Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996

 

 

BABILONIA, BABILONIA

 

        Egun on, Babilonia! Horra hor Taviani anaien filmearen oihartzuna, Hollywoodeko munduari eskainia. Halaber, Hollywood, Babilonia erretratu gazi-gozoa ere badugu, Kenneth Angerren liburu irrigarri eta erregarriari esker. Inon Babilonia bada eguzkipean, hortxe dugu Estatu Batuetako mendebaldean kokatua, Kalifornia aldean. Badago ezer tentagarriagorik idazlearentzat, Babilonia horretan txango egiteaz bestalde? Itxuraz ez, Estatu Batuetako hainbat idazleren jokaera ikusita. Honako hauek behin baino gehiagotan izan dira gure Babilonian, laranjondoen gerizpean idazten: William Faulkner, Jonathan Latimer, Raymond Chandler, Nathaniel West...

        Francis Scott Fitzgerald (1896-1940) ere izan dugu Babilonian kateaturik, gidoiak eta istorio laburrak idazten. Hala ere, Hollywood ez da Fitzgeralden Babilonia bakarra. Egia esan, Babiloniaren irudi hóri aspalditik zerabilen buruan, XX. mendeko gizarte zurrunbilotsuak iradokia. Esan genezake EEBBetako gizarte merkantilista eta bihozgabearen gehiegikerien metafora dela, oso irudi amerikarra eta, haatik ere, guztiz esportagarria: Babiloniara itzultzea idaztean, Fitzgeraldek Parisa eraman zituen bere pertsonaiaren kezkak, Henry Jamesek urratutako bideari jarraikiz.

        Izan ere, This Side of Paradise eta The Beautiful and the Damned eleberrien arrakastaren ondoren, Scottyk Parisa egin zuen Zelda emaztearekin, New Yorkeko mozkorraldietatik ihesi. Apal antzean bizi izan ziren hiri frantziarrean, Hemingway, Gertrude Stein, Ezra Pound eta beste idazle estatubatuarren antzo. Orduan, 1926an Scottyk Gatsby Handia argitaratu zuen. Handik aurrera, Fitzgeraldarrek ez zuten bakerik izan, harik eta hurrengo hamarraldiaren porrotaldia gertatu arte.

        Estatu Batuetako gizarte berriaren irudi liluragarriak ageri dira Gatsby Handian. Babylon Revisiteden, berriz, ez dago halako xarmarik. Lehenik eta behin, beste kontinente batean gaude, Europan, eta beste hamarraldi batean, 1931 aldera, hain zuzen ere. Ordurako, Scotty nahikoa kaxkarturik zebilen, eta Zelda medikutan. Hamar urteko epean, lurrazpitik irten, gailurra jo, eta hondoa jo zuen idazleak, saltsa eta parranda guztietako burduntzali ibili ondoren. Tartean, eta hau esan beharra dago Fitzgeraldi buruz hitz egitean, hainbeste aldiz glamour aizun hori aipatzen denez, hamarraldiko orrialderik ederrenetako batzuk idatzi zituen.

        Babiloniara itzultzea honetan Fitzgeraldek idazkera paregabearen bidez erretratu alkoholaz lausotu bat eskaintzen digu, Frantziako hiria berriro aurkitzeko desirari eutsi ezinik dabilen belaunaldi herratuko pertsonaia bat plazaratuz: Charlie Wales. Parisko zoko ezagunetan egiten duen bidaian zehar, Charliek oroimena berreskuratuko du, eta horrekin batera oroitzapen zerrenda mingotsa. Charliek berreskuraezina du aspaldiko Paris hura, baina agian zerbait ikasi duke bidean: bizirik irauten dutenek sofritzeko ahalmen ikaragarria behar dutela bizirik irauteko.

        Scottyk ere kemena behar izan zuen aldi batez bizitzari eusteko, batez ere, 1930eko hamarraldian izandako kolpeak gainditze aldera. Charlie Walesek behin erabaki zuen ez zuela berriz lan egingo. Fitzgeraldek, ordea, ez zeukan beste alderdirik, jo eta ke ibiltzea baino: berrogeita lau urte zituen zendu zenean, eta ordurako 170 ipuin eta bost eleberri idatzita, besteak beste. Azken urteetan ahaleginak egin zituen bere bizitzari eta idazkerari aurre egiteko. Babiloniara itzultzea hasiera polita izan zen eginkizun horretan.

        Hala ere, jendeak ez zion apenas jaramonik egin Fitzgeraldi bakarkako ahalegin itzel hartan. Giroa bestelakotu egin zen, 1930eko depresioaren garai ilunak ziren, eta Fitzgeralden izena —eta istorioak— erdi galduta gelditu zen liburudendako apalategietan. Gizona ere erdi galduta zebilen Hollywood aldean; Zelda, berriz, psikiatrikoetan bakartuta. Nolanahi ere, Scottyk eleberri erdi amaitu bat utzi zigun bere bizitzaren hondarrean, The Last Tycoon, Hollywood-Babilonia berri horri buruzko testamendu gisa edo.

        Geroago, bai, Babiloniara itzultzea honek pantailarako bidea egin zuen ezinbestean. Oso istorio mamitsua zen, inolaz ere ez apalategiren batean usteltzekoa. Richard Brooksek zuzenduta, hantxe aritu ziren Van Johnson, Elizabeth Taylor eta Walter Pidgeon kartoizko Paris hollywoodiarrean. The Last Time I Saw Paris eman zioten izena, eta titulua xarmangarria bada ere, filmeak ez zion koskak berdindu Scottyren kontakizunari. Izan ere, II. Mundu Gerlako Paris erdi errautsian kokatu zuten istorioa. Van Johnson txukun aritu zen lan dramatiko hartan, baina nekez entelegatuko genukeen Charlie Wales bat 1950 aldera. Hogei urte baziren 1920ko hamarraldi zirimolatsua amaitu zela. Ordurako, Zelda eta Scotty ihes eginak ziren hilobira, eta Fitzgeralden liburuak harrapaka saltzen ziren mundu guztian, klasiko modernoak bihurtuta.

 

Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996