Yakintza
Antze ta eder
Argialdia barnemin aldia
Orixe
Naiz landa-inguru naiz giza-jardun naiz irakurketa, ondo aztertu ondoan, erabat gogoan artuz, bakoiztasun ortatik aldegiten dugula, begiztaldi bat eman, al bezain luzea ta maitetsua. Begiztaldi edo begi-kolpea adimenarena bedi, batez ere, ez arrazoiketa, gure barrena erdi-mindu dedin. Gauza ontan, berdin ez ba dira ere, ariora jotzen ditut nik gizon Jainkozkoa ta gizon antzelaria. Diranak oro aurrena ikusiz ta begiztatuz, gorago-naia datorkio santuari, aiek sumarazten dioten izate izkutu ua ezagutzera ta maitatzera. Orobatsu gertatzen zaio antzelariari ere. Erabateko begiratu ori, laiño-antzeko ori, itsas-ertzean esan genduanera edo, uste baño ernalgarrigo zaio, ortan bear bezala atseden ezkero. Olako sorraldian ernatzen dira antze-landk. Esan izan dute, antze-landk sorraldiari (inconsciencia)'ri zor zaizkiola. Ola ulertu ezkero bai. Sor sorrean, ero eroan, ez du iñork antze-lanik ateratzen barne-kemenai ondo eragin bage, ta batez ere adimenari, gauza zuzenik egin nai ba da. Adimena bear du kemen guzien erregin, idurimenaz baliatu bear ba du ere. Gauza borobilla, buru-gorputzak dituna nola antolatu adimenaren eragiñik bage? Urrena, nola aukeratu, antze-lana edertu bear duten iduripenak? Idurimenak zer egin lezake berez amestu besterik? Orain ari geran ontan, adimenaren begi-zizta, ez arrazoiketa, aditzen dugu, ots, erabateko begiratu erdi-sor ortan egotea, ongi barnemindu gaitezen. Zenbait aldiz, zirrara aundiegia, biguinegia, adieraz-eziña sortuko zaio, ta ua atera ta ezarri ezinez etsi ere egingo du, bereala beintzat; baña ez da ordu: luzarogo itxedon bearra dauka, balin ba da astez eta urtez, bere buruaren eta egiaren jabe egiteko. Irakiñaldi orri noizbait atsedena etorriko zaio, ta luzaro aztuta egogonik ere, aztu-ustean, beintzat, alako batean berrituko zaio beroaldi ori len baño gozoago ta pakeanago, ta orduan da saiatzeko garaia. Zenbait, gai berriz, agoz esateko, beintzat, eziñak gertatuko zaizkigu beti-ala neri Jesukristo basoan eizeekin eta Aingeruekin egote arekin-eta etsitzea beste biderik ez dago, ta ederraren ukitua berekiko gordetzea. Ikusi lurr-inguru aiek, ikusi eizeak, ikusi aingeruak, eta erdian atseden atsedenez ikusi, alako begiratu legun utsarekin mendean dauzkan Jainko-gizon onetsi ua, ta gu bezalako ezerez, baztarka dabillen batek ez du, bear ba da, asmatuko beste itzik: «ezi nazate, Maisu eder, zure begi oriek; zure begi eder oriek».
Gero, irugarren unean esango duguna errezago betetzeko, antzelariak, dan bezain oso, ditun kemen guzien batera-joa bear du. Ezarian beza la, bere baitan oso bildurik, uste ez dun lana egingo diote isil, animaren kemen guziek. Burruka ere ausaz asiko zaio, idurimenak bere aldera egin nai ta, adimenak batera egon nai; baña erdi-aztuan bezala gelditzen bada, ortan egon-bearra du, ezeren kezkarik bage. Zerbait, ezin-adierazizko zerbait bere baitan maitez aztarrenatzen dun bitartean, bego an esparik bage. Ba dira berenez eziñegonak, sorraldi ontan, ezari ontan atsedengo ez dutenak-askotan bai paketsu diranak ere-baña ederrak iñori barne-min ori ematekotan sorr-egon ortan saiatu bear du. Ola dagonak bakoiz-gauzen muga autsi du, zentzuen eta idurimenaren esia urratu du; adimenak ere bere muga urratu bezala nai luke, aundiago zer baitan billa bezala: ez baita konturatzen ondo zer ari dan. Labur esan, muga bageko ederra, eder eredua aztarrenatzen du nolabait. Beregandik irteten da, gaiñez egiten du. Ederrak eragiten dio, baña Eder bakarrak isil isil.
