www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bi ahizpak
Xabier Lizardi
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

aurrekoa  

BIGARREN EKITALDIA

LEHENGO TOKIA BERA. HILABETE GEROAGO.

 

 

I.

IÑAKI ETA XABIER.

 

(Iñaki ta Xabier, batak erratza eta besteak zarpil bat eskuan dituela, elkarren harrapazka dabiltza, gela betean, barre eta garrasi eta zalaparta).

 

IÑAKI: Eeee! Ikutu haut! (Geldituz)

XABIER: Ez, jauna! Zapiarekin! Horrek ez dik balio.

IÑAKI: (Berriro erasoaz) Ez du balio? Eta honek?

XABIER: (Itzul-eginik, isekaz) Eeee! Eeee! Harrapatu ezetz! Harrapatu ezetz!

IÑAKI: Ezetz? Orain esango diat!

XABIER: (Aulki baten gainera igo bedi) Koxka!

IÑAKI: Buru haundi arraioa!

XABIER: Harrapatu al nauk?

IÑAKI: Jeitsi, gauza ba haiz...

XABIER: Je, je!... Hori.... nahi badut!

 

(Iñakik zakarki eraso bekio. Xabierrek lurrera jauzi egin beza. Berehala, berebiziko zalapartaz, lehen baino areago, ekin bekie elkar hatzi-beharka. Aulkiak hankaz gora, mahaia iraulita, ontzi, ogi-otar eta abar lurrera-bidean...

Bat-batean, haizeko ate-zuloan, Manttoni ager bedi. Ikaratuta geldituko da.

Iñaki'k orduan, bere zarpila jaso, eta mahai iraulia sendoro igurtzi beza. Xabierrek, arnas-estuka, erratza berriro eskuratuz, bazterrak garbi bitza)

 

 

II.

LEHENGOAK ETA MANTTONI.

 

MANTTONI: (Ia hitz egiteko ere gauza ez dela). Nire Jaungoiko maitea!!... Baina..., baina.... baina....!!!... (Hitzik ezin, eta isil isilik has bedi, aulkiak, ontziak, mahaia eta abar jaso eta bere tokiratzen. Guzia oso zuzendu artean, ez zaio arnasa bere onera itzuliko). Hauek etsaiak, Jauna!... Baina, egunero-egunero, deabruarena egiten arkitu behar ote zaituztet?... Non da Pantxike?...

IÑAKI: (Manttoniren ahotsa barregarriro berdinkatuz) Nongo Pantxike gero, andrea?

MANTTONI: Hara... zera... ! Pailazo motela, ez besterena! (Xabierei) Non da Pantxike?

XABIER: (Besteak bezalatsu) Andre Pantxike, beraz? (Burua nahastu beharreko garrasiez) Oiloetara joan da! Oiloetara joan da! Oiloetara joan da!

 

(Mutil biok, elkarri eskutik heldu, eta garrasika ekin bekiote neskazahar gaixoaren inguruka).

 

BIAK: Oiloetara joan dala! Oiloetara joan dala!

MANTTONI: Baina..., Jesus, ene! Isilduko al zarete, gogaikarri alaenok? Behin esanda ere: «oiloetara joan da»; ez al da nahikoa?

IÑAKI: Jee, je, je! Oiloetara...?. bai zera! Ez, ez, ez,! Txanbra berria jantzita alde egin du

XABIER: Setazko txanbra! Paparra agirian duela!

MANTTONI: Hago isilik, lotsagabea

IÑAKI: Ezta, ezta, ezta!Gezurra hori ere! Ja, ja, ja!.

XABIER: Egia, egia! Donostiako Alkatea omen datorkigu etxera

IÑAKI: Iaufiii! Hau duk umorea!

MANTTONI: Donostiako Alkatea? Nork esan dizue hori?

IÑAKI: Petratxok esan digu, Petratxok.

XABIER: Petra begi-okerrak, andretxo!

MANTTONI: Donostiako alkatea gurera! Ederki eman ere...! Petratxoren asmabeharrak... Guretzako dago Donostiako Alkate jauna! Hobe bai, egia balitz!... Baina, horiek horrela direla, ba al dakizue zer egingo duzuen orain, txintxo-txintxo? Patata mordoska bat baratzatik ekarri... Aguro, ordea

 

(Iñaki ta Xabier laisterka bihoaz, atzeko atetik)

 

IÑAKI: (Burua berriro azalduz) Hara, hara!... Azaldu da, azaldu da!

MANTTONI: Nor azaldu, gero?

IÑAKI: (Garrasi bizika) Pantxike azaldu da: gure Pantxike!

 

(Iñaki berriro eztuka bedi. Geroxeago Pantxike dator).

