Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975

 

 

VI. BERRIZ KONTRAMAISUAREKIN

 

        Kontramaisuaren gelarantz noala Denis-i emandako aitzakiak uste nuen baino funts handiagorik duela ikusten dut, zeren bi pundu nagusi bederen baitaude argitu beharrak: bata, Maiderrekin ezkutuan egiten zituen solasak, eta bigarren Igor-i erosi zion eraztun harena. «Maider-ekin bukatu zuela esan zian eta hara non jakin dudan ezkutuan ikusten zutela elkar, bigarren ofizialea bera hil aurretik, eta behar bada orain ere bai». Burutazio maltzur bat etorri zait. «Zergatik ez ditut zelatzen eta... plaust! elkarrekin daudenean agertu? Nolako aurpegiak ipiniko lituzketen gezurti madarikatuok!» Gezurti madarikatuok! Kontramaisuak esan zidan gezurrak, erakusten zuen makurkeriak, bereganako amorrazioa gehitu zidan. Eta Maider? Honek ere gezurra esan zidan, eta gezurra eta guzti, edo beharbada horregatik, desiragarriagoa egiten zitzaidan. «Maltzurra dela frogatu didan andre batekin, zergatik erabili zurikeriarik?». Eta haren ganbarotean sartu, eta haren alkandora urratu, eta bere gorputz biluziaren kontra nirea sakatzeko desira zoroa sortu zait. Baina ametsak gauza bat dira eta errealitatea beste bat. Zeren, zerk atzeratzen nau? Ez ote da Maider han ikusten dudana, zubian, bikini beltz soil batez estalia, eguzkia hartzen? Hau ez da ametsa, errealitatea baizik, baina nire urratsak ez dira nire burua harantz eramatera ausartzen. Nire oinak loturik bezala daude, nire barne burruken amaiaren zain... Bat batean, nire begiek norbait ikusi dute eta gorputz osoan zartada bizi bat sentitu dut. «Denis!» Eta aurpegiak gorri kolorea hartzen duela nabaritzen dut. Tximistaren abiadan baztertu egin ditut begiak Maiderrengandik eta urrats arinez kontramaisuaren ganbaroterantz abiatu naiz. Eta harako bidea egiten dudan bitartean, Denis dut gogoan. «Ikusi ote nau?... Nolako lotsa!... Bueno, baina zergatik hainbeste kezka? Doala pikutara!». Baina ez. «Zerbait arraroa da gizon hura... Eta polizia bat balitz?» Izerdi hotz bat sentitzen dut galtzarpeetan.

        Kontramaisuaren ganbarote aurrean nago eta nire barne egoera ez dela galdeketa zuzen bat egiteko egokiena aitortu behar dut, baina han nago, eta behar bada atzean ditut Denis-en begi zorrotzak. Beraz, eskuin eskua altxatu eta atea jo behar dut.

        — Zabalik dago.

        Sartu naiz eta kontramaisua ohe gainean etzanda ikusten dut. Sartu naizenean, berehala zutitzen da. Bere burua zuritu egin nahi du.

        — Barka, baina bero hau aspergarria da.

        — Bai. horrela da —erantzuten diot, zer esaten dudan ohartzeke.

        Kontramaisuak ez daki nondik jarrai, eta nik ere ez.

        Benetan egoera barregarria!.

        — Zerbait hartu nahi al duzu?

        Nire buruaren jabe izateko denbora behar dut.

        — Bai.

        Eta honela, edaria prestatzen ari den bitartean, haria bilatu eta atontzen ahalegintzen naiz. Whiskya eman didanerako, nire egoera besterik da.

        — Jakin izan dut zuk lehengoan eman zenizkidan bi baieztapenen artean, bat gutxienez gezurra zela.

        Biziki erantzuten dit.

        — Nik ez dut hil bigarren ofizialea.

        — Eman dezagun oraingoz hori horrela dela. Eta bestea?

        — Zein bestea?

        — Zein bestea? Maiderrena. Zuk eman zenidan aditzera hura bukatua zegoela.

        — Eta egon ere ba dago.

        — Ez.

        Nire ezetzaren zihurtasunak urduritu egiten du, «honek zerbait ba daki» pentsatuko balu bezala.

        — Nola froga dezakezu hori?

        — Bigarren ofizialea hil aurretik zuk eta Maiderrek elkar ikusten zenuten eta horren lekuko lai ditut. Hobe duzu egia aitortzea.

        Whiskya osorik edan du.

        — Maiderrena egia da: elkar ikusten genuen. Maider ez zen zoriontsu bere senarrarekin eta abandonatzeko erabakia hartu zuen. Baina batak ez du bestearekin zer ikusirik. Jainkoagatik eta nire ohoreagatik zin egiten dizut bigarren ofizialearen hilketan ez dudala zerikusirik.

