Idazti Deunak
C. Kaisarai'tik Erroma'rañokoa
(Bid. Eg. XXVII, 1-XXVIII, 15).
Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin
a) Kaisarai'tik Liki'ko Mira'ra XXVII, 1-6)
Paul itxasoz Erroma'ra yoatea dakarren atala duzu aipatuena idazti ontan. Korinto'koentzat idatzi zun bigarren idazkian zionez, itxasontzia irutan puskatu zitzayon lenago, eta legorretik urrun itxaso zabalean, gau ta egun, bein utzia izan zan txalupa galduren batean, olatuak ara ta ona astinka. Dan ori, ordea, utsa da, amabost eguneko ekaitz lazgarriaren aldean. Atal au arrantzale ta itxasgizonen biotz-betegarri izan da. Entzute andiko Nelson'ek, Kobenage'ko itxas gudaketa aurreko goizean, atal berau irakurri zun garaitzeko bidea. Yakintsuek diotenez, «ekaitz ontan egindako itxasontzi-iñarkunei utsik ezarri lezayoken endaizlari edo ontzibururik ez omen da» (Etudes, T. CXC (1927), 449 g. or.). Elade ta Erroma'ko itxasontzienak ikasten eta irakasten ari dan edestilariak atal auxe du ederrenik. Kistarrok, ordea, onoimen bikain eta urenen yarraibide dugu Paul, ekaitz ontan: aren pakea une larrienetan arrigarria da, bere buruaz azturik iñori laguntzen, ta uste osoa Yainkoagan ezarrita, igarle antzo, itz egiten du entzuleak oro txosberriturik.
Atal ontan berriro guka asten da Luka: azkenik, XXI, 17 g., bezala. Erroma'ra yoateko dirua eurrez eralgi bearra zan. Bearra Paul'ek nondik nora bildu zunik eztakigu. Gurasoengandik yasota txanponik aski euki bide zezaken Paul'ek berak. Itali'ra itxasoz yoatea erabaki ezkero, bearrenak atondu zituten: Paul beste baitu batzukin yoan bearra zan. Beste baituok eriotzarako ebatziak ziran, agian. Orduko Kaisar'a Neron zeritzan: agintari onen odol-gorria ezaguna da bazterretan. Aren yauraldian amaika gizakume il ziran yolastoki biribilletan! Makiñatxo bat yudutarrek ordaindu zituten beren okerrak, pizti zakarren letagiñak aginka zatituta, edo atzapar zorrotzak urratuta!
Baituen ardura «Augusta» gudalsailleko euntaria zan Yuli'ri egotzi zioten (1): beraren esaneko zenbait gudari ziran. Idazti ontan iru gudalburu bakarrik aipatzen dira: Korneli euntaria, Kauldi Lisi millataria ta orain agertzen dan Yuli euntaria: Erroma'ko gudagizonen irudi bikaiñak, ziñez. Yuli gizabidetsu ta belatzak kemen onik azaldu zun, gibel-aundiz, ibillera zail ontan barrena.
Biderako gertakizunak atontzen luzaroan iraun zuten. Itxasaroa aurrera yoanik zan. Ez aztu, ba: antxiñakoek legorra ikusterrean ez izan ezkero, itxaso zabalean izarrei begira bidez zioazten. Ortzia laño zanean, egualdi goibela zala-ta, nora zioazten etzekitela, ara ta ona zebiltzan. Beraz, Azillaren 11 g. egunetik Epaillaren 5 g. egunera arte itxasoratzerik etzan. Itxasaro ederrena Orrilla'ren 26 garrenetik Iraillaren 14 garren artekoa zan. Udaberriz (Epaillaren 5 garrenetik Orrillaren 26 garren arte) ta udazkenez (Iraillaren 14 garrenetik Azillaren 11 garren arte), etzan bide eskierrik izaten itxasoz: azken aldiotan guda-itxasontziak ditxoetan lotuak gelditzen ziran; salerosketarako itxasontzi aztun eta sendoagoak badaezpadakoan itxasora egiten zuten.
Sortaldean sarrienik oixezki aldeko aizeak yo oi du, ta batez ere, Lati-itxasoko zabaldietan barna: aize orrek udaroz beti ats egiten diardu, garai yakiñetan. Aizeok Aigito ta Siri'rako itxasbidea asko errezagotzen zuten. Puteoli (Pouzzoles)'tik ateratzen ziran itxasontzi andiak, Alesandri'ra garibilla yoateko. Yorralillaren azkenera agertzen ziran. Naiz ta itxasontziarekiko tresnak erdizka izan (itxas-orratza oraindik ez baitzan ezaguna), itxasontzi-bide ori eskierrik ta azkar xamar egiten zuten. Eskuarki, bataz beste, amabi egun irauten zun Aigito'ra eltzeko; bide ori azkarrenik, zazpi egunetan egin zuten. Alexandri'tik Palestinai'ko ditxoetara irixtea oso erreza zitzayen.
Baña, itxasbide ori alderantziz, alegia, Sortalde ta Alexandri'tik Itali'ra, itxasaro ederrenean ere, zaillago izaten zan. Lati-itxaso barrena ats egiten zun oixeski-aldeko aizeak, Puteoli edo Osti'ra bide zuzenik yoaten eragozten zun: aurtzaka yoan bearra baitzun. Liki'ko Mira'n biltzen ziran geyenez itxasontziak, Sartalderuntz yo baño len.
Beranduegi zala uste izan zun agintariak Alexandri'ra yoateko, andik zuzen-zuzen irtetzeko zan Itali'rako itxasontzia artzeko. Irailla edo zan nonbait. Kaisarai'tik Adramite'ko ontzi bat yoateko zan Asia'ko izpazterretara (2). Adramite, Asia Txikiaren sartaldean zetzan, Misi'ko kolko barrenean. Itxasontzi ori izpazterreko erriz erri yoateko zan Asia'ko Adramite'raño. Bide batez, Mira'n, edo beste nonbait, Alexandri'tik Itali'ra zioan itxasontzia idoro eta euntariak abagune ori ustiatu al izango zun.
