Azilla-Gabonilla. 11-12 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Azilla-Gabonilla. 11-12 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Olerti—

 

Getsemani

 

Orixe

 

V

 

«Procidit in faciem suam orans.» (Mt. XXVI, 39)

Auspez erori zan otoitzean.

 

Nere baratzak erdian ba-du txoritokia.

Illunduz an eseri naiz egiten eskaria.

Zer sumatzen illun artan? Iaun auspez eroria!

Belaunez iartzen nakio, entzun nairik adia.

 

       Alboan ur-txurruxtari ematen diot giltza,

ixilduz, Aren arnasa sumatuko ba'litza.

Gaua bañon ixillago dago Aitaren Itza.

Barna korapilloturik ezin nakio mintza.

 

       Lizardi'ko malkorren gaxte nenbillan artzai,

ardi baten ioalea oianean entzun nai.

Arnasa geldiazirik bidean nengon erpai,

txiliñik entzuten ez, ta, bioz-pilpil utsa bai.

 

       Alan emen: sumatu nai Iaunaren biozmiña;

nolabait erakutsi nai neukan erruki ziña;

min nizun, entzun nai eta ezer entzun eziña.

Bañan, entzunik, ez ote geituko nere miña?

 

       Oiu bat: «Al ba'da bego, Aita, neke astuna;

alare, bedi nik ez ta Zerorrek nai duzuna.»

Ordu betez oiu bera, lengoen oiartzuna.

Azkenean itzali zait albotik nere Iauna.

 

       Zutitu naiz, zer egingo? Atsa kolkoan estu.

Negar-aspertu bat nai ta malkorik ezin lertu.

Ikaslengana ioana? Emen diteke gertu.

Arrika bat bide. Nagon. Iauna, zakit agertu!

 

       Itzak: «Lo al ago, Simon? Ezin engoken esnai

Nerekin ordu betean? Semeak, zaudete zai.

Ein otoitz, zuek galtzeko asmoetan duk etsai.

Gogoa zut egon arren, etzegok gorputza gai.»

 

       Laister da berriro Iauna lengo tokian auspez,

exillaldien tartean lena berriz esanez:

«Aita, ezin ba'diteke erabaki duzunez,

egingo dut Zure naia beazun au edanez.»

 

       Orain, bai, arnas-nekea, ez lan egiñarena:

arrausiz izerdi otza buruan dunarena.

Biamonez ikusiko odol-izerdi dena;

il gabe gorputzak au du aulerien azkena.

 

       Ixil! Bildurrak len antzo arnas-ateri nauko.

Ontan, agonduz, begia dirdir gertatu zako.

Aingeru bat zerutikan: ark indar eman dako.

Itzali zait... Aldegin dit eren aldiz arako.

 

       «Egizute lo! Ots, zuti! Emen da saldu nauna!»

Ez datorkit otoitzera. Eraman dute Iauna!

Auxe, bai, neretzat gaua, argiz, miñez, illuna!

Giltzaz berrierazi dut uraren erantzuna.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.