 

 

III.

MANTONI ETA PANTXIKE

 

MANTTONI: Nondik hator, enetxoa?

PANTXIKE: Oiloetatik. Nondik etortzea nahii dun?

MANTTONI: Oiloetan hintzen, beraz...

PANTXIKE: Yontxu etorri al da?

MANTTONI: Non dun, ba?

PANTXIKE: Erosketan. Baina hark ez din behinere presarik. Hain toki txikian horrelako gibel haundia ezkutatu litekeenik ere! Buruak ematen diona beste-besterik ez din egiten...

MANTTONI: Hark, hori? Eta besteok, zer egiten dinate, ba?... Hemengo iskanbila eta iraulketa ikusi izan bahitunan, arestian

PANTXIKE: Zorarazi behar gaitizten.

MANTTONI: Guzia lurrean, hankaz gora: mahaia, aulkiak, ontziak... Deguntxoa porrokatu behar zigunate azkenerako!

PANTXIKE: (Aulki bat aztertuz) Izan ere, iraun behar din honek, holako txerrenekin?

MANTTONI: Gaiztakeriak bakarrik poz-ematen zionate. Eta, ateraldi batzuk badizkinate gero! Halakoak nondik datozkien ere!

PANTXIKE: Donoxtiarren malizia dun hori

MANTTONI: Donostiar kaxkarinkeria!

PANTXIKE: Guk ez bezala, zenbaitek honezkero burua galdu zinan.

 

(Berriro, ataritik, mutilen jolas-hotsa. Lehen bezala)

 

ATARITIK: (E, eee! Harrapatu haut. Ez, jauna —Buruhandia, ez besterena!— Hator, hator, Pinto! ... )

 

(Gero, hots hori osten bedi, urrutiratuz).

 

MANTTONI: (Neka-neka eginda) Ai ahizpa... Burua nik baino sendoxeago behar din, bizimodu honetarako...

PANTXIKE: Bai nik baino ere. Honela jarraituz gero, aurki naun Santa Agedan

MANTTONI: Eta noiz aldegin behar duenik ere?...Ez al din inork ezer adierazi?

PANTXIKE: Atzo, alkateak... Aurki etorriko ahal zaizkie bila, baina noizik ez jakin.

MANTTONI: Hilabete bihar dinate

PANTXIKE: Ezin esango dinagu ezer, egunekoa ordaintzen duten bitartean...

MANTTONI: Egunekoa ordaindu! A, gaixoa!: berriro egin beharreko tratua bagenu...!

PANTXIKE: Utzion horri, osasuna eta pakea galtzen ez ba dizkigute betiko!...

MANTTONI: Odol gaiztorik ordaintzen al dinate ba, duro zikin horrekin?

PANTXIKE: Bai: eraman ditzatela lehenbailehen. Honela ez zagon gauza onik?

MANTTONI: (Hormei ikarez begiratzen diela) Etxeak ez liken zutik iraungo beste hilabetean.

PANTXIKE: Buruari eraginez, mahai-aldera bihoa, arkatzaren eta paper-punta baten eske. Betor berriro eseritzera, eta bere baitan ari balitz bezala:) Hiru bosteko, hamabost... (Ahizpari) Zer gastatu huen atzo?

MANTTONI: Nikolaxarenean, hiru laurleko...

PANTXIKE: Ai, Jaungoiko maitea!... Hiru bosteko, hamabost... Hamabosti hiru kendu eta... Hamabost hiru ...

MANTTONI: Ogitan, bi laurleko... Jarri al dun?... Hamabiri bi kendu eta... A, eta... Atzo, igande, haragia ere bageninan: lau laurleko... Olioa, bi... Zenbat gelditzen zain?

PANTXIKE: Hamarri sei kenduta... (Isilunea) Eta azukrea?... Eta kafea?... (Zenbaketak buruz eginik) Zera...!, gerenetik jarri beharra, gainean...

MANTTONI: (Bertaratuz) Benetan, gerenetik har gaitun?...

PANTXIKE: Ea.... erorrek ikus: hamasei laurleko eta lau txakur haundi...

MANTTONI: Hamasei eta... Ene, ene!... Elorrioa zaukanagu, alajainena!...

PANTXIKE: Eta, adi ezan.. Hori oiloen eta txerriaren jana sartu gabe... Kontu garbia eginenean, horiek ere barruan behar lieken!

MANTTONI: Nik hala uste, ahizpatxo: nik ala uste!... Hauxe da lana, enetxoak!

 

(Ingiari begira geldi bitez, buru makurka. Bitartean, atzeko atetik betor Yontxu, zorroz eta pardelez besoak eten beharrean).

 

 

IV.

