www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Eun dukat
Manuel Lekuona
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bi antzerki eta itzaldi bat, Manuel Lekuona (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1965

 

aurrekoa  

II EKITALDIA

 

Lengo atadia bera. Illunabarra da. Illuntzen asi du. Aldizka igaro bitez iratzebailleak kale-aldera.

 

 

I AGERRALDIA

 

Aztia.

 

AZTIA: (Abesten).

                Jerontxio Artxintxar,

                azti famatue,

                mundu guztiin dago

                oso sonatue...

                fiufi-fiufe...

 

                Askok egiten dio

                parra eta burle,

                baita xaxatu ere

                atzeti txakurre...

                Ai Ramus maltzurre!

                biurri makurre!

                Zillar eta urre!

                jo bear dek lurre...

                fiufi-fiufe...

 

                Egin diak parra;

                bañan, zorotzarra,

                laister ni bearra,

                ta ordun negarra.

                Neretzat izango dek, bai,

                poltxikon daukean zillarra...

 

                Jerontxio Artxintxar,

                azti famatue...

 

 

II AGERRALDIA

 

Aztia ta Ramus.

 

AZTIA: (Atea joaz). Nor da emen?

RAMUS: Nor zaitut? (Etxetik irten bedi).

AZTIA: Aztie, Ramus, aztie.

RAMUS: Zu al ziñan? Jaungoikoak arratsalde on digula.

AZTIA: Alaxe deigula.

RAMUS: Orra zertara deitu zaitudan...

AZTIA: Aztiik beti daki zertaa deitzen diotean.

RAMUS: Ortarako zerate aztiak.

AZTIA: Etorri nintzeneako igarri nizuan zertaako izango zan: kontsulte eiteko. Ez da ala?

RAMUS: Noski.

AZTIA: Bai, alegie! Ta gañea, kontsultea ba'dakit nik zertaako izango dan. Zea; alegie: andrea artzea zoazela eo etzoazela eo... ez da al? Ortaako ba'dauket nik aako botil ootan... (Poltsa erakutsiaz).

RAMUS: Zaude ixilli; ixillik zaude Jaungoikoaren izenean, Jerontxio, olakorik esan gabe.

AZTIA: Beaz ez da ala?

RAMUS: Bai zera...

AZTIA: Ez da, ba, beti beti lenengoti asmatzea errez izaten-da... Orik guztiik ola ta, dukat asko duakezu?

RAMUS: A!... Len bai... eun pillan-pillan.

AZTIA: Orain asko dauzketzu?

RAMUS: Bat ere ez.

AZTIA: Beaz danak jan ein dituzu?

RAMUS: Ez, Jerontxio, ez...

AZTIA: Beaz lapurtu ein dizkitzue?

RAMUS: Lapurtu, bai; zartzarorako gordeta neuzkan dukatak lapurtu.

AZTIA: Ikusten dezu nola asmau dean? Asmau baietz zertaa deitu nauzun ee? Lapurra nor dan asmatzea, ez da al?

RAMUS: Bai.

AZTIA: Gero aztiik au, ta aztiik ue esango due. Aa nik emen asmau guzie.

RAMUS: Guztia? Ta lapura?

AZTIA: Ertengo do orrek ee. Gela illunik ba al daukezu etxean?

RAMUS: Bai. Zertarako duzu gela illuna?

AZTIA: Ba'akizu. Geon errezu ta gañeako lataniik esan bae aztiik ez deu ezer asmatzen-da...

RAMUS: Ortarako bear al duzu?

AZTIA: Bai, ba; ortaako. (Ao zabalka). Jatekorik ba al dao gelan?

RAMUS: Bai. Saski bat bete gazta ta likainkak txintxilik. Ez al da komeni an egotea errezuak egiteko?

AZTIA: Komeni komeni ez; bañan baleozke. Ez diea galeaziko, noski, errezoik. Bere bitan. Gaztai-erdi bati bizie kinduko zeoat, beintzat, ortaako modurik soertatzen bazaku. Aspaldiin ez diat jan asko besteen bizkarretio. Neretio ere ez asko asko. Sar bedi.

