www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bi gogorrak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa  

 

BI GOGORRAK

(Eskual-Jostagailua)

 

 

I

 

PIARRES: Erran bezala beraz, Ganix?

GANIX: Bai, erran bezala.

PIARRES: Igandean bezperak ondoan hi eta ni bi Bidartar hoberenen kontra, ehun liberaz?

GANIX: Ez diat egundaino hitz bat baizik izan, nik!

PIARRES: Bazakiat, bazakiat!... Igande arte beraz.

GANIX: Igande arte. Bainan hik ere atxikak gero hire hitza?

PIARRES: Zer hitz?

GANIX: Jada ahantzia duk? Maitenaz aiphatua!

PIARRES: Ba, ba, segurki! Hik ere etzak haatik ahantz Jauregi zaharrak ez diola bere alaba emanen, berritz ere erranen daiat, bera bezala beharriz gogor edo bederen gogorsko den bati baizik! Hortan, agur Ganix! Ahal dutana hire alde eginen diat, nik ere!...

 

(Hortan, Piarres badoa kamporat).

 

GANIX: Hori gizonaren atheraldia! Ha, ha, ha, ha! Ba, badakit Jauregi kauteraeneko pertza handia bezen gogorra dela! Nork ez daki? Bainan zertako ez lioke bere Maitena pollita gogor bati baizik eman behar? Nik ez dezaket sinhets hori!

        Funtsean, laster jakintsun naiteke; hain xuxen horra Jauregi ostatuari buruz heldu. Mama xuria aski maite baitu, etzaut pinta pare bat baizik gostako.

 

(Kask kask mahainean jotzen du eta oihu egiten) Arnoa hunat?

 

ZERBITZARIA: Oihu egin duzu?

GANIX: Ba, berehala ekarratzu pinta bat arno xuri eta bizpahirur baso, zer gerta ere!

 

(Zerbitzaria badoa eta sartzen da Jauregi. Ez ahantz gogorrak oihuka mintzatzen direla!).

 

 

II

 

JAUREGI: Agur, Ganix. Bakarrik ostatuan?

GANIX: Laguna doidoia atheratua dut. Ez duzu bide hortan buruz-buru egin?

JAUREGI: Norekin arizan buruz-buru?

GANIX: (Gero eta gorago mintzatuko da).- Ez, enuen hori erraten! Piarresekin nitzela!

JAUREGI: Piarresekin arizan hiz buruz-buru? Aise irabazi diok hik hari?

GANIX: Ikusi duzunez galdatzen nautzun?

JAUREGI: Nun arizan zaizte? Haltsun?

 

(Zerbitzaria sartzen da bere arno eta basoekin).

 

GANIX: (Berex mintzo) Hau gizon pekada! Urrikari dut hunen alaba gaixoa!

ZERBITZARIA: Errazu berritz!

 

(Zerbitzaria berehala badoha kamporat).

 

JAUREGI: Zer erran dik? Ari behar duzuela berritz?

GANIX: (nardatzen hasia) Ezetz, gizona!

JAUREGI: He?

GANIX: He eta me, arno hau hauta dela, (artean trago bat) bainan laster edan beharra!

JAUREGI: Ba, ba, meharra duk Piarres, bainan hats handia dik eta etziok nor-nahik irabaziko!

GANIX: Jauregi, hobe duzu kadira hortan jarririk, bertze trago baten edatea, arnoa hoztu gabe!

 

(Trinkaturik berritz edaten dute).

 

JAUREGI: Zer jokatzen zinuten?

GANIX: (Berex mintzo) Hau zer lana hartu dutan, gaizo Ganix!... (Jaureguiri oihuka) Zer jokatzen ginuen? Zure Maitena politaren bihotza! (berex) To, atxemak!

JAUREGI: Hogoi liberako bildotsa?

GANIX: Maitenaren bihotza!

JAUREGI: Noiz behar duzue jan?

GANIX: Maitenaren bihotza!

JAUREGI: Zer? Jada erretzen ari dela eta sarri janen duzuela hotza?

GANIX: Jesu, Maria eta Josepe! Zerk ekarrarazi daut gizon dohakabe hau hunat?

JAUREGI: Ni izanen naizela zuen hirurgarren laguna? Milesker, Ganix, milesker! Gogorra bahintz zoin gogotik hartuko hindukedan suhitzat, hi!...

GANIX: Gaurko bildotsak ez dautzu kalterik eginen, eiki, demuntren pekada! Agur, Jauregi!

 

(Errabia gorrian, Ganix badoa kamporat, gibeletik harritua dagokiolarik Jauregi).

 

JAUREGI: Zer ulik ausiki daut neri Ganix, holako mukurrean joaiteko! Zertan egin othe diot huts? Ala ba othe du burutik? Beha dezagun zoin alde hartzen duen? Trago bat edan-eta haatik!!!

 

(Atheari buruz abiatu deneko, huna Piarres).

(Bere astia hartuko du Jaureguik, Ganix eta Piarres mintzo diten).

 

 

III

 

JAUREGI: To, Piarres!

