Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Krutwig yauna euskeraz

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

Gure atsegiñak Krutwig yauna, euskeraz idazten asi dalako. Gure ziriketa ez da alperra izan. Nere atsegiñak, gizon bulartsu agertu dalako. Len ere izan ditugu berorren irizpide bera izan duten gizonak, euskerak oraindik ez ditun zenbait itz, inguruko izkuntzetatik artu bear ditula esan dutenak: baña zoritxarrez, idaztean astea etziran ausartzen. Ez da berori, oiek bezain, koldar. Bejondaiola!

        Egin beza euskeraz, olaxe bederen, egin beza, guzia ez ba'da ere erdia; erdia ez ba'da zerbait. Egiten ez danetik ezer ez da gelditzen. Egiten dan guzia ez da alperrik galtzen. Alperrik? Bai zera! Berorren artikuluak erakusten digu ederki, gu bezalako kabila'tar ez-yakiñak ere zerbait uzten dutela beren bidean. Dozenerdi bat itz artu ditu behintzat berorrek kabila'tar ez-ikasi auengandik: Eusko-Ikaskuntza hizkalki (Euskalzaindi zarrarengandik); irazan, erti, euskotar, oldozpen (Arana Goiri kabila'tar ez-ikasi arengandik). Bear du bekoki ortarako ere. Bizkorra da berorri Krutwig yauna.

        Orain bai, arrazoi osoa dauka berorrek, gure aundiki oien aurka, guzia erderaz egiten baitute. Baña non utzi ditu aundizu oiek yorraldi bat ona eman gabe, ta ez-ikasi auen buruzki atera da. Aundi-yende ori karlistar dira, ta laphurtarrak; gu kabila'tar ez-ikasi gera. Zergatik ez die eraso euskera aundiki egiteko. Oien obena ere guri itsatsi bear al digu? Zergatik ez berorren buruari ere, oraiñarte orrela bederen egin ez dulako. Bañan oraindik ez da berandu. Damua garaiz. Ekin eta yarrai.

        Laphurdiko euskerara yotzen du berorrek. Ortan ere ez da izan lenengo. Lengo Euskalzaindian ere ba-giñan ortara yotzen genunak; bañan Azkue yaunak porrot eragin zigun «Gipuzkera Osotu»arekin. Ikusiko dugu berori gu baño geiago ote dan.

Idazteko euskeran laphurtarra nagusi geldi ba'ledi, ez gera asarretuko. Baña, damurik, beste euskera guziak galdu diralako diteke. Laphurdin, Naparroa Beheren eta Xuberon ere, ez du luzaro bizitzeko itxura aundirik. HERRIA'k eta GURE HERRIA'k ezin eragotzi dute euskeraren ondamendia. Poliki poliki, ta azkar aski ere, galtzen ari da gure egunotan, erri txikietan ere.

        Abertzaleen aitzika dago berori. Nor bestek egin du lanik euskera lantzeko? Eta berori nork ekarriazi du akademi berri ortara? Eskerbeltza da berori!

        Gu geronzale gerala (esan beza obeki erderaz) eta berok guzienzale dirala. Bai egia, guzia iretsizale. Mundu guzia berontzat nai izan zuten amaseigarren mendean  Portugal'darrak eta berok. Azkeneko biurrialdi ortan, Prantzi-mendeko Euskalerria Españi zala esan zuten berok, eta Españi-muga Garona ibaia zala. Ori da beron guzia-naia.

        Anai gerala? Gu beron anai izatea nai lukete berok; berok ez, ordea gure anai. Ortan dago guzia: gu beron ardi, ta berok gure otso. Non zan zuen anaitasun ori amaseigarren menean? Eta geroxego ere? Zer asmatu zuten ordun berok? Indio gizagaizoak etzirala gizaki, ta norbaitasunik etzutela. Presuntarzuna nai ba du.

        Yakintasuna Grezitik etorria dala? Bai zera! Españira ez zan behintzat asko etorri.

        «Itzalgiko kultura» esan digu berorrek. Utikan beste gezur ori! Yakintasunaren seaska eguzkiaren sortaldea zala esaten ziguten aur giñala. Ta Grezia bera ez al da alde artatik etorria? Asia'n ere ez al zan bizi Grezia? Basakeria eguzkiaren sartaldekoa dala ere entzun izan dugu. Gizon landuak eta gizon basak, basa-legeko ta gizabidekoak nonai izan dira: Iparrean, Egoan, Ekhi-sorguan eta Ekhi-sarguan, ots, Zegama aldean esan oi zanez Sortaldean eta Sartaldean. Eta Kristautasuna egiazko gizabidea nondik etorri zan? Sortaldetik ua ere. Berorrek dion «Itzalgiko kultur» ori, guzia gezurra da, agoa puzturik esaten ba'dute ere.

