Yakintza
Landareetaz atsapenak
(Botanika-Asimasiak)
Ibinagabeitia'tar Andima
Itzaurre
Landareetaz ematera nioazkizuen ikas-gaitxoak, gure aurrentzako, len-ikastola-mailako nexka-mutikoentzako ondu nitun. Zenbait urte igaro dira arrezkero.
Lau euskaltzale gazte elkartu giñan, ikastoletarako, euskeraz, gauzen-ikaskizunetaz ornitutako liburu bat egin bear genuala-ta. Botanika, tzoologi ta geologi'azko egitekoa eni egotzi zidaten. Laister burutu nizun, gaztetasunak berez dakarren zaletasun eta garrez. Lantxoak, ordea, gurean gerta oi danez, lorik paketsuenean gelditu ziran.
Euzko-Gogoa'ko zuzendariak paperok berriz ere iratiotu eta astintzeko zirikatu nindun. Aien artean botanikatxoa, soilik, arkitu dut. Pixkat orraztu eta erreztu ondoren, argitaratzea erabaki dut. Uzkur, irakurlearen aitzinean agertzeko, lan kaxkar eta exkaxa dalaka. Baina lan kaxkarretik asi bear bidea urratzen. Ez dut lan aundia egiteko asmorik izan; gure nexka-mutikotxoak ez dute bear oraindik. Bainan irakurleak bere oar atiñ eta iakintsuz lagun ba'datozkit, ori ere egin gentzake. Ez duzute beste munduko gauza gai oetaz euskeraz idaztea.
Itz berririk sortu bear izan dut; yakiña. Ala ere, alik gutxien eta errexen. Ortarako alemaneraz idatzitako botanikak izan ditut idaz-lagun. Yakintza gaietan argitasun ugari yetzi ditzakegu izkuntza ortatik gurera: lore-auts (blumen-staub), auts-ari (staub-faden) aizto-iduri, lantz-iduri (lantz-formen) t.a, bide ortatik antola ditut. Eladera ere, noiztanka, urtu dizut. Erderazko itz yakintsuak oso-osorik artu nitzakela? Gure aurrak euskal-itzez antolatuak obeki adituko ditute noski. Alabaina, erdel-itz oro ez ditut arbuiatu, bearrik ere.
Gure artean gai ontaz argira lanak erderaz eginak dituzute, zenbait landaren erri-izenak biltzeko. Oro begipean izan ditut: Lakoizketa, Arantzadi, R.I.E.V., Elissalde'n Gure Herria'koa, baita Althabe'rena ere.
Norbaitek erritarrek nere botanikaren erdirik ere ez dutela ulertuko esango dit. Baleike egia ori ere. Erdaldun erritarrek beren izkuntzez idatzitakoak zearo adituko ote litukete? Egin dezatela saioa, nik egin dudan bezala, ta or ikusiko dute.
Arlo zabala daukagu euskaldunok yakintza gaietan, urratu nai badugu. Ez da aski euskel-ikastola eskatzea. Iñoiz ikastol ori emango ba'ligute, eskola liburuekiko mixeri gorrienean arkituko giñake. Liburuok dagonetik gertu bear ditugu, eta lan ortarako autatu, edo autatutzakoek deus egiten ez dutelako, (beaien laidogarri), bakarrean eta ziri gabe ari bear.
Agur, irakurle maite, eta engoitik diotzut egingo dizkidazun oartxoak pozik aundienaz yasoko ditudala.
Paris'en 1951'gko Loreillean.
Landareetaz
I. Atala
Bizidunak
Egunero ikusi oi ditugun abere ta landarak astiroxeago begiratu ditzagun ikertu eta aztertzeko. Lendik ere, ederki genkigun bizidunak zirala. Zer ote da, baina, bizitza? Ez da ez auxe, ain adieraz-errexa. Ala ere, amaren besoetan itz egiten asi giñanaz batera, nolarebait bizitzari antz eman genion.
Etxean daukazuten katutxoa, bizi da. Txiki-txikia zan, baña azi ere egin da; yan eta ibili dabil, otorduetan berriz, zuen ondoan yarri-ta, ondakin eske egoten zaizue.
Oilategiko oiloak ere bizi dira. Lenago txito zenitun. Oiek ere azi dira, eta katutxua bezela, elikatu ta ibili-dabiltz. Arrautzak erron oi ditute, ta arrautz oetatik beste oiloak sortuko dira noski.
