L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Epaila-Yorraila. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti / Idazti berriak—

 

Herri mina

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

HERRI MINA. Lertxundi Aitaren musika, Iratzeder Aitaren olerkiak. Belok'en 1952

 

Dilin, dalan, Belok'en EZKILA! Dilin-dalan, atertu ezina! Yainkozko durundia, euskarazko durundia, Euskalherri osoan zabaltzen. Beneditano suharrak argi ikusi bait dute Euskalerriaren gogoa zerututako ba'dute, euskera beste ezer baino obekiago gorde behar dala, hau baita gure erriaren arima bizia. Eta Belok'eko Ezkila euskal oyartzuna, eten-gabe barreiatzen ari da. Kanpai eder onek, ez daki beste izkerarik gure erriarena baizik, eta bere ots-eztiak euskera garbi ta argiz oretuak dituzute. Zazpi EZKILA-ots-aldi argitara ditute, zazpigarrena egun eskuetaratu zait, «herri-minez, orhoit-minez, itzul-minez, eskual-min» guziez bere orrialde txukunak pil-pil. Eta egoki bezin zinki «HERRI MINA» du izena liburuño polit onek.

        Kanta ta bertsu bilduma, bi Beneditano euskaltzale kartsuek antolatua: musika Lertxundi Aitak, pertsuak Iratzeder Aitak. Orra bi euskal-gogo Yainkoaren sakonenean pulunpatuak.

        «HERRI MINAK» ba dizu gauz berririk, irakurle. Kanta edo musika guziak Aita Lertxundik bere euskal biotzeko labetik ateriak dituzu. Alare ba'dizute euskal-giro, badizute euskal-arima. Edonork usteko luke gure mendaitzetan beti ere kantari dabiltzan artzai eta mendi-mutillen artean mendez-mende ibiliak dirala. «Eskual lurreko» edo Mendi gañetan» entzutearekin idurituko zaiku, jadanik adituak ditugula, hain dira eskual-bihotzetik ateraiak» dio itzaurrean Iratzeder'ek, «Herri minez» edo «Mortuan barna» aldiz, izigarri herriz-kanpokoak idurituko zaizkizu. Bainan zoin diren itzulminez mintza, bainan zoin diren bere gisan euskaldun!»

        Alaxen da izan ere. Kanpo-giroz bere melodiak gantzutu nai dituanean ere Aita Lertxundi'k ezin dio bere euskal-gogoari ukorik egin. «Ohakoan lo». «Astoaren lo-kanta» eta «Tralari eta» kanta bakanak noski, bainan gorago esana sendotu besterik ez dute egiten.

        Atsegin artuko dute euskaldunek «Zenbat Gazteri» ta «Euskal Lurreko» deritzaien kantak entzungo ba'litute. Biak Aita Donostiak armonizatuak datoz musiku aipagarri onen artezi ta antzez yantziak. Ez dago aren armonizazioan arrunt eta exkas den ezertxo ere, an dana duzu berri, dana atsegin, dana ezti-min. Ezti-min diota, eztia utsa dalarik, ao-zeruari aspergarri gerta oi zaiolako. Eta aita Donostiaren gaurko musika bideak, beti ere armoni berriz ta ernegarriz belarri ta gogoa ere suspertzen dizkigute. Orra gure koru eta kantari taldeetarako kanta berri-berriak eta zoragarriak.

        Iratzeder, beti bezela, olerkari garai agertzen zaigu. Dana erri-minez yosia, dana Iainko-minez inguratua. Norbaitek esan dio (HERRIA'n) beste errialdetako olerki zelaietan ere bere gogoa alha bear lukeala... Ez. dut nik, ene buru kaxkarrean, orlakorik uste, eta ez nioke orlakorik aolkatuko ere Aita Xabier maiteari. Ez, ongi baiño obeki ari zera euskal arrobitik zere irudi eder, zere neurtitz zailu ta apainak ateratzen. Zure gogoetak ez diote, poesiz beintzat, bertae errietakoei zorrik. Egun, ain zuzen, olerkari geienak beren neurtitzetan bakoitzaren erri-kutsua ezarri naiez dabiltza, naizta bulkoz edo gogoetaz mundu zabaleko agertu. Gure-gureak diran irudiz eta itzez mistikaren gallurrak ere atxiki ditu Aita Xabierrek. Beaz norberetasun bete eta berriz apainduak datozkigu aren poematxo eztiak; ez gal arren yabetasun ori, ez bide arrotzik billaka ibili. Yarrai aurrera ere «Euskara» olerkitxoan diozunaren ariora:

 

                Argi zirrintan ganik bilduko dauzkitzut

                Loreak, hitz beroak ta zeru pindarrak,

                Nere bihotz pilpiraz josiko baititut

 

        Bai, aitzina beti ere «zere bihotz pilpiraz», lore ederrok yosten, euskerak bere barnean dauzkan aberastasunak eta zuk ain egoki kantatzen dituzunak munduari erakusteko:

 

                Eskualdun gaitzen kharra, amaren gochoa,

                Itsas, mendi azantzak dauzkatzu, Euskara!

                Zu zare arbasoek utzi hats beroa......

                Eskuara, Eskuara jalgi hadi kanpora!

 

        Hats bero ori zaindu ta barreia dezagun Euskalerria barna, irakurle. Eros itzatzu Beneditanoen liburu ederrok, arkituko duzu zere gogo aki tua nun gozatu, nun eradan, euskara goxo ta eztienaren egoetan zere gogo erdi arrotztua berriz ere gure yaki yatorrez asetzeko.

 

Paris'en 26-VII-52.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.