Aurora
Eņaut Etxamendi

Maiatz, Uhargi 3, 1985eko urria

 

AURORA

 

(Oisua Garzia Niriez-tar lagunari).

 

                Luzea da gaua

                eta bethegalak hetsirik dauzka

                Igiten hegoa urrez ile horibelan

                Irrian zaukan mundu guziaren agorrila

                Oi! ezpaiñ lerdo gorraila!

                Bortu-aintzi urdin eki-dirdirak begian

                Izai elhots araua...

 

        Añisa edaria jastatzean... min bizi bat berpizten zaut gogoko sotoan. Izai luze katedrale desertuak, pagadoi beltz hegaztin gabeak, bortu huts bihotz-erdiragarriak, zeru hotz garhaitgaitz...

        Oi! Irati, nork bota zaukan oren gaixtoan buhoa?

        Uda berde eta uzta xuriak ziren Basa Sagharren eta Pagaltzetan: «mekanikak», ogi-joiteak. Agorrileko iruzkiak aire errea dantzan zerabilan uzta-alorretan. Nexkatxek zaia xuriak. Erronkaritik etorri ttirrittak geldi-geldia dardarikan ari ziren haritzetarik iruzkiaren dantza pikatuz haran guzian.

        Etxetra jendeak baskariz asetzen ziren aotz-herrautsean. Uzkinazoek uzta-landatik ebatsi ogi-buruak brosta zokotaraino zeramatzaten. Bazen ororendako.

        Gauaz ogi-joitetarik etxerakoan kalla kantuz hautemaiten zen.

        Gure eskualde urrunerat ogi-joiteko tresnen tiratzeko ainitz behi pare behar zen: dena xintxa, kobre, lits eta ahuntz larru. Zer haria!

        Gu, gaztetto hauk, «lauka»-rekin juaiten ginen mendi-xolarat, etxe bakotxetik bat. Errekatik goiti patarra baita; lauka behar zen: bigarren behi pare bat, berdin hirugarren bat ere «batuza»-ren tiratzeko. Pare bat edo mando bat geihiago «mottor»-arendako. Gune gaixtoetan gizonak ere bultzan. Erroitza hegi eta bihurgunetan tresna goiti atxikiz.

        Gizon bat bethi goratik deika: nun nola tresnari lotu behar zen. Bakotxa bere aldian aintzindari bere etxerako bidean. Xahakoak irlar-gorriak izerdi ta irrien iruzkian.

        Hori gertakaria! Hamabost egun lehenagotik etzen besterik aipu. Holako «batuzarekin» honbeste lauka beharko. Halako etxean hunenbeste zaku-ogi jo. Hemen bi lasto-meta, han bat...

        Errekaren bi aldetarik baita gure mundua, gure mendi mazelan hiru etxe ginen bakarrik ogi-egile. Hoitarat ogi-joitetarat juan behar. Errekaz haraindian geihiagok egiten zuten: bost etxetarat juan behar ginen laguntzerat. Orotarat zortzi «mekanika».

        Urte hartan gure etxean ogi-joiteak ibiakoitz arratsalde batez izan ziren. Goizean auzoan arizanak ginen. Biharamuneko hitzarturik ginen eskualdeko gazte lagun andana bat Irabia-rat bestaz johaiteko.

        Ibiakoitz-arratsa izaitearekin bazagon jendea berant gure etxean kantu irrintzinaka, berdin dantzan, adinetakoak musean. Arrebak eta nik erabaki ginduen Irabia-rat ez ginela juanen. Bainan auzoko bi gazte etxean baitziren, haiek beroarazi gintuzten, eta horra hor nexkek jatekoak karraskan prestatzen dituztela mendirat juaiteko.

 

                «Gaua labur loa ari

                Harat juan eta hunat jin...»

        Ollarraren kukurukutan lo kuluxka bat egin eta mezarat, oren bat bide mendiari behera. Igande goiz hura... gure herriko errekak lanbro arin batekin ziren, Iharamendin iruzki.

        Mezatik landa zirurika etxerat

        Zazpi lagun beharrak ginen mendigoizale Irabia-rateko. Lau nexka eta hiru mutil. Gure etxetik abiatzean lau ginen, bostgarrena Errekan juntatu beharra ginduen, hau mandoduna. Beste biak nexkak, Darten atzemaitekoak. Irrintzina samin bedera egin gindeien ikustearekin. (Bat orai Kalifornian dago eta bestea serora).

        Hurratsa luzatuz artzain-bideari gora, zer besta! Ataburutik gure Basa-Sagharre ageri zen han beherean ttipi ñimiñoa, uztalandek iduri oihalbiltzaleak galdu mokanesak. Hori zen gure kafira!

        Mendiko zuhaiñek bazuten usain bat moxkortzekoa. Pago lerdenak xutxuta erroitza patarrean ahabi zamarrak har-ondotan. Xendran harri koskola biribilak.

        Alambreta, Mehalepo... artalde xuriek saroak ttinttarratzen zituzten. Behor multzoak pendoitz kaskotan airerat. Belatzak kasallan potxen inguruan, eta arranoak zeruan.

        Uharteperateko bixkai-gunetan behi saldoak ausnaarrian, begiak erdi lo, hego-xuria sortzen den oihaneri amentska. Handik Iratiri soegin eta heldu zen gogorat.

        «Bazterretik bazterrerat oi! munduaren zabala»

        Xendra bihurdikatueri harat gindohatzen bihotza bizkarrean, erdi lasterka! Erruzatetik, beheiti baitoha Irabia-rateko bidea.

        Ez ginduela penarik guk! Zer karkallak! Ez jeus batez ari ginen irriz. Noizbait Lohitei iraganik heltzen gira «Espailoko»-rat Zedarrietarat. Egurgiko erreka irriz eta Abodi lo iruzkirat. Berhala hasten da «Pantanoa» edo aintzia, ur-geldi xoragarri bat, Egurgiko ta Iratiko errekak Irabian moztuz eginikakoa.

        Xendra bazohan ordoki, aintzi bazterrez. Izai-zuhamuak lehen aldikotz ikusten gintuen: enbor xuxen luze-luzeak zerurat helka, pagoak berdin haundi beren enbor lagunekin. Aintzi hegaletan amarrain espantuzkoak iruzkitatzen. Mundu berri bat... Basa-Sagharren ez gure herrian etzen holakorik, ez izairik, ez zedarririk, ez eta ere karabineroen beldurrik! Ixil-ixilik lerroan gindohatzen, eguerdi iragana zen...

