www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Angles ginelarik
Piarres Larzabal
1973

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (IV), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN GERTALDIA

 

 

Joka-lekua:

        Bi sala dira, bat aintzinean, bertzea gibelean. Gibeleko salako jenden gorputz gainak ageri dira, idekidura batzueri esker. Sala hori da besta-leku moldeko bat. Aintzineko salan da bakarrik, zikiro erretzeko su-pazter handi bat.

        Gertaldi hau emana izan dadiela, zatiak elgarri ongi lotuz eta bakotxari bere ritmoa emanez.

 

 

        (Zalduya harat eta hunat dabila, zainetaratua. Urtubi sartzen da)

ZALDUYA: Ta? Denak bizirik atera zirezte?

URTUBI: Bai mutikoa! Iaufa! Guarda guziak urerat bota ditiagu!

ZALDUYA: Zonbat?

URTUBI: Zortzi... Lau Prudine-eko zubi gainetik, eta bi pare, ibaiaren bi bazterretarik!

ZALDUYA: Nola jokatu zirezte?

URTUBI: Arras errex izan duk: Ilun tunta zian. Zubirat sartu gaituk bi muturretarik. Han ziren lau guardak desarmatu, galtz-ipurditik hartu, eta plust!... Zubi gainetik... Gero, bi multzotan eman gaituk. Bakotxak hartu diagu ur hegian zagon guarda parea, heieri ere armak kendu... eta plust!... Hek lauak ere, urerat!

ZALDUYA: Handik bizirik atera ote dituk, edo han ito?

URTUBI: Ez zakiat: Berdin zaitak. Guk han utzi ditiagu freskatzen. Oihu-orro batzu bota: Go home! Inglix ustelak! Euskadi gurea duk, ez zuena! Eta holako... Irrintzin alimale batzu ondotik eta tirahala, denek armak bizkarrean, ihes egin diagu! (Hola solasean ari direlarik eta hek ikusten ez dutela, Milikak zikiroa errez barrandatzen ditu)

ZALDUYA: Gu ere, gau iluna lagun, angles guarden untzirat hurbildu gaituk, ixil-ixila, bi barkutan. Haren gainerat jauzi egin diagu... marinel guziak, zortzi edo hamar, denak lo!... Zuek bezala, batzu herrestan, bertzeak airetan, despeitu ditiagu gainbehera. Heien armez jabetu... bolbora karga batez, heien untzia porroskatu eta tirahala lekuak hustu. Guk ere urrundik bota ditiagu irrintzin batzu.

URTUBI: Tenore hortan, marea beheiti zian. Jastatu duten ura ez zian gazia. Hola, ez ditek gehiago erraiten ahalko, Uztaritzerainoko ura, itsasoarena dela.

ZALDUYA: Guk ere, hori bera zioteiagu erran, zerri horieri, urerat aurtikitzean: «Jasta horko ura, ean baduen gatzik ala ez!»

URTUBI: Uste duka zerbait konprenitu duten?

ZALDUYA: Berek ez badute konprenitu ere, hor zizteian, beren artean, bi euskaldun «harki» horietarik. Segur, laster ukan ditek «harki» horienganik, guk euskaraz bota oihuen itzulpena!

URTUBI: Izan duka kolpatu edo hilik, hire gizonetan?

ZALDUYA: Ez eta batto ere! Haatik, ez zakiat demendrenik ere, zer galtze izan duten etsaiek... Guk, ebatsi armak bizkarrean hartu-eta, ihesi jo diagu. Eta gizoneri erran zioteiat beren egun guzitako lanari lotzeko... Begi-beharriak erne atxikiz haatik!

URTUBI: Agian ez dituk mintzatuko!

ZALDUYA: Agian ez! Nik segurik, ehun aldiz, gauza bera zioteiat errepikatzen... Ixilik dagozila! Gure artean hamarretarik bat erortzen duk, armen bidez... Bertze bederatziak, mihiaren bidez. Etsaiak, bere salatariak, nonnahi ditik gaur.

URTUBI: Hortan hirekin nauk. Edariak ditik mintzarazten «nor naiz ni» agertu nahiak...

ZALDUYA: Ba eta berdin emazteak edo emaztegaiak.

