L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Epaila-Yorraila. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Irazusta'tar Jon Andoniren oroitzapenetan

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k

 

Azken amabost urte auetan erruki gabe ari zaigu Erio euskal-idazleen bizitza ederrak bere sega ilgarriz mozten. Eta moztu ere ditu, Yaun maitea. Markiegi, Aitzol, Urkiaga, Eizagirre, Olabide, Azkue, St. Pierre t. a., gazte ta zarren artean. Atergabe ibili da sega zorrotzez esker-eskui yo ta mozten. Beltza bear du euskeraren etorkizunak, igartu landara okitu eta mardul oien ordezkorik sortzen ezpazaio. Oraingo ontan berriz, Jon Andoni'ren aldi izan du. Peru'n, ludiaren zokoenean galdutako oian itsu batean Irazuzta'tar Jon Andoni il zaigu.

        Ua ere, zorigaiztoko guda zakarraren erre-opari. Beste askoren artean, aberriko mugartetik iraitzi zuen guda lotsagarri, lazgarri ark. Etzenuten gudaburrukarako yaioa, bizi baketsu ta narerako baizik. Ezin izan zuen egari Euzkadi'n falangista odolgorriak biztu guda zakarra, eta biotzez maite zuen lurra utzibearrean arkitu zan. Naiago izan zuen erbesteratu, bere anai errukarriak odoluxtutzen ikusi baño. Abertzale zintzo, euskalzale gartsu, ezinezkoa baita bat ori beste au gabe, Alderdi'ko aldun Gipuzkoa'tik autatua izan zan 1936' garreneko urtean. Baiñan aren aldun-aroa etzan luzarokoa izan. Laister falangistek guda lertu-azi zuten Iberi izarokian, eta gure aldunak sakabanatu ziran.

        Tolosa izan zun sorterri. Garai beteko Tolosa euskalduna, Arrese, Lizardi, Lertxundi, Lopez-Mendizabal, Eizagirre, Orkaiztegi eta Labayen'en Tolosa. Ez gaurkoa, erdi-erdelduna, ar-yoa, iroldua zugatz pitzatua antzo, erbeste-pipiak zulatua. Ez, Jon Andoni Tolosa yatorren seme zenuten, beraz euskaldun uts eta osoa, burutik oiñetarañoko euskaldun yatorra.

Ludia-zear itzul-iraulka ibilli ondoren bere bizia Yainkoaren zerbitzuraño eskeñi zuen. Mundu maltzurraz gogaiturik Pasionista-mixiolari egin zan, sinisgabeak sinisbideratzeko, eta igaro iraillean meza berria eman zuen irurogeita xei urtetan. Ez genuen uste garai artan, apaizgo ain laburrik izango zuanik. Lur yota entzun dugu aren il-berria, euskal-idazle azkar galdu dugulako batik bat. Euskal idazleren batek uzten gaituanean, biotza bularpetik iradoki, erauzten didatela iruditzen zait. Gutxi gera eta gutxitik ebasten ba'digute, nora bear du gure buruak, gure etorkizunak? Saiets ditzagun gogoeta beltzegiak, idazle aundiak landu euskal arloan sartzeko.

        Euskal aldizkarietan an-or, bere idazlanak erein zitun, baitare egunkarietan. Itzaldiak ere egin zitun Tolosa'ko batzokian, baita erri artatik landa. Irazusta'ren euskal-lana ondoraño, sakonet raño aztertzeko, Euskadi'ko agerkariak oro astiro miatu bearko nituke Jon Andoni'n urratsei yarraituz. Ezinezkoa izan ordea, egingo ori. Ua bezela, ni ere, atzerri-aldi latzenaren mende arkitzen naiz, eta erbestean euskal-bidean ari geranok, luma ta papera ditugu doi-doi, bide-lagun bakarrak. Beste lanabasik gabe zail egiten zaigu gere lantxoak bear bezela borobiltzea.

        Zorionez alare, Jon Andoni'k, aberrian sortu zitzaion euskal-garrari erbestean pizkor eutsi xion, eten gabe bere gogo-sutegira euskal maitasunaren egurra eskuka yaurtiz. Eta bere-biziko idazlanik oso eta baliotsuenak atera zitun aipatu euskal-sutegitik: «Joañisio» eta «Bizia Garratza da» alegia. Euskal-oianeko eleberri-gilleen artean auxreneko maillan yarri zitzaigun aipatu eleberriekin. Geroago Ian aundi biok bear bezela aztertuko ditugu.