        Denak berri zitzauztan: mendian ordokia, ur-geldia, zuhamuak, ur bazterreko liliak ere. Irati, Otxabagiarat biderdi, hemen Irabia! Bihotza pil-pil johaki ginen lur berri batean hurrats berriz. Haur-haurretik entzun izen ospetsuak... hemen ziren!

        Oihanarte batean iruzkirat etxe bat... «L-enia uxu hori. Hor baskalduko gitxu» erran zautan gure mandodun gidariak. Tokiak bazazkien, mandoak ere lekuko ara bazuela nabari zen, egun ere karga puska batekin zen...

        «Baitxu etxe hortan hiru alaba zoin xoragarrioo...»

        Ostatua egiten zuten bainan oihaneko langileak ziren. Sartu ginen. Jende frango ari zen jaten. Gu lehenik erdi galduak eta ixilik... bainan etxekandereak erran zaukun gidaria elhatu-eta «zaurte zaurte, hementxet jar ziizte».

        Aufa! gure goxoa! Lehenik edaten... «klaretea». Gero kantuz. Nexkek begiak argi zituzten, izerdia kopetan. Xerbitxari batek ekarri zaukun ahatekia, bai eta arno aberatsa. Bazen harathunat ostatuan eta jende mintzo asko. Jan, edan, kantu, irri. Loria!

        Kantuz geroago eta gorago ari ginela, xerbitxariaren goi-jauntziari begira nindagon galdurik: urte hartako moda, berri-berria zen atorra marratuak, marra gorri larriak. Bainan hori hiri haundian jende bakar zonbaiti baizik ez nakon oraino ikusi...

        Ene ondotik iragaiten ari zen batez erran nakon

        — «hori modako jauntzia!

        — ez tea hala? gustatzen zauka?

        — O ba, osoki!»

        Eta ohartu nintzan zoin zen ederra... kopeta legun xuria, ile horibel ogi-espal kolorezkoa; begiak! urdin-beltxaranak, Irabiako aintzia bezala eta haren ezpaiñen irria! Hor nindagon murtxeroturik, eta naski ene begietan aztoria zerbait ikusi zukeen...

        «Parisetik ekar-arazia iat... hi to! Parisetik espresuki enetako.

        Oixe gauza pollita!»

        Beraren bekaiñ eztieri begira nindagon, eta betespal luzeen petik eni so zagon. Eznakien zer erran geihiago, eta iduri zitzautan elhea estekan nuela, halere...

        «pollita dun bai atorra, bainan jeusere ez tun atorraren pollita... atorradunari sogin-tal

        — Nola? Zee? ...................................»

        Iruzki bat bazuen begietan eta Irati guzia dirdiraarazten zuen. Udaren kuma lasto kolorea lepogaiñean eta Irau-ko behoka basen hurrats-airea.

        Añisa edaria ekarri zuen gero mahainerat eta hartarik edaten hasi ginen. Halako baskaririk! ari ginen bi bozetan: «Izan niz Barkoxen Kusinaren etxen Ahuñaki jaten...»

        Nexkak ere berotuak ziren,artetik irrintzinak emaiten zituzten, ostatu guzia airatzen ginduen. Ari nintzan bai ni ere besteak bezainbat, burua hutsik eta papoa bero.

        «Biba Irabia!» erran zuen batek

        — bihar besta segi Arrosagaraiko ta Bidarteko mekaniketan!

        — «Bego biharkua biharko karako!» Hori mandodunak.

        Añisak ezpañak erratzen zauzkidala, ohartu nintzan xerbitxaria ene gibeleko aldean zagola guri begira, eta galdegin nakon.

        «Zer duxu izena?»

        Gurtu zen ene parrerat, beharria ene aho aintzinerat...

        «Nola dun izena?

        ————— Paa ti... Aurora» erran zautan beharrirat, eta juan zen zirurika sukalderat.

        Añisa eta añisa. Polliki moxkortzen ari ginen. Zer pasatzen zen ez nakien. Nundik hedatzen ari zitzautan halako zoradura xuxenik ez nakien, hainbat arrabots, elhe, khe eta kantu bazen han! Egun hartako mundua xaramelan zabilan Irabiako zeruan ene buru aztoriatuan...

        Berriz eta berriz etorriko ginela kartsuki esplikaturik amari eta ingurukoeri... Amaren ondoan baitzagon, juan ginen Ixidroenerat. Xendra hartako harriak harri xuriak. «Ttipi ttipitik ait'eta amak...» kantatzen nuen edo ginduen, orai ez dakit.

        Añisatik berriz eta berriz, eta kafeak...

        Aintziaren iragaiteko Patxik bere lantxan hartu gintuen. Bete-beterik lantxa. Guretzat lehen aldia zen ur-gaiñean ibiltzen ginela.

        «Ixil-ixilik dago kaia bazterrean

        »Lantxa xuri pollita uraren gaiñean...» bixtan dena! Patzik lantxa zalapastaka erabiltzen zuen, nexkak garrasiaka, ura lantxa hegiraino!

        Arratsaldea beheiti zohan Egurgiko hegiratu gineneko. Zedarrietaraino juan-ahala juan lerroan xendran eta... ixilik! Karabineroen konpaña ez ginduen nahi. Lohiteiko sorhoan jarri eta nexkek jatekoak atera zituzten: «Añisate horien pusatzeko jan behar duula!» Eta jaten han. Bortu hegiak gorrail ziren, Irati alde urdin, bihotza nun nuen ez jakin.

        Berriz goiti abiatu ginen, iluna gabe Ataburun iragaiteko hurratsa ernerik. Hatsangaturik heldu baiginen Alanbretako hegirat. Handik Basa Sagharreko mendiak doi-doia ageri ziren: ilun nabarra zen. Ataburun gaua. Atheketan beheiti lano. Nexkak ezinduak ziren. Biga mandoan ezarri gintuen. Bi begiak hetsirik bezain ilun zen. Mandoaren zamukari esku batez loturik, beste eskutik beste nexkak lagunduz, harrieri ostikoka ahal bezala heldu ginen Arrauko ta Darteko juntarat. Pagaltzetarrak handik beren alde juan ziren.

 

 

        Biharamunean auzoko etxetik «mekanika»-ren burrunba, aita deika etxean heian ernatu gogo ginenez! Zer buruko min plaxenta iratzartzean! Juan ginen Pedro eta biak bedera sarderekin. Zorionez lastokaririk aski bazutela... Badakizuia zer izaiten ahal den goiz guzian lasto haxeka holako igande biharamun batez?

