Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Euzko Gogoa

 

Elentxu

 

Euzkadi'ko Irratirako Ibinagabeitia'tar Andima'k.

 

Ari zaigu EUZKO-GOGOA, Guatemala'n agertzen dan euskerazko aldizkaria, bere 1950'garreneko amabigarren zenbakia atzeman naiez. Urtearen asieran sartu zitzaigun burruka gorrian. Ez du etsi-nai ordea, eta aurrera dijoa nekatu gabe. Beti aurrera, geroago ta lan ederragoak euskal irakurleei eskeintzen.

        Eskuartean dugu azkeneko alea, zazpi zortzigarrena, alegia. Gaurkoan ere, lenagokoan bezela, ibilalditxo bat egingo dugu bere orri apañak barrena, ango giro ederrez gere gogo eta euskaltzaletasuna nolarebait pizkortzeko.

        OLERTI-SAILA, uzta ioriz betea agertzen zaigu. Ormaetxea'tar Nikola (Orixe)'ek, TANKERA BERRIKO NEURTITZAK ematen dizkigu. Berak dionez, neurtitz auek kantatzeko ez baña mintzorako egiñak dituzute. Euskal bertsorik geienak, kantarako eginak izaki, mintzorako edo, kanta gabe esateko, oso aztun gertatzen dira. Aztuntasun ori irakurtzean neurtitzei kentzeko, Orixe'k era berri bat asmatu du, eta bere olerkiaren sarreran, era berri orren legeak ezarten ditu. Gure belarriak ots-kidego edo kontsonantetara oituegiak dituzute. Orixe'k, ots-kide edo kontsonante oiek, berez kendu egingo lituke bainan euskaldunen belarrietan bat-bateko iñausketa ori gogorregi gerta ez dedin, ots-kideak berean izten ditu. Tankera berri orri iarraituz, BARU-MENDIAN deritzan olerki bikaña ematen digu jarraibide. Espainia'ko amaxeigarren mendeko mistikuek ere, nekez BARU-MENDIAN giñoko neurtitzik egin zuten:

 

                «Emen natortzu Baru Mendira zure oñetara

                ezi ezazu bein aur ezicaitz au zerorren gogara

                ez utz eskutik, egin nauzun au nere oriñetara.

 

                Sasi eta arkaitz baizik ez ager, ez aize-marrurik

                Ez da entzuten oian itsuko ostoen soiñurik,

                Bi-biok gaude otoitz ixilean, ez da lekukorik.»

 

        Ezin uka tankera berri au erorkera goxoaren iabe danik. Gainera, olerki guzia, misteri sakon batez gantzutzen duala dirudi.

        Orixe'k asma-bideak erabili ezaren, Mirande'tar Ion, olerkari yaukalak ere, era berriz osotutako olerkitxo bat ematen digu. Orixe, beti ere, klasiku-era ta irudietan sarturik dagerkigu; gizon, zintzo ta urren. Mirande berriz, gaurko olerti biedetatik dabilkigu, txorrotx, pin eta durunditsu, bere neurtitzan armoni gozoa gogo argi ta belarri-argiek baino atzeman ezpadezakete ere. Surrealista xamarra, aren gogaiak ezin ditezke aisa eskuratu. Ala ere olerki ederra duzute OROITUZ:

 

                «Zaldi beltzak irrintzika zeuden,

                Sutan ziran inguruko zelai

                Gorak. Artzen genuen atseden

                Alargunen intziriez alai.

 

                So genitun, bekaitz, saiak oro,

                Giza-iroz ok egin bearrez.

                Garoetan neska sabel naro

                Zaurituen odola negarrez.

 

                Gau ioriak ede otz zerion:

                Gure biotz-min-gai ta zorion

                Ez aztuak, gizaldiz-gizaldi.

 

                Lagun! Ilkor-lore baratzetan

                Genbiltzanok, ilargi zuritan

                Noiz dukegu, dirdaitsu, eguerdi?

 

        Olerkari gaztea pentsamendu ilun eta sakonez inguraturik agertzen zaigu. Ezin ukatu ordea, neurtitz xotil eta benetan atsegiña, bulko ilun oiekin mamitu digunik.

