www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Iruñxeme
Antonio Maria Labaien
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Teatro osoa euzkeraz (I), Antonio Labayen. La Gran Enciclopedia Vasca, 1976

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO EKITALDIA

 

        (Letradu lan-gela, Mezkiriztar Perminen etxean. Idazteko mai bat baztar batean. Ormetan liburutegia. Aurre-aldean zenbait eser-leku ta besaulki. Zokoalde geiena, egutera leio aundi batek artzen du, bertatik eguzki argia bete betean sartzen dalarik. Urrutira enparantzako etxe batzuek ikus bitez; ta al bada Naparroako Aldundi jauregia.

        San Permin aurre-eguneko goiza da. Oraintsu orain.)

 

 

I. AGERRALDIA

 

Permin eta Itziar.

 

PERMIN: (Batetik bestera dabillela, kezkati ta aldarte txarrean) Au lotsagarria da! Oraintxe ez dakit zer egin mutillarekin! Zer esango duten ere Iruña guzian nere adiskide ta nere... etsaiak! Aurtengoz iru urte galdu dizkit seme ajolagabe orrek. Kaskallu alena! (Amorruaz) Ez det geiago ene begi aurrean ikusi nai!

ITZIAR: Ez zaitelaa orrela aserratu. Zer egingo degu bada. Urrena izango da. Onenean...

PERMIN: (Zakar) Ezta txarrenean ere! Ta isilik zaude geiago aserratu nai ez banazu. Asper-asper egiña nago. Gañera sutzen nauena, bera lasa-lasa etorriko zaigula ala bearrez. (Ukabillaz mai gañean zartako bat joaz) Ez ba! Ez diteke onela utzi.

ITZIAR: (Otxan) Ez purukatu beintzat maia ta zere eskua. Gero ere bear dituzu. San Perminetan gaude ta egun oiek igarotzen utzi itzazu-ta...

PERMIN: Ortakoxe nago! Ez! Gaur bertan Ameriketarako txartela eskatuko diot. Dijoala emendik, lenbaitlen, bizitzen ikastera, bederik, liburuak ikasi nai ez dituan ezkero.

ITZIAR: Geiago okertuko zaigu. Emen beti esamiñetan ondo atera oi zan. Buruz motela balitz, bañan...

PERMIN: Orixe ezin det eraman: alperkeri ta jolasetan astia ta dirua galtzea. Urtea urtean buruan.

ITZIAR: Lagun txarrekin biltzen da-ta.

PERMIN: Bara ere ez da zuzena. Guziak alkarren kideak izango dira. Zorakeriz aski degu. Alperrarena egite ori amaitu da. Madrid eta madriltar adiskideei egin dezaieke betiko agur!

ITZIAR: Izan ere zorigaiztoko Madrid ori gazteentzat txarra bait da; usteldua bait dago. Beste tokiren batean Salamankan edo... Nere aizpa monja an dagola agian...

PERMIN: Baita, Unamuno ere!... Ez al dakizu Menditako injenierotza Madriden... ezik ez ditekela ikasi; baso ta mendi gutxiena dagon lekuan.

ITZIAR: Bai amaika mutil galtzen dira antxe.., Emen unibersidaderik bagenu... Garaia da. Estatutoa bear degu ortarako.

PERMIN: Bai, bañan izan bitartean Eneko, Ameriketara bidaliko det. (Erabaki sendoz) Erabakirik daukat; Kristobal Aztizen etxera, Haitira.

ITZIAR: Betiko leloa dezu ori. Orain San Permiñak igarotzen utzi itzazu ta gero...

PERMIN: Jaietarako gaude. Ori ez! Mutillak egin duana egiñaz gero, San Permiñetan Iruñan: ez!

ITZIAR: Azken urtea baldin badu...

PERMIN: Urte guzian jai egin digu. Ta aitzekirik izan ez dezan etxeko oroek irtengo gera Iruñatik, biar bertan.

ITZIAR: Nora ordea, gizona? Ez daukagu ezer gerturik.

PERMIN: Nik bai. Ez gera oso urruti joango.

ITZIAR: Gizonezkoak erraz antolatzen dituzute gauzak. Ta aidetakoren bat, oi duten bezela, jaietara etortzen bazaigu?

PERMIN: Aurten ez datozela badakizu. Ta orrela izanda ere anaiarenean dute nai aña leku. Ez det nai iñolaz ere Enekok jaiak emen igaro ditzan. Bai zera!... Saria gañean?... Ez!... Ta Iruñan gelditzen bagera ez degu mutilla lotuta etxean eukiko. Orretxegatik onena, guziok joatea degu.

ITZIAR: Joatea?... neri ez dit ajolarik, bañan onela itsumustuan, nora ordea?... Itsasaldera?...

PERMIN: Laister jakingo dezu, Orreagari esan diot... eta...

ITZIAR: Noiz arte?

PERMIN: Udara guzirako.

ITZIAR: Lenago esatea zendun.

PERMIN: Orain badakizu, ta ez astirik galdu...

ITZIAR: Ez, ez, banoa. Trena bere garaiean eldu bada, anai-arrebak laister dira emen.

PERMIN: Eneko ez dedilla oraindik azaldu nere aurrera, bestela izugarriak esango dizkiot. Adituko ditu bereak eta bat.

ITZIAR: Esan, esan. Entzun ditzala. Obe da ori ta ez Ameriketara bidali «karibe» artera.

PERMIN: Bai an alperrarena egin dezala nai añean Haitiko Santo Domingon.

ITZIAR: Santo Domingon beltzen artean eta... San Permiñetan?... (Goxo) Zarautza?...

PERMIN: (Zakarkeriz) Basaburura! Biar bertan. Orain badakizu.