LEHENGOAK ETA YONTXU.

 

PANTXIKE: (Ingia ezkutatuz) Hor gure gizona!

MANTTONI: Hala ere! Bahator? Txoritan ibili al haiz, ala zertan?

 

(Yontxuk begiratu bat begio, erantzun gabe).

 

PANTXIKE: Lasaia, ez bestelakoa! Ordu bete behar al duk kaletik etxera? Alderdi ederreko langilea hago, hire eskuz bizi izaterako!

MANTTONI: Lotsatu ere ez aiz egiten, lotsatu... arlote haundi hori?

 

(Yontxuk, txintik ez: ekarri guziak utz bitza mahai gainean, eta bi atsoei erakutsi bezakie atzealdea).

 

PANTXIKE: (Berriro aurpegiz itzularazten duela) A, baina, txotxo..., hori guzia horrela uzteko asmoa al duk? Alajaina ... ! Atera niri berehala bildu horietako puskak, eta zein bere tokian ipini... Bizkor, gero!... (Ahizpari) Ikusten al dun!...

 

(Yontxu, bilduak hustu ta guzia txukun jaso ahala, axolagabekeriaz hasi bedi txistu-joka).

 

        Eeee? Txistu-hotsak, gainera? (Besteak ez entzuna) Aditzen al duk, bai ala ez?... Donostiar koxkeroen kanta jator bat da hau: «Joxe Migelen batela»!

 

(Ahizpak, elkarri begira, zer esan ez dakitela)

 

MANTTONI: (Isilune baten ondotik) Ohea egin al duk, txepetx?

YONTXU: Ez.

MANTTONI: Ohea ba, aguro!... Aidean, esan diat!...

 

(Yontxuk buka beza lehengo lana, eta astiro abia bedi eskuinerantz).

 

        Zer egin behar dun hik, Pantxike?

PANTXIKE: Ahuntza ateratzera noan.

MANTTONI: (Yontxuri) Inor etorriko balitz, Pantxike ahuntza larrarazten dela, eta ni berriz, kalean: aditzen?

 

(Bihoa Yontxu). (Isilunea)

 

 

V.

MANTTONI ETA PANTXIKE

 

MANTTONI: Doloretako Ama! Noizbait ere eramango ahal zizkigunan! Jakin dezagun baiezkoa ala ezezkoa.

PANTXIKE: Bakea har dezagun, zer dun gero hau!

MANTTONI: Eta kakalardo horren ateraldiak entzun al ditun?

PANTXIKE: Entzun!... llarra adinakoa ez dun-eta, horren gizondu beharra!

MANTTONI: Umekondo zelebrea! Besterik horrelako ez dinat egundaino ikusi.

PANTXIKE: Ez-eta «Totxolo»nekoa ere...

MANTTONI: Ez-eta «Totxolo»nekoa ere

 

(Bihoaz, atzeko atetik, Antzeztokia puxka batean hutsik).

(Urrutiratuz, haien oski-hotsa. Gero, atzeko atetik, Iñakik eta Xabierrek muturra erakuts bezate).

 

 

VI.

INAKI, XABIER ETA YONTXU.

 

IÑAKI: (Hots itoaz) Ieeup! Yontxu!

 

(Iñaki eta Xabier sar bitez geldiro eta isilka).

 

YONTXU: (Bere aldetik muturra azalduaz) A!, Zuek al zarete?

 

(Sar bedi berehala antzeztokian).

 

IÑAKI: Usain egiok, arren, sagar honi, kakalardotxo

YONTXU: (Begiak haundi-haundi) Uiii!... . Nor atxitu duzue?

XABIER: Sortutako tokian, gizona: zuhaitzean! Andre Manttonik goizero begietan zuen huraxe duk...

IÑAKI: Har ezak, gixonerdi: hiretzako zekarkiagu. Gu, aurretik ordainak jasota gaudek.

 

(Yontxuk sagarra har beza)

 

XABIER: Manttonik hartu behar duen bihotzondokoa!

IÑAKI: A, zer nolako aurpegi-luzatzea, harena!

YONTXU: Jontxo! Ederra zegok!

IÑAKI: Arraio tripazaia! Andre Manttoni gajoari baino probetxu hobea egingo al dik

XABIER: Gogoratzen al zaik, pastela jan genionean?

IÑAKI: Demonio, tuntuna hi berriz! Katuak jan zian eta!

 

(Guziek barre-algara)

 

YONTXU: Hori katu bihurria, etxe honetakoa!, eee?

XABIER: Arraio berritsua! Gure atsoen aurrean ez duk izaten horrelako etorria

IÑAKI: Je, je, je! Izan ere, hori aurpegia ekarri du gizarajo honek, arestian! Bazirudian praile sartu behar zuela... Ea, esaiguk, esan: zer egin ziotek etxekoandreei?