        «Bazkatzen» ezarri ninduten: ogi-espal barreatzen eta tresnari ahorat emaiten. Nexka bat han ondoan jarririk tresna-gaiñean, ganibetaz espal bilurren mozten ari zen. Ni neureari... ogia pasa eta pasa eskuetan. Goiza bazohan burrunbaz eta dardarikan. Batzutan lasto gehixe eman eta «batuza» hasten zen eztulka, orduan oihu eta ziztuak beheretik... Denak nituen entzuten aments batean bezala. Begien aintzinean nituen Erreta, Darte, Ataburu, Alanbreta, Mehalepo... eta lastoak iduri zuen atzoko behorren kuma. Buruko mina danga-danga... laket (!) zitzautan: atzoko kantu eta irriak bai ta hainbeste itxura nihis-mahas inguruka gogoan! Behiak amentska, belatzak inguruka, izaiak eta aintzi xoragarria... Bainan atx!!! ezkalda bat azazkal petik sartu zitzautan, iratzartzeko. Zur-ezkalda bat; «batuza» zahar madarikatua! Hori erresumina! Izerdi hotza nariola ari nintzan oraino beroan ber. Bainan ikusirik beherean gizon bat eskuak ankan, erran nakon

        «xauri, xauri... soi'xu ze'in dutan!»

 

 

        Etxe hartako ezkaratzean alki batean nindagon eta emazteak ari zitzauztan erhiaren artatzen. «Gaixua, ezkalda zizpita bau'xu barnian! horrek kendu beha'ixi...» Mai Xanek. (Jakin balute añisa moxkorraren berri!). Juandura bat seinditu nuen, iduri heriotzea... eta emazte batek (Margitak) sudurrean usain gozoz busti mokanes bat ezarri zautan (orduko moda zen). Bai, bainan orduantxe, bertan eta tepertan ximixta batek dirdiratu zautan barnea! «Paa ti... Aurora!» Berak holako usaina zuen bere biloez begitartea farrastatu zautalarik atzo...

        Arratsaldean bigarren etxean lastokari. Sekulan zaiñetan eznuen holako indarrik ukan. Lasto-me-ta, gaiñerat, debruetan urrun zen «mekanika»-tik. Borroka gero lagun batekin. Indarrak ezin atxik! nik garhaitu. «Ixtudiante horiek ez beituzte indarrak guk bezalako lanetan higatzen...»

        Mahainean Irabia-ko arno beretik zen, menditik mandoz ekarria: «Nafarra». Edan ginduen brauki denek, eta Elizondoarrak eta nik bereziki. Añisa edaria hasi zen gero inguruka eskuetan, ez nuen xortik edan... Goizeko burukominak garbalduak izanikan ere. Barnean zerbait gatzatzen ari zitzautalako beldur bat sortzen ari zitzautan.

        Etxerakoan, Xixkaineko errekako peldoen usainak mila gogoeta sortarazten zaizkon «ixtudianteari». Gure jende horrekilan egun guzian moxkortu nintzan lanez, irrintzinaz, kantuz, borrokaz eta arnoz. Beraren izerdi usaina eta zintzurreko nota ederrak hain nituen maite.

        Mizpiretako xendrari gora heldu ginen Pedro eta biak. Azkonaren hibiratu-eta, etxeko ukuluko argia ageri zen. Aita lo zagokeen orai. Eta ere hiru haurride ttipienak. Ameriketarat johanen zitazkeen horiek ere... denak bazohatzen gure Herritik. Etxaintzineko argi ahula oraino bizi zen... Leiha-Maldako errekak itzulikarazten zuen turbinak eman argia. Noiz artino?

        Gakoa galdua ginduen.

        «Etxe hau, Herri hau, badohatzek gainbehera, Xixkaineko ura bezala» egin nuen neure baitan. Argizaria agertua zen Otxabagi aldetik.

 

 

GOIZTIRIA GORRI-URDIN

 

Goiztiria gorri-urdin, airea mantelin,

Kantu hori nundik dator alaigin?

Arhantzaren kaxkoan iratze-xoriak arin-arin,

Bere erneari dereizko mila atsegin

 

Deri-deri bazterrak

Eta Hego-Xuri alden Xuberako potza susperrak,

Papoan mingarrak hain dira uzterrak!

 

Iruzkia errege, hor,

marheria horail dauka mendiak

hesoldokiz oxkarraturik hegiak.

Zezenaren sabel-sahetsetan ile matokatuz orheek tustak,

eta buruan kopetako hatzak,

arhantza putxukez litsak

begiak estalirik eta mizpirak beltzak,

Adar moxkota goiatz ñabarrak

Zeruari ipiztakatuz aharrak,

Sorbaldak zabal eta gogor

Tiratzen ditu indar gaitzak.

 

Ola hori ere hutsa

Gauak zeraitan ereman berekin amentsa

Eta ene ezpata gelditu zait pututsa.

 

Mendiak itsas-alderat nabaka

Uhain-tartetan herri xuriak lo daude-ta.

Garaziko olaldeak han...

Iruzki da bortuko triku-harritan.

 

Nork zerasatan mendi hunek bizkar marherari

lekan zeriola izerdi,

ikusi nuela barda Abel-Gorri?

Alta, gora dabil inguruka Andere-Xuri,

ta Iratiko zeruan oraitan iragan suzko Igitari...

Behairi? zezenaren ipiztari?

 

Ripodaseko plazan igande-goiz huntan

zotal piruak zut lauzartetan.

Nehor ez ahal da ibili dantzan azkeneko bestetan

xaho horien erhausten aztalpetan!

 

Doktor Navarrus-en garaietan

zizelkatu etxatari ta eskudoak goholdi xuriz jauntzirikan,

athe-leihoak zuhildurikan....

 

Ohol artetarikan ziragaiten ditu San Bartolomeko haize galduak

Bera dabil huxtuz zerrapo xilotan San Bartolomeko haize galdua.

Galduak ere galduak zerrapo erdoilduen gako galduak.

Lo ezkila

lo dorrea

lo elizathea

lo orhoitharria

berrogoi mutilen izenak harri gorrian lo.

Bat bada «Done-Zaharre Juan» ...

ta iñarrak tintaka dabiltz elizadorrean.

Nun?

Nork loditurik?

Umaldu othe ziren mutil horien nexkak?

Erloiak orratzak galduak

Zeruak dauzka arpegi ta esku itsuak.

 

Polizia kokoak medallak iruzkirat girgilatuz

eta mitralletak eskupilatuz...

Nor othe gabiltzan hemen hildakoen izenen

irakurle hauk?

 

 

 

Indioen azken mendian arranoak zabiltzan

inguruka Irunbarriko zeruan.

Iruzki da bortuko triku-harritan

 

Ola hori ere hutsa

Gauak berekin zeraitan iruan amentsa

ta ezpata gelditu zait lanputsa

Hego-Xuri alden Xuberako potza susperrak,

papoan mingarrak hain dira uzterrak!