Pest'en aginduz euntaria ta beste guziak Adramite'ko itxasontzian sartu ziran. Paul baituakin batera zenbait adiskide zetozten, gutxienez bi: itxasbidearen txostena yalgitzen dun Luka, ta Tesaloni'ko Aristark makedoniarra (2), Paul'ek berak ere Kolosai'tarrentzako egin idazkian aitatzen dunez: «Agur dagizuete Aristark'ek, nere billurkideak» (Kol. IV, 10).
Egunotan ere, bide ederrak eta bultzi laisterrak izan-arren, arabitarren aizoyaldun itxasontzitxoak eta eladetarren txalupak izpazterretarako bidazti kopuru ugaria izaten dute. Ikusgarria benetan Sortaldeko sargoripean aizoyaldun itxasontziok ikustea! Barneko yakea estaltzen duten Moruen soñeko luze zuriak ta txabuxak yantzita doaz zenbait gizon zindo, arpegi-eder, borontzemargodun, begi andi beltz-beltz politak izaki. Ikusi-ala, begi-betegarri egiten da itxasontzi ori. Berealakoan, ezpain ertz zear galde au erakori-nayean nabaitzen zaigu: intxaur-oskol kaxkar orrek nola eroan daroaz ainbeste bidaide? Korapillo ori askatzeko, bidazti-kopurua ezin zenbatu alako mordotan pilloka gonburuz ezartzen dute: luzeran iru ukai ta zabaleran ukai bakarreko artea bakoitzak, atuxak eta guzti, aukeran du: Aundizkiak-eta, Yuli euntaria-eta, atzekaldean iraurri oi ziran zerrietan etzan zitezken.
Kaisarai'tik itxasbidea asi ta biaramunean Sidon'era eldu ziran. Sidon aldeetatik samaldaka zioazan Yesukisto'gana ta Yesukisto bera ere Sidon'en mugetara yoan zan bizitan (Mark, III, 8; VII, 24-31). Sidondarrak ere baziran Tiberiade'ko izpazterrean, gizataldeak itobearrez Yesukisto lerdeakatzen zutenen artean (Mt. XV, 21-28). Geroago, Estebe'ren eriotza zala-ta sortutako beltzaldian, or-an-emen barreyatu ziran ikasleetatik zenbait Poinike'raño eldu ziran (Bid. Eg. XI, 19; XXI. 4). Beraz, Sidon'en baziran kistarrak. Yaurlearen aginduz edota Paul berak sartu zizkion itzal eta onginayak eraginda, «Yuli'k gizabidez Paul'i baimena eman zion, adiskideetara yo ta bidaria bildu zezan» (3). Ontziak an zama yaso bitartean, kistarrak upatu ta ayekin egon zan Paul aolkatzen: bera ikustez pozak artu zitun eta onuragarri izango zitzayon bidaria eman zioten.
Andik irtenda, oztopoak ugari bideratu zitzazkien. Sartaldetik gogor zetorren aize zakarra, nekez gainditu ziteken. Aizeok alde batera uzteko, Kiper'en iparraldera egin zun itxasontziak ta ugarte orren babesean yarrai zun, luya zalako (4). Ortik zear eskierrik zioazten, astiro-astiro, ordea, aldizka egiten zun onezko aizeak eraginda. Kiliki ta Panpili'ko kolkoa igarotzen amabost egun intera iraun eta Liki'ko Mira'ra etorri ziran (5). An, Itali'rako ziran Alexanderi'ko ontziak arkitu oi ziran. Ain zuzen ere, Aigito'ko ontzi bat bertan upatu zuten. Alexanderi'tik Itali'ra zioan. Baituak eta gudariak oro leyaka itxasontzi artara aldatu zitun Yuli euntariak (6). Lukian'ek, bapikatuz noski, «Isis» zeritzan oyetako itxasontzi bat zeatz-meatz yalgitzen du; Pireo urren ikusia omen zun.
«Ura itxasontzia! Egilleak berak esan zidanez, 120 ukarai luzera zun eta 30 ukarai zabalera (54 neurtizkin luzeran eta 13, 50 zabaleran), ta 29 ukarai zubitik ondorañokoa. Ta gero, ura ontziaga! Ura aga tantaya! Bera zutik eukitzeko bear zan unama! Aren txopa ezari-ezarian biribiltzen zun biurkerak, urrezko antzar-lepoz apainduta. Bekoz beko branka, neurriz aziagotuz, aurrerantz luzatzen da, ta alde bietan itxasontziari izena eman dion Isis yainko-emearen irudia darama. Osterantzeko beste apainketa, margo-irudi, ontziagaren ikurrin gorria, arpeuak, txirrikak, pirringillak, bilgiñak, txopa ondoko tegiak-eta arrigarritzat nitun. Itxas-gizon sail ugariak gudoste osoa zirudin. Ziotenez, Atike'ko bizilagun guziak urtebete osoan yanaritzeko aiña ale zeraman itxasontzi ark. Ta guzi au zaitzeko aski zan agure zar kakotuxe bat, endaitz andiak beren muturretik eragiñik. Itxasgizon ori oso eskukoya da, ta itxasoa Poroteu'k berak baño obekiago ezagutzen zun».
