Babiloniara itzultzea I «Eta non dabil Mr. Campbell?» galdetu zuen Charliek. «Suitzara joan da. Mr. Campbell nahikoa gaixorik dago, Mr. Wales». «Damu dut hori entzutea. Eta George Hardt?» galdetu zuen Charliek. «Berriz Ameriketan, lanean». «Eta Elur Txori?» «Hemen izan zen joan den astean. Dena den, haren laguna, Mr. Schaeffer, Parisen berton dago». Bi izen ezagun duela urtebete eta erdiko zerrenda luze hartatik. Charliek helbide bat koadernoan zirriborratu eta orria bereizi zuen. «Mr. Schaeffer ikusten baduzu, emaiozu hau» esan zuen Charliek. «Nire koinataren helbidea da. Oraindik ez dut toki finkorik hartu inongo hoteletan». Egia esan Charlie ez zegoen dezepzionaturik Paris hain hutsik aurkitzeaz. Alabaina, Ritz-eko lasaitasuna nabarmena eta adu txarrekoa zen. Jadanik ez zen bar amerikarra: Charlie gustura zegoen han, baina ez berea balu bezala. Lekua Frantziara itzulia zen. Charliek geldotasuna nabaritu zuen taxitik irten zen une beretik; izan ere, atezaina ardurenean lanez itoa ibiltzen zen ordu hartan, baina hizketan ikusi zuen chasseur batekin zerbitzarien ate ondoan. Korridorean barrena joanda, ahots bakar eta aspertu bat entzun zuen, behinola burrunbatsu izandako emakumezkoen gelan. Barra aldera agertu zenean, alfonbra berdeko zazpi metroak beti aurrera begira egin zituen, aspaldiko ohituraren arabera; ondoren, oina beheko barran tinko ezarrita, bira egin eta gela ikuskatu zuen, begi pare bakarra aurkituz txokoan egunkari baten atzetik hegaldaturik. Honenbestez, Paul etortzeko eskatu zuen: zerbitzarien burua zen, eta burtsako azken egunetan neurrira egindako autoan azaltzen zitzaien lanera, kale izkinarik hurbilenean jaisten bazen ere, behar bezalako gizalegea erakutsiz. Baina Paul landetxean zegoen eta Alix zeukan argibideak ematen. «Ez, gehiago ez» esan zuen Charliek. «Egunotan lasai nabil». Alixek zorionak eman zizkion. «Duela bi urte gogor ekiten zenion». «Ziur nago eutsiko diodala» segurtatu zion Charliek. «Bada urtebete eta erdi eusten diodala». «Zer deritzozu Ameriketako egoerari?» «Badira zenbait hilabete Ameriketan izan ez naizela. Pragan nabil negozioetan konpainia pare baten ordezkari. Herrialde horretan ez dakite nire berri». Alixek irribarre egin zuen. «Gogoratzen duzu George Hardt ezkondu aurretik hemen egin genuen despedida afaria?» esan zuen Charliek. «Bide batez, zer izan da Claude Fessenden-ez?» Alixek ahotsa apaldu eta hauxe esan zion ahapetik: «Parisen dabil, baina jadanik ez da hona etortzen. Paulek ez dio uzten. Hogeita hamar mila liberako kontua pilatzen utzi zion, edari-bazkari guztiak sartuta, baita sarritan afaria ere, urtebete baino gehiagoz. Eta hala ere, Paulek ordaintzeko esan zionean, besteak txeke ustela eman zion». Alixek buruari eragin zion tristaturik. «Ez dut ulertzen, halako morroi jatorra izaki. Orain guztiz puztuta dago». Eskuak sagar handi-biribil baten itxuran jarri zituen. Charlie homosexual talde zizkolatsu bati begira zegoen, txokoan ezartzen ari zela. «Ezerk ez die eragiten» pentsatu zuen Charliek. «Akzioak gora eta behera doaz, jendea langabezian edo lanean dago, baina hauek beti aurrera». Lekuak azpiratuta zegoen. Dadoak eskatu zituen Alixekin edaria jokatzeko. «Luzerako etorria, Mr. Wales?» «Lauzpabost egun egin behar dut hemen alabatxoa ikusteko». «O! Alabatxoa daukazu?» Kanpoan koloreko seinaleek dirdira keatsua egiten zuten euri lasaia zeharkatuz: gorri suhar, urdin-gas, berde-mamu. Ilunabarra zen eta kaleak mugimenduz beterik zeuden; bistroak nir-nirka zebiltzan. Taxia hartu zuen Boulevard des Capucines-en kantoian. Handitasun larrosan joan zitzaizen Place de la Concorde, eta betiko Sena logikoa zeharkatu ondoren, Charliek Ezkerreko Ibaiertzaren probintzialtasuna sentitu zuen tupustean. Charliek Avenue de l'Opera aldera zuzendu zuen taxia, auzo hura bidetik kanpo bazegoen ere. Izan ere, ikusi nahi zuen ordu goibela aurrealde ikusgarri hartan zabaltzen, bai eta imajinatu ere autoen turutak Bigarren Inperioaren tronpetak zirela, Le Plus que Lenten lehen notak amaigabe joaz. Brentano's liburudendaren burdinazko pertsiana ixten ari