        «Basati» olerkaria argi ta irritsuago datorkigu. Norbait «Basati» izenpean estali nai izan zaigu. Baina gu oituegirik gaude euskal loretegian ibiltzen, eta lore bakoitzari laister artzen diogu iabearen usaia. «Maitagarria ta zalduna», danetar erri ipuia, ederki taiutu eta neurtua, izkuntzez errexa baitare bulko edo pentsamenduz eta irudiz. BALEKIYE Heine'ren «Und wüstens die Blumen» euskeraz apaindurik. Egileak esan ezpaligu, sinistu ere ez nuen egingo erbesteko izkuntzatik jetxia zunik. Orra azken aapaldia:

 

                «Batek bakarrik daki ordia,

                maigabe onen zorrotza:

                neska arek berak urratu zidan,

                urratu nere biotza!

 

        «Basatik» berak, irri-olerkitxo au ere ematen digu. Benetan zailua; APAIZA TA TEA (Emen olerki guzia aldatu dizut E.G.'tik).

        Orra erri-kutsuz egindako olerkia. Bertso oiek irakurtzerakoan, Pedro Mari Otaño, Bilintx eta beste bertsolari erritarrak begi aurrean gertatzen zaizkit: aien ziria, eta aien irria.

        Beste olerkari bat ere, berria, Euzko-Gogoaren abar artean kantari agertzen zaigu. Ez dut ezagun, baina postura egingo nuke, Iruñeko oianen batetik egaldatu zaigula! Ikusi eta entzun ere dudala esango nuke euskal txintaz bazterrak oro betetzen. Gaurkoan kanta luzean ari zaigu, neurri motx eta ariñez. Orixe aundia goraipatzen digu. Orra bere amairu txintetatik bat, itxumustuan aukeratua:

 

                Gaua, ulun sarri

                Jausten ari zaigu;

                Irrintziak gabean

                Bortitz karaiztu....

                «EUSKALDUNAK» olesak

                gau latza urratzen du.

                Ulun au, satsu-zikin,

                Aizatu bear du:

                Aiorrak xeatu;

                Ez adar ez buru,

                Non ez den gelditu

                Bidean poselu,

                Euskotarrak aurrera

                Nahiz debeku.

 

        Napar euskera aberats eta goxoa darabil Xabier'ek (esango ote dut bere izena? Nagon ixilik, baezpada ere, xakur amurratuak urbilegi baititu). Irudimenez bizia ta apaina. Ongi etorria Xabier gure artera, geok zuen artera ezin gindezke ioan-eta. Iarrai beti ere «Lingua Nabarorum» orri aizematen, lurralde eder ortako giza-seme ta alaba oro euskeraz iabetu arte. Egunon zoragarria uraxe benetan.

        Onenbestez, Olerki-saila bukatuxe dugu. Nork ukatuko Euzko-Gogoak bide guztietaz geure euskera maiteari indar ematen ari danik?

        ELERTI-SAILA. Lengoan olerti-saila arakatu eta aztertu genuen. Oraingoan sar gaitezen elerti-arloan. Elerti eta literatura berdintzu dituzute. Ele edo izkuntzari doazkion lan eder eta goraberak ikertu oi ditugu sail ontan.

        Atarian ORIXE dagokizu, atxurra sorbalda gainean, eusko-elertiaren soroa atxurtzeko gertu. Bere lenengo artikulua, «LIZARDI AMERIKETAN: Atzalburu ori gaitzat arturik, guda sortukoxe edo pixkat lenago, Euzkadi'n sortu auzia, batez ere, garbitu nai luke, garbitu ba'ledi. Gerora emango dizkigun lan batzuen sarrera duzute artikulu ori.

        Maite zun Orixe'k Lizardi olerkaria, eta gaurkoan, arin-xamar bada ere, aren gomuta berritzen du. Donosti ta Bilbo'ko eusko-egunkariekin, Lizardi zalata izan zitun zenbait ozkamin eta aserren berri ere ematen digu. Jakingarriak oek ere, gure literatura-istorian, iñoiz egingo ba'da, bear bezela egile ta egiñak mugatzeko. Dionez, Markiegi zanaren lanak, batik-bat, zarratuko ditu urrengo idaz-lanetan. «Bañan, dio Orixe'k, orain agoa nere baitu, Markiegi zanaren lana azertzen asi baino len, ustu bear dut barrena, geroak iakin dezan. Eta benetan ustutzen du barne-zakua zearo, luma zorrotzez egin ere.

