Euskera
Erderakadarik txarrenak
Altube-k
III
Aurreragoko bi idatz-ataletan esan genuenez, «erderakadarik txarenak,» erderak kutsaturiko «euskal-gramatikakiak» dituzu.
Olako erderakada gabe idaztea, gaitz, oso gaitz degu gaurko euskaldunak, alde guztietatik erdera-aizez inguratuta bizi bai-gera, zori-txarrez. Beraz, edonun, edozein idatz-lanetan (banakaren baten izan ezik) aurkitu genitzake, gutxiasko, orrako erderakadok.
Aurreragoko idatz-atalean, iru errebista aitatu nituan («Alderdi» «Euzko-Gogoa» «Euzko-Deya»); ez baiña oietan bestetan baiño uts-egite geiago agertzen zaizkigulako, ezperen, errebista oik esku-artean geien darabilzkidalako baizik. Gaurkoz, jo dezagun bada beste euskal-asteroko batera, Baiona'ko «Heria» deritxonera, emen ere, Euskal-idazki bikaiñen artean, agertzen baitira diralako uts egiteok. Ona emen bospasei.
Erderakadak
=Guy Mollet'ek aphailatu zuen xehe-xehea zozialisten itzultzea, ikusiz bertzekin zer hautsi-mautsi egiten ahal zen....
Errikoiazo
=Guy Mollet'ek aphailatu zuen xehe-xehea zozialisten itzultzea, bertzekin zer hautsi-mautsi egiten ahal zen ikusiz...
Euskaldunok, izketan diardugunean, erderazko «viendo ésto» «viendo aquello».., eztegu esaten, erdal jozkeraz, «ikusiz au» «ikusiz ura»... ta bai «au ikusiz» «ura ikusiz»...; baina, idaztean, orko «au» «ura»... ordez, esakun luze xamar bat ezarri bear degunean, erdal-joskerak tira egiten digu.
Ona emen, orren gisako beste erderakada bat:
=Grezian desarmatzea hasia baitzuten, entzunik Bulgaroen mehatxua Yugoslabiaren kontra, soldadoak atxikitzen dituzte armetan.
=Grezian, desarmatzea hasia baitzuten, Yugoslabiaren kontrako Bulgaroen mehatxua entzunik, soldaduak atxikitzen dituzte armetan.
Urrengo erderakadok ere, jatorri berbera dute: esakun laburrak, euskal-joskeraz moldatu oi ditugu; luzeak ordea, maiz, erdal joskeraz; ikus:
=Acheson-ek eman du abisua, erresuma bat jazar baladi auzoen kontra, bonba atomikaz zuntza lezaketela.
=Acheson-ek eman du abisua: erresuma bat auzoen kontra jazar baladi, bonba atomikaz zuntza lezaketela.
Esakun laburretan, erderazko «si fuera así» « si se lanzara alguien»... eztegu esaten erderazko oien giza, «balitz ola» «jazar baladi norbait»... eta bai, «ola balitz» «norbait jazar baladi»... au baita euskal-joskera.
Erderaz, «baldintzazko esakunek» («frases condicionales»), ortarako duten «si» itz-ezaugarria, leen-buruan bear dute ezarri; euskeraz, ordea, itz-ezaugarritzako ori, «ba» degu, eta onek, azken-buruan du bere toki bakarra: «Egia ba-da» («Egia baldin bada» «Baldin egia ba-da») «Baldin zuk esan duzuna gerta ba-ledi» «Baldin gaurko gezurrak bihar egi, ta gaurko egiak biar gezur biurtu litezkeala norbaitek esan ba-leza»...
Beraz, erdaldunen «si», aurre-ezarkin (partícula prepositiva); euskaldunen «ba-», atze-ezarkin (partícula prepositiva).
Ona emen irugarren eta laugarren erderakadak.
=Queuille, eta Bidault-ek, nahi zuten ez zadin izan irabazi baino gastu gehiago.
=Queuille eta Bidault-ek, nahi zuten, irabazi baino gastu gehiago izan ez zadin.
=Diruari esku atxikitza ez dadin beheregi lerra, ez da lan errexa.
=Diruari esku atxikitza beheregi lerra ez dadin, ez da lan errexa.
Emen ere, erderak eta euskerak (euskera jatorak), kontraz-kontra jokatzen dute.
Erdaldunek, esakun oietarako duten «que» ezaugarria, aurre-ezarkin dute beti; euskaldunek, orren ordezko -n ezaugarria atze-ezarkin. Ikus:
«Que no suceda tal» = «Olakorik gerta ez dadin».
«(No quiere) QUE venga solo» = «(eztu nai) bakarrik etor dadin».
Oik bezelako esakun laburretan, iñoiz eztegu utsik egiten, baiña luzetxoagoetan, maizegi. Baiña, luze naiz labur, onan bear genuke beti esan eta idatzi:
=«(Enuke nai) gauzak orren oker gerta ditezen».
=«(Beldur naiz) gauzak orain agertzen zaizkigun baiño gaizkiago iritxi ez ditezen».
=«(Etzuan nai) negurako gorde zituzten jatekoak goizegi barreiatuz, udazkenean bukatu zitezen»...
Nere zuzentza-lanok irakurrita, norbaitek esan litzadake. «Zuk iñoren akatzak aurkitzen dituzu, baiña zerorrenak ez». «Euzko-Gogoan» (7-8 gn. zenbakiaren 13 gn. orrialdean) euskal-jator-jator eztan urrengo esakun au idatzi baitzenuan zuk:
«(Ori ezpaita nere egitekoa), BAIZIK-eta, idazle guziok, erderak eraginda, agertu oi ditugun idaz-jokera txarretzaz elkar konturatu-araztea BAIZIK».
Arrazoia luke ori lirauskikedanak.
«BAIZIK» euskal-gramatikaki ori ere, azken-ezarkin baita euskera jatorrez, ola: «(Aita ez), ama BAIZIK» gramatikaki orren erdal-ordezkoa («SINO»), aurre-ezarkin: «(No el padre) SINO la madre».
Nere gaizkitzako esakun artan, «BAIZIK» itza, bi tokitan agertzen nuan: lenbizi, aurre-ezarkin bezela; gero, atze-ezarkin bezela. Bi uts-egite dira or beraz: lenengo, gramatikaki bat-bera, birritan agertzea; bigarrengo, azken-ezarkin baizik eztan gramatikakia, aurre-ezarkin bailitzean agertzea.
Zuzen-ere, azken uts-egite auxe izan da, nik, beste idazleai gaitz-etsi diedan okerra, au da: «Ere» «Baledi» «Dedin» eta abar, euskeraz atze-ezarkin diralarik, aurre-ezarkin (edo-ta erdiko-ezarkin) bezela idatzi zituztela, eta ori etzutela euskera jator esaten nien...
Baiña ¿Zerk eraso oi gaitu idazleok, euskal-joskerra jatora utzi eta erdal-joskera okerrerako lehia ortara?
Autu onek merezi du idaz-lantxo bat beretzakotzea. Baiña utzi dezagun arazo au urrengo idatz-atalerako.
|