www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jokua ez da errenta
Antonio Maria Labaien
1960

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (II), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1977

 

 

aurrekoa hurrengoa

II. EKITALDIA

 

 

I. AGERRALDIA

 

(Lenengo ekitaldiko antzez-leku bera. Utsik agertzen da, baiñan apustu-zaleen ardallaz beterik. Besteen artean Joxe Trapu, Migel Mari ta Klaudioren abotsak entzun bitez:)

 

        AMAR OGEIRI! NAPARRAren alde! BOST ATERA EZETZ! 45ean egin baietz! PROBINTZIANUAK EZETZ! (onelako eta antzeko oiu eta deadarrak, gero eta urrutiago entzungo diranak azkenik isildu arte).

 

 

II. AGERRALDIA

 

ANABIXENTA TA JULI

 

(Barrendik sarturik)

 

ANABIXENTA: (Gogaiturik) Beingoan isilduko al dira! Oso arro joan zaizkigu gure gizonak, baiñan ez jakin nola izango duten itzulia. Zoritxarreko apustuok! Ez dute eskarmenturik, eta susmo txarra ematen diot gaurkoari.

JULI: Kontuak aterako zituzten, ez dituzu buruz ain motelak eta iñoiz irabazten badakite. Ez zaite jarri, aldez aurretik. orrela, ezari emana.

ANABIXENTA: Begira Juli, egi-egitan esaten dizut! Naiago nuke galduko balute. Ea betiko etsitzen duten eta jokurako griña txar ori utzi. Apustutik ez bait dator gauza onik.

JULI: Gaurkoa onuzkero onik bukatu dezatela. Ala eskatu diot Jainkoari mezetan, konbeni bazaigu.

ANABIXENTA: Bai nik ere, noski, baiñan... (zinkuriñez) Pasea balego! Ez dakit ez dakit!.. Bitartean aztutzeko edo, beste gure arazoaz jardun gaitezan Juli. Kezka batek bestea burutik kendu oi du-ta (Juliri isil kontuan bezela) Gure amerikanoak zer asmo ote ditu? Ezkondu ala ez, jakin bear degu....

JULI: Orrena ikusia degu, Anabixenta. Ezkontzekotan, gaztea nai du... Ogeitabost urtetik beerakoa obe. Ez ni bezelakoa...

ANABIXENTA: Ondo eman ere! Bera ez da gaur goizekoa! Zenbat urte dituen aztu al zaio ala? Agure alena ez bestena! Ez kontuan erori nai nexka zoro bat ez, baño ondo zaindu ta gobernauko duan zentzuzko etxekoandre bat bear duala... Azken egunetan maskaldu zamarra arkitu det. Gazteak, esku bete lan emango lioke.

JULI: Mikeleren atzetik ibilli zan, eta gañerakoak ez gaitu gogozko. Ta zure alaba zarra ni baño gazteago dalarik.

ANABIXENTA: Laister ogeitamar urte... Ta zer gertatu dan badakizu. Pantxo gizarajoak uste izan zuen osaba amerikano aberatsa zalako Mikelek baietz esango ziona. Ta ustea ustel irten zaio.

JULI: Bada neskatxa on askoren aukera emen inguruan. Edade guzitakoak gañera. Norbaitek baiezkoa emango dio.

ANABIXENTA: Zu zaitu egokiena, Juli. Aspaldiko adiskide ta ezagunak zerate, ta norekin izan diteke zurekin baño obeto? Iñorekin ez! Urtetan ere elkarren modukoak. Amabost urteko aldia besterik ez dezute.

JULI: Baita amasei ere!

ANABIXENTA: Ainbat zure alde!.. Ez du zu añako emazte ta lagunik arkituko, etxekoandre zintzo, txanponai begiratu ta osasuna zainduko diona.

JULI: Orain arte, ainbeste urtetan erabakitzeko beta izan du, ta aintzakotzat artu ez naunean...

ANABIXENTA: Bertan dagoana, ezaunegia ez da estimatzen. Gizonezkoak itxu ta arroak bait dira. Beti gazte eta sendo iraungo dutena ta bat-batean sasoia galdu ta ezertarako ez dirala konturatzen dira.

JULI: Gauza ona eskeñi nai didazu orduan.

ANABIXENTA: Ez! Ez! Pantxo oraindik bizkor eta itxurakoa dagola esan bear da... Eta zure eskuetan beste tankera bat artuko luke; ta bai txukunago ta alaigo bizi ere. Zu berriz gustagarri zaude...

JULI: Eskerrikasko! Orain nere txanda al da?... Lore ta guzi!

ANABIXENTA: Bai, bai Juli! Ama ez dezu betiko; ta ilko zaizunean bakar, bakarra geldituko bait zera.

JULI: Eta zuk guzia antolatu nai dezu aldez aurretik... garaia irixtean pentsatuko degu...

ANABIXENTA: Pentsatu?.. Al dan gutxiena! Ezkontzeko, apaizaren galderari «bai!» ezatea aski dezu. Kito! Gure amerikanokikoa egingo degu. Nikolas lagun aundia du, ta ezin bitarteko oberik.

JULI: Zeorri ere ez zaitugu makala. Ez dezu iñoren bearrik.

ANABIXENTA: Auzorako nazu ona, baiñan etxean iñork kasu gutxi egiten dit. Seme-alabai alperrik da ezer esatea. Berea egingo dute beti. Norbait etxean gelditzeko esan nioten, baiñan ikusten dezu, guziak apustura joan zaizkit.

JULI: Ez naiz batere arritzen. Gazteak beti gazte. Alako korrikajoku sonatua izaki-ta, nola etxean gelditu?

ANABIXENTA: Alaba bat bederen! Etxean degun lanarekin!

JULI: Gero ere egingo dituzute... (kaleruntz begiratuaz) Norbait badatorkizula dirudi.

ANABIXENTA: Apustura joan ez dan norbait.... Arritzekoa da... Errian beste gizonezkorik bai ote da?

JULI: Zera! (datorrena ezagutuaz) On Nikolas degu-ta!

ANABIXENTA: Uste ez genduena... ta komeni zaiguna. Bakarrik gañera. Ori bear genduen. Gure kontura artuta, atera bear dizkiogu ateratzeko guziak.

JULI: Ez dezaiogun damu arazi apustura ez joana.

 

 

III. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA NIKOLAS

 

NIKOLAS: (sartuaz) Arratsalde on bioi, etxekoak!