        Aren luma azkarra ezagun duzute geienok, beraz ez daukagu zertan galarrotsik Orixe jaunari jo, gure goraipamenik ezpaitu bear.

        Eta orain Euzkadi'ko euskaltzale porrokotuenaren aldi dugu. Zaitegi iaunarena. Jarraibide ederra Euzkadi'ko jakintsu eta euskotar guzientzat. Aren irakatsiak guziek iasota onartuko ba'litue, zori obeagorik izango luke gure euskera errukarriak. Bere jakituria, bere gaztetasuna, ez ori bakarrik, baita bere ondasun exkaxak ere, Zaitegi'k euskeraren oinetan erre ditu eta erretzen ari da oraindik. Ainbeste lan, oro euskeraz, ain sakon eta ain ederrak.

Oek dituzute benetako euskotar eta Euzkadi'ren maitaleak, ez erderaz jantzita, abertzale-buru egiten ari diranak. Milla bider esan dut eta beste milletan esango ere det: «Euskera gabeko abertzale, erderaz ari diranak, euskerari muxin eta naska erakutsiz, Euskadi'ren ondamendi, besterik ez dira». Egi garratz au ukatuko lukena, betor, gertu gaude bada burrukarako, azeri-gaineko ardi-larru guziak uzkali ta koldar taldeak larrugorrian jartzeko.

        Ateraldi bizi onen ondoren, goazen arira. Zaitegi'n lanak ORIXE'REN EUSKALDUNAK du izentzat. Idazle azkarrak ziatz-miatz poema aundi ori bere artikulu ederrean ikertzen digu. Euskeraz izan dugun gertaririk aundiena duzute noski  EUSKALDUNAK poemaren zorioneko agerpena.

        Labur-zur Orixe nor eta zer izan den euskeltzale gazteentzako adierazten digu: ara bere itzak: «Nere aldikoek orrelaxe maite izan dugu Orixe bikain-bikaina: biotzez, irakasle ta otsemallea menpeko ikasleak bezelaxe. MIREIO, BARNE-MUINETAN, SANTA KRUTZ APAIZA, TORMESKO ITSUMUTILLA ta beste amaika ta amaika idazlan, naiz itz-neurtuz, naiz itz-lauz gure gaztaroan tutuluturik irakuriak genitun».

        Alaxen da izan ere, eta emen nago ni Zaitegi'k diona egiztatzeko. Garai artan elkarrekin genbiltzan, emezortzi, emeretzi, ogei urteko euskaltzale mordotxo bat. Ua bai gure arteko euskal-garra, irakur-naia, ikas-naia. Orixe aundiaren lanak, batikbat, gogo bizienaz irakurtzen genitun. Orixe zan gure iainko tipia. Ari iarraiturik neurtitzgintzan, itz-lauz ari giñan. Irakurriaz beste ez giñan naikotzen: luma jaso ta euskera lantzen buru-belarri ekiten genion. Elkarri irakatsi, elkarri lanak erakutsi. Ez dut uste gure taldetxoa bezelakorik izan ote den, ain gazte, ain gartsu, ta ain langile. Gaurko gazteak ikasiko ai lute, guk bezela, osotoro, biotz arima ta dana euskerari eskaintzen. Taldetxo artan loratu zan Urkiaga, Lauaxeta deitoragarria. Taldetxo artan Schiller'en WILLHEIM TELL euskeraz iantzi zuen Goenaga'tar Iñaki'k. Talde artan ere «Aralar» Strabon'en berri ematen ari zaiguna, gaitu zan. Talde artakoak Argarate, olerkari ta idazle trebea, eta taldetxo artakoa Zaitegi euskerari ainbeste on ekarri diona. Eta ez ditut guziak izentatu zuen belarriak ez nekatzeko.