ITZIAR: (Asarre) Bañan, Permin, zure zaindari eguna etxetetik kanpora?

PERMIN: Aurten ez gaude jaietarako... Gaur, arropa, tresna ta bear diran gauza guziak gertu itzazu. Gañerakoak nere gain artzen ditut. Kristobal orain deituko det. Ta, aztu bañan len, Kristobal alabarekin bazkaltzera ditugu.

ITZIAR: (Zeken) Ondo dago; aientzat aña bazkari izango da, bañan goizexeago jakin izan banu... Noan, noan. Esku-bete lan bilduko da gaur gure etxean. (Doalarik) Gizonezkoek erraz antolatzen dituzute gauzak...

PERMIN: (Damuturik ondoren darrakiola) Aizazu Itziar!... (Dijoazela ateko txintxarria entzun bedi)

 

 

II. AGERRALDIA

 

Birila ta Neskamea.

 

NESKAMEA: Sartu bedi. Nagusi-etxekoandrea deituko ditut.

BIRILA: (Sarturik) Lanpetuta ez badaude beintzat... (Losintxaz) Pozik egoten al zera gaur San Permin bezpera bait da.

NESKAMEA: Bai. (Leiora begiraturik) Oraintxe iragan dire «zaldiko-maldikoak».

BIRILA: Egun oietan dantza asko eginen duzu?

NESKAMEA: Ez bait dakit ingurutxoa besterik dantzatzen.

BIRILA: Ori zure errian Leitzan San Tiburtziotan ez da ala?

NESKAMEA: Ala bearko.

BIRILA: Torizu txurruak erosteko. (Eskupekoa emanaz)

NESKAMEA: Eskerrikasko, jauna. Banoa otsegitera.

BIRILA: Orreaga andereñoa etxean al dago?

NESKAMEA: Ez ba; Señorito Enekoren billa atera da estaziora. Pestetara dator!

BIRILA: Lenago jakin izan banu!

NESKAMEA: Laister da emen.

BIRILA: Etortzean izan naizela esango diozu e?

NESKAMEA: Bai jauna bai; eta orain nagusiei deitzera noa. Itxoin beza. (Bijoa)

BIRILA: Itxoin...? Bearko. Ez det besterik egiten aspaldidanik. (Eseri bedi unetxo batean)

 

 

III. AGERRALDIA

 

Birila, Permin eta Itziar.

 

(Datozelarik)

 

BIRILA: (Eser-lekutik jeikiaz) Egun on etxekoak!

 

(Itziar eta Permin atetik datozelarik)

 

ITZIAR: Baita zuri ere.

PERMIN: Ongi etorri, Birila.

BIRILA: (Aienganaturik) Zer modu Doña Itziar? ta On Permin?

PERMIN: Ainbestean.

ITZIAR: Ondo, Jainkoari eskerrak. Zuri ez dago galdegin bearrik; (Loxintxaz) gero ta gazteago.

BIRILA: (Baba-lore) Eskerrik asko Doña Itziar etxekoandre eder, eskuzabal ta biotz aundikoa. Ez zan obea izango Doña Blanka Naparroako Erregiña; ta Doña Margarita zazpigarren Karlosena.

ITZIAR: Kontu prexkuak aitatzen dizkidazu. Oiek utzita ea gizon au (Senarrarengatik) pixka bat alaitzen didazun.

BIRILA: Zer gertatzen zaizu bada, on Permin?

PERMIN: Gero esango didazu naigabeturik izateko ziorik dedan ala ez.

ITZIAR: Enekok urtea galdu duala; berriz ere esamiñetan gaizki irten dala. Ori du guzia.

PERMIN: Irugarren urtez, Birila!

BIRILA: Bai, gurasoentzat kezkarik larriena semeen etorkizunean dago. Herodotok zion:...

PERMIN: Ez nago antziñako kondairak entzuteko.

ITZIAR: (Berekiko) Herodoto?... Naiko ero da bera.

PERMIN: Gaurkoak ematen dit kezka.

BIRILA: Gaurkora ni joakizun bada, On Permin. Ez naiz nor, zuen gora-beeretan sartzeko; bañan mutillarekin gertatu zaizutenaz, ni ere naigabetzen naiz. Biotz-miñaren aundia!

PERMIN: Liburuetatik jantzi nai ez dun ezkeroz, lana zer dan ikasiko du. Alik eta laisterren Ameriketara bidaltzea noakizu.

BIRILA: Ameriketara? Onela, berealaxe?

PERMIN: Bai: Santo Domingora.

ITZIAR: Zer derizkiozu, Birila? Gure gizonak bere larrian San Permiñak emen pasatzen ere ez digu utzi nai-ta.

PERMIN: Bai! Eneko ez gelditzeagatik guk ere ez degu Iruñan egingo egun bat bakarrik.

BIRILA: Ortan ederki egingo dezute. Neroni ere biar bertan noa emendik. Gaurko Sanpermiñak ez dira giza-jaiak, astakeriak baizik; jan-edan, dantza ta zurruta; goiz ta arratsalde zezenak okitzeko aiña; astebeteko iñauteri. Lenago Sarasate izaten genuen; orain berriz soñulari ta mozkor geiegi. Orregatik egun oietan Iruñatik alde egin oi det eta zuei agur esatera etorri natzaizue. Ta On Permini biarko ordez zorionak ematera.

PERMIN: Egun txarra aukeratu dezu.

BIRILA: Mingarri zait. Ez bait nekin ezer.

ITZIAR: Gazte batek onela mintzatzea. Mutil ona etorri zera nere senarra alaitzeko.

BIRILA: Etxetik ateratzekoan alaituko da.

