Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Antze ta Eder

 

Orixe

MAITE TA EDER

Mintza bedi Platon: «Maitasuna zerbaitena da, ta ez daukagun zerbaitena. Zerena, ordea, ederraren maitasuna ez-ta, Jainkoak guzia ederraren maitez taiautu baitu, ta itsusiaren maitasunik ez baititeke? (Orobat S. Agustiñek). Maitasuna berriz, ez dun edertasunaren billa dabilla; ez diteke beregan ederra izan. Eta on dana eder ere balin ba da, maitasuna ere ez da ona, ez daukan ondasuna gogo baitu...

        Maitasuna ez da eder, ez da on, ez itsusi ez gaizto ere; ustea ere ez baita ez-jakitea ez ba da ere, bien tarteko baño. Eder ez dana, ez da nai ta nai ez itsusi; on ez dana ere ez da nai ta nai ez gaizto. Ortaz, edertasuna ez da Jainko, ez baita eder eta zori oneko. Ez da ordea ilkor ere, ilkorraren eta ez-ilkorraren tarteko baño. Beraz aingeruki bat da, aundia ta ez bezalako al-izateduna baño. Aingerukiak tarteko ditugu, gizonen eskariak jainkoei eramaten baitizkie, edota, gizonei jainkoen gogoak ekarri, ta izadiaren bateratasunari eutsi, ilkor ta ez-ilkor, zeruko ta lurreko lokarrituz. Aietatik darizkigu igarkuntza ta aztikuntza ta lilluragintza ta il-eskeñiari dagokion oro. Aingerukien bitartez dute elkarbidea jainkoek gizonekin, naiz esnai naiz lotan. Aingeru otatik bat da Maitasuna, Poros'en eta Penia'ren semea, (Poros Ugaritasuna jainko egiña, ta Penia Beartasuna jainko egiña), Aprodite'ren jaiotegunean ernea, aren ama oiñutsik eta zarpillez betea, eskale-jainkoen atarira etorri zanean. Beartasunetik jaioa baita, oso beartsua, igarra ta zimela da; oiñutsik eta berotzeko su bage dabil, lurrean lo egiten du, karriletan, bideetan. Ugaritasunaren seme ere baita, bizkorra, ausarta, setatsua da, beti, on billa ta eder billa dabil, azpikerian eta asmakerian yaioa da, gezur-zuria, lilluratzaille ta zoragarria. Ta ez baita jakintsu ez ez-jakin, ikas-naia du, ta Jakintasunaren adiskide da.

        Maitasuna, Ona ta Ederra beregan idukinaia da, gizon guziek ere gogo dutena, guziaren izena maitasun-mota bati egosten diogun arren, edergintza-mota bati poesi (egintza) izena ematen diogun bezala. Maitasun-mota berezi au ulertzeko, baitipat Maitasun esaten baitiogu, begi emaiogun onako oni. Ba du ederrak alako erdi-bear bat, naiz gorputzari naiz animari dagokionez. Anima ilkor bat ez-ilkor biurtzen da, baterarasunean ernatuz ta sortuz; eta ederra ernaldiaren zaindari da, Parka ta Lukina bezala. Ortaz, Maitasuna eder-miña baño ere erdi-miña da edertasunean.

        Edozein sorkaiek, sortukor ta ilkor danez, il ez-naia du, ta ernal-bidez bere bizia izate berri batean luzatzea. Orrela biurtzen da ilkorra ez-ilkor, ilkorra atergabe aldabera baita. Emendik sortzen da aipunaia, onengatik eriotzera oldartu baitziran Alkeste gaisoa ta Akileu ta Kodro. Gizona bikainago, eziltasuna maiteago. Batzuk gorputzean dira ernaltzu besteak animan, eta oneengan ernaltzen zaizkie zuzentasuna, gogo-neurria ta on-indar oro. Animako ernaltasun au poeta guziak eta edergilleak eta asmalariak ba dute; uria ongi zaitzen duten yaurleek, ordea, zuurtze aundiagoa dute. Beregan ernal-min au daukanak, ta on-indarraren azia berekin deramanak ezagu begiak zabaldu orduko, izate ederren bat ernatu naiean dabil, eta itsutsitik berez aldegiten du. Maiteago ditu bada, anima eder eta aundikia inguratzen duten gorpurtz ederrak. Eta izaki eder eta maite orrekin bat egiñik bizi dala, animan daukan on-indarraren azia ernatzen du, ta argana derama, gurasoa semearengana baño maitatzarre itzaltsuagoz. Ola ernatzen dira on-indar eta jakite-zituak: lanegin ederrak eta lege jakintsuzkoak, Likurgorenak edo Solon'enak edo. Olako gogo-semengatik eraiki dira Elizak, beiñere ez gizakundezko semeengatik.

