Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Olerti / Oraingo Neurtitz Berriak—

 

Argi ta margo

 

Orixe

 

Egalak astinduz oillarrak yo digu argitu baiño len;

ordu bete gero, doi dut argiaren xintik autematen.

Argi-urratzean txori bakartien txio dut entzuten.

 

Ardia yeiki da; gorputz-eragiñez yaurtiz otzikara;

alai zabaltzen du muñotik zokora yoale-dandara;

egurats epelak dakar beorraren irrintzi karkara.

 

Gauak illak zitun, argiaz batean, margo bizi oro.

Egunero ditu lurpera; argiak pizten egunoro.

Illunak lo nauka erio; argiak pizten nau osoro.

 

Urre meatze dut Aralar, elurrez, argiz, gorri zuri:

auspetik txingarra bezala, laiñotik sortua diruri.

Zazpi margo dira? Zazpitan zazpi, bai, zuria (y) iturri.

 

Zeru ta baratze, margoei begira egunero nago.

Itsas-urdiñetik zeruarenera, zenbat alde dago!

Musker bizitikan musker urdiñera zenbat areago.

 

Nere sapaillotik lili xuri bati nagozu begira;

elur garatua dala diokezu: ainbeste zuri da.

Aretxek begia, bestek ez bezala, lilluratzen dida.

 

Ara! kukulutik zerbait yalki zaio. Zer ote da? Luma?

Ez doa zuzenka, or emen asi da, lore denen kuma:

Yainkoaren oillo —eun izen ba-ditu—: aietan, inguma.

 

Aski xurgaturik, txoratil antzean artua du gaina.

Itzuli mitzuli, nere sapaillora eldu zait, otxana.

Ertzean gelditu, egalak ikara, urbilduz nigana.

 

Zurrun gelditu naiz, aldarean Petri dagoen antzera:

betazala geldi, arnasa doi doia, begia bestera.

Ega berritu du, eskuin-saietsetik ni nagon atzera.

 

Ontan, ezkerretik birunda bukatuz, yo nau bekainean;

andik teillatura; gero xuxen xuxen zerura bidean.

Itxi tut begiak muxu legun ori auznartu naiean.

 

Inguma xorgiñez, gogakizun xuriz, bete zait burua.

Zertako so egon? Eun bulkoren mende da nere burua.

Nik dakita noizko? ba-dut olerki-gai beitarik sortua.

 

Ez dut irauli nai Gogai xuri oien barneko lapatsa.

Irakiten utziz, yaurtiko du laister ondarreko patsa

Aski da baratzez. Eskuan makilla, urbil dut aldatsa.

 

Aldats gorakoan, oztoporik ez ta, so goi urdiñari;

aldats berakoan, oztopa bildurrez, erne larratzari.

Eman lasaipide birikeri, eman argi buruari.

 

Txango luze-ondo, indarberritzeko bazkari naroa.

Neke ta bazkari, ekarri didate min maite dan loa.

Ori sendatzeko, ardiek antzo dut eiten abaroa.

 

Atsaldean, biar aza landatzeko apintzen dut lurra:

belarra ken lenik, urrena, lai-lana, azkenik, aitzurra.

Afal-suarentzat arrebari diot txikitzen egurra.

 

Eguzkia yeisten, itzalak luzatuz, Altzo-mendin bera.

Oilloak banaka ba-datoz kotara, naiz dan egutera.

Gaua gautarrentzat; illundu baiño len, sartu naiz barnera.

 

Txaboletik urrun dabillen ardia, zokotik egira

illunaren iges oarkabe doa; aren antzo gira

bi begidun oro, nion sor diteken argiren izpira.

 

Igurikiko dut margo berriekin biaramon goiza.

Lotara sar gabe, egin dut Xubero'n oi duten otoitza. (1)

Laister ebatsi dut, nekaturik, goxo dakiden egoitza.

 

Oillarrak aski du begi bat bete lo, xango bakarrean;

—nik gorputza bete, ogea negurtu luze zabalean

Gauerdia yo dun ez naiz baitaratzen; ez bigarrenean.

 

Irugarrenean... au dut nik ordua; bein ez erneago

barneko begia. Elurrik, zerurik, ez da garbiago;

ez dauka laiñorik. Eguneroz ordu onen erpai nago.

 

Gogai onen ama esan dute gaua; baiña goiza dut nik

asmakizun aundi guzien garaia. Argiaren xintik

ez dan bitartean, murgildu naiz nigan, begiak itxirik.

 

Illun! Ago geldi! Argi! Ez iradu! Luza (y) adi!

Argi, margo, lore, mitxeletei bañon, oni nagon adi.

Argiak begitan yo naunean, neurtitz berritan ler nadi.

 

(1) Yauna, ni zuria,

      Zu enia.

      Zaragoilak lurrilat, (lurrera)

      Ni ohilat (ogera).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.