 

 

III AGERRALDIA

 

Ramus bakarrik.

 

RAMUS: (Exerita, gogarti). Egoera trixtea! Jesus, Jesus! Gañezka egiteraño bete da nere zorigaitza. Korderik gabe utzi nau goizean samintasunak. Nere onera etorri naizenean, Joxe deitu dut. Nere artzai-mutil leiala. Gaxoa, arriturik gelditu da... Billatu bear zan lapurra. Nor izan zitekean? Artzairen bat? Iratzebailleren bat? Diruak, gaur goiza ezkero palta dira. Atzo gabean or zeuden... Aztiari deitzera bidali dut mutikoa, eta baita azkar asko ark nere esana egin ere. (Izkera aldatuaz). Itsu zahar bati dirua ostutzeko biotza bear du orratik! Ez da errukirik munduan... Mundu tristea, negarrezko erbestea... laister utziko zaitut... Ezin dut geiago. Au ez da bizitzea. (Ernatuaz). Bañan ez diote onik egin bear, ez, nere dukatak, ostudituan biotz-beltzari. Amaika izerdi ta neke kostatakoak dira, ta neke ta negarrak berekin izango dituzte aiek beti. Biotz-gabeak, makurrak, gogorrak...

 

 

IV AGERRALDIA

 

Ramus ta Aztia.

 

AZTIA: (Argi bat piztua eskuan. Barrutik). «Bederatziik zortzie; zortziik zapie; zazpiik seie... (Agertu bedi, ezpañak igurtziaz). Ok zetuk gaztai goxook!... Seiek bostekoa; bostekoak laukoa... Nereak balie! Laukoak... Amalau zeuzkean errenkarean ipiñiik. Bat ia jan diat; amairu geatu. Baña bai gozook! Laukoak irukoa; irukoak bie... biik bat. Lapurrek ein dezala zirt edo zart». Ramus; ein ditut errezook.

RAMUS: (Urduri). Ta lapurra?

AZTIA: Orain ertengo do. Atoz onuntza. Eutsi argi oni. (Argia emanaz). Ezkerreko eskuun. Ola! (Atera beza boltxikotik karta-parea). Ia; kartak bota bear ditugu. (Exeri bitez lurrean-edo). Bastook irteten bado, lapurre etxean dezu; ezpatak irteten bado, kanpokoa da...

RAMUS: Ai, ene! (Antsika). Zer atera bear ote dut nik saltsa ontatik? (Aztiari). Eta kopa ateratzen bada, zer?

AZTIA: Ez do ertengo.

RAMUS: Ez dela aterako? Nola dakizu?

AZTIA: Nola jakingo det? Aztia izanda... Ez al dakizu, ba, ni aztie naizena? (Bere baitan). Nola ertengo dik, ba, kopa ta urreik baeko karta-parea ekarri diat-eta.

RAMUS: Eta urrea ateratzen bada?

AZTIA: Azkar nai dek urreak ertetea... Geoxeago ori, geoxeago... (Asi bedi kartak botatzen). Onek, kanpokoa dala... onek, etxekoa... onek kanpokoa... onek etxekoa... onek kanpokoa... onek etxekoa... Zenbat bota ditugu?

RAMUS: Neri galdetzen al didazu?...

AZTIA: (Aserre). Nori galdetuko zeoat, bat?

RAMUS: Ez diot, ba, arretarik ipiñi. Berriz asi bearko duzu...

AZTIA: Ia, ba, berriz. Bañan egon ernai. (Kartak botatzen). Onek kanpokoa dala... onek etxekoa... onek kanpokoa... onek etxekoa... onek kanpokoa... onek etxekoa... onek kanpokoa... Zenbat bota ditugu?

RAMUS: Zazpi.

AZTIA: Eon, ba, ernai. Amabi Apostoloen ozeneen, amabi karta bota bear ditugu-ta... onek, etxekoa...

RAMUS: Zortzi.

AZTIA: Onek, kanpokoa.

RAMUS: Bederatzi.

AZTIA: Onek, etxekoa.

RAMUS: Amar.