        Zer dugu euskal poema eder au berriz, biarko Euzkadi'ri buruz? Orra Zaitegi'k erantzuten diguna: «Iaseko olerkaririk ez dun errialdeak, benetako azkatasunik ez du dastatu. Badugu guk gurea, baita gure poema nagusia ere. Zuziatzeko beldurrik gabe aitortu dezakegu: badugu gure poema-nagusia ere. Areago oraindik non-naiko ta noiz-naiko poema bikañenak bezin bikaña. Ta zenbait saietsi begiratu ezkero, gurea bikañagoa ta erritarragoa alegia. Orañaldi beltz ta illun ontan, lekaioka irrintzi egin dezakegu euskeraren alde, Orixe'k xaxa edo marka urratu bai digu».

        Bear bada, irratsaio au entzuten dagoen bat edo batek, geiegikeritzat artuko ditu nunbait, Zaitegi'ren aitorpen auek.

        Batetik, Zaitegi ez duzute mendi zurian bizi dan alotz-zuria ta ezjakiña, ez orixe. Gurea ez-eze, inguruetako izkuntzak eta literaturak ederki aztertu ditu. Beraz, badaki gure idazleak zer esan eta zer idazten duen.

        Gainera, ba aldakizute Portugal'ko azkatasuna nork eta nola sendotua izan zan? CAMOES olerkari aundiak, OS LUSIADAS poema ospatsuarekin. Liburu eder ori zor dio oraindik ere gaurko Portugal'ek bere burujabetasuna. Nork daki EUSKALDUNAK gurearen giltza ez ote dan izango?

        Eta ara emen, ALTUBE iauna urte eta euskaltzaletasunez zamatuta. Langille azkara, abertzale zintzoa. Euskera iñork bear bezela aztertu ba'du, Altube jaunak egin du noski. Ez ori bakarrik, irakaspen ederrenak ere eman dizkigu euskaltzale guzioi. Ez dituzute noski, bertanbera iztekoak aren ERDERISMOS ainbeste ta ainbeste iazle idaz-biderik egoki ta zuzenenean sartu-azi dituana. Jakingarriak Euskaltzaindian egin zuen sarrera-itzaldia, Gernika'ko ikaskuntza Batzarrekoa, eta beste idazlan asko, euskeraz ta erderaz, argi ta garbi, eten gabe, iñoiz ere nekatu gabe. Eztabaida gorriak ere sortu izan ditu Altube'k bere inguruan, gogorrak entzun ere bai, bainan ala ere, beti tinko, beti gotor euskeraren onean iraun du eta oraindik dirau. Ezin uka, euskel bidean argi bizi izan zaigunik.

        Gramatika ta izkuntzarekikoak, batez ere, erabili izan ditu benetako euskaltzain eta abertzale onek. Gaurkoan ere, gai berberaz ari zaigu Euzko-Gogoan, ots, ERDERARIK TXARRENAK DERITZAION artikulotxuan.

        «Sarri esana da, dio Altube'k, izkuntzaren arima, mintzaien benetako muina, beuren gramatika dala. Ni neuk nere jaioterriratzean, lengo euskal-itz zar bat edo beste orain erderatikoez ordeztuta entzuten dedanean, benetan min artzen det, biotzean zarraztada mingotza nabaritzen det. Baña milla bider mingotzagoa, euskal gramatika jatorrari dagozkion itz-jokoak, erderatikoz edo erdera kutsudunez ordeztuta entzun oi ditudanean; gaitz au ilgarriago baita izkuntzentzat».

        Eta sail ontan zer egin ete dugu euskal-idazle geienak? Altube iauna ez dut irizkide gai ontan. Nik pekatari onek, aldizkari ontan bertan MENDE-ERDI ELERTI-BIDEAN deritzaion artikuluan, 50 urte abetan idazleak aurrerapen aundia euskerari eragin diotela aitortu nun. Eta nik bezela Jemein'ek ere bai. Eta Orixe'k gure aitorrak ontzat edo artzen ditu. Altube jauna ez duzute ordea gurekin. Ara or:

        «Norbaiteri, dagokion baino gaitzagoko lan bat egin-arazi zaionean oker ori burlaxkatzeko, Gernika aldeko baserritarrak, onako au esan oi diote: «Astoari lasto-askie goregi imiñi yautsek». Orixe ez ete dogu egin 50 urte oietan?»