JULI: Baita zuri ere!

ANABIXENTA: Ongi etorri gure etxera, iñor gutxi gelditu gera-ta.

NIKOLAS: Zer nai dezu! Ezin egon apustura joan gabe.

ANABIXENTA: Gureai beintzat ez zaie olakotan etxea gañera eroriko. Nun da nere gogoa an da nere zangoa, anka egin didate guziak, zar ta gazte.

NIKOLAS: Jendeak jendea billa oi du. Plaza gañezka beterik dago. Anditxetik nator. Jendearen emana! Zer da ura!

JULI: Neri ere orrela iruditu zait, azkenengo apustuan baño jende geiago dala.

ANABIXENTA: Ez zan bukatuko oraindik?...

NIKOLAS: Bai zera! Asi ere berandu egin bait dira. Azken orduan beti eragozpenen bat sortzen bait da-ta.

ANABIXENTA: Jesus milla bider! Au kezka! Larritzen asia naiz! Zeñek irabaziko duala derizkiotzu?

NIKOLAS: Ez dakit bada. Ni andik pasa naizenean dirua gurearen alde zegon. Ogei amarri oiuka ari ziran.

ANABIXENTA: Ez dakit nola duten barrena dirua orrela jokatzeko. Lanean txanpona irabaztea kostatzen danarekin, eta galtzeko zorian arriskatu... Gogoratze utsak gaxotzen nau.

NIKOLAS: Ez bait zera jatorriz jokalari, goierritar zintzo baizik.

JULI: Orretarako ere jaio egin bear da. Berez bear asteasuarra.

ANABIXENTA: Gure etxekok ondo jaio ta bataiatuak «dare». Aitaren beinkapena dute. Lasa eongo dira eongo diranez! Ni emen urduriago aiek plazan baño. Galtzen badute kontuak! (begitik darion malkoa txukatuaz).

NIKOLAS: Begira Anabixenta, ez zere burua estutu. Zure iritzia esan diezu, ta Jainkoaren eskuetan omen dago guzia. Apustuan, zernai gertatu ere, dirua galtzen da, okerragoa litzake osasuna galtzea.

JULI: Orixe bera esaten diot. Tira Anabixenta! Ez beti kezketan alperrik naigabetu. On Nikolasek berri onen bat ekarriko digu noski...

NIKOLAS: Ez badakizute ere alaxe da, bada. Beste zerbait pozgarrigoaz mintza nai nitzaizuen, bakarrik gauden eta astia degun ezkero.

ANABIXENTA: (Bat-batean alaiturik) Antzematen diot zertaz dan. Eseri zaite eser. On Nikolas, patxaran jardun dezagun. (An inguruan dagon silla bat eskeñiaz).

NIKOLAS: Ni eseri ta zuek ez?... Ondo eman ere! Ez da giza-legea zuek zutik zaudeten bitartean.

ANABIXENTA: Pinkerietan asi zaigu gure «galaia» ta zuk bederen bere aldamenean jarri bearko dezu. (Beste silla bat bertaratuaz).

JULI: Zuk agintzen dezun ezkero, bearko obeditu... (Eseriaz).

NIKOLAS: (Anabixentari) Etxekoandrea zutik gelditzea ez dago ondo.

ANABIXENTA: Etxekoandrea naizelako baditut bada nere eginbearrak eta aurren-aurrena (Nikolasi) zuri kopatxo bat eskeintzea. (Aldamenenera billa dualarik).

NIKOLAS: Eskerrikasko, ez zazula nekerik artu. Ezer edan gabe obeto nago.

ANABIXENTA: (Koñak bonbilla batetik kopatxo bat betea bandejan ekarriaz). Tira! Eztarria bustita obeki esango dizkiguzu zure albistiak.

NIKOLAS: Estimatzeagatik edan zagun bada. (Zurrut egiñez). Ez nuen onen bearrik baiñan, nere argalkeriak baditut, ta zuek ezagutu...

JULI: Errezago itzegin dezazun, iñor etorri aurretik.

NIKOLAS: Zertaz mintza nai nizuen ere burutik joan zait. (Itxurati bekokia beatzaz ikutuaz) A bai! Pantxo gure amerikanoaz jardun genuen.

ANABIXENTA: (Arretaz) Ori, ori! Ortan ari giñan Juli ta biok.

NIKOLAS: Bada nerekiko, ezkondu bearrean dagola nago. Bein gaizki irten bazaio asmoa beste nunbait arki lezake dagokiona... beste laranja erdia.

ANABIXENTA: Aspaldi esaten ari natzaio, gauza bera. Ta gure Mikelekin gertautakoa ezkero geiago.

JULI: Geiegi esatea okerrago izan oi da. Zer egin bear duan badaki.

ANABIXENTA: Olakoak zirikatu egin bear dira idi mantsoak bezela... Akulluarekin! Akulluarekin!

NIKOLAS: (Parrez) Ez gaude apustuan Anabixenta. Berak itzegingo dio noski baiñan gai ortan sartu geran ezkero, konpiantza osoan ta isillik gordetzen jakingo dezutelakoan, esango dizuet, eta batik bat zuri... Juli, Pantxok andregaitzat pozik artuko zinduzkela...

JULI: (Axanpa ta aspamentu egiñez) Ene! Garai onean! Ikusiko litzake!.. Ondo nago nagon bezela!

ANABIXENTA: Kosta zaio erabakitzea!

JULI: Guk beti itxoin bearra... azken arte.

NIKOLAS: Azken itza ordea, zuena izaten da.

ANABIXENTA: Ezetz esango diozula ondo bait daki...

NIKOLAS: Batzuetan batzuetan. Iñoiz gerta oi dira ustegabeak.

JULI: Aspaldi daki nere berri.

NIKOLAS: Adiskide zaarrak zerate eta elkar ezagutzen dezute eta oiek dituzue zorionaren giltzak...

ANABIXENTA: Giltzak, maratilla ta krisketa,... Amerikanoak azkenik txoko ona billatuko du, etxe ta guzi... Ta geiago balio duana andregai maratz ta gustagarria, barruan esku-utsik ez dagoana...

JULI: Lotsa araziko nazu! Urrutiko intxaurrak!!

NIKOLAS: Bertakoak! Bertakoak! Egia besterik ez du esan Anabixentak.

ANABIXENTA: Or ez zan artobero usairik...

