L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Epaila-Yorraila. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Antze ta eder

Croceren Argibide Bikaiña

 

Orixe

 

«Agerian ipiñi dugu, dio Crocek, (155,6) antzea antze danez, onuraren naiz ontasunaren naiz beste edozergandik bere jabe dala». Obe zenduke gizagaxo orrek! Ala da, baña ez zuk diozulako. Liburuaren 48'garren orrialdean saiatu zera, bai, baña iges-antzean. Amairu lerrotan azaldu uste du Crocek argibide nolabaiteko ori. Azter ditzagun.

        «Margolari batek illargi garbi-errañuz ematen digun zirrara, geografu batek zirriborroz ateratzen dun lurralde-ingurua, musika samur naiz bizkor bat, lirika-asperen zenbait, eguneroko eskabide bat agindu bat, zinkurin bat, eta abar, iduripenezko gauzak izan ditezke naski, aietan aditzapen zantzurik ere ageri ez dala». Argibide bizkorra! Berak ere izan ditezkela baitio. Crocek, nik uste, ez du eritziko iduripen ori, begiztapen ori, bein-beingo begi-zizta utsa; baita luzexeago so egitea edo begiratzea ere. Nola alderazi gauza oietatik oroitzapen oro, aditzapen soilak oro buruzko arr-eman oro, iduri utsa da kusaten animaliekin berdindu nai ez ba gaitu? Ola jarraitzen du:

        «Adibide oietaz dana dala (ara!) gizon landuaren iduripenik geienak aditzapenez ernariak dirala aitortuta ere (orra!) ba du gu oar-bearragorik eta arrazoi zapalgarriagorik». (ikusten!) (Ibid). Amairutatik sei lerro itzuli ditut: ikus beste seirak:

        «Idurikizunez naste arkitzen diran adikizunak, nasita dauden ezkero, ez ditezke adikizun iritzi, beren jabetasuna galdu baitute. Adikizun izan ziran, baña orain iduri-gai uts biurtu dira». Ots bada! Arrazoi bitxia! Idurikizuna ta adikizuna elkar naste ba daude, aditzapena iduripenarekin eta iduripena aditzapenarekin naste egongo dira naski. Ori zozoak ere ba daki; Croceri ordea bestera derizkio. Ortaz, adikizuna idurikizunari lotua, ta iduripena aditzapenari lotua. Ez alare, dio Crocek. Zergatik ez? Adikizunak, naste ortan bere jabetasuna galdu egin omen dulako. Ta zergatik ez idurikizunak? Ez digu Crocek adierazten. Orizu: emendik begirata aurrez-aurreko espaloia kalearen beste aldeko ua balin ba da, andik begirata ez al da au aurrez-aurreko espaloia izango? Berdintsu esatea da, nai ta nai ezko ar-emana baitute elkarrekin. Idurikizun oiek ez dirala adikizun nasirik daudelako? Bai; adikizun argituak, iduriztatuak. Naste ortan idurikizuna bereiz ta bere jabe gelditzen dala agertu bear liguke Crocek, eta orain arte esanetatik berdin acera diteke adikizuna ere bere jabe gelditzen dala. Baña ez bat eta ez bi adierazteko antzerik ez du izan Crocek. Argitasun guzi ori dakargero maiz liburuan, izar orren argitara bialtzen gaitularik! Itzik isildu bage itzuli dut euskerara argibide oso ori. Ta Unamunok «obra de segura y robusta filosofia» deritza liburu oni (8, 19). Ze bildotsa Unamuno!

        Ta bein ta berriro argibide ontara jotzen du, zearo arrazoiztatu luken gisan. «Jabetasun au bage ezin itzegin liteke, dio, (155, 8) antzearen balio bereziaz, ezin asmatu ere liteke Estetikarik, nai ta nai ez antzearen jabetasuna eskatzen baitu». Baña Crocek jabetasun ori, menpeko bage ori, ez baitu adierazten, ezin itzegin dizaguke bere Estetikaz.

        Nolabaiteko gizon oen betiko kezka antzearen jabetasuna da, ez egizkoa, okerrekoa. Crocek zearo bereizten du geienez bere liburu an buru-antzearen Estetika ta buruz landako antzearena; baña bein baño geiagotan batetik bestera burruntzalia sartu ere bai. «Ongi da, antze-gauzak ager-berritzeko aukera geixago ematea; ni ere aburu ontakoa naiz, dio. Oitura onan aldeko lagunarteak eta antze-lan lizunen kontrako auziak utzi izkiegun azal-utseri, gizagaisoeri ta alperreri». (156-1) Aizeputza! Zertako esan zun lentxeago, [155-28]: «orregatik, iduripen bat aukeratutakoan, gogoeman diteke oraindio, zeiñi, noiz, nola azaldu; protxuaren eta oituran legepean sartzen baitira azaldu ezkero"? Utzi bezaie, bada, pakean, Estetika bestera aditzen duteneri, ta bere Estetikaren oiñarria sendoago ipini beza, dagon bezain kolokan utzi bage.