        Egia esan, Altube gai abetan jakitun eta ezaguna da. Eta baleiteke astoari lasto-askie goregitxo iarri izatea. Baten batzuk ori egin degunik, ez nuke ziero ukatuko. Bainan beste askok, lasto-askie mutur-muturrean iarri diote astotxoari, alan da be, gure astotxoak aska ortatik ian bearrean, erdel-askara lerratu da. Orra or, askie mustur-aurrean berdin-berdin iokatu dugu. Astotxoarekiko biok egin dugu lan berdiña, ez batzuon ez besteon lastotik ian ez dualako.

        Zer egin ordea, asto nakar ta temati orren aurrean? Astoari lastoa iaten irakatsi. Eta ortarako, zartxoa bada ere, astama bat billatu bear diogu. Ama ori nun arkituordea? Eskolan. Eskola bearrezkoa dugu astotxoari iaten irakasteko, bestela, beti ere, emango diogun lastoa bertanbera utzi eta erdel-askara joko du, naiz mutur pare-parean lastoa ipiñi: euskal usaia artzen dionerako, an zijoek gure astoa, ostiko ta puzkar urtika, gure iauntxo ta erdelduntxoek gaizki azi eta ezi digutelako.

        Zoragarria benetan Euzko-Gogoan bakoitzak bere uste ta agiriak zabal-zabal argitara al izatea. Bakoitzak, Orixe'k dionez, «emen bere du aoa». Or ba pozik irakurriko ditugu Altube maitearen epaiak, naiz zorrotzak izan, eta gauza on asko ikasi al izango ditugu noski baino noskiago.

        EUSKERA.. Euskeraren arlora iritxi gaituzute. Emen ere, Orixe jatorra, lan ta lan ari zaigu azpertu gabe.

        Badakizute noski, Bilbo'n Euskaltzaindia zeritzan Akademi bat zala, euskera zaindu, bizkortu eta edertzeko. Euskel baratzeko jakitun aundienak biltzen ziran lan goragarri ori burutzeko. An Azkue, Elizalde, Urkixo, Kanpion, Altube, Intza, Eguzkitza, Olabide, benetan jakitunak, batzartu oi ziran. Gaur geienok il zitzaizkigun, eta gizon aundi oietatik orainik bizi diranak, guda ezkeroz atzedriturik bizi dira. Ribera-kaleko etxe zarrean orratio, errautsez estalita, su-pindar bat geratu zan. Azkue iauna, euskal-letretan txapelduna, urte-lorez makurtua, larogeitaz urte, ala ere euskal-arloan ari zana. Amaikatxu aldiz bere bakardade illun artan ikustera ioan nintzaion. Euskeraren etsaiek agure zar agurgarri au, bere etxe zulotik etzuten iraitzi. Euskeraren atzar guziak, orratio, oldarrez erauzi zitutean. Arreskero, Euskeltzaindia, zanik ere, iñork ez zekian.

        Orra nundik, palangistek, euskal-akademi berri bat aizetara digute, itz-jarioek kapela barnetik uso eta konejuak bezelatsu. Ez ori bakarrik: Euskaltzaindi zarra astindu eta erruki gabe xeatu ondoren, berrikeriz gainezka etorri zaizkigu. Akademi zarren ortografia gaizki antolatua zala, arek eman legeak izkuntzarentzako ondamendi zirala deus onik etzuela egin eta nik dakita beste zenbat kirtenkeri! Itz batez, aizkora-ukaldika. Aiek iasotako euskal-baso ederra, zearo moztu eta urkuldu digute, euskal oian berri bat iasotzeko. Ala diote beintzat!

        Eta ara Orixe, bere-berea duen lan-bidean, inguru guziak bere makillaz iñarrosten. AKADEMIKO BERRIAK deritza bere lenengo idaz-lana. Batzarre ortan berriki artu dituten euskeltzale ta gizonen berri bakoizka ematen digu. Ba dira beren artean gizon aundi eta euskeltzale iator, baita ere ainbesteko ez diranak. Denak dituzute lapurtar, xuberotar eta baxenapartar.

