Euskera
«Euzkalerria» atzo goizeko itza
Orixe
Ruiz de Galarreta iaunak arrotu du auzia: ez dugula Euskadi bearrik; aski dugula gurasoen Euskalerria.
Lenbizi, ez dira gauza bera. Euskadi'ekin, «bere iabe izan bear luken erria» adierazten dugu, ez erri baten izena nolanai. Gure aurtzaroan zer zan Euskalerria? Orain Zamora ta Salamanka aiña, Españia'ren zati bat, eta ala erantzuten genun, gurasoeri ikasirik. Zer da gaur ere, Prantzipean dauden euskaldunentzat? Bidasoz egoaldera ez Euskalerria ere: Espainia. Amaika aldiz esan digute euskeraz eta prantsesez erriko euskaldun iatorrak, ez iru edo lau iakintsuk: «Chez nous c'est le Pays Basque; chez vous c'est l' Espagne». Erri erriak au dio. Au gezurtatuko dun mutillik ez da agertuko. Eta nola zeritzaten arabar erdaldunak eta napar kokoak? alaveses, navarros; pero españoles. Gure egunotara arte ez dugu ezagutzen euskotar guziok barnean artzen gaitun izen bat. Len lenago, ba'liteke; bañan ez dakigu. Euskalerria millaka urte ditun itza?
Nere ustez asmatu berria. Euskaldun eta euskera, bai, zarrago dira. Nik ez daukat nerekin batere libururik, bañan eun ustez goitiko liburuetan noiz eta non ageri da Euskalerria? Euskalerriak, bai, asko bai'liran. Aita Bartolo markiñarrak «Euskalerrietaco dantza eta olgetaen gatz ozpinduba» ipiñi zion bere liburu bati; Iturrino'k Euskalerrietan esaten du «Markesaren alaba» bertso aipatuan; «Zazpi eskualherriak bat egin dezagun» asten da Zazpiak bat'ekoen goratzarrea. Irurak bat asi ziran lenbizi, gure urteetantsu; gero, laurak bat, azkenik, zazpiak bat. Euskalerria bakarra non agertzen da? Eta anaitasuna?
Larramendi bere Gipuzkoarekin, Iturralde ta Oloriz beren Naparroarekin (Campion asi zan Naparroan gure erriari izen bat ematen; eta geienez Euskaria ta euskarianas); Arana Goiri anaiak beren Bizkaiarekin; Luis eriotzera arte. Sabin ek ezagutu zun Bizkaian lenik euskotarren anaitasuna, ta izena Euzkadi ipiñi zion gure erriari. Aren ondotik asi ziran Arantzadi ta giputzak, eta au aiña erabili danik ez da, etxetik landa ere. Gorri komunistek ere ere artua dute. Errepulikano otxepel batzuk asi dira baztarrak nasten. GERNIKA'n erantzuten dutenak auek dira:
Krutwig: Bi gauza omen dira Euskalerri ta Euskadi: onek lege-erri edo adierazten du. Zergatik ez odol-erri ere?
Veyrin: Odol-erri edo end-erri dala ari da. Orra bi iritzi elkarren buruzki.
Ibinaga: auzi au alper eta galgarri dala dio. Ala da izan ere.
Rey Apeztegia: Millaka urteetako izena omen, eta gure erritarren buru-muiñak asmatua. Ikusi dugu ezetz. Nik lenengoz Manterola'ren Aldizkarian irakurri nun. Karlisten alderdiiak erabili oi zun, bañan Españiaren zati bezala.
Dufau: Len-lenbiziko itza omen. Ikusi dugu ezetz. Euskadi atsegiñago omen da belarrirako.
Sallaberry. Onek ere bi gauza oiek aitortzen ditu: millaka urteetako itza, lenengoa, ta belarrirako goxoagoa bigarrena.
L. Mendizabal. Ibinaga bezalatsu ari da. Artikulurik ederrenak bi euskerazkoak. Juanmartiñena: aizea ta putza ta besterik ez.
Berro. Gure erriaren izena Euskalerria da, ala izan da, ala izango da, diago. Biak, adiskidea, baña Euskadi zabalago doa.
Campion'ek berak ezagutzen zun, euskotar guziak batean artzeko, itz ori poliki biurritu bear zala (bi tokitan dio R. de Galarretak kopiatzen dun artikuluan); ez omen da asko asko biurritu bear. Ez, zera! Nork esango dio euskaldun Naparroako koko bati? Nork esango Euskalerria euskeraz tutik egiten ez dan errialde bati? Neretzat belarri mingarri da, beintzat, eta beste askorentzat ere.
|