AZTIA: Onek, kanpokoa.

RAMUS: Amaika.

AZTIA: Onek, etxekoa...

RAMUS: Amabi.

AZTIA: Amabi esan dezu? Ea, konta itzagun oain. (Zenbatu bitza). Etxekoa, etxekoa, etxekoa, etxekoa, etxekoa, etxekoa... Seik, lapurra etxekoa dezula. Kanpokoa, kanpokoa, kanpokoa, kanpokoa, kanpokoa, kanpokoa... Eta beste seik, kanpokoa dala... Lapurrek, erdi-etxekoa eta erdi-kanpokoa izan bear do.

RAMUS: Erdi-etxekoa eta erdi-kanpokoa? Nola izan diteke ordea ori?

AZTIA: Ori zeorrek jakingo dezu. Morroirik-edo ez al dezu?

RAMUS: Nik? Ez. Bañan izanda ere, berdin izango litzake. Ez al dakizu Euskaldun legez, morroiak etxeko izan oi dirana ta ez arrotz?

AZTIA: Dana dala. Neri bi dukat zor dizkiatzu kontsulteagatik.

RAMUS: Gero eman bearko dizkitzut, ba, Jerontxio. Orain ez daukat. Ba'dakizu lapurtu egin dizkidatela.

AZTIA: Gero? A! ez, ez, ez. Bereala, konpañeo, bereala. Bestela nik jakingo det zer egin. (Bere baitan). Saski-gaztaia kendu bear zeoat... (Asarre, alegia). Bai, jauna, bai. Nik jakingo det zer egin. (Bijoa etxe-barrura).

RAMUS: (Zer egingo dion beldurrez). Nora zoaz, Jerontxio? Zer egin bear duzu?

AZTIA: (Saski-gaztaia besotik zintzillik, igesi). Zer egin bear dean? Igerriko diozu. (Ixeka ta siñuak egiñez, bijoa mendi-aldera, laxterka).

 

 

V AGERRALDIA

 

Ramus bakarrik; gero Joxe.

 

RAMUS: Zerbait ostuko zidan gaiztotzarrak... Baita, gazta-saskia daramala dijoa noski lapur alena... Orra!... Nora zuaz, Jerontxio? Nora zuaz? (Abiatu bedi laxterka aztiaren atzetik, bañan eziñez geldi bedi). A! gezurti aundia! Inpernutik irtena aiz bai, i... Ezin aut arrapatu, bañan erori bearra aiz nere eskuetan. (Txistu luzea joaz). Joxeee! A, billaua! Itza ta pitza dariokela iñoren bizkarretik jaten abillen alproja aundi ori... (Ixil-unea). Bañan zer ari naiz ni? Erru guztiak neronek izan-da... zer ari naiz ni iñori biraoka? zertara deitu dut nik gezur-jario ori? zertara?...

JOXE: (Laixterka sartzen da). Zer dezu, Ramus, garai ontan?

RAMUS: Aztiak zerbait ostu zidak, noski.

JOXE: Artxintxar'ek?

RAMUS: Bai.

JOXE: Noruntz jo du?

RAMUS: Goi-aldera.

JOXE: Ba'noakio atzetik. Egon lasai, Ramus. Iratzebailleai ots egingo diet, eta ez du iges-egingo. Laister gaituzu emen. (Bijoa laisterka).

 

 

VI AGERRALDIA

 

Ramus bakarrik; gero Ixteben.

 

(Pianoak jo beza zerbait, Ramusek olerki au esaten duan artean. Nai izan ezkero, abestu ere egin dezake, Oraipenetan bezela).

 

RAMUS:

                Baserriak bizia eman-da,

                mendiak ninduan azi.

                Borda zar ontan, ardi-artean,

                nai nuan mundua utzi...

                Au zori txarra, gaur bertan bear

                ospital batera jetxi.

 

                Mundu zoroak maite izaten du

                aberats, eder ta gazte;

                bañan zarrari, beartsu bada,

                «ken ortik; zokora zaite»...

(Sar bedi Ixteben).