ziren, eta jadanik jendea afaltzen zebilen Duval'sen hesitxo ondo inausi eta burgesaren ostean. Charlie jan gabe zegoen benetako jatetxe merke batean Parisen. Bost platerreko afaria, laurehun eta berrogeita hamar libera eta hemezortzi xentimo, ardoa barne. Nolabaiteko bitxikeria zela eta, nahiago zuen inoiz hala egin izan balu. Ezkerreko Ibaiertzean sartu eta haren tupusteko probintzialtasuna sumatzean, Charliek honela pentsatu zuen: «Nik neuk hondatu nuen hiri hau. Ez nintzen konturatu, baina eguna joan eguna etorri, bi urte joan ziren horrela, dena joan zen, eta neu ere bai». Charliek hogeita hamabost urte zituen, eta itxura onekoa zen. Aurpegiaren adierazkortasun irlandarra begien arteko zimurdura sakonak goibelduta zeukan. Rue Palatine-n koinataren txirrina jo zuenean, are eta sakonagoa egin zitzaion zimurdura bekainak eraisteraino; Charliek karranpa antzeko zerbait nabaritu zuen urdailean. Atea ireki zuen neskamearen atzetik bederatzi urteko neskato bat irten zen arrapataka «Aitatxo!» oihu eginez, eta hegan egin zuen, arraina oldarrean irudi, Charlieren besoetara. Neskatoak tira egin zion belarritik gizonari, eta burua mugiarazi, bien masailak elkarren ondoan jartzeko. «Hau da neure kuttuna» esan zuen Charliek. «O, aitatxo, aitatxo, aitatxo, aitatxo, aitta, aitta, aitta!» Neskatoak arrastaka eraman zuen egongelara, bertan familia zain baitzuten: Charlieren alabaren adineko mutiko bat eta neskatxa bat, Charlieren koinata eta beronen senarra. Charliek agur esan zion Marioni ahotsa kontu handiz egokituz azalutsezko berotasuna zein higuina saihestearren; Marionek askoz ere zuzen eta epelago erantzun zion, nahiz eta mesfidantza espresio aldaezinari gogortasuna kendu, Charlieren alabari so eginez. Bi gizonek elkarri eman zioten bostekoa adiskidetasunez, eta une batez Lincoln Petersek Charlieren sorbaldaren gainean utzi zuen eskua. Gela epela zen, amerikar itxura erosokoa. Hiru haurrak harat-honat zebiltzan lasai-lasai, beste gela batzuetara egiten zuten atalondo beilegietatik zehar jolasten; seietako arraitasuna nabari zen suaren zartako irritsuetan nahiz sukaldeko iharduera frantziarraren soinuetan. Baina Charlie ez zen lasaitu; bihotza tinko ezarrita zeukan gorputz barruan eta segurtasuna inguratzen zuen alabagandik, neskatoa noizean behin hurreratzen baitzitzaion, Charliek ekarritako panpina besotan hartuta. «Oso ondo, benetan», adierazi zion Charliek Lincolni beronen galderari erantzuteko. «Badira hainbat negozio geldi-geldi daudenak, baina gu inoiz baino hobeto ari gara. Egia esan, kristoren arrakasta dugu. Datorren hilean arreba ekarriko dut Ameriketatik etxe zain. Iaz soldata handiagoa irabazi nuen dirua neukanean baino. Badakizu, txekiarrak...» Harrotasuna helburu zehatz baten kariaz zerabilen; baina une baten ondoren, Lincolnen begietan urduritasun lausoa ikusita, hizpidea aldatu zuen: «Ume zoragarriak dituzue, ondo heziak, molde onekoak». «Honoria ere neskato bikaina da, gure ustez». Marion Peters sukaldetik itzuli zen. Emakume handia zen, begi kezkatuekikoa, behinola Ameriketako liraintasun freskoaren jabe izandakoa. Charliek ez zion inoiz horri erreparatu eta beti harritzen zen jendeak Marion zein eder izan zen aipatzen zuenean. Hastapenetik hartua zioten elkarri berezko ezinikusia. «Eta, zer iruditu zaizu Honoria?» galdetu zion Marionek. «Zoragarri. Zur eta lur gelditu naiz ikustean zenbat hazi den hamar hilabetetan. Haur guztiek daukate itxura ona». «Urtebetea da medikurik izan ez dugula. Zer moduz Parisen berriro?» «Oso bitxia ematen du inguruan hain amerikar gutxi ikusteak». «Bada, ni oso pozik nago» esan zuen Marionek gartsuki. «Orain, behintzat, dendan sartzen garenean jendeak ez du uste denok milioidunak garenik. Besteek bezainbeste sufritu dugu, baina azken buruan askoz ere atseginagoa da oraingoa». «Hala ere, polita izan zen iraun zuen bitartean» esan zuen Charliek. «Erregetiarren antzekoak ginen, ia hutsezinak, eta halako magia geneukan inguruan. Arratsaldean bar horretan» mihia korapilatu zitzaion, hankasartzeaz ohartuta «ez dut inor ezagutu». Marionek zorrotz begiratu