L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Orrila-Garagarrila. 5-6 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Psykhologi-gaindiko gertariak

 

Mirande'tar Jon

 

III. Amaia. Ustekizunak

 

Psykhologi-gaindiko gertari nausienak gainbegiratu ondoren, aitortu bear dugu noski, Shakespeare'kin batean, ba'dirala:

 

«.... gauza geiago zeru-lurretan...

...uste duen baño.»

(Hamlet I,5)

 

        Zer irakasten digu gain-begiratu orrek? Lenik, izadigaindikoan siñestea ez dala beti txorakeri. Ziur da azti ta sorgiñek benetan ekarri ditutekela errien «siñeskeriak» aipu dituen mirari zerbait: izena baño len medium izan dira soilki. Aien sorgin-egintzak mediumtasuna artez edo moldez eratortzeko dira, sorgiña —bearrezko dan transa— egoeran yartzeko edari mozkorgarri bereziak irentsiz eta irudimena astintzen duten oikunak ospatuz. (Sorgin-aztietaz emen mintzo naizela, aldera uzten dut, oraingoz, Yakintza Eskutua, ots, Magu, Kabalista ta orrelakoen metaphysikaren yarduna; alta ziur nago egi zerbait bil dezakegula metaphysika ortan).

        Bestalde, giza-gaindi ta petiko izakien auzia berpizten du psykhologi-gaindikoak. Ez dut emen yardungo, txit nastua bai da gai ori eta, gañera, oraindik ez daukadan yakitea eskatzen du. Esan dezadan aatik, Charles Richet aundiak —"Traité de Métapsyhique» ospatu bat idatzi zuen (1922)— ausartu zala pentsatzera araugaindiko gertari adigaitz zenbait giza-lekoreko «nortasun» batzuek eragiten zitutela bear bada....

        Mesmer'en usteak eze sendotzen ditu, neurri batean, yakintza berriak. Agian ez da bizi-irrada edo erakarpenik; bañan baliteke mesmertzallearen ganik zenbait aldiz ektoplasis edo atera-eralgintza bat izatea (mediumena iduri) beste giza-soiñetan ari dana, mirarizko sendaketen eragille. (Sasi-sendalariak ez dira danak gezurti ta lapurrak, batzueta-n sendatzen dute benetan, medikuak etsi-arren.)

        Azkenean, Espiritismuak gure eskerrak artze ditu, besterik ez ba'da ere, yakintzarien ardura araugaindiko gertarietara erakarri duelako. Beste alde batetik ordea, parapsykhologiak erabaki bear dituen auzi beñenak yaukitzen ditute espiriten siñispenek:

 

1— Arima izan ere ba-dea?

 

        Ez uste izan parapsykhologilari guziak arimazale diranik! Ikusi dugu nola ikertzale zenbait alegindu diran araugaindiko phainomenak ikugai-arau ezagutuen bidez atzaltzera. Baita, ikerkuntzen asieran beñepein, aien atzalpenak egiantzeko ta gotor xamar iduri zuten.

        Alaz ere, orain ba-dirudi phainomenok —gogo-barrukoek naiz gogo-lekorekoak— egiztatzen dutela gogo utsezko «zerbait» ba-dala, ikugaiaren laguntza gabe (araugaindiko ezagutzan) eta ikugaian berean (asmo-eralgintzan) ari ditekena, beraz ikugai-gaindiko dana. «Arima» esan dezaiokete, nai dutenek, zerbait orri.

 

2.—Ideoplasis-prosopopesis ala Gezoko (ta Aurreko) Bizia?

 

        Ori ez dut uste azterzale bakar batek eze uka dezakenik. Alaber, gogo utsezko ori ikugai-gaindiko ba'da aizu danik uste izatea ikugaia il-ondoan ere bizi ditekela. Baiñan galdea da, zer da bizi, ta nola?

        Esperitualistek, antxiñatarrek (kristauek eta beste siñesmeneko batzuek) nola oraindarrek (spiritek) daukate gure nortasun osoak, soiña itzalita ere bizirik irauten duela, arima-uts. Bañan ikugaizaleek ondo erakutsi dute (oro ez bai'da arbuiatzeko aien ustekizunetan) giza-nortasuna deitzen dugun phainomenak eiñ aundi batean ikugaiari datxikiola, esan nai dut giza-burmuñari. Beraz, burmuñ ori itzali ezkero, alperrik dugu igurikitzea gure oraingo nortasunak, gure oraingo «ni"'ak batere aldatu gabe bere izatean yarraituko dula.