 

        ELEBERRIA MENDEAK ZEAR.

        Euskal literatura nobelariz urri zaigu, elertiera orrek langille gartsurik izan ba'du ere inguruetako elertietan. Alare eleberri-kera ez da ain zarra gaur ageri duen edapen eta zabaltasunez. Elade zarrean, elerti-mota geienen gallurra iritxi ba'zuten ere, eleberrigillerik etzan ezagutu. Eliodor, Long eta Xenopon Zarrak batik bat, eleberri asezeko idaz-lanak ondu zituten, gaurko eleberritik urruti-xamar eta alde daudenak. Latiarrak, aipatu elendarren yarraile zintzo bai'ziran, etzuten aiek baño asko gorago yo arlo ontan. Apulei eta Petronius'ek urratuxe zuten eleberri soroa, errigizantz eta oiturazko idazti zenbaitetan, gaurko maratilla ta sakontasunik gabe. Istoriak garai artan gaurko eleberrien utsunea bete oi zun, edeslariek, ipui; mithologi ta mirariz gertakizun ziñak nahasten bai zituten. Olerkiak ere, nolarebait, utsarte ori gonburutu oi zun, gizandi ta andere urenen eginkizunak arrigarriro goraipatuz beti ere erriak ortarako erakutsi duen zaletasuna asetzeko.

        Erdi-mendean, roman, romanze edo zaldun-eleberriak garatze izugarria ezagutuko zuen. Zaldun-eleberriok, irudimen utsaren zitu zenituten, amets zoro ta gertari gertagaitzenez gañezka. Zaldun eta aien eginkari arrigarrienak izan oi zenitun eleberri-ardatz, irudimen beroenak amestu zitzaken mentura ta gertariz apainduak. Egun, eskuartera orduko, irakurlea lo-araztekoak dituzute erdimendeko zaldun-eleberriok.

        Amaseigarren mendean Cervantes eta Rabelais'ek zaldun-eleberriok parregarritu zituten «Don Quixote», «Gargantua», «Pantagruel» idaz lan ospatsuekin zaldun ameslarien lillura zoroei azkena emateko. Rabelais'ek oar-ikasiz ta bulkoz beteriko mundu berri bat erakusten digu, Cervantes'ek aldiz, amets-iario mugaz-goitikoari neurriz beteriko yardespena ematen. Biok eleberrien mende zarra buka ta berriko ateak irikitzen ditute. Arrezkero eleberri-elertiak zabalgo aundiena ezagutuko du Europe'ko literatura yakintsuetan.

 

        ELEBERRI MOTAK.

        Mota askotakoak dituzute eleberriok idaz-mami edo gunari gagozkiola. Aipa ditzagun baten batzu gure euskeraz ere bereizgarri dirala tinkatzeko:

        Edesti-eleberri: idaz-gunerako darabilzkin giza-emakumeak, istoritik artzen ditu, iñoiz ezuraragizko izanak bai'dira. Aien inguruan eleberri lariak egizko gertakizunen gainera berak amestuak bilbatu oi ditu. Artzai-eleberri: eleberri onen mami artzai ta baserri-yendeen oitura xamurrak izan oi dira, geienetan xalo ta biozperak. Irakas-eleberri: asmatu ipui baten yantzipean pilosopi, erligio, geograpi eta beste berein yakintza mota nahaskatzen ditutenak. Aldarte-eleberri: gertari arrunt eta mingabeak oñarritzat arturik irakurleari irri ta par eragitekoak. Ziri-eleberri: oitura ta gizakumeak alaiki ta garratzki zeatzekoak. Eskutitz-eleberri: eskutitz eran eleberri lagunen artean gertatuak konta oi dituena. Oitura-eleberri: oitura, griña ta giza-ibilbideak sakonki 'azterkatzen dituena. Barne-eleberri: giza-asmo izkutu eta irritsak zaratzen dituena. Sikologi-eleberri: eragin gutxiko baña sendimendu azterpenez yantzitakoa. Mentura-eleberri: ibillaldi, mundu-ikusteak, irudipen eta ametsez, zenbait izadiyakintzaz naasirik, antzetsuki yaulki oi dituna. Espata-eleberri: gizakume oldartsu ta burrukarien egiñez yosiak. Polizi-eleberri: egun ain zabaldua, lapurreta, erailketa, giza-auzi zakarren inguruan bilbatua.