Lukian'ek endaizlari zarrari itz egin bide zion, eta, ziri ederra sartu zion: itxasontzi ark burutik buru 250 upel bete garitanei zeramatzin. Itxasontzi andiagoak ere egin zituzten antxinakoek. Adibidez, Plini nagusiak dionez, Kaligula'ren agintaripean, Batikano'ko obeliskoa edoarri-burduntzia Aigito'tik Erromaratu zun itxasontzia; obelisko eskerga orrekin batera beste lau arri andi beraren oiñarritako ekarri omen zitun, guzitara (500) bost eun upelbeteko zama arritan, ta 1,000 upelbete tilista, arriaren oetzako. Lukian'ek koipez ederturik azaldu digun itxasontzia, Mira'ko ditxoan arkitu zutenaren antzekoa bide zan: ontziaga bakarra zun, tantaya gero izan ere, unamaz ta loroz gogor lotuta, aize-ukaldia yasotzeko, lerraga aztun ta luze batetik zintzillik oyal zabala, ontziagaren gain.
b) Mira'tik Kerete'ko Ate Ederretaraño (XXVII, 7-12)
Nekez ta engaraz alde egin zun Liki'ko Mira'tik aigitiar itxasontzi ederrak, sartalderako itxasbide zailla burutzeko gerturik. Aizearren egun asko astiro astiro ta nekez ibilki, (7), Errode ugartea ta Asia'ko uregi arteko itxaso-adar zear yoanaz, alegiñak egin eta Kinido aurrera yo zuten. Mira'tik 300 km. dira gutxi gora bera. Erri ori Asia txikiko ego-sartaldearen muturrean kokaturik ageri zan, Keramike kolkoaren egoaldean zegon ugartexearen ertzean. Lur-adar ori, ez ustean, iparraldera okertzen da ta Egeo itxasoa astintzen duten aizeei atea zabalik uzten die.
Onela itxaso zabalean, ipar-sartaldeko aize gogorrak itxasontziaren gañera bete-betean yotzen du. Oztopo orren aurka burrukan Kerete'ren iparralde zear, Kitere ugarteruntz bide egitea eziña zan. Aizeari bidea utzi ta ego-sartalderuntz egin zuten. Kerete'ra alderatu, ta, ugarte onen sortaldean zetzan Salmon mutur ondoan lurrari ezarrita yarrairik, beraren babesean egoraño nekez eldu ziran, Ate Ederreta deritzan tokira, Lasai iriaren aldamenean (7-8). Ditxo ori izenez ederra, izanez, ordea, kaxkarra zan, ezpaitzegon aizearen babesean. Itxasbide zailla izan ondoren, berriz, txera adiguritsuz gelditzen zan bertan, atseden artzeko.
Ortan asti aundia galdu zuten (9); ez da ageri zer dala-ta, Alexanderi'ko itxas-gizon oituak orren luzaroan gelditu ziran babesik gabeko Ate Ederretan. Palestinai'tik irten ezkero, berrogei egun gutxi gora bera igaroak ziran. Itxasontziko bidazti ta baitu geyentsuenak Yudu ziran eta guziok, Paul'ek bezala «barualdia» (9) bete zuten. Erin eguneko barutea zeritzan. Zazpigarren illabetearen edo Tischri illabetearen 10'an: alegia, Irailla ta Urrilla ayen Tischri zan barualdia igaro zan. Beraz, Iraillaren 23 g. eguneantsu izan oi zan barualdia igaro zan: itxasaro onik ez da izaten garai ontan, ezpaitzan giro. Epe laburrean, orra itxasontziak oro ditxoetan negutea igarotzeko gelditzen diran Azillaren 11 g. eguna.
Zer egin, beraz? Ate Ederretan gelditzeak galbiderik aski zun, sortaldetik edo egoaldetik aize bultz zakarrik ba zetorren. Arpeuak yaso ta itxasbidea asi, ala, geyagoan itxoin bear al zuten? Endaizlaria ta ontziburua ta bidazti aipatuenak etziran aburu bateko. Ordun, «Paul'ek itz egin zien esanaz:» Gizonak: oartzen naiz neketsua ta kaltegarria bai zamarentzat eta ontziarentzat, baita geron buruentzat ere, izango dugula itxasbidea» (9-10).
Itxaso ayek oso ezagunak zitun Paul'ek, usu ara ta ona luzaroan bertan ari izana baitzan, eta itxasontzia irutan puskatu baitzitzayon bertan: bera, an gelditzea aolkatzen zun Bidaliak, zama, itxasontzia ta bidaztien buruak galurrenetik atera nai ba zituten. Endaizlari ta ontziburua, ordea, beste iritziko ziran. Bost illabeteko ekuraldi ori, galera itzalaren sorburu baitzenun, ta itxasbidean egokitu zitezken galtzayak oro Kaisar'ek ordaintzen zitula bazekiten, giro txarrean ere Erroma'k gari ta beste yatekoak izan orde.
Yuli euntaria galbideari yaramon egiten ez oitua izaki, ta bere egitekoa len-bai-len burutzeko irrikan, endaizlari ta ontziburuaren asmoari itsatsi zitzayon. Azkenik, erabakia artu zuten naiz ta Paul'en gogoaz bestera izan; Ate Ederretatik lenengo garai egokian alde egitea erabaki zuten, Poinike'n negutea nolarebait igarotzeko, aurreneko ditxoa neguterako egokia ezpaitzan (11-12).
c) Ekaitza (XXVII, 13-26)
Asieran itxasontziko agintarien alde azaldu zan giroa: gibel-egoaize ariña sortu zan. Berealakoan, beren asmoa irixteko ustez, arpeuak yasorik Ate Ederreta utzi ta aurrera ziyoazan (13). Legorrari ezarrita Kerete'n zear zioan itxasontzi andia egoaizea lagun, bere baranoan burrundaka ziarduten olatuetan barna, aizeoyalak arro-arroturik. Urren dute Poinike; zenbait antzibete buruan bertan dirade. Ugartea iparraizearen buruz babesa zan: bidazti ta baituen begi betegarri azaltzen dira Kerete'ko mendi ta errixka ximenak. Matala lur-adarrera eldu ziran: itxasegiak gorantz egiten du, itxasontzia babesik bage utzirik. An zegon atustan galtzoria.