Leioko lorontzian azkortu dan landara ere, bizi da. Baña katua ta olloa bezela, aron ez dabil. Ala ere, lur eta goizero botatzen diozun urez elikatzen da. Azi-ale batetik yaio zan, oiloa arrautzatik bezela. Landaretxo onek beste azi-ale batzu ekarriko ditu, datorren urtean landare berriak ernerazteko.
Baña, katua, oiloa eta landara ez uste aldakaitz diranik, aldabearrak baizik. Ilbearra etorriko zaie, eta il-ondoan, igartu, usteldu, auts biurtuko dira.
BIZIDUNAK, beraz, yaio, azi, elikatu, ugaldu eta, azkenik, iltzen diran izakiak dituzu.
Abere ta landarak
Bizidunak talde aundi bitan sailkatzen ditugu:
Aberedia eta landaredia
Abereak bereala ezagutu ditzakegu. Yakiak billatzeko, baita beste bizi-zereginetarako ere, almen bereziak ditute; aukerara mugitu eta ibili ditezke. Erbiaren atzetik laisterka dioan txakurra, zuloa egiten ari dan xagua, bere txirlak ura sarrerazi edo etsaietatik gordetzeko iriki naiz ixten dituan maskorra, len esan bezelako igikun edo zirkiñen iabe dira. Beraz, txakurra, xagua ta maskorra, abere dituzu.
Belarki edo landarak ordea, inguruetatik datozkien indarrez baizik ez dira mugitzen. Aizeak eta urak igitu oi ditute, baita euretan kokatzen diran egazti eta bestelako piztiak. Baña zirkin oetatik bat ere, belarki edo landarak berez ez du egiten.
Bizidun andi ta ikusgarrietan, iñor ez da landarak abereetatik bereziko ez litukenik.Bizi mallan berago, ta illunagoak dituzute ordea, oien arteko bereizkiak. Ba dira bizidun tipi batzu landara ala abere ote diran ez dakizkidunak.
BIZIDUN XE EDO TIPIENAK. Landareetakoak dira bizidun xe edo tipi aunitz. Txiki-ikuskiñez, mikoroskopiz, soilik ikusi ditezken KIZKIN edo zagiño txikien antzeko dira.
Zer dugu, berriz, KIZKIÑA? Onatx, kizkiñaren zati-banaketa:
Kizkin bakoitzak estalki edo mintza deritzan azal me-mea du; mintz onen barnean, kizkin-mamia, ixurkari antzeko gai bat, eta kizkin-mamiz inguraturik, kizkinguna, aletxo nabariena.
Kizkin bakarrez osoturiko landarak kizkin-bakarrak deritzate.
Kizkinek mintza-zear uriña beretuz bizi dira. Ortarako, ixurkari azkurritsuz inguraturik bear du egon, kizkin-mamia ugaritu eta kizkiña azi daiten. Bear beste azi-ala, erdiunetik, kizkin-gunarekin batean, meartuz eta luzatuz dioa, ta azkenez, zati bi egiten da. Orra kizkin berri bi.
Landare kizkin-bakarrak ere, zatituz ugaltzen dira. Toki ta giro egokian ezkero, ordu gutxi buru arrigarriro ugaritu ditezke. Ogiaren orantza, ardo ta ospiñaren artzikaiak landareño oetarikoak dituzute, dagokien uriña, berriz, ardo ta orea.
Baita landare oetakoak dira, gure soin, abere eta ainbeste landareetan bizi diran bizidun-xeak. Naparreri, gaitzepel eta beste eri asko, landareño oiek sortzen ditute; bat-batean askoka ugarituz eta gure gorputzaren bizkar biziaz, zearo soin-iñarkunak aldatzen ditute, min gogor eta maiz eriotza ere erakartzen digutelarik.
Kizkin-pilloz eratutako landarak
Legami edo orantza deritzaten landarak, berez bizi ditezke urin epel eta egokian murgilduta. Bakoizka elikatu ta azi oi dira, besteen laguntasunik gabe.
Izadian, orratio, landare kizkin-bakarrak asko izan arren, ez dira urrik ere, garrantzitsuenak. Maizenik ikusi oi dituzuten bizidunak elkarturiko kizkin-pilloz eratuta daude. Bakar bizi eziñik, izaki osoari dagozkion iñarkun bereziak egiñaz, elkar lagunduz bizi dira.