        Orrengatik parapsykhologilari askok ez dute nai —ikugaizale utsak ez izan arren— giza-arimaren geroko bizian siñetsi. Alanola Charles Richet'ek ta René Sudre'k. Bi ustekizunen bidez atzaltzen ditu onek geroko bizia egiztatu iduri duten Espiritismuaren gertari guziak: ideoplasis edo asmoeralgintza eta prosopopesis, au da, nortasun puskatua edo nortasun aizunak mediumak eukitzea (prosopon-antzoki-mozorroa). Mediumekiko batzarretan nabaitzen diran «ildakoen arimak» ez dira benetan bizidun baten (mediumaren) nortasun aizuna, peko-nortasunaren agerketa baizik, zenbait aldiz ikugaiketa. Gañera, pekonortasun oriek araugaindiko ezagumenaz il dan baten berri ikas dezakete eta, azen nortasunaz gezurrean estaliz, ildakoa bera agertzen dala iduri-azi.

        Alazere, Espiritismuaren gertari zenbaitek ez dute ematen Sudre'n ustekizun ori dagokienik. Esate baterako: agerketak bizidunen artean iñork ez dakizkiñak esaten dituenean. Eztabaida gabeko gertariak gutxi dira, yakiña; bat orratio ezagutzen da, ederra; André Dumas Yaunaren idaztian: «La science de l'ame» irakurri dut: Lady Nona edo Telika, Y.K'en aurreko XVgarren mendean bizi zan Aigyptu'ko andragoi baten agerketa. An zeudenek eskatuz, aigytuera zarrean itz-egin zuen, ots, izkera batean iñork aren phonetika orduan ez bai'zekien. Lady Nona orri esker, izkelariek ezagutzen ditute orain Pharaoen mintzairaren otsak...

        Orrelako gertarien aurrean, René Sudre'k bear izan du bere theoria osotu. Aier da orain giza-burmuña il ondoren, giza-gogoaren zati batek bizirik irauten duela, ez ordea egiazko giza-nortasunak, ez arimak, osteak itz ori aditzen duen lez. Soiñetik landa bizi dana oroimen uts omen da, ezagumen ta naimenik gabe, itz batez, nortasunik gabe. Oroimen ortan ditu metanogmilariak ikasten dituen berriak artzen, alegia.

        Urrun xamar ibilli zaigu Sudre atzalpen orren billa. Gañera, ez du adierazten agerketa zenbaiten egiantza ta bereztasuna. (Egia esan: oso ba kan dira agerketok). Eta bestalde, burmuñik gabeko ezagumen edo naimen batean siñestea funtsean ez da burmuñik gabeko oroimen batean siñestea baño xoroago.

        Parapsykhologilari aunitzek beraz, araugaindiko phainomenak aztertuz, gogo utsa izan ere ba'dala siñetsi bear-eta, ez ditute ez Espiritualista oien ustekizuna, ez Sudre'rena ere onartu. Diote giza-nortasunak bizirik yarraitzen duela soiña il ere, bañan aldatua, ikugaitik berezi dan ezkero.

        Ori bai'dugu, ez bakarrik parapsykhologi, bai psykhologi guziaren auzi zar beti gorpiztu bat: gogo-burmuñen edo arima-soiñen arteko ondoretasuna. Henri Bergson Yaunak aatik asmo berriak ekarri ditu korapillo ori urratzeari buruz (Irakur aren liburua: «Matiére et Mémoire. Essai sur la relation du corps à l'esprit»). Giza-gogoak bi alde ba-dauzka —emen bear dugu Sigmund Freud Irakasleari zor diogun «beryakintzapetiko"'aren adigai berria lagun artu—; batetik burmuñari darraikio; ori dugu beryakintza, norberak bere gogoaren gaiñean bet-betan ikasten ditun berriak. Bergson'ek erakusten du nola burmuñaren beryakintza ori ikugaiezko munduon gaudelako sortu zaigun, ikugaiari egokitu bearrez. Bañan Freud'ek irakatsi digu giza-gogoak beste alde bat daukala, beryakintza-petikoa (Freud'en aurretik psykhologilari zar zenbaitek ere susmatu zuten ori, besteen artean Leibniz'ek ta Maine de Biran'ek). Austriar irakasleak eta aren lenengo yarraitzalleek uste zuten baiki beryakintza-petiko ortan beryakintzak bein yakin ta gero aztutakoak zeudela bakarrik; batzuetan on-arau edo gizarte-arauen aurkako ziralako azturik (Freud'en libido edo gizakiko-griña eta Adler'en indarnaikeria. Bañan psykhologilariek asko zabaldu dute, azken urte abetan, beryakintza-petikoaren adigaia. Konturatu dira ez zala soilki beryakintzaren ondakin bat, bai ordea beryakintza zala aren sail bat obeto esan, aren errañua burmuñean (cf. C. G. Jung'en landk). Egokiago genuke beraz beryakintza-lekorekoa esatea, beryakintzapetikoa baño, neronek azken izen au erabilli arren idazlan, ontan, oiturari yarraituz.