        Urrengo idazlana EUSKELTZAINDI ZARRA ERABERRITZEA, Krutwig iaunari erantzuna duzute, iaun au izan baita eraberritze ortan aurrelari. «Auzi txarrean, dio Orixe'k, sarrerazi zaitute, Krutwig yauna, Euskaltzaindi berri ortan az al da beste auzigizonik? Non daude euskaltzain euskotar oiek? Agoa zildaiez itxia al daukate? Oien artean badakit nik bezela iritziko diotena, lengo zarrak beinipein. Ez noa ni, ez, eraberritze orren buruzki. Au egozten diot Euskal Zaindi berriari: ch, tch ta olako auzi kaxkarrak utzi ditzatela, Euskel Zaindiari ioera txarrik ez dezaiola eman; oraingo iaun oiek euskeraz mintzatu ditezela, euskeraz idatzi dezatela, guri gure euskera berri onengatik ixekarik egin gabe".

        Ederki Orixe'k diona. Euskaltzaleak sakabanatu ta bereizteko eskuondorik ba al dute euskeltzain berri ok? Zertako lengo ortografia berritu? Zertako ainbat urtetan euskeltzale guziok erabili degun idazkera baztertu? Lengo akademiak lan eta eztabaida izugarrien erdian, ori bederik iritxi zuen: euskaldun geienak idaz-bide bakarrean sartzea.

        Ala ere, euskeraren ona besterik gura ez dugunok, euskaltzain berri oriek ere zenbat egoki egitea opa degu. Gutxi gera euskaldunak, are gutxiago euskeltzaleak. Guziok bear ditugu alegiñak oro egin gure euzkera maitagarria bera-aldi ontatik betiko ateratzeko. Lan ori egingo lukena ondo etorria bedi.

        Eztabaidak utzita, ORIXE euskal aditz edo berbuaren abar artean sartzen zaigu, ango itzalguneak nolarebait argitzeko. Orain arte, lan auek erderaz erabili izan ditute euskaltzalerik geienak. Orixe'k ordea euskeraz azaltzen dizkigu gramatika gai oiek. Euzko-Gogoaren xedea euskera edozertarako gai dala erakustea duzute, eta sail ontan agerian iartzen digu idazleak, gai elkor ta zail auek ere gure izkuntzaz jantzi ditezkela. IZAN aditzaren goraberak eta jokoak damazkigu, lenagoko alean idatzitakoen geigarritzat.

        «EDIN, EKIDIN, gaitzat. «Biak orobat adierazten dute. IZAN'en joka-itzetatik banaka batzuk galdu ditugu: BIZA ordez, bedi; BIRA, ordez, BEDIZ. ITEN'ekin beste ainbeste gertatzen da: biza ordez, BITE: bira ordez, BITEZ. EKIDIN: aditz onek ez du nordan bakarrarentzako yokaerarik; beti besterentzako du edo elkarrekikoa. Nakidizu, nakidio eta abar».

        Eta geroenean iragarri aditzok zabal-zabal euskeraz aztertzen ditu Orixe'k. Irakurriko ba'zenute, tutuluturik geldituko ziñateke gai ain elkorrak euskeraz azaltzeko gure idazleak duen antzeaz.

        Orixe maisu andiak ere, euskal-atal berezi bat antola digu ONDAR-MONDAR deritzana. «Mastia muskildu ondoan gelditzen diran zintzilarioak, edota, gariaren uzta egiñik erortzen diran galburu edo buruxkak bezela, euskal aldizkarietan gelditzen diran ondakiñak bilduko ditugu. Ondakin itzak ez du esan nai gaitzerako dan zerbait. Bizkaian «neure ondakintxue» esan oi diete maitaro aurrari. Utsak eta beteak bilduko ditugu geron EUZKO-GOGOAtik asitik».