 

Hire beso legunez nindunalarik inguratu

erhi luzeetan artizarra erhaztunetako,

behako diamantina

urre-erhauntsi iletan,

Hire umalgi eztia nire ortkobi bero,

estela hori lekuko!

hitza daunat ernan bethiko

elgartu girela sekulako.

 

        Ametz aldaxkan hegaztin

        Ahabian ihintz urdin

        Haizearen zurdetan banabil dantzari.

 

Oh! bada... Jende onak! othe dakizue

bilakatu naizela lanho-lanbar arin?

Euriten naizela txirimuritan

emeki emeki

oihan, alor ta plazetan,

zuen bilo ta mateletan behera?

 

        Buruilleko hego xuriak abiatu ziren far-far. Herriko bestak. Bihurriko oihana arrosa-kolorez zen eta bidean herrautsa haizeak tirurika zerabilan. Plazatra gazteria fandagotan. Izkinetan soiñu-mutil batzu bekairea murritz: apezak gauazko dantzaldia debeki zuela predikutik... aharra gorrian hortarik arizanak ziren elgarren artean. Hori zen bada Elizak gure Herriko kinkaz ikusten zuen beltxidarik lehenena.

        Gogoa desertuan nuen eta bihotza Iratin.

        Anaia zaharragoak eta bere lagunek egun bat hautatu zuten Irabia-rat johaiteko «Jinen hiz gurekin?» Bainan, iragangaitza! «Ixtudianteak» eskola haundirat johaiteko galdea eginik zaukan... eta Tolosatik etorri zen manua «jin behar zira berhala paperren betetzerat».

        Treñean nuen barneko petsa! Lanemesan, Montrejau... leku galduak! Etxeak, jendeak, elheak, etziren mundu huntakoak. Eskola hartan bazen «Irakasle espirituala» deitzen zena: «gorarik eroriko zira zu hemen, desplazer samina behar duzu. Bainan, nahi baduzu, bilatzen duzun gakoa harrapa dezakezu...»

        Etxerat hiru egunendako berriz jin nintzalarik pusken bila, Batitak erran zautan «goraintziak estudianteari... erran diak hiretako Aurora-k»

        «Lauka»! minaren sendatzeko.

 

 

ILARGIAREN EDERRA!

 

Ilargiaren ederra!

Gauak ekarri daut berriketari arnentskorra

Haranetik laminen dei uzkurra ...

 

Izarrak ikaran daude han

Heremuak noradino zauzkitan zabaldu ariman!

 

Ollarrak kantatu zuen gauherdiren ardatza

Izarkia urratu eta erre nuen gatza

Xede bat gaitza

Loreak gintuela landatuko baratztuz malkar ta erroitza

Gure aitzaki sorginen aspaldiko othoitza!

 

        Zilhar zurubi bat bazela

        Zurruma-Haundin ezpela

        Gordagitzat du omen erran delako «Harbela».

 

Jeikirik nindohala sorhoen

Musu-menean zure matel eta ezpain

Zeta zaiaren itzal uhargia

Zure gerriaren higidura uhainkaria

Ta munho legunen julufri gorria!

Loretu zinen haltzen ibar durduragarrian

Forma iheskor, elhe itzalkor, peldoaren usain aztori garbian

Ni jinago eta zu haratago.

Gorde zinen oreinen jauregian izai eta pago.

 

        Berriketari

        Harbeletik hor atheri;

        «Hernen duxu tokia

        «Altxatu-ta zurubia

        »Hemen duxu tokia

        »Hunki daikena ilargia.»

 

Bethidanikan

Naski banikan

Zerbait holako entzunikan.

Zatiak tu omen zurubiak laspoost

Eta Harbel inguruan ezpelek brost.

 

Errekak elhe sakratuz idazten ilargiaren dantza

Argi notak ari ziradian ritmoan jauzteka

Musik-andatzat mirailkalari zutela haltza.

Osinean ibilki lauetan erdizka

Apetzo ta ebaska

Orein-akerrrak begiratzen zuen bere adarren gelditza.

Goian Zilharbegiaren irriak datza

Haratago igorriz izar porrosken hatza.

 

Zurubiaren pala metalikoak

Altxatu zituen lipusare fosforikoak

«Igaan beha'uxu goiti

»Nik duketano beheretik atxiki

»Azken palaratu-ta geldi

»Emain dauxut beste zati.»

 

        Xendrarat ahurka ura ixuririk doia

        Argizko rnakila finetan gora

        Haizean ibildaria ilargirat doa

 

«Alde huntaik dixi eskutokia

»Inguru laurden bat aski dakoxu itia

»Lili-landarat igorriko'ixi argia

»Ta gure alorra eztukexu sekulan izoztia!»

 

        «— Beste zatia?

        »— PENA LUKEXU HUNTAN UZTIA!»

 

Zatiak eratxik eta goiti

Zurubia amuka zabilkitan zeruan erneki

Othoitzlari-xirlixkaren besoak aireari datxizki

Azken palan xutik argizaria kasik hunki

Bainan leiran harathunatka nindabilan

Parrean, ezparrean

Han eta hemen, kinkirinan, ezbaian

Eskutoki bilan...

 

Eta Krak!!!

 

Mundu guzian dabilan argitik

Zirrista distiranta ezarri nuen gure alor gaiñetik

 

Eta!

 

Zeruan izar bezainbat arrosa gorri mendian

Miliar lore xuri leihorrian

Izarraren izarra iragan da goiztirian

ZURE USAINA DABIL HERRIALDE GUZIAN.

 

 

        Leku urrun hartako zeru trixtea! Ikas eta ikas laborantxan. Larrazken gorraila bazohan lasterka negurat, eta enetzat telefona! Batita! Oi! egun dohakabeak: Algeriako gerla madarikaturat deiturik Tolosatik iragaiten zen Larzac-eko kanpo militarrerat. Irabia ere aipatu ginduen.

        Hola zohan gure mundua. Garona ibaia Tolosako zubi ederren petik ihes, zuhamu enborrak berekilan zeramatzala. Negutu zuen eta kantari talde baterat bildu nintzan hirian. Bazen nexka saldo bat. Baziren nafartar aintzakoak ere... bainan baño ere etzen nik gogoan naukenaren parreratzen.

        Latzgarriko karroiñak egin zituen negu hartan eta etxetik jin zen berria: Batita Algerian azkarki kolpaturik hiltzeko ezbaian zagola Metzeko eritegi militarrean... Guk galdu gakoa besteek zerabilaten gure giltzaizeko.