URTUBI: Bai eta ere... emazte debru horiek biltzen ditiztek gizonak, hala nola eztiak liztorrak! (Kanpotik entzuten dira xixtua eta ttunttuna... Aire euskaldun airos batzu jotzen dituzte... Jendeak kantatzen du heien inguruan, irrintzin batzu botatuz... Zalduya eta Urtubi hurbiltzen dira leihoari... Gibeleko salatik, bertze bestaliar batzu heienganat jiten dira. Denek, leihotik, karrikakoekin batean egiten dute kantu, jauzi, esku-jotze... Musika urrunduz doa, bainan gero ere luzaz, gutixago edo gehixago entzuten da... Musikaren ondotik, lasterka ateratzen dira oro, salbu Urtubi eta Zalduya)

MILIKA: (Zikiro erretik eskaintzen diotela) Ean, jaunak, zer diozuen ene zikiro erreki huntaz?

BIEK: (Jastatuz) Hum! Hau gauza! Baratxuria behar den heinean du... Utz hola-hola.

MILIKA: (Arnoa zerbitzatuz) Ditugun hoberenak jan ditzagun, angles ustel horiek ebasterat etorri aintzin!

ZALDUYA: Ebatsi eta jan beharko dute holako ona. Ez baitira berak on holakorik preparatzeko.

MILIKA: Ez eni aipa angles jatekorik! Berdin nahasten dute entselada errezimentarekin eta errakia, esne eta dutearekin.

URTUBI: Eta, gure arno on hau baino nahiago dute garagarrez egin pitar bat.

MILIKA: Eta mozkor ederrik ere biltzen, pitar horrekin nahasi-eta, wisky deitzen duten alkola tzar bat.

URTUBI: Ba, eta horien urgulua!... Arraza horrentzat, gu gaituk zibilizamendu gabeko jende basa batzu. Ez ditek beren oilandentzat nahi hemengo oilarrik.

ZALDUYA: Ba haatik, hemengo oilandak beren oilarrentzat.

URTUBI: Ba, heien abusatzeko eta heientzat lan egiteko, bainan ez andretako.

ZALDUYA: Arraza madarikatua! Gure odola bera erosten eta zikintzen die, beren diru pozoinatuaren bidez. (Kanpoko musika, azkarrago entzuten da... Milika badoa bere lanerat. Oro apur bat ixilik daude)

URTUBI: So egizak nor diren jausten karrosa hortarik! Amayur nafarra eta gobernadorearen alaba!

ZALDUYA: Nika debrua! Errana zian, bere aitaren debeku guziengatik, hil edo bizirik, gaur gure artean aurkituko zela.

URTUBI: Hori, gu baino ere euskaldun errabiatuago bilakatua duk.

ZALDUYA: Ba, Amayurren amodioa, su gaitzekoa bide duk!

URTUBI: Heldu dituk... Goazen aterat! (Amayur eta Nika sartzen dira. Lauek, elgar agurturik, solas egiten dute irriño batzuekin)

ZALDUYA ETA URTUBI: Agur, agur, jaun andere xarmantak!

BERTZE BIEK: Agur, jaun ederrak!

ZALDUYA: Zer atsegina, Nika, guretzat, zu hemen aurkitzea! Pentsatzen dugu zure aitak eman dautzula luzaz gurekin egoiteko baimena!... (Nikak jestu batez erakusten du aitaren baimena gabe jina dela)

AMAYUR: Errazue, hobe diagu berehala etxeko andere xaharra agurtzea!... Jeikia dea?

URTUBI: Ba, beti bezala, berak muntatua dik besta hau guzia. Zangoak gaizki ditik, bainan burua argi... Han duk bere salunean! Zoazte aintzinat. (Sartzen dira bertze salarat. Apur baten buruan, Urtubi eta Zalduya ateratzen dira... Berriz ere entzuten da musika kanpotik. Hemendik aintzinat, «lunch» batean bezala, bestaliarrek jaten eta edaten dute xutik, harat eta hunat, sar-ateraka ibiliz, eta elgarren artean abusatuz)

URTUBI: (Zalduyari) So egizak karrosa hortarik nor jausten den! Ez duka hori Pinto, gobernadorearen atezaina?