YONTXU: Hutsa... Berandutxo etorri kaletik.

IÑAKI: Eta nora aldegin diate bi sorgin horiek?

YONTXU: Pantxikek, ahuntza ateratzera; Manttonik, kalera.

IÑAKI: I, Xabier: ez al zaik iruditzen guk lehen asmatutako ipuinak darabilkiela andre Manttoni?

YONTXU: Zer ipuin, zer ipuin?

IÑAKI: Hara, esango diat.

 

(Elkarren hurbil bitez)

 

XABIER: Gogoan al duk hik, noiz ezkero gauden etxe honetan?

IÑAKI: Utzi orain, honi esan arte... (Bat-batean atzera begira beza, urduri) E! Ixo! Bazetozek.

 

(Hitza baino arinago osten bitez: Xabier, atzeko atetik, horma-hormari itsatsita; Iñakik leihotik jauzka egin beza; Yontxu, eskuinetik. Berehala, atarian, ahizpa bien ahotsa, eta, tarteka, bi gizonezkoena.

Sar bitez, herriko eta Donostiako alkateak, Pantxike eta Manttoni).

 

 

VII.

HERRIKO ETA DONOSTIAKO ALKATEAK,

MANTTONI ETA PANTXlKE.

 

PANTXIKE: Lotsa-lotsa eginda gatoz, Alkate jauna (Donostiakoari) Gure etxe apal honetara beurok bezalako haundikiak etortzerik...

MANTTONI: Etortzea asmatzerik ere..., egundo!

DONOSTIAKO ALKATEA: Beraz, hiru umezurtz ibili dituzte andre agurgarri hauek?

HERRIKO ALKATEA: Hiru, jauna, hiru: Mendiburutar Iñakitxo, Alkortatar Xabier, ta bestea, zera...

DONOSTIAKO ALKATEA: (Entzuten ez dioelarik) Eta, agi danez, etxeko-andre begikook, langile horrek ez dizue eman poz haundirik...

MANTTONI: (Indar haundirik gabe) 0i!, gu oso pozik ginen, Alkate jauna, oso pozik...

PANTXIKE: Bai; egia esan, gu txoratzen egon gara. Lehenbaitlehen aldegin dezaten eskatzea, gure adinaren nekearengatik izan da.

MANTTONI: Nekearengatik, jauna: ez baitugu ohiturarik...

PANTXIKE: Hori, hori: ez baitugu ohiturarik... Izan ere, hemengo iskanbilak, hemengo iraulbeharra!...

MANTTONI: Eta esango bagenuke, alegia, osasunak aldi luzexeagoa eskatzen ziela... Orduan ez legoke zer esanik. Baina, ikusiko dituzue, ikusiko!

PANTXIKE: Oso daude onik: borobildu dira poliki!.

DONOSTIAKO ALKATEA:- Ez, eta, bidezkoa da, gainera: hobeto ibili direnak lehenago alde egitea. Gure diruak ere urritzen doaz, gero!... Baina, zuek, hainbeste nekeen ordainez, haur horien alde egindakoa, benetan aipagarria da. Ez al da hala, Alkate jauna?

HERRIKO ALKATEA: Bai noski. Hamaika bider entzun didate.

DONOSTIAKO ALKATEA:- Nik ere, inor bidali baino, neronek etorri nahiago izan dut, haurrok jasoaz bat, zuei, nire eta Donostiako Udalaren izenean, eskerrik beroenak erakustera

 

(Alkatea eta ahizpa biak eme-eme dagozkio, haren hitz guziei agurka eta baiezka).

 

        Herriko alkate jaun agurgarriari lehentxeago eman diot zuentzat idazkitxo bat. Bigarren hamabostekoaren ordaina.

HERRIKO ALKATEA: (Pantxikeri idazki txiki bat luzatuz) Hortxe dago dena, xuxen-xuxen, ustez: ikustazu. Hamabost egunekoa ez ezik, hamaseikoa ere badago. Dagonilak hogeita hamaika ohi dituenik, ahaztu niri, alajaina! Hogeita hamaika eskutik eta jokoa galdu? (Kar-kar-kar barre eginez) Zer deritzozu, adiskide ona?

 

(Atzeko atetik, Iñakik eta Xabierrek, lotsa-antxean, sudurra azaldu bezate).

 

 

VIII.

LEHENGOAK, IÑAKI TA XABIER.

BEREHALA YONTXU.

 

MANTTONI: Hara, hortxe dituzue gure poxpolin gaixoak... Sar zaitezte, sar maiteok!.

