Olerti
Izar zaarrak
Jautarkol
Jauna daramaiot aitonatxoari.
Zuaitz-adarretan txoriak kantari,
eguzki-goiz-printzaz musuka mendia...
Goian, baso-ondoan, basetxe zuria.
Argiak eskuan, belaunak lurrean,
gizon-andreak zai ezkaratz-barnean.
Exerita aitona oi zurian gelan,
elurretan tente lore zuri-eran.
Gaixoa begiak ñir-ñir zai zegoan.
Bizitza-dardara berria kolkoan
piztu zaio ikusiz gelan Jaun laztana,
ta arriturik dio: «Jainkoa nigana...»!
«Jesus neregana...!» maitez ta apal dio,
ta negar gozoa mara-mar dario....
Jesus ta aitonaren besarka eztia...!
Aitona-begien irripar-argia...!
«Zerura, Zerura...», dio bat-batean
eskuak luzatuz, egatu-naiean.
Ta amaren altzoan eztiki aurtxoak
lo artzen dun gisan, eriotza loak
artu zun aitona Jesus-besoetan
irripar ezti bat utziz ezpañetan.
Amets legun baten irriparra aoan,
gurutza estutuz eskuak kolkoan,
ta begi itzaliak Zerurontz begira,
egan egin zigun Betiko Argira.
Agur, aitona apal, euskal-kristau zaarra,
Fede-zuaitzaren gerriko adarra,
otoitzean xamur, gogorra lanean,
ta Abendaren izar-dirdira etxean...!
Ai! Gure izar zaarren dirdira xamurra
itzalduz, illuntzen ari zaigu lurra...!
Jauna, gure etxetan
piztu izar berriak:
zaar aien kiñuko
ta aik bezin argiak...
|