Izakiaren barnean kizkin-kideak mordoan daude, iñarkun edo iardun baterako egoki diran atalak osotuz. Atal elkartu ok soña antolatzen dute.
Aipatu kizkin alkartuek, kizkin-bakarrak lez, ixurkari azkurritsuz inguraturik bear dute. Ori dala bide, kizkin askodun izakiak, batez ere uretan bizi ez diranak, azalez bilduta daude, barneko ixurkaria (odola, landare-izerdia, uriña edo dana dalakoa) kanpora ixuri ez dakien.
Gorputz edo soin osoak, kizkin bakoitzari, elika-iñarkunez laguntzen dio, naiz ur eta beste yakiak len esan ixurkaria ornitzeko eramanik, edota ixurkariok beretuz, ta azkenik, gaiok aldatu ondoren sortzen diran ondakin kaltegarriak landara irauliz.
II'gn. Atala
Or-emengo landaren alderdi ta atalak
Egunero ikusi oi ditugun landarak zati bat lur barnean daukate, ots, erro edo kondotsa. Beste bat, lur gañean: zati au, azubilla duzu. Azubillaren goi aldetik, landare geienetan beinzat, adarrak altxatzen dira ostoz estalirik, lore ta igaliei eusteko. Azubil eta adarrak goraka azten dira, erroak ordea, berantza. Azubil eta erroa bereizten diran unea ondoa deritza. Maiz zati gizenagoa izan oi da ta lur azalean egon oi da.
Bainan landare guzietan ez dira zati auek argi bereizten; toki ospeletako oroldi, zuaitzei itsatsitako ondoraldi eta itsas barneko landareetan batez ere. Landara auek, tankera ta margoz bakan-bakanak dira. Nola azi ta bizi diran oartu ezik, bizidunak diranik ere etzenuteke usteko.
ERROA. Larros-ondo, sagar-ondo naiz mao-landara aztertu dezagun. Landare oiek lurrari itsatsita bizi dira, ta erroai esker zutik diraute.
Landarea azten dan giñoan, erroa gizenagotu ta barneragotzen da. Piñuondo urtetsuak erroak urrutiraño edatzen ditu. Ara or erroa zertako dan: uroldeak eta aizeak eraman ez dezaten landareari eusteko.
Au ez du, orratio, bere zeregin bakarra. Landarea ezin diteke ibilli aron abereak bezela. Beraz, biziko ba da, itsatsita dagon lurretik bizigaiak artu bear ditu erroen bitartez.
Erroak landareari, guri ao ta urdalla adin bat zaizkio. Landareak toki arrizu edo legorrean bizi bada, arrigarriro erroak edatzen ditu, bear ditun ezo ta ongarria billatzeko. Ori gerta oi zaie pikondo, ler eta beste zenbait zugaitzei. Aipatutako zuaitzok, toki legorretan ederki bizi dira.
ERROEN TANKERA. Askotarikoa diteke erroen tankera. Europe'ko zuaitzen erroak abar antzera lurpean edatzen dira. Orregatik erro-abartsuak deritzate. Amerika'ko zugaitz askok ordea, ille adatsa bezela zabaltzen dirute erroak; orduan adats-erroa deritza: orrelatsu koko-ondo ta palmondoak. Gure erriko landare batzuk ere, a. b., gari ta arto landarak, erro-adatsak ditute. Landare erro-bakarrak ere ba dituzute: arbi, urarbi, zainori t. a., erro gizen bakarra dute, maiz, landara osoari dagokion baino aundiagoa. Erro-bakar oiek yateko on izaten dira.
Sarri, batez ere arraztari ta igokari diran belarkiek azubil inguruan aize-erroño naiz ardatz-erroño'k ditute. Batzuetan erroño naiz ardatz-erroño'k ditute. Batzuetan erroño auek zurkaitz naiz ormari eusteko izaten dira, orrela untzarenak. Bestetan landarea yanaritzeko, marrubi ta lili-ubel landaretan.
Erro osoa lurreko gozoa murtxatzen ez da ari. Aren zati biguñenak are obekiago egiten dute lan ori, batez ere, erro ta erroñoen inguruan arkitzen diran ille-xeak, erro-bizarrak.