ITZIAR: Biok iruñsemeak izatea gezurra dirudi. Ni bakarrik emen kanpotarra ta egun oietan Iruñan nik gelditu arazi nai. Bañan «senar dunak nagusia du».

PERMIN: Erabakia dago. Biar abiatuko gara Basabarura. Kristobal Aztiz nere adiskideak, anaiari jarri dion ostatura. Patxarako etxea da ta udarako leku onean. Ni joan etorritan ibilliko naiz nere «buffet»eko lana ez uzteagatik; ta Itziar eta Orreaga antxe geldituko dira.

BIRILA: Agertu bat egingo dizuet nere egin bearrak eragozten ez badidate.

ITZIAR: Ondo artua izango zerala badakizu. (Birilari) Ez dizut eserlekurik eskeñi. Zere etxean zaude ta...

PERMIN: Eseri zaite bai. (Tokia eskeñiaz)

ITZIAR: Ni barru ortara noa zer-egiñetara. Eneko datorren orrekin eta bigarko gure senarraren ateraldiaz...

BIRILA: Doña Itziar, ni ere banoa. Agur egitera besterik ez naiz etorri. Pizkatean...

ITZIAR: Tira eseririk esan zazu zure agurra. (Irurok eseriaz)

BIRILA: Biar goizeko lauretan irtengo naiz.

PERMIN: Goiz alare!

BIRILA: Bai. Emengo kaletako istillua asi bañan len.

ITZIAR: Ez da orrenbeste, gizona; ta gutxiago goizeko lauretan. Garai ortan ez da entzuten ollarren kukurrukoa ta... zera, lo daudenen zurrunkak besterik.

PERMIN: Orren goiz ordea, noruntz joan bear dezun jakin al diteke?

BIRILA: Automobilla artu-ta, Irunberrira. An adiskide batek itxoingo dit eta oñez Leireko mendira egun guzirako.

PERMIN: Joan dan egunetan langar asko zan mendian.

BIRILA: Egualdia zearo jaso du. Ederra dago. Ta biar, orain agertu-berri diran arri zar eta ezurrak arakatu bear ditugu. Azalpen aundiren bat egingo degu oraingoan.

ITZIAR: Zu beti gauza zar, arri ta ezurretan oldozten. Ezagun da, ez dezula beste kezka aundirik.

BIRILA: Zer nai dezu, bada etxekoandre?

PERMIN: Gure seme Eneko jarriko nizuke aurrean. Itziarrek (Berekiko) Onek naiago luke, Orreaga. Iru urte errezkadan kale ta iru milla duro aundi errekara! alperrik galduak!

BIRILA: Bai, On Permin, arrazoi dezu; bañan kondairak asko erakusten du. Gaur baño gauza garratzagoak gertatu ziran antziñan: Errege II Santxo Abarkaren aldian.

ITZIAR: Zu beti lañoetan bizi zera. Obeto esateko: Kondairaren langar artean.

PERMIN: (Birilarengatik) Oiek bizi izaten dira ondoen. Zu zera mutilla!

BIRILA: Olaxe, On Permin. Zerbait alaitzen asi zera.

PERMIN: Zuk ala uste. Barrendik dabil arra. (Txintxarri otsa entzuten dalarik)

ITZIAR: Barrendik semea darabilkizu. Atean izan bear dute.

PERMIN: Gure semeak zure antzik balu.

BIRILA: Eskerrik asko, onegiak zerate. Badakizute zuek ere gurasotzat zauzkadala. (Jeikiaz) Banoa...

ITZIAR: Bazoazela?

BIRILA: Ez dizuet une onetan galerazi nai. Diosala egin dizuet. Ikusi arte bada. Ondo ibilli. Goraintziak Orreagari; ta Enekori... (Zalantzan...)

PERMIN: Makillarekin!

BIRILA: Ez orrenbeste! Aolku on batzuz zuzenduko da.

ITZIAR: Ori esaten diot nik. Oraintxe etxean sartuak dira. Agurtu nai badituzu, Birila.

BIRILA: Pozik alare. Ez det beste gauzarik nai.

PERMIN: (Asarre) Eneko ez dedilla sartu onera! Ez det ikusi nai. (Jeikiaz urduri)

BIRILA: Sendi arteko asarreak gauza minberak izaten dira. Ez det emen gelditzeko eskubiderik. Agur bada ta...

PERMIN: Laguntzen al zaitut. (Ate aldera eramanaz) Emendik... (Irurok doazelarik)

ITZIAR: (Beldurrez) Gaurko eguna ez da atsegiña izango etxe ontan. Joana balego. Jainkoak lagundu gaitzala! A zer nolako Sanpermiñak!

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Orreaga ta Eneko.

 

(Antzeztokia unetxo batean iñor gabe. Orreaga ta Eneko,
ager bitez burni-bideko geltokitik baletoz bezela,
eskuan maletaren bat eta antzekoak dakarzkitela)

 

ORREAGA: (Eskuan dakarzkin gauzak utzirik) Ia, ia, itsumustuan Birila orrekin topo egin nun, Aspergarriago dago.

ENEKO: (Beldurti) Ori ez da ezer. Atzetik gure aita zijoan. Bakarrik arrapatu nadinean izango da «bronka». Ezta «gamazada»en ere!

ORREAGA: Ez nolanaikoa. Sutan dago aitatxo... Izan ere izugarria egin dezu.

ENEKO: Izugarria?... Izugarriagoa da «kalkulo infinitesimal»! Ez zait buruan sartzen. Alperrik da.

ORREAGA: Alperra zu zera zu. Ez bait dezu batere ikasten. Ez zera leiatzen da...

ENEKO: Ori bear degu, zu erritan astea. Zuri buruan sartzen al zaizu Birilari «xankome» ori?