ZALDUYA: Hura bera duk! Jes! Nun eta zertan zabilak hori hemen? Jes! Monsenor-ekin duk eta! Segur, gobernadoreak Monsenor-en segitzaile igorria izanen dik.

URTUBI: Eta nor duk Monsenor hori?

ZALDUYA: Hori duk Monsenor de Tartas. Ez duk ez apezpikua. «Monsenor», ez duk ohorezko titre bat baizik... Nik ez zakiat nungo arrazatik den hori. Haatik, bere burua norbaitentzat zaukak. Mundukeria maite dik eta beti handiki-jendekin ikusiko duk. Gizon bezala, ez zioiat tu baten baliorik emaiten... Saltsa guzitako zali hetarik duk... Apez bezala ere nik uste berdintsu. (Nika eta Amayur sartzen dira)

NIKA: Zoin pixkor den hemengo etxeko andere xaharra! Eta izpiritua zoin xorrotx! Egiazko euskaldun xahar euskal-euskalduna!

URTUBI: Errazu, Nika, zure aitaren karrosa hemen da!

NIKA: Hee??

URTUBI: So egizu! Hortik atera dira Pinto eta Monsenor de Tartas!

NIKA: Ha!... Monsenor de Tartas! Hori bertzerik ez bada!...

URTUBI: Zer ba!

NIKA: Monsenor hori, gure aitaren lagun bat da. Gure etxerat etortzen delarik, aitak prestatzen dio bere karrosa. Bainan aitak estimu guti ekartzen dio: Behin entzun diot erraiten hori dela pika buztan bat.

AMAYUR: Xo! Xo! (Irriño batekin) Atean dugu pika buztana! (Monsenor eta Pinto sartzen dira. Pintok Monsenor-i gibeletik altxatzen dio oihal gorri luze bat. Sartzean, oihala herrestatzerat uzten du)

MONSENOR: (Nikari esku gainean musu emanez) Zu ere hemen, andere gazte ohoragarria!

NIKA: Zuk bezala, nik ere, leku onak maite! (Nikak banazka presentatzen diozka han direnak. Azkenik Milika ere... Monsenor-ek orori, handiki gisan, eskua tinkatzen diote... salbu Milikari... hura esku jestu ttipi batez agurtzen du)

MONSENOR: Eta nor da etxe hunen jabe buruzagia? Agurtzen ahal duta?

AMAYUR: Ba, Monsenor, ba... Hemengo etxeko andere xaharra da... Zato gurekin. (Denak ateratzen dira, salbu Pinto eta Milika)

PINTO: (Agurtuz) Intelligence Service! (Milikak berdin ihardesten dio) Errak, Milika, ba ote dakik, iragan gauaz, angles guardek, izigarriko zafraldia ukan dutela?

MILIKA: Dena bazakiat. Bai eta ere hemen diren horiek direla zafraldi emaileak.

PINTO: Hortakotz, Wilsonek ordainak eman nahi ziozkatek. Gaur berean, etxe hunen atakatzerat etortzekoa duk bere soldadoekin. Atakada horren preparatzeko, Wilson etorriko duk hunat, hirekin elgar aditzerat!

MILIKA: Ongi duk. («Intelligence Service» erranez elgar agurtzen dute... Kanpotik musika entzuten da... Pinto leihotik so ematen da)

MONSENOR: (Apur baten buruan sartzen da, solas eginez Amayurrekin... Gaineratekoak, harat eta hunat dabiltza, jan-edanez) Ezindua izanik ere, andere xahar horrek seinale du norbaitasun handikoa dela. Sinets nezazu, badakit zer den norbait izaitea, norbait diren jendekin baititut usu ene harremanak.

AMAYUR: (Irriño batekin) Barkatuko duzu, Monsenor, ene ezjakina, bainan zure eliz kargua, gure Baionako jaun apezpikuarena baino goragoa dea ala apalagoa?

MONSENOR: Noiz nola, Amayur jauna. Berrikitan, aita sainduak igorririk, Londresen nintzen, Angleterrako erregearen kortean. Eta han, bazkariko, ezarri naute ni, erregearen eskuinean, eta, haren ezkerrean, ezarri dute Londreseko jaun apezpiku nagusia. Zeren eta, diplomazi legetan, aita sainduaren mezularia da edozoin apezpiku baino gorago. Erran gabe doa ere, ene etxerat jiten direlarik jaterat, edo kardinale bat, edo apezpiku bat, nihaur izaiten naizela mahaiburu.