        Ilabeteak kondatuz emeki zohatzen. Noizbait basa-garagarra burutu zen gure gelako athe-ondoan, eta basoilarrak umeak egin zituen leiho aintzineko haritz zaharraren enbor xiloan. Argi-hastean, lagunarekin behi-deizterakoan, errexiñulak lila brostetarik kantuz artzen ziren. Etxetik berriak arrebak idazten zaizkidan.

        Uda hurrats haundiz heldu zen eta hegoa ogi alorretan igerika zabilan uhain horailetan... Nexkatxek zaia eta espartin xuriak jauntziak zituzten. Ene gogoan Herriko mendiak... behi kulunkadun ogi-kolorezkoak eta oihan beltz amentslariak.

        Parise alderat manatu ninduten gure irakaslek «stage» edo egonaldi baten egierat udako! Laborari etxalde haundi baterat. «Hiruretan ebaki zaitan harmarik gabe bihotza».

        Parise! dendetan atorra marratuak salgai «rue de Rivoli»... Zoin bi mundu ezin geihiago bestelakoak! Aintzi urdin, izai beltz haundiak, bai eta lepondo legun eztia... ziren egiazko ene egoitzak.

        Igorri ninduten etxalde haundi hartarat, «Clos-Fontaine» erat... ez baiik gabe laborantxaz ene okaztatzeko. Uda guzian ogi, garagar eta olho eskupilan. Neguan uztak hormaturik, Eskandinabeko bihiak arra-erein zituzten, bainan berankor ziren Frantziako aroan. Gainerat bethi euria zen.

        Eurixka zelarik lursagar kentzen alorretik. Emazteak eta haurrak lursagar biltzen: iduri zuten abereak, elhe bat etzuten emaiten, harri eta lur-tarrukak zakuetarat sartzen zituzten.

        Erdi-iruzki, aro horibela zelarik espal itzultzen, idorarazteko. Gure aldean, bi neska haundi beren etxeko alorrean lan berean, bethi ixilik.

        Belarotzen bazuen arrunt, batzu espalkariaz ogi epaiten, besteak igitari haundiaz alorrez-alor igitan. Ni zakuzaiñ. Karduberaki eta ahago puskaz bazen bihi bezainbat zakuetan. Erhi-kozkorrak babaturik nauzkan, bai ta belaunak uheldurik lan hortan.

        Euria zelarik, arto-joiten «batuza» zahar batez. Biga ginen orotako! etzen ez han nexkatxa pollitik tresna gaiñean Basa-Sagharreko mekaniketan bezala. Arratsean zakuak guhaurek aztatu eta bizkarreratu behar ginituen, altxatu bordako hormari kontra bermatuz...

        Etzuten ez hangoek zonbat metalasto hunek edo hainbat zaku halako etxean eta holakorik solasetan. Ahoa idekitzen zuten bakarretan: hunenbeste miliun egin behar lursagarraz, beste hoinbeste olhoaz eta halako... gastuen pagatzeko!

        Herri hak iduri zuen Garazi guzia baino haundiago zela bera. Eta hogoitasei famili ziren orotarat. Denak trixte eta ixilik bizi ziren. Han baino geihiago bizitzen ginen-eta gure Basa-Sagharren!

        Ibiakoitz arratsetan dantzaldiak baziren han edo hemen: uzta-landa baten erdian eraikitzen zuten hortarako tokia, zirka bat bezala ibilki ziren «besta-lantegi» batzuk. Lagunek horietarat eremaiten ninduten. Bazuten edaritzat xanpaña edo zerbait holako. Zer ozpina! añisa goxoa edo «Nafarro» beroa gogoratu-eta.

        Igitetako dantzatoki horiek zola ohol ezkoztatuzkoak zituzten, aterbea oihalez. Bi edantoki: bat nausi edo nausien iduriko nahiak zirenentzat, bestea pagantentzat. Lehen aldian ene egoilari lagunak —nausi gai zen— edantoki karioenerat ereman niduen jartzerat. Ez nintzan berhala ohartu jokoari. Holakorik etzen nik ezagutzen nuen gure Herrian. Nexka «plantakoak» gune hortan zirela kausitzen adiarazten zautaten. Gero ni juaiten nintzan paganten tokirat eta besteek uste zuten enuxenta nintzela edo mintzaira ez nuela ulertzen. Alta haiek ere aste guzian paganteekilan lanean ariak ziren eta pagantekin bizi bethi. Dantzatokian bi jende arraza...

        Ororen gatik, delako gure auzoko bi nexka haundi haiek dantzan ar-arazi behar omen nituen, jendetasunaz! Lehen aldiz zuketen paganten artean gaindiko lagun batekilan dantzan aritzea. Eta ez zuten batere hastio. Flamendarrak ziren, luze lerdenak, errain ginarreak eta hanka legunak, bular ixil zuhurrak, matel koxko ageriak eta begi xorrotxak. Sorbalda, lepo eta beso luzeak zur lantu zohituaren kolore. Bilo gaztaiña laburrak. Deus girgileriarik gabe bethi. Esku mehe dena zaiñak.

        Dantzan besoetan leiran zabiltzkitan maiatzeko jats-loreak hegoan bezala. Musikaren hurratsak pikatzean berdintzen ziren aments bat bere usainarekilan bezala, arpegi sorbaldak parrez par, bi gorputzekilako dantzari bakar bat ginela iduritzen baitzitzautan. Bainan elhe guti zuten.

        Bizpahirugarren larunbatean bi ahizpetarik bat zaintsu zela ohartu nintzan eta ohi baino ere ixilago. Nik alkitik higitzeko jestuan bertan ene aintzinean zagon xutik ukarai beltzaran eta ahurrak ene arpegi parrean idekirik... Dantzan jokatzean esku ezkerra finkatu zautan sorbaldan lehenik haizea bezain arin, ahurra izerdilekan zuen eskuiñeko eskuan, arpegi nekatuan begiek ihes egiten zutela. Han nintzan nihaur harrapatua, elhea bihiturik, hatsa andan berak bezala, zimiko gogor bat papo xiloan. «Ze astokeria!» iragan nuen gogoan. Eskua soiñhegian egiten zautan pizuago eta lotkorrago atorra bustian, bere soiñburuak euri arinez bezala izerdiz dirdiran argirat. Emagin alforea geroago eta sarkorrago, azkarrago eta beroago... gorputz eta belaun ixterrak ausartatzen zituela hurranago, matela hurbilduz beharri ondorat. Neure eskuen ikara gorde nahi... Kanpotik heldu zen lasto usaina, eta gau-pinpirinak argien inguruan tiruriteka oihalak zartaka joz, pareka lurrerat eta mahain gainerat erortzen ziren.