        Lan ederra bai auxe, idazten ari geranok nola ta noiz itzak erabili ikasteko. Utsak ere zuzentzen ditu Orixe'k, eta neri ere ez dit barkatu, geure Euzko-Gogoatik asi baita, eta ederki egin duela aitortu bear det. Benazate, idatzi nuen nere artikulotxo baten. Gaizki esana, nazate aski bai zan. Maisu onen txotx-pean euskal armoni zoragarrienak atera al izango ditugu kanta-kantari gabiltzanok; noiztanka abots gaiztoz ekin arren, laister aren txotxak aots-gozoratuko gaitu. Mila esker Orixe.

        Euskeraren sail au bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi XELETAKA A-BI Karakas'ko euskal idazle argiaren idazlana. Poliki egiña euskera xamur eta ulerterrezean kudeatua: «Euskera gure izkuntza zarra atso eri bezela, zauriz odolustutzen dijoakigu. Eta jakiña, onelakoan oi danez, bere zenbait semeek esku errukitsuz gainera bere biotz maitatia eskeñi oi diote. Beste batzuek aien neurrian ezpada ere itz goxo ta laztanak behintzat ez dizkiote uka. Itzak, itzak!!! Opari erreza orixe.

        Bai, A. Bi, egiñak, egiñak nai genituzke, bada euskeraren seme guziok bear bezela ekingo ba genioke, zuk esan zauri ta negar oriek laister txukatu al izango genitio gere izkuntza maitagaiari.

        Eta ara emen azkena, liburu berriak. I'tar A'k, Etxaide'tar Jon'ek argitaratu digun ALOS-TOREA liburutxoa aztertzen du. Irratsaioren baten irrakuriko dizute lantxo ori, dagoneko irakurri ezpadizute. Enoakizue ortaz ezer esatera.

        ERESERTI. Itz berria dala diote zenbaitek, bainan gure Xemein maiteak zarra dala esango luke, eta nik ere bai. Zarra beintzat, irurogeitaz urte auetan, Sabin Irakasle laztanak putz eman zion ezkero, or ibili da mundua zear, euskaltzaleen luma puntan aspertu gabe, erderazko musika adierazteko. Beraz, bego ERESERTI itz zarra, gure izkuntzaren sustrai zar-zarrez mamitua dan ezkero.

        Bainan oraingo ontan estu eta arnaska nabilkizue, sail onen berri emateko. Zer dala-ta ordea? Ango atxurlari nerau naizelako. Zer esango ote zenukete nere burua goraipatzen eta xurikatzen asiko banintza' ARTOBERO, gutxienik, geiagokorik esango ezpazenute. Eta neoni kaxkartzen asiko banintza? Esan bai, bainan sinistu... ez dik sinisten! Eta ona emen ni ur-zurrumilu biren erdian igari eziñik. Dana dala, NIKAXIO ez al didazute deituko, NIKA ari naizelako.

        Euzko-Gogoak, BACH aundiatzaz lenagoko alean asi idazlana bukatzen du. Zati ontan ereslari edo musiku orrek orkesta eta zenbait erestailuentzat idatzi lanak aztertzen ditu, BRANDEBURG'ko ERESALDIAK batez ere. Azkenez BACH'en keraz, edo musika-estiluaz, mintzatzen zaigu, ez noski KANTARI AUNDIARI legokion antze ta trebetasunez. «Bidezkoa genuen, aurten, Euzko-Gogoan ereslari andi au goraipatzea; gure euskera zaarrak ere, gorasarre zor zion».

        Ontaz aski, eta goazen EDESTIRA. Istori-goraberak dagozkio arlo oni. Or ari zaigu ARALAR Strabon'en geograpi zarrean, orain bi mila urte gerkeraz idatzi zuen jaun orrek antxiñako euskotarren arastoak atzeman naiez. Esku-pin eta bigunaren iabe izaki ARALAR, arrasto guziak iaso ditu, eize-txakurrak galeperrak iasotzen dituan baino aisago. Antxiñoako eusko-erri izenak, orduko euskeraren-einea edo egokera, euskoen erri-arazoak eta oiturak. Oro Strabon'en liburu xarren-xarrez igatutik.