Bazter ayetan neguteak beti ekaitz zakarren bat ekartzen du dandarrez: Egeo itxasoan, aspaldidanik iparraize ozkirria zan buru. Aize orren aurka burrukan ari izan zan itxasontzia Errode erretenaren aoan. Kerete'ko ipar-mendi bizkarraren gain aizea erori oi zan zurrunbilloka: mendi tontorrak, udaberri ezkero lenengoz laño-matasetan galdurik ziran. Zartez, oztopo ta zoztorrak oro aizeak gainditu, ta, Ida mendiaren egaletatik bera, iparraize boladak yo oi zuten: goitik-bera aizea etorki, itxasoa astindu ta bat batean aparrez zuritu egiten zan legor ertzeraño.
Eurakiloa: izen au nasia dugu ta ipar-sortaldeko aizea adierazten du: alegia, ego-sortaldetik bultz egiten dun eurus ta aquilon iparraizearen tarteko da, ipargorri, arean. Sorgin-aize txirimola izan oi da.
Beraz, Eurakilo deritzan iparraize amillana laster gañera yausi zitzayen, ontzia narraztuz; ta ezin ari burutuz, bere oldarrari utziak zebiltzan (14-15), aizoyala erabat eratxirik.
Matala lur-adarraren sartalderuntz ta Poinike'ren egoaldera 20 milla intera, ugarte kaxkar bat buruzut ageri da: Kauda deritza. Aitzetako aizepera ontzia narraztatuta, ezti-aldi antzeko batean, areagotuz etortzeko ziran galtzoriak burutzeko gertu ziran. Arrigarria, benetan! zoritxarreko atoepotiña uzez bete zan; baña, etzun alde egin: unamaren muturrari lotuta artazika ta yauzika ari zan eta ozta ozta iritxi zuten mendean eukitzea, ta aren yabe egin ziran (16). Oraindik beltzagoa: ontzi-oskola pitzatu ta erdibi egin zorian zan, uin zakarrak danbaka baitzerabilten (ukaldiz oldarka): ontziaren oltzak karraska egiten du. Eskuarki, aurretik abortz sendoak izaten zituten, txopatik brankarañoko zureari lotuta, ta, ekaitz-aldietan ontziaren sayetsetan zurrun ezartzen zituten pirringillaren bidez. Orixe egin zuten gero Kauda'n: ontziaren alde aulak estu abortzez loturik (17), adabakitzen asi ziran.
Yakiña, ertz ta zirrikituetatik barna urak bide egiten du; beraz, ater gabe, atxukilla eskuetan artuta, ontzia urez ustu bear ta lerroan soinkariak yarri bear, soiñez-soin ur-pertzak ateratzeko. Lan neketsu ori baituei zegokien, eta Paul baitua esku maskurrez zain ta muin ari bide zan lanean.
Kauda, ordea, etzan abaro ta babestokia. Ezustean, berriro Eurakilo zakarrak yo ta ontzia, lasto utsa bezala, aurrera yaurti zun alderoka. Itxasgizonen buruausterik miñena, Apirka'ko izpazterretara yaurtiak izateko galurrena begiratzea zan. An baitziran ao-zabalik Sirte biak. Bi kolko zabal zenitun: bata zabalagoa, Tripolitani'ko izpazterretan zetzan, ta Sidra'ko kolkoa edo Sirte nagusia zeritzan: bestea, medarragoa, Gabe'ko kolkoa edo Sirte txikia zan, ta Tunisi yaten du. Bertan, ondartza ipurloka andiak ziran galtzoriz yosita, ta antziñako itxasgizonak beren buruak ondaturik ikusten zituten, aize-yasak eta itxasoak bertara narrazten ba'zituten. Ondikoa txuliatzeko asmoz, alegiñez katazka egin zuten endaizla'tiak-eta: antzez ta esku egokiz itxasbidea zuzenagotu ta batez ere, uxtua astiroagotu zuten bearrik. Txoparen alde bietan lokarriz korapillatutako bi endaitzei eragin eta eragin zieten. Batez ere, tresna eratxi zuten, skeuos. Une illun ori onela argitzen du aldakuntza batek: arpeuak eratxi zituten ur gañera. Alegia, Ricard A'k azaltzen dunez, begira:aize ta olatuen eragiña ezagotzeko, zuzez terrexka zabal bat egin zuten itxasgizonek, ta zuzenik orekan yarri uretan eta atzekaldetik itxasora eratxi zuten. Terrexka itxasontziari loturik zegon abortzez, ta atoian eramana zan eta eragozpen andia ezartzen zun : itxasontziak, gora yasota, abortza estuagotzen zun bakoitzean, terrexka narrasean ekartzeko gogor egiñik (Etudes 458-459 g. or.). Orrela goituxerik uste dute ur-yoera zakarra. Beste zenbaitek zapia edo zala uste dute: ala Olabide'k ere. Baña egiantzik ez du.
Biaramunean, ekaitzak gogorrago baitzerauntsan, gaizkabideok alperrikako izan ziran. Ura geroago ta geyago sartzen zan: Ontzia arindu zuten, erabat bearrezko etziran orni-gayak-eta itxasora yaurtirik (18). Gari-zama astuna ere yaurtiko al zuten? Itxasontzia orekan iraunerazteko zama apurren bat bearrezko zan. Dana dala, irugarren egunean, ekaitzaren erauntsia areagotzen zioan: «ontziko abasak ere beren eskuz yaurti zituten» (19), alegia, tantayak, unamak, aize-oyal zarpil zabala t. a. ebaki, atera ta itxasoratu zituten. Olatuak ara ta ona zerabilten ondakin utsa besterik ez da itxasontzia. Buruak gaizkatzeko uste-izpirik ere etzuten (20). Egun luze ayen izu-ikara! Egunez etzan eguzkirik agiri izaten, eta gabez ez izarrik. Zoritzarreko ayek odeyak irentsi zitun eta noraezean amiltegi osiñetara doazela nabaritzen dute. Atzeko gaztelupean babestoki arkitu zuten gizonak ez, beste guziak uiñen txipristiñak blei-blei eginda, otz-ikara, itxasoaren ukaldiak yo ta buruz bera yaurtiak izateko beldurrez, elkarren ondoan uzkurturik, zirkinik egiteke, barurik zeuden, beren larria burutuko zun eriotzaren zai.