PIARRES: Mandatu bat banuen Ganixentzat, Nun da?

JAUREGI: Zer?

PIARRES: (Oihuka) Nun-den-Ga-nix?

JAUREGI: Nor nun den?

PIARRES: Ganix... Ganix... Ganix!

JAUREGI: Nun den Ganix? Doidoia juana diat, zazpi bipher gorri iretsi balitu bezen laster! Ez duk athean buruz-buru egin?

PIARRES: Segur naiz bere buruaren kontra errabian joan dela, etzintuelakotz aditzen! Pilota ukaldi bat harturik gogortua da!

JAUREGI: Gogorra naizen? Hori ez dakik oraino?

PIARRES: (Apalsko) Ba, aspaldi, gizon astoa!

JAUREGI: Preseski! Etxeko astoak uztar bat emanik!

PIARRES: (Oihuka) Ganix ere hala dela!

JAUREGI: Nor zer dela?

PIARRES: Ganix ere gogorra dela eta hortako joan dela kamporat!

JAUREGI: Ganix gogortu? Noiz?

PIARRES: Atzo.

JAUREGI: Noiz?

PIARRES: Atzo... atzo... atzo!

JAUREGI: Jainkoari eskerrak! Maitenarentzat senhar gogor baten bilha bainindabilan, horra nere gizona! Lasterka eskaintzerat banoakiok!

PIARRES: (gibeletik) Abil, abil, apo beltza! Ganixek eta nik jada bazakiagu elgarren berri: athe gibel hortan mintzatua diat... eta berritz hik baino lehenago mintzatuko!

        (Bertze athetik oihuka). Ganix! Ho Ganix! haugi laster, eskuan diagu xoria!

 

(Ganix sartzen da).

 

 

IV

 

GANIX: Ifernuko debru guziak hirekin dituk hik naski, Piarres!

PIARRES: Eta debru horiekin guziekin ez othe nauk aingeru begirale bat hiretzat? Egia erran behar daiat haatik: irri-egingarri zautak mendia bezalako gizon bat nigarra begian ikustea! Eta zeren gatik nigarrez? Neska tzar baten gatik...

GANIX: Piarres, enekin berehala samurtu nahi ez baduk, etzakala gaizkirik erran Maitenaz!

PIARRES: Ez, gaixo maitea, ez! Bazakiak hiretzat zeruan ez dela aingerurik Maitena bezalakorik! Pollita, ixila, langilea, garbia eta zer ez duk oraino!

GANIX: Trufa hadi, Piarres, trufa hadi nahi dukan bezenbat, bainan Maitena zer den nahi baduk jakin, hoa jaun erretoraren ganat eta eni bezala erranen daik, ez duela urrikari harrekin ezkonduko den gizon gaztea!

PIARRES: Hobe segurki hiretzat, adixkidea! Aditu duk haatik Jauregi athe gibel hortarik? Ez hau suhitzat hartuko nun ez haizen gogor!

GANIX: Hik sinhetsarazi diokanaz geroz hala naizela!

PIARRES: Ba, bainan hiri zagok orai berari frogatzea hala haizela!

GANIX: Nola ordean?

PIARRES: Gogorrarena eginez harekin! Aski diok zerbeit erraten daukan aldi guziez makur ihardestea! To, aski diok Gure Aita bururen buru erratea!

GANIX: Hori lan errexa diat!

PIARRES: Ikusiko diagu. Hain xuxen horra nun heldu zaukun bixi-bixia eta irria ezpainetan. Berma hadi! Zer gerta ere, ni athe gibelean egonen nauk...

GANIX: Zer saltsa egin behar othe diagu orai bi gogorrek?

 

(Piarres badoa alde batetik eta Jauregi sartzen da bertzetik).

 

 

V

 

JAUREGI: Nun da zure adixkide Piarres?

GANIX: He?

JAUREGI: Nun den Piarres?

GANIX: Nor arizan den nigarrez? Zu? Zertako?

JAUREGI: Ni nigarrez? Ez, futxo! Zure etxean sartzean kaskako bat buruan harturik beharriak ideki baitzaizkit egundaino bezala!

GANIX: (berex mintzo) Lehen gogorra bartzen, burutik joan othe zaut orai? (Jaureguiri oihuka). Zer erran duzu? Eliza gizona naizen?

JAUREGI: (berex mintzo) Gaizo dohakabea! (Ganixi). Orai aditzen dutala egundaino bezala!

GANIX: Nungo oiloari hautsi diozu hegala?

JAUREGI: Berriz ideki zautala beharria!

GANIX: Harri ukaldika hautsi diozu hegala?

JAUREGI: Zoin urrikalgarri den gogorra, oi zeruko aita!

GANIX: Badakitan Gure Aita?

JAUREGI: Gaizo Ganix!

GANIX: Ba, badakit: Gure Aita zeruetan zarena...

JAUREGI: Ganix, ez da harritzeko doidoia ez badugu elgar aditu!

GANIX: Erabil bedi sainduki zure izena...

JAUREGI: Eskual-Herriko pilotari ederrena izana gatik, ez diot Ganixi Maitenarik ematen ahal!