Onatx, labur, erroen izenak tankerari gagozkiola.
erro-abartsuak aize-erroño
erro-adatsa ardatz-erroño
erro-bakar erro-bizarrak
ERROAK NEURRIZ. Maizenik erroak ikusgarriro edatzen dira. Diotenaz, argi-belarraren erroak 8 metro iritxi omen ditzakete. Landare batzuen erroak eta erroñoak bata bestearen ondoren ipiñi ezkero, neurri aundiak yo omen ditezke: kukubi landaretan, adi bidez, bi kilometrorañokoa.
ERROEN IRAUPENA. Geienetan landarak beste irauten dute. Zuaitz egiñen erro aunitz, zartuez gero, enborrari eusteko baizik ez dituzu, lurretik bizigaiak iasotzeko ez noski.
III'gn. Atala
Azubilla
Ondotik sortzen dan landare ardatza, azubilla deritzagu. Gazterik orlegi, urteekin margoa illunagotzen zaio. Urte bete baño geiago bizi oi diran landareena, lurraren margoko biurtzen da.
Obekiago azubilla ezagutzeko, bospasei urteko landare batena zearka ebaki dezagun, larros-ondoarena, esate baterako.
Barrenean azubillaren orpotik gorantza dioan zur-biotz edo guna ageri du. Guna-ren inguruan zura deritzan gai gogor bat dauka. Gai oni zor, landara zutik egon diteke. Urteak ainbat zurezko biribilki edo pirrila landarak izan oi ditute. Urte oro, udaberriz eta udan, zurezko estalki berri bat sortzen zaio azalpean, besteak baño zuri ta biguñagoa: zurgizena deritza.
Belarkia urtetsuago ta astiroago azten da. Orregatik zurgizenezko estalkiak meagoak izaten dira, eta azalerago ta ugariagoak, barnerago ta bakanagoak.
ADARRAK. Azubillari, dagokion goibera ezkero, adarrak yaiotzen zaizkio. Adar bakoitza pipil edo orri eta azubil artetik yaiotzen da. Adar berrietan ere, beste pipilak ernetzen dira, pipil autatik, berriz, arbastak sortuko dira. Orrela, urteak zear, zuaitz aundien enbor gain adaburua zabaltzen da, nausiriko bere eskuak zerurantz yasoaz.
Landare batzuk adarrik ez dute, azubillaren gainean pipil edo begi bakar bat baizik. Begi ortatik galdor eder bat sortzen zaie: orrelatsu palmondoetan.
AZUBIL MOTAK. Landare mota bakoitzari azubil tankera berezia dagokio. Zurgintzan arabili oi dan zura, adar andi eta lodi dun zuaitzetan baizik ez da sortzen. Egurrezko ari me-meak (zur-izpiak deritzate) osatzen dute. Izpiok, zur puxka mallukatu ezkero, aisa berezi zenezazkete. Izpi oetako asko odi antzeko dituzute, ta iakintsuek odiñoa'k derizkie. Beraz, zura, odiñozko zurizpiz eunda dago.
Adar gabeko eta adats antzo erroak dituten landaretan bata bestearen inguruan sortutako zurezko estalkiz eratua ez dago, egur-izpi txorta batez baizik; batzuetan utsa, seska edo kañaberan oi bezala, bestetan betea, betea palmondoa bezela.
LURPEKO AZUBILLAK. Lurpe-azubilak ere badira, adibidez, ezpata-belar eta ur-liliarenak. Bat-batean begiratuta ostoak erroetatik sartzen zaizkiola usteko zenute. Azubil oek lurpe-azubilak dituzu.
Beste landare batzuen erroak sagar antzekoz betetzen dira. Sagar ok begiak izaten ditute eta benetako azubillak dira, adibidez, lur-sagar edo patatak.
Sarri azubillak, kaxkarrak izaki, lurpean gelditzen dira pipil gizen batez estalita. Azubil eta pipil elkartu ok tipula deritzate.
Ara, zenbaterakoak diran landare arruntenak. Izadiko izakiak ez dira berdiñak, berezi-bereziak baizik. Orregatik izadilariaren lana, aiek banatu eta ezagutzeko, ez duzute makala izan ere.
AZUBILLAREN IRAUPENA. Urtekari deritzaten landarak ez dira urte osoan bizi. Oar bestela, baratz eta soroetako uzta biltzean. Urte batzu bizi diran landarak pizkorrak dituzu. Zuaitz aunitz, eun urtetik gora bizi oi dira. Aien urteak ziurkatzeko, enborrak, ebakitzean ditun biribilkiak zenbatzea aski da. Zenbait lertxun bost eun urtera iritxi dira. Zuaitz batzu 3.000 urtetara iritxi ote diralazkoa ere badarabilkite.