Paul baituaren gogoa kaxkarra izan ba'zan, esatekoak esango zitun! gogotik txastatuko zun ezkorren atsegin minkaitz eta utsala: «Aurretik esana nizuen!» Begira, magalpeko zun deunaren biotza zain ta muin ezagutzen zun Yon ao-ederrak, dio: «etzaye agiraka eta irain-urtika asten, etorkizun urdiñan begira yartzen ditu, ta igazia etortzekoaren aitortzat azaltzen du». (Krisostomo'tar Yon, d. k, in Acta, hom. LIII, 2 g. zenb.). Gau lazgarri ayetako batean, Yainkoa errukitu eta aingerua ageri izan zitzayon larrialdian aringarri-zurrian. Beraz, «Paul'ek ayen erdian yaiki ta esan zien: «Gizonak, obe genuke onenbeste neke ta kaltera gabe Kerete'n, nik nionez, egon ba'giña. Oraingoan, berriz, azkartu zaitezte, arren: ontzia, bai galduko; zuetako bat ere, ordea, ez. Nagokion ta narrayon Yainkoaren aingerua bart ageri izan zait, ba, esanaz: « Paul, ez beldurtu. Kaisar'i aurkeztu bearra zera, ta ara, zurekin diyoazan guzien bizitzak Yainkoak eman dizkizu, Azkartu zaitezte, ba, gizonak; dana esana zaidan bezela gertatuko zala Yainkoagandik etsita nago-ta. Ugarte batera elduko gera» (21-26). Iñorentzat tupustarri ez bide da, Paul sarrakioak artuta beldurrez lau-orritan ikustea. Lenago, Erroma'ra yo bearko zula Yesu'k adierazi zion (XXIII,11). Orain, berriz ere, aingeruaren bitartez beraxe dio: «aitor egingo didazu». Eta Ikaslearenganako maitasun-arren, beraren negarmalko ta otoyak biotz-ikututa, izuz ta gogo-urriz zoraturik ziran bidaideak oro gaizkatuko ditu. Ba-dator yareibidea: «Ugarte batera elduko gera» (26).
d) Ontzia puskatuta (XXVII, 27-44)
«Amalaugarren arratsean orrela eramanak Adri'n genbiltzan» (27). Norbaitek okerrez uste izan du, oraingo Adriatike'ren izpazterretan ontzia puskatu zala; antziñaten, ordea, Lati-itxaso erdia, Sixili, Itali, Elade, ta Apirke arteko eskualdea zeritzan Adri.
Ipar-sortaldeko aize aserrea ezari-ezarian ego-sortaldeko billakatu zan, eta an doa itxasontzia igesi, olatuen iñarrosiz yauzika, noiz ondatzeko beldurrez. Gau illun luzeak astiro dioaz: Kerete'tik irten ezkero, amalaugarrena da. Bat batean, «gauerdian ontzilariek legorra urbil zala susmatu zuten» (27). Nola igarri? Aizeak eraginda, itxasontzia geldiro zioan legor alderuntz: odei-ertzean, une itzalago bat ageri bide zan , ertzak lerro zurixka batek zeatz mugaturik: gero, zantzu orri buru-belarri begira, zer zanik igarri nairik, norbaitek gau beltzean, aize-boladak txistuka bitartean, uregiko arkaitzak astintzen zitun itxasoaren marru illuna entzun iduri zun.
Beruna botata, ogei gizabete zenbatu zituten (37 neurkin gutxi gora bera), ta apur bat aruntzago beruna berriro botata, amabost (28 nerukin gutxi gora bera) (28). «Aitzetara yotzeko beldurrez» (29) ziran, orra galurrena. Itxaro-argiak yo zitun, ordea; agian, ondartzara ziteken eta galera txuliatu. Brankatik arpeu andia botazea etzan eskier: itxasontzia, abortzaren gain burua yarrita albokera irauliko litzake ta aiz arauntsi ta itxas-ekaitzaren ukaldiei gogor egiteko gai elitzake. Txopatik ere arpeuak botatzeak galurrenik aski bazun: alare, azpia oingiro izan ezkero, onik ateratzeko zoria izan ziteken.
Atzekaldeko lau arpeuak oso ariñak ziran: bata bestearen atzetik antolatu, ta bi abortzez lotuta, aski ziteken. Arpeuak txopatik botatzea etzan ez oi bezalako. Bearrik, azpia ere bikaiña egokitu zan. Opa bezala gertatu zitzayen. Ixaspeko bustin-artean barneratu ziran arpeuak ta gogor tinkatu. Zurrun yarri ziran loroak, urratu zorian estutu, ta gero, ezari-ezarian nasaitu ziran: non irozo bazeukan itxasontziak.
Itxaropena ere piztu zitzayen! Baña, bai motela ta dardartia gau illun artan!