NIKOLAS: Zuk, jakiña, ageri jarri nai dezu ezkutuan dagon pitxia, itsuak ikusi dezaten. Edan zagun lenbailen ala gerta dedin, (kopatxoa ustuaz). Zuen osasunera! (Andre biai keñu egiñez!).

JULI: (Nikolasi) Eskerrikasko! On deizula zuri ere!

ANABIXENTA: (Berriz kopatxua beterik) Zure gibela nai nuke nik...

NIKOLAS: Gaxo zamar ote daukadan bada... medikuak dionez... «zirrosis»... edo...

ANABIXENTA: Izenaren itxusia!

JULI: Ori errez sendatzen da ur utsa edanez.

NIKOLAS: Julik medikuntzan ere ba daki...

ANABIXENTA: Nik jakin nai nukeana zera da... apustua zertan ote dan...

NIKOLAS: Gauza erreza emakumea. Radioz ematen ari dira ta bereala entzungo degu. (Barrura sartuaz radio tresna piztu ta itzultzen da. Bat batean radio-otsak txistu ta ardalla nabaituko dira magnetofono bitartez artu eta entzun arazi ditekena)

        Emen Radio Donostia: Entzun! Korrika apustuaren berri ematen ari gaituzue...! (Tartean ots eta jendearen oiu txistu ta deadarrak) Entzun apustua azkenekotan da! (Nikolas eta batik bi Juli ta Anabixentak urduri entzuten dute alkarri begiratuaz).

JULI: Au da zalantza!

        (Radioz berriz) Nork irabaziko duan ikusia dago... Jendetza plaza ustutzen asia da. «Txikia»... gero ta aurrerago doa... (Ots eta ardallak ez dute ondo aditzen uzten).

ANABIXENTA: Jesus milla bider: Nungo txikia esan du?.. isilduarazi zazu tresna ori, Nikolas.

JULI: Gero ere esango digute bai, nork irabazi duan...

NIKOLAS: Itzaliko det bada... Obe, gaizki entzutea baño... (Berriz barrura sartuaz isildu araziaz).

JULI: Jendea datorrela dirudi... (kaleruntz begiraturik)

NIKOLAS: (sarturik) Apustua bukatzen ari dala badakigu.

ANABIXENTA: Bai baiñan... (kaleruntz begiratuta datozenak ezagutzean). Mikele ta dira! Bukatu aurretik datozenean ez da gauza onik! (Estu la larri)

JULI: (Baretu naiez) Zaude lasa. Laister esango dizute... Galduta ere zer?...

ANABIXENTA: Zera! Mixeri gorria! (Malkoa dariola).

NIKOLAS: Gora biotz ori Anabixenta. Alaitu zaite, jende gaztea datorkigu ta...

JULI: Mikele bere adiskidearekin. A zer nolako bikote dotorea...

 

 

IV. AGERRALDIA

 

LENGOAK MIKELE TA JOXE MARI

 

MIKELE: (Sarturik) Arratsalde on! Ama ta konpañia!...

JOXE MARI: Zer modu? (Guziok arpegi goibel agertuaz) Ola (agur eta abar eskua emanez).

ANABIXENTA: Ba al zatozte?...

MIKELE: Bai ba, errian ez zan geldituko zuek besterik apustura joan gabe danik.

ANABIXENTA: Norbaitzuek geldi bear, etxea zaindu ta lanak egiten... Eta ez det ezer jakin nai...

MIKELE: Ordu erdi bateko kontua guzia.

NIKOLAS: Zertan joan da ba apustua?..

MIKELE: (apalkiro) Aurretik dijoa naparra...

JOXE MARI: (Berri txarra arindu nairik) Baiñan oso alde gutxi...

JULI: Buelta asko falta al zituzten zuek atera zeratenean?...

JOXE MARI: Bira pare bat edo...

NIKOLAS: Orduan bukatua dute apustua.

ANABIXENTA: (larri) Bukatua ta galdua! Ai ene! (naigabeak eman da sillan eseriaz) Esaten nuan...

MIKELE: (Amarengana urbildu ta laztanduaz) Ez orrela jarri amatxo! Apustua probintzianoak galduagatik, gure gizonak trabesak irabazi izan litzateke.

JULI: (au ere Anabixentaren alboan adoretu naiez) Jakiña! Mikelek arrazoi du (Bitartean bazter batean Nikolas eta Joxe Mari berekiko jardunean ariko dira)

ANABIXENTA: (Arnasa artuaz) Ai ene! Bukau barik etorri zeratenean susmo txarra artu diot...

MIKELE: Azken aldera zalaparta aundia izaten da-ta lentxeago atera gera.

ANABIXENTA: Ez gurea aurretik joan izan balitz! Barruak esaten zidan bai, au korapillua nabaitzen nun estomau zuloan...

JULI: Laister jendea etortzen asiko da, ta sukaldean eserita obeto egongo zera. Zerbait berok on egingo dizu.

MIKELE: Bai ama! Goazemazu! Manzanilla egingo diot anisetea bizigarri erantziaz.

JULI: Alaxen da. Tira Anabixenta! (Juli ta Mikelek besotik elduta daramakitela).

ANABIXENTA: Zer gertau bear zun ikusia zegon... Galduak gaituzu! Etxea berriz lur jota... (bijoaz).

NIKOLAS: (Joxe Mariri) Azkar ez badu usaindu ba... Ona da bera!

JOXE MARI: Nik ere uste det, naparra geiago dala oraingoz...

NIKOLAS: Edozeñek daki. Eztabaida oietan ez det sartu nai izaten ta goazen gu ere barrura apustu zaleak etorri aurretik. Izango da emen ardalla!

JOXE MARI: Nik ere, nere andregaiari jarraitu bearko diot. (Bijoaz).

NIKOLAS: Egun ederra, amagiarrebari alabaren eskua eskatzeko.

 

 

V. AGERRALDIA

 

PANTXO AMERIKANOA ETA ELOY

 

ELOY: (Sarturik) Osaba, obe degu azkeneraño gelditu ez geran. Zertarako? Apustua galdua zegon, eta ez da atsegiña norbaitzuen poza ikustea.

PANTXO: Berrogeitamargarren buelta arte, ondo joan da gurea, pauso luzea emanaz... lasa, lasa...

ELOY: Bai, naparrak abiadura gogorra artu duan arteraño. Andik aurrera bentaja atera dio, ta geiago dala erakutsi digu; anka zaiñez eta bular-arnasez...