ORREAGA: Ori besterik da. Ez zaidazula Birila aitatu. Ez dezu aitzekirik. Iru urtean deus aurreratu gabe. Lotsik ez dezu.

ENEKO: Ez da dirurik ere. Ba, ba, ez bronkari asiera eman, garaia baño lenago. Gero ere entzun bearko ditut.

ORREAGA: Orren asarre ez det gure aita egundaño ikusi. Obe diozu isilik entzun.

ENEKO: Ta uste al dezu Sanpermiñak emen igarotzen utziko didanik?

ORREAGA: Baita zera! (Itunki) Okerrena da zuregatik guziok alde egin bearko degula. (Asarre) Erdibitu gaituzu. Nere ilusioaren aundia, aurten emen jaiak igarotzekoa ta... zoaz Basaburura.

ENEKO: (Arreba alaitu naiean) Basaburura?... Toki oberik...! Begira Madriden ez banitu liburuak saldu, Basaburuan ortxe nunbait calculo infinitesimal guzia ikasiko nuke.

ORREAGA: Bai, par egin zazu oraindik. Biar bertan abituko omen gera.

ENEKO: (Zurikatuz) Arrebatxo! Eman didazun berria illun eta beltz samarra da. Basaburura! Aitak ikazkin sartu nai ote nau ala?...

ORREAGA: Guzia zure ajolagabe izate ta kaskallukeriz.

ENEKO: Gaurtandik zintzotzen asiko naiz... Zin egiten dizut.

ORREAGA: Ez da zin egin bear. Garai onean!...

ENEKO: Beñere ez da berandu. (Barrena azalduz) Egi-egitan «Orre»; matematika goitarra ez da neretzako egin.

ORREAGA: Ez zera ba, ain matematiko txarra amatxori dirua eskatzen diozunean.

ENEKO: Bear danean, nork ez daki «arraxkual» egiten?...

ORREAGA: Amatxo dator eta banoa!

ENEKO: Ez! ez! Bion artean jasa errezago eramango degu... Geldi zaite laguntzalle. Zortzi bat egunerako gortuko banitz bederik.

 

 

V. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Itziar.

 

ITZIAR: (Sarturik) Emen al zaude a?...

ENEKO: Ama! (Arenganatu ta besarkatuaz) Ondo?...

ITZIAR: Zuk naigabez biziaren erdia kenduko diguzu. Azi itzatzu semeak onetarako. Ez dakizu aita nola dagon. Zurea egin ezkero or konpon! Urtea galdu, dirua txautu. Ainbat... Ajolik ez dizula ezagun da. Ez al dezu erantzuten?

ORREAGA: Obe du isilik egotea.

ENEKO: Egun oietan belarriko miñez nabil eta gor samarra nago.

ITZIAR: Ez zaude gor txarra. Entzun bearko dituzu, ba, zureak eta bost. Aita irakiten dago ta ez dakit zer gertatu bear duan emen.

ENEKO: Nai badezute alde egingo det. Ez nazute geiago ikusiko. Bizimodua al dedan eran irabaziko det. Kale-garbitzalle edo...

ITZIAR: Ori esan? Ongi al derizkiotzu etxe oneko semea alproja bat bezela ibiltzea. Gurasoak geiago lotsa arazteko...

ENEKO: Nik ez det erru guzia. Dana adieraziko dizuet; gertatutako guzia ta orduan... (Belarrira eskua eramanez) Ai!...

ITZIAR: (Semearen karrasiari oartzeke) Ori aitari esan bearko diozu. Ez det ikusi egundaño ain aserre. Karrera utzi ta Ameriketara bidali nai zaitu.

ENEKO: (Eskua belarrira eramanez) Miña asi zait!

ITZIAR: Zer gertatzen zaizu?...

ORREAGA: Ameriketara joate orrek mindu du.

ENEKO: Belarri au! Gau guzian trenean etorrita oztu egin naiz.

ITZIAR: (Semearengana urbilduz eta oso bigundurik) Esaten dizut ba nik olakoetan guata pixka bat belarri zuloetan sartzeko. Min ori umetan «gorriak» utzi zizun kondarra dezu. Belarriko miña txarra da gero.

ENEKO: Neri esan!

ITZIAR: Itxasoko bañuak on aundia egiten zizuten.

ENEKO: Ain aundia!...

ORREAGA: Aurten zoaz kontu ori aitari belarrira esatera... Aurten ez dago, ez Sanpermiñik, ez oporraldi, ez itxasoko bañu, ez ezer. Guzia zuregatik.

ITZIAR: Bai, udara ederra datorkigu; ta jai onak! (Erdi negarrez ta aserraturik) Ondo al derizkiozu? Seme galdua!...

ENEKO: Ama! Ez orrela jarri. Izugarrizko belarriko miñez nago.

ITZIAR: (Belarri minduari begiratuaz) Gaiztoturik daukazu bai. Ur borikatuaz garbitu bear dezu bereala. Zoaz Orreaga, ur bero billa.

ORREAGA: (Joanez) Bañuko gelan gertuko det.

ITZIAR: (Ama-semeak maitetsu) Bañan aitak ikusi zaitzanean, apal apal barkazioa eskatu lekaiozuke, emendik aurrera zintzo ta gogoz ikasiko dezula aginduaz. (Itun) Ta alare, beranduegi izango ote dan.

ENEKO: Ama, egiñalak egiñagatik alperrik da, zoritxarreko calculo infinitesimal ori ezin det buruan sartu.

ITZIAR: Ez naiz batere arritzen. Zer da izen luze ori! Bañan zerbait pentsatu bearko dezu. Aitak Ameriketara bidali nai zaitu ta au (Asperenka) neretzako eriotza izango litzake. (Ateko zintzarria entzun bedi)

ENEKO: Ez amatxo, zintzotuko naiz; agintzen dizut.