        Gure gizon ikasiak gutxi iritzi zutela erri-izkuntza (vernakula). Euskera etzegola zegokion maillan? Egia. Orain ordea zure artikulu orren ariora, gauetik goizera yaso dezakegu, mirariz. Artu betza, artu, itzik mordolloenak eta itsusienak. Zergatik etorri guri zingulinka, ez dugula ori egiten? Egin beza berorrek olaxe, ta kito. Egin dezatela karlistak eta laphurtarrak. Nolabait ez dira pekatzen edo ausartzen!

        Berorrek aintzat dauzkan erdera oietako izkuntza oso basa da, Gramatika'n behintzat, ots, landuenik egon bear luken gaiean: perfecto, pluscuamperfecto, infinitivo, gerundio, gerondif, supin. Zer auntz-erdera da ori? Itz oietan bakoitza bina itzez esaten ez dakite ez aurrak, ez irakasleek. Oiek beti neologismo izango dira. Aldi oro ikastolan adierazi bearra, ta alare zer diran ikasi gabe gelditu... irakasleak ere. Nik aueri sostekoan galdegin ezkero, mutu gelditzen dira, behintzat Españian, Prantzian, Argentinan eta Guatemalan ere.

        Berok ez dute bear bezala bereizten yakintasuna ta izkeraren txukuntasuna. Yakintasun ori, latiñez naiz beste izkuntzaz ikasi dezakegu, bañan gure izkera euskeraz ikasi bear dugu. Izkera ez da lantzen edo yakintsu biurtzen, besteren basotik sasiak ekarriz. Oraintxe ere, euskal-izkera inguruetakoak baño landuago daukagu. Inguruko erri oiek beren baserritarreri baño, guk gureeri gauza gehiago adierazi dezaiekegu.

        Eusko-Ikaskuntzaren Batzarre Nagusiak ziran Biarritz'en. Egitarau edo Programa euskeraz ere eman bear, eta, an ziran angoak! Prantsesez eta españolez aspaldi egiña zeukaten.

        Irarkolatik, arren eta arren, euskerazkoa bear zutela. Biaramonerako Paris'a bialdu bearra. Laphurtar euskalzain bati eman zioten biur zezan, eta an etorri zait adiskide antzean, ark etzezakela egin eta nik egin nezan. Etzitekela esan zidan, eta ez zan oso gezurra. Erriko prantsesera ez beintzat prantses gogor artatik, ez ta erriko españolera ere. Ta guk gurera egiteko, ta erriko euskeran gero? Bestela kabilkeri baita. Ezinkizun ori egin dezagun, bada. Uda goieneko Andre Mari eguna zan.

        Goiz-meza entzuna nintzan, eta meza nagusi bitartean itzuli nun, eta berela bialdu Paris'a. Ongi dagola esatea ez dagokit neri; baña laphurtarrak ezin maxiatu beintzat nere itzulkizuna (laphurderaz egiña) berak ez baitziran gai egiteko. Nik an ipiñi nun erri-itz bat (Laphurdikoa), ondoreko GURE HERRIA'n ikusi nun artean ez baitzuten erabiltzen ango idazleek. Euskera ua gure baserritarrak, edo artatik beintzat, geiena ulertuko du; bañan ez erdalerriak bere izkeran, eunetatik bostek ere. Ez ta erriko izkeran eman ba'liote ere. Ez baititeke egin gañera. Beraz, gure euskera, orain dagon bezala gaiago da erriari gauzak adierazteko, erdera oiek baño.

        Katalanak dirala mutillak. Zer gauza gero ere! Aien izkuntza ta españera, adar bateko bi muskil dira. Itz asko ta asko a ta e bukaeran ipiñiz bereizten dira. Gurera berriz alde aundia dago lati-izkuntza oietatik. Zer gerta leitieke gure inguruko errieri, yakinkizuna guretik berenera aldatu bear ba'lukete? Ikusiko genuke.

        Aztertu detzagun orain beroren zenbait itz; berorrek edo akaemi berri orrek asmatuak lenbizi; gero, berorrek izkuntza landuetatik ekarriak.

        ITZALGI.— Itzaltzen daneko tokia. Zer? Eguzkia? Izarrak? Pipa? Esan bear da euskeraz itzak elkartuz ederki esaten daugu euskeraz: eguzki-itzalgi, edo itz laburragoa nai badu berorrek, ekhi-sargi, xuberotarrak bezala. Erderaz bañon askoz obeki. Sei itz bear litukete ori emateko. Iraizean esan, gaizki egiten dute gutar zenbaitek, erdal-itz bakarra beti euskal-itz bakarrez eman naiez. Askotan bi itzez ederki. Geiagotan eman bearko ditute aiek gure itz bakarrak bi, iru, lau, bost eta seiez.

        Bakoitzean ikusi bear nola datorren.