        Baina niretzat hori ez da nahikoa. «Gezur bat esan duenak, gezurretan ari denak, nork daki noraino esaten duen gezurra?». Gehiago sakondu behar dut.

        — Maiderrek senarra utzi behar zuela esan duzu. Eta gero, zer?

        — Hori bere problema da.

        — Barka, baina ez soilik berea. Zein parte duzu zuk horretan?

        — Nik?

        — Bai, zuk. Elkar ikusten zenuten, zurekin hitz egiten zuen. Beraz, zuk hor zer ikusirik ba duzu.

        Kontramaisua artega mugitzen da. Duen urduritasuna nabaria da. Haren erantzuna luzatzen ari da eta laguntzea erabakitzen dut.

        — Bigarren ofizialea utzi ondoren, zurekin elkartu behar al zuen?

        — Bai.

        Une batez isildu egin gara. Behar bada, kontramaisua bere egoera larrian pentsatzen ari da, zeren egin didan aitortzak hilketaren lehenengo susmagarri bihurtzen baitu. «Argazki pornografiko hark eta elkar ikuste ezkutu horien lekuko biek kalte handia egin liezaiokete... Baina ez dizut ahantzi behar makinista eta polizoia...».

        Nire gogoetak kontramaisuak berak moztu dizkit.

        — Nik ez dakit zer pentsatuko duzun. Behar bada hilketaren erruduntzat jotzen nauzu, baina ez da horrela. Nik ba dakit ez dudala bigarren ofizialea hil, eta honegatik zilegi zait pentsatzea norbaitek konspirazio antzeko zerbait eraiki duela niri errua botatzeko. Ene ustez, arazo honen korapiloa argazkian datza. Argazki hori egin zuenak, argazki hori bigarren ofizialearen ganbarotean utzi duenak, honek hil zuen.

        — Baina, zergatik hil behar zuen? Zuri errua botatzeagatik soilik? Hori horrela gertatu izan balitz, mendeku pertsonal baten aurrean gintezke, eta zuk esan beharko nork gorrotatzen zaituen horrenbeste, edo nor irten litekeen irabazle zure espetxeratze eta, agian, heriotze batez.

        Kontramaisuak ez dit ezer erantzuten. Behar bada, bere arerioen azterketa bat egiten ari da, susmatzailearen bila. Nik jarraitu egiten dut. Edo behar bada, hilketa bigarren ofizialeari berari zuzendua izan zen, eta zu susmagarri bezala presentatzea, hiltzailearen estrategia soila litzateke, bere burua susmoetatik at gordetzearren...

        Esaldia ebaki egin dut eta gogoetatan murgildu naiz. «Susmatzaileen artean, nork egin zezakeen horrelakorik? Ea, azter ditzadan. Makinista-polizoia. Hauek aitzakia bat, eragingarri bat lukete, hau da, polizoia pasatzea. Hilketa bat batean gertatu izan balitz, posibilitate hau baliozkoa zatekeen. Baina argazkia zegoen, aspaldi egina, eta beraz aurretiaz eta arretaz antolaturiko zerbaiten aurrean gintezke. Igor. Baina Igor kontramaisuaren adiskidea da... baina eraztunarena azaldu dit, eta Maiderrena ere bai. Eneko, Denis. Hauek zer? Susmagarrien artean daude, bai, baina ez dut hauengan hilketa hori egiteko aitzakiarik bilatzen, ez diet eragingarririk aurkitzen. Egia esan, itsasuntzian berriak direnez, ez ditut ongi ezagutzen, baina behar bada horregatik, untzian berriak direlako, bigarren ofizialea hiltzeko, eta are gehiago hainbeste denboraz antolaturiko konspirazio baten bitartez, ez diet posibilitate handirik ikusten. Zertarako hil ia ezagutzen ez duten norbait? Ez, honek guztiak ez du zentzurik. Uste izan nuen ba nekiela hiltzailea nor izan zitekeen, baina orain oso nahasturik nago... Eta kontramaisuak esaten didana maltzurkeria bat besterik ez balitz, ni nahastatzeko gezur soil bat?»

        — Arazo honen korapiloa argazkian oinharri dezakegula esan didazu eta argazki hori egin zuena izan daitekeela hiltzailea.

        — Horrela uste dut.

        Hitzak ongi neurtzen ditut eta ene begirada kontramaisuarengan irmoki finkaturik dago.

        Ez dakit ohartu ote zaren hitz horik zure aurka zuzen ditzakegula, zeren nork zekien egun ordu eta toki hartan, zu eta Maider han zeundetenik?