Gizona berez bat da, bakarra da, batasuna du, ta bere antzeko ikusi oi ditu ta egin nai ditu diranak oro. Bere baitan ikusten eta sumatzen ditun agiak edo gertaerak oro barrendik darizkiola ezagutzen du: bera bat dala, naiz aien jabe naiz mendeko. Ta bere baitan ere maiz puskaturik bezala arkitzen baitu batasun ori-norr-izate ori, batasun orren bila dabil, eta, oarkabean, beti bat eta batasuna bera dan Aren bila.
ERDI-ALDIA
Barnemintzean kemen guzien batera-joa bear baikendun, erditzean, ederra egitean ere, orobat bear dugu, ederlanak utsik eta koskarik ez dezan. Batera-joa ta berdin-joa-gero adieraziko itz okadimena ta idurimena ta naimena jokatzean esan nai nuke. Batez ere, naigalea, barne-eragiña gerongan, sumatzen dugula, ta, albait, galtzen ez dugula, itzetan eta besteneko antze-gaietan goxotasuna, guritasuna ager dedin. Jakiña, ontarako gaia menderatu bear du antzegileak, eta erdimiñaldia bukatua edo irakin artatik ondo atsedena. Ontan ez du bear estubiderik. Gero, idurimena bere einean, bear ainean joka bedi; adimena ere bai. Au da gauzarik zaillenetakoa; idurikerietara burukerietara errez jotzen baitugu, batez ere gazte geralarik. Koskak eta utsarteak agertuko zaizkigu, otzaldiak ere bai, ta bear ba da, lan borobilduen ordez lan eketxak (eldubageko aurrak) erdiko ditugu. Eder-lana asi ta buka erabat egitea litzake oberenik, baña ez gaude beti aldian, eta aldiari itxedon egin bear zaio, orain-geroka agertzen ba litz ere. Tarteetan egon.
Areztian bi itz esan baititut, Batera-joa ta berdin-joa, adieraztea noazu. Griegoz armonia esaten baita, oraintsukoak andik artua dute pozik artuko nuke euskerarentzat itz txanbelin ori bestetara arturik ez balego: marmari ordez erabiltzen baitugu. Ortaz ez dezakegu dagon bezala euskerara ekarri. Nolabait esateko, batera-joa deitzen diot. Onen antz antzekoa da berdin-joa, erderaz equilibrio esaten baitiote. Baserri-lanean oitua bazera, bide zelaierako gurdi bat kargatzean, aurrera-joa edo aurrera-karga naiz atzera-joa ematen ba diote, neke aundia da beintzat; aldapa goran atzera-joa ta aldapa beran aurrera-joa ematen ba diozu ere, idiak neke aundia dute: gorakoan aurrera-joa ta berakoan atzera-joa eman bear zaie, laguntzeko. Ezker-joa naiz eskuin-joa badu, bidearen zulogunetan gurdia errezago irauli diteke esku bakoitzaren aldera. Orain baitaratuko zera batera-joa ta berdin-joa zer dan; antzelariak ori bear dula esan baitut eder-lana ari dunean.
Agustin santuak, antzera batera-jo ortan datzala esan zigun, naiz antze egonekoa, naiz jardunekoa. Izadia bera ere kantari guzizkoren baten baterako mintzoa omen da. Nekeak balio baitu, aren seme Fr. Luis de Leon'ek eder eta zabal adierazi zigun antzearen bateratasun edo batera-jo ori. Esanik utzi ere baitzun Agustinek: «omnis porro pulchridudinis forma unitas est», ots, eder guziren izaera batasuna da.