        «Buru-antzeaz ematen dan iritziak ez du ikustekorik antzelarien on-gaiztoarekin eta aren begira-bearrarekin, antze-gauzak asmo biurrietara artu ez ditezen, arengandik alde baitaude, buru-so utsa asmo dula». [156, azken]. Ortaz, iduri lizun bati buru-barnean so egitea, ez begi-zizta laburrez, ez da gaiztorakoa antzelarientzat, eta beura gaiztorakoa gertatzen da buruz landa ikusten dutenentzat? Jakinlari argia! Unamunok «ilustre filosofo napolitano» deritza. On dagiola!

        «Oitura-legeak, antzearen jabetasun ori ontzat ematea bear du asmo, orri mugarik zabalenak utziz». [156-6] Oitura-legeak ez du txartzat ematen, gauza lizun bati, ezeren ondorenik bage so egitea; baña ez Crocek nai dun bezain muga za balak emanez.

        «Nolanai ere, dio, [ibid.] ez luke lekurik Estetikaren iturburura jotzeak [antzearen jabetasuna baita], artatik anzelarien gaiztoeza ateratzeko, bere iduripenak ateratzean lizunkerien saltzale izanik gainekoen atsegin usteleri ederresten ba die, ta jende zarpileri plaza agerikoan pitxi lizunak saldu-baimena ematen ba zaie. Auzi au poliziari dagokio; bestea norberaren barneari». (Ibid)

        Arrazoi du Crocek. Croceren Estetikan, barneko iduripenaren Estetika baita, ez du lekurik, ez du ezkubiderik, kanpora agertutako lizunkeriak. Bai ordea, ustez, barnekoak. Beti berera dator, ots, antzearen jabetasuna argiturik utzi dula. Ta Croce gora bera, len bezala gelditzen da auzi ori. Antzea bere jabe da, bai (ez Croceren arrazoiengatik) giza-lan daneo giza-legeaken menpeko dagolarik ere.

        Bein esan: Crocek iduripena aditzapenetik bereiz ta bere jabe dala aitortzen du baña ez du gauza dan argibiderik ematen. Eguzkia baño argiago erakus ba leza ere, iduripen ori iduripen soil dan bitartean, ez dago, ez oitura-legeen menpean, iduripen lizun bat ere ez baitago-milla aldiz esan-leku ematen ez ba diogu, ta egiñera acera-asmorik ez ba dugu. Zer kontua! Buru-barneko antzea bakarra omen da an tzea, ez buruz kanpoko antze-lana. Au ba litza, oitura-legeen menpean omen legoke. Au da Croceren irakaskizun arrigarria, berria.

        Guri ez digu besterik axola: antze-lana oitura-legeetatik bere eskuko ote dan ez ote dan. Croceren argitasunez len bezala gelditu gera. Obeki esan, berak ere menpean dagola aitortu digu, adieraztea ez ba dagokio ere. Bai, antze-jakintza ta oitura-jakintza beren jabe dira, bi jakintza bereiz dira Unamonok dion «la doctrina del arte» ta «la doctrina de la moral» ori-baña antzea oituragandik bere jabe dala esatea oso besterik da

 

ARGITASUNA

        Antzegilleak eder-lana egin aurrean izaten dun aldiari argialdi esan genezaioke. Argialdi orrek, berebat, iru gune edo txanda ditu: lena, ezagumenari dagokiona, buru-lana, ots, adimen-idurimenen lana: bigarrena barneminaldia, ots, eder-bearraren gaiak antzelariari barrena ukitzea, zirrara ematea; irugarrena, erdialdia edo erditzea bera.

