidean iarririk, eta izen itsusia irabazten duzue. Ez naizen-arren, iakintsu bat nintzala esango dute, gutxi-etsi ta iorratu nai izango zaitutenek. Apur bat itxoin izan ba'zenezate, berez gertatuko litzake gerta-bearra: naizen au nola nagon badakuzue, urteetan aurre ratua eta eriotzaren urren bainago» (Apologia, 38).

        Auzian zer gertatuko an egon zan Platon; andik alde egina omen zan, ordea, ziegan edena edan zunean Sokrate'k. «Fedon» deritzan alkar-izketan Tzebe'k dionez, eriz ezinean gerta omen zan. Aren aoz, edo, beste ikasleren baten esanez ikasi bide zun irakaslearen azken-uneetako berri: belarriak erne edukirik, esan-eginen aipamen zeatzena idatzi bide zun.

        Il bear zun ara ioan bitartean, alkietan eserita zeudenekin iardun omen zun Sokrate'k. Ziegan zegolarik, ordea, barneko kexkak eraginda, atzerabide bitxia gogora zitzaion. Delo'ko Apol'engana urtero ordezkariak eroaten zitun itxasontzia ez zan oraindik Atenai'ratu, ta itxasontzi ori etorri arteko aldia ezin ziteken zikindu gaizkin baten eriotzez. Tarte ori alik eta oberenik bete zun Sokrate'k, oi zitun alkar-izketaz, une larri artako anditasunak eraginda ta inolako gogorrik egin bage. «Auzitegitik ez urruti zegon ziega, ta an itxoiten genun, gure irakaslea ikustea uzten ziguteneraino. Oi baino goizago bildu ginan goiz batean, Delo'tik itxasontzia itzulia zanaren berri entzun baikenun aurreguneko arratsaldez. Atezaia atera zan, eta dei egin arte itxoiteko esan zigun, Sokrate'ri bilurrak kendu ta egun il bear dula iakin-erazten ari baitira Amaikek.»

        Sokrate'k baranoan zitunak gazte-gazteak omen ziran, eta aienganako ezin esan-alako errukiz, onez ta eztiz aditzen omen zien, gogoaren ez-ilkortasunarengaz ari zuten eztabaida bizi bizia. Bere buruaren on-bearrez baino areago aien on-bearrez tartetu omen zan. Bazeukan zer aterea, sineskizun ori barne-muinetan iosi-iosi eginga zun-eta. Auzitegian auxe esana zeukan: iakinkizun orri buruz argibide zeatzik etzula erakutsi, alegia. Ezertan inor baino iakintsuago izatekotan, ontan omen zan, ain zuzen: Ade'ko berririk bear ainbestean ez izanik, iakinarena ez omen zun egiten. Azken-uneetan, ordea, iltzear zanean, besterik esaten die adiskide minei, uste ortan tinkaturik baitzegon aspaldidanik. Pitagora'ren esanetara makurturik, armoni utsa omen da gogoa, ta berebiziko armoni ori ez omen da gelditzen eta atertzen; naiz ta maniura ta xirribita autsi, aien armoni ta ots alkartua eten ez oi dan antzera-edo; argi-ontzia lurrera eroriarren, arako gar ori ezpaita itzali oi. Orrelako egibideak ezarten ditu Sokrate'k il baino lentxeago. Benetako argibideak ote dira oiek?

        Egibiderik bage, egi-antzez ta berezko egokitasunez etorri omen zitzaion egia ori Sokrate'ri. Arrezkero giza-gogoaren ezilkortasuna egiaz ta argiaz erakutsi zigun Kristo'k. Erakutsi au bage, Sokrate'ren naiz beste gizon utsen argibideak motelak izango lirake, naiz ta besterik uste izan Eskoto iakintzaleak. Ori bai, ez-ilkortasuna Kristo'k erakutsi zigun ezkero, adimen utsez argibideak ipiniz eta agerbideak erakutsiz, orren egia ezagutu dezakegu, nolarebait.

        Sokrate il zanean, ogei ta zortzi urte zitun Platon'ek ortxe-antxe. Gazte aberatsa zan, eta doai iaukalez edertua ta iantzia zun burua. Sokrate'k esan-eginak bear zun onera zuzendu zuten aren gogo naro, oparo, ta ioria: orri esker, inongo idazlerik andiena bilakatu zan. Alde ederrik bazuten Sokrate'k eta Platon'ek: irakaslea zakar eta takarra zan, irudigile zanean, beraren lantegian utzitako irudi landu bage arakoa gogorazten digu. Elade'ko eredurik ederrenaren lilura berarengan markesturik eta urraturik begitantzen zaigu. Garai artako eladetarren barruko gaitzak azalera ateratzen mutila zan. Sokrate neurri. Platon ibili iardunago ta indarrago bera. Orduko iakitun eta iakintzalean irabazpide errezak zapuztuz, ta pikea baino moskorrago iarten zuten txaloak gutxi-etsiz ta erdeinatuz, bakartarren bideari ekin zion xalo ta bakun: ainitz baitira deituak, gutxi, ordea, aukeratuak; orixe duzu Platon'ek erakutsiaren giarra ta muina. «Politeia» irakurri dutenek auxe badakite: nork bere burua eskuratzeko amaikatxo agindu asmatu zitun Platon'ek: abeslari-talde bateri on egin nai dion abeslariak, bere burua ezi egin bear du, ta gizarte ta gizadi osoari on egitearren bere burua ukatu egin zun Platon'ek: beragan zeukan ederrena ta bikainena, ta gara betean ukan ere, irakaslearekin bat-bat egiten du; alkar iosita egongo dira bion bideak, arrezkero; eta mingainaren ertz-samarrean Platon erabilten dugunean. Platon'ek dakarren Sokrate izaten dugu burutan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.