AZALA. Belarkiarentzat, azala, nora-ezekoa da. Azalak zur bizia estaltzen du, eta orrez gainera, bere gaibe osoan ditun odiñoetan landare izerdi geiena kokatzen da.
Azalak zati asko ditu: bata barnekoa, gia, odiñoz eraldutakoa; bestea erdikoa, sapotsa; landare batzuetan asko gizentzen da zati au, adibidez artelatzetan. Kanporagoko zatia larrumintza deritza. Zuaitz zarrek maiz larrumintza pitzatuta daukate, eta pitzatuetatik, zuldar-tzar antzo, azpiko sapotsa ateratzen zaie. Iñoiz gertatzen da larrumintza zearo galtzea , eta orduan sapotsa bera lekore-estalki ere izaten da.
Palmondo ta galdor dun landarei, ostoak erortzerakoan, azubil inguruan ari zuntzez egindako leka bezelakoa gelditzen zaizkie. Oien azubilak mosaiku tankera dauka osto erorien oñak zati zaizkiola.
IV'gn.Atala
Ostoa
Abar biguñen alderdietan ostoak ernetzen dira, margoz, geienetan beintzat, orlegiak. Larrumintz edo azalño batez estalita daude, ta mintza onen barnean parenkima edo kizkin-mordo orlegia dute.
Larrumintzak, batez ere orri-azpi edo ostopean, zuloño txiki-txikiak ditu; aoñoak deritzate. Oen bidez eguratsa parenkimaren utsunetan sartzen da.
Ostoak, geienetan, atal bi ditu: zabalune edo orria, eta osto-kiderra.
Kiderraren bidez ostoak azubillari eutsika daude. Ba dira, orratio, kider gabeko ostoak ere. Oek osto-eseri'ak dituzute.
Kiderra odizpi egurtsuz eratuta dago. Izpi ok orri edo zabalunean edatzen dira eta osto-zainak sortzen ditute. Osto-zañak zabalunean sare antzera edatzen dira.
Zain eta ertzeari begiratuta ostoak banatzen ditugu. Zainak zuzen ditutenak zain-zut dituzu, eta makur ditutenak zain-makur. Eskuazpi-zain eta egatz-zain, eskuazpi naiz egatz tankeran zainak izatekoan.
Ertzean koxkarik ez duten ostoak osoak deritzate. Koxkatsu, ortz iduriz koxkak baldin baditute: xerratsu, zurgiñak erabili oi duten xerraren antzera ertzea izan ezkero.
Esku-irudi, aizto-irudi, biotz-irudi, esku, aizto edo biotz irudizko diranean.
Bakar naiz askotsu ditezke, osto bat edo geiago kiderrari erantsita ba ditute.
OSTOAK GALGAZ. Landare zenbaitek osto-xeak ditute, benetan txiki ta ñimiñoak. Bada landare bat, ordea, Victoria Regia izenez, metro terdiko ostoak dituana: Amazonas ibaian bizi da landare ori.
OSTOEN IRAUPENA. Ostorik geienak erorkorrak dira. Tropiku eskualdetan ere, naiz urte-girorik izan ez, zuaitzek, loratu aurretik, ostoak aldatzen ditute.Lurralde otz eta epeletako landare batzuk osto-erorkorrak ditute, ikus geriz-ondo ta arteak, beste batzuk ordea, osto iraunkorrak, ikus untza, ler-ondo t.a. Ez uste gero iñoiz ere ostorik erortze etzaienik landare oiei. Osto berriak zarrak orbeldu aurretik ernetzen zaizkielako, beti musker ematen dute.
V'gn. Atala
Lorea
Loren edertasunagatik, batez ere, lorategietan landarak landatzen ditugu. Ostoak, maizenik, margoz orlegi illuntsuak dira, lorak, berriz kolore nabarmenez apaindurik agertzen zaizkigu: batzuek txuri ta orail, besteak gorri, urdin eta ubel.
Laisterrago ikasteko, larros edo mao gorri bat ar dezagun. Ageri danez, kirten batez landarari erantsita daude. Kirten onek, azubil gaztea dirugi; lore-kiderra diritzakegu. Lore-kiderraren puntan beste lorezatiak kokatzen dira.
