Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975

 

 

III. KONTRAMAISUA OTE?

 

        Zubira irten naizenean iluna da eta begiak zerura iraulirik, mila izarrek keinuz erantzun didate. Nire ikerketek huts egin dutelako trufaz ari ote dira?

        Baina itsasuntzian ere ba dago argirik. Dirudienez, eduki dugun gertakariak jendea esna erazi bide du eta kontramaisuaren ganbarotea argiturik dagoela ikusirik, atea jo dut.

        Igor marinelak zabaltzen dit atea.

        — Kontramaisua?

        Igorrek barrurantz begiratzen du.

        — Kapitaina zutaz galdezka dator.

        Bitartean, pentsatzen ari naiz. «Zer arraio egiten du hemen Igorrek?... Igor ere susmagarrien zerrendan dago!».

        Kontramaisua aurkezten zaidanean, Igor irten egin da.

        Sar, sarzaitez barrura.

        Ganbarotea liburuz eta peperez beterik daduka. «Paper guzti hauen azterketa egin behar banu!... Pentsatzeak bakarrik kikildu egiten nau».

        — Bigarren ofizialearen hilketa aztertzen ari naiz eta...

        — Bai, ulertzen dut.

        «Gizon argia, dudarik gabe».

        — Lagun al diezadakezu?

        Eserleku bat eskaini dit, bera ohe gainean jarri den bitartean. Handik hurbil, mahai gainean, whisky botila bat eta edalontzi bi erdiraino edanda daude. «Zedukaten solasa eten erazi egin diet» Honegatik, egin diodan galderaren erantzuna itxaron gabe, hitz egin diot.

        —Barka iezadazu zuen solasa...

        Oso lasai erantzun dit.

        —Ez du axolarik. Gaur gaueko gertakariaz mintzatzen ari ginen. Whisky?

        Eskuin eskuaz hartu du botila. «Esku sendoak, alajaina! Honek bai, honek ba du hildakoa altxatu eta uretara botatzeko indarrik!...» Baietz erantzun diot, edango dudala. «Erraztasunak eman behar dizkiot, erosoago nigana dezadan». Baina gaueko gertakariaz mintzatzen ari zirela esan dit.

        — Eta zein da zuen iritzia?

        — Hilketa bat izan dela.

        — Eta noren eskuz egina?

        Kontramaisuak sorbaldak jaso ditu.

        — Hildakoa ez zen askorentzat oso begikoa.

        — Baina begikoa ez izatea ez da norbait hiltzeko aitzakia...

        — Noski.

        — ...eta orduan hiltzailearen benetako eragingarria bilatu beharko dugu.

        Kontramaisuak ez dit ezer erantzun, eta zirikatzeagatik argazkia atera eta erakusten diot. Zuri zuri eginda geratu da.

        — Hau egin duena zoro zital bat besterik ez da.

        «Arrazoia du».

        — Zure iritzikoa naiz, baina argazkia hemen dago eta hilketaren eragingarria izan daiteke.

        Hatz dardartiez hartu du argazkia eta arretaz begiratu du. Nire begiak kontramaisuaren aurpegian finkaturik daude, bere barne sentimenduak arakatu eta argiztu nahian. «Ezina zait ezer igartzea. Behar bada une zoragarri bat gogora erazten ari da... Baina ez, uste dut dadukan amorrazioa gainditzen ari zaiola...... Haserre bizitan esan dit:

        — Nola heldu da hau zure eskuetara?

        Egia azaldu diot eta haren erantzuna zehatza izanda.

        — Ba dakit zer pentsatzen ari zaren, baina ez da egia. Nik ez dut hil, Maider berriz nireganatzeagatik. Argazki hori norbaitek utzi du han, ikerketak bide okerretik joan daitezen.

        «Gerta daitekeena da hori, noski». Galdetzen diot:

        — Beraz, ez dizu inork argazki horrekin xantaiarik egin...

        — Ez, ez nekien horretaz ezer.

        Eta defentsak apurtuta dituela ikusirik, sakatu egin dut.

        — Argazki hori izan ez bada hilketaren eragingarri, zer izan zitekeen?

        — Kontrabandoa.

