L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Spinoza

 

Piarres Ithurralde

 

Nehor izan bada nehun eta nehoiz bere gisakorik, Spinoza izan da halakoa, bai jitez, bai gogoz. Ez da, egia erran, deusetarik berech egon: haren ahotik mintzatu dira odol judua eta hamazazpigarren mendea; bainan, odol ala mende, biak bere baithan beretu eta berritu zituen bere jeinu bereziari esker auzoen eta etxekoen asmu-erranak bere askan orhatu zituen bere lemamiaz, emaiten ziotela urthez-urthe gogo hainitzen inharrosteko edo bederen hunkitzeko indar miresgarri bat.

 

Lehen zathia

Nor zer zen ta zer egin duen

 

        «Baruch d'Espinoza» Amsterdam'eko seme zen, 1632-ko hazilaren 24-ean sortua. Aita-amak juduak zituen, Portugal'etik berrehun urthe hartan ihes igorri juduen odolekoak, Utrecht-eko batasunak Holandan onhartu hetarik.

        «Michel d'Espinoza»-ren haurra zen. Mixel hori hiruretan ezkondu baitzen, bigarren emazteak eman zion aiphu dugun muttikoa. Aita ez zen aberatsa, bainan hiriko juduek halere buruzagitzat zaukaten. Lombard deitu elgartasun bat bezerabilan intresik galde egin gabe onhartzen baitzuten judu beharduneri diru mailegatzea. Juduen hil-herrien artha ere Spinozatarren gain omen zagon.

        Ama ttipi-ttipitik galdurikan, Baruk gaixoak ez zuen etxean maina handirik ezagutu. Artha berezienak ukan zituzten hargatik bai etxekoek bai eraikitzailek, haren gogoa gain-gainetik argitu beharrez: iduri-eta muttiko hartarik norbait jalgi nahi zutela, ondoko urtheri buruz, beren odolaren omenetan. Hemezortzi urtheak gabe, hebreoari ohart-arazi zuten bai eta hebreozko liburu saindueri, erakuslek nahi baino urrunago ikhertzen ohi bazituen ere, eta bertze gogo batekin. Errabinen ikasketak ez dira zabal hedatzen; bethi eremu bertsuetan daude, xehekerietan gogoa xorroxtuz eta higatuz; eta gazte suhar eta jakin-gose bati ez diokete luzaz asetzekorik emaiten ahal.

        Nahiz, sal-erospena higuin izanez, errabin bilhakatzeko gogoa erakutsi zuen, Baruk laster aspertu zen, liburu sainduen argitzeko, erakaslek zerabiltzkioten xurruburru eta ez-deuskeriez. Sinhesteko arrazoin zabal eta azkarragoen ondotik bazabilan bil-ahalikako idazti zapar eta berriak eskuratzen zituen, ea jakintsun hil eta bizien erranek zer ekharriko zioten. Saül Morteira errabinak egin-arazi ziozkan Maimonide zenaren ezagutzak, baizik-eta horrek erakatsiko ziola nola adimenduak fedea argi dezaken; idazle horren ikhasle Abraham ibn Esras-en hitzetan, bakhar batzu bethikotz sartu zitzaizkon buru-muinean, halanola Jainkoari erraiten diolarik «guzitasun» edo «orokorra».

        Hemengoitirik gure gaztea nehun ez dagoke. Odolekoek atxiki nahi luketen zedarrietarik atheratzen da, jakitate guzi-guzieri naphur. Latina ikhasten du, orduko ikhaskizun gehienak ere beretzen, — hala-hulako girixtino batzuen erakaspen okher mintuak barne. Bertzeak bertze, Giordano Bruno italianoak barna hunkitu zuen, eta erretzeko hitz batzu sakatu ziozkan: Jainkoa «munduaren gogoa» zela edo «gogoen gogoa». Testamentu berria ere irakurtzen du, eta ahoan bilorik gabe aithortzen Jesus gizon baino gehiago dela eta gizonen salba-bidea. Denen gainerat, Descartes aurkhitzen du bere xendran: ikhusiko dugu zer hartuko dion gogoetatzale frantses horri, zer utziko, eta zertan zagon bihurtuko; bainan beharbada hari zor diozka bai hautatu bidea, bai bide hortan ibiltzeko lehen oldea.