AMAYUR: Eta, ez duzuia beldurrik, jaun gobernadorea samur dadien, zu hemen izanik?

MONSENOR: Zergatik behar luke samurtu? Ez ote du hemen bere alaba bera ere? (Irriño batekin) Eta hau gure artean... gobernadore jaunak, bere onetan hobe du ez eni jazarri. Pentsa ba, norat ariko liteken, nik ditudan adixkide handiki guziekin! Hori, berak ere badaki.

AMAYUR: Bainan, ez zira zu, jakin gabe, Baionako aduana berri horrengatik, zer kasailak sortu diren jaun gobernadore eta Lapurdiko buruzagien artean!

MONSENOR: Hori da, enetzat, gertakari koxkor bat. Zer da hori, mundu zabalean gertatzen ari direneri konparatuz? Balio ote du aipatzea ere?

AMAYUR: Bainan, handi ala ttipi, gertakari bat behar da zuzenbidez trenkatu. Zuzenbide bera da, gertakari larri ala koxkorrentzat. Zure ustez eta zuzenbidez, ongi zautzuia anglesek hola, muga baten bidez, euskaldunak bi zatitan berextea?

MONSENOR: Anglesa banintz, erran nezake... baietz. Euskalduna banintz... erran nezake... ezetz.

AMAYUR: Ha! Eta hor antola! Elizak ez badu bertze argitasunik emaiteko holako gertakarietan, ez zaitela harri gaurko gazteak balin badira elizako artzainetarik urruntzen... eta bertze artzain batzueri jarraikitzen. (Hola arrazoinka ari direla, entzuten da musika barneko salan. Solasak bururatu bezain laster, bestalariek muntatzen dute farandola airos bat: Monsenor pixka bat galdua dabila farandola emailen erdian. Haatik, nehork ez dio errespetua galtzen)

WILSON: (Farandola bururatu aintzintxoan, sartzen da, peregrin beztidurarekin. Peregrinen moldean, xilintxa bat joz, oihu egiten du) Peregrin, peregrin, Santiago peregrin, Jainkoa zuekin!... (Bestaliar multxo batek inguratzen dutela, kantatzen du)


                Agur jende guziak, Jainkoa zuekin

                Ni noa Santiagorat, umilki peregrin

                Xanpanatik nator-ta, asko penarekin

                Dut bide luze hori, hunat artio egin.


                Xuxen zait sofritzea, ez dut ukatuko

                Ene bekatuentzat egin baitut asko

                Jainkoari diot otoitz, ni ta zuendako

                Santiagoren medioz, guri barkatzeko.


                Oinez ta eske dut nik, bidea egiten

                Jende onak du beti peregrin laguntzen

                Horra zertako hunat, gaur etorri naizen

                Sumatuz ari zaiztela, zikiro erretzen.


        (Esku zartak jotzen diozkate. Milikak eskaintzen dio jaterat Wilsoni. Biak solasean ari direla, bestak aintzinat jarraikitzen du)

URTUBI: (Lagunak ixilarazten ditu) Galdatzen dut azken aldiko «menuet» hura emaitea.

DENEK: (Eskuz eta oihuz) Menuet! Menuet! Menuet! (Orduan dantzariek emaiten dute delako menueta. Bururatzean, denek esku zartak jotzen dituzte. Berehala musikak jotzen du farandola bat)

ZALDUYA: Ale, eman dezagun denek farandola, baratzearen inguruan! (Denak, farandolan, kanporat ateratzen dira... Gelditzen dira bakarrik Wilson eta Milika)

WILSON: (Milika agurtzen du erranez) Intelligence Service!

MILIKA: (Wilson agurtzen du erranez) Intelligence Service!

WILSON: Apur baten buruan, gure soldadoek etxe hau inguratuko dute. Barnerat sartuko dira, batzu hemendik, bertzeak baratzetik... Zuk, ataka hastean, igor oihuka hemengo jendeak baratzeko alderat.

MILIKA: Eta nik, armarik ukanen duta?

