Idazti-Berriak
Ama-semeak Arantzazuko kondairan
Ibinagabeitia'tar Andima'k
Salbatore Mitxelena. «Ama-Semeak Arantzazu'ko Kondairan». 12'rengoa. 263 orrialde. Zarautz'en 1951.
Onatx olerkari yaioa, gaurkoan edeslari. Eta nolako edeslari! Arantzazu'k bere xotiltasunez praile gaztea txoratu zigun, eta txoramen orrek eraginda, euskal lanik bikañenak argitaratzen ari zaigu!
Zuk zer dezu, Arantzazu!
ames-kabi, otoi-leku... .
Euskalerria oso-osorik
Kantari dijoakizu.
Izena bera, Arantzazu!
Kanta ederrena dezu.
Itz bakar ori mintza orduko
Kantari jartzen gaituzu.
(ARANTZAZU. Euskal-Poema'tik)
Azken bi urte auetan, Aberri Egunez, emen Paris'en, meza garaian kantarazi ditut ahapaldi ok, bainan gure biotza etzan kantari yarri, naigabez baizik. Ni neu organuan ari nintzan bi begiak malkoz blei, eta ni bezela beste asko. Izen ukigarria Arantzazu! Izen orrek, aurtzarotik, biotza ukitu zigun euskaldun guztioi.
Xei urte izango nitun eta Arantzazu'ren berri etxe-barnean izan nizun lenengoz, Bizkai'ko itsas-bazterrean. Gogoan dut nola amama Petra'ri, andre andi ta guren, bai bein, galdetzen genion:
«Amama, zelan da «Arantzazu'ra bidez-bide» ipuña?» Eta amamatxu maite ark beti erantzuten zigun amaigabeko ipuin onekin:
«Jun... ta jun.... ta jun...
makillatxu bat esku'n..
ogi zatitxu't kolku'n....»
Bidariarenak azkenik etzuen, bainan amamatxuk Arantzazu'ko komentu ta Birjiñaren zeapen ugari ialkitzen zizkigun. Ames gozoz oeratzen ginduzun Aloñakoaren magalpean bidari ibilkoiarena ezin buruturik orratio. Yoan ta yoan.....
Guk burutu-eziña Salbatore Mitxelena'k iriz-gai dugun liburu xoragarrian burutu digu. Andre Mari'ren Agerpenetik asi ta gaurdañokoak oro zeatz-meatz edesten dizkigu. Ia irureun orrialde yori ta aberats beztu ditu.
Edeslariaren lanak ba'dizu arrixkurik, zeapen geiegi, batez ere, gertakari nagosiaren inguruan metatzen ditunean. Gure edeslaria ordea, etzaigu ortan lerratu. Edeslari baino len olerkari izan gure au eta onetxek, nere ustez, edesgilleen kalaka-azpergarritik saiestu digu Salbatore maitea. «Instruere delectando» zioten antziñakoek edestiari buruz; eta idazleak bete-betean iritxi dizu. Atsegiñez irakatsi: bai orixe. Atsegiñik pizkorrenaz orrialde guziak irakurri ditut eta ziur-ziur esango nuke beste edozeinek ere atsegiñez gañezka irakurriko duela liburu xoragarri ori.
Ba'dizu idazleak irakurlea bereganatzeko indar, doai berezi bat. Nundik datorkio ordea indar ori? Ara or labur.
Arantzazu'ko gora-bera guziak gutxik ez bezela ezagutzen ditu Mitxelena Aitak.
Ba'dizu, gainera, ortako ziorik. ARANTZAZU poema ederrean lenago abestu zitun Aloña'ko mendiaren baranoan gertatuak oro. Mendi bizi aren sakonenean pulunpatu zitzaigun orduan, eta arri-pitxi istatsuenez yositako euskal-poema ondu, garrez, maitasunez gañezka. Orduko garra, orduko maitasun ber-bera, gaurkoan itz-lauz ematen dizkigu. Garra ta maitasuna itsaskor eta edakor dituzu. Ortik, beaz, irakurlearen gogamenez jabetzeko daukan indarra.
Idazkera ere bere-bizikoa dizu idazle gazteak. Euskera argi ta garbia erabat. Erriarentzat egin-egiña eta erri ez'danarentzat ere bai. Maiz, idazti au irakutzean, idazlearen barne-burruka nabaitu dugu itzak aukera bearrez. Garbira ote? Errira ote? Geienetan errira yo du, eta ala obe! Nola nai ere, Mitxelena'ren euskera erritarra izan arren, aberatsa duzu. Ba dizu itzak aukeratzeko ere zertxo bait, antze berezi bat. Euskal literatura osoa, izkelgi guzietan, irakurria ez-ezen ausnartua dizu, sakonki aztertua. Batasun bidera yo nai dugunok ori bear ere lenik eta beñenik, bestela ez dugu iñoiz ere gure yo-muga iritxiko. Zaletasun berdiñez yasotzen du idazle azkarrak, erle langilleak antzo, erri-elertiko baso-lili apalenai edota elerti-garaiako lore ñabarrari darion ezti goxua. Oro ordea, bere gogo-giroz oretuta. Eta nolako gogo-giroa! Prantzizko deunaren xalotasuna, ezti-yarioa dizu idazle gazte onek. Maiz bururatu zait Aita Azkue' ren «Loretxoak» «Ama-semeak Arantzazu' ko Kondairan» irakurtzean. Bainan Mitxelena'ren euskera biozkoiago, ixurkorrago, zailuago baitere aberatsago duzu.