zion. «Uste nuen aski izan zenuela horretaz». «Apur batez baino ez naiz egon. Kopa bat hartzen dut arratsaldero, gehiagorik ez». «Ez duzu koktelik nahi afaldu baino lehen?» galdetu zion Lincolnek. «Edari bat hartzen dut arratsaldero eta jadanik hartua dut». «Horrela segituko ahal duzu!» esan zuen Marionek. Marioni desplazerra nabaritzen zitzaion hitz egiteko hoztasunean, baina Charliek irribarre egin zuen, beste barik; egitasmo handiagoak zituen. Marionen erasokortasunak berak abantaila ematen zion, eta gizonak bazekien itxaron egin behar zuela. Honenbestez, Marion eta Lincolnek kontu hura hizpidera ekartzea nahi zuen, alegia, Parisa etortzeko arrazoia, haiek jakinaren gainean baitzeuden haren zergatiaz. Afal orduan Charliek ezin izan zuen erabaki Honoria aitaldekoa ala amaldekoa ote zen. Ez ahal zituen nahasiko gurasoen nortasun ezaugarriak, biak hondamendira eraman zituztenak. Babesgarritasun olde handi batek hartu zuen Charlie. Bururatu zitzaion bazekiela zer egin behar zuen neskatoaren alde. Charliek izakeran sinesten zuen; belaunaldi osoaren gainetik atzera salto egin eta berriz ere izakeran sinetsi nahi zuen, betiko elementu preziatu gisa. Beste guztia higaturik zegoen. Afaldu eta berehala joan zen, baina ez etxera. Jakinrninez zebilen Paris gauez ikusteko, beste egun batzuetako begiak baino begi argi eta zuhurragoak erabiliz. Casinorako txartela erosi eta Josephine Baker ikusi zuen txokolate koloreko arabeskoak egiten. Ordubete pasa eta gero ikuskizunetik alde egin, eta astiro ibili zen Montmartre aldera, Rue Pigallen gora Place Blanchen sartzeraino. Ateri zegoen, eta gau-jantziak zerabiltzaten pertsona banaka batzuk ari ziren taxietatik lehorreratzen kabareten aurrean, bai eta zenbait cocotte ere, jira eta bira, banaka edo binaka, eta beltz asko. Charlie ate argiztatu baten ondotik igaro zen; ateari musika zerion, eta Charlie familiartasunez gelditu zen; Bricktop's zuen aurrean: hantxe ibilia zen ordu eta diru piloa xahutzen. Ate batzuk harantzago beste topaleku bat aurkitu zuen aspaldiko partez eta oharkabean barrura sartu zuen burua. Berehala, leku hartako orkestra irritsua soinutan lehertu zen, pare bat dantzari profesionalek jauzi egin zuten oin puntetan eta maitre d'hotela gainbehera etorri zitzaion, oihuka, «Oraintxe datoz denak, jauna!» Baina Charliek atzera egin zuen arin-arin. «Total eginda egon behar duk» pentsatu zuen. Zelli's itxita zegoen, inguruko hotel merke, goibel eta itxura txarrekoak ilun zeuden; gorago, Rue Blanchen, giroa argiagoa zen eta hantxe zebilen frantziar andana, bertokoa eta etxetiarra. Poet's Cave aienatua zen, baina Café of Heaven eta Café of Hellen bi aho handiak artean ere ahozabalik zeuden; haatik ere, Charlie begira zegoela, turistentzako autobus baten eduki argala irentsi zuten: alemaniar bat, japoniar bat eta bikote amerikar bat, Charlie begi izutuez begiztatu zuena. Alferrikakoak ziren Montmartreko esfortzuak eta xalotasuna. Bizioa eta zarrastalkeria errazteko bide guztiak umekeriaren parekoak ziren, eta Charliek bat-batean ulertu zuen «barreiatu» hitzaren esanahia, alegia, aire mehean barreiatzea: zerbait izan eta ezer ez bilakatzea. Gaueko ordu txikietan leku batetik bestera jendeak egiten zuen mugimendu bakoitza giza-jauzi itzela zen, gero eta gehiago ordaindu behar baitzuen are eta mugimendu motelagoen pribilegioa izateagatik. Gogoan zituen orkestraren bati emandako mila liberako bileteak doinu bakar bat jo zezan, atezainen bati lerraturiko ehun liberako bileteak taxiari dei egin ziezaion. Baina ez zegoen dena emanda emate hutsagatik. Emanda zegoen, baita zoroenik iriondako dirutza ere, patuari egindako eskaintza gisa, agian gogoratuko ez zituelakoan gogoratzea gehien merezi zuten gauzak, dagoeneko betiko gogoratuko zituenak: haurra haren menetik edekia, emaztea Vermont-eko hilobira ihes egina. Brasserie baten dirdiran andre batek hitz egin zion. Charliek arraultzeak eta kafea erosi zizkion, eta gero, andrearen begirada tinkoaren gogoberoa saihestuz, hogei liberako biletea eman, eta taxia hartu zuen hotelera joateko. Babiloniara itzultzea |