WILSON: Bai... Zuk eta Pintok, armak ukanen dituzue gure soldadoenganik... Armak eskuratu ondoan, soldado bezala gobernatuko zirezte.

MILIKA: Jendea hil behar duguia?

WILSON: Ahalaz ez... Bost nahi genituzke presoner egin, berehala jujatu-ta garbitzeko: Zalduya aita semeak, Urtubi, Lahet eta Senpere. Gaineratekoak, libro utziko ditugu.

MILIKA: Amayur ere libro!

WILSON: Bai, nafarra da eta, gaurkotz, ez dugu samurtu nahi Nafarroarekin.

MILIKA: Ongi da. (Elgar agurtzen dute, «Intelligence Service» erranez. Jada musikak eta arrabotsak tapatzen ditu heien solasak. Farandola desegiten da eta bestaliar guziek, harat eta hunat ibiliz, mimika batzu elgarren artean eginez, betan kantatzen dute)


                Ziburutik Sararat izatu naiz joana

                Neure lehenagoko maite batengana

                Han arribatu gabe entzun nuen fama

                Guarda gazte batekin zela hitzemana.


                Guarda gazte hoietan fidaturen denak

                Ardura izanen tu bihotzean penak

                Hoiek nahi dituzte gazte pollitenak

                Arrakasta guti du zahartua denak.


BATEK: (Aire berean)

                Ziburutar gaizua guardak enganatu

                Bere uso maitia buzokak beretu

                Hire orde nakikek, nik nola jokatu

                Buzoka atxeman-ta lepoa bihurtu.

BERTZE BATEK:

                Lepoa bihurtzea eni ez zaut aski

                Ondotik lumatzea merezi du naski

                Bainan lumatu aintzin, behar baita busti

                Urean dezagun sar buzoka luzeki.

LEHENAK:

                Denen izenean dut eginen galdia

                Errepusta zuk eman, jaun sukaldaria

                Buzoka guritzeko zer luken hobia

                Zeruko ura edo itsas ur gazia.

AMAYUR:

                Sarako usoteian sartu da buzoka

                Hortaz baitute denek burutik gaindizka

                Etor aise guganat laguntza galdezka,

                Nafarroa prest baita lotzeko tiroka.

NIKA:

                Nik dakitan uso bat egun da hunat jin

                Buzoka guzieri baitu ihes egin

                Guduan sar liteke gogotik zuekin

                Bere atzapar eta moko xorrotxekin.

AMAYUR:

                Uso xori pollita, argi ta garbia

                Zure arma hoiekin, oi zer gudaria

                Bainan zuretzat badut posta bat hobia

                Izan zaite guretzat izar gidaria.


        (Esku zarten ondotik musikak jotzen du: «Hupa, hupa Mariano...» Batzu kantuz, bertzeak jauzika ari direlarik, ikus daitezke Wilson, Pinto eta Milika, erne eta zainetaratuak dabiltzala. Betbetan, Milikak botatzen ditu oihu batzu ikaragarriak)

MILIKA: Anglesak! Angles soldadoak hemen! Ihesi! Ihesi hemendik! Baratzeko bortatik! Hemendik! Baratzeko bortatik! (Angles soldado zonbaitek jauzi egiten dute barnerat.. Argiak itzaltzen dira... Entzuten dira bakarrik guduaren arrabotsak. Atabalak jotzen du gelditu gabe... Kleron tuta batzu artetarik... Mubleak erortzen... Armen arrabotsak: Klisk! Klask!... Kolpatuen intzirinak. Emazten krizkolak... Anglesen oihuak... Batek: «Hip! Hip! Hip!». Bestek: «Hurrah!»... Euskaldunen irrintzinak. Batek: «Gora Euskadi!». Bestek: «Gora!». Batek: «Inglix, go home!». Bestek: «Go home!»... Lasterkadak... Euskaldunek elgar deitzen dute: «Hemendik!... Ez, baratzetik! Baratzea anglesez betea duk!... Aita!... Ama!... Jauzi murru gainetik!» eta holako oihu. Arrabotsak izan ditela ez leku beretik, bainan hiruzpalau lekutarik. Emeki arrabotsak bakantzen dira, eztitzen... Argiak ere emeki pizten... Taula gainean da desordre izigarri bat... Erdi puskez estalia, bulto bat bada lurrean... Monsenor da han, erdi belauniko, erdi ahuspez, eta beldur ikaraz joa)

ANGLES SOLDADO BAT: (Hurbiltzen zaio) Zer ari zira zu hemen?