PANTXIKE: Etorri, beldurrik gabe, gure bildotxok... Ikusi hemen Donostiako Alkate jauna, zuek jasotzera etorria.

 

(Iñaki ta Xabier sar bitez).

 

DONOSTIAKO ALKATEA: (Begiratu ere gabe) Bai, benetan, guri-guri egin dituzue. Gertu ditzateke berehala beren pardeltxoak. (Mutikoei begiratuz) Baina, hiru ez zenituzten bada?

MANTTONI: Bai jauna, bai. Txikiena hor barruan dabil. (Eskuineko atea zabalduz) Eup, Yontxu, hator, bihotza, ator!... (Berriro erdira etorriz) Gixaxoa! Amarik ez du. Ezagun ere bazuen, etorri zenean, dena zikinak jana...

IÑAKI: (Ahopeka Yontxuri) Bagoazek hemendik ospa, hi...!

DONOSTIAKO ALKATEA:- Hator honantza, txiki. Eta hirurok txintxo-txitxo entzun iezadazue. Negarrik ez egin, gero? Andre on hauekin oporraldi ederra botea duzue. Orain, zuen etxeetara itzuli-garaia etorri da. A zer nolako gertaldi politak izango dituzuen, etxekoei ta laguntxoei esateko! Ez al da hala? (Besteei) ikusten dituzue? Geldi-geldirik; erneerne?... Hiru gizontxo diruditela? Hauek dira benetan mutiko txintxoak! Guziak horrelakoak izan bagenitu, ez al da egia, Alkate jauna? (Mutikoei berriro) Ea, bada: zoazte orain gertutzera. Luzaroko lana izanez gero, gu joan gaitezke, eta zuek (ahizpei) Udaletxera ekarriko dituzue...

IÑAKI: (Bixi-bixi) Ez, ez, berehala bilduko dugu guzia. (Beste biei) Goazemak axkar, mutilak!.

 

(Zalaparta bizian bihoaz eskuinaldetik. Zurubian gorako iskaribila entzun bedi puska batean, hurrengo hitzen tarteka).

 

 

IX.

MUTIKOAK EZ GAINERAKOAK.

 

DONOSTIAKO ALKATEA:- Txerren horiek nahiko lan emango zizuten, bai sinisten dut ...

MANTTONI: Nahiko lan... Hara, jauna, egia esango badut, bai: nahiko lan, eskua bete lan, eman digute. Baina, ez al genuen horrenbeste eraman behar gixagaxoengatik?... Ez irabaziarengatik, sinistu beza: kontu garbia egitez gero, garenetik aritu gara...

PANTXIKE: Egia huts-hutsa: ikusi beza bestela. (Ingi bat luza bekio: lehentxeago kontuak ateratzen ari izan direnekoa)

DONOSTIAKO ALKATEA:- (Begiratu gabe papera itzuliz) Andre gaxoak, andre gaxoak! Nola, behar bezala, eskerrak eman zuei, hainbesteko onginahi ta nekeen ordainez?

PANTXIKE: (Lehengoari jarraituz) Esan bezala: ogia, esnea, ikatza, babarruna, olioa..., horiek guziak ordainduz gero, zenbat gelditzen da? Eta, ez dago!; noizean behin, okela ere eman behar zitzaien. Iturriko ur garbiez ez dira, gero, morrosko horiek hazitzen! Eta, sinistu beza, jauna: herri honetan, mardultxoenetakoak gureak aterako dira, eta hori gu baino aberatsagorik hainbeste dagoela...

MANTTONI: Haurrik artu nahi izan ez dutenak gogoratu bakoitzean!... Erretzen jartzen naiz gero!... Arbidenekoak eta.... Begierrenekoak, eta ... ; zer deritzo, Alkate jauna?... Eta... zuk eta nik dakigun beste hura, hiru etxeren ta nik al dakit zenbat soroen jabe den hura!

 

(Herriko Alkatea urduritzen hasi da. Burua astintzen du, eta begiak honantz-haranzka darabiltza)

 

DONOSTIAKO ALKATEA:- (Manttoniren etorria ebakiz) Tira, ba! Zer egingo zaio? (Eskuak igurtziz) Guretzako poz haundia da, behintzat, zuek bezalako kristau errukiorrak ezagutu ahal izatea. Ez al da hala, Alkate jauna?

HERRIKO ALKATEA: Bai, ene adiskide, bai: jende zintzorik ere badugu herrian!

 

(Mandio-aldean gero ta zarata haundiagoa. Behekoak noizik behin burua habera jaso bezate, urduri).