ITZIAR: Belarriko miña joan al zaizu?

ENEKO: Oraindiokan badet.

ITZIAR: Goazen bada garbitzera. Norbait sartu da etxean ta onera etorriko da. Aita dezu!

ENEKO: (Joanez) Ama! (Elkar besarkaturik biak dijoaz)

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Permin eta Kristobal.

 

PERMIN: (Sarturik) Aurrera Kristobal. Eseri zaite (Eseririk) Asko poztutzen naiz zu etorri izateaz.

KRISTOBAL: Badakizu Teresianen ikastetxean dagola Xalome, ta nerekin eramango det gaur Basaburura. Jai oietan an obeki izango da. Aur bat da oraindik eta... Ea zuek noiz zatozten. Naiko leku badegu orain; arras ongi geldi zaigu etxea...

PERMIN: Zure eskeintza ontzat artu nuen eta biar bertan an izango gaituzue.

KRISTOBAL: Au da berriaren atsegiña!

PERMIN: Zuretzat ala bada, poztutzen naiz. Nere adiskide leialenetakoa zaitut eta erabaki ori zergatik artu dedan esango dizut; semearengatik. Bai Kristobal, aurten irugarren aldiz Eneko Madridtik etorri zait urtea galduta.

KRISTOBAL: Bañan...

PERMIN: Bai iru urte galduta, alper gaiztoan; bañan laugarrena, ez! Karrera utzi araztera noakio. Ta noski, oraingoz beintzat Iruñatik alde egin dezala. Ez det nai jaietan emen egon dedin.

KRISTOBAL: Mutillekin bildur izatekoa da. Ezkondu gabekoak alde bat ona badegu: seme-alabarik zaindu bearrik ez. Gaztea da ta zentsua etorriko zaio.

PERMIN: Ez dakit noiz! Aspertu nauka. Itxaropena galdu det. Dijoala nai duan lekura! Zuri mesede bat eskatuko nizuke.

KRISTOBAL: Egin al nezakeana baldin bada, pozik gañera. Agindu.

PERMIN: Bada, seme orrek lan-egiten ikasi dezan, Ameriketara bidaltzeko asmoa artu det. Zuk Santo Domingon lana emango bazenio...

KRISTOBAL: Antilletara! Zer esaten didazu gizona! Ura ez da gero Euskal Erria!...

PERMIN: Ori nai det bada. Ondoegi bizi gera emen. Beste lurraldeetan nola bizi diran ikasi dezala; lan egiten, ogia irabazten ikasi, ikasi dezala...

KRISTOBAL: Zure semea bestela oiturik dago. Ez luke an etsiko.

PERMIN: Zuek etsi zenduten bada.

KRISTOBAL: Bearko! Soñean generamanaz etxetik joanaz gañera: pardeltxo bat arropa, letrak ozta-ozta ezagutzen, erdera gutxi, ta sakelean diru gutxiago.

PERMIN: Zuek benetan txalogarriak zerate; zuek, euskaldun izena mundu guzian goratu dezutenak. Zuen aurrean nere semeak lotsatu bear luke. Zuengandik ikasi dezala bada lan egiten, ogia irabazten... gizon izaten! Zure mutiltzat arturik, jan-trukean, ori bederik erakusten badiozu, pozik geldituko naiz.

KRISTOBAL: Zuk eskatzea aski det. Ortan bazaude, Santo Domingoko nere etxean artuko det. Nai badezu neronekin udazkenean etorriko da ta lanean jarriko degu.

PERMIN: Eskerrik asko, Kristobal; eskabide ori ez zenidala ukatuko ziur nengon. Millesker! Bañan Eneko morroi antzera artzea nai nuke; ez nere semea dezulako, nai duana egiten utzi.

KRISTOBAL: Orretzaz mintzatzen al gera urrena. Beraz Santo Domingora!, karanba, karanba!

PERMIN: Bai, bai, erabaki det.

KRISTOBAL: Andik berri txarrak datozkit bada. Azukre ta kapea ezin saldurik itsasora botatzen ari dira. Ori aski ez dala, azkeneko ekaitz eta aire burrundak ikaragarrizko kalteak egiñak omen dira. Gu ainbestean goaz. Gaur artu det karta; txeke bat bidaltzen didate. Au dala-ta, on Permin, Iruñako Bankoan kontua dolarretan irikiko ote lidateke?... Zu Banka orretako letradua zeran aldetik...

PERMIN: Baietz uste det. Dana dala zuzendariari galdegingo diot.

KRISTOBAL: Ez dago presarik. Orain illobaren billa noa Teresianetara. (Jeikiaz)

PERMIN: Bazkaltzera espero zaitugula badakizute.

KRISTOBAL: Ortan gelditu giñan, ez nago aztuta; illoba ere pozik etorriko da zure alabarekin izateatik.

PERMIN: Ongi, ongi. Joan-etorria egiten dezun bitartean, Bankora telefonoz deituko det.

KRISTOBAL: Itzuli nadinean esango didazu. (Abiatuaz)

PERMIN: Ez det uste eragozpenik izango danik.

KRISTOBAL: Bankoak, zertatik dagonean, (Dirua adieraziz) erreztasunak ematen dituzte.

PERMIN: Diruarekin joanda, bai.

KRISTOBAL: Bazkaritakoan itzegingo degu. Zuen etorrera Basaburura, atsegin zait. Ameriketara semea bidaltze ori... (Dijoazelarik) Santo Domingora gañera! arriturik utzi nau... karanba! karanba!