        Erakusbide ederra benetan, gai auek iakintza gaiak dituzute, eta gure iakitunek erderaz ematen dizkigute beti ere. Euskera ortarako gai ez dalako ote? Ez orixe. Orra Aralar'ek uste oker ori erro-errotik ankazgora botatzen du bere idazlanarekin. Erderaz idazten dute, beaiek euskera erabiltzeko gaiturik ez daudelako. Beraz, gaitu bitez, eta euskerak ez die ukorik egingo edonora ioteko, bidelaguntzat artzen ba dute.

        GIZARTE. Euskel idazle bi dagozkigu arlo ontan. Irazusta jauna eta Argarate. Onek, bere oiu apañak lau-aizetara barreiatzen daragoio, ozen argi eta goxo. Gure langilleak ba'dute zer ikasi, burrukarako gertutzeko, gizartea burruka besterik ezpaita.

        Jon Andoni, munduko orainaldi beltzez mintzatzen zaigu. Zer sortuko ote naspilketa onen ondoren? Idazlea, ez zaigu orregatio ezkor. «Betikoa, dio Jon Andonik, algara ondoren negarra, laño ondoren eguzkia. Gora bada biotzak. Gure Iainko maiteak ez gaitu bere eskutik utziko. Guri eguzki ori etorri bitartean, lan bat bakarrik egoki zaigu: EUSKERARI EUTSI!»

        Ni ere, beti nago ortan, Jon Andoni, euskera izango zaigula askatasunaren eta Euzkadi'ko geroaren urrezko giltza.

        Eta orratx, IDAZTI DEUNAK. EPESO'KO ZAPARRASTA deritza Zaitegi'k egindako BIDALIEN EGIÑEN komentario aberatsari. Paul deunak Epeso'n igaro larrialdiaren zeapenak ematen dizkigu. Artemi iainkosaren apaizek, bialdi aundiaren ikasle bat garbitu nai izan zuten, eta errian zaparrasta izugarria sortu zan Paul'en aurka. Bizkor, trebe ta egoki benetan, Zaitegi'ren azalpena. Gure eliz-gizonek ba'dute nun ikasi gai auek sakonki erabiltzen.

        Inoiz euskeraz entzun ote diezute gure apaizei BIDALIEN EGIÑEN komentariorik? Geienetan betiko leloak erabili oi itute; xeigarrena dala, bederatzigarrena dala, bosgarrena dala, zerua ala ta inpernua dala. Ekin lelo bateri. Bitartean gure erriak ez daki liburu santuak diranik ere. Ortan saiatu bear litezke gure apaiz jaunak: «Ua bearrezkoa, bainan au ez uztekoa», dio nunbait liburu santuak. Amaikatxu gauz eder ikasiko lituke gure erriak, baita gere erlijio santua bear bezela maitatzen ere.

        Ibialdiaren mugara iritxi gera. Euzko-Gogoa baino aldizkari ederragorik ikusi duanak, esan beza: bere du agoa.

        Muga-mugan ain zuzen ere, aldizkariaren askenengo orrian ain zuzen ere, berri negargarri bat arkitzen dugu. ARPIDEDUNEN ZERRENDA irakurtzean, odol guzia irakiten jarri zait, begiak gorriaren-gorriz betzuloetatik ateratzeko zorian iarri zaizkit. EUSKOTARREK GURE LAN EDERRARI EZ DIOTE ERANTZUN: GORRARENA EGIN ETA BERTANBERA UTZI DUTE. Lotsagarriagorik, beltzagorik! Iainkoaren madarikaziñoa gure erriaren gaineratu ote da? Lo dagoen erriak zer merezi du besterik? Beltzaldi ortan betiko usteltzea.

        Orra Euzko-Gogoak bere azken orrialdean dioana: «Arpidendun guzioi eskerrik... (Dana aldatu dizut aldiskarian dagoan lez).

        Entzun duzute Euzko-Gogoaren dei xamurra eta benetan negargarria. Guri dagokigu dei ori bear bezela erantzutea eta gainera alik laisterren.

        EUZKOTARREN ZABARKERIZ EUZKO-GOGOA ILGO BALITZ, EUZKADI ERE ERIOTZ LOTSAGARRI ENAREN GAI EGINGO LITZAKE.

 

(Idazlan au Euzkadi'ko irratitik irakurria izan da).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.