        Orra non oraingo psykhologiak oñarri bat eskeintzen dien parapsykhologilarien ustekizunai. Asmo berri oriek aintzat artuz, Dr. Geley'k «L'être subconscient» deritzaion liburu batean, bi sailetan banatzen du beryakintza-petiko edo lekorekoa: 1— Beryakintza-petiko arrunta; gutxi gora bera Freud'ena, zapaldu bear ditugun soiñaren griña ta irriki txarrez eratua. 2— Beryakintza-petiko gorena (beryakintza-gaindikoa esan genezaioke), oso bestelakoa, gure benetako nortasuna da-ta, gure egiazko «ni»a; au dugu bizi soiña il ondoan... baita soiña yaio aurrean ere, Geley'ren gardiz.

        Ezen giza-arima, ots, gizonaren beryakintza-gaindikoa, baldin ikugai-gaindiko bada, nola siñetsi ikugaiarekin batean yaiotzen danik? Yakintzaren bideetatik, Geley yauna eltzen da Sorkalde ta Sarkaldeko Oitura Zarrek (batezere India ta Keltia'koek) eta Platondarraioek iritxi zuten ustekizun berera: palingenesis dalakoa.

        Gogo utsak (Lenengo Batasuna) erarik edo mugarik ez du, ez ta beryakintzarik ere. Mugatu ezkero, beryakintza artu ezkero, Gaia sortzen du: Gaia da Gogoaren beryakintza-artzea. Eraldua ta mugatua da, Dana (Gogoa) izaki berezietan banatuz. Beraz, izaki bakoitza Len-Gogoaren alde bat da, mugaturik eta beryakintza arturik. Eta bizialditik bizialdira izaki oro gero ta mugatzenago, bereztenago da, gero ta beryakintza geiago eukiz. Bizialdien ingurua bururatzean, izaki bakoitza Lengo Batasunera biurtzen da —bizialdiz bizialdi irabazi duen nortasuna zainduz aatik: orduon bera eta oro da, batean.

        Ikusten dugunaz, Geley'ren ustekizuna Sudre'rena baño pozgarriago da, gure izatean betiere iraungo dugulako itxaropena ez bai'digu kentzen. Gure egiazko nortasuna, gure gogo edo arima ez da ilko gure burmuñarekin batean. Burmuña ta onen oroimenarekin (bi oroimen mota bai dira, Bergson'ek erakusten duen bezela, bata soñerekikoa, bestea gogoarekikoa) ilko dana gure azaleko nortasuna, gure «ni» lurtarra da.

        Mediuma transan dagola, bere soiñaz, bere beryakintzaz ezaxoltzen da. Orduan bere beryakintza-lekoreko izanean da eta, bera ta oro bate tan izaki, dan guzia ba-daki: orregatik da garbi-ikusle edo araugaindiko ezagutzalle.

        Bañan urrutiago yoan gaitezke bide ortatik: esan dezakegu edonor, medium ez izanik ere, bere soiñaz eta azaleko nortasunaz ezaxoltzen dalarik, bere egiazko nortasunera biurtzen dala, gogo utsezko izanean: alanola, lo dagolarik. Arean ametsek, soñarekiko beryakintza-petikoan (Geley'ren beryakintza-petiko arrunta ez dutenean beren yatorria, telepathi ta metagnomizko gertariak opatzen dizkigute sarri, batek bat goizalderako ametsek. Bai eta ere, Jung'ek arkitu dituen «goi-eredu» (Archetypen) diralako gizaki guziekiko mythu edo ereduak: guziekiko beryakintza-lekoretik ba-datoz, Jung'en esanetik.

        Phainomenok erakutsi iduri dute, ikugaiaz ezaxoltzen, geran aldi guziz gerau eta dan guzia batetan gerala, medium transaratua bezala. Zer du mediumak guk baño geiago? Beryakintza-lekoretiko sail aundiago bat beryakintzara dezake guk baño, deus ez besterik.

Geley'ren izadi-urkuskerak balio duena balio du... ...Dana dala iruditu zait aski ernegarri zala irakurleari aurkezteko, giza-nortasunari buruzko beste bi theori nausien ertzean: burmuñarekin batera iltzen dala dioten, ikugaizaleen ustekizuna eta soiña il ere, batere aldatu gabe yarraitzen duela daukaten Gogozale oien iritzia.

 

Paris'en 1952-1-13

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.