        Ok dira maite-asierako lenen-mailak. Maita-naia asi bedi gorputz bat bakarra maitatuz; ikuz beza berela, artan ez dagola edertasun osozkorik; beste gorputzetan bera dala, ta guzietan bat. Onela, lenengoa bakarra maite izateari utziko dio. Jakin beza, animaren edertasuna gorputzarena baño areagoa dala, ta anima egoki bat arkitzen da du, gorputza ala ez izanik ere, erein bitza argan on-aziak, eta begira beza, ta arritu bedi jardunetan eta legeetan sortu dan edertasunarekin. Bijoa gero jakingaien edertasunera, beti eder garaiagoaren billa, ez baten menpeko geldituz, edertasunaren itsaso baztargabean barneratuz, eta olako jakite ugariz unitu ta indartuki, begizta beza jakite bakarra, eder-jakitea bere baitan.

        Eta maillez mail oneraño ekarria danak, gauza ederrak urrenez urren ikusiz, maitasunaren izkutu barnenetara eldurik, betbetan ikusiko du edertasun arrigarri bat. Orren ordez, Sokrates, eramankizun baitira aurreko nekeak. Edertasun au, izan beti da, ez da jaiotzen ez iltzen, ez urritzen ez ugaritzen, ez da aldez eder ta aldez itsusi, ez bein eder ta gero itsusi, ez batzuen aldean eder ta besteen aldean itsusi, ez emen eder ta an itsusi, ez batzuen ustez eder besteenez itsusi. Ta ez diteke asmatu edertasun au aurpegi eder antzera, naiz gorpuzki antzera: ez ta arrazoiketa edo jakintasun antzera. Ez dezakegu asmatu beste gauzetan datzala ere, esterako bizidun batean edo lurrean edo zeruan edo beste nonai; bere baitan da ordea, beti erabateko, ta beste gauza ederrak ari darionetik dira eder, eta guziak jaio naiz galdu, ari ez zaio ezer erasten ez kentzen, eta ez da ezertxo aldatzen.

        Onela, gorputz bat maitatuz asten dana, andik bi maitatzera igaro oi da, ta gero gorputz eder guziak, gero giza-jardun ederrak eta jakingai edo irakaskizun ederrak eta jakingai edo irakaskizun ederrak. Azkenik, ederraren beraren ikaskizunera iritxiko da, ta ezagutuko du edertasuna bere baitan zer dan. Eta begizta dezazunean-esan zun Mantinea arrotzak-urrea ta soiñeko birjosia baño baliotsuagoa iduriko zaizu, ta gazte ederrak baño areago-orain liluratzen baitzaitue-ta geldituko baitziñake zu beste asko bezala ez jan ta ez edan begiztatu besterik egin bage. Au ola izanik, zer ikuskari arrigarri diteke ederra bera, bakoitza, garbia, osoa, ez giza-aragiz edo kolorez edo beste il-bearreko itxuraz; bere baitan eder erabateko ta jainkozko ordea? Ez al derizkiozu, begiz begi orduan edertasuna diteken einean begiztatzen dunak, ez dula on-indar itxurazkorik, on-indarra bera baño: ez baitauka berekin itxura utsa, gauza bera baño? Ta ez al derizkiozu egizko on-indarrak sortuz ta unituz jainkoen adizkide egingo dala, ta gizonik ez-ilkorrik gerta ba ledi, olakoa gerta ditekela, naski? (Simposion).

        Zenbait gauza oker egon arren, kristau-aldera biur diteke ontan Platonek diona. Maitasuna ez da Jainko, baña aingeruki bezala-nik itz ontaz biurtu dut daimon bestez ezin ta-Jainkoen ta gizonen tarteko baita, eta kristauen aingeruen antzeko, ipui ontakoa. (1) Zorioneko ere adierazten du berez, baña Platonek berak esan digu daimon ori zorioneko ez dala. Urrena ederra bera eder bakoitza baño areagoa dala dionean ondo dio, baña edo jainkotu egiten du Edertasun ori-bere baitan eder ez baita iñor besterik, edo aditzapen uts dan gauzari esaten dio ederra. Aditzapen oiek gutaz kanpora izana ba zutela uste baitzun. Or diona Jainkoari, Edertasun iturri ta eredu danari egoki ezkero, zoragarriro esana dago.

        Maite ta Eder ez dira bat, maite ori zerbaiten mendeko baita; ez ordea edertasuna. Ola Platonek.

 

(1) Liburu Santuetan gure Aingerueri Jainkoaren Aingerua, Jaunaren Aingerua, zeruko Aingerua, Aingeru ona, Aingeru Santua, nere Aingerua (Jaungoikoak), bere Aingerua, ta abar esaten zaie erdietan edo geiagotan.