FR. LUIS DE LEON
«Kristoren izenak» deritzoneko «Pakearen Lenenburu» dion artan, sarreran adierazi zigun iñork eta iñon baño obeki, izadiaren batera-joa ez ezik, gure kemen guzien batera-joa ere, antze-lana egin-aurreko argialdian. Oberenak aiñean ezagutu ta maitatu zun izadia. Au dugu ikas-lekua. Ikasgu ontan ez da, gaur asma ta biar igatu egiten dan legerik, ez adimenaren kezka okerrik, ez naimenaren naikeririk. Emengo arau ta lege, aldaeziñak dira, izadiaren einean. Eskola ontako azi bidea gotorra da, ezarian burubide onekoa; ez bortxazkoa edo indar-bearrezkoa.
IZADIAREN UKITUA
«Ezaguerak adieraziko ez baligu, ta beste bidez ere uler ez bageneza, zeruaren ikusbitarte onek erakutsiko liguke, ta an argi egiten ari diran izar aien batera-joak, pakea zein maitagarri dan.»
«Ikusiko baitugu, begiak ara erne zorroztu ezkero, ezarian, nola sumatu bage, gure naigale oro, egunez gure bularrean zalaparta ari zuten griña nasiak oro, ezarian paketu egiten dirala, ta lo-xuxtan bezela atseden egiten dutela, bakoitzak bere tokia artuz, eta beren tokian daudela, ezarian, burubidez jartzen dirala».
Zerua izar egote onek egiten zion Leon'i ukiturik legunena. Ukitu au darite aren antze-lan guzieri. Izadiaren irakaskizun garaiak azi zuten alako ederr-azti bikaiña. Ikus zein barrena sartzen dan liburu zabal orren ikaskizunetan.
«Zeru izar onen ikusbitartea, izar-taldea urrenez-urren ta lerro lerroan txit eder agertzen baita, bakoitzak bere tokia utsegin bage idukiz, ez baitio bakoitzak auzokoari lekurik ostutzen, ez lanbidea eragozten, ez ta, bereaz aztuta, Jainkoaren Arretak ekarri-legea beiñere austen, pakearen errañu da, ta are oiu ta gorespen bat, bere mintzo agerikoz adierazten baitigu, pakeak bere baitan zenbat ondasun dauzkan, eta gauza guzietan zer egiten duan. Oiu ta aldarri ori otsik bage oldartzen zaigu animetan, eta oetan sartuta egiten dunetik garbi ageri da zer eragin-indar duan. Eragin au, joera au, ez naski arrazoiketaz, bai ordea begi-ziztaz, begiztaldiz guregan sortzen zaigun eragin biguin au zan Leon' entzat eder-sumaren oiñarri-legea. «Errege» deritzaion izenean, Jesukristo graziaren bidez animaren Errege baita, eragin orren bidez adierazten du ariora. Buru-legeak ez-bezala eragiten baitu bioz-lege orrek. Sortuzko legea ta grazi-legea ariora dira beren eragmean, eta bataz esaten dana, besteaz ere ariora esan diteke, ta egiten du Leon'ek.
«Anima osoaren jabe baita, grazia, ala egingo du anima ere gorputz osoaz jabetu diten. Eta grazia, naimenaren eta adimenaren barneraño sartuz, eta izatearen eta indarraren barrena urasetuz Jainko-izaera ematen baitio, ta Jainko biurtzen baitu urbil; olaxe berebat egingo du animak, gorputz osoan barna oldartuz, eta aren izaera betea arturik, gogaki-antzeko biurtuko du».
«...Grazi-legeak ari au du: Kristok erabat bere arnasa ta osasuna bereen animetan, urbildu nai zaizkion animetan ugarituz, on egin-gogoa ere ugaritu egiten du, ta zentzuak egiten dion burruka egunero urritzen du. Ta batak eta besteak gero ta indartzenago dute diogun lege santu berezi au, ta animagan errorik barnenak egiten ditu, ta artaz erabat jabetzen da, zuzentasuna ta ontasuna ia jatorrizko zaizkiola."