        «Bai, izan liteke».

        — Nolakoa eta norekin?

        — Ez dakit, susmo bat besterik ez baita, eta horretaz niharduen Igorrekin zu sartu zarenean. Behar bada, diamanteak...

        Berehala etorri zaizkit gogora Maiderrek esandakoak, hau da, hildakoak asko ulertzen zuela bitxiez. «Eta Maiderri eskaini zizkionak! Kutxa hura beterik zedukan... Kontrabandoaren posibilitatea gehiago aztertu behar dut, eta hilketaren eragingarria hau izan bazen, untzian horretaz nortzuk ziren susmagarri arakatu behar nuke, batez ere zerrendan ditudanen artean. Honegatik bide horretatik eraman nahi dut gure elkar hizketa.

        — Zure ustez, nortzuk ari litezke gure untzian horrelako kontrabandoan?

        Pentsati geratu da, eta nahiz eta eginahalak egin, ezina izan zaio izenik ematea. Orduan, nik zerrendako izenak aipatzen dizkiot.

        — Igor?

        — Marinel hau aspaldidanik dago gurekin eta ez digu prolemarik inoiz sortu, baina, jakina, diamanteen kontrabandoak diru asko ematen du eta edozeinentzat tentagarri da.

        «Zuretzat ere? Eta Igorrekin eduki duzun solasaldi hura, zertaz izan da benetan?......

        — Eneko?

        — Hau berria da, eta ez dut gehiegi ezagutzen.

        — Denis?

        — Hau ere berria, eta niretzat ezezaguna.

        — Makinista?

        — Hori ez. Gizon idealista bat duzu, eta ez dut uste kontrabandotan ariko denik... liburu debekatu eta horrelakoetan ez bada.

        Kontramaisuaren azken hitz hauek beste kontrabando moeta baten posibilitatea sortu didate gogoan: harmak..«Eta makinistak harmak bazekartzan eta bigarren ofizialeak igarri? Eman dezagun politika arazo baten aurrean gaudela, eta bigarrenak harmen kontrabandoa igarri ziola. Hau eskuindarra zenez eta makinista ezkertiarra, poliziei salakuntza bat egin ziezaiekeen beldurragatik garbitua izan dela». Baina berehala etorri zait gogora argazkia. «Ez, posibilitate hau zeharo baztertu behar dut, zeren argazki honek zerbait pertsonalagoa adierazten baitigu, hilketa aurretiaz eta hotzean antolaturiko zerbait izan dela... Kontrabandorik izatekotan, diamanteak, eta taldearen barruan bigarren ofizialea zegoelarik... Kontu garbiketa bat edo...». Orduan, bigarren ofizialearen paperak etorri zaizkit gogora. «Hainbeste paper zenbakiekin!. Ez ote nezakeen han bila arazo honen haria?». Kontramaisuaren ganbarotetik irten bezain laster lan horri lotuko natzaio, baina... «Argazki horrek nahastu egiten nau. Zihur nago hor dagoela hilketaren oinharria, hariaren hasiera».

        — Maiderrek, ba ote zuen hemen, untzian, beste maitalerik?

        Gure elkar hizketaren aldatze honek ustekabean hartu du.

        — Ba... Maider galanta da... Gerta daiteke. Dena den, nik ez dut ezer somatu. Askok begiratzen dute begi desiragarriz, baina barruan dadukatena, nork igarri?

        Hemen gehiago egotea alferrikakoa dela irudituz, irten egin naiz, eta nire ganbaroteko bidean, oraindik behintzat, ezin dudala kontramaisuaren izena susmagarrien zerrendatik kendu pentsatu dut.

        Nire ganbarotean, zenbakiz beteriko paper pilaren azterketari lotu natzaio, baina alferrik, eta atseden hartzeko eta aholku eta laguntzaren bat bilatu nahiean, lehen ofizialearengana joan naiz.

        Azaldu diot Maider eta kontramaisuarekin edukitako elkar hizketa, baita paper azterketaren ondorenak ere.

        — Zein da zure iritzia? —galdetu diot.

        — Ene ustez, hildakoa eta kontramaisua bi puntutan elkarturik daude: Maiderrengan eta diamantetan.