PANTXO: Esan diteke. Alaxen da bai! Ez det uste gureak tongorik egin duanik. Pin jokatu du, bestea geiago izaki ordea... Nun eta Joxe Trapuk eta... zatarkeriren bat egin ez duten. Marka au ta bestea puskatuko zituela. Guzia gezurra! Trabesa danak galdu ditut!

ELOY: Apustu zaleekin bazabiltza, zurrupatuko dizkitzute txanponak. Joxe Trapu ta gañerakoak etxetik bidaltzea onena genduke, bestela ez degu bururik altxako... Aitari gaur bertan esan bear diot!

PANTXO: Ederki egiña! Nere anaiak neri ere entzun bear dizkit. Alde bitara irabazian jarriko ninduala... ta bietara galdu! Azkenekoa da!

ELOY: Damurik, gure amak izango du naigabe miñena! Onuzkero guzia badaki ta gaitza egingo zitzaion... Gure arreba Arantxa berriz... «como si no», aitaren alaba bait da... asteasuarra.

PANTXO: Arrazoi dek mutil! Berakoetxe kastakoa dek, gu bezela ta odolean zeramakiagu griña... I bearrik amaren aldekoa atera aiz... zintzo, langillea, segurarra...

ELOY: Bearko! Nunbait gure egitekoa besteen makurrak zuzentzea ta besteek txauturiko dirua bilitzea da.

PANTXO: Agian bai. Joanak, joan! Arpegi eman eta aurrera! Orain etorriko zaizkiguk etxe-ondatzailleak, irabazi balute bezela sariak jasotzera...

ELOY: Gure etxekoak eskarmentatuko balira... au lotsa! Or ibilliko gaitue aotan...

PANTXO: Ni ez naute ba berriz arrapatuko. Ez ditut begiz ikusi nai!

ELOY: Onuntz datoz ba garailleak... oiu eta irrintzika gañera. Ez al dituzu entzuten?

PANTXO: Goazen barrura egin zatela marru, zintzurra larrutu arte (mutis asirik). Basa mandako ez bestenak!

 

(Oiu deadar batzuek entzun bitez jendearen ardalla ta iskanbillaren artean Eup! Txikia! Biba Naparra!) Probintzianoa kuku!

 

ELOY: Au lotsa! (bijoaz).

 

 

VI. AGERRALDIA

 

KLAUDIO TA JOXE

 

KLAUDIO: Ez zat gogoko, or plazan ibiltzea oiu ta marru! Gerora gabe, apustuaren garbitasuna egin ta lenbaitlen etxera. Ez dut okasiorik sortu nai...

JOXE: Ori da gastatzeko beldurra dezuna! Naparrak irabazita nai litzake mokau bat jatera konbidatzea...

KLAUDIO: Orretarako dirua jaso bear leenik...

JOXE: Esku onetan dago gizona! Siñaleak erriko sekretarioak ditu, ta jasoko dituzu guziak.

KLAUDIO: Damu det geiago ez jokatua. Gaurkoz ez da belarraren gaiñean gureari irabaziko dionik.

JOXE: Bolara ona daramaki, aitortu bear da bai. Esan nizun... giputza aldarte txarrean zegola...

KLAUDIO: «Aldrebes» bai, esan zenidan, zuk. Emonio! Eskerrak neronek begiz jota neukanari egin niola apustu, bestela toki onean nintzen...

JOXE: Nik bakarrik aitatu nizun, trabesak probintzianoaren alde zeuden eran, bi aldetara irabaztea gerta zitekela.

KLAUDIO: Olako biurrikeririk ez zat buruan sartzen. Aski izaten dut alde batera irabaztea. Onela gertatu dalako, arrantxo bat nere kontura artzera konbidatzen zaitut.

JOXE: Konporme! Bejuandizula Klaudio! Eskarrikasko! Banekin naparrak eskuzabal zeratela...

KLAUDIO: Aldiz aldiz... zurrak ere zaldiz... Sartu gaitezen, sartu ostatura.

JOXE: (Losintxaz) Garbi irabazi dezute. Ez dago zer esanik.

KLAUDIO: Galdu ere alatsu egingo nizun.

JOXE: Banekin eskuzabala ziñala. Bejuandizula, Klaudio, zuretzat ez da egun txarra izan. Etxe ontakoak ez dute beste orrenbeste esango. Ez nik ere! Zer egingo zaio! Suerte txarra! (sartuaz). Edan zagun! Guk naigabea laburtzeko; zuk poza luzatzeko.

KLAUDIO: Goazen bada! (sartuaz).

 

 

VII. AGERRALDIA

 

MIGEL MARI ETA ESTANIS

 

(Burua makurtuta apal antzean agertzen diralarik)

 

MIGEL MARI: (Zakar) Esaten nian, Martin, ik gobernatu dekan bezela ez zezakela marka onik egin! Ta ala gertatu ere! Ederra egin diagu! (isilunea), (berriz ekiñaz) Nola nai uan gureak naparrari irabaztea obeto mantendu gabe?... Itzegin zak!

ESTANIS: (gogo txarrez itzegiñez) Ez da ori aita! Korputzaldi txarra egokitu zaio ta...

MIGEL MARI: Gutxiegi jan dualako. Txuleta bat eta arraultz bat otorduko ez bait da ezer. Aragi geiago ta jakia ugari bear du gizonak indarra izateko. Auleriak galdu du.

ESTANIS: Sabela beteta ez da obeto korri egitea, biotz biri ta arnasa sendotu bear dira eta zanko iztarrak zaildu. Martinek ez du apustu txarrik egin, baiña naparrak geiago dala erakutsi du.

MIGEL MARI: Nere kontura artu izan banu sistema zarrean, irabazteko moduan zan...

ESTANIS: Illabete beranduago joka izan balu ere bai, ez det ezetzik esaten saiaketak urri; entrenamenduak utsegin dio...

MIGEL MARI: Ez aiz i atarramentu makala! Urrena mutilla ez diat nere eskutik utziko. (Ezin etsiz) Napar koskor orri irabazi ez!

ESTANIS: (Isilunea berriz eta ondoren beldurrez edo albora begiratuaz) Gauza bat esan bear dizut, gurekiko. Korrikalari batek andregairik ez izatea obe. Ta baldin badu ere, ez dedilla aldamenean bertatik bertara egon.

MIGEL MARI: Zer esan nai dek garbi?

ESTANIS: Urrena apusturik baldin bada, Arantxa aldi baterako etxetik kanpora bidali bearko degula.