        Nire hitzok kontramaisua zuri zuri eginda utzi dute. Ongi ulertu du nire helburua. Galdera hau salaketa bat da: argazkia bere aginduz egina izan zela.

        Erantzuna berehala etorri zaio.

        — Baina nola antola nezakeen garai hartan hilketa, Maider bigarren ofizialearekin ezkonduta ez bazegoen, elkar ezagutzen ere ez bazuten?

        — Gogora zaitez, Maider zuk presentatu zeniola bigarren ofizialeari.

        Kolpeak bata bestearen gainean jausten zitzaizkion.

        — Baina, hilketaren eragingarri posiblea zeluak badira, zergatik antolatu behar nuen hilketa zeluen aitzakiarik ez zegoen une hartan? Argazkia egin zenean, ez nuen bigarren ofizialearenganako zeluen beharrik, Maider eta hura ezezagunak zirenez.

        — Hilketarako beste eragingarri bat eduki zenezakeen.

        — Zein?

        Orain, ni utzi nau nahasturik eta nire ezereza, nire ezintasuna, nagusitzen ari zait. «Hainbeste buruhauste, hainbeste neke iragan, eta zertarako? Hasieran bezala nago. Ez dakit deus». Urduri, ordularia begiratzen dut. Hurbil dut untziko lema hartzeko nire txanda, eta goian egotea, lau ordu loturik han igarotzea ez zait batere atsegin. Denboraren aurka burrukatzen ari naiz, baina alferrik, zeren orduak aurrera baitoaz minutuz minutu, ene ezintasuna ulertzeko bihotzik gabe, ene samintasunaz errukitu gabe.

        Ba dirudi kontramaisuaren azken galdera eta ordulariari egindako begirada, biak elkartu direla nire aurka. Gaindituta sentitzen naiz, ahulduta. Loari lapurtu dizkiodan orduek bere ordaina eskatzen dute eta hemen nago, zer egin ez dakidalarik, mamu barregarri baten antzera, zori txarrak maneiaturiko giñol merke bat banintz bezala. Eta aterantz begiratzen dut, handik ihes egitean soilik salbamena lortuko banu bezala. Nire begiak aterantz doaz, baina ni ez naiz konturatzen ere, eta han daude irmoki finkaturik, atearen bestaldean ene zorion iturria balego bezala. Orain, lemarekin egon beharrak ez nau nazkatzen, lemari lotu nauten kateak beso maitale eta babeskor bihurtu bailiren.

        Aitzakia bat dut eta hartaz baliatzen naiz hain zoritxarreko bihurtu zaidan elkar hizketa honi amai ohoragarri bat emateko.

        — Barka, baina lema hartzeko txanda heldu zait eta zubira igon behar dut. Jarraituko dugu gai honetaz hitz egiten.

        Lema hartu dudanean ene begiek itsaso zabala arakatu dute, han urrunean itsasoaren urdinak eta zeruarenak bat egiten duten tokiraino. Izerdia sikatzen dut. Hemen ere beroak eragindako izerdia eta kontramaisuaren ganbarotean urduritasunak sortutakoa bat egiten zaizkit. Orain lasaiago sentitzen naiz. Gorantz begiratzen dut. Ez da hodeirik. Oskarbia dago. Dena da bake, dena dago bare, eta naturak isurtzen duen gozotasuna nitaz jabetzen da.

        Ez dut ezertan pentsatzen, ez dut ezertaz pentsatu nahi. Ez dut ikusi besterik egin nahi. Baina tamalez, egoera honek ez du luzaro irauten, zeren nire gorputzaren atal bat balitz bezala, gogoetak enetzat hil ala biziko gauzak bailiren, arrapaladan datozkit. Uxatu nahi ditut, nigandik aldendu, baina alferrik, behar bada horretara, pentsatzera, kondenaturik nagoelako, gaudelako.

        Eta itsasoko uraren inbiria dut, haizearen tirria. Ai, horik bezain libre banintz!. Baina ez naiz, eta hemen nago, nire gogoetei loturik, ito beharrean nadukaten kate hauk nire gorputzetik kendu ezinean.

        Urduri nago, nire ezintasunak sortu dizkidan larrialdien pean eta ez naiz konturatzen bestetan, ez dut besteren axolarik. Eta ez dakit, edo ez dut pentsatzen, besteak ere bizi direla, bere kezkak dituztela, eta nirekin gurutzatuta daudela, nirekin zerikusi handia dutela. Eta ez dakit, ezin dut jakin, haien barrenean ere burrukak egon daitezkeela, kezkak dituztela, eta bigarren ofizialearen hilketaren aztertzeak hainbeste buruhauste sortu badizkit, haiek ere bereak ba dituztela. Ez dakit, ezin dut jakin, ni hiltzailearen urratsen atzetik banabil, beste norbaitzuk ere horretan ari direla, beren errugabetasuna frogatzeko, beren izen on eta ohorea bere tokian ezartzeko. Eta honela nago, nire inguruan gertatzen denaren ezjakinean, itsasoz eta zeruz inguraturik, nire burua pilpilean ari den lapikoaren antzera dagoela.