Irrikan «argiaren erpai zeuden» (29), egon eziñik. Alexanderi'ko zeiburuetan-eta bildutako ontzimutillek, larriaren larriz ta beren buruak gaizkatzeko nai berenkoyak eraginda, igesi nai zuten ta potiña itxasora eraisten asi ziran, brankatik arpeuak botatzeko apukoz. (30). Apukoa ederki asmatua zuten. Aize ukaldi zakarrak txopako abortzak autsi bai-zitezken. Baña, Paul'ek (ontzimutillen) beren benetako asmoa igarri zien. Ontzimutillek itxasontzia utzita, zer izango zan bidaztiena, galtzoria itzuri al izateko beste iñor ezpaitzuten? Endaizlari ta ontzi-burua mutillekin itz arturik ziran, antza. Ordun, Paul'ek zuzen-zuzen euntariari ta gudamutillei esan zien: «Oriek ontzian gelditzen ez ba'dira, gaizkabiderik ez duzute»(31). Oraingoan, bai, Bidaliaren itzari siñetsi zioten. Yuli ta gudamutillek abazuzaka yoan, ontzimutillei bultzaka esti (atzera) eragin, potin-unamak ebaki, eta potiña erori zan itxasoan pulunpaturik (32).
Bide estu ori artuta gero, on egitez beraren biotz zabala erakutsi zun Bidaliak.
Gau ta egun, ain luzaroan, ekaizpean izaki, lorik egiteke ta zorabioak artuta, ezer yateko gogorik etzuten izan. Ortaratzen ditu Paul'ek, igarle antzo, itz egiñaz, iñori buruko ille bat ere etzayola galduko aginduaz: «Paul'ek goiz-argia zetorren bitartean, guziak zerbait yatera zirikatzen zitun, esanaz: «Amalaugarren eguna gaurkoa da kezkatan barurik zaudetela ezer yateke. Beraz, yan egizute, arren, zuen osasunerako: ez zayo, ba, zuetako iñori buruko ille bat ere galduko» (33-34). Esanak esan eta yarraibidea ematen die: zubi bakarrean zutik, arpegia narerik, otzargi, ogia artu ta begiak zerura yaso ta mintzo ozenez guzien begitan, yudu, Yainkozaleak, ogia puskatu baño len, erabilli oi zuten otoyaz Yainkoari esker egin zion: «Onetsia zaite, Yauna, gure Yaungoikoa, gizaldien bakalduna, lurretik ogia erne erazten duzun ori!» «Gero Paul yaten asi zan» (35).
«Berebat guziek pizkortuta yan zuten. Ta ontziko guziak berreun ta irurogei ta amasei giñan» (36-37). Itxasontzian kopuru andirik etzan, gero: Yoseba edestilariak artu zun itxasontziak, Adri erdi-erdian ondatzean, 600 gutxi gora bera zitun (Yoseba, Bizitza, 3 g. zenb). Cuziek zerki yan zuten, ekaitza sortu ezkero yan-zar baitzeuden. Egundu-ala, itxasontzia alde bat uztea gogo zuten. Bitartean, ontzia arindu asmoz itxasora yaurti zituten yaurti-bearrak oro, ontzi-oskol zear itxasoa sartzen baitzan: ur-bideak ixterik etzituten al izan. Peit ziran orni-gayak, ezer irabazi gabe iraitzi zituten. Ontzia orekan iraunerazteko zuten garia ere itxasora yaurtitzen asi ziran (38).
Eguna zabaldu zanean, etzuten lurralde ura ezagun itxasgizonek ere. Melite ikusteko abagunerik ezbaitzuten izaten, bakan-bakanetan ezik, Erromatik Alexanderi'rako bidea Mesine'ko erretena barna yoan bai zioan. Ez ayei gogoak eman ere ugarte aren aurkez zeudenik: ezpaitzekiten ekaitzak narraztu zitun uxtu ta yoera. Kolko baten barrenean ondartza dakuste. Biderik egokiena, bertara ontzia, al ba'liz, eraman ta ondartzea asmatu zuten (39). Arpeuak eta abortzak yasorik, endaitza askatu ta berari eragin ta eragin asi ziran, oraiñarte yasorik baitzeukaten, legorreratzeari zoztorrik ez yartzearren: berriz, ordea, endaitzez oi danez, itxasontzia zuzentzen ari ziran. Ta beko zapia aizera edatu zuten, atzekaldeko ontziaga txikiari-loturik; uxtua areagotzeko etzan ori, itxasontzia zuzenbideratzeko baño. Gero, ondartzeko asmoa artu zuten alderuntz, yitoan zioan itxasontzia (40).
Asi ba ziran asi ziran: beltza gertatu baitzitzayen. Oraindiño egiñalak egin zituten galurrenetik limurtzeko. Buruenik zipert ikusi bear zuten. Ur-azaleraño yeikitzen zan ondar-pilloa kirika, alde guzietatik ozka ta atzamarka zerabilten olatu-aparren azpian gaintxuriturik. Mutur artan tupust egin zun itxasontzi astunak bere biziko dunbotsez. Aurrekaldea olatuak eraiki, ta, ondartzan erori zan gero, talka-ots andiz, ta, branka tenk ta igitzeke gelditu zan; txopa, berriz, porrokatzen ari zan itxasoaren indarrez (41). Ustekabeko ukaldi ura nabaitu-ala, garraxi egin zuten deardaka, arnasarik gabe, sarrakioak artuta, gelditu baitziran.
Billurrez besoari lotuta zeukan baitu baten ardura zun gudamutil bakoitzak. Ikara ta izu laborriz dardaraka zeuden baituok, urtara yauzi ta igesi egiteko ziralazkoan. Yagoleak bakoitzaren erantzun-bearra zun. Ordun gudamutillak itundu ziran baituak iltzeko iñor igesi asten zaneko (42). Bearrik Yuli euntariak bere sena etzun galdu, ta inka larri aren alde ta sayetsak oro iñork baño obeki oartu al izan zitun: Batez ere Paul gaizkatu nairik zan. Gudagizon zagai eta gordiña izaki, Bidaliaren biotz zabalak txil eragin zion. Beralakoan bere mutillak ibitu zitun. Erromaren agartza zarrak, izuak sortutako matxinada garaitu zun ta guzien legorreratzea (eratu) antolatu zun. Lenik, igerian zekitenak urtara yauzi egin zuten. «Besteak berriz, batzu oletan ta bestetzu ontziaren uzkiñetan, lurrera irten ziran» (43-44). Paul baituak aurrez esana bete zan: guziak bizirik legorreratu ziran.
e) Melite'n (XXVIII, 1-10)
Zori artatik igesitakoan, eta legorreratu-ala, yakin zuten ugarte ura Melite zeritzala (1). Alegia, izen bereko zaldun zindoak ospatu zuten Malte. Ez, ordea, Adriatike itxasoan zegon Melite, egun Meleda deritzan Dalmati izpazterreko ugartea. Ate Ederreta'tik Malte'rañoko bideak 476 milla artzen ditu. Ekaitz yasak eramanda, itxasontziak 13 egunetan bete zun bide ori.