LORE-ZATIAK. Lore bat orriuldu dezagun. Aurrenez, azpi aldean osto orlegi illuntsuak arkituko ditiogu, ertzetik elkar-itsatsi naiz itsatsi gabeak, txol edo atz-andel baten irudiz: kukulkiak deritzate. Txol edo titare osoari, berriz, kukula.
Lore-kukula, margoz, ostoaren antzeko, baña gogor eta zailagoa. Batzuetan kolore ikusgarria dizu: puni-sagarra'rena (Malum Punicum) kukul gorri-gorria duzu.
Lore-kukul barnetik, lore-ostoak azaltzen dira, me, xamur eta geienetan margoz ikusgarriak. Oietxek ematen diete loreari beren apaintasuna.
Lore-osto elkartuak, lili-koroia egiten dute. Lili-koroia lili-ubeletan ubela da, gorriska naiz txuria larroz eta maoetan. Erratzaren lorearena orailla da, eta pinpirrinarena gorri bizia.
Lore-koroiaren erditik auts-ariak agertzen dira. Usuenik ari asko ta meak dituzute. Lorea zabaldu ala, auts oriz estailtzen dira. Ez ote zaizue, lorak usantzean, sudurra ori-ori yarri? Auts orail ori duzu lore-auts edo polena.
Lorearen erdiunean lore-orratza deritzakegun atalñoa dago. Lore-orratzaren zatirik bereziena azkorria duzute. Kutxatxo baten iduriko, barnean azi-gai edo arrautzñoak gordetzen ditu: aldizka bat edo bi, maiz, ugari. Lorea urriultzean, igartzerakoan, azkorria aunditu ta gizentzen da; orduan igalia deritza. Azi-gaiak ere, erabat aunditu ta azi biurtzen dira. Ain pozik ian oi ditugun madari, sagar eta abar, azkorri aundituak baizik ez dira.
LORE-TANKERAK. Loreei, sarrienik beintzat, tankerak izena ematen die. Baten batzuk inguma-lora deritza, mitxirrika edo ingumaren eduzko diralako. Orrelakoak dituzu illar-lore, bada-lore, akezi-loreak t.a. Lore auek lore-osto zabal bat dute, ikurriña. Aldamenetako beste txikiagoai egak deitzen die, eta oien azpian dagon lore-ostoari tillapea, agian txalupa antza daukalako.
Ezpain-lore deitzen zaienak ere ba dira. Oien lore-ostoak elkarrekin itsatsita tutu ezberdin bat dagite, aberetxo baten muturra diruditelarik. Ezpain-loreak dituzu gure baso ta zelaietan garatzen diran ainbeste lore, adibidez, izkaro edo erromeru eta beste zenbait landare usaintsu.
Kanpai-lore deritzatenak ere badira, ezkil edo ioale tankera dutelako.
LORE BEREZI BATZU. Lore orok ez ditute lore-kukul, lore-koroi, auts-ari ta lore-orratza izaten. Batzuk ez dute kukulik, iriki-ala kukul-ostoak erortzen zaizkielako. Kukul-osto auek erorkorrak dira, laisterregi erortzen diralako. Ori gertatzen zaie urdamutur edo pirrinpin ta lo-belarrai. Badituzu kukul eta koroi gabekoak ere. Bestetan lore-kukul eta koroia bereziak izan bearrean, lorak estalki bakarra izan oi dute, kukul eta koroi erabat zaielarik: orrelatsu ezpatabelar, zitori eta beste lore apaingarri askok.
Lore batzuk auts-ariak bai, baña lore-orratz gabekoak dituzu: oiek lore arrak dira. Besteak berriz, lore-orratza bai baña auts-ari gabekoak: auek, lore-emeak dituzu: orrelakotsu meloi eta kukubi-lorak.
Askotan lore-ar eta emeak, abar berean , elkarrengandik banatuta daude. Aldizka ordea, abar berezietan. Lore-ar edo eme utsez osatutakoa gerba deritza. Ikus gaztain gerbak, intxaur-gerbak t.a. Arrak izatekotan ernarigoa bete ondoren, gerbak erori egiten dira.