PERMIN: Zer nai dezu: gauzak ala datoz eta... (Bijoaz)

 

 

VII. AGERRALDIA

 

(Antzez-lekua unetxo batean iñor gabe gelditzen da.
Alako batean atetik Enekok burua ager beza, zeletan,
nor dagon jakin naiean bezela. Aita berriro datorrela
oartzen dunean, Eneko beldurti gorde bedi)

 

On Permin bakarrik

 

(Kezkati ta illun sartzen da. Urrutizkiñera joanik
txintxarriari eragiten dio norbaiti deitu naiaz)
...

 

PERMIN: Emen, Mezkiriz, Permin... bai. Iruñako Bankoa al da?... —Entzun, entzun!... Zuzendari jauna or al dago?... Bai, esaiozu, arren, berakin itzegin nai dedala... Bai, Mezkiriz. Eskarrikasko. —Permin Mezkirizekin ari zera. Bai... Ongi, eskarrikasko. Zu ere bai Don Xabier?... Kristobal Aztiz txekeaz zer egin dezuten jakiteko deitu zaizut... —Bai dolarretan. Parisko Amerikan Bank-en aurka... —Kristobal galdezka nuan arestian... —Bai, bai zailla dagola. Gobernuaren eragozpenak. Ezin ekarri?... Bai... Esango diot... Zuregana joan dedilla gaur bertan... Nola daude dolarrak?... Zortzi ta ogei?.... gora dijoa... Ori esan; peseta bera... Baita baita... Guziok onik gaude; eskarrikasko... Berriz ere semearekin det naigabe aundia... Bai bai, sutan nago!... Gero itzegingo degu orretzaz... Biar Basaburura goaz... Bai bai... Udara guzirako edo... Bazkalondoan Kasinora joan naiz... Betiko orduan. Bai gero arte bada. (Urrutizkiña ixekiaz bere lan-maira dijoalarik)

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Permin eta Eneko.

 

(Eneko beldurrez sartzen da; elkar ikusitakoan
Eneko zearka begiraturik gelditzen da.
Isilune larri batek darrai. Azkenik aitak
oso asarre erritari ekiten dio)

 

PERMIN: Ez zekiat nola ausartzen aizen nere aurrean azaltzen.

ENEKO: (Lurrera begira) Ez zaitut agurtu-ta...

PERMIN: Asko ajola zaik! Lotsaren apurrik bauke... (Eneko isilik darrai ta Aita eserlekutik jeikitzen berriro erritari lotzeko). Pozik gelditu al aiz egindakoaz?... Iru urte galdu, millaka pesetak errekara botiaz. Iri zer? Naiko jolas ta opor Madriden egin bait dek! I lasa bizi ezkero, etxekoak, gurasoak, naigabez il ditezela! Oraingo gazteen eskola ori dek. Ez da ala?...

ENEKO: (Zerbait esan naiaz) Nik...

PERMIN: Ez diat aitzekirik entzun nai. (Asarre) Seme txar, gazte galdu alena ez bestena! (Onuntz eta aruntz urduri dabillelarik)

ENEKO: Nik ez det karrera ortako balio. Matematikak ez zaizkidala sartzen esan nizun.

PERMIN: Iri buruan zer sartzen zaikan bazekiat: ergelkeria, txorakeriak. Orrekin jango dek. (Gero ta geiago suturik) Bada, ikasi nai ez dekan ezkero Ameriketara joango aiz. Paper eta agiriak eskatuak dizkiat eta badakik, ontzian sartu ta Santo Domingora. Lan egiten erakutsiko ditek eta bizitzen ere bai...

ENEKO: (Apal) Bidaltzen nazuten lekura joango naiz.

PERMIN: Ori, gero. Biar bertan etxeko guziok Basaburura joango gaituk. Zer usta uan, jaiak emen igaroko ituana?... Ez!

ENEKO: Berdin zait. Zure esanera nago.

PERMIN: Berdin zaikela? Nere esanera?... Orain ikasiko dek aita nor dekan. Bigunkeriak amaitu dituk! Bizitza zer dan ezagutu araziko diat.

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Lengoak, Itziar eta Orreaga.

 

ITZIAR: (Errita bizian Permin ari dala oarturik) Errieta, errieta; ori bear du ajolakabe orrek: «Pilipika» on bat...

PERMIN: «Pilipika» eta Amerika! Erritak bakarrik ez bait du balio onelakoarekin. Ta ez zatozkit orain mutillaren alde bigun-bigun itzegitera.

ITZIAR: Ez natorkizu orretara. Mutillari ekin gogor. Leentxeago artu izan bazendun obe. (Senarrarengana oso urbiltzen da, Eneko ta Orreaga beste muturrean gelditzen diralarik). Baula egiten asia naiz eta zuk zer arropa jartzea nai dezun galde nai dizut.

PERMIN: Betikoa! Zeorrek nai dezuna. Gauz aundirik ez. Ni aruntz ta onuntz ibilliko bait naiz. (Izketan darraite)

ORREAGA: (Anaiari) Ta bronka aundia izan al da?

ENEKO: Epika!... Eskerrak garaiz sartu zeratena, bestela...

ORREAGA: Ta Amerika, aitatu al dizu?

ENEKO: Amerika, ta Ozeania! Antilletako Santo Domingo! Ez dakit nun dagon ori!

ORREAGA: Haitiko ugartean; Karibe itsasoan.

ENEKO: Beltzen artean biziko naizela ba al derizkiozu?

ORREAGA: On Kristobal eta an bizi dira ta...

ENEKO: On Kristobal indio bat da.

ORREAGA: Ta zu... presko bat: burruntzia.

ENEKO: Bai bear; bero dago Iruñan.

ORREAGA: Beroago dago gure aita: sutan, Ez det ain asarre ikusi egundaño!... Kixkalita!

