L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Epaila-Yorraila. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Psykhologi-gaindiko gertariak

 

Mirande'tar Jon

 

        C) Gogo-lekoreko gertariak.

Oraintxe aipatu ditudanak baiño askoz ikusgarriagoak dira mediumtasunaren gogolekoreko gertairak. Askoz urriago ere bai, gizaki gutxiek bai'daukate eskatzen duten metagnomian mediumtasun-era. Orregatik zenbaitek, naiz telepathian, (metagnomian), baita aurretiko ezagutzan ere siñesten duten, ez ditute egitzat artu nai. Bañan Crookes, Geley, ta v. Schrenk-Notzing'en ospeko yakintzari argiak yakile ditugu egitan gerta ditezkela. Orien yakilegoa naikoa izan bear genuke siñesteko, nik uste.

 

        I.— Telekinesis.

        Gerkeratiko itz ori (esan nai du: urrundik erangindako igikuna, ots, urrutigikuna) mediumen indar-erakusketak dirala-ta erabiltzen da: ikutze agiririk gabeko ukaldi yotzea, gauz aztunen igitzea, e. a. «The London Dialectical Society»k, modern spiritualism'aren phainomenetaz bere iritzia agertu ondoren, Sir Willian Crookes physikari aundia, ardurapetu zuen phainomenok azterketan yarrai zezan. Crookes'ek euki zuen zoriona orrelako indar-erakusketak arrigarriro errexki ematen zituen medium batekin lan egiteko: Daniel Home. Onekin yardun saiaketak azaldu zituen 1871-an «Experimental investigations on psychic forte» izeneko idazki batean. Zion: «Saiaketok erabaki iduri dute ba-dala indar berri bat, giza-soiñari datxikiona oraindik ez bai dakigu nola, eta, erreztu bearrez, arimatiko indarra deitzen al duguna».

        Indar idoro berri ori neurtu naian, aztakin ta tresna ondo asmatu batzuetaz baliatu zan Crookes: ezin beraz esan iduripen baten yostagai izan zanik.

        Geroxeago, Home'n erako beste medium aundi bat, Eusapia Palladino, estudiatu zuten Itali'an Morselli'k, Lombroso'k ta beste yakintzari ta sendagille askok. (H. Morselli «Psicologia e Spiritismo, impressioni e note critiche sui fenomeni medianici di Eusapia Palladino», Torino'n, 1908). Home eta Eusapia izan bide ditugu iñoiz ezagutu diran bi medium aundienak.

 

        II.— Ektoplasma ta ikugaiketak.

        Psykhologi-gaindiko gertari guzietatik, oriek dira baitin ikusgarrienak. Mediuma transan dagola, konortegabe edozein araugaindiko phainomen aundi emateko bezela ekai bat, batzuetan arrea, batzuetan zuritsua, ateratzen da aren soiñetik, aotik, bularretik, ezur-giltzetatik edo sabelpetik, eta ikugaitzen da itxura bereziak ariuz: naiz gauzak dirala, naiz soin-adarrak, naiz gizasoiñ osoak ere. Zenbait aldiz ikusieziña da ekaia mediumetik ateratzean; ikuskortzen da iratxoitxurak ikugaitu orduko. Iraupen laburra dute geienetan itxurok, zenbait iroiren, onenean zenbait minutu; itzaltzen dira gero, eta ekaia mediumaren soiñera itzaltzen da.

        Dr. Geley eugitz aritu zan phainomen orrekin. Al izan zituen ere I. M. I.'ko laboratorian ikugaiketa zenbaiten moldaketak egin. Adi bidez, esku bat ikugaitzen da mediumaren aurrean. Geley'k eskatzen zion eskuari parafin urtuzko ontzi bero baten murgil zedin. Eskua intzitik irtetzean, ezikugaitzen zan ta parafin gogortuzko eskularru bat uzten zuen. Aski zan orduan, eskularruan igeltsu ixurtzea iratxo-eskuaren moldaketa bat eukitzeko. Ikugaiketak idurizkoak ezik bañan bai egiazkoak diralako egiztagarri bikaña moldaketa oriek-batezere beatzak lotuta, biurtuta diranean, Geley'k lortu zituenak lez.