        ZAILTARZUNA.— Gaizki esana or. «Dificultad objetiva» da ori, ez «subjetiva». Ori zail da berez: eso es difícil objetivamente; ori neke zait: eso me es difícil, (subjetivamente).

        MOTA URENAK.— Las altas clases (sociales). Esan zezaken berorrek aundizu, aundiki, goi-mailleko. Nik ikusi ditudan bizidun mota urenak elefanteak dira.

        KABYLKERIA.— Basakeria. Eskerrik asko. Ekarri zenuzten aiek ere gu illarazteko, Biurrialdi lotsagarri artan. Ez berena itzultzeko; anai aieri, bai, aurrera zigorpean idukitzeko, len esan diodana, aiek zuen anai bear dute izan; ez zuek aien anai.

        IZKIRIATU.— Laphurtarrek ere artua dute itz ori. Berorrek berriz, idazle ordez irazle esan du. Astarloarenetik. Guri onik ez ematearren. Nik ez dut erabilli sekulan oldozpen zuk bezala. Au artu dun eskero zergatik ez bestea ere? Gizon berak asmatuak dira bada.

        ZERGATIKA.— Ez dago ongi -k orrekin; gabe ere ez. Ainbestean zergatikoa. Ikusi detzagun orain erdal-itz txanbeliñ oiek.

        KULTUR.— Prantsesetik, itz ori ta besteak ere. Begira beza jauntxoak giltzapean sartzen ote dun. Nik ez dut salatuko berori. Zer landu? Alorra? Zakardia? Gizona? Ta giza-burua ala giza-biotza? Norbait izan diteke aski ikasia, ta biotzez aski basatia. Olakoari landugabea esan zion aspaldi Agirre'k (Eracusaldiac).

        THEMA.— Mintzagai, yardungai edo olakoz zerbait ez al dago obeki esana?

        KONTRA.— Aurka nai ez ba'du, aiher nai ez ba'du, esan beza buruzki, gure sukaldean bezala: norbaiten edo zerbaiten buruzki.

        POPULU.— Ene!!!... Olako itzekin euskera ugaritu egiten dala? Sasiz bai.

        KONZEPTU.— Latiñez obeki esan oi zuten: mentis conceptus, bi itzekin. Guk errian bururakizun esaten dugu (conceptus objectivus eskolastikoek); bururapen (conceptus subjetivus). Berorrek nasteko moduan darabil. Euskera nagusi, ta latin zarra, latin berriari. Non possum id mente concipere: ori ez diteke nere buruan erne. Popularki.

        PHYLOLOGU.— Aupa! Basakeri ori ere artu bear al dugu? Griegoz Logophylos bear luke izkerazale ta ez zale-izkera. Zer mutikoak berok!

        PRIMITIVU:        Lenbiziko, len-len-go. Len-bizi-ko «a prim-ord-iis». Euskera ta latiña ongi yakitea on da.

        RENAISSANCE.— Pizkunde ez dago gaizki. Zeren pizkundea? Ikas-pizkundea, basa-pizkundea? Erdera ez da irixten gauza oiek guk bezala esatera. Ta guk oiengandik artu?.

        MILIEU.— Ufa! En los medios o círculos intelectuales esan nai badu, yakintsuen barrutian esan beza.

        KLASSIKOEK.— Zer aitor? Idazle aitor, naiz yator. Aitor oneko lurra: Tierra de buena calidad.

        TENDANTZA, tendance. Zeren dantza? Yoera Naparroa Gipuzkoetan.

Jaidura Laphurdin. Jaio galdu dute. Jaidura: berezko edo etorrizko yoera.

        INTERESSE.— Or daukagu errian yoan-etorri: inter-esse, importare, re-fere.

        ELHE BASSIKOEK.— Oiñarri-itzak. Askoz obeki populuaren itzekin.

 

        Len bakarrago edo batago zan euskera abertzaleak bakandu ta zatitu omen dute. Axular dakar eredu. Bañan ez du ondo irakurri itzaurre ua edo aztu egin zaio. Min ez du bada Axularrek an, ordun ainbeste euskera-mota zirana? Arana Goiri etorri bañon irureun urtez lenago. Ez al dira axolatu berori baño lenago euskera bakarraren alde, idazteko beintzat? Non dira Azkueren eta lanak? Axular axolatu zan gutxi edo asko, euskera bateratzeko. Aren euskera bera ez du iñork erabili Laphurdin, ez aren aurretik, ez atzetik. Urdazubiko euskera ote da ua? Sarakoa? Gaur ez dute beintzat alako alderik. Axular'ek eta beste edozein idazle lapurtarrek baño berdiñagoa beñipein.

        Yakin beza zer esaten dun, Krutwig yauna. Gañerakoan, euskera polita egin du berorrek. Ekin eta yarrai, nor ateratzen dan nagusi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.