Euskera
Aldizkariak barna
Elentxu'k
Sail ontan, bi-illabetero, euskal gaietaz nolarebait diarduten aldizkarien arkibideak emango ditugu azalpentxoren bat, geigarriz, ezarririk. Aldizkari ok, damurik, erderaz ugari eta euskeraz urri dituzu. Beaz, arkibide osoak aldatuko ba'genitu, geure aldizkaria erderaz gainezka yarriko genuke; eta gurea ez da ortarako sortu. Ori dala-ta, euskel lanen izenak eta gure irakurleentzat egoki litezken erdel lanenak soilik aipatuko ditugu gañontzekoak erdal-euskalarientzat utzirik. Goazen, bada, arlora:
Gernika. Uztail-Iraila 1951. 16'gn. zenbakia. Buenos Aires'en.- Doniane'n agertu izan da orainarte, baina bere zuzendari Fagoaga'tar Ixidor idazle azkarra tokiz aldabearrik arkitu da eta berarekin aldizkaria ere. Luzaroko aldaketa ez al du izango. Aldizkari onen orrialdeak geroago eta euskera ugariagoz ageri zaizkigu. Lopez-Mendizabal'dar Ixaka: «Euskaltzaleak ala Euskaletsaiak?.- Itz berrien inguru abaroska diardutenen aurka ari zaigu Ixaka. «Aldi luze bat da ori ikusten ari gerala, dio, batez ere Bidasoz goitiko idazle batzuetan eta oker oni bideak ebakitzeko garaia eldu da. Sasijakintsu asko izan ditugu beti, eta ez da naikoa, noski, orrelako gaietan beste jakintza gabe orrelako kirtenkeriak esatea.» Artikulu ernegarri ta irakurgarria. Mirande'tar Jon: « Ametsetarik» eta «Neskutsak». Maite olerkiak, esku trebez onduak olerkari bikain onek oi duenez. Agiri danez, onezkoak ere egin ditu gure olerkariak GERNIKA'rekin. Krutwig'tar F.K: «Hoelderlinen Schichsalslied» eta «Zer naiz». Bi olerkitxo, bata doitxeratik itzulia bestea amestua, biak poliki borobilduak.- Zelai: «Giputz ala Gipuzkoar?». Zelai'k giputz idatzi ta esan bear dugula dio, gipuzkoar erriko ez dalako. Zenduez, alere, lotsa geitxoago bear genuke. Ez dakit nor zaitudan, bainan diozun arako «Amezkoa, adimen sukor batek» «amaieuzkoa (sic) zala aditzera eman zigun...» Sukor ala mukor, adimen sendo ua izan ezpalitz Zelai'k ere etzuen ain txukun eta ederki gaur idatziko. Villasante Kortabitarte'tar L.A.: «Angeles Sorazu edo Emakume goitar baten berri laburra». Artikulu yoria Arantzazu'ko praile gaztearena. Ederki idatzia, Kruwig'en bideak barna ari ba'zaigu ere. Itz aunitz euskeratuago zitzakean itz-berrietara yo gabe, alajaña. «Gure Angeles'ek bere liburu guztiak gazteleraz izkiriatu zituen. Horixe dugu txarra euskaldunek. Kulturezko zer guztiak erderaz agertu izan dira ia bethi.» Euzko-Gogoa'koek aspaldi yabetu ginduzun ortaz eta emen ari gaituzu gai guzietaz euskeraz idazten, eta idazten yarraituko dugu Yauna lagun. Ibinagabeitia'tar Andima: «Idazle zarrak. Bernard d'Etchepare». Lenbiziko euskal idazlearen berri damakigu, eta gaurkoei iarraibidetzat yartzen. Andima ere ez ote zaigu Krutwikeratzen ari? Ala ematen du beintzat; ark ere arrotzkeri geiegitxo bai darabilzki aspaldion. Aldabe'tar Iokin: «Aita» olerkitxo xamurra. Larramendi'tar Iñaki: «Nere aitortza eta asmoak». Aldiak eragindako olerkia bertsolarien tankeran. Polita. Erderazko lanetan aipagarrienak oetxek dituzu: Fagoaga'tar Ixidor: «Un debat historique: Sant Jean de Luz devant l'Assemblée Nationale.» Joseph Garat'en inguru ederki mintzo zaigu idazlea. Nicolas Ormaechea Orixe: «Versos a la antigua». Argibideak EUSKALDUNAK poema aundiko ahapaldi batzu aditu ez dituten kritiku zenbaitentzat. Altube'tar Seber: «Acentuación de los apellidos y toponímicos vascos» irakurgarri da.
Boletin de la R.S. Vascongada. 1951- VII gn. urtea, 2gn. ingurratia. Oro erderaz, Donostian agertu arren. Donosti Abak, orregatio, zenbait euskal bertsu argitaratzen ditu ARIEL Chaho'n aldizkaritik yasota. Hiribarnen'enak omen. Izkuntzariek Pedro de Yrizar'en lana, euskal aditzaz, irakur dezakete aspertzen ez badira. Esan bearrik ez: Boletin ortako aritikulu guziak azaltzeko euskerak eluke lotsarik.