 

ERDI-BEARRA

        Erdi-bearra, erditu-bearra... Lizardiren itz ok burura zaizkit Platon irakurtzean, eta jasotzekoak ditut, adizkidearenak ez ba lira ere, arira baitatoz eta ederki esanak baitaude.

        Erditze orrek zer adierazten dun, zenbait euskaldunek ez balin ba dakite, gogora ekarriko diet Naparroan aurtzaroko Kristau-ikasbidean esaten genduna, «Jainkoaren Ama Birgin gelditzen zela erdi baño len, erditzean eta erdi ezkeroz». Gogoan daukazu, bear ba da, Lizardiren «Erdibearra» (Itz Lauz, 27), eder-aztiari gertatzen omen zaiona. Goraxago eman dizut Platonek oin-beste urte-mendez len esana, «ba dula ederrak alako erdi-bear bat». Mintza bedi Lizardi:

        «Gure gaitz ori, gure axkure edo dalako zer ori, (Platonek orobat miña, ta aurrei ortzak atera nai zaizkienean duten azkurea bezalakoadala dio) gure erdi-bearra, beingoan esateko, eztezute ezagutzen? Iñork, eri danik, eztu beiñere osasuna maite izan guk gere mina, gere zauria, guk gere erdi-bear ori aiña. Nork dakike, olerkari ezpada, zein bearrezko degun gure lasapenerako, ta zein gogarako, erditze ori? Bada olerkari etzeratenok, gure barren-azkure ontaz zerbait uler aal dezazuten, nere erditze baten berri yaulki nai dizuet, ni ere azurri orrek atxitua bainago...»

        «Mendiak-adiskide otxana baita ori beti-aspaldian neronen erruz elkar ikusi gabeak giñan arren, bere biziko begitarte ona egin zidan. Nik eztakit, zabala sorginduta al zegoen, ala lo ongi egin baten esku laztankorrak eztiz ene gogamena igurtzia. Dana dala, adiskide on ark eskeñi-ikuskizunez irudimena asi zitzaidan bazter guzietatik izeki ta suak artzen...»

«...erne-indarra goi-argi-yario artatik edaten...»

        Beraxago diona, geitxokeria dirudit eta josta-antzean esana, baña Platonek ere orren antzekotsu bat ba du: «Ez bezalako maite-suak artzen du —dio Platonek— eta ederraren jarioa begiz edanez, egalak sortzen asten zaizkio, ta alako azkure ta min bat, aurrei ortzak jaiotzean oietan bezalakoa». (Phaedr.) «Musak diralako atsoek-dio Lizardik-atzaparpean ninduten; irudimiñez nengoen izorra; otzikarak astintzen nindun, sukar larri batek menderatzen. Gaitz orrek beiñere artu zaituzten guziok, ongi dakizute zenbateraño dan beldurgarri... (Itz Lauz, 28, 29). Platoni ta Lizardiri siñestatu edo egin bearko diegu, olako sumiñik beiñere geren baitan sumatu ez dugun ok. Gizon ikasi bagea ta jakintsuen einean mintzo zana!

 

ZORALDI TA EDER

        Maitasuna zer dan ta zer indar dun adierazi naiez dio Platonek: «Maitasuna naigale bat biotz-eragin bat da. Bakoitzak baditugu bi joera nagusi ta bultzakor: geronezko atsegin-gura, ta oberen dana irrikatzen dun aburu bat. Zenbait aldiz, bi bultzara ok erara agertzen dira, iñoiz ordea, burrukan dabiltza. Aburua nagusi danean, gogo-neurria du; irrits arrazoi bagea nagusi danean, aren nagusigoari lizunkeri deitzen diogu...»

        «Gizonaren lan-eginik ederrenak zoraldi bati zor zaizkio; jainkoek isurtzen diguten alako mani bati. Mani ori, etorkizuna igarri oi duna da, ta orregatik deritzaio igarkuntza. Mania da aspaldiko eriotzen errua garbitzen dun garbi-ordaña» Aurrera baño len, mani izen ontatik zuten Grezian mantiz, aztia. Erromarrak ere ortatik artu zuten vates, aztia, poeta. Guk euskeraz esan genezake eder-aztia, edertasuna aztiatzen ta agertzen diguna. «Mania, zoraldia jarraitzen du, poetaren argitasuna ere, ondorengoei aurrekoen gertakizun nabariak ager dizkiena. Zoraldi au bage Musan atalondora urbiltzen dana, antzeak eder-azti egingo dulakoan, musu-uts geldituko da, ta ezagutuko du bere eder-agertua kaxkarragoa dula-zuur egiña baitu-igar-sumin ori dariona baño. Jainkoek gure zorionik aundienerako eman baitigute. Mania da maite-zoraldia ere, Urani'ko Venus'en zoro-maitea ere».