        Galdegin genezake, lenengo atalari dagokionez, edozein gizon antzelari ditekenentz. Kikeron ezkero batez ere, ark esan baitzigun «poetam natura ipsa valere», ots, berez bear dula Billabonakoa, alare, nik uste, berrezkoari ez ezen azibideari ere asko zor zaiola. Zenbait gizon, berenez sorrago dirudite, baña ernatu ezkero, gizon oartu biur ditezke. Aurrena bear da gauza da oartu izate ori. Nork ez du idurimeñik eta adimenik? Oiekin dago aurreneko egin-bearra, ta antzelari ez danak, edo aintzat idukitzen ez dugunak, ez agutzen du alare bestek egiñaren edertasuna, ta sumatzen du bere barnean. «Mirabile est, quum plurimum in faciendo intersit inter doctum et rudem, quam non multum differat in iudicando» (De oratore III-50) Arritzeko da, ikasiak eta ezak eder-lanean alako aldea dutelarik, zein gutxi duten ederr-iritzian. Egin bear, ordea, esango didazu. Bai, baña zenbatek egingo luteke ondo ikasiak ba lira? Artarakoa danak ere, geiago ta obeki egiten ez ba du, zergatik da? Saia nadin au adierazten.

        Gizon oartuaren lana, bakoizkako gauzetara begia zorroztea da lenik. Zoaz basora, ikusten duzu arkaitz bat, illa, ikusten duzu aren gaiñean zugatz bizia, ta aren xarde izkutu batean kabia, bizi obearen itxaropena. Kabi orrek barrenean artille goxoa dauka, kanpotik abarrak eta zoztorrak ba ditu ere. Ikusiko zendun, agian, basora bidean sasiren batetik zintzilika, ardiren batek igarotzean utxi dun txima. Artaz edo alakoaz baliatu da txoria kabia atontzeko. Ikusten duzu, luzaro bage, inguruan duzula txoria, kabira sar naiean. Zozo-bikote balin ba da, ekarriko duzu gogora Euskalerri guziko ipuia; etorriko zaizu burura artaldea, errekan ito zana, alegia; eguraldiaren berritzea, bigarren negua, artzai gaisoaren ondamena, ta abar ta abar. Au da aurreneko lana: gauzak bakoizka ikustea. Orobat esan diteke giza-jardunetaz, naiz ederlan bat irakurtzeaz. Idurimena ta adimena, oraiñarte adiskide dira, besotik dijoaz bakoiz-lan ori ari duten bitartean. Geroago lanak. Oraiñarteko adimen-lan au azterketa edo istudioa da, ta antzelariaren bereizgarri ez ba da. ere, dagokiona da, zuurtzeko gauzarik egin nai ba du. Xea dezagun burubide au giza-jardunetan ere. Ta guzitarako edertasuna batera biltzearren, iduritara dezagun lurr-inguru edo baso-inguru bat, gizona erdikide dala. Esaterako, Daniel leoien barrutian. Aurrenik gertakizuna aztertu bear da: Damelek, gezur-jainko ua pikez, koipez ta illez egindako opillaren bidez itoarazi zula; erregek leoien barrutira sartu zula jan zezaten-eguneko bi gizon ta bi ardi botatzen baitzizkien jaki; sei egunez an egonda ere ez ziotela ezer egin, jakirik bota bage ere; Habakuk igarleak, Jainko egiazkoaren aginduz igitariei zeramaien bazkaria Danieli eraman ziola, biderik jakin bage, Aingeruak illeetatik atzita; bazkari ua jaten pake utzi ziotela; errege joan zala zazpigarren egunean ua negarkatzera, ta leoien erdian eserita arkitu zula, ta oiu aundi egiñez «Aundia zera, Danielen Jainko Jauna» esan zula; ta Daniel barruti artan sartzeko bide egin zutenak berak sarrarazi zitula erregeak, eta Danielen aurrean leoiek lipar batean irentsi ere zitutela Danielen etsaiak Gertakizuna zearo aztertu ezkero, lenengo gauza egiña dago.

        Iduritara dezagun Agustin, arako lorebaratz artan, «ar, irakur» entzuten dunean. Aurreko ta ondoreko ta saietseko zer-nolak oro aztertu bitez ongi, eder-lana asi baño len. Batez ere, iduritara dezagun, egundaiño lurrean gertatu dan baso-ingururik bikañena: «Jesusi Arnasak bultz egin zion. Eta berroegei egun eta berrogei gau basoan zegoan, Satan' ek zirikatuta. Ta eizeekin zegoan, eta Aingeruak zitun mirabe». Markos Ebangelariak bakarrak agertzen digu eizeekin zegoala. Ba dakigu, ordea, orduan ba zirala an basa-eizerik gogorrenak eta odolzaleenak. Bi lerrotan ainbeste gauza idaroki dizkigu Ebangelari orrek: Jauna, izadi guziaren jabea ta nagusia; ageri ziranak oro mendekoak, eizerik ankerrenak ere; baita ageri ez zaizkigun Aingeruak ere. Zer-nola ok banaka aztertu, ta ola, beste giza-jardun naiz irakurketa zenbait aukeran, eta bigarren unea edo txanda dugu urrena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.