Egan. 1951. 2'gn. inguraztia. Donostia'n. Aipatu Boletin'aren geigarria. Erkiaga'tar Eusebi: «Ixil-ondoko olerkiak», sei olerkitxo: «Karmelo Etxegaray», «Lekeitio'ko andra aurreskua», «Izarren onduan», «Arrantzale Zarra», «Larran» eta « Jean Paul Sartre'ren Ardi galduak». Ixil-ondoko olerkiak benetan bikañak. Orra urratu digu Erkiaga'k ixilaldia eta neurtitz ederrez. Lenago ere gure olerki-zelaian gorengoen artean ibilia dugu, berrizko ibilaldi onek ez al du aterririk izanago oiu garai betea datorreno. Larrañaga'tar Joxemai: «Su ondoan». Ipuitxoa, polita, obeagorik egingo du ba'darraikio.
Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos. 1951 Yorrail-Garila. Buenos Aires. Lopez Mendizabal'dar Ixaka: «Roncesvalles'en izena euskeraz». Aspalditik dabilkigu Ixaka maitea euskeraz arlo guziak urratu nairik. Izkuntza eta itxorkun gaiak ederki azaltzen ditu Roncesvalles izenaren inguruan, sakon eta gainera agiri aunitzez ornituta. Yarraigarri benetan idazle auxe gai ok erderaz derabilzkiten euskaldunentzat. Gabino Garriga: «Sugestiones vulgares del centenario de un libro euskeriko». Irakurgarria. Gure banako onetantxe argitaratzen dugu idaz-lan ori euskeratuta. Oargarria ere Justo Garate'n artikulua «chaho'rekin berriz ere», baita Laskurain'en « Euskal-zenbakera ikasteko ekai batzu». Zer onik aterako du aldiskari onen Bibliograpi-errola irakurriko lukenak.
Gure Herria. 1951-ko Uztail-Agorrila Bayona'n. Oxobi: « Oxalde'ren pertsu zaharrak.» A. Aguerra: « Antton eta Kayet» ipui laburtxoa. Tauer'tar Norberta: «Arrotz euskaldun baten deia». Euskeraz idatzi ta izkatzen zirikatzen gaitu Tauer yaunak. Beste artikulu guziak erderazkoak dituzute eta gai arruntetaz idatziak. Emengo idazleek ez al diote egingo entzungor Tauer'en deiari.
Alderdi. Euzko-Alderdi-Jeltzaliaren Deya. 1951 Dagonilla. Bayona'n. «Izpar zipriztinak». Ez dakit nork, baina oso poliki idatzia dator, berri zenbait, barne ta landako, emanaz. Otea: «Ikasleak Itsasertzean Bil». Donibane Lohitzun'en Laburdi'ko ikasleak aurten egin batzarraz ari da. Ez dut uste, ala entzun dut, batzarre ortatik euskerak ondorio onik aterako duen: «erderaz luze... euskeraz labur dituzu emengo ikastunak. Dana dala Otearen idazlana txukuna ta ernegarria da. Altube: «Afrika Pirene Mendietan asten da». Nundiko ta noiztiko ote da esakun berori? galdetzen idazleak. Orra Altube'k aztertzen duena Cournot prantsez edeslariaren esanetan tinkaturik. Musikar'tar Kindin: «Españiko Gauzak». Politika gaietaz ari zaigu eta ederki alajaña. Gañerako idazlanak erderazkoak dira.
Herria. Astekaria. Bayonan- Sail-berria 91 zenbakia.- Mundu guziko berriz gainezka dator, bainan guretzat auxe yakingarrienik: «Buruilaren hogoian biltzar ederra Hendaian.- Urrezko eztaiak ziren (Eskualtzaleen Biltzarra'renak). Meza kantatu zuten. Bazkari ederra ere egin zuten, eta baten batzuk aparia ere bai. Baita itzalditxo zenbait ere. Berrogeitamar urte betetzera iritxi dan Biltzarre orrek izango al du euskal-gogo bizkorragoa aintzinalat. Bein adin ortara ezkero sen ta gogo bear dute gizonek... eta biltzarrek ere bai. Gure zorionak ar bitza Euskaltzaleen Biltzarrak. Herria, bertsolarien txapelgoaz ere mintzo zaigu. Yai polita Baigorri'koa. Basarri ta Txalbador txapeldun eta «ex aequo» gainera.
