Olerti
Getsemani
Orixe
VI.
«Angelus...confortans.» (Lc. XXII, 43)
Aingeruak biotz eman.
Eldu dira zalapartan, zekiten baratzera;
arma, krisallu, lasta-su, gure Iauna lotzera.
Aurreratu zaie bizkor; «Zer zatozte onera?»
Iesus nai dugu. «Emen Ni.» Ek atzeka lurrera.
Zer indar atera duzu aularen otoitzetik?
Petiri'k aularen arma artu du lo egonik.
Ez duzu Zuk ainbat milloi Aingeruren bearrik,
Itza mintzo biurtua ozen dardaraturik.
Ukituz sendatu duzu malkoren belarria.
Itsu aiek etzekusten Zuk zeneukan antzia.
Bañan ezin eragotzi Aitak erabakia.
Anker aien eskuetan, nai-ta ziñan utzia.
«Ez dut aldegingo, Iauna, naiz Zurekin erio,
denek aldegiñik ere» Petiri'k arro dio.
Ikasle banari ere agotik au dario;
baña lotu dutenean, igesi iun zaizkio!
Mintzatuz, ixilduz, Zu Iaun ageri zera beti.
Ixilduz Iaun irten ziñan Erodes'en etxetik;
ixilduz eta mintzatuz Pilatus'en mendetik;
oiu aundi bat egiñez, Iainko Iaun Gurutzetik.
|