Ugarte artakoek txera ederra egin zien Paul eta lagunei. Bertako oyek odolez poiniketarrak ziran eta semiti-izkera zerabilten, alegia, punikera. Egungo egunean an itz egiten duten izkerak poinikerakin ez du ikustekorik, araberakin baño. Luka deunak barbaroi deitzen die, iraiñez itxusitu nai bage, gero. Beren izkera etzerabiltenei ala deitzen zien Elade ta Erromarrek. Euskeldunentzat ere beren izkera eztakitenak oro erdeldun dira. Paul'ek zekin arameikeraz ta Gamaliel'en ikastolan ikasi zun eberkeraren bidez, angoekin, erdizka bederen, elkar aditu zitezken; Agustin deunak dionez, eberkeraren itz asko edo geyentsuenak punikeraren itzen antzeko baitira. Bestalde, eladera ta latiñera etziran erabat ez-ezagunak Malte'n, illartitzak eta idazkunak aitortzen dutenez. Beiñola, Kartago'tarra izandako ugartea, Eromarren mendean zegon aldi artan, Yesukisto yayo aurreko 218 g. urtea ezkero. Sikili'ko barrutiari itsatsirik zegon erriz, ta Malte'tarrak ere gorriak ikusi zituten Berres entzuna nagusi zanean. Yaurlearen ordezkoa izaten zan yaun eta buru, ta «Melitensium primus omnium», protos Melitaion zeritzan. Izen ori etzun ez-ezaguna Luka'k (7).
Paul eldu ezkero, gizon ez oi bezalakotzat artu zuten. Angoek sendor bat erreta, zerauntsan euri ta otzari buruz maldatu zituten. Paul'ek adaki batzu bildu zitun ta sutara botatzean, ziraun bat, beroarren ilkirik, aren eskura yauzi zan (2-3). Pizti galgarriok Malte ugartetik ayenatu dira; mendiak kimatu, ta sasi, sastraka ta larrez garbituta, suge ta ziraunak alde egin dute.
Zirauna aren eskutik zintzilikan angoek ikusi zuteneko, elkarri zesayoten: «Gizon ori gizeralle duk eta itxasotik igesi ondoan, Goikoaren aserreak ez dik bizitzen utzi» (4). Gudamutillari billurrez loturik baitzekusten, gaizkin eta erailletzat artu zuten. Ark, berriz, zirauna sutara astindurik, etzun miñik artu bat ere. Bañan ayek uste zuten illupatu ta bat-batean erori ta ilko zala. Orrelakoen zai luzaro egon ezkero, kalterik ez zetorkiola ikusi zutenean, gogo aldatuz, bera Yainko zala zerasaten (5-6). Yesu'k agindua itzez itz bete zan «sugeak eskuz artzeko gai izango dira ta ez die kalterik egingo»(Mark. XVI, 18). Luka Deunak iriparre egin bide zun ugarte artako gizakume xalo ta bakunak ikusirik. Gertari onek Listra'koa oroiterazten du, an ere Erme Yainkoa zala uste izan baitzuten.
Gero, eri bat sendatu zun Paul'ek. «Bazter ayetan Pubili zeritzan ugarteko yaunak bere onibarrak zeuzkan; eta bere etxera gu arturik, adiskidetsuki izan giñuzan arrotz. Pubili'ren aita, berriz, sukarrez ta sabeldarioz oean zetzan» (7-8). Luka'k gaitz ori orduko osalariek, oi zutenez, izendatu zun: Hipokarate berak etzun bestera itz egingo. Paul'ek abagune ori onartu zun Pubili'ri zor zizkion eskerrak ordaintzeko. Arengana Paul'ek sartu ta otoi egiñez eskuak ari ezarririk, sendatu zan (8). Yesuk berak egin oi zunez, ta aurrez ikasleei san zienez (Mark XVI, 18). Eskuak eri ari gañean ezartzean, etzion ikurtonik eman; Yainkoagandik iritxi zun adiguria eskuz aldatzearen zantzua besterik etzan. Ugarte osoa arritu ta arrotu zan berri ura yakitean. Arrezkero, «ugarteko eri guziak arengana zetozan ta sendatzen ziran. Begirune aundia zerakuskiguten ere angoek» (9-10). Paul'en lagunek ere irabazten gelditu ziran, itxasbiderako bear zituten sorozkiñak oro eman baitzizkieten (10).