ENEKO: An, Basaburuan itzalean prexkatuko gera guziok.

ORREAGA: Bai, ori da. (Itunki) Udara guzian egon zaite an, otzez, langar artean; gogaituta. Jolas ederra! (Asarre) Guzia zuregatik!

ENEKO: (Ixekaz) Birilari esango diogu laguntzera etortzeko.

ORREAGA: Ez ille artu e? Utzi zaiozu pakean Birila orri. Obe dezu isilik egon. Aitatxo begira daukazu.

ENEKO: (Ben-ben jarriaz ta eskua bekokira eramanik) Logaleak nago; gau guzian trenean begirik itxi gabe, ta etxean zer nolako arrera egingo zidaten beldurrez. Eskerrak estaziora zu bakarrik etorri zerana...

ORREAGA: Ez, zera! Txistulari ta zaldiko-mandikorekin aterako giñan zure billa. Ta kamion aundi bat zure... (Beatzaz biribil aundi bat antzezturik) kuia jasotzera.

ENEKO: Errukitu bearrean, nere bizkar parra...! ematen badizut...! (Jostaketa naiez).

ORREAGA: Zaude geldirik. Ara! Aitak ikusi zaitu.

ITZIAR: Orreaga! Ez aztu nik esandakoa; gañera maletan sartu bear dituzu aitatxoren alpakazko txamarra ta... «bikarbonatoa».

ORREAGA: Bai ama, sartuko ditut.

ITZIAR: (Enekori) Zuk ez dakit zer arropa dezun eta nola ote datorren.

ENEKO: Baula geltokian gelditu da. (Agiri bat sakaletik ateriaz) Txartela emen det...

PERMIN: Madrideko Monte de Piedaden zenbat gelditu dan jakin nai nuke. Itziar! Ez zaio besterik egin bear; soñean daramazkinaz dijoala.

ITZIAR: Onuzkero ala bearko du. Naita ere berririk egiteko betik ez dago-ta.

PERMIN: Esan bear nuena esan det. (Berriz txintxarria entzun bedi)

ITZIAR: Esatea da errazena; egitea gaitzenik. Ateko txintxarria zan. Gaur ez gaitue pakean utziko.

 

 

X. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Neskamea.

 

NESKAMEA: (Sarturik) Don Birila da. Unetxo batean agurtu nai ditula.

ITZIAR: E?...

NESKAMEA: Beso azpian pakete bat dakarki.

PERMIN: Sartu dedilla. (Neskame bijoa).

ITZIAR: Gaur ez digute ezer egiten lagako.

ENEKO: (Arrebari) Zuretzako erregaloren bat ekarriko du.

ORREAGA: Bai, zure kalabaza!

 

 

XI. AGERRALDIA

 

Lengoak eta Birila.

 

BIRILA: (Sarturik) Egun on! Emen naiz berriz! Galeraztera banator barkatu.

PERMIN: Zu etxekoa zaitugu.

ENEKO: (Arrebari albora) Nik esaten nizuna.

ORREAGA: (Asarre) Aspergarria zaude.

BIRILA: (Itziarri) Lanpetuta e? etxeko-andre.

ITZIAR: Zerbait zerbait...

BIRILA: (Eneko ta Orreagarengana zuzenduaz) Ta gazteok zer diote? (Enekori eskua estuturik) Zer modu Eneko? Gaur goizean eldu zerala badakit.

ENEKO: Osasunez ondo. Zu ere bai?... Bestela...

BIRILA: Esan didate, esan didate... Itzegingo degu... Ai, ai, ai!

ENEKO: (Isilka) Bañan, aita aurrean ez dagola.

BIRILA: Baita, baita... (Orreagari) Zu ere ez zaitut lenago ikusi.

ORREAGA: (Latz) Nik ere ez.

BIRILA: (Permini) Biar zure urte betetzea dala ta, uskeri auek eskeintzera etorri naiz onela aldez aurretik zorionak emanik. (Permini eskuetara emanez)

PERMIN: Bañan, gizona, ez zenduen neri ezer ekartzen ibilli bearrik. Zu beti bezin zintzo ta gizartekoa. Millesker adiskide ona.

BIRILA: Ez da ezeri. Utsa: zigarro batzuek eta liburu bat.

ITZIAR: (Semeai) Ikasi, ikasi kunplituak izaten.

BIRILA: Izugarri! Gero Sagasetanetik «koronilla ta gorringotxo» batzuek ekarriko dizkitzue. Oiek zuentzat, On Permin gozo-zalea ez dala badakit-eta...

ITZIAR: Ori geiegizkoa da, Birila. Eskerrikasko. Bañan asatetu egingo gera. Jango ditugu; bañan esku-zabalegia zera.

ORREAGA: Onela da. Eskerrikasko. Birila. Ez dezu Iruñako mutil geienen antzik.

ENEKO: Ni ere tartean sartuko nazu... «iruñxeme».

ORREAGA: Noski; buruz bera gañera.

ENEKO: Ederki. Basaburukoak fiñagoak izango dituzu.

BIRILA: Ni ere iruñxeme nazute.

ITZIAR: Bai, iruñxeme ona, erriko jaietatik igesi dijoana!

PERMIN: Ongi egiya. Emen ez dago astakeria besterik. Oraingo gaztedia...

ITZIAR: Ez zendun ori esango, zezenen aurretik ibilli oi ziñanean...

PERMIN: Ez da berdin. Orduan...

ENEKO: (Orreagari) Entzun al dezu? Ia aitarik gabe gelditu omen giñan.

ORREAGA: Ez zazula txorakeririk esan.

BIRILA: Zezenek arrapatu ez nazaten ni ere biar goizean irtengo naiz Iruñatik. Egun oiek ongi igaro; ta ikusi arte. (Abiaturik) Agur ba guzioi.