                Ai, Ramus zarra! zar ta beartsu,

                iñork ez bear zu maite.

 

        (Exerita). Ezer gabe. Jendearen parragarri... Bakarrik nago munduan. Erdi-itsu, zahar, beartsu... ez, iñork ez nau maite...

IXTEBEN: (Bizkarrean joaz. Oso xamur). Bai, osaba, bai, maite zaituzte.

RAMUS: E?...

IXTEBEN: Ni naiz, osaba; zure illoba Ixteben. Zer duzu orrela mintzatzeko?

RAMUS: A...! Ik Ixteben... maite nauk, bai.

IXTEBEN: Danok maite zaitugu. Bañan zer dezu?

RAMUS: Eun dukat ostu zizkidatek.

IXTEBEN: Eun dukat?

RAMUS: Bai, eun dukat. Pikope ontantxe gordeak neuzkaken. Nere bizi guzian altxatako diru-pizarrak ituken. Gauza aundirik ez, bañan nere zartzarorako itxaropena.

IXTEBEN: Nork, ordea?

RAMUS: Eta orain aztiak etxean neuzkan gazta ta lukainka danak eraman zizkidak, nosk.

IXTEBEN: Aztiak?

RAMUS: Bai, Artxintxar'ek.

IXTEBEN: Ikusi dut mendian laisterka. Ez nuan jakin bear...

RAMUS: Joxe bildai zeoat atzetik, iratzebailleai ots egitera.

IXTEBEN: Bidali duzu?... Orduan ez estutu. Arrapatuko dute... Bañan lapurra arkitzeko aztia ekarriko zenduan ba?

RAMUS: Bai, seme.

IXTEBEN: Bañan, osaba: ez al dakizu Artxintxar, gezurti aundi bat besterik ez dala?

RAMUS: Ongi egia, ala-are! Bañan naigabeak eragin zidak, seme. Zer egin ez nekiken penaz ta samiñez. Goizean emen zebillela ikusi diat, eta dei egin zeoat.

IXTEBEN: (Gogarti). Bera ote duk?

RAMUS: Bañan ark etzidak lapurrik arkitu. Bai zera! Bera bai, ba'duk ura lapurra galanta. Berak ostu zizkidak nere gazta ederrak. Ez ote zizkidak gero berak ostu dukatak ere? (Ixteben, gogartetsu, osabaren leloari jaramonik egin gabe). Ixteben: ez ote diagu Artxintxar bera nere dukaten lapurra ere? Esaidak, Ixteben: zer derizkiok? Ez al didak erantzuten? Ez al diok ajolarik osabaren zorigaitzari?

IXTEBEN: Bai, osaba, ajola diot. Ez diot, ba, ajolako? (Gogartetsu. Bere baitan). Ezin kendu diat burutik. Ortaraño eltzea orratik... bañan etzekiat nik...

RAMUS: Emen izan duk gaur goizean bordako atadian. Orduan eramango zizkidaken ark nere dukatak. Ah, billaua! Bera duk, bai, bera duk lapurra. (Ixteben gero ta gogartetsuago). Ixteben: oa, joan adi azkar aren atzetik, deitu eitzak iratzebailleak, eta arrapa ezazue azkar lapur aundi ori. Petri ere laister emen duk onezkero, eta danon artean ez egiozute iges egiten utzi.

IXTEBEN: Petri? bai laister emen da. Ikusi dut mendian behera onuntz-aldera artzen. (Bere baitan). Joan ere nere atzetik egin duk ura, eta ni baño lenago irtena ukan bordatik. Zer egin ote dik ark bitartean?

RAMUS: Bi anaiok naikoa zerate Artxintxar arrapatzeko. Oa, Ixteben, oa gaxori, laister, iges egin dezan baño lenago.

IXTEBEN: Ez, osaba. Artxintxar arrapatuko dute. Nik zure ondoan egon bear dut.

RAMUS: Eta zer egin bear duk ba, emen? Ik ez duk nere esana egin nai, Ixteben.

IXTEBEN: Bai, osaba, bai. Bañan utzi nazazu pakean orain... Bai al dakizu dukatak noiz ostu dizkitzuten?