GANIX: Ethor bedi zure erresuma...

JAUREGI: Aski, Ganix, aski!!!

GANIX: Ikusten duzu badakitala?

JAUREGI: Ba, ikusten dut! Bainan amets eder bat egina bainuen Ganix, zuri fidatzeko Maitenaren bihotza...

GANIX: Oiloarekin janen dugula bildotsa?

JAUREGI: Ni nintzen baino ere gogorrago zare, Ganix!

GANIX: He?

JAUREGI: Mila urriki badut, bainan ez duzu ukanen nere alabarik! Bertze norapeit heda zatzu zure sareak!

GANIX: (berex) Ni zertan froga ari da! (Jaureguiri). Deus ez dut aditzen, mintza zaite goraxago, ahapetik arizan gabe hola!

JAUREGI: Ganix, nihundik ez dugu aditzen ahal! banoa etxerat!

GANIX: Zer diru ekarriko dutan zure etxerat?

JAUREGI: Agur, Ganix, agur, Urak eginen du bide ni zure ganat berritz hurbildu arte!

 

(Jauregi atheratzerat doalarik, Piarres sartzen da oro aditurik. Ganix xoko batean egonen da, beharriak zirika eta zirika oilo luma handi batekin).

 

 

VI

 

PIARRES: Norat zoazi, Jauregi?

JAUREGI: Etxerat.

PIARRES: Ganixi Maitena hitzemanik?

JAUREGI: Ez, eiki, pegar zahar bat baino gogorrago baita!

PIARRES: Jar zaite hor, bi elhe egin detzagun. Ikusiko duzu berehala Ganixen gaitza zurea bezen senda errexa dela! Atseginekin karrikan ikasi dut zu sendo eta arras sendo zarela!

JAUREGI: Ba, eta ez dutala gehiago suhi gogorrik nahi!!!

PIARRES: Berritz ere erraten dautzut Ganix arras senda errexa dela!

JAUREGI: Lurdeko ama Birjinarentzat, ba!

PIARRES: Arruntzako Jainko ttipiak ere sendatzen ditu-eta holako gaitzak, gizona!

JAUREGI: Noiztik?

PIARRES: Egundainotik!

GANIX: (berex mintzo) Aldi huntan irabazi behar diat naski auzia! Aufa!

PIARRES: Jauregi, gaitzikor zare?

JAUREGI: Batere...

PIARRES: Badakizu trufa hartzen?

JAUREGI: Trufa hartzen ez dakien gizona, ez duk gizona.

GANIX: (berex mintzo) Ba, ba segadan sartu behar du xoriak! Aufa!

PIARRES: Hori da Eskualdunki mintzatzea! Etzinuen doidoia erran beharrik, Maitena ez diozula gehiago gogor bati eman nahi! Jada athe gibel hortarik aditua nuen...

JAUREGI: Zertako galdegin dautak beraz eia Ganixi hitzemana nion?

PIARRES: Zerbeitetarik hasi behar bainuen elhe hau! Beraz zure azken hitza da ez duzula gogorrik nahi etxean?

JAUREGI: Ez, debruentxoa, ez!

PIARRES: Eta Ganix sendatzen balitz?

GANIX: (berex) Aufa!

JAUREGI: Ez nikek suhi hoberik nahi! Pilotari handia, sosduna, batere ez phesta egilea!

GANIX: (berex) Aufa! Aufa!

PIARRES: Jauregi, etzare beraz gaitzikor?

JAUREGI: Berritz ere erraten daiat ezetz, gizona.

PIARRES: Beraz Maitena hitzematen ahal diozu Ganixi, ez da zu eta ni baino gogorrago!

JAUREGI: Ganix ez dela gogorra?

GANIX: (hurbildurik) Ez, Jauregi, Ez! Alegia arizan nitzautzu Gure Aitaren erraten! Barkatu! Zure alaba ez balitz aingeru bat izan, ez nintzen segur gogortuko!

JAUREGI: Gogo onez barkatzen daiat, Ganix. Topa zak esku hau! Hire duk Maitena, berak hala nahi badu!

PIARRES: Zaude trankil badakitela elgarren berri bi uso ttipi horiek!

GANIX: Milesker, Jauregi! Eta hiri ere milesker, Piarres: helduden igandean tripako hertzeak Bidarteko plazan lehenago utziko ditiak hiri partida galarazi dutan baino!

JAUREGI: Eta partida irabazi eta bigak nere etxerat ethorriko zaizte delako bildots eta oiloak, Maitenak emanik, jateko!

PIARRES: Aufa!

GANIX: Aufa! Aufa!

JAUREGI: Aufa! Aufa! Aufa!

 

(Hiruak abiatzen dire kamporat).

 

ZERBITZARIA: (ondotik) Aufa eta maufa nahi baduzue, bainan batek arno xuri hau paga dezadala eni!

GANIX: Zuzen duk! Eta horra oraino berrogoi soseko bat konduaren gainerat!

ZERBITZARIA: Nik ere beraz: Aufa!

ZERBITZARI

 

aurrekoa