LORAKERA. Lorak, maiz, bakar ernetzen dira, mao edo klabeliñak oi bezela. Geienetan ordea, mulkoan arrigarriro garatzen dira: garatze oni lorakera deritzaio. Sarri, lorak, ginbail edo aterki antza artzen dute, tipula, zainori ta perrexil-lorak oi bezela. Usu, mordoka sortzen dira, matsondoetan ikus, eta buruskaetan ere bai, gari, olo, t. a. (Galburu).
LORE-ASKOTSUAK. Europa'ko lurraldeetan ugariak dira. Lore-askotsuak lore txiki aunitzez osatutakoak dituzu. Aleñoak dirudite, eta lore-osto ñabarrez, lore koroia dute, ta askotsuak izan arren, bakarrak ematen dute: larranbilu, lili-pitxi eta izar-lilia lore-askotsuak dira, baita ibarretan ikusi oi ditugun lore orail geienak ere.
LOREAK GALGAZ. Lorak galgaz edo neurriz, era askotakoak dituzu, ta lore-mota berean ere gorabera aundiak izaten dira. Gora-bera ok giro ta lurrak eragiñak dituzute. Sumatra'ko Raffesia Arnoldi landare bizkarkariaren lorak neurriz ikusgarriak dituzu: metro bat kaisuz. Aunitz lore, ostera, apur eta ñimiño dituzute.
VI'gn. Atala
Igalia
Azkorriaren tankerako izaten da geroko igalia, maizenik. Madari-ondoaren lore-koroi azpian, laister bilduko degun madaria ageri da, txikia, baña bestearen antzekoa. Bada-lora orriultzen baduzu, azkorri luze ta mea, baba-zorroaren irudi txikia dala oartuko duzu. Era berean azi-gaiak, landarea loratu-ala, igalia zoritzerakoan izango diran bezelatsu azkorrian daude. Igaliak eskuarki, iru estalki izaten ditute, ots: lirin-azal, gañeko estalkia, lirin-erdi, erdiko estalkia, ta lirin-barnea, barruko estalkia.
a) Lirin-azala, lore-orratzaren gaineko larrumintzari dagokiona da. Aren kizkiñetan maiz, kolore bizi ta askotariko orbantxoak gertzen dira. Leun, illetsu eta lakatz izan diteke, sagar, mertxika, ta gaztainarena bezela,
b) Lirin-erdia. Igalia azi bitartean, koropila ere badu geienetan beintzat.Igali legorrena (bada eta illarena t.ab.) gutxi baño ez da gizentzen. Apurka legortuz doa ta uzta zoritzerakoan, kizkin-guriña zearo aienatu zaio, ta zaildu egiten da edo egurtu, arbendol eta urrarenak bezela.
Igali guriena, alderantziz, geroago ta gizenagotzen da. Kizkiñak izugarriro aunditu eta ugaritzen dira, eta aziak zoritzerakoan lirin-erdia uriñez blei-blei dago.
d) Lirin-barnea. Lore-orratzaren barnemintzaren ordezko da, ta azkorriaren barru aldea estaltzen du. Sarrienik leun eta zailtxo duzute, illar eta babak ikus, baña gogortu eta egurtu ere diteke, aran, geriz eta mertxikarena oi bezela.
Gañera lirin-barneari itsatsita daude aziak, lokarri naiz luze, naiz labur batez. Lokarri orri euskaia deritzaiokegu. Euskaiok ari luze ta zeiak izaten dira, baita gizenak ere, yateko egokiak. Meloi ta kukubi aziak euskai gizen ta goxoz bilduta daude. Lokarri auek zear, azia, aunditu bitartean, landaretik datorkion uriñez elikatzen da.
AZIA. Azi eldua landare berri bat da, ta landare osoa ala ere. Bero, ezo ta lur onez inguraturik izan ezkero, berez bizi diteken landareñoa. Landaretxo au bere baitan bildua dago, estalki gogor batez inguratuta, ernealdiaren zai. Izaki txiki onen alderdirik garrantzitsuena, fekula ta beste zenbait gai yanaritsuz betetako osto gizen bik inguratzen dute: osto oiek azi-atalak dituzu.
Azi-atal oen artean izkututa daude begi edo zilla, erroño edo erro tipi bat, baita ernetxoa ere.
Azi-atalai esker, aziak azkurri dituzu. Gariaren azi-atala-bakarretik ogi-gai diran almidoi ta glutena ateratzen ditugu.
Baba, illar, babarrun t.a. azi-atal-bikoak dira, eta oiek gosea ixiltzeko yaten ditugu.
|