        Geley'k ektoplasma (ekto = at, atera; plasma = eralketa) deitu zuen gizaki zenbaiten soiñetik orrela atera ta ikugai diteken ekai ori. Aren ondotik I. M. I.'ren buruzagi izandako Dr. Osty'k nai izan zuen ikasi ektoplasma zer dan izatez. Garrantzi aundiko saiaketak egin zituen ortarako Rudi Schneider Austriar mediumaren bidez. Oartu zan:

        1. Ektoplasma-ekaiak gorri-petiko leñuruak geldi-erazten dituela. On da ori yakitea, ezen mediumekiko batzarrek askotan bear dute illunpean egin, argizuria ektoplasmaren ezeztagarri da-ta. Bañan gorri-petiko leñuruai esker, illunean ere gertatzen dan guziaz kontura diteke.

        2. Ektoplasmaren eralgintzak arnas-egiteari nolarebai datxikola: ekaia ba-zebillen Rudi'ren arnas-zalantzaren arabera. Ontan billa dezakegu ausaz azalpena, zergatik arnas-aribideek aiñ toki aundia duten Indiarren yoga'etan: yogiek bada araugaindiko gertariak ekartzea dute beren elburu bat. Gogora gaitezen ere izkera aunitzetan batetik gogoa, arima, ta bestetik ats edo arnasa adierazteko itzak yatorri beretik datozela (Spiritus, pneuma, Geist... Azken hatsa eman du, esan oi dugu Zuberoan, norbait iltzen danean).

        Gura izango zuten yakintzariek ektoplasmaren barne-muiña zelakoa dan yakin. Ondikoz, ezin diteke ekai artatik ar: ikugaiketak ezeztatu oi dira norbaitek edo zenbaitek ikutu ezkero. Bestalde, ekaia mediumaren soiñetik ateratzen bai'da, soiñ oren eral-atal bat da noski eta kaltegarri luke mediumak arketa ori. Alaz ere, ikugaiketek berek onetsi dute zenbait aldiz beren ekaitik pitin bat artzea parapsykhologilariek. Txikikuskinpean epithelium-antzeko mintz bat zala oartu dira. Bañan egiazko ektoplasma-ekaia ote zan, ala mediumaren larru-azaleko mintz zatitxo bat, egiazko ektoplasmak aren soiñetik ateratzean eramana?

        Ikugaiketarik ederena izan da, ziur asko, Crookes'ek Florence Cook medium neskatx gaztearekin iritxi zuena: bizidun bat dan-dana iduri zuen iratxo edo izaki bat, Katie King zuena zeukala ta XVII gn. mendeko Ingles neska bat zala bere bizian berak ziona. Agertu zitzaion urte aunitzetan; mundu ontako gizaki bat ematen zuen zearo, Crookes'en gelan ibiliz, an zeudenen izketaldian parte artuz, yakintzariaren aurrai ipuiñak kontatuz... Argazkiak egin al izan zituen ere: Katie King zutik, Crookes'en aldamenean, Miss Cook konorte-gabe zetzala transan.

        Osotasun orren eineko ikugaiketak bakan dira ordea: ia beti erakaitz dira, arpegia baizik ez ondo itxuraturik ta gañerakoa zapiz inguraturik. Edo osotuago diranean, denbora gutxi diraute, laster itzaltzen dira geiago ez itzultzeko. Orraitio, Katie King'en bete zan beste gertaketa bat ezagutzen da, Nepenthes Denmar'eko ikertzalle batzuei agertua, Helade zarreko andragoi bat zala alegia.

 

        III.— Soñaren beryasotzea.

        Doniztiak edesten digu nola santu batzu, txorabio mystikuan zeudelarik, lurretik yasoak izan ziran. Home'k eman zuen aunitz b1der phaino men ori, eta beste medium aundi geienek ere bai. Batzuetan, argazkiak artu al izan dira, airean zeudela zibuka. (Ikus F. Schwab'en lana: «Teleplasma und Telekinese. Ergebnisse meiner zweijahrigen Experimentalsitzungen mit dem Berliner Medium Maria Vollhart», Berlin'en, 1923).