        Len aipatu dun joera bikoitz ori adierazteko ipui eder bat dakar Platonek. Gaurko zenbait jakintsuk, alemanak batez ere, zertzuk esaten ditue S. Paul'en aurka gogo-lege ta soin-lege bikoitz ortaz ari dalako, ta ikus Platonengan aspaldiago adieraziak . S. Paul'en inguruko eder-azti batez, Ovidius'ek ere, esanik utzi zun «video meliora proboque; deteriora sequor».

        «Animak, dio Platonek, ega-gurdi baten antza du, artan alde banatara tiratzen baitute bi zaldik, zaldi-zai baten eskuan. Egalen eginkizuna, anima Jainkoaren jakitearen eta ontasunaren eskualdera jasotzea da, ereduen tokira, ara baitijoa Jupiter'en gurdia ere, ta aren atzetik jainkotalde ta aingerutalde guzia, amaika sailletan. Jainkoen zaldiak bikaiñak dira, ta errez iristen dira beren mugara; baña gizonen gurdiak, zaldi gaiztodarioaren indarrez, lurrerantza egiten du. Zeru.gaiñeko leku ua, ez da eder-aztirik aski goretsi ez dunik, ez da eder-aztirik aski goretsi ez dunik, ez ta goretsiko dunik, adimenak bakarrak begizta baitezake beregan dagon izatea, kolorerik, errañurik ukirik ez duna. An dago egitazko jakite garbia. Onekin Jainkoaren gogoeta uniturik, len urruti zegoen edozein gogoeta uniturik, atsedena ta poza ditu dan ari bagira, ta larrain-barrenean bezala ikusiko ditu zuzentasuna beregan, gogo-neurria beregan, jakintasuna beregan, izatearen ezaguera; ta au begizta dezanean, zaldizaiak lotuko ditu zaldiak eta emango die nektar eta ambrosia jan-edan: au baita jainkoen biziera. Begiztaldi garbi ontara ez dira gizonak iristen; zaldiekin dute neke izardi ta zalaparta. Batzuk gurditik erori, besteak aldero ta oztopo, egiaren dirdairik ez dute sumatzen urrundik baño, ta bibitartean, aburua dute janari, ta onek eragiten die egiaren arlorantza; an sortzen baitira kemena indartzen duken belarrak. Ta Adrastea jainkosak du lege, jainko-antzeko gizonak egi-zati bat atzematen dularik, beste zeru-larrain batera igaro dedila, kalte bage pilosopu ta eder-maitale biur dedila, naiz musiku, naiz maitalari: ta gutxien atzematen duna, errege naiz sasi-errege. Azti ta igarle anima-aldaren bosgarren maillean daude, eder-azti ta beste antzegileak seigarrenean. Jakingaiaren ezaguerak bakarrak berritzen dizkio egalak gizonari, ta beiñola ikusitako gauzak gogorazi, ta omen diranak esetsi, ta egiz diranetara begiak itzuli. Olako oroitzapenetan eta jainkozko izkutuetan azitzen dana, on betea da, ta besterantzeko gizonen irritsetatik alde egiten du, ta goragokoari ta jainkozkoari erne, jende txeak zoro daukete, ez baitakite zeru-arnasez betea dagola. beraz, lurreko edertasun artaz oroituz, egalak berritzen zaizkio, ta eganaia du. Ta ez Baititeke egatu, ta mendiak baititu maite ta ibarrak muzin, jendeek zoro dagola diote, zoraldi au jainkotasunik bikaiñena ez bai litzan. Giza-anima orok, beste aldiz egia begiztatu du; baña artaz oroitzea ez dagokie guzuei, edota labur ikusi zutelako, edo andik jeistean gauza santuen oroitzea damurik galdu dutelako. Gutxitaz oroitzen dira, baña aien itxura bat emen ikusten dutenean, burutik jauzi oi dira, ta ez dira ezagumenaz baitaratzen, ez dute jatorririk ezagutzen; denik ere, odei illun tartean usmatzen dute, beste orduz Zeus'en ondoan ikusi zuten edertasun garbi ua, ta gaiñerako jainkoena. Argi txit garbiz inguraturik ikusten ditute eredu oso, bakarki, aldaezin, zorioneko aiek. Ordun geunden garbi ta ez lapa bezala, gorputz deitzen diogun oni itsatsirik». (Phaedr.)

        Zati eder au lertzeko, anima-alda edo metempsychosis gogoan iduki bear dugu, ta Jainkoa ikusi gendula beinola.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.