        — Diamantetan ere bai?

        — Bai. Kontramaisuak ere asko ulertzen du haietaz. Baina kontuz!. Honek ez du adierazi nahi bigarrena eta kontramaisua harri kontrabandoan ari zitezkeenik.

        Dena den, lotura nabarmenak direla aitortu behar dut. Lehen ofizialeak jarraitu egin du.

        — Eta Igor? Zertan ari zen Igor ordu hauetan kontramaisuaren ganbarotean? Ez litzateke oker egongo bien arteko loturak aztertzea.

        — Noraino ezagutzen duzu Igor?

        — Gizon isila da, eta langilea. Ez dut bere kontra ezer txarrik entzun.

        — Hori da nire iritzia... Uf, norbaitek lagunduko balit korapilo hau askatzen!.

        Eskuez burua hestutu dut eta horrela egon naiz une batetan. Gero galdera bat egin diot.

        — Ihazko ekainaren 26an, non zegoen Igor?

        Lehen ofizialeak paper batzuk aztertu ditu erantzuna eman baino lehen.

        — 24tik 29ra Pasaian egon ginen. Ea... bai, Igor untzian zegoen 26an.

        — Eta susmagarrien zerrendan dauden besteak?

        — Ea... Eneko eta Denis marinelak ez zeuden orduan gurekin, beranduago etorri baitziren gure itsasuntzira. Kontramaisua eta makinista untzitik kanpora zeuden egun horretan.

        — Noski. Kontramaisua Maiderrekin zegoen, eta makinista nork daki non... Dena den, argazki hori untzitik kanpoko edonork egin zezakeen.

        Susmagarrien zerrenda sakeletik atera dut eta galdera bat egiten diot ofizialeari.

        — Untzia gera zedin agindu zenuenean, makinak berehala geratu ziren, ezta?

        — Bai, horrela da.

        — Beraz, makinista susmagarrien zerrendatik kendu egin behar genuke...

        — Ihes zihoana bera izan ez bazen...

        — Baina eman ote ziezaiokeen horretarako astirik, hau da, behera jaitsi eta makinak gelditzeko?

        — Nekez, baina...

        — Beraz, oraindik zerrendan utziko dugu, bere koartada hobe aztertu arte.

        Zenbakiz beteriko paperak atera ditut.

        Azter ditzagun paperok. Nork idatziak dirateke?

        Arretaz begiratu ditugu, eta errazen baztertu ditugunak bigarren ofizialearenak izan dira, haren idaztankera ezaguna baitugu. Beste batzuek Maiderrek idatzitakoak dirudite. Hirugarren pilo batetan, azkenik, nork idatzitakoak diren igarri ez ditugunak daude. Azken hauk hartu ditut.

        — Ikus dezagun ea idaztankera hauk zerrendan ditugun susmagarrienak diren.

        Aztertu ditugu, baina gure ikerketa alferrikakoa izan da, zeren kontramaisu eta makinistarenak izan ez badira, marinelen idaztankerak ez baititugu ezagutzen. Beraz, hurrengorako utzi beharko dugu azterketa hori.

        — Noraezean ari gara...

        — Bai, eta denbora aurrera doa. Beraz, zerrendako beste laurekin hitz egin behar dut.

        Lau susmagarriengana joan baino lehen itsasuntziko lankideen fitxak aztertu dizut eta zerbait nabarmendu zait: kontramaisua eta Igor, biak, mundakarrak direla. Mundaka herri txiki bat izanik, elkarren adiskide zirela pentsatu behar zen eta are gehiago adin berekoak izanik. Eta orduan, zergatik eman dit aditzera kontramaisuak beren arteko ezagutza azalekoa zela? «Igorrengandik hasi behar dut» eta bere ganbaroterantz abiatu naiz.

        Kezka nabaritu dut haren begietan atea zabaldu didanean. Nire irudipen bat izan daiteke, baina Igorrek zerbait dakiela uste dut. «Gogor sakatuko dut barnean dadukana azal diezadan». Esertzeko eskatu dit baina nik zutik iraun dut.