        Horiek hola. Baruk urrun zagon segurki girixtinotzetik, bainan ez zitaken gehiago judutzat eman: ez zuen baitezpada fedea erdeinatzen: hori ez: sinhetsi nahi zuen harek ere, bainan bertzela eta zabalkiago — Jainkoa bera nahi zuen ekhendu eliza hertsi baten mugetarik, munduaren erdiko hexur eta bazter guzi-guzien bethagarri ezartzeko.

        Hainitz idazle daude, adimenduak zuenetz hortaratu, ala bihotzak. Guk bihotzaren gain ezar ginezake oroz lehen Spinoza'ren sinheste berria. Gizon minberak bizitzeko xede bat bilhatzen zuen, eta zeri edo nori bere burua eman, hartan itho eta urtu beharrikan ere. Ja! Israeldarren Jainko behaiztia ez zaio aski, ez eta filosofoen edo girixtinoena ere: izaite guziak oro hartan honda ditazken Jainko zabalago baten ametsak derabila egia oso eta denez-gaineko baten beharretan da, hari nahi bailiozke sakrifikatu bizi huntako zorion eta xede guziak, bethiere iraun behar lukeen dohatsutasun oso batean truk.

        Berak ziona: «Azkenean erabaki nuen behar nuela bilhatu, ea zerbait bazenetz egiazko ongi bat zenik, bertzeri eman zitakenik, eta arima, bertze edozoini ukho eginez, hari ber-bera lot zakiokenik; izaite bat hots, hartaz ohartuz eta jabetuz, bethiereko bozkario osoa ardiets diezakegunik.»

        Uko eta itxaro horien izaiten, zer edo zerk ez othe du lagundu? Jitez suhar eta khartsua zen. Askok erran izan dute, gorputz erpil eta mehaxka ukhana gatik, lerden eta kriket emaiten zuela, suzko behako bat begitarte zorrotz eta legun baten argitzale: bethe-aire eta on-aire gozo bat bertzalde, maitagarri hutsa ager-arazten zuena. Horrelako aldarteak nola ez ziozkan jaidura biziak phiztuko? Gizonaren jaidurak hain ederki aiphatuko baitzituen ondoko urthetan, ez da harritzeko, berak gogor egin behar bazioten ere. Adixkide zintzoa zen, eta adixkide zintzoak bazituen. Latin erakasle Van der Enden'en etxean, ukhan zukeen amodiozko aldixka zerbait: etxeko alabaz agradatu. Adimenduz ala bihotzez ez omen zen nor nahi delako emazteki maitea, bainan nehork ez daki xuxen zerikan ez ziren biak elgarrekin ezkondu. Bagaude, ororen buruan, gaztegi danik iasan uste gabeko elhorri zerbaitek ez zionetz Baruki baineko zauria gaizkondu, eta ez zenetz hortako bereko mundutik hain goizik berexi.

        Zauriaren gaineko pikoa: ahaide eta judukidek egin zioten gerla borthitza. Spinozak ez zuen gudua nahi ukhan neholaz ere gibelatu, ez eta ihes egin. Haren egitate, solas eta idaz-lanek laster eman zeeten erakusterat etsai baten hazten ari zirela beren artean. Gizon gaztea, ohiduraz eta seme gisa, aitaren urhatseri jarraikia zagon hinki-hanka; hargatik urhats horieri ez zeen kanore izpirik kausitzen: bazakien, egiak alde guzietarik gainditzen zuela arbasoen sinagoga gaixoa! Aita 1654-ean hil baitzizaion, berak 22 urthe zituela, — lokharriak hautsi zituen ondarra.

        Etxekoak asaldatu, adixkideak muthurtu, errabinak hasarre gorrian jarri Spinozak agur egin zeen bereri, eta (nehori zorrik ez ukaiteko) bere ontasun partea utzirik itzali zen herritik. Eskandala izigarria hedatu zen, ekhaitz-aize baten pare, judueria guzian. Ez aholku, ez mehatxu, deusen gupidarik ez zuten ukhan. Horiek gainerat, hobenduna hil beharrez ere ibili omen ziren buru bero zonbait.

        Azkenean «Zaharrek», 1656-eko uztailaren 27-an, eskumikatu zuten. Beharrik. Holandako legen arabera, ez ziren haizu sinagogatik hustuen hiltzea ez eta joitea. Halere ez zen jostetarik. Eskumikatuek haurride guzietarik urrun behar zuten bizi, izurridunak bezala. Baruk'en inguruan hutsa egin zen, huts osoa. Hiritik lekutu-eta, Ouderkerk'en doi-doia iraganik, Rijnsburg'erat jo zuen. Descartes bizi izan zen Endegeest herriari hurbil.