        Yakiña, bereizketa onen ariora ezin ditzakegu zenbait eleberri sailkatu. Ba'dira guziotatik zerbait naasturik dakartenak ere, geienak ordea muga oien artean zedarritu ditzakegu.

Aipatu eleberri-mota guzietan idazle ezagumak ibiliak dituzute, amaxeigarren mendea ezgero, literatura aundien barrutietan. Gure artean berriz, azken berrogeitamar urte auetan baizik euskerak ez dizu sarreraik izan. Eleberrigille ots-andikorik erne da orratio Euskalerrian ere erderaz ordea. Mendeak mende, ipui iñozoenik ere etziguten euskaldunek eman.

 

        ELEBERRIA EUSKADI'N.

        Orok dakizue gizakumeak beti ere eleberrietara makurtuak izan dirala. Aldi ta alde guzietako lera orixe, Euskalerrikoa ere bai. Baña gure ar tean aberri izkera leozpetu ta zapuztua bai geneukan, euskaldun eleberri-zaleak ere erderaz baizik ez dute irakurri, euskera ta euskal-gogoaren ondamendirako. Ataka ezarri bear ondamendi orri eta, noizbait, euskal eleberrigilleak sortu ziran.

        Emeretzigarrenean, Elisanburu olerkari trebeak, eleberriz egindako lendabiziko euskal liburutxoa eskeintzen digu «Piarres Adema». Eleberri baino liburuxka onek egokiago luke oitura-ipui izena, Piarres Adema'ren gertakariak, ipui tankeran edesten bai dizkigu. Erri euskeraz, elerti erpiñez arduratzeke, esku zailuz idatzia. Ordurako ipuilari zenbait euskeraz asiak zenituten agerkarietan. Ez da ain ezaguna ere Elisanburu'ren eleberria, bañan merezi luke ezagutu zedin. 1946'ko urtean «Editions Eskual-Erria»k «Piarres Adema»ren lehen zatia argitara zuen.

        Geroago Agirre'tar Txomin datorkigu. Azkue zanaren Euskalzale aldizkarian (1897) «Auñamendiko Lorea» deritzan edesti-eleberria atalka argitaratzen du. Arrezkero liburutxo baten bilduta zabaldu zuten. Ageri agerian yartzen digu Txomin Agirre'k liburutxo ortan, gure izkera zegon leozpetik yaregiteko garra. Garai artako eleberrigille arrotzen bideetatik oldartu zitzaigun, romantiku-eleberrilarien urratsetan alegia. Bizkaiera aberatsa, gipuzkera garbiz nasia darabil. Liburu ortan nobelarako zitun doaiak nabarmentzen dizkigu, naizta darabillen euskera erdi-aizun agertu. Gazte zenuten oraindio eta ez da arrigarri. Bañan bere biotz arragoan euskera bear bezela aztatu ta goritzen asia zitzaigun, arotzak burni erdoitua sutegian bezela, ukaldi neurtuz gogara iruditu eta moldatzeko.

        Gertu-lan orren ondorea «Kresala» izan zenuten, Benetan ondore bikaña. Agirre'k eleberri ortan iarion zuen zirradaz yabetzeko, Bizkai-itsas ertzeko bear luke irakurleak. Gure arrantzaleen ekandu eta izabete bete-betea antxen arki ditezke, kera zailu ta bizkorrez edesiak. Orixe'k euskal literaturan (Euskal Esnalea) Agirre'n eleberri bikañentzat yoten du «Kresala». Ene ustez, berezkoago da urren argitara zuen «Garoa» baño. Bear bada, azken au, aurrenekoa baño apañago, aberatsago euskera ta giza-bilbeari gagozkiola. Geienak idazlen onen lan aipatuentzat daukate. Euskalerria'n «Kresala»k baño zabalgo aundiago izan zuñ «Garoa»k gipuzkera yori ta argiz idatzia zetorrelako.

        Agirre'k euskal-eleberri-gilleei yarraibidea erakutsi zien. Geroztik agertu ziran Etxeita'tar Imanol itxasgizon azkarraren «Josetxo» eta «Jaioterri Maitea», Mundaka errixka txanbeliñaren giro-emez mamituak. Artzai-eleberrian taldeko, oro goxo oro ezti dagerkigu idazle au, xamurtasunez kuin-kuin.