        Bigarren ofizialearen hilketa aztertu behar dut eta uretara bota dutenean, zu non zeunden jakin nahi nuke.

        Berehala erantzun dit.

        — Sukaldean. Dakikezunez, sukaldari laguntzailea naiz eta eguneko azken garbiketa eta antolaketak egiten niharduen.

        — Ongi. Orain erakuts iezazkidazu zuk idatzitako paperen batzu, zure idaztankera ikus dezadan.

        «Sakeletik atera ditudanekin parekatu ondoren, kidekorik ez dagoela ikusten dut.

        — Noizdanik ezagutzen duzu kontramaisua?

        — Betidanik.

        — Eta nolako harremanetan zaudete?

        — Adiskide onak gara.

        Galdera hauek harridura sorterazi diote.

        — Nolakoak ziren kontramaisu eta hildakoaren arteko harremanak?.

        — Hotzak.

        — Zergatik?.

        Ez dakit.

        Buruaz ezetz esan diot.

        — Ez dizut sinesten. Ez diozu egia, Igor. Hain adiskide min izanik, jakin behar duzu zergatik den.

        — Behar bada, Maiderrengatik.

        — Maite al zuen Maider kontramaisuak?

        — Baietz uste dut.

        — Eta orain ere bai?

        Ez da erantzutera ausartzen.

        — Galdera bat egin dizut, Igor —ekiten diot gogor.

        Eta obeditzera ohitua dagoen marinelak erantzun egiten dio kapitainaren aginduari.

        Baietz uste dut.

        Lortu dudan aitorpen honek gehiago sakontzera bultzatzen nau.

        Nola froga dezakezu hori?

        Igorrek sagu harrapatua dirudi eta pena ematen dit. Baina ba al daiteke pena penagarriagorik hiltzaile bat epaitu gabe uztea baino? Hiltzailearen arrazoiak, ala desarrazoiak, gero aztertuko dira, baina orain nor den jakitea da premiazkoena. Eta nire baitan gogapen hau darabildan bitartean, Igorrenean kontramaisuarekiko adiskidetasunak eskatzen zion leialtasuna, eta kapitainarenganako menpekotasuna, eta egiaren zerbitzua burrukatzen ari ziren, agian.

        Lagundu egin nahi diot erantzun bat ematera.

        — Non ikusten zuten elkar? —galdetu diot zerbaiten jakitun banintz bezala.

        — Kontramaisuaren ganbarotean —erantzun dit dardarti.

        — Zenbat aldiz egunean?.

        — Behin.

        — Noiz?.

        — Bigarrenak lema zeramanean.

        — Eta atzo ere bai?.

        — Bai.

        — Non zegoen kontramaisua hildakoa uretara bota dutenean?.

        — Ez dakit.

        — Eta zu?

        — Sukaldean. Esan dizut.

        Eta hain txintxo eta zehatz erantzuten didala oharturik.

        — Nor izan da hiltzailea?.

        — Ez dakit, baina ez kontramaisua.

        — Zergatik?.

        — Ezagutzen dut, eta ez —erantzun dit irmoki.

        Baieztapen ausart bat botatzen diot.

        — Kontramaisua diamanteak garraiatzen zebilen.

        Igorren begietan harridura ikusi dut. Berriz ekiten diot.

        — Ez al zenekien hori?.

        — Ez.

        Marinelaren erantzuna egiazkoa iruditu zait, baina gehiago sakatu dut.

        — Eta zu ere horretan omen zabiltza.

        Haserre bizitan begiratu nau.

        — Nork esan dizu gezur hori?.

        — Gezurra den ala ez froga dezadan zure ganbarotea aztertu behar dut.

        Eta erantzunik itxaron gabe lanean hasi naiz, baina ez dut bilatu ez diamanteak ez beste ezer susmagarririk.

        Handik irten naizenean zubira igon eta lema hartu dut, lehenengo ofizialea loak har zezan. Gero, berriz etorri denean, ni joan naiz lotara, baina lotan ez da gozorik logale ez denean, eta ohean egon besterik ez dut egin egun berria argitu den arteraino.

 

Hiltzaile baten bila
Xabier Gereņo

Kriselu, 1975