RAMUS: Bai, gaur goizaldean. Bart gabean or zeudeken.

IXTEBEN: (Erabaki aundiz). Ederki. Goazemazu orain bordara.

RAMUS: (Urduri). Bordara? zertara ordea?

IXTEBEN: Goazen bereala. Azkar ibilli bearra daukagu.

RAMUS: (Bordara bidean). Goazemak, goazemak. Bañan zer asmo darabilkik buru ortan?

IXTEBEN: Laister ikusiko dezu. Ibilli gaitezen azkar, laister emen degu-ta.

RAMUS: Laister? zein? (Sar bedi bordan).

IXTEBEN: (Bere baitan). Bera baldin bada, orratik, emen erori bear dik. Ori ez; osaba zaharraren diruak lapurretan eramaten etzioat utziko, anaia badiat ere... (Sar bedi bera ere barrura).

 

 

VII AGERRALDIA

 

Austin, gero Ixteben, Ramus eta bi iratzebaille.

 

AUSTIN: Ats egin dezadan pixka bat ementxe, nere lagun zahar Ramusekin. (Exeri bedi). Semeak ebaitten utzi, eta, illunabarra baño len irten nauk menditik; eta illunak ia arrapatu niok bide-erdian. Zer ote da zahartzea! Ariñago ibilli izan dizkiat bide oetxek... Ontazkero semeak ere laister dizkiat emen, eta aien ondoan obeki joango nauk; illunabarrean ez bait-dituk ongi ikusten bideetako arri kankarrak. Muturkatu ezkero, berriz, ez uke paltako, Austin mendian moskortu egin dala esango lukean mingain gaiztorik. Eta oraindik ez gaudek orrenbestean, mendian bestetan oitu baño geixeago edaten bada ere. Ementxe itxoingo ziotet, beaz, gure bi mutillai. Sartu nadin Ramusenean. Ea zer dion gure adiskide zahar onek. (Jeiki ta bijoa bordara. Ontan ideki bedi atea, eta azaldu bitez Ixteben ta Ramus atean izketan).

IXTEBEN: Zuk ea aztu nik esandakoa. Nik xixtu egingo dizut, eta nere xixtua entzutean, nik agindutako guztia ta nik agindu bezela egin bear duzu. Or uzten dizut ortarako poltsa arri-koxkorrez betea.

RAMUS: Ba, bai; ik esan bezela egingo diat dana.

IXTEBEN: Eta egon erne.

RAMUS: Bai, bai...

AUSTIN: Jaungoikoak gabon dizuela.

IXTEBEN: Austin! Zu al ziñan?

RAMUS: Atorkit, Austin, atorkit ordu onean lagun zar ori.

IXTEBEN: Sar zaite, Austin, sartu barrura zu ere.

RAMUS: I bezelako lagunen bear aundia diat oraintxe...

AUSTIN: Okerrik al duzute? (Sar bitez barruan Ramus eta Austin, eta itxi bezate atea).

IXTEBEN: Eratu zioat zepoa. Emen eroriko duk, bera baldin bada. Eta bera dala esaten zidak biotzak. Ba'diat nik gure anai orren berri, eta ba'zekiat Petri gurea ortarako ta geiagorako ere gai egiña dagola aspaldi ontan. Ez diat nik anaia gorroto, bañan maite diat, eta asko maite diat osaba gizagajoa. Eta aren diruak orrela eramaten etzioat utziko, ezin utzi, errukirik gabeko biotz-beltz orri. Emen utzi bearkodizkik ostutakoak. Emen duk norbait. Ezkuta nadin. (Ezkutatu baño len, sartu bitez iruditegian bi iratzebaille, Austinen semeak).

IRATZEBAILLEA: (Sartzean, Ixtebeni). Tira, tira. Goazen be-aldera, illuna duk eta.

IXTEBEN: Zuek al ziñaten? Aita barruan duzute gure osabarekin izketan.

IRATZEBAILLEA: Oraindik emen al da? Ordu bete ba'duk irten zala menditik, eta oraindik emen?