Arrezkero, Malte'k begirunez zaitu ditu gertariok. Oraindik ere «Paul deuna» ditxoa erakusten da, Bidaliaren ontzia bertan puskatu omen zan-eta; bizi izan arpea, Pubili'ren etxea t. a. ikusi ditzakezu nonbait. Pitxi ederragoa oraindik. Paul'i abegirik laztanena erakutsi zion Malte'k, beragandik kistar-siñeste ondarea yarauntsiz yaso du: ta siñeste ori lur gozo, apatz ta gizenean mardul erne izan zan. Arrezkero, Kisto'rena da Malte: Kisto izan da ugarte orren buru bakarra ta beraren uztarri leguna ez du iñoiz bere lepotik oildu.
f) Melite'tik Erroma'ra (XXVIII, 11-15)
Iru illabete ondoren itxasoratu ziran berriro (11). Melite'ko ekuraldiaren asiera ta amaya noiz izan ziranik ezin diteke zeatz-meatz esan. Melite'n ondartzea Ate Ederreta'tik irten eta amabostera izan zan (XXVII, 27); barualdia igaro ezkero Ate Ederretan zeuden, alegia Tischri illaren 10'tik gerora. Yesukisto bizi garayan egutegi zeatzik etzuten yuduek: ilberria oartzen zuten, illabete bakoitzaren asiera zedarritzeko: bi gizaldi geroago illabete betegarriak tarteko yartzean ere, etzuten arau tinkorik. Barualdia igaro zan dio Luka'k (XXVII, 9). Noizdanik? Aldi gutxi zan igaro zala. Zenbat da, ordea, gutxi ori, ta non asten da asko? Urrillaren azken-aldean itxasontzia puskatu ta Melite'tik Otsaillaren aurrenean irten zutenik sinetsi gaitza egiten da. Egi-antz andiago du Azillaren azken-aldera ontzia puskatu zitzayela. Epaillaren 5 g. eguna baño len etzan itxasarorik izaten: egun orren ondoren galurrenik aski izaten ziran. Galdu zuten itxasontzi ta zama ederra galtzea euntariari ere egotzi zitzayon. Beraz, Erroma'ra eltzeko irrika epelagotu ta itxasaroaren zai zerbait itxoiko zun, berriro bere burua ekaitz artean yaurti baño len.
Melite'tik Puteoli'rako itxasbidea, Alexanderi'ko beste ontzi batean egin zuten. Garaiz abaroa ugarte artan arkitu ta negutea bertan egin zun, udaberriaren zai. Ta Dioskour'en ezagugarria zeraman (11). Kastor eta Polux, yainko bixkiak, itxasgizonen yagole ontzat zituten. Aurrekaldean, brankaren alde bakoitzean beren buruak kolposturik ageri ziran. Onelako zantzuz, ta yainko, gizuren ta abereen irudiz apaintzen ziran itxasontziak: irudi ortatik zetorren beraren izena ta eskuarki aurrekaldean idatzita zeraman. Egia esan, oraingo itxasontzi au «Dioskour» deritza. Lenago bestelakoak izan oi ziran itxasontziaren izena ta babesa; babesa edo yainko zaindariaren irudia txopa aldean kolpostu oi zan. Geroago, ordea, izena ta babesa batean yarri ziran: oraingoan, ba, bi egiteko ayek Kastor eta Polux'ek zituten.
Lenengoz Sirakusa'ra eldu ziran: bertan iru egun gelditu ziran (12). Luya bide zan, eta, itxasontzia bidekatuz ari zan Sizili aldera. Aizeak, bear zanez, ibitu zunean, bidaztiok berriro aurreruntz egin zuten legorrari ezarrita. Gero Erregi'ra etorri ziran: bertan labur gelditu ziran, egun batean. Bruti'ren egoaldean datza Erregi, Mesina'ren aurkez aurke. Sortu zan egoaizeari esker, andik irten, ta Sikuli'ko itxas-ataka barrena igaro ta zorioneko ziran, Karibde osiña ta Eskila arkaitza onik atzean utzi zitutenean; biaramunean Puteoli'n sartu ziran (13).
Napoli'ko kolkoaren ertz batean, ta Napoli uriaren sartaldean datza egungo Pouzzoles, gorarik gabe: antxiña Puteoli zeritzan. Itxasorantz zeraman zubi antzeko baten 30 ustayak-eta, lekuko dira lenago kai ospetsua izan zala, Itali'ko zama-tegi aurrena, ta Aigito ta Sortaldea Erroma'kin itsasten zun bide-buruz. Plini'k dionez, irurogei ta amar aberrietako salerosleak bertan ageri oi ziran, lurreko bazter guzietatik yaurerriaren uriburuak bear zitun salerosgayak ekarki: batez ere, Aigito'ko garia zekarten Alexanderi'tik itxasontzi berezietan. Azken uri ontatik urtero eldu oi ziran, August Kaisar zanean, 5.000.000 zarerdi garitan.
Azoka-uri zabal ontan ere ba zan yudu-kopuru ederra: sinagoga bat zuten. Ba-ziran berebat kistarrak: bertan goiz lurrak artu zitun Yesukisto'ren sinesteak, Erroma'n bertan baño len, antza. Beraz, bertako kistarrak Paul ikusi ta ayekin zazpi egun eukitzea zezkaten. Paul baituek etzun bere aukeran gogo ori asetzea. Euntariak gizabidez baimena eman zion. Paul aintzat zula badakigu ta orrela azaltzen da Erromar euntariaren onginaya. Gañera, onela, Erromaratzea beranduagotu zezaken: Erregi'ra orduko ordezko bat, Erroma'ra bidali zun, beraren etorreraren berri eman eta agindu ta oarrak eskatuz. Paul'ek ere geznariren bat bidali bide zun Erroma'ko kistarrei.
Ta orrela etorri giñan Erroma'ra (14). Azken bide aldi au ez da ernagarri: Luka ezpaita luzatzen berau azaltzen. Paul'en berri Erroma'ko senideek izanda, beragana ziñez ta miñez yo zuten Api zei ta Iru Etxoletaraño. Erromako kistarrak Paul maite baitzuten, beraren ibillerak ta bertakoei idatzi zien eskutitza zala-ta. An bizi ziran kistar asko lankide ta ezagunak zitun (begira Err XVI, 3-15). Ayek ikustean, eta ayen sineste sendo ta maitakuntza mardula nabaritzean. Paul'ek Yainkoari esker egin zion eta beldur dana aizaturik, bere billurrak Berri-onaren onerako izango zirala ikusi zun ta biotza zabaldu zitzayon (15).
|