Itz Lauz
Efeso'ko anderaurena
Petronio
euskaratzailea
Arrutza eta Egia'tar Mikel
Bere garbitasuna zala ta, entzute andia zuen emazteki andiki bat bizi omen zan beiñola, Efeso'n. Atzerrietako emakume asko Efesoratzen ziran bera ezagutu naiez, eta baita, garbitasunarekiko zuen-ospea egiazkoa zanentz egiztatzeko ere. Halako baten, galdu egin zuen senarra, alargundu zan, eta uri haretako emazteki alargunek oitura zuten bezala, adatsa askatuz eta lagunen aitzinean bular billuziari ukabilka egiñaz, senar zenduaren ahoku-lagun, minduri joan zan. Etzan baiña horretan gelditu emazteki hura, hori baiño geiago egin nai ukhan zuen (edozeiñek egiten baitzuen hori). Senarraren gorpuari ilobiraño lagunduz gaiñera, illobian bertan sartu, ta gau ta egun negar-zotinka ekin zion zenduaren ondoan (erostari antzo), ez jaterako eta ez edaterako handik nihora atera gabe. Egin-ahalak egin zituzten etxekoek emakume hura senarraren illobitik ateratzeko; goseak eta biotz samintasunak il zorira ekarriko zuten leku ilun haretatik itoitzeko, ilki arazteko; baiña etzuten deus ere lortu. Agintariak berak ere, abañatu zitzaizkion leku hura utzi zezan eskatuz, eta etxeratu zedin otoiztuz; baiña denak uko egin zuten azkenean alargun gaztearen ezetza entzuteaz, eta benetan errukitu ziran berarekin, illobi barnean bost egun luze-luzetan ezer jan eta edan gabe ikusirik. Denak erraiten zuten ao batez: Hori da emakumearen aratza!. Benetan maite zuen gero horrek bere senar zendua!. Bizia bera ere galduko du emazteki zintzo horrek bere senarraren eriotza dala ta. Etzegoan baiña illobi barne hartan bera bakarrik, ez; bazuen illobikide bat; bere atsekabe ta erostaen zatikide zan-mirabe zintzoa; hunek iziotzen zuen illobiko argia itzaltzen zan-bakoitzean, eta bere andereari lagun egiten zion zintzoki.
Etzan egun haietan Efeso'n beste izketa gairik entzuten, eta denak ikusten zuten andera hura benetan garbia ta aratza zala, ta bere senarraren maitetasuna ederki gordeten zuena, orrela guztieri jarraibide zuzena erakutsiz. Egun haietan, erriko agintarien aginduz, ohoin batzu gurutzetan josita erhain zituzten, eta egin-egiñean ere gurutze haiek, alarguna negar-zotinka zeragoion lekuari abaño-abaño jarri zituzten. Ohoinak gurutzetu ta urrengo gaubean edo, han zebilen agintarien ordezko gudari bat, gorpuak zaintzen, adiskide edo senideren batzuk gorpuok gurutzetatik jeitsi eta obiratu etzitzaten. Gudari hurak, zaindari zebilela, argitxo bat ikusi zuen ilobi artean, eta baita negarrez ari zanaren baten zotiñak ederki entzun ere. Jakin naiak zirikatuta, urbildu zan gudari hori zotiñak zetozten alderdirantza, ta, ilobiak agiri ziran lekura eldu zanean, emakume eder bat ikusi zuen; ikusita beste gabe ikaratu egin zen guztiz, iratxoren baten aitzinean ote zegon edo. Baiña gero, zenduaren gorpua begiz jo zuenean, eta haren ondoan-zegoan-emakumearen negarrak eta zotiñak nabaitzean, ezur eta aragizko benetako emakume ederra zala oartu zan, eta bere senarraren eriotza eraman eziñez edo, negar zotinka ari zala. Bere afari ariña artu, ta illobiratu zan gudari gaztea, ta andera errukarriari emeki-emeki mintzatzen asi zitzaion. Bere senarrari buruz egiten zituan negarrak eta zotiñak alperrikakoak zirala erraiten zion, mundutar guztien bidea horixe dala, lenengo hemen, munduan bizi, ta gero, danok azken berdin-berdiña daramagula; itz betez esateko, norbaiti samintasunez jota dagonean erraiten zaion guztia. Etzion baiña gudariari emazteki samindu hurak ezertariko jaramonik egin, bere bular billuzia gero ta gogorrago joten zuen ukabilez; adatseko ille moltsoak eskukadaka atera, ta senar zenduaren gorpu gaiñera egozten zituan. Etzan gudaria baiña horregaitik aspertu; berriz eta berriz ekin zion lehenbiziko itz samur haren antzekoekin, eta gaiñera janaria eta edaria eskiñiz solasgarri agertu zitzaion, bere alperrikako samintasunak utzi zitzan eskatuz, eta zenduari baiño bere buruari ardura geiago artu ziezon aginduz.