Idazlan aundi ontan Aita Adriano Lizarralde'netik ugari baino ugariago yetzi dizu Mitxelena'k. Ber-Berak aitortzen digu:»Erbi-zakurrak baño bizkorrago, Lizarralde arantzazulari paregabeak ez dizu utzi bazterrik miatu gabe. Nik eiztariarena egin det emen: nere bidetik jarraitu, iñoiz edo beste tiroa boteaz ark ateratako erbiai.» Beaz, idaztiaren guna, edeslari bikain aren oñarrietan sendotua datorkigun eskero, ezin zitekean zindo ta zintzoagorik izan. Zindo ta zintzotasuna, orra gaurko edeslariaren gurpilak, eta gurpil oietan ez lebilkena, aizuna litzake. Aizunez yotako edeslaria aldiz, ez duzu edeslari, kontari alai baizik.
Yakiña: Arantzazu'ko Andre Mari'z aritzekoan ezin zitzakean aldebat utzi mirariak eta mesedeak. Mirariak erri-abarraren bazka dituzu, egun baño len areago. Gure liburua berriz, erriarentzat egiña izan dan ezkero, nola bertanbera utzi mirariak eta mesedeak? Taiuz aukeratuak ematen dizkigu eta gutxi; gure sinismenak arkaitz sendoagorik ba'dizu oinak tinkatzeko. Aita Luzuriaga'ren «Paraninfo Celeste Historia de la Mística Zarza... t. a.» irakurtzerakoan, neri beintzat etzitzaidan Arantzazu'ko Amaren ganako eraspena berotu. «Idazkera bera alako katramilla ta anpatua bait dizu, amazazpiko idazleak oi zutenez.» (134 orrialdean). Alaxe da izan ere eta ederki mugatzen digu Mitxelena'k Luzuriaga'ren mirariketa.
Idazti onen kapitulurik ederrenak autestera yarriko ba'nintza ez nizuke zein aukera aixa yakingo. Bainan enen gardiz, onatx benetan ernegarrienak: «Antxe Arantzazun» III garren kapitulua, «Erromeriak» VI garrena, «Gau-Bijiliak» VII garrena, «Mendi Santuko Dirdaiak» IX garrena, «Gainbera»X garrena, «Gaurko Arantzazu» XII garrena. Gainerakoak ere ernegarri ta bete-beteko dira, auek bezelatsu, esku-antzetsuz idatziak.
Bukatu baño len idazlearen asmo garaienak yaso nai nituke euskaltzale-sur.
164 garren orrialdean idazleak dio:
«Ikuskizunik jatorrena ta pozgarriena izango litzake auxe, ara: gure diputadu, euskal-akademiku, idazlari, musikalari, jakintsu, aundikitar eta osterako euskaltzale argienak, mota guzietakoak, danak bat artuta, antxe (Arantzazu'n) urteroko bazkaria egin bear luteke, lengo kofraditarren antzera, asmo berberakin. Antxe guzion ama Zaindariaren babesean. Ikuskizun jator eta pozgarriena izango litzake, ta xuspergarriena gainera, danon gogoko iru gauzok anpatzeko: euskaltasuna, leñargia ta jabetasuna gaurko egunak eskatzen duten giñoan eta tankeran..... Batere politika-usairik gabe (?), jakiña. Alaz gueiz, emen ere izango genduke lizar-arbasta jasota, zentzui sarrera ukatu!» (Puntu-lerro ta azpi-lerroak irizlearenak dituzu.)
Zergatik ez? Arantzazu Euzkadi oso-osoaren biotzean kokatua dago, eta Arantzazu'ko Andra Mari'k biotz orri taupadarik goxoenak daragizkio. Biotzak soña biziazten du; ua atertu ezkero, soña ere atertzen, iltzen da. Ez dugu nai aterririk gure Euzkadirentzat ezta gure euskerarentzat ere. Arantzazu! Zu zaitugu Euzkadi'ren biotz, Zuk bear duzu Euzkadi'ko Erregiñ. «Sei Semeak» zure mantu-pean kokaturik bear dugu! Batasunak zaituko gaitu eta batasun ori zure babesean lortuko dugu!
Ekiozu, idazle gazte, asmo gallen orri, ARANTZAZU, Andre Mari'ren itzalpean, euskal kulturaren kabi gertatu arte, Montserrat katalan-kulturaren kabi dan bezelatsu. Ekin, arik eta zure ta gure «trixtura» alaitasun bete biurtu arte.
Euskal-arloan zitu pozgarrienak ageri zaizkigu Aloña-mendi zoragarrian, gazteen artean batik bat: zarrak, bearba, oraindik irurogei urte lenagoko erra ta aserre txoro ta utsalez agiri ba'dira ere. Euskalbidean ez dugu aserrerik bear, adiskidetasun zintzeena baizik. Orrela burutu al izango dugu gure asmo bakarra eta begien aurrean yarrita daukagun yo-muga erre, ots, euskera datzan leize-sakonetik eguterara dirdari atera!
Zu ari zaitugu Mitxelena maitea, eta biotz-biotzetik eskerrik gartsuenak damazkitzut egin diguzun eskukari bikañaren ordez. Ez etsi, arren! Jaunak osasun ta kemen emango al dizkigu larri-aldi gorri ontan!
Paris'en 1951-X-5
|