Euskera
Euskal-aditza
Etxaniz'tar Nemesi
Gure aditza aspaldi ontan gaxorik da nunbait. Nunnaiko idazle ta jakintsuak ebaiketa-mai aurrean bai-leuden, gure aditza gaxoari (erderaz ijakiña!) makiñatxo bat zatiketa egin dizkiote. Baña onenbeste iritzi ta «caracter pasivo»kin lengo illunpeak geitu besterik ez dizkigute egin.
¿Ez al-da bide errezagorik gure aditza erakusteko?. ¡Bai, aixa!. Nere lan onek, Orixe, Larrakoetxea, karmeldar Aba ta Donostian buru-be larri euskera erakusten ari dan emakume baten erakutsiak izan ditu laguntzale. Nerea biltze-lana bakarrik izan da. Luzatu gabe, ba arira.
SARRERA
I
EUSKAL-ADITZAREN IRU LAGUNAK
Euskal-aditza buruetan sartzeko, lenbizi, latera ta gaztelerak eman dizkiguten gramatikeri guztiak aztutzea degu bearren. Lurpera ditzagun ba lenbailen.
Gure aditzak IRU LAGUNI estatu ematen dio. Iru lagun auek bataia ditzagun nolabait. Erderaz, paciente, agente ta recipiente izena ematen die. Orrez gañera, beste izenak ere ba-dituzte. Paciente ordez, complemento dircto, predicado ta acusativo. Agente ordez, sujeto activo (sujeto pasivo ta sujeto-paciente beste saltsa batzuetarako bear izaten dituzte). Recipiente ordez berriz, complemento indirecto ta dativo izenak erabiltzen dituzte. Ba-degu izen eta naste.
Euskeraz errezago bataia ditzagun. Iru lagunetatik lenbizikoa, ta euskal-aditzak beti dakarrena, ADITZ-MENDEKO da. (Erderazko paciente dalako ori), Aditzmendekoa, lagun soila da, lagun arrunta. Ezeren apainketa gabe agertu oi-da.
Adibidez: AITA dator. AITA dakust.
Aita dezu or bietan aditz-mendeko. Izan ere, aditzaren gertakizunak mendean artzen du Aita. Etortzea ta ikusteak, Aita dute gai ta mendeko.
Erderaz ari ba-giña: Viene el padre. PADRE, sujeto esango genduke. Veo al padre. PADRE, paciente, esango genuke.
Euskeraz ez orrela. AITA dator. AITA dakust. Bietan, AITA, aditz-mendeko degu. Biotan, AITA, soil dator; eta orregatik, soñeko berdiña ta lanbide berdiña dakarrelarik, biotan izen berbera damaiogu euskeraz.
Euskal-aditzaren bigarren laguna, ADITZJABEA degu. (Erderazko sujeto activo dalakoa). Aditz-jabea kapeladun zalduna dezu. Kapela ori, berekin azkenean dakarren «K» da. Izki au beti berekin dakar aditz-jabeak. Orrek jazten du beti, naiz eta bakarra izan aditz-yabea. Onela: Aizeak euria dakar. Aitak ogia dakar.
Euskal-aditzak artzen duan irugarren laguna, ADITZ-ALBOKOA degu. (Erderazko recipiente, alegia). Onek eskuan makilla ekarri oi-du. Makilla ori, aditz-albokoak atzen ekarri oi-dun «ari» atzizkia dezu. Lagun au, saieska bezela artzen du aditzak, eta orregatik aditz-albokoa deitzea bururatu zait. ¿Adiskide al-gera esanetan?.
II
IRU LAGUN AUEK NOLA BEREIZI
Iru aditz-lagun oiek berezteko bidea, oso erreza degu euskaldunok.
ADITZ-MENDEKOA billatzeko, galde zazu: Nor?.
Onela: Aita dator. ¿Nor dator? AITA.
Aita dakust. ¿Nor dakust? AITA.
Aditz-mendekoa gauza danean, galde zazu: ¿Zer?
Euria dator. ¿Zer dator? EURIA.
Etxea dakust. ¿Zer dakust? ETXEA.
ADITZ-JABEA billatzeko, galde zazu: ¿Nork?
Aitak ogia dakar. ¿Nork dakar? AITAK.
Aditz-yabea gauza danean, galde; ¿Zerk?
Aizeak euria dakar. ¿Zerk dakar? AIZEAK.
ADITZ-ALBOKOA bereizteko, galde zazu: ¿Nori?
Aitak ogia dakarkio semeari. ¿Nori dakarkio? SEMEARI.
Legorteak negarra dakarkio nekazariari. ¿Nori? NEKAZARIARI.
Aditzalbokoa gauza danean, galde zazu; ¿Zeri?
Ura dario ontziari. ¿Zeri dario? ONTZIARI.
Oar auek aldiz aurrez eman ezkero, askoz errezago degu euskal-aditza adieraztea. Euskerak berezten ez dituan gauzak (erderak bereizi a rren), ez ditzagun bereizi. ¿Zertan ibilli erderaz bezela, sujeto-paciente, sujeto de verbo intransitivo ta paciente esaten?. Euskerak bat egiten ditun ezkero, izen bat erabilli dezagun euskeraz: aditz-mendekoa. Onela zuzenago ta garbiado joko degu gure aditza ezagutzen.
AITA dator. AITA dakust. ¿Nor dator?. AITA. ¿Nor dakust? AITA.
Aita itzak, lanbide berdiña ta jazkera berdiña dakar biotan. Orrez gañera, galdera berdiñari erantzuten dio biotan. Euskerarentzat beaz, biotan AITA aditz-mendeko degu.
AITA dator. AITA dakar. Lenbizikoan «Aita», aditz-mendeko lanean dator. Bigarrenean, aditz-jabe bezela datorkigu, eta orregatik «k» ezartzen diogu azkenean: Aitak dakar. Ez ba esan (erderaz ala diralako) euskeraz ere, biotan sujeto danik.
Erderaz bai. Viene el padre. El padre trae. Biotan erderak aditz-jabetzat saltzen digu «el padre».
Aspergarri ez egiteko bertan moztu dezagun gaurko jardun au. Urrengoan alor barruan sartuko gera. Atsalde on, irakurle.
|