MIGEL MARI: Gu ez bagaitue bidaltzen bai! Ez gaitezen sartu emakumezkoekin... Gaur ez dek atsegin izango gure etxekoekin beñepein...

ESTANIS: Galdu degulako, etxean sartu gabe ez gera kalean geldituko. Galtzen ere jakin egin bear da...

MIGEL MARI: Galdutako trabesak ordaintzen ere bai! Klaudio or izango dek onuzkero luzeiritxirik...

ESTANIS: Osaba Pantxo, On Nikolas Sekretarioa, Eloy ta guziak or dira. Sartu zaite aurretik aita (bultzegiñaz).

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

MARTIN KORRIKALARIA TA ARANTXA

 

(Astiro datoz, Martin nekatu itxuraz burua makur)

 

MARTIN: Zer ote da galtzea! Ez dit iñork itxoin zuk ezik.

ARANTXA: Ezta bear ere! Orrela bakarrik utzi gaitue. Pakean gure gauzaz mintzatzeko.

MARTIN: Ez daukat gogo aundirik. (kezkaz) Garaille irten izan banintz jendea bilduko zan eta txaloka eta aidean ekarriko niñuten etxeraño.

ARANTXA: Ez da izan zure errua. Zuk ez zenduen jokatu nai oraindik. Aitak eta anai Estanisek bultza zaitue.

MARTIN: Beste illabete parean obeto jarriko nintzan. Larraungo Txikia aspaldidanik zebillen saiaketan eta noski zailduagoa dago oraingoz ni baño. Damu det ainbeste diru nere alde jokatu dutelako.

ARANTXA: Zure alde edo azari beltzaren alde. Gauza zan jokatzea! Ez estutu orregatik. Alegiña egin dezu ta.

MARTIN: Ta azkenekoa da. Bai, Arantxa erretiratzen naiz apustutatik, eta orrela zurekin lasago ibilli al izango naiz.

ARANTXA: (Musin) Ni... besterik ez dezunerako...? Utsaren urrengo.

MARTIN: (Maite-maite egiñaz) Zu lenengo, nere pertxenta... Korrikari utzi-ta lanean asiko naiz geiago itxoin gabe lenbaitlen ezkondu gaitezen. Laisterketa ori bai, irabazi nai izan det zurekin ezkontzeagatik.

ARANTXA: Ortan ere nere aizpak aurrea artuko dit. Eta apustua galdu dezulako gure etxekoak ez digute laguntza ta erreztasun aundirik emango.

MARTIN: Iñork ezin esango dit, «tongo» egin detanik. Ta arpegi txarra jartzen badidate ez naiz geiago sartuko etxe ontan.

ARANTXA: Gaur bai beintzat, naiz arpegi txarra jartzen badigute ere. Izerditan zaude ta oztu baño len arropak aldatu ta berotu ondoren zerbait artu bear dezu.

MARTIN: Bai baiñan, ez det nai joan sukaldera, guziok bilduta dauden lekura. (barrendik datozen otsak entzunaz) Iskamilla ona dabilkite barren ortan!

ARANTXA: Atzeko atetik gora igoko gaituzu (aruntz abiturik) Norbaitzuek ba datoz...

MARTIN: Goazen bada, topa ez ditzagun. Galdua galdu! Auxen da naigabea.

ARANTXA: Ez daukazu zertaz lotsaturik. Ni ere etxeko alaba nazu... (bijoaz)

 

 

IX. AGERRALDIA

 

NIKOLAS TA PANTXO

 

NIKOLAS: (Paper bat atera ta luma batekin kontuak egiñaz) Beti da gauza txarra kontuen zuriketa egitea. Siñaleko dirua utziko diet, eta or konpon ditezela!

PANTXO: Neri beintzat apustua galtzea gaizki etorri zait. Bost milla durotik igoko dira.

NIKOLAS: Galerak errezago igo oi dira irabaziak baño. Ez jokatu ta kito! Nik ez det zer ikusirik...

PANTXO: Nere anaiarekin ezin ditekena da ordea. Sartzen da leporaño ta zer ikusi ez degunok ere sar arazten gaitu kokotzeraño.

NIKOLAS: Uzkur egiten jakin bear. Orretatarako ez dago, diruz urri ibiltzea bezelakorik.

PANTXO: Ez naute berriz arrapatuko. Ez ala Jainkoa! Ez nuen garaiz ezetz esaten jakin. Tartean Mikeleren arazoa genbilkigun eta...

NIKOLAS: Ez ala diabrua! Ez bestena! Arrisku aundia du maitasun gaiak diru kontuekin naastutzeak. Interesa alde batetik dijoa, biotza bestetik... Zaarrak asmo bat dizute, gazteak bestea...

PANTXO: Bai, aitortzen dizut, Mikele gazteegia zala neretzat; edo ni zaarregia arentzat. Urteetan alde aundia alkarren artian.

NIKOLAS: Ta illoba dezula. Famili-arteko ezkontza oriek... Ta batik bat zure anaiaren alabarekin bi korapilloko txibistoa izango zenduen. Eta sakela ustutzea irugarrena.

PANTXO: Ez, ez! Orain zirt edo zart eginda azkatuko ditut guziak.

NIKOLAS: Bai bañan zalapartarik gabe. Gure urtetan bare ta astiro artu bear dira erabakiak.

PANTXO: Al danean al dantxoa, Nikolas. Ez daukat itxoiterik. Ameriketatik datozkidan berriak ezin ta txarragoak dira. Emen galtzen, eta Arjentinan ditudan pesoak errekara. Alderdi ederra lasai egoteko.

NIKOLAS: Ala da, bai. Buenos-Airesko berriak ez dirudite onak. Orduan ta geiago bear dituzu, burua otz ta gibela aundi...

PANTXO: Ez dakit burua ta gibela, baiñan eskua itxi ta sakela, areago oraindik, estutu bearko ditudala bai.

NIKOLAS: Geiegi estutzea ere txarra da. Ez itotzeko, kezkak aizetzea, asmoz aldatzea dezu onena.

PANTXO: Aizeak ez dizkit zorrak ordainduko (karteran dituan diruak aztertuaz).

NIKOLAS: Ez dituzu orrenbesterañokoak (isilunea) Emen ditugu artzailleak.