        Hor eman zituen hirur urthe eta bere «Liburu laburra» ontu. Lehenbizian gabezia haundia pairatu zuen, osasuna andeatu baitzitzaion. Begi-tresna antolatzaile eta margolari gisa hasten da halere, zerbaixka irabazten, goseak ez hiltzeko. Haren omena ari da bethi hedatzen, berak ez duelarik bada hauskorik erabiltzen. Adixkide berriak egiten ditu, batzu kordoka eta ilhaun, bertzeak azkar eta iraunkor. Jendea aldez lotsatzen zaio, aldez suhartzen. Baditu hurbil-hurbileko lagunak ere: Amsterdam'eko jaun auzaphez Jean Hudde, hiri bereko jaun osakin Jean Bouwmeester, La Haie-ko Abraham Cuffeler. Iragaile arrotz batzueri berak emaiten dee ostatu: Huygens aiphatua heldu zaio ikhustera, bai-eta William Van Blyenbergh, hau ez baitzen guti harritu ikhusiz jakintsun berriak ez zuela sinhesterik liburu sainduetan. Bertzalde Jean de Witt herriko nagusiak geriza ona emaiten zion. Zer diot «ona»? Ona baino hobea.

        Aita Siwek «Spinoza eta Pantheismoa» deitu liburu ederrean argi eta garbi mintzatu da bi gizon hain desberdin horien arteko lokharriez. Jean de Witt-ek elizak nahi zituen bere meneratu, bera erresumako nagusi eta buru bakhar gelditzekotan. Hortakotz, Holandaren laikatzea zitzaion bide egokiena. Eta bazaukan lan horri buruz Spinoza lagun gain-gainekoa zuela. «Traité Théologico-politique» delakoan, ez zuena erakasten eliza-buruzagiek behar zutela baitezpada laikoen legeri mendu?

Eta, elizen batasuna estakuru, ez othe zioten deneri Credo zabal bakhar bat eskaintzen, arras laikoa, adimenduaz bertze deus ere onbartzen ez zuena?

        Eliza ala sinagoga, erlisione guziek ukaldiari ihardoki zioten haidorki. Jadanik paperak erreak izaki-eta, aldi huntan Spinoza denen etsai bilhakatu zen. Bere bizi-urhatsetan gizon maltso eta eztia izanik ere, bazukeen zeren beldur. Berriz ere arimen artzainak bihurtu ziren haren liburua kondenatuz, biraodun, tzar eta kaltekor zelakoan. Kondenatu ba lana, bainan ezin hunki gizona, Jean de Witt horrek ezin hobeki maldatzen baitzuen herra eta gorroto guzietarik. Liburua bera ere hitz hutsez baizik ez zuten jo ahal ukhan: 1674-ean, Jean de Witt hil-eta, dute egiaz eta izaitez lan hori debekatuko.

        Spinoza bere baithako gogoeten alde ari zen thema gaitzean, handi-mandi horren xedeak ere (hauk ez hain garbiak) laguntzen zituelarik. Eskerrak ziozkan bere ongi-eginez eta funski atxikia zitzaion. Nagusi hori hiltzaleen burdin-pean erori zenean, gure idazlea asaldatu zen, dena bihotz-min eta hasarre, oihuka, mendekio-galdez. Ordu-arte populuaren eretzerat aski bero baitzen, orduan hoztu zen eta handikien gobernuaren alde itzuli.

        1663-an, lanjer gehiena ukhan zuen urthean. Voonburgerat joan zen, Daniel Tydemann margolariaren bizitegirat, hor sei edo zazpi urthe eman baitzituen La Haie hirirat joan gabe. Fama gaitza zuen. Leibnitz heldu zen haren ganat. Condé handia ere haren mintzatzeko gutiziarekin zen. Bainan aspaldi danik eritua, hartaz egiten zuten arrabotsaz khechu, itzuli nahikatua, Spinoza hetikak ereman zuen 1677-ko otsailaren 21-ean. 45 urthe zituela.