        Ondoren Azkue yaunak «Bein da Betiko» bizkaieraz eta «Ardi Galdua» gipuzkeraz, eskutitz-eleberria, eskeintzen dizkigu. Leaburu'ko euskera yatorrean antolatua, euskal oituraz ornitua, txukun aski idatzia.

        Barbier yauna sendoago datorkigu «Piarres» muga-gizonen oitura eleberriaz. Euskeraz nobela-arloa zaratu dutenen artean garaienetakoa noski. Benetan euskera aberats, irudi argi ta biotzordo sakorez mamitua.

        Anabitarte'k «Donosti» eta «Usauri» idatzi zitun, biak Euskeltzaindiaren saria irabazitakoak. Idazle bikaña au ere. Azkenez Agirre'tar Toma errezildarrak zerbait argitara zun, bañar onen idazlanik ezin izan dizut eskuratu, guda-izurri gaiztoak artean yo bai gindun gure elerti iturria zearo agortuz.

        Aundizka bada ere, Jon Andoni'ren aurretikoak aipatu ditugu, beaz gurearen lana aztertu ta arrotzeko ordu dugu.

 

        IRAZUSTA'REN ELEBERRIAK.

        Kera nortasunaren agiri baldin bada, gizon ortzargi ta atsegin bear zuen Jon Andoni'k, ikusargikoa ere bai. Ba dute aren eleberri ederrak argi-yario, bizkortasun, zailutasun. Izkera giza-gogoaren izpillu izaki, antxen ikus ere dezakegu gure idazlearen irudi islatua.

        Eleberrigilleak lan osoa erne-aziko ba'du, bere gogotiko zerbait ezarri bear die gertari-lagunei; barre-giro ta zaletasunak nolarebait azaleratu bear, ditu aien bitartez. Jon Andoni abertzale zintzo eta euskaltzale aratz zenuten, noraezeko doaiak euskal-idazlearentzako. Ozen aski mintzo zaizkigu bere eleberriak barna idazlearen abertzaletasun eta euskaltzaletasuna.

        «Joañisio»n Euzkadi'ko oitura eta giza-irudiak esku trebez taiutuak ematen dizkigu. Nun-nai irakurleak edespen atsegiñik arkitzen dizu Ez ditu gure erritarren izaerak, zenbait erdel nobelarik egin duten gisan, parregarritzen. Irudi baten batzu, noski, besteak baño parregarriago ageri zaizkigu, oien izakera ta iarduera nabarmentzeko: orrela Amezketako apaizarena. Erdel kutsuzko aren itzaldia, nexka-mutil gazteak mugonez ta mugaitzez xeatubearra, parregarri dira nunbait. Bañan oitura-eleberritan, ziri-eleberritan egin oi danez, yokera zenbait bulartu oi dira parregarriro, makurrak zuzentzeko.

        Aren giza-irudiak benetako giroz oretuak daude, iñola ere ez aizunkeriz. Ezur-aragizko dira, gure artean ikusi oi ditugun gizon emakumeak beze lakoak. Aien ardurak, aien goganbearrak, aien yardunak egunerokoak dira. Zeñen txukun eta egoki adiraziak.

        «Joañisio» Ameriketara bearturik arkitzen da, basetxea ainbeste azkazirentzat extu gertatzen dalako. Orra gure baserrietako tragedi ituna. Etxealde urri ainbeste senidentzat, senideok sasoira eltzen diranean batik bat.

        Panpa'ko inguru, landa-zabal eta bizi goraberak begi pizkorrez aztertu ta idaztortz apainez edesten dizkigu. Joañisio'ren ango bizi-modu gogorra, diru aurreratu bearra, urrutiko yaioterriaren antzia. Ia berrogei urte, Pampa zabalean lanez itotzen txanpon batzu zartzarorako pillatzeko.

        Zeregin zakar ortan gaztetasun guzia igatu ondoren, berriz ere aberriratzen zaigu, atseden pixkat artu naiez. Berandu, bera 35 urte gazteago dan illobarekin ezkontzen da. Euskal-emakume gurbillen etsipena ere nabarmenki agontzen zaigu Jon Andoni'ren eleberrian. Berriz ere, aberri garra erakusten digu Joañisioren garbaia azaltzean. Amaikatxu bider damutu zaio Ameriketara yoana, Aberria utzia. Ezin izan ditu antzi Euzkadi'ko lurralde zoragarri ta politak. Bere azken orduan auxe diotso apaiz-yaunari: «Nik ere ba det zerbait esateko: Ameriketara joandako damua». Irakaspen ederra Joañisio'rena gure gazteentzat, ots Aberri lurrean tinkaturik bear dutela, iñoiz ere gure asaben lurraldea uzteke.