II IRATZEBAILLEA: Ixteben esaiok etortzeko; berandu dugula.

IXTEBEN: Itxoizute pixka bat, zuen bearra diat-eta.

IRATZEBAILLEA: Gure bearra?

IXTEBEN: Bai; ikusi al duzute gure anaia?

IRATZEBAILLEA: Petri? Gure atzetik zetorrek. Emen duk gaurgero.

IXTEBEN: Atozte, ba, nerekin bereala. Zaitu bear diagu. Ezkutatu gaitean. (Belarrira zerbait esanaz eraman bitza eskubi-aldeko zuaitz-artera).

 

 

VIII AGERRALDIA

 

Petri, ta gero lengoak.

 

PETRI: (Sartutakoan). Ez duk ageri. Barruan negarrez egongo duk. A, ja, ja, ja! Gizagaxoa! Etxerakoan etorriko naizela agindu zioat, eta poztutzera sartu egin bear diat. (Entzun bedi txistu luze bat). Ixo!... Zer zan ori?... Iratzebailleren bat izango ukan... edo artzairen bat bestela. (Asi bedi Ramus borda-barruan abesten). Ixo...! Kantari ari duk gure osaba...

RAMUS: (Barruan).

                Eun dukat eder dauzkat

                pikope batean;

                beste eun jartzera noa

                lengoen gañean (bis).

PETRI: (Adi-adi egon ondoren). Oraindik etzekik ezer. «Beste eun jartzera noa lengoen gañean». Bai ote?... Ixo, ixo... emen zetorrek. (Azaldu bedi Ramus, eresi au bigarren aldiz abesten; eskuan poltsa bat arri-koxkorrez betea. Iruditegian agertuta bereala, ezkutatu bedi ezkerreko ariztian. Illuna da. Ramus kantari dijoan artean, Petri makurka-makurka). Mendi-aldera artu dik. Enbor baten gañean exeri duk... Bañan nundik dizkik orrek beste eun dukat? Ixo! ixo!...

RAMUS: (Lengo ahapaldia bukatu ta bereala abestuaz).

                Anai indiano bat

                ba'dut Amerikan;

                eun dukat ark bidaldu

                dizkit gaur andikan.

(Eta itzuli bedi berriz ere bordara, lenengo ahapaldia abestuaz).

                Eun dukat eder.

PETRI: (Ramus bigarren aldiz «Eun dukat eder» abesten datorrela). To... ta egia dik. Beste osaba bat ere ba'diagu guk, an Ameriketan: Anton, osaba Anton... Ark bidalduak, beraz?... (Etortzen ikusi-ta). Ba'zetorrek, ba'zetorrek... eta eskuan zekarrek boltsatxo berria... Egia dik nunbait... Sartu duk berriz ere bordara... Lengoen gañean jarri bear dituala esan dik beste eunak. Jarri ditzala, jarri; ez dituk gaizki etorriko. Bañan uste ez badu ere, lengo eunak etzeudek pikopean; emen zeudek, emen. (Poltsa erakutsiaz. Gero, bapatean esku zabalez bekokia joaz). Bañan, Petri, zoro aundia! Ia-ia ederra egin genikan! Lengoak pikopean arkitzen ez baditu, ez dizkik beste eunak an jarriko. Tontotzarra ni! Utzi egin bear zizkioat, utzi, nere eunak lengo lekuan... (Bijoa pikopera, ta makurtu bedi. Zoro-parra). Je-je-je-je-je... Eun jarri ta berreun jaso. Laister berreun! Laister berreun!...

IXTEBEN eta IRATZEBAILLEA: (Irten bitez irurak ezkututik, eta artu bezate estu-estu lepotik eta besoetatik. Ixtebenek sarkor). I al intzan?

PETRI: Ixteben!! (Amorruz).

IXTEBEN: Petri!!

PETRI: (Amorru biziz). Urde billaua!!

IXTEBEN: Billaua, i aiz. Osaba itsu zaharrari diruak lapurtzen dizkioken billaua, i aiz.

PETRI: Aska nazazute, edo-ta bestela egingo diat nik ez-egitekoren bat gaur emen.