 

 

X. AGERRALDIA

 

LENGOAK, KLAUDIO TA JOXE TRAPU

 

(Sartu berriak alai datoz eta Joxe Trapu batik bat edariak artua)

 

JOXE TRAPU: (Pantxo bizkar gañean eskuaz joaz) Kaixio lagun zarra! Bazaudetela (Koipe jario) Ain zuzen Klaudio kontuk egitera oraintxe dator.

PANTXO: (Bultza egiñez zakar) Utzi nazazu pakean.

NIKOLAS: Bai gizona bai! Zu ez zera iñor; ta berdoztuta gutxiago. Klaudiok du itza.

KLAUDIO: Ba... etxera joan nai nukeala lenbailen eta apustua irabazi dugun ezkero «siñaleak» jaso bear ditugula edo...

NIKOLAS: Ortaz ari giñan mintzatzen On Pantxo ta biok. Neri gordetzeko emandakoak erriko etxean daude, ta paperak dion eran irabaztunak jasoko ditu diruak. (Klaudio ta Pantxo elkarrekin itzbidean)

JOXE TRAPU: Bien «sekirtayo» (txilbor aldean beatzaz zirikaturik) Zu zera gizona.

NIKOLAS: (Asarrexko) Emen ergelkeri gutxi, zera... Trapu. Ta ardo geiegi edan baldin badezu zoaz lotara.

JOXE TRAPU: Ez asarretu On Nikolas. Diruak ez dirala nereak! Ameto! Konprome! Klaudio da nagusia. Oni eman ta kaixio motel! Aufa!

KLAUDIO: (Joxe Trapu baztarrera jaurtiaz) Isilik zaude! Ez degu sesiorik bear-ta. Dirua jaso ta etxerako bidea artu.

NIKOLAS: Ez zera eskutsik joango. Bakoitzari berea da zuzenbidea. Ez egon luzeiritzik.

JOXE TRAPU: Ori da itzegitea! Ez-da apaizak ere! Ori da arrazoia!...

PANTXO: (Klaudiori) Ez det iñorekin zorretan geldi nai izaten; nere diruaren jabe naiz.

JOXE TRAPU: Amerikano aberatsa bait da; ez du mokoka ta muturra jarriko dion emazterik etxean... (ergel par egiñaz) Ja! Ja! ja!

PANTXO: (latz) Ez emazte ta ez zuk bezelako mozkorrik gañean... (Bultzaka bazterrera botiaz) Zoaz emendik ergel alena ez bestena! Kalera! (ai! ai! egiñaz bazterrean etzaten da).

KLAUDIO: (Pantxori) Ez egin kasorik! Kopa batzuek edan ta gogaikarri jartzen da...

NIKOLAS: Ez badu aldegiten, kartzelan sartu araziko degu ta pakea!

PANTXO: (itun) Toki onean sartu nintzan. (Joxe Trapu begiratuaz) Ori zan nere anaiaren adiskidea ta laguntzaillea apustuan...

 

(Klaudio ta Nikolasekin isilean jardunaz)

(bitartean Joxe Trapu zutiturik)

 

        (berekiko) Nik zer egin dizuet bada? Kalera botatzeko. Apustua ola izan oi da.

                irabaztuna armonin

                galtzaillea agonin

                ez jokatzea obe zin!

NIKOLAS: Bai! Oa ikullura! Etxekoak ez ditezela kontuan erori. Goazen kontzeju etxera, obe izango degu.

KLAUDIO: Bai, baiñan nik ez dut «sesiorik» bear.

NIKOLAS: Badakigu zuk zer bear dezun... txanponak, sosak... Goazen! Eskuratuko dituzu.

PANTXO: Emendik ateratzeak on egingo digu. Egurastu ta burua arindu zagun. (bijoaz Joxe Trapu bakarrik bazterran utzita).

 

 

XI. AGERRALDIA

 

JOXE TRAPU, GERO ELOY,
MIKELE TA JOXE MARI

 

JOXE TRAPU: (Erdi balantzaka kantatu beza). «Ez da filosoforik ez teologorik ardoari neurria artuko dionik» (edo beste edozein ardo kanta Klaudioren ta atzetik joan naiez. Azkenik berriz erori bedi bazter batean)

ELOY: (Sartuaz) Soñua zan or! Norbait erori ote dan iruditu zait.

MIKELE: Norbait?... (Joxe Trapu ikusirik) O! Ori ez da norbait! Ori da zerbait! Zaragia edo!...

JOXE TRAPU: (abestuaz) (jaiki naiez) Ai zagia, zagia, zagia; ai zagia pustuta, Zerbait ala norbait... Joxe Trapu naiz bai!

ELOY: Kankar ederra daukazu. Ori apustua galduta. Zer ote zitekean irabazi bazenute?...

JOXE TRAPU: Ez da mozkorra ez! Bultza-ta bota naute.

JOXE MARI: Ez gizona. Ori atxurra dezu. (Eskua emanez) Altxa zaite.

MIKELE: Zutik egoteko gauza al da ba...

JOXE TRAPU: Bai andrea! Gauza naiz! (balantzaka ibilliaz) Ta banoa... etxe ontatik bidali nautelako.

ELOY: Bialtzeko obea zaude. Zeñek bialdu zaitu bada?

JOXE TRAPU: Pantxo amerikanoak eta...

ELOY: Ederki egiña! Ta ez bazendu emen geiago oñik jarriko poztuko giñake. Zuen apustu ta temakin etxea ondatu bait dezute.

JOXE TRAPU: Nere bizi guzian zuen aitari laguntzen ibilli nazu.

ELOY: To! Laguntza ederra! Zoaz bai emendik eta ez etorri deitu arte.

JOXE TRAPU: Banoa... (dijoala) Baiñan ez uste apustua neregatik galdu danik... Zera. «Konpañeo».

ELOY: Zuk ez dezu beñere galtzen. Apustua izan ezkero, jan edanean bapo ibilli ta ajola gutxi! Beti irabazian.

JOXE TRAPU: Konporme! Baiñan nik ez det joku zikiñik egiten. Joxe Trapu ez da saltzen (bijoa).

ELOY: Zatar, trapu garbirik saltzeko balu...

 

 

XII. AGERRALDIA

 

ELOY, MIKELE TA JOXE MARI

 

MIKELE: Bereak eta bost esan dizkiotzu Trapu zar orri! Nik ez dakit gure aita nola fio dan orretzaz.