Euzko-Deya. 1951 gn. Urrilla - Paris'en. Gipuzkoar batek: «Tamalgarria». EGIZ euskal apaizen aldizkariarekin gertatua edesten digu. Tamalgarria benetan Donosti'ko gotzaiak artu erabakia, ots, aldizkariaren zuzendari, idazle, jasotzalle, ta laguntzalle izatea eragozten die bere apaizei, zigorpean gainera. Orratx gure gotzaitxoak Yauntxoa txurikatzen, bere ardien ardura aundi gabe. Lotsagarriagorik....- Tolosar bat: «Ziaurritz'tar Dorota». Ziaurritz tolosar osagille ta Euzkadi-Buru-Batzarre'ko lendakari zanaren il-berria. Poliki idatzita. Azkenekoz, aurten, Donibane'n arkitu nun Ziaurritz yauna. Euzko-Gogoaz mintzatu ginduzun.
Erioak uste baino len eraman zigun. Goian bedi, Dorota maitea.- Lontzi Aba: « Gonadun gizona» eta «Prakadun Andrea». Lontzi Abaren ipuintxuetatik artutako irri-olerkitxo bi. Ba dizute gatz eta piper. Andarekoak erderaz idatzita.
Euzko-Jakintza. 1950-ko Uztaill-Abenduak.- Biarritz'en
Euskal gaietaz, erderaz agertzen dan aldizkaririk aberatsena auxe. Ba'duke euskalzaleak gogoa nun ase, yakituri yatorrez eta yakin-bideak eskatu ariora idatzi lanez. Euskera gutxi darabilte gure letradunek, bainan EUSKO-JAKINTZA'ren zuzendariak asmorik garaienak darabilzki utsune ori betetzeko. Euskerari toki zabalagoa bere aldizkarian emateko gertu daukagu, eta ala egingo ere du aldi gutxi barru. Onatx, banako gizen ontan, aipagarrienak iruditu zaizkigun idazlen izenak: J.M. de Barandiaran: «Ele zaar-Herensuge». Erensuge bildurgarriagazko elezar guziak pillatzen ditu, euskeraz, aldamenka erdel itzulpena duala.
Lan sakona ta atsegiña ere bai. Aski noren eskutik datorkigun yakitea, bete-betekoa dala aitortzeko. R. Lafon: « Notes Etymologiques». Au ere sakona ta irakurgarria. Severo de Altube: «Eusko etimologi ta ponetikaz». Idazle azkar onen adimen-argi bizia dario. Charles Bouda: Lau lan mardul euskal-etimologi ta Buruschko-izkeraz. Idazle ta izkuntzari iakitun onen lanetan pulunpatzeko izkera gaietan erne ta gurbil bear dugu. Ala ere zitu onik yetzi dezake euskaltzale arruntak ere nor bere opilari ikatz egiteko. Orrez gainera edesti gaietaz ere arkituko dituzu lan ugari ta xuspergarriak. Idaztelesti (bibliograpi) ugaria ere badakarkizu. Ikaztei'ko, J.: Euzko-Gogoa, gure aldizkariaren berri damaki. Atsegin izango zaizuela-ta, ementxe aldatzera nioakizue, Ikaztei'ko J'ri (on Joxemiel' (i) eskerrik beroenak biotzetik emanez:
«Euzko Gogoa: ara Guatemala'n euskaldunek argitarazten duten aldizkari ederra.
Dena euskeraz egiña. Zaitegi, idazle eta olerkari garbi eta jakintsua du bere zuzendari.
Idazki txukun eta ongi apainduak azaldu ditu bere agertaldietan (lenengo seiak bakarrik ikusi ditugu).
Etxetxo'k, Udalaizpe'k Izurtza'k eta Ibarzabal'ek gure olerkariei buruz agertu dituzten edesti-izpiak; Argarate'k langilliei egiten dien oyuak; Andima'ren irakurgai mamitsuak; Orixe'ren irakaspen bikaiñ eta kantu atsegingarriak; Zaitegi'ren olerki eta irakasaldi eztitsu ta gogoangarriak; Mirande'ren aldiz legun eta aldiz zorrotz diren abotsak; Amayur'en edesti-lank; Monzon'en lerro goxoak; Harinbat'en gogoeta sakonak eta Jemein'en ekinaldi sustraitsuak atsegiñez irakurri ditugu.
Orrelako aldizkari baten bearra ba-genduen eta agertu zaigu. Ongi-etorririk beroena damakiogu.
Entzun zagun bere deia: «Euskel-idazle oro betoz, bakoitza bere kiskia ekarki.
Kizki orori, biotz-aundi izaki, beti arkituko diogu ezti tantaren bat.»
Jarraiozue anaiok, bide orri. Gu ere, urrundik bederen, zuen pausoan joan gindezke, asmoz bezin azkar egitez baginake. Euskerak ikasgai asko dakarzkigu; badu barnean zer ikusi eta zer ikasi; bera erabiltzea ongi zaigu eta euskeraz mintzatzea eta idaztea eginbide degu. Zuen ixpillua ez dedilla sekulan itzali ez belundu.» Ikasteiko J.
Paris 1951-X-6
|