IRATZEBAILLEA: Ez arronkarik egin, adiskide. Iru gaituk gero... eta bakoitza iretzat naikoa ta sobra.

PETRI: (Indarka). Uzteko!! Billauak!

        Tira: berriketa gutxi emen, eta aiek onak.

 

 

IX AGERRALDIA

 

Lengoak, Ramus eta Austin.

 

RAMUS: (Atea zabaltzean, entzun bitza Petriren azkeneko itzak). Bañan zer da nik entzuten dedana? Petri! (Oiu garratz). I al aiz, Petri?... Ez didak erantzuten?... Esaidazute ezetz, zalantzetan itotzea nai ez badezute. (Ixil-aldi). I aiz beaz?... Petri, nere illobetan maiteena... Ik ostu dizkidak, beraz, eun dukatak. Ez nikan usteko, ez nikan sinistuko. Non duk lotsa, Petri? Ta non duk biotza? Ori al duk nere onginaiari opa diokan ordaña?... Petri: labain zorrotza sartu didak gaur biotzean. Ez, ez adilla agertu geiago nere aurrean. (Xamur). Ba'niak; bordara niak nere lotsa ta negarra ezkutatzera. Utzi nazazute bakarrik, antxe, nere txokoan. (Bijoa bordara. Irrintziak urrutira. Petri iratzebailleen eskuetan).

AUSTIN: Ez adilla orrela estutu, Ramus.

IXTEBEN: Bañan nora zoaz, osaba? (Ramusen aurrean jarrita. Irrintziak mendi-aldetik).

AUSTIN: Adoretu adi, Ramus, ez duk eta irea gaiztakeri orren errua.

RAMUS: (Adoretsu, etxera abian). Ez; nik etzioat orrelako txarkeririk erakutsi. Nik etzioat on besterik egin. Bera joan ukan nere albotik erri-aldera, ni zahar eta erdi itsu au mendian bakarrik utzita. An galdu dik biotza. Barkatzen zioat; bañan joan dedilla betiko ara. Ez dedilla agertu geiago onera, mendiko pakea asaldatzera. (Sar bedi bordan. Irrintziak gero ta alderago).

 

 

X ETA AZKENEKO AGERRALDIA

 

Lengoak eta Joxe ta Aztia ta iratzebailleak.

 

JOXE: (Sar bedi pozik). Jaungoikoak gabon; Arrapatu degu aztia. Or dakarte iratzebailleak, estu aski lotuta. (Azken-itzok esatean, asi bezate iratzebailleak «Jeupa, jeupa» abestia, eta sartu bitez abesten, Aztia lotuta dakartela. Abesten diardutela, erakutsi bezaiote aztia Ixtebeni, eta onek ongi-etorria eman bezaie danoi).

IRATZEBAILLEAK:

                Jeupa, jeupa! irrintzika,

                iratzebailleak menditikan,

                jeupa, jeupa! irrintzika,

                xatotik naikoa egiñikan.

BATEK:

                Illunabarrez aizkaturikan,

                atso ta agureak leiotikan,

                galdezka daude, arriturikan,

                zein ote datorren menditikan.

DANOK:

                Jeupa, jeupa!...

AUSTIN: (Austinen seme batek iratzebailleai Petriren lapurreta keñuz adierazten dienean, Austinek abestu beza):

                Utzi nai ez dionak bakoitzari bere,

                pagatu bearko dik «larrutikan ede». ..

                Eun eskuan-da geiago nai, ala fede!

                Berreun diralakoan ua berriz ere.

DANOK:

                Utzi nai ez dionak.

(Eta gero):

                Jeupa, jeupa! irrintzika

                iratzebailleak menditikan;

                Jeupa, jeupa! irrintzika

                zatotik naikoa egiñikan. (Irrintziak).

BATEK:

                Illunabarrez, aizkaturikan

                atso ta agureak leiotikan

                galdezka daude, arriturikan,

                zein ote datorren menditikan.

DANOK:

                Jeupa, jeupa! irrintzika...

 

OIALA BEHERA

aurrekoa