—Olerti / Maite kantak—
Izarrak kiñuka
Etxaniz'tar Nemesi
Izarrak kiñuka ditugu goietan,
maiteak biñaka dirala bidetan,
maiteak biñaka dirala bidetan,
izarrak kiñuka zeletan.
—1—
Eiztariak bidean
zu jetxi zai daude,
zure ego txuriak
zulatzeko, maite.
Nere usategian
sar zaitzadan arte,
nere uso kutuna,
goitik ibil zaite.
—2—
Azala txuri dezu
elurraren pare,
begi-ondoak berriz
itxas urdin bare.
Zure biotza artzeko
bota nai det sare:
aspaldi jaso nizun
nerean aldare.
—3—
Laztan eskea dezu
matrail-txuloetan,
laztana lertzen dago
nere ezpañetan.
Etsaiak gal ez gaitzan
bere tentaketan,
zurekin bearko det
laster eztaietan.
—4—
Zure ezpain-loretan
erle izan nai nuke,
duten ezti guzia
jasotzeko, maite:
zure gogoz betetzen
pozik niñuzuke:
beti zure morroe,
dezun ezti-truke.
—5—
Zure beso-kakoak
estutu nazate,
oiek bitez neretzat
zoratzeko kate:
kartzela ortan itxi
neri leio ta ate,
zure besotan preso
nazazun il arte.
MAITE GALDUARI
Burua zuritu zait
zure biotz-eske,
ala ere errukirik
ez didazu, maite.
Zeruetan biontzat
lekurik ba-daite,
maite bearko nazu
Yainkoa dan arte.
|