        Bainan noizbait iragana nuen neure gogoarekin mineralkizko gorputza behar nuela... Sorlekuko potxa ñabarrak pitzarazten nituen neure baitan, Irabiako aintzi berdea eta begi irritsu haiek. «Gako»ak barnean uraniumaren iñar erre zirrista hotza egin zautan, eta fanatikoen larre-suaz arimako heremuak zipildu nahiz ari nintzan.

        «Egarria niz eta lagunetarat gohazen» erran nakon beharrirat.

        Ez eni anorik! bada, heietan nindagon. Flamendarrak begiak beheiti zauzkan mahainean. Ai Magda! Hire amodio ibaiak Gizon bat aurki baleza! Zer lana egiter duguna!

        «Juan beharra naiz laster hemendik urrun, badakizu nungoa naizen...»

        Buruaz bai bezalako bat egin zuen. Musikak nota dolamenak zituen. Noizbait arpegi xorrotxa altxatu zuen, begiak gorri, erdiz erdi so, erran zautan «nun-nahi bizitzen da jendea nahi duelarik...» Neure aldian burua apaldu nuen bai bezalako zerbait eginez. «Aingeru guziak ez gituk saindu...» egin nuen neure baitan.

        Horrela ezin zen iraun, norapait hemendik zerbait ideki behar nuen. Astokeri bat holakoa delarik eginik nola ezabakatzen othe da sarraskia?

        Nunbaitik nolazbait etxe alde hartu ginduen, gogoak ezeztatua daut orhoitzapena, adioa... naski etzakien hori zela.

        Zonbait egun juan ziren gogoa eri, amentsak nahastekaturik, biziarekin samur bezala. Ondoko ibiakoitzean neure gelan egon nintzan. Zerua izarratua zen eta haize firrista batek leiho-aintzineko iragaztaiñatzean larrazken elhots bat egin zuen. «Urtzo ttorttoilak baduzkek olaberriko haritzteian...»

        Orkatxa nigarrez, odoletan pago-durto putxukan malko zilharra juan da birika supegian behera erori sorhotxa pirutan ihizlaria arranoeri begiran ahantzirik zertan zabilan tiratu nakon jostetaka altxalilien dantza tartetan... Nik tiratu nakona? — Hik tiratu dakok — Nik tiratu? Hik tiratu hakon — Nik tiratu nakola? — Hik tiratu hakola, hik tiratu — Ba hik ba, hik tiratu dakok! hik, hik, hik, hik, tiratu dakok, hik!

        Begi horiek nolako soa itsasoaren harainditikan... Orkatxa ezin hilez ari eta xakurrak kañiskaz brostetan. Ezarri ninduten andetan iruaiteko behar zen bidetan, hireak egin dik engoitikan, ezin naiz iratzar nehondikan Orkatx hori oñazetan, zendako tiratu hakon lanhopetan? Egunargi diagok oraikotan, nolaz nago bilhurretan? «Zu bai! Zira obenetan, ordainduko duzu dakigun saritan!»

        Orkatx ahuña heiagoraka azken hatsetan nigarrintzi luzeetan... Pettenttarik gabe beharri jijiletan ez eta erhaztunik erhi luze ederretan. Zaiñik ez du hoin ixter legunetan ez eta indarrik ahurretan, izar gorri bi munhoño gorrail biribiletan.

        Orkatx krixka xu?... Hau hiltzen ari da. Zer agizari beltza!

        Gaueka ari zen iragaztañatzetikan kantuz hurubiaka. Ofean jarririk hantsangetan, izerdi-leka hotza naukan besangetan — «Madalena bizi dukan, biloak zitikan bakarrik mozturikan...!» Emeki emeki orhoitzen ari nintzan «Ehun deurru! Zer dute Herri huntan? Urrakari bezozte ken hegalak eskuratzekotan!».

        Polliki polliki Eskual Herriko mendien mantelinak ikusten nituen. Burdikoa besarkatzen nuen, «nik ez tixut mantelinarik urratu!» Auroraren irri anisak aztoriatzen ninduen loaren oihanetarat nindohala aments berrien xendretan barna.

        Goiztirirat gelako leihotik begira. Gaua kuttundua zen, izarrak argaltzen ari ziren, Jandonabakirako bidea galduxea zen. Zelai trixte beltza nabartzen hasia zen. «Oi! izarbide bortua, hasperen hauk helarazkoak Iratirat» Eta izar-marreri musuak igortzen nezkeien.

        Ene Sortzaiñ amandreal Orhoit hiza nola olalde garbiz gabi amentsak artzainkatzen hazkinadian? Izar haren dirdira Irabia aldetik!

        Burullaren zortzitik lehen igandea: gure herriko eta Otxabagiko bestak. Han izanen nintzan. Oraino bi aste eta...

        Iragangaitza! buho bat gure gañlean bazen. Eritu nintzan... Oh, berriz eritu. Neurekilan gorderik nerabilan aspaldiko zauri zakarra iratzarri. Indarrez gaindika nintzan eta uste nuen deubru horrek ene herrestoa galdua zuela engoitik. Lan eta lan sekulan baino gogorrago. Bainan ene zango mainkerra gero eta pizuago. Noizbait doldagarriko oñatzetan gelditu nintzan neure gela trixte hutsean. Baso bat uren emailerik ez. Denak, nausi, pagante ta egoilari, oro ziren diru egiten hartuak. Ama! Harek, bizi zelarik, hain diru gutti ikusirik eta hainbat behar izanik, ez ninduen ez hola bakarrik utziko izanikan ere zazpi haur hazteko.

        Ene Herria, emazteek haukate xutik.

        Hemengo jende hauen zoldra! Zoldra ez, grozna!

        Noizbait Parise aldeko eritegi baterat ereman ninduten. Zangoa igiltsuan han... ez jakin noiz artino. Etxerat jiteko tenorean, herriko bestakari, ni Fontaineblau-n ohe batean etzanik.

        «Hogoi eta bat urtetan eri niz ohe batetan.

        »Ene lagünak, ene lagünak, ene lagünak plazetan

        »Eta ni xangrin haunditan».

        Zipilaturik egunen kondatzen.

        «Buruilaren ondarra Jondoni Mikele

        »Maitiaren ikusterat izan niz ni ere...»

        Sei-Mikelau feirak Garazin. Mendiko gazteria guzia han izanen zitakeen. Orbaizetarrak ere etortzen ohi ziren, Manuelina, Anabela , Juanita, Aurora..

        Antibiotikez errerik nindaukaten. Larrazkena aintzina bazohan. Etxerat gezurrak idatzi behar: ez nuela jeus-ere, zango mainker hura nuela puxka bat akitua bakarrik. Nolanahiz luze gabe etxerat berriz etorriko nintzala. Untsa artatzen nindutela...