        Irutariko gertariok bi ustekizunen laguntzaz adi dezakegu:

        a) Ektoplasis (ekto = at, atera: plasis = eralgintza). Ekai bat atera diteke giza-soiñ berezi batzuetatik, oraindik ez bai'dakigu zergatik, ez eta zeiñ baldintzetan, ikuskor naiz ezikuskor-antzean.

        b) Ideoplasis (ideia = asmo; plasis = eralgintza). Mediumaren gogamenak edo asmoak eraltzez du ekai ori egin gai duen lanaren arabera —beryakintza-petiko asmoak, yakiña, lotan bai'dago mediuma, transaratua. Nai baidu gauzki bat igitu (telekinesis) edo bere soiña lurretik yaso, ekaia ikusiezina egoiten da baññan lan ortarako bear diran tresnen itxura artzen du: eskuagak, gorrikiak e. a. Nai ba'du asmo edo olde batzunago bat kanporatu, gauz, soiñ-adar edo giza-arpegien itxuran ikugaitzen da. Azkenean, mediumaren nortasuna puskatua bada eriz (prosopopesis), ektoplasmak giza-soiñ oso bat eral dezake, gu bezala mintzo ta ari dana, mediumaren bigarren norgoa baten kanporaketa, alegia (Katie King). Ori da beintzat espirita ez diran parapsykhologilarien aburua. Espirita diranek esaten dute, aldiz, zenbait bider ideoplasis edo asmo-eralgintza ez dala mediumaren edo beste bizidun baten asmoaren eralgintza. ildako baten asmoarena baizik: orduan, Kaite King benetan izango litzake berak diona, au da orain dala iru mende il zan gizaki baten arima, oraingo medium baten ekaiz baliatzen dana oraingo bizidunai agertzeko.

 

        IV.— Ekarketak. Ezikugaiketak. Poltergeist.

        Oriek dira parapsykhologilariek aztergai pozik artzen ez dituten mediumtasunaren gertari batzu, medium aizunen zimarkunkeriek errex atzipe bai dezateke emen aztertzallea, non ez ba'da beraren irudimenak.

        Ekarketak: gauzki bat, zenbait aldiz asko urrundik etorria, agertzen da bet-betan hatzarregelan. Mediumaren indarrak du ekarri. Gauzkiak ormak igarotzen bai'ditu aizu zaigu usfe izatea mediumak ezikugaitu duela ta gero berrikugaitu, lenago zan itxura bertsuan. Alaber mediuma bera ormak edo ate itxi bat zear pasatzen danean: orduan bera ezikugaitu eta berrikugaitu bide da.

        Ikugai-kizkiñari buruzko theori berriek laguntzen digute talde ortako phainomenok benetan gerta ditezkela siñestea, ikugaia izatez ez dala orain arte uste zan bezin gotor ta aldakaitza erakusten digutelarik.

        Poltergeist'ezko gartariak («iratxo zarataegille» esan nai du German itz orrek) dira mediumtasun-aldietan entzuten diran otsak: ukal diak, karrakadak e. a. Yakiña: gaitz da erabakitzea araugaindiko gertariak diranez ziñez ala physika-arau ezagutuen eragiñak (berotasuna, eguratsaren tximist-indarra...) Araugaindikoak izatekotan, mediumaren eragin bat ikugai-barruan erakuts liezaguteke.

 

        V.— Berenazko gertariak.

        Etxe iratxodunak edo «pamerialak» dira (Irakur Azkue'ren Euskalerriaren Yakintza, 1'go idaztian XV gn. txatala). Geienek ezagutu edo entzun dukegu beiñ orrelako zerbait. Talde ontako phainomenan berezgarri nausiena da ez bai' dute mediumen bearrik gertatzeko, orain arte ikusi ditugun beste guziak ez antzo.

        Bañan arretaz ibilli bear da alor ortan: askotan ba-da medium bat bera edo besteen ez-yakiñean. Esate baterako arri-erauntsietan; gertari usu xamar orien ikertzallea oartzen da, kasik beti, urbil badagola neskatx edo mutil bat berak uste gabean mediumean ari. Ezen gizaroratzen diranean gazteak, mediumtasuna beraz ba'letorkieke zenbait aldiz.

        Alazere medium-gabeko phainomenak ere badira. Ala dirudi beintzat. Adibidez gela batean, egunero, ordu berean, iratxo bat agertzen da. Gelan dagon nor-naik ikusiko du, mediuntasun izpirik ez izanik ere. Iduri guzien arabera, iñor ez ba'da ere gelan, agerketa izango da berdin.

