Olerti
Alboka-soñu
Bordatxuri
Ardiak zaintzen oraino mendian
nebilen ni bakartasun aundian.
Bertsotan lasai, atsegin izanik;
oen berririk ez ardiek baizik.
Gaur berriz eskuan dakart aiztoa
lizar gainean landu naiz bertsoa.
Zer dudan ikus begien aurrean
berri damaizut lizar-azalean.
Artzaineska bat zait mendian ager;
iñoiz ez ikus bera bezin eder.
Begia du ñabar, xangoak gorri,
soinekoa berde, gerruntza zuri.
Zeru-lurra bai-litzait soin biurtu
ta dan ederra begi-barneratu.
Eguzkiak eman bai-lio urre,
lore ta belarrak usain-kolore...
Orla ager zait bere antz-itura:
eder, zorakor, begiek lillura!
Ageri bezela, nere ardiak
larretik yaso begi-belarriak.
Adi-adi yarri zaizko Neskari:
aundi ta txiki agurka zintzarri!
Arat-onat arzainorak itsatsa,
lerde dariolarik arnas-oska.
Artzaimutilak, albokari trebe,
on-etorria dario lizarpe.
Nik berriz bildurik lorepil-xorta
Artzaineskari diot maitez opa.
Nundik zatoz eta zertan zabiltza,
diot Neskari, nun duzu artzaintza?
Euskal-mendietan ibili nabil,
ardi banatuak nai nituzke bil
Nik arduraz maiteki zainduarren
bat edo beste or sakabanatzen.
Larre gizenetan bazkaraziak,
pagotxa-soroz maiz ibiliak.
Neguan ere, elurte-aldian,
arbia nemaien borda barnean...
Alere nigandik igesi doaz,
axolik ez dute beren buruaz.
Ez egin negar, Artzaineska orrek!
Orra or nereak, zaindu zerorrek!
Zatoz aintzinean txistu-eginik:
zu nora ardiak ara atzetik...
Bañan, ots! Bera diyoa eguna;
nere bordan dukezu atsedena.
Gaua izar. Badario iruntza.
Borda xarrean on duke etzauntza.
Ardiak banaka yetzi ondoren,
katillu bat esne diot eskeintzen.
Garoan etzinik gero, loak ar
Neska. Amesmin ni... Ardiak ausnar...
Amets egin dut zerutik Artizar
yautsi zaidala borda xarrera bart!
|