PERMIN: Ba al zoaz dagoaneko?...

ITZIAR: Gurekin bazkaltzera gelditu nai badezu...

BIRILA: Eskerrik asko, etxekoandre. D. Permini esan diot: emendik illabete batera Basaburuan agertu bat egingo dizuedala. Orduan...

ITZIAR: Nai dezun bezela. Onik izan eta ondo (Alkarri eskua estutuaz)

BIRILA: Agur Orreaga. Asko jolastu ta... pianoa jo. Aita Donostiren «Oñazez» ura. (Begiak jasorik)

ORREAGA: Bearko! Oñazez, Parrez ez beintzat.

BIRILA: (Enekori) Zuri deus ez. (Isilka) Bazkalondoan Kafe Kutzera joango al zera?

ENEKO: Etxetik ateratzen uzten badidate, bai.

BIRILA: Gero arte bada. (On Permini) Bazkal ondoan Kasinoan sartu-irten bat egingo det. (Dijoalarik)

PERMIN: An izango naiz. On Xabierri itzemana nago. (Ateraño lagundu naiez)

BIRILA: (Losintxaz) Ez dedilla neregatik iñor igi. Kaleko atea badakit.

ORREAGA: (Berekiko) Bai bear. (Atetik agurtuaz) Egun on! Ikusi arte.

PERMIN: Zoaz ondo, gero arte.

ITZIAR: Agur ta Ariyo!

ENEKO: Bidai on!

ORREAGA: Ongi ibilli! (Birila bijoa)

 

 

XII. AGERRALDIA

 

Itziar, Permin, Oreaga, Eneko ta Neskamea.

 

(Isil-unea)

 

ORREAGA: (Enekori) Etxetik joan zaigunean pozik nago.

ENEKO: Ez emakumea! Ori dagonean «nerea» aztutzen zaio aitari. Orain berriz erasoko dit. (Txintxarria entzun bedi)

ITZIAR: (Orreagari) Atea zan, ez da ala?

ORREAGA: Bai ama.

PERMIN: D. Kristobal izango da.

ITZIAR: Izan ere. (Errelojura begiraturik) Amabiak baidira.

NESKAMEA: (Atetik) D. Kristobal da, illobarekin.

PERMIN: Sartu itzatzu onera.

ITZIAR: (Neskameari) Ta asi zaite maia jartzen. (Bijoa neskamea) Gaur semeak, bixitak eta abar, goiz guzia galdu degu.

ENEKO: (Arrebari) Bixitai eskerrak, aita neri erritan egiteko ezin txanda arrapaturik dago.

ITZIAR: Ez geiegi esan. Ekaitza lertuko da oraindik.

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

Lengoak, Kristobal eta Salome

 

(Au ikastetxean ibilli oi dituen soñekoaz.
Permin eta Itziar ateruntz joan dira
ongi-etorria ematera)

 

ITZIAR: Aurrera, aurrera!

PERMIN: Aguro itzuli zera.

KRISTOBAL: (Illobarekin sarturik) Au zai neukan-eta. Zuek ere bildu zerate (Ondoren elkar agurtzen dute, gizonezkoek esku emanaz eta emakumezkoek musuka)

ITZIAR: (Salomeri) Señorita bat egiña zaude.

SALOME: Bai, soñeko onekin... (Muxin)

KRISTOBAL: Maistra egin zaigu ta pozik nago.

PERMIN: Ez da gutxigorako.

ITZIAR: Zorionak, D. Kristobal. Ori da illoba, ori!

PERMIN: (Enekori zorrotz) Ikasi zak! Lotsik bauke...

ITZIAR: (Etenaz) Ez da au erritako garaia. Gero ere beta izango dezu. Pakean bazkaldu bear degu.

KRISTOBAL: Bai Itziarrek arrazoi du. Permin! Zer egingo zaio ba. Daraman bideak atxituko du. (Itziar, Permin eta Kristobalek alde batean sail bat egiten dute: ta beste aldean Orreaga, Salome ta Enekok)

ENEKO: Aitaren asarrea gelditu arazi du berriz; (Arrebari) Nitaz entzute txarra izango du zure lagunak. (Salomerengatik)

ORREAGA: Merezi dezuna.

SALOME: Ez da egia izango.

ENEKO: Noski. (Salomeri irritsu) Ta eskolan asko ikasi al dezu?

ORREAGA: (Asarre) Zuk baño geiago!

SALOME: Maistra egin naiz beintzat.

ENEKO: Badakit, bai.

SALOME: Ni bakarrik ez. Aurten Teresianetan 28 maistra atera gera.

ENEKO: Nik ere Teresianetan sartu bearko det.

ORREAGA: Bai, artuko zaituzte.

SALOME: Neskatxak besterik ez bait gera.

ENEKO: Ta nolakoak gañera: gain-gañekoak...

ORREAGA: Ez kirtena izan. Aita begira daukazu.

ENEKO: Gizona iltzen duten begiratu batzuek badirala badakizu...

ORREAGA: Isilik zaude...

ITZIAR: (Guzioi) Bazkaltzeko garaia degu.

KRISTOBAL: Etxeko-andreak agintzen du emen.

PERMIN: Goazen bada bazkaltzera. (Kristobali) Gero bakarrik itzegin bear degu. Bankokoa egiña dago.

KRISTOBAL: Nai dezunean.

ITZIAR: (Alabari Atetik Permin eta Kristobalen ondotik dijoala) Ea «Orretxo!» Salome zure gelara eraman zazu «toilette» pixka bat egin nai badu ere. Ta gero bazkaltzera zatozte... (Bijoa)

ORREAGA: Bai amatxo: bagoaz. Atoz