—Olerti—
Belen'en
Jautarkol
Ama Birgiña Jesus Aurtxoa dula belaunetan,
estalpearen aurrean dago Aurrari festetan.
Belaun-gañean tente jartzen du, exeita aldietan,
musuka berriz jango duela dirudi bestetan.
Aingerutxoak aiei begira kantari inguruan,
ta Aita Jainkoa guzia ikusten poz-pozez Zeruan.
Mendi-alderuntz aien aurretik artzaiak dijoaz,
ta igarotzean, agur...!, diote, makillak jasoaz.
Belen'go umeak estalpetxora danok nai etorri...
Etxe prankotan jarri dituzte naiko ixtillu gorri.
Amonatxoak eguzkia artzen etxe-atarian
beste konturik ez darabilte oraingo aldian.
— «Ikusi al den goi-estalpeko Aur jaio berria?
Euzkia baño argigoa den aren arpegia.
Ez diñat uste pobre batzuen semetxoa danik:
erregezkoen aurra denala egingo niken nik».
— «Erregiñaren arpegia din Andre Mari'k ere...
Noletan utzi genizkiñan guk ostaturik gabe?'.
Jesus aurtxoa loak artu du Amaren besotan.
Aingerutxoak ixildu dira jarrai dezan lotan.
Zeru-irriparra erdi lertuan dauka ezpañetan...
Oi, amets-dagi.... Norekin ote-dago ametsetan?
Gurutze antzo zabaldu ditu orain besotxoak...
Gurutzeakin amets al-dagi Jesus'en gogoak?
Kalbario'ko ametsa, noski, gogoan Aurtxoak.
|