 

DONOSTIAKO ALKATEA: (Ahobeteka) Nire adiskidea, donostiar-kume horiek herri txiki honetan oporraldi egitea, gizartearekiko garrantzi haundikoa da. Ez bakarrik osasunari buruz. Hori ere ez da, noski, bazterrean uztekoa. Baina, beti ere, badakizu: uri buruaren eta gainontzeko herrien artean, halako elkar-gabea, halako ezinikusi sorra izaten da. Urtero, guk aurten bezala, elkarbidea eman iezaziezu: aste bete batzuk elkarrekin igaro ditzatela, alegia; eta orduan, elkar-ezaguera badator, badator, poliki-poliki... Orduan, guzien berdintasuna, guzien anaitasuna, askoz ere bertago ikusten dira... Zer gauza ederragorik, nekazari zintzo hauen besoetan gure ola-langileen semeak ikustea baino?... Gizartearen berdintasuna, gizartearen anaitasuna! A, etxekoandre agurgarriak! Asmo haundi horien alde, inork uste baino lan bikainagoa egin duzute hilabete honetan!...

MANTTONI: (Zer esan ez dakiela). Bai, jaun, bai... Hala uste dugu, behintzat

 

(Hiru mutikoak eskuinaldetik sar bitez, beren bilduak eskuan dituztela)

 

 

X.

LEHENGOAK ETA HIRU MUTIKOAK BERRIRO.

 

PANTXIKE: Gauza guziak jaso al dituzue?

IÑAKI: Bai, andrea, bai.

MANTTONI: Ez al da hobe izango, nik, gora joan-etorri bat egitea?

XABIER: Ez zaigu ezertxo ere ahaztu!

MANTTONI: (Gorantz doala) Ezetz?... Harrigarria litzateke horratik!

PANTXIKE: (Mutikoei) Nahaspil ederrik izango da hor goian

IÑAKI: Bai, zera, poliki-poliki ibili gara eta!... Dena txukun .... (Xabierri zalantzez begiratuz) txukun samar... utzi dugu

DONOSTIAKO ALKATEA:- Nai baduzue, gero, mutikoak ordu-erdi baterako hemen uztea

PANTXIKE: Zertarako, jauna?... Hori gorabehera! Moldatuko gera Manttoni eta ni

MANTTONI: (Sartuz) Hara, hara! Banekien nik! Norena duzue alkandora zikin hau?

IÑAKI: Ez da nirea.

XABIER: Ez nirea ere.

MANTTONI: Hirea duk, beraz, Yontxu? (Lotua askatzen diola) Gaxoa! Nola lotu duk pardel han hain estu?

DONOSTIAKO ALKATEA:- Tira maiteok. Etxekoandre maitagarri hauei agur esaiezuee, eta eskerrikasko.

IÑAKI eta XABIER: (Atso bien lepora jauzi eginez, alaiki eta maitez) Agur, andre Pantxike... Ikusi arte, andre Manttoni... (Yontxu ere, besteon lehian, zarataka hasten da: hirurok batera hitz egin bezate ) Asko gogoratuko gara zuetaz! Idatziko dizuegu noizean behin... Donostiara etorriko, gu ikustera?... Oiloen berri guri bidaliko? ... Eskerrikasko, andre Pantxike... Mila esker, andre Manttoni... Agur, agur, agur... Ikusi arte ... Datorren urtean, berriz... Idatzi, gero!... Agur ... Agur! ...

PANTXIKE: Baina, gizontxoak, isilduko zarete?... Hara, Donostiako Alkate jauna itxoiten dagozue.

MANTTONI: Trenean txintxo joan, gero!

PANTXIKE: Burua leihotik atera gabe!

MANTTONI: Esanak txuxen eginez

PANTXIKE: Zerbait ahaztu bazaizue, bidaliko dizuegu.

MANTTONI: Bai: berehalaxe bidaliko

DONOSTIAKO ALKATEA:- Agur, bada, andre begiragarriak: ikusi arte.

PANTXIKE: Lagunduko diegu bideraino.

HERRIKO ALKATEA: Zatozte axkar, mutikook!

HIRUROK: (Garrasika, pardelak bizkarrean dituztela) aufaaa, bagoaz ...! auffaaa, bagoaz!, auffaaa, bagoaz!... Donostiara!... Donosti ederrera!... Kaletan ikuiluak eta behiak ikustera!!.

IÑAKI'REN HOTSA: Hara! ikusten al duk Yontxu, negarrez?

MANTTONI: (Irtenaz) Negarrez!... Zeri negar, nire Yontxu?

PANTXIKE: (Donostiako alkateari, irteterakoan) Jauna, gaurko eguna bezalakorik, sinistu beza, hogeitamar urte biok bakarrik bizi garela, eta...