Itz gozo hauiek mirabearen biotza guztiz irabazi zuten, eta arduaren usain gozoak eraginda edo, neskatilleak beintzat eskua luzatuz, jatekoa eskatu zion gudari gazteari: gero, jan edanarekin zerbait zuzpertuz, mirabea bera asi zitzaion bere andereari mintzoka. «Benetan andera, zer irabazten duzu hainbeste negar-zotin egitearekin?. Zure senarra erosta hoiekin berri biztuko dala bazeneki, ongi letorkez negarrok; baiña hemen ari zara hainbeste egunez eta gauez negar-zotinka eten gabean, ezer jan eta edan gabe, ta zure senar zendua hortxe dago geldi-geldi zirkiñik egiten eztuela. Zuk berriz oraindik bizia duzu munduan izan diteken bitxirik ederrena, ta bizitza hori zaintzea dagokizu lehenbizi; zure buruari begiratuz, beste aldameneko gauzak oro bertan behera utzi, senarraren eriotza bera ere, gauza hoiekin naste sarturik. Orain, jan eta edan egin bear duzu, eta munduko gauzetara biotza urbildu; ezin dizu zure senarraren gorpuak berak ere, beste gauzarik agindu».
Hainbeste eguneko barauez ebainduta aurkitzen zan aurkitu ere alargun gazte hura, eta gudariaren itzak nolabait biotzean ukutuz edo, bere mirabeak bezala berak ere, gogotsu jan eta edan zuen gizakume gazte haren afaritik
Bein sabela ongi betez gero, badakizute gorputza zertara etortzen dan usu. Bere bizia zaindu bear zuela ta, jan egin zuen, edan ere zertxobait; gero gudari gazteak berriz biotzera itz egin zion, eta biotz osoa makurtu zan mutil gaztearen aldera; biotza irabazi nai ukhan zion, eta beingo baten egin zan emakumearen biotzaren jaube. «Ezta ba, gazte hau, hain itsusia eta mukerra», erraiten zuen andereak gudariari begitartera maitekiro begiratuz, eta mirabeak itz hauien antzeko batzu erraiten zizkion bitartean: «Zuri atsegin zaizun maitetasun bateri sorgor egongo diozu ba?» «Zertarako itxaroten duzu geiago zure biotza gazte horreri eskiñi gabe?»
Erori zan azkenez emakumea gudari gaztearen sareetan, eta bere gosea itsungi ondoren, biotzaren aginduetara eta aragiaren hirritsietara ahalkegabeki makurtu zan.
Elkarrekin igazi zuten gau hura illobi barnean alargun gazteak eta gudariak, eta baita urrengo eta urrengo gabak ere, illobiko atea ongi itxita, lagun ezagunen bat etorri ezkero, emakume «aratz» hura bere senarraren illobian bertan il egin zala uste ukhan zezan. Gudaria, bertzalde, emazteki haren edertasunarekin erotua zegon, burua galdu zuen, eta al zituen gauzarik gozoenak erosi, ta gabaz illobira etorten zan.
Halan gertatu zan gero gertatu bearra. Gurutzean josita zegoan ohoin baten senideak, zaindariaren illobirako joan-etorriak ongi ikusita, beren senidearen gorpua gurutzetik jeitsi, eta oi zan bezala ilobiratu egin zuten. Gudariak urrengo egunez haretariko gurutze bat gorpurik gabe zegoala oarturik, eta gaiñera zetorkion zigorra susmatuz, alargunari erran zion zer gertatu zan, eta epaillearen ebatziari itxaro gabe, berak erhaingo zuela bere burua espataz. Ilda gero, bere gorpua artu, ta senarraren illobian bertan sartu zezala eskatzen zion alargunari; horretara, senarra ta maitekidea illobi baten egongo zirala betiko. Baiña alargunak gorputza garbia baldin bazuan garbiagoa zuan biotza ta, «eztedilla halakorik gertatu», erran omen zuen; «nik geien maite ukhan ditudan bi gizonak illobi baten sartuta ikustea», «naiago dut zendua gurutzetik behera eskegi, oraiño bizi dana iltzea baiño.»
Itz hauiek erranez, bere senarraren gorpua andatik atera, eta utsik gelditu zan gurutzetik behera eskegi zezala agindu zion gudariari.
Ongi iritzi zion hunek emakumearen azerikeriari; gaiñera horrekin bere burua gaizkatzen zuela ikusteri zuen, eta agindu bezala egin zuen. Urrengo egunean uriko lagunek, efesotarrek, zendua nola igon zitekean bera bakarrik gurutze baten gaiñera galdetzen omen zuten ikaratuta.
(1) Petronio zeritzan ipuinlaria, lehenbiziko gizaldian bizi omen zan. Erroma'ko andikien artekoa, eta Neron'en adiskide andia. Hunek bere adiskidetasuna ukatu zionean, Petronio'k bere burua erhain omen zuan.
|