        Horretan nagoela, neure pentsakizunetan murgildurik, gorputzak salto bat egin dit, zeren ez baitut entzun inor zetorrenik, supitoki hitz egiten hasi zaidan arte.

        — Kapitaina, han daudela Maider eta kontramaisua.

        Eta Enekok hatzamarrekin popa seinalatzen dit.

        Neure gogoetak haustea ez zait atsegin izan. «Eta zer axola niri? Kontramaisuak berak aitortu dit ikusten direla». Zerbait egitearren, atzerantz begiratu dut baina, jakina, handik ez nituen ikusten.

        — Orain ezin dezaket lema utz.

        Hau esan dut zerbait esatearren, baina berehala hara joateko gogo bizia sortu zat, Maider eta kontramaisua noraino maitemindurik dauden frogatzera. Edo behar bada nire aurkeztearekin urduri eraztera. Baina bigarren ofizialea hil zutenetik lemaren ardura gehien hartu zuena lehenengo ofizialea zen eta une honetan zuen atsedena ongi merezia zuen, ene mendeku merke honekin desegiteko.

        Ba zihoan Eneko, bere hitzak berriz gogora etorri zaizkidanean. «HAN DAUDELA esan du, eta ez HAN DAUDE».

        — Zu, Eneko, nork esan dizu nigana etortzeko?

        Enekok harriturik begiratu nau, baina ezin diot igarri bere harriduraren iturria.

        — Denisek.

        — Eta zergatik ez da bera etorri?

        — Liburu bat irakurtzen ari da.

        «Nolako liburuak irakurtzen ditu Denisek?». Haren ganbarotea arakatu nuenean ikusi nituen liburuak, baina orduan ez nien jaramonik egin. Amorrazioz begiratu dut lema. «Kateaturik bezala naduka».

        Utzi diot Enekori joaten eta berriz ere bakarrik geratu naiz, baina ez luzarorako. Gogoetak etorri zaizkit lagun. Eguzkia jausten ari da. Laster, han urrunean, ene begien ahalmena bukatzen den toki hartan, egunari amaia emango dio, lagun izan duen itsasoari musu bat emanez. Musu bat! Maider eta kontramaisua! Eta eguzkiak horren maitekiro, horren baketsu, ilunari utziko dio tokia bere txanda bete dezan.

        Baina bake horrek ez nau betetzen, ez dit barruan dadukadan egonezina uxatzen, Egun bat ba doa eta nire ikerketek berriz ere huts egin dute, ene ezintasuna frogatu didate. Lemari botatzen diot errua baina ez da horrela. Sei susmagarri, eta erruduna ezin bilatu! Eta hiltzailea hemen dut, inguruan, sei horien artean. Eta eragingarri bat eduki behar du, eta hilketaren frogek egon behar dute, hemen, nire inguruan ere.

        Iluna dator eta ilun honek betetzen nau lehen argiak bete ez nauen bezala. Etsipena nagusitu zait. Inguruetara begiratzen dut baina ez da inor ageri. Ordulariak gaueko hamarrak markatzen ditu. Itsasuntzia zuzen doa itsaso zabalaren erdian. «Joan, etorri, lau minutu». Erabaki eta egin. Irtetzen naiz arinki, baina popa aldera hurbiltzean behatz muturretan nabil. Arnasa hartze bareari ere ia utzi egin diot. Begiak eta belarriak erne ditut. Non? Hara eta hona nabil. «Eta lema bakarrik utzi dut!». Ez ditut ikusten. Non arraio ote daude? «Eta zerbait gertatuko balitz». Han, han daude. Ikusi baino areago bihozkada bat izan da, entzun baino gehiago sentitu egin ditut. Murmur isil bat besterik ez da izan. Hurbiltzen naiz. Ez dut hotsik txikiena ere ateratzen. Buruak buru, ezpainak ezpain. Bai, hor daude. Nire oinek ez naute aurrerago eraman nahi. Besoek idunak inguratzen dizkiete. Zer sentitzen dut? Amorrazioa? Bekaizkeria? Ez, ez dut ezer sentitzen, ez eta arnasa bera ere. «Lema!». Eta itzuli egin naiz.

 

Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975