        Arreba ttipienak idatzi zautan: «xoxuak mahastian, mahats jaten hasiak tuk hantxet-heentxeka. Jin beha'uk xederen ezartzerat, bestenez mahats guziak jain tie eta ez tiau ukain ano goxo garratx hartaik».

        Medikuak iragaiten ziren egun oroz beren radio-ak eskuetan. «Noizko sendatuko niz Jaun medikua?

        — Aa, zu zira delako Pirineo-tar hura?» eta radio-eri begira zauden.

        «Hori gaixua, ezin erran noizko. Ez da argi ageri xuxenik zer den hezur hortan. Emeki dohan gaitza dela badakizu... sendatuko zira bai segurki».

        Bazen ere serora xahar kerroildu bat andderederra bezain nekarratza «oixee! zenbat haur ikusi diztudan gaitz hortarik hiltzen! Zenbat eta zenbat!!»

        Egunak laburtzen ari ziren. Urria bazohan... Orai Basa-Sagharreko artadiak xuhailtzen ari zitazkeen. Ilar biltzen arrebak landan, eta sabaiko leiho aintzinean kuia-buruak horailtzen hegorat. Urtzoak Oriuneko eta Minaxaroko oihanetan.

        Ohe adarrari eskuz loturik hortzak tinkatzen nituen. Gogoa hainbat iratze usainez betetzen zitzaitan, uste bainuen batzutan nexka erizaiñak euskaraz elhaka ari zirela...

        «Dailu hunek altzeatu behar du» zion lehen gure arotzak. Azaroko Jondoni Martiak. Leihotik lertsunak lerro-lerroka zeruetan harat hegalka johaki hirukitan ikusten nituen, iragaiten... Iratirat buruz.

        «——————————————-

        »Jinko Jaun hunak egin banindu oi ni ere hegaztina.

        »Hegalda nainke Euskal-Herrirat berriz jitian urtzuak

        »Larrazken batez haize-heguak gorritzian iratziak

        »Badut maite pollit bat nik

        »Oi! Garazin bizi denik

        »Ez da begi beltxagorik

        »Ez da so goxoagorik

        »Biak dantzan girelarik

        »Plazetan ari ernerik».

        Gauak luz izotz goizalderat, negua herra-herra sartzen ari. Irabiako hedagian oihalak izoztuak atzemanen zituen orai Aurorak argi-zirrintean bere xango xuriez zabilela. Hango oreiñen hatsa lanho xuri egiten zitakeen argizari hotzaren dirdiretan izai ederren zangar-elizetan.

        Nola lo eginen zuen laminen bokata xuritan! Orbaizetako sorho uspeletan pentze-igelak ari ziradiala aurtengo azken tturruttetan. Arpegi arrosa lastozko ile bihurdiz nahasirik, betespal luzeak etzanik, ezpaiñ gorriak amentsek noiztenka dardaraturik...

        Ene lagunak aspaldi eskolaratuak ziren... Neure baitan egiten nuen: «orai denak hutsin behar tuk, etxe, Aurora, estudioak». Orenak eta gauak bazohatzen leihoari begira...

        Emazte erizaiñ bat hasi zitzautan zangoan eskiantxen egiten. Ez niron untsa ugurt aztalbeharri kroka.

        «Aztalbeharri kroka hori berriz untsa ugurtu artino behar dugu ari.

        — Bainan, zenbat denbora?

        — Bi aste, hogoi egun...

        — Ezin dut nehola ere!

        — Zer? Ezin duzula? Zendako?

        — Elurra... elurtuko du Iratin.

        — Zer? Zer behar duzu elurretik

        — Eez! Eskolarat juan behar dut, eskolarat. Lagunak sartuak dira.

        — Bainan ez balinbaduzu behar den denbora emaiten eskiantxetan kroka hori gogor geldituko zauzu.

        — Bego gogor harren! Zango gogorra izanen dut hola bide gogorretan ibiltzeko.

        — Zer?...»

        Nekati bidean sartzeak zer hunki garratza!

        Alta, ene gogoa! hastio diaguk atsegin murritza.

        «Zuhaur zaikitezu zeure gau-ganda...»

        Igiten hegoa urrez ile horibelan...

        Beleen aroa zirtzil zelai busti apaletan.

        Geroztik mila urte ingumetan, ussain epheletan

        Xoxo hilen lumak dira eraunzten euri-xederetan

        Eta hezurrak buluzten zaizkote arbasta buluzgorrietan

        Amarrainak maltso ertzaroan hosto erorien metagietan

        Eskuratzen nintueneko uzten zauztaten, erhietan

        Beren azalak apho-larru usteldutan

        Eltzorrek-jo amentsek naukate estekan beren saretan

        Suge-ziroiñak kurubilkaturik jazko xorien orrkobietan

        Mustupil goyatiak hortz lupertuen zilotarik pharre agorretan

        Ihauteriko goitibotakinez naukazute ukuluturikan

        Oi! hegaztin haundi baten itzala iragaiten eni betartetan...

        Oski garbirik etzinduela (erran zinduen) gertatzeko ene elizkizunetan...

        Bainan, ez naiz ez hain errex sukutzeko zuen ataketan!

        Etzindakiena ala! hazi nindutela otsoen elgetan?

        Umetu ninduen amagia nuen elhorritzearen litan

        Itxaroaren itxaroetan...

        Noizbait, igand'aratsalde batez, etorri ziren delako ene udako egonaldi hartako etxekoak. Pagatu zautaten han eginik nituen lanak. Diru guziak eritegian utzi behar «franchise» delakoaren alderat. Hainbat penatuz irabaziak...

        Negua jeutsia zen behera. Treñean ezarri ninduten. Ortzondo goibelak! ezker, eskuin. Zelai heremu hutsak. Treña bazohan garrasiz hego-alderat. Batita bera Metzeko eritegi militarrean.

        Etxeratu eta, mila plazer Aita eta hiru haurride ttipienekilan. Mubleak hunkitzen eta perekatzen nituen segurtatzeko enintzala amentsetan ari...

        Oihanak buluziak ziren. Alorrak hutsik. Bortuak elurrez legundurik gogoetan zauden... lehengo iruzki-hegoeri asmaka.

        Biharamunean Mizpiretako bixkarreraino juan nintzan maingu-mainguka. Azkonaren hibian polliki polliki nindabilan han. Zuhamuen adar artetarik Arrosagaraiko Maixan ikusi nuen besoaz agur egiten.

        «Zizpita ba'uxu barnian, horrek kendu beha'-ixi» Usain gozodun mokanesa... Irabia biharamun hura!

