www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Suedako neskatxa
Piarres Larzabal
1965

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (III), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Lehen gertaldikoa.

 

 

KATALIN: Apur baten buruan, Xexili hemen izanen dugu bere Suedako neskatx lagunarekin. Zer ikusi behar ote dugu?

PATIN: Ba, atzo arratsean, zu oherat joan-eta, egon bainaiz telebixtari so, preseski emankizun bat izan da, biziki pollita, Suedako bizi-moldeaz.

KATALIN: Zertako ez nauzu deitu?

PATIN: Ba, jakin behar zen, ori, ean iratzartzea plazer ukanen zinuen edo ez.

KATALIN: Pentsatzen ahal zinuen, ba, plazer ukanen nuela, zerbaiten ikustea Suedako bizitzaz gu giren kasu huntan.

PATIN: Ez naiz ba ausartu zu iratzartzerat.

KATALIN: Batzuetan iratzartzen nauzu ez-deuskeria batentzat. Joan den aldian iratzarri nauzu kukuso bat zinuela-ta haren harrapatzen laguntzeko. Eta, nonbaitik ere, atzarri beharren-beharrenean nauzu lo uzten.

PATIN: Ba, zu ere orai hola mintzo zira, bainan iratzarri bazintut, beste predikurik entzunen nuen.

KATALIN: Iduri luke zure erranetarik ez naizela axolatua gure Xexiliren gorabeherez. Xexili ene haurra ez balitz bezala. Haren ibilpidetan deus behar ez banu bezala. Ala zer zira, jelos, Xexili eni estekatuago delakotz zuri baino?

PATIN: Ba, ama-alaben artean erabiltzen dituzuen mokoka partiden jelos!

KATALIN: Ez zaitela sar Xexili eta gure artean. Guk biek arras ongi elgar konprenitzen dugu.

PATIN: Elgar konprenitzen! Ditakena da. Elgar aditzen! Hori besterik da. Bat eta bat egiten duzue bainan ez «biek bat».

KATALIN: Hobe da bat eta bat egitea ezenez-eta bat eta baterez, zurekin gertatzen zaion bezala.

PATIN: Beharrik Suedako neskatxa hemen izanen baita gure bizia pixka bat airosteko.

KATALIN: Nork daki hori? Denbora hor izanen da erraile... Ta, zer zioten Suedako jendez telebixta hortan?

PATIN: Gauza frango erran dute. Nork har denak gogoan? Hango jendea omen da Europako aintzinatuena eta zoriontsuena.

KATALIN: Nahi nuke jakin nor den, zoriona izartzen dakien holako gizon abila.

PATIN: Gaitzeko garbitasuna eta ordenua omen da han, bai karriketan eta bai etxetan.

KATALIN: Ez bide dira hango gizonak zu iduriak.

PATIN: Nehun ez paper zikin bat, ez zigarreta mutur bat lurrean gauza bakotxarentzat toki bat eta gauza bakotxa bere tokian.

KATALIN: Agian neskatxa horrek emanen dautzu bere lekuetako ordenutik pixka bat. Ez baituzu behin ere ikasi zure galtzen kadera gainean pleatzen, ohean sartzeko kentzen dituzularik.

PATIN: Bai, eta Suedan, gazteak, mutil ala neskatxak, arras laxoan altxatuak omen dira.

KATALIN: Ez zaitela kexa. Erakutsiko diozkat nik neskatx horri hemengo neurriak, berak ez baditu hartzen.

PATIN: Agian ez dautzu kasurik eginen. Eni segurik, laket litzaiket laxotasun pixka bat, hemengo tinkia arintzeko.

KATALIN: Zer dituzu, berriz ere, solas ments horiek? Ez zira ahalge ere. Hor ibiltzen zira apostolu bat bezain zintzo, iduri onbor hil bat. Eta ordukotz zure barnea kaldan dago. Eta noren ondotik? Neskatxen ondotik! Eman baitzaio zu bezalakoari!

PATIN: Bai, kontensko naiz. Pixka bat airostuko baigira hilabete batez.

KATALIN: Lot dadiela, lot, neskatxa hori nahaskerian. Nik laster eginen dut hemen legea.

PATIN: Hortaz segur naiz; usaia baituzu.

