—Olerti / Irisarriren olerkiak—
Pipazalea
Irisarri
Nere pipa belar urrintsuz bete ta
pizturik agoan artu aldioro,
kea pafa-pafa egotziz gozoro
ola egiten dut nigan gogoeta:
«Pipan sartu dudan belar au erre-ta
errauts-multxu bat da bilakatzen oro;
bai nere gorputz au ere ilezgero
laster auts apur bat bertzerikan ezta.
Baina belar uni, erretzen den arau,
badario goiti airez-aire doan
ke atsegin goxo usain oneko bat.
Bereola nigan bizi den arima au,
gorputz-erstegitik askatu ondoan,
iganen da noizpait egan zeru gorat.»
|