ELOY: Gure aita? Edozenek ingañatzen du. Gaur entzun bear dizkit ba, naiz gure aita izan. Ea beingoan eskarmentatzen dan. Antza eman diot nigandik igesi dabillela. Eta amaren aurrean azaldu nai ezik. Lotsatuta-edo...

MIKELE: Bai zera. Orretara jarria dago ta betiko lepotik burua.

JOXE MARI: Ez al da ba erriko-etxera joan besteekin?

MIKELE: Ez! Barruan gelditu dira elkarren kidakoak: Estanix, Arantxa ta Martin korrikalariarekin.

ELOY: Ez ditzala amak ikusi. Bestela...

MIKELE: Onuzkero berdin da. Guzia badaki.

JOXE MARI: Ark isuri bear malkoak.

ELOY: Oriek ditugu apustu ta jokuak ekartzen dituan negarrak.

MIKELE: Gauza da, senarra ta seme kutunari gure amak ez diela itzik esaten. Guk ordaintzen degu erru guzia. Ta arpegi txarra ikusten.

ELOY: Ixo! (norbaitzuek datozela oarturik) Emen ditugula, errugabeak, uste det.

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

LENGOAK ETA MIGUEL MARI,
ESTANIS, ARANTXA TA MARTIN

 

MIGEL MARI: (Ajolakabe) Etxeko guziak ea emen bildu gera. Orain oraingoak, gero... Etxekoandreak bazkari ona prestatu badigu...

ELOY: (Kopetillun) Isilik egon bedi! Ez dio amak entzuten. Andrea lanez lertzen ta senarra apustu ta pestan dirua ondatzen.

MIGEL MARI: Irabazi ez degulako nola egongo dan pentsatzen det... Diru-zalea da-ta...

MIKELE: Ori ere aditu bear gendun! Kopeta bear ori esateko ta (Estanisi) zuk utzi ori esaten... (Joxe Marik ez dio uzten jarraitzen).

ESTANIS: Irabazi izan bagendu pozik artuko zituen apustuko diruak. Zuek bestela... estraperlo edo tratu beltzetik ateratzen badituzute eman ta kito.

ELOY: Bearko atera, ta lanetik gañera, eta ez zuek bezela jokutik. Eta alperkerian egon da! Toki onera dijoa gure etxea ta gure ama gajoa...

ARANTXA: Nik laguntzen diot sukalde ta etxeko lanetan. Gaurko apustua Martinek galdu badu ez da bere errua izan.

MARTIN: Nezakean guzia egin det. Ez nuen korrika, apusturik joka bear beste amabost egunean...

MIGEL MARI: Bein eguna jarrita gero ez zegon atzeratzerik! Itza emandakoan eutsi bearra dago, edo ta bestela siñalea galdu bearra... itza ez ezik...

ELOY: Zuek dana galdu dezute: trabesak, siñale ta lotsa. Gañerakoak ajola gutxi etxea lur jota uzten badezute.

ESTANIS: (asarre) Ik lanean jakingo dek eta dirua irabazten ere bai, baiñan ez dek apustuaren berri, anai! Ez aiz beñere olinpiadetan izan, an ikasten dek «Tecnica».

ELOY: Ire tenikarekin toki onean gelditu zerate. Zera...

 

(Estanis ta Eloy eztabaidan diardutela).

 

MIKELE: (kementsu, anai biai) Ez asarretu, anai artean. Pakea bear degu etxean, naiz apustua galdu bada ere. Aski degu kopeta illun ta arpegi txarrez. (Bere senargaia aitatuz) Joxemari ta biok ez gaituzu etorri apustura baizik etxera agertu bat egitera. Guziok nere senargaia ezagutu dezazuten. (Migel Mariri) Aitak batik bat... Au det nere Joxe Mari!

MIGEL MARI: Ez dezute egun apartekoa aukeratu, baiñan tira! Bostekoa ezin ukatuko diogu. (eskua luzatuaz) Kaixio gazte! Ongi etorri. Gure etxean ez degu gaur jai, baño...

JOXE MARI: Ni etxearengatik baño alabarengatik etorria nazu, jakiña, ta ortaz gañera gurasoak agurtzera.

MIGEL MARI: Ez da gurea dalako bañan andregai oberik ez zenduen aisa arkituko. Langille ta maratsa... amaren antzekoa omen da... Orregatik ez dituzu ondo konpontzen elkarren artean...

MIKELE: Aita! Isilik zaude. Ni ernearazi ta lotsatu arazi baño len. Zer esan bear ere zure... sui-gaiak (Joxe Marirengatik).

MIGEL MARI: Onuzkero ba daki bai emengo berri, ta (Mikeleri) ta zu ezagutzen zaitu.

JOXE MARI: Ala uste det. Pizka bat beintzat.

MIGEL MARI: Oso dezu pertxenta, gero! Neskatxa bikaiña. Osabak ere pozik artu izango zuen emaztetzat.

MIKELE: Baiñan aita! Zertarako aitatu bear zuen aztuta zegon arazoa...

MIGEL MARI: Zure senargaiari adierazteko lenago ere proporzio onak izan dituzula. Ikusi zala ez naizela dioten bezin «etxekalte».

JOXE MARI: Guzia banekin eta zuk esandakoa ontzat artzen dedanez lenbailen ezkondu nai genduke. Ez da ala Mikele? (begiratuaz).

MIGEL MARI: Baimena ematea ez da nere egitekoa. Etxekoandreari eskatu bearko diozute. Nere aldetik...

MIKELE: Orretara etorri gaituzu bada. Amarekin pakeak egitera.

MIGEL MARI: Ea orrekin apustukoa aztutzen zaion. Arantxa ta adiskideari aztu zaioten bezela... Begira zer gozo dauden... Ondo aitaren alaba aiz bai! Or daude «como si no». Zer ote da maite-miña izatea! Ama laguntzea ez da joango ez! (abestuaz)

                «Ama begira zazu

                leiotik plazara!».

ARANTXA: (Oartuaz) Guregatik ari al zerate? Goazen...!

MARTIN: Ni banoa ta gelditu zaite zu etxean (Abituaz).

ELOY: Garaia da guziok ere sartu gaitezen. Alperrik gaude emen.

ESTANIS: (Martini) Zu Maraton-korrikalaria zera ta ez amar milla metro plazan egitekoa. Pisuegia zaude...

ARANTXA: Ni ez det nai bada geiago flakatu dedin... (Arantxa ta Martin bijoaz).

MIGEL MARI: Au dek au komeria!

ELOY: Ama badator eta ez dakigu nola bukatuko dan eguna.