        1950 garrenean, Buenos Aires'en «Bizia Garratza da...» argitaldu zuen. Ene uste laburrean, aurrenekoan baño eleberrigille garaiago agertzen zaigu azken liburu ontan. Eleberri-lagunak euskaldunak izan arren, giza-malla goragokoak dira. Ikasiak, sendi oparogoetakoak. Bear ba'da Joañisio baña ameslari ta mentura zaleagoak dituzu, diruak baño are mentura bearrak Ameriketaratuak. Gomez Lekuberen izantza oso ta borobillenetakoa da. Aren ibillaldi eta mentura otsandikoak, Amerika'ko ibai aundi ta oian-sarriak barna kontrabandan ibilli zanekoak, edesten dizkigu. Algortan yaioa izan arren, Gomez Lekuberen entzutea zabal zebillen lurralde bero aietan menturarien artean.

        Alare, emaztekien izantzak, ene gardiz, egokien taiutuak agertzen zaizki aipatu eleberrian. Gañera gure artean idazleek gutxitan erabilli oi dituten auzi sakonak ere garbitzen ditu nobelariak. Sikologi-eleberrien artean ere, eluke Jon Andoni'renak iduri gaiztorik egingo, ez orixe. Benetako nobelari agertzen zaigu ementxe. Ba dira erderazkoetan gurearena baño ogei ukondo petik daudenak, alare eskuz esku dabiltzanak.

        Nobela-notiñak mugitzen diran lurralde ta ikuspegiak ere ezin obeki irudikatzen ditu lurralde aietan bizi izandakoak soilik egin dezaken trebe tasunez. Oian itsu ikugabeak, ibai aundi ta neurtu-eziñak. Gertaera geienak Kolonbi'ko baso-sarrietan jazoak dira, Magdalena ibai urtsu ta aundiaren billaldeetan.

        Zinez, Tropiku eta Amerika'ko oian eta ibai larrien inguruan nobelarik asko idatzi da erderaz azken aldi oetan; aipatuenak kolonbiar Eustasio Riveraren «La voragine», venezuelar Romulo Gallegos'en «Doña Barbara» eta portugaldar eleberrigille ospatsu Ferreira de Castro'ren «A Selva». Irazustarenak aien indarrik, aien arrandirik ez dizu, baña sakontasun ta biotzondo geiago bai noski. Aien eleberrien guna griñatsuago baita lizunago ere, ez ordea gurearena baño zintzoago, egizkoago. Ez nuke gure Jon Andoni aien ondoan ezartzeko lotsarik. Ni neuk lenagotik ere lurralde aiek ezagun bai ditut, barne ximiko ta eragiñik nabaitu dizut «Bizia Garratza da...» ren orrialdeak irakurtzean. Eta nik bezela beste edozeinek ere, atsegin sakon ta osoena arkituko du eleberri ortan noski.

        Deus gutxi esan dugu darabillen euskeraz. Izkera argiaren eta ugariaren yabe zan idazlea. Ori dalata aren idaztiak neke gabe irakurri ditezke, naizta erri euskera utsa besterik yakin ez. Darabilkin izkelgia Tolosa inguruetakoa da, batere aldatu gabe. Aditzerak ere inguru aietakoak dira, eta noizikpeinka aditzkera zabalagoetara oituta daudenen irakurketa lausotu dezake. Alare izkera orrek, dan bezelakoak, bixigarri ta nortasun damaio Irazusta'ren kerari.

        Itz batez esateko, garai ontan, bearrezkoen zitzaigun garai ontan, idazle bikañenetarikoa galdu du gure euskerak; ba'du beltzez burua estali bearrik. Euzko-Gogoa'n ari bai naiz, gure aldizkariak ere ba'du samintasunik aski. Bi urte doi-doi aldizkaria sortu genuela, ta lankide bi galdu ditugu: Irazuzta eta «Amayur» Strabon'en geograpia euskeraz eman ziguna.

        Nere lantxo au bukatzerakoan idazle bion gomuta goraipa nai izan dizut. Goian beude bi-biak Irazusta'tar Jon Andoni Aita eta Sarobe'tar Pantzeska aita napartar argia eta adiskide miña. Gaindegi artatik lagun betozkio gure izkera errukarri ta jasartuari.

 

Paris'en Jorrailla 1952

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.