        Mendiak xuri-urdin orai. Ahezkoako zerua zein apall Bortuen uspel-aldeko goiztiri beltxarhanak neguan...

        Oi! malenkonia.

        Aitak arratsean:

        «Noizko sendatuko zauxu zango mainker hori?

        — Medikien arabera ilaaite pare'aten buuko.

        — Alde'at sendo?

        — Ba, alde'at sendo. Lehen bezala.

        — Uai aurtengo eskola andeatia'uxu duaikabe?

        — Ez ez araiz! etxit ez urtia galduko bi ilaaite huts'inikee. Baa, doblezka ari beharko'ixit ba giilatien ikasten».

        Aita gogoetan zagon supazterrerat so. Gaztaiña kuskuak emeki erratzen ari ziren usain ona emanez sukaldean. Aitak matxarroaz su-barnerat bultzatzen zituen...

        «Batita jinen delaik, etxeko lanetako beharko'-ixi egon. Eta ardiekin bortian —Ataburun— noait beharko'ixiu. Artzain bat...»

        Gauza guzia aditu nuen berhala. Dena. Elur guziak hurtzen ikusi nituen bertan. Ataburuko etxola, oi arranoen zerua! Irabia han dago ondoan.

        Bilo horibelen farrasta usaina! Aurpegi lahargi haren distira! Begi, oi! begi-agorrilak... Iratiko pagodoi ordokien heremutasun baztergabea! Ezpaiñ espaiñ-nafarrak! Abodi! Abodi! San Bartolomeren ermita...

        Ukulurat athera nintzan, gaua hobil zen eta gogoan dantzan ari zitzautan Amak loakarrarazteko egiten zaukun kantu bat

        «San Bartolome'in ermita bortu huntan omen da

        »San Bartolome'in ermita bortu huntan omen da

        »Sarri janen balinbanuk ere entzun behar diat meza

        »Rai, lerai, lai, rai lerai lerai rai, entzun behar diat meza

        »Astoa elizan sartu aztalaz borta zerratu

        »Astoa elizan sartu aztalaz borta zerratu

        »Otso gaizoa aldiz kanpoan bera gelditu

        »Rai, lerai lai, rai lerai lerai lai, kanpoan bera gelditu.

        Neure gelaratu eta, mahain gairlean liburuak... Ikara bat hasi zitzautan kokotzean. Ezpaiñak gogor nituen arno edan eta bezala. Xirlixken dardarikak beharrietan.

        Gaua ene Sortzaiñarekilan kasallan...

        »Urte hau galtzen balinba'uk gakoa hutsinen duk.

        — Ez... beste urtia izain dun

        — Eez... eztuk beste urteik izain gakoketako.

        — Etxia gaizki diaan jendeik ez tun aski lanendako

        — Aurora nahi'uk.

        — Ba, Aurora nahi'nat

        — Hiaur hiz nahi

        — Zee? ba... menturaz. Berdin

        — Hiaur ala gakoa? etzakala hiaun buria nahas.

        — Beste urte'ik izain dea Aurora-aindako?

        — Hori...

        — Zendako nik gakoa? Herri hau, jende hau dena ozpinez dun. Judaskeria dariola, gutienik ustean kixkilkeria batez lurrerat aurtikiko din gokoketaria...

        — Ba, hala'uk. Hik ikus: ozpina edo Aurora.

        — Zendako nik beha'ut esklabo? Zendako behar niz biziaz gabetu ni?

        — Hori, hik ikus. Bana ehizala nahas, hiaur hiaurek nahas!

        — Eta Aurora?

        — Hik uste dukana balinbada Aurora hori, hire beha egoin duk

        —...? Zendako hak behar luke egon beha? Zendako eluke bestiak bezalakua behar Aurorak?

        — Bestiak ez bezalakua ezpada, hobe'uk ahatzirik!

        — Nola? Zee?

        »Bortu gaiñian artalde xakurrik ere eztie

        »Bortu gaiñian artalde xakurrik ere eztie

        »Hango ahari buztan luze hetarik bahuke ni baino hobe

        »Rai, lerai-lai, rai lerai lerai rai, bahuke ni baino hobe.

        »Zanguan diat arhantze xutik ere ez bainauke

        »Zanguan diat arhantze xutik ere ez bainauke

        »Zendako juanen niz haraxe duketalarik hementxe

        »Rai, lerai-lai, rai lerai lerai rai, duketalarik hementxe».

        Treñea Tolosarat trakatan trakatan...

        Altzeiru galerna marraskaz bazohan haizean, burdin-bidea zarramaskituz, bere xixtu ziristez hezurrak urratzen zauzkidala.

        Pirineo mendiak elurrezko soiñekotan, iduri ere baitzuten gure herriko gazteria doluzko jauntzi xuritan Narzixio-eneko Felixeren ehortzketetan.

        Jin zen bai beste uda bat. Irabiarat juan nintzan. «Aurora Alpes mendietan bizi'uxu, senharra oihanetako langile baitu».

 

 

ENE GAZTE MAITEA

 

        Ene gazte maitea ez egon penetan

        Mundu han dorpexkua balinbada batzuetan

        Ez duzu egin behar nigar oro bertan

        Parte ixuri izan da gure denboretan

 

Goiztiria arrosa-kolor ere gure primaderan

Goiztiria amodiokor errexiñulen kantuetan

Hego xuri ta ogi-alor heremu haietan

Maitetasuna guri jarraikor erreinu haunditan

 

Gure Herria zein ahula dntza arrabotsen goitik

Nahi luke izan ergela hogoitabost aldiz engoitik

Bainan dugu indar argala moxkorren ondotik

Kanpokoen menpean girela ezin ken gogotik

 

Etxekoek galdu gakoa arrotzak dauka berekin

Ilunpean gure malkoa zendako heldu den ez jakin

Pobrearen nigarra doha aments galduekin

Zeru beltz zohardi gabekoa othe da Euskadin

 

Gorputz zaurikor bat bezala edergina gizartean

Jauntzi behar burdin-oskola irautekotz bere jendean

Erle hau eztenka dohala herioan berean ..

Zuhurtzi latzgarria horrela zarri dut soiñean

 

Desiren bete bazaukela, poetaz dio Herriak

Helkariaren sari dela, gal atseginaren eztiak

Ez ditut ez nai zuen gela-pozoiñ deliziak

Errebukairi nagozuela, naueno biziak!

 

        Oi! Gazte nai baduzu izarrak pitz diten

        Zer duzun maite aizu! bazabiltza jakiten

        Mendi-bide har-azu, ez naiz urrikitzen

        Izar-galduen musu noizbait da aurkitzen

 

 

Aurora
Eņaut Etxamendi

Maiatz, Uhargi 3, 1985eko urria