MONSENOR: Ez ni hil! Nik ez dut nehori fitsik egin!

ANGLES: Kanporat hemendik! Fuera, ta laster gero! (Monsenor bere soineko oihal luze gorria ezin bilduz ari da, han baitauka, erori pusken artean trabatua. Anglesak oihala biltzen dio eta sudurrerat aurtikitzen) Horra zure trapu tzarra! Eta orai fuera hemendik! (Monsenor ateratzen da. Orduan sartzen dira Wilson, Durfort gobernadorea, Pinto eta Milika)

WILSON: Guk behar genituen bortzak, arrastatu ditugu... Gaineratekoek ihes egin dute. Bortz horiek, hemen berean eta berehala jujatuko ditugu... Zuek biek, Pinto eta Milika, laster eta larri-larria antola-zazue barne hau eta hemen munta-zazue auzitegi bat... (Angles soldadoari) Zu, zato enekin.

DURFORT: Eta nik, zer dut hemen egiteko?

WILSON: Zu zira auzitegi hunen presidenta. Zuk behar dituzu jujatu bost gizon horiek.

DURFORT: (Bizi-bizia) Bainan, ni ez naiz legegizona, hola, auzitegi baten buru izaiteko!

WILSON: Auzi hau ez da legezkoa, bainan da gerla auzi bat.

DURFORT: Gerla auzi bat, nahi dut... Bainan ez naiz ni gerlari gizon bat.

WILSON: Berdin du, edonor izanik ere! Ez dautzugu galdatzen jende horien jujatzea, bainan horien hiltzerat kondenatzea.

DURFORT: (Kexu) Bon, bon, bon, bon!...

WILSON: Zu, zato enekin. (Ateratzen da soldado anglesarekin)

DURFORT: (Apur bat harat eta hunat dabila, kexatua...) Bertze biek aski duzue emaitea ene eskuin eta ezkerrean. Izanen zirezte enekin, bigarren eta hirugarren jujari, armadako aintzindari bezala.

BIEK: Ongi da jauna. (Beren lekutan jartzen dira. Orduan kanpotik entzuten da atabal bat... Jotzen du emeki hil-martxa bat... Oro ixilik dagozila, sartzen dira emeki, zintzo, bost kondenatuak. Elgarri, estekatuak dira... batzu odoletan. Inguruan dituzten soldadoek bortizki erabiltzen dituzte... Jujamendu denboran xutik dagozi. Atabala ixiltzen da. Hiru jujeak xutitzen dira)

DURFORT: Auzia idekia da. (Jartzen dira) Ikus dezagun ean hemen diren bost kondenatuak... (Protesta batzu entzuten dira. Milikak zerbait beharrirat salatzen dio gobernadoreari) Ha, ba... Bost «kondenatuak» erran dut... erran gogo nuen bost «kondenatzekoak». (Berriz ere protestak... eta Milika bazterretik mintzo) Berriz ere tronpatu naiz: Ez baitira «kondenatuak» izanen, apur baten buruan baizik. Ordu arte dira bakarrik «akusatuak». Sekretario jauna, hoien izenak otoi.

ANGLES SOLDADO BAT: (Sekretariogoa egiten du) Huna bost akusatuen izen-deiturak: Gillome Arno Zalduya eta bere semea Oier Zalduya, biak Hazparnekoak, Martin Urtubi, Urruñakoa, Santxo Lahet Sarakoa, Gillome Arno Senperekoa...

DURFORT: Bortzak hemen direa?

ANGLES SOLDADOA: Bai, hemen dira, jaun presidenta.

DURFORT: Ongi da. Eta orai, gaurko auzi hau joan dadien argi ta garbiki, ene kontzientziaren arabera, Angleterrako justizia errespetatuz eta Jainkoaren legepean, erran dezagun ohi den otoitza. (Hiru jujeak xutitzen dira, Durfort bildutasunekin) God save the king. Liberté, égalité, fraternité. Por Dios y la Patria, una, grande, libre!