 

(Esaldi horren azkena gal bedi. Herriko Alkatea irten bedi azkena. Ahots-zarata nahasia: mutikoena nagusi. Urrutixeago, kantari hasi dira. Guzia mailka-mailka isiltzen).

 

 

XI.

PANTXIKE TA MANTTONI.

 

(Ahizpa biak itzuli datoz. Aretoan, batetik bestera, noragabeki, bebiltza, zerbait lani eskua ezarri nahika bezala. Pantxikek azkenik, ezarian bezala, Alkateak emandako idazkia urratu beza).

 

MANTTONI: (Zerbait esan behar eta ... ) Donostiako Alkateak izena nola duen ere?...

PANTXIKE: Manterola, uste dinat...

MANTTONI: Zuria dun, ala beltza?...

PANTXIKE: Erretore jaunak dionez, zuri samarra...

 

(Isilunea)

 

MANTTONI: Oraingoan bakea dinagu, Pantxike...

PANTXIKE: Bai... Noiz edo noiz, horratik... Bakea!

MANTTONI: Hau etxearen isiltasuna! Ahaztu ere egin zitzaidanan, lehen hala zenik...

PANTXIKE: Oraintxe atseden pixkabat har zezakenagu.

MANTTONI: Egia, Pantxike, egia...

 

(Isillunea. Gero, Pantxike aterantz bihoa)

 

MANTTONI: Nora hoa?

PANTXIKE: Atea ixtera, Manttoni.

 

(Manttoni atzetik dihoakio, eta biak pixka batean geldi bitez, atarira begira).

 

MANTTONI: Goialde hori ere txukundu beharko dinagu, bada

PANTXIKE: Bai: ikusgarria egongo dun.

MANTTONI: Guzia azpikoz gora.., oheak egin gabe...

PANTXIKE: Jesus, mila bider!

 

(Isilunea)

 

MANTTONI: (Ikaraldi) Pantxike!

PANTXIKE: Zer dun?

MANTTONI: Ez al dun ezer entzun?

PANTXIKE: Hik bai, Manttoni?

MANTTONI: (Bihoa leihora) Ez... Haizea zunan, noski...

MANTTONI: Oraintxe, eulia ere suma liteken hegaka

PANTXIKE: (Alabeharrez bezala, zerbait antolatzera doa, baina bat-batean itzul bedi). Zergatik dion hori?

MANTTONI: (Ametsetan bezala) Ezer esan al dinat?

 

(Isilunea berriro. Bat-batean, atea zabaltzen da. Ahizpa biak batera itzuli dira, hotsak ikaraturik. Andre Madalen sartzen da).

 

 

XII.

LEHENGOAK ETA ANDRE MADALEN.

 

PANTXIKE: (Gogait-antzean) Aaa!... Madalen dun...

ANDRE MADALEN: (Harrituta) 0iii... ! Zer duzue?

MANTTONI: Ezer ez. Zer izatea nai duzu?

ANDRE MADALEN: Ikaratu egin zaretela esango nuke...

PANTXIKE: Nola ez ba?... Atea horrela zabalduz gero, hildakoa ere zutituko litzateke!

MANTTONI: Garai honetan ez zara etorri ohi, eta... horrexek egin digu.

ANDRE MADALEN: Etxeberrira nindoan, bada, eta zuen aurretik igarotzerakoan: «sartu-atera bat egin dezadan»: egin diot nire buruari. Agi danez, mutikoak eraman dizkizuete ... ?

PANTXIKE: Badakizu dagoneko?

ANDRE MADALEN: Ikusi egin baititut, honantza nentorrela. Ez zeramaten negargura haundirik. Garrasi bizian, txoro batzuk bezala, kantari zihoazen...

MANTTONI: Benetan? (Isilunea) Txikia ere bai?

ANDRE MADALEN: Bai: txikia ere, besteak bezalaxe.

PANTXIKE: Txikia ere bai!

ANDRE MADALEN: (Inguru-begika) A zer nolako hutsunea, hemendik aurrera!...

PANTXIKE: (Bere burua indarbehartuz) Bakea, bakea galanta, Madalen...

MANTTONI: Horixe bai!

PANTXIKE: Lehen, izerdi bizitan goizetik gauera, mutil kozkor hoiek zirela-eta.

MANTTONI: Eta otorduak bostentzako, biontzako ordez!...

PANTXIKE: Eta etxe guzia azpikoz gora ...

MANTTONI: Lokatza eta zikina non-nahi ...

PANTXIKE: Bazeneki..., zer kalte egin diguten!

MANTTONI: Aulkiak porrokatu...

PANTXIKE: Katiluak hautsi...