        Berenazko phainomen orien beste berezgarri bat, beren iraupena dute. Urteak zear, mendeak zear, yarraitu oi dute maiz (cf. in «La Revue Metapsychique Num. 13, Janvier-FevrierMars 1951» Borley'ko apaiztegiarena. England'eko apaiztegi ortan, lekaime gazte bat bizirik ormesia izan omen zan 17 gn. mendean, lekaide batekin igesi yoan zalako. Geroztik aren iratxoa aunitz bidez agertu dala diote angotarrek; 1927-an inguruetako langille batek ikusi zuen azken aldikoz eta 1943-an ere araugaindiko gertariak izan dira an.

        Iratxo-gertari oriek gogo-neurketa edo iku-metagnomiaz Denton'ek eman zuen atzalpenaren bidez adierazten saiatu dira: iratxodun tokiak bertan gertatuen aztarrak gordetzen ditu, au da, gertatuen psykhonak. Gizaki «sentikor» bat toki artan egoten ba-da gero, psykhonak bil ditzake eta aietatik iratxo bat eral. Iratxoa beraz tokiko oroipen bat litzake soilki, giza-gogo baten eredumeneratua.

        Ustekizun orren sendogarri: iratxoek ez dute ematen ezagumenari edo naimenari yarraitzen diotenik beren egikeran; ayeru berak berregiten ditute beti, ikusleetaz axolatu gabe.

        Bañan ba'dakigu psykhon theoria il'laun xamarra dala eta, gañera, batere sentikor ez diranei ere iratxoak agertzen zaizkie. Nai dut, non bait iratxoak ba-diralazko omenak, nai-ta-nai-ez bildur edo griña pitin bat ematen duela ta gogoaren griña orrek mediumtasuna sor dezakela, ortara ekarriak ez ziranen artean ere. Batzuek ordea, agerketak ikusi ditute iratxodun tokietan, aurretik batere ez bai'zekiten ba-zirala. Eta geienetan an dauden guziek ikusten ditute era berean. Iduri luke beraz, zenbait aldiz iratxoak gauza dirala, ez bakarrik eredu.

 

        VI.— Psykhokinesis.

        Gogo-kanpoko gertariak bakan dirala ikusi dugu, eta urri diran medium berezi batzu bear ditutela gertatzeko. Iratxoketek mediumik ez dute eskatzen, egia, bañan ezin ditezke yakintza arauz errex estudia.

        Beste phainomenak ba-dira ordea, txit usuago ta arruntago, edozein gizakiaren gogoak ikugaia eragin dezakela erakusten digutenak: yaurtarri bat (dado) yaurtitzen ba'dut, alde berezi bat —esate baterako— atera dadin sendoro naikatuz, oartzen naiz seia maizago ateratzen dela ene naimena ari izan ezpalitz baño. Bixtan da «gogoaren eragin» orri oartzeko bear dudala yaurtarria aunitz bider yaurti, zenbaki aundien legeak agindu arte.

        Rhine irakasle arduratu zan batik bat gertari ortaz. Psykhokinesis izena eman zion, au da, «gogoak eragindako igikuna». India'ko fakir'en landuaeen laster-ernera ere beste psykhokinesis bat bide da (iruzur bat ez danean).

 

        VII.— Il-orduko gertariak.

        Ernegarri dira, zeren geroko biziaren auzia aurkezten diguten (alaber etxe-iratxotuak). Orrelako gertari asko bildu ta argitaldu ditu Bozzano'k liburu eder batean ('Tei fenomeni di telekinesia in raporte con eventi di morte», Erroma'n 1922).

        Bi sailletan yar ditzakegu:

        a) batean illurrenak besteek ez ikusten dituten gauzak edo gizakiak ikusten ditu (aingeruak, ildakoak...) Galdea da, egiazko ikuspenak diranez, ala iduripenak: beryakintza-petiko asmo bat ikus-iduripen antzean kanporatua.

        b) bestean illurrena bera beste norbaiti agertzen zaio, il-orduan berean edo, zenbait aldiz, ordu edo egun batzu geroago. Bañan zer da agertzen? Telepathiaz bizidunak yaso duen illurrenaren beryakintzapetiko asmo baten kanporatzea, ala agerketa zinezkoa da, gauza da, eta illurrenaren agertu-nai bati darraikio, batzuetan berandu luzearekin? Ildakoanen agertu-naia ote, orduan?

        Geroko biziaren auzia oraingoan aldera utziz, naikoa bekit esatea eriotzaldiak, gizaroratzeak bezela, mediumtasuna zenbait aldiz sor de zakela beñere euki ez dutenen gizakien artean ere: ori da il-orduko gertari orien zio bat.

 

Paris'en I-1952.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.