DENEK: Amen! (Hiru jujeak jartzen dira)

DURFORT: Eta orai, sekretario jauna, irakur akusamendua!

URTUBI: Barkatu, jaun presidenta, gu legez jujatzeko, gurutzefika bat beharrezkoa da zure mahain gainean.

DURFORT: Hau ez da legezko auzi bat, bainan gerla auzi bat. (Denek protesta egiten dute. Durfort-ek xilintxa joz) Otoi ixilik!

URTUBI: Hau balin bada gerla auzi bat, jujari bezala behar ditugu soldado aintzindariak, eta beraz ez zu, ez eta ere zure sahetseko bi xakur horiek.

AKUSATUAK: (Gaitzeko arramantza ateratuz) Ale kuxe, Pinto!... Milika, ale kuxe... Hau! Hau! Hau!... Ama saltzale ustelak! Judas... Harki... Angles ipurdi milikari!... Xakurrak kanporat! (Zakur xixtuak)

DURFORT: (Haserre, xilintxa joz) Ixilik!... Ixilik gero!... (Noizbait ixiltasuna egiten da) Sekretario jauna, irakur akusamendua.

ANGLES SOLDADOA: Huna akusamenduaren lehen pondua: Angleterrako legearen arabera.

AKUSATUAK: (Oihuka errepikatuz) Inglix... Go home... Inglix go home. (Hainitz aldiz) Gora Euskadi. (Hainitz aldiz)

DURFORT: (Errabian, xilintxa joz, oihuka ari da gelditu gabe) Ixilik!... I-xi-lik! (Noizbait ixiltasuna berriz eginik) Sekretario jauna, irakur akusamendua.

ANGLES SOLDADOA: Lehen pondua: Angleterrako legearen arabera...

AKUSATUAK: (Oihuka errepikatuz) Euskadi libre!... Euskadi libre! Euskadi libre!... Gureak gure! Gureak gure! Gureak gure!

DURFORT: (Haserre gorrian, beti bezala xilintxa joz, oihuka) Ixilik... Ixilik gero... Edo auzia berehala bururatzen dut! (Berriz ixiltasuna egiten da) Azken aldikotz, eta zuen onetan, galdatzen dautzuet ixilik egoitea... Sekretario jauna, irakur akusamendua.

ANGLES SOLDADOA: Angleterrako legearen arabera...

AKUSATUAK: (Oihuka errepikatuz) Angles, ez, ez!... Euskaldun, bai, bai... Angles, ez, ez... Euskaldun, bai, bai!... Angles, ez, ez... Euskaldun, bai, bai!... Hiru, lau, zazpi... Zazpiak bat!... Hiru, lau, zazpi... Zazpiak bat!... Hiru, lau, zazpi, zazpiak bat!...

DURFORT: (Xutitzen da bere bi lagunekin. Erotua, orroaz, ahal bezain azkar, entzuna izaiteko) Hola denaz geroz, huna, besterik gabe, ene sententzia: Denak hiltzerat kondenatzen zaituztet. Bostak itotzerat kondenatzen zaituztet. Milafranka-Prudinako zubiari loturik, burua doidoia ur gainean, marea beheiti delarik. Marea, goititzean, ito ditzala. Eta jasta dezatela horko ura gazia den, ala ez...

AKUSATUAK: (Huu, huu, huu, eta xixtu batzu bota ondoan, hurbiltzen zaizko gobernadoreari, jo nahi balute bezala... Berehala kantatzen dute fermuki)


                Eusko gudariak gera

                Euskadi askatzeko

                Prest gaude gure odola

                Bere alde emaiteko.


                Irrintzin bat entzun da

                Mendi tontorrean

                Goazen gudari denak

                Ikurriña aurrean.


        (Soldadoek bortizki dabiltzatela, gudariak kanporat ateratzen dituzte... Ateratu ondoan ere, heien kanta, apur batez entzuten da)

DURFORT: (Ixiltasuna egin delarik, populuari buruz, saminki mintzo) Partida hau, ez dugu guk irabaziko, bainan horiek... horiek bai... horiek!...

 

OIHALA

 

aurrekoa hurrengoa