Kristok emandako grazi-legeak, naimenean oldartuz, griña gaiztotik sendatzen du, ta maite du, ta ontasunera eragiten dio, Jeremiasek Jaun, goikoz igarri bezala... Nere legeak animetan ezarriko dizkiet, eta biotzetan idatziko dizkiet."
Berau adierazten du «Datorren mendeko Aita» deritzon izenean: «ortaz, sortzen gaituneko arnas-eragiñari jarraituz, gure animetara oldartzen dalarik, bera dan bezala jardutera esnatzen ta zirikatzen gaitu..."
Gure gaiari gagozkiola, bereola, lege onen bidez, ezarian ezarian ukitzen gaitu izadiak, liburuak baño obeki. Izadiak gure biotzean idazten dun oiu isil au, ots, onen ariokoa, aurrerago azaltzen du «Pakearen Lenenburu» dalako artan, graziaren eragiña agertzen dularik: «Beraz, graziak naimenean egiten dun aurreneko lana, anima bera ontasun-lege eragingarri biurtzen du; ez on dana adierazi utsez, artara eragiñez ta maitaraziz baño. Len esan duguna, legea, naiz lege-ematea esan duguna, bitara diteke: lena, oi bezalakoa, zer egin edo ez egin gizoneri adierazten diena, nausigoa dunak agerkiro aginduak idatziz, ta agerian aldarrikatuaz; bigarrena, esanez ta aginduz on, dana iragarriz baño, joera emanez egiten da; artarako naigalea ta gogoa ezarriz. Edozerk, komeni zaion artarako gaia ta joera izatea, bere lege du, ta pilosopiak ola deitzen dio; biziera orrek tajutzen baitu, ta komeni zaionera orrek eragiten baitio, ta bere onera-bidean zuzentzen baitu; ta guzi oiek lege-lanak dira».
Agindu ta lege naspillatu asko erakusten dun eskolaren aldean, au da naski legea, idatzi bagea, jatorra, isilla, bereganako joera ematen duna, ta izadiaren begiztaldi atsedentsu orri dagokiona. Zillegi bekit azken-zati au aldatzea:
«Lenengo legea, ona izanik, ez da ordea lege eragillea, iragarrizko legearen joeraz-bestekoa balin ba da, ta ala baita gure gaiztakeriz. Baña bigarren lege au guziz eragilea da, ta au ezartzen du Kristok graziaren bidez gure animagan. Ontxen bidez idazten baitu bakoitzaren naimenean, maitez ta aierrez, lenengo legeak paperean idazten duten beura. Ta larrutx-liburuetan eta arrizko naiz burrnizko azaletan ixatxez edota zulatzaikiz ezarririk zeuden lege aiek, graiak naimenean aldatzen ta ezartzen ditu. Ta giza-belarrian ots eginez anima bildurtzen zun lege ua, graziak kolko-barrenean sartzen dio, ta ain gozo isurtzen dio, ala esan, animaren indar ta joera guzietan, bere atsegin ta naigale bakar biurtzen baitio».
Ariora esan bear dut eder-sumak ditun legeetaz. Eunka liburuak eta millaka legeak baño obeki, izadiari egin dezaiokegun begiztaldi samur ezariko orrek, isil isil sartuko digu eder-legea egitazko eder-legea gure barrenetan. Eskola ontako legeak jatorrizkoak baitira, ta legun animan ezartzen diranak, ez dute gu oker-bildurrik, eskoletako lege idatziak bezala. Oiturari gagozkiola, lenengo gogo-dardarak obenik ez duten bezala-aietan luzaro ari ez ba gera-ariora, gure kemenak beren jatorrizko joerari utziz, oker bage egiten dute lana gure barrenean; arrazoiketari leku eman ezkero, ostera, errez okertuko giñake. Ortaz, au bedi lenengo lege: izadiari batez ere, naiz gizon antzegilleak egin dituten laneri begiztaldi maitea egitea, ederraz ta antzeaz egin diran liburueri jaramon egin bage, ikaratzeko aiña baitira. Ta ez alare izadi-eskola bezala egizkoak eta betikoak. Ontara jo bear du beti edonoizko antzelariak, okertu ez dedin eta azibide jatorra ar dezan.
|