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

LENGOAK ARANTXA TA MARTIN EZ EZIK,
ANABIXENTA TA JULI SARTU BITEZ

 

JULI: (Etxeruntz joana naiez) Noan! Nere amak zer esan bear duan ere! Unetxo baterako etorri naiz eta ordu erdia daramakit.

ANABIXENTA: Zure bearra izan det nere etxekoak seme-alabak bakarrik utzi nautelarik. Esaiozu amari ez dizudala lenago joaten utzi.

MIKELE: Ama! Gu ere aspaldian etorriak gera.

JULI: Ikusten? Emen dituzu guziak eta banoa... (abituaz)

MIGEL MARI: Emen gaude baiñan badago zuretzat lekua, Juli...

JULI: Gure etxean zeregiñik ez banu bai. Emen famili ederra bildu zerate ta gurean ama bakarrik gelditzen dala, zerbait gaizto gertatuko zaiola kezka sartzen zait.

ANABIXENTA: Zoaz orduan Juli. Gizonezkoak ixilik daude ta ez da gauza onik.

ELOY: Ez gera guziak batean itzegiten asiko.

MIGEL MARI: Naikoa mintzatu gera. Orain etxekoandrearen txanda da.

ANABIXENTA: (Senarrari begiratu zorrotzez) Bai, eta nai badezu ta nai ez badezu entzun bearko dituzu zureak eta bost! Ajolakabe ez bestena.

MIKELE: Bai ama! Esango dizkiotzu emen kale atarian azaldu gabe. Etxeko lixuba etxe barnean garbitzea obe.

MIGEL MARI: Semeok itza nere alde aterako al dute! Estanisen esana egin degu.

ESTANIS: Batzuetan! Beste ollar batek egingo zuen kukurruku...

ELOY: Ori bear degu! Aita-semeak burrukan astea! Mokoka.

JULI: Arrazoi du Eloyk. Tira, zaudete pakean eta biar arte Migel Mari. (dijoalarik).

MIGEL MARI: Amar kilometro gutxi dira. korrika luzean berriz, «Marianto»n dalakoan errez irabazi izango zuen gureak. Urrena bearko.

ESTANIS: Maraton aita! Berrogei kilometro.

ANABIXENTA: Zer Maraton ta zer Kriliison! Obe zenuteke errosarioa errezatu.

JULI: Ori esan. Amen eta Ora pronobis: banoa (dijoala) Amen!

MIKELE: Eskerrikasko amari egin diozun laguntzagatik.

ANABIXENTA: Bai noski. (Julirengatik) Zure bearra izan det egun trixte ontan. (malkoa dariola) Zoaz ondotxo.

GUZIOK: Arratsalde on! Bai. Urrenarte! Eskumuñak!

 

 

XVI. AGERRALDIA

 

JULI EZ GAÑEANTZEKO BESTE GUZIAK

 

(Isilunea)

 

MIKELE: Bat batean isilik gelditu gera. Aristian alako eztabaida. Tira ama ez bedi orrela goibeldu. Nik berri onak eman nai dizkiot. (Amarengana urbilduaz besarkatzen du).

MIGEL MARI: (Beste muturrean) Gure andrea isiltzen danean, ainbat gaizto! Ordun ez da gure Anabixenta, Madalena baizik.

JOXE MARI: Beti ezin izan bada itzegiteko gogorik.

MIKELE: Orretara etorri arazi zaitut etxera guziokin itzegin eta ezagutu zaitzaten.

ANABIXENTA: Egun txarrean!... Egokiera onean gaude-ta...

MIGEL MARI: Ongi etorria egin bearko diogu beintzat. (Ezkongai gazteai) zuen artean konpondu zeraten ezkero gurekikoa ere antola bearko degu, etxekoandre! Alaba galdu ta semea irabazi. Au ere jokua da.

ESTANIS: (besotik eutsirik) Mingain ori, aita! Ez ankarik sartu!

JOXE MARI: Ni zuen etxean sartuaz, ez nuke nai ezer galdu dezazutenik. Eta are gutxiago alaba. Gure ezkontza guzion irabazirako dedilla. Uste ontan nator.

ANABIXENTA: (bat batean aria artuaz) Galdu-irabazia gure etxean geitxo entzuten ditugun itzak dira. Beste bide seguragoa ikusi nai nuke lana; astero jornal mordoska jakiña, illero puntu ta gañerako laguntzak, meriku ta botika gaxotasunean, eta abar. Ori da pamilia aurrera ateratzeko bearrezkoa.

JOXE MARI: Oraindik osasunean gaude eta lanak ez nau ikaratzen. Badaki ondotxo Eloyek.

ELOY: Bai ama! Gurekin tratuan aritzen da. Txanpon ederrik ateratzen du txatarra biltzen... eta saltzen.

ANABIXENTA: Txatarra ala pattarra berdin zait. Gauza da irabaztea.

MIKELE: Ni ere ez nazu «zuntzuna» ez nazute oitu alperkerian.

ANABIXENTA: Danaren bearrean izango zerate. Bizimodua zailla dago. (senarrarengatik) Gure gizonezkok kontun erortzen ez badira ere. Or daude biak... Ala bearrez.

MIGEL MARI: (bere bazterretik) Guregatik ari ote diran natxiok seme! (andreari) Zerbait gutzaz nai ba dezute?...

ESTANIS: Marmaizoa ugari!

ANABIXENTA: Entzun nai ez badituzute zoazte aita-semeok atariko aizea artzera...

MIGEL MARI: Ori da etxetik bialdu bearra. Goazen seme, burua arintzera.

ESTANIS: Norbaitek ankak ariñago ibilli izan balitu ez giñan onela arkituko.

MIGEL MARI: Ekaitza pasa bitartean baratzan letxu batzuek bilduko ditugu gero barrena prexka dezagun.

ESTANIS: Lenago ere dutxa artua degu... (bijoaz).

MIKELE: Ama! (besarkatu ta musu emanez) Aztu bitza orain artekoak. Emendik aurrera bizi modu berri bat asiko da etxe ontan. Ezkondutakoan ere, emen izango du beti alaba, laguntzeko.

JOXE MARI: Eta suia... (besarkaturik onek ere)

ELOY: Eta seme kaskar au (besarkatuaz)

ANABIXENTA: (Malkoa dariola) Beste ondatzailleak ez balira!

 

OIALA (geldiro)

 

aurrekoa hurrengoa