        Spinoza bere gogoeta berriak buruan eta heientzat bizi izan da, bere hartarik kantitu gabe. Ez atsegabek, ez agurrek, ez eta diru-eskaintzek ez zioten kaskoa nahasten. Aberasten ahalko zen, bainan nahiago ukan zuen behardun gelditu. De Vries adixkideak nahi baitziozkan behin bi mila florin eman, ez zituen ez onhartu, ez hartu, holako diruketa batez artha hartzeak emanen zelakoan kezka sobera eta khenduko lanean artzeko asti hainitz. Devries horrek berak ondore ezarri gogo baitzuen, Spinozak ezetz berriz ere, bidezko ondoreari ez ziola damurik ekharri nahi. Eta, ororen buru, hunek ukhan baitzuen 500 florinen Spinozari emaiteko kargua, 300 baizik ez zituen onhartu gure idazleak. Denak antolatu zituen, hobekienik gogoeta egoiteko, irakurtzeko eta idazteko gisan. Bizitegia bethi garbi, bainan fraile-gela bezain bakun eta buluz. Jan-edana, eskas ez izana gatik, chuhur airean. Soinekoak bethi muntto-munttoa, bainan deus edergailu ez gurikeriarik gabe.

        Lanean ari zen gauak gauari, aratseko hamar orenetarik, goizeko hiruak arte. Haren jostetak bitziak zaizkigu: sistuliak mikrozkopan ikhertzen zituen edo armi-armoak uliekin gudukarazten: gizonetarat joaiten zena bada, bere arrotzen ganat jausten zen, pipatara baten erretzerat eta egunean eguneko berri xehe-larriez mintzatzerat..

        Aintzin hortan erran baitugu Spinoza gizon ona eta maitagarria zela, ez gaude orai erran horren gezurtzekotan. Halere ez zen, ez, zuhurtzia oso eta naro batez dohatua. Ez zuen beihalako filosofoen «ataraxia»-rik. Aitzitik, odol bizikoa zen, kilika eta samur-errexa. Bizkitartean, ohartzen zeneko jauzterat zoala, xutitzen zen ixil-ixila eta bazoan. Barkatzen zuen, ba, bainan ez ahanzten. Ahaideen egitateak bihoztarra bezala heldu zitzaizkon, eta ikusi dugu nola Jean de Witt'en heriotzeak sumindu zuen.

        Itxuren arabera, bere burua hertsatu du, bai har-emanetan, bai bihotz-urhatsetan, bere gogoaren bizia oso-osoa begiratu beharrez. «Zuhurtzia» eta «Negurri», horra haren legea; horra zoin ziren, kanpotik, haren muga eta gerizak. Ikurburutzat ezarri zuen latinez «Caute», Descartes-en «larvatus prodeo» gogoratzen baitauku.

        Emaile eta esku-zabala zen. Erran izan dute, bai, metafisikaren garrak bertze dei guziak erre zituela haren baithan; ez dugu uste: behin segurik emazte batez egin du amets eta mai tasunaz idatzi dituen lerroek erakusten dute ez zela aburupenka mintzatzen. Bertzenaz ere, badakigu moralista zela oroz gainetik eta ez ditakela zinezko moralistarik beraztasun izpi bat gabe.

        Halere aithor dezagun Spinozaren gutizia nagusia zela orenak eta orenak gogoeta egoitea. Matematika jauntzia maiten ohi zion bere erakaspenari, theorema, axioma eta holako hizhuntza hotzak zerabilzkala; bainan barnetik, zer sua zer argia, zer kalda! Orhoit nundik norat ari zen: bere burutik hasten zen, bere burua zer zitaken argitu nahiz.

        Jainkoaren eretzerako gauzez mintzatu zitzaizkonean, erakasleak higuindu zituen, heien erranak ez zirela ez aski gai, ez aski sakon, ez aski azkar: izaitez muga gabe direnak, ez zituen gehiago erlisione berezi baten ez ta arrazoin hertsi eta okher baten mugetan zerratu nahi. Orori izaitea eta bizia emaiten deezten eta oro den Izaite hura, Spinozak ez du choilki asmatu: senditu du, maitatu, eta hari eman dio bere burua. Hortik dathor, ez baitu bertze deusen acholarik ukhan, eta haren Jainkoa ez baititake izan neholaz ere Jainko hila.

        Spinozaren lan guzia liburu gutik daukate. Haren filosofiaren berri nahi duenak huna zer duen irakurtzeko: Traité de l'Amendement de l'Intelligence, l'Ethique, les Principes de la Philosophie cartésienne, Traité théologico-politique, eta haren guthun andana bat.

        Egin ditu bertze liburu batzu ere asko ekhaiez; bainan ez dute aiphatu lanen garrantziarik, ez itzalik.

 

(Jarraikiko da.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.