MANTTONI: Eta, lotarakoan, berebiziko iskanbila... Bederatziak bitarteraino ere, inoiz!

PANTXIKE: Bederatzi-hamarrak arteraino...

MANTTONI: Eta, lanean, ez gero uste asko laguntzen zutenik...

PANTXIKE: Patata-ateratzera eta babarrun-zuritzea, ozta-ozta...

MANTTONI: Gero, borroka gorrian ari zenitun beti...

PANTXIKE: Borroka gorrian beti, bi zaharrenak batez ere...

MANTTONI: Haien zarataz, elkarri ezin entzunez egoten ginen askotan.

PANTXIKE: Iskanbila bizia, goizetik gauera!

MANTTONI: Gelditu gabe, ordea!

PANTXIKE: Belarriak gortu beharrekoa!

MANTTONI: Iskanbila.... iskanbila..., nolakoa gero?

PANTXIKE: (Zoratu balitzaio bezala) Iskanbila.... iskanbila..., (Bat-batean, isildu bitez. Isilune astuna)

ANDRE MADALEN: (Haien etorria eten ezinik aritu ondoren) Tira bada! Guziak du munduan azkena. Oraingoan, bake ederra irabazirik zaudete. Hala hobe. Poztutzen naiz... Agur gaurkoz, enetxoak: banoa.

MANTTONI: Etorri, gero, hurrena ere, Madalen?...

ANDRE MADALEN: Gaur, honezkero, ezin. Senarra gero eta makalago daukat. Baina, bihar, eguerdi artean...

PANTXIKE: Etorri, bada, bihar eguerdi aldera...

MANTTONI: Eta, bestela, gu joango gatzaizu, ikustera.

PANTXIKE: Baita, baita: gu joango gatzaizu...

ANDRE MADALEN: Ederki; zain egongo nauzue. Eta esango didazue, gaur, afaitarako, mahaia ez al duzuen hutsegi aurkitu...

MANTTONI: Hutsegi? Oi! Zergatik?

PANTXIKE: Hutsegi? Horiek ateraldiak, Madalen!

ANDRE MADALEN: (Irteterakoan) Nik baibaitakit gauza horien berri. Etxean sei haur izan ditugu. Hiru, hil egin ziren. Beste hirurak, ezkondu. Eta, orain, orain... Baina, utz dezagun... Hobe da. Bihar arte, beraz.(Bihoa).

 

 

XIII.

PANTXlKE ETA MANTTONI.

 

(Ahizpak lelotuta gelditu dira ate-aurrean. Batbatean, haizealdi zakar batek mahai-gaineko paperak sakabanatuko ditu).

 

MANTTONI: (Burua itzuliz) Zer zeraman haizeak?

PANTXIKE: Haizeak zer daraman?

MANTTONI: A!... Dirua dun, noski.

PANTXIKE: Izan ere: dirua. (Begira biezaio, eskurik luzatu gabe) Jaso ezan, Manttoni

MANTTONI: Jaso ezan erorrek.

 

(Leihora joan, eta itxi bezate. Pantxikek dirua jaso, eta utzi beza lehen bezala, maha gainean. Manttonik ilzuli datorrela, itzalgaizka, begiak lehortzera egin du).

 

        Zenbatu ere egin beharko dinagu, bada, diru hori...

PANTXIKE: (Urrutitik bezela) Zenbatu dezagun, bai

 

(Bata bestearen aldamenka, antzerki hasieran bezala, jarri dira; baina dirua eskukatzen dihardute, zenbatu beharrean. Halako batean, Pantxike'k ere begiak lehortzen ditu).

 

MANTTONI: (Ahizpari zorrotz begiratuaz) Zer dun, Pantxike?

PANTXIKE: (Bere onera itzuliz). Zer..., zer..., Zer dio?...

MANTTONI: Zera..., hutsa... Iruditu... egin zaidan...

 

(Hotsa, utarrian, ito, egiten zaio. Dirua zenbatu naihan hasten da).

 

PANTXIKE: (Lehen Manttonik bezala begiratuz) Zer darabilkin gogoan, Manttoni?

MANTTONI: (Lotsakor) Nik?... Hutsa, hutsa... Ezer ez... (Isilunea) Eta hik, Pantxike?

PANTXIKE: (Berdin) Hutsa... Hutsa, Manttoni!... (Ekin biezaiote orain, bero-bero, diru-zenbatzeari)

 

(OIHALA BEHERA, ASTIRO)

 

OHARRA: Emakumezko hutsentzat erraz tajutu liteke. Herriko eta Donostiako alakateak bihur litezke, esate baterako, EABko Lehendakari; eta hari horretara ikutu, aldatu beharrak liratekeen esaldiak.

&

aurrekoa