KATALIN: Ba, eta behar ere, zu ziren potretarengatik.

PATIN: Eta zer eginen diozu neskatxa horri, hemengo mutil guziak abiatzen bazaizko ondotik?

KATALIN: Zer eginen diotan? Ez dakizuia zer egiten dudan gure zakurrari segitzaleak heldu zaizkolarik? Jatsa eskutan har, bera barnerat haizu, eta beste guziak hemendik haiza. Hola ez bada kontent, bere puskak bil ditzala eta doala hemendik nahi duen lekurat.

PATIN: Beraz hilabete polit baten abiadura dugu. Bainan ez dautzut hasi-saila bururatu. Besterik ere ikasi dut telebixtan Suedako bizitzaz.

KATALIN: Nik bestaldian telebixta hori hetsi eginen dautzut haurrentzat on ez diren ikusgarriak emaiterat doatzilako seinalea agertzean. Sobera amets gaixto egiten baituzu zuk telebixta horren aintzinean.

PATIN: Zer behar dituzu orain, ene ametsak ere gobernatu? Izanen duzu lan!

KATALIN: Hala da-ta. Bakotxa bera ez bada on bere burua zikintzetik zaintzeko, sahetsekoeri da laguntzea.

PATIN: Nik ez dut, atzo arratsean, batere ene gogoa zikindu telebixtaren aintzinean, bainan ba ikasi nola Suedako familiek egiten duten garbitasuna beren artean «sauna»-ren bidez.

KATALIN: Sauna-ren bidez?

PATIN: Sauna-ren bidez ba. Gau huntan pentsaketan egona naiz neskatx hori hunarat helduki-eta, ez ote ginuken hobe, guk ere, holako bat hemen muntatzea.

KATALIN: Jakiten ahal duta zer den delako sauna hori?

PATIN: Ez da deus errexagorik. Suedako etxetan badaukate mainu leku bat. Hortan ur laño bero-bero batzu hartzen dituzte. Hortakotz zahar, gazte, familiako ala ez, den denak biluzten dira, eta betan mainu-toki hortan sartzen, gure etxetan urdeak putzuetan bezala. Ondotik, ur-turrusta hotz baten azpian bustitzen dira. Ez zautzuia hori ontsa?

KATALIN: Gaizo espantu tetele! Zozokeria horren ezin largatuz zinaudena apur bat huntan hola minturik? Hortarik ageri da nolakoa den zure barnea. Beharrik ez duzu, gogoratzen zauzkitzunen betetzeko ahalik. Zuk ba, xerritegi batean behar zinukela zure egoitza eta ez hemen.

PATIN: Jes! Ez dituguia ikusten ahal, diren bezala, Jainkoak egin kreatura ederrak?

KATALIN: Zuri kreatura ederrak? Nik uste! Astoari xokoleta bezala!

PATIN: Bon, halabiz beraz. Funtsean neskatxa horrekin nola erabili, berak erakutsiko dauku.

KATALIN: To! Horra nun ditugun heldu! (Apur bat ixilik. Atea joiten dute) Aintzinat.

XEXILI: (Agertuz «lagunarekin») Agur ama, agur aita. (Potta emaiten diote bieri. Panpilik eskua)

KATALIN: Ongi ibili zarete bide hoitan?

XEXILI: Ba, ama, ba, arras ongi.

KATALIN: Jar zaitezte. Ekatzue puska horiek.

XEXILI: Ez ama, ganberan pausatuko ditugu. Hobe dugu berehala aldatzea.

KATALIN: Bon, ontsa da. (Panpiliri) Pentsatzen dut, andere gaztea, gure etxean laketuko duzula.

XEXILI: Ama, ez du balio huni mintzatzea. Ez du tuntik konprenitzen, ez euskaraz eta ez frantsesez.

KATALIN: Nola behar dugu ba hunekin gurutzatu?

XEXILI: Ni hor izanen naiz bitarteko.

KATALIN: Jes! Eta hik nola ikasia dun hunen mintzaira hoin laster?

PATIN: Gazteak, alabainan, gazteak!

KATALIN: Gazteak, nahi dut, bainan bestea ere gaztea da.

XEXILI: Beti enekin jalitzen zen eta bere Suedako lagunekin. Hortakotz hunek ez du ikasi hemengo mintzaira. Nik aldiz ba hangoa.

KATALIN: Jes! Hau bitzikeria. Hoinbeste denboraz Parisen egonez geroz, frantsesa pixka bat bederen ikasia behar zinan engoitik! Ala zer? Guti ernatu hetarik duna?

PATIN: Ale, bota pikoa etxean sartu ordu.

KATALIN: Pikoa? Baterez. Pentsatzen dut Pariserat etorriz geroz frantsesa doi bat ikasi behar lukela bere bizipidearengatik ere.

XEXILI: Bon, ama, bagoaz aldatzerat.

KATALIN: Ba, zoazte, ba. (Biak ateratzen dira)

PATIN: Nik ere, soldadogoa eta gerla egin nituen, bainan frantsesa guti ikasi. Konprenitzen dut neskatxa horrentzat berdin ditakela.

KATALIN: Zuk frantsesa ez ikastea nehor ez da harrituko, denek baitakite zure ernetasuna.

PATIN: Ez bide zira zu ere Betleemeko izarra, naizen erneari zure bizia uztartzeko.

KATALIN: Ba, Betleemeko izarra ere aberetegi baten gainean gelditu zen.

PATIN: Aurkitu izan bazinu hemen baino aterbe hoberik, segur han eginen zinuen zure egoitza. Bainan, zuri ere, ate idekitzalerik nehor ez agertu, hunarat artio.

KATALIN: Bai, zuk atea, kontensko-ale, eni ideki eta ni, zozoa, barnerat sartu.

PATIN: Nik atea ideki, ustez urtxo bati, haatik laster ohartu, ene hegaztina ez zela urtxoa bainan belatxa, perruketarekin gurutzatua.

XEXILI: (Agertuz) Ama, ikusten dut biak ganbera berean ezarri gaituzula, bainan hori ez ditakena da.

KATALIN: Zertako ez?

XEXILI: Zeren eta, ene lagun hori biziki kilika baita pondu hortan. Bere ganbera nahi du bakarrik beretzat.

KATALIN: Jes! Zer dun hori? Ez besteak bezala egina? Bizkitartean bi ohe ezarriak nintinan, bakotxak zuenean lo egin zinezaten.

XEXILI: Ganbera hori utziko diogu dena beretzat eta nik lo eginen dut ganbera zaharrean.

KATALIN: Ganbera zaharra? Pollita dun no! Zikina eta mukurru puska tzarrez betea!

XEXILI: Nihaurek hustuko eta garbituko dut, ama.

KATALIN: No, izanen dun lan.

PATIN: Jes! Harritua nagon Suedako neskatxa bat hoin kilika izaiteaz bere larruaren agertzeko. Besterik esperantza ninan horrenganik.

KATALIN: (Samur) Zu zaude ixilik gero zure ergelkerietan berriz hemen hasi gabe.

XEXILI: Jes! Ama, zertako zira hola bultatzen? Utz-azu aita mintzatzerat. Zer erran gogo zinuen, aita?

PATIN: Hik badakin nik uste engoitik zer den sauna?

XEXILI: Nik? Ez... Zer da hori?

KATALIN: (Samur) Zer nahi dion horri? Zikinkerietan din bere plazer bakarra.

XEXILI: Errazu, errazu, aita erran gogo zinuena.

PATIN: Ba, aski dion galdatzea hire Suedako adixkide horri zer den sauna. Horrek argituko hau. Eta erron, eni ere sauna arras laket zautala.

KATALIN: (Errabian) Zozo handia! Zure leuntasuna eta asto tipulez asearena berdintsu dira!

XEXILI: Bainan zer duzue hola hasarretzeko sauna horren gainetik? Ez dezaketa jakin nik ere zer den sauna hori?

KATALIN: Ba, bere tetelekeriak utz ditzala bazterrerat. Horren mihia edo talo zabala berdintsu finak ditun.

PATIN: Bai, zure mihia eta okiloarena ere.

XEXILI: (Irriz) Bon, bon, ikusten dut, ni hemen egon edo hemendik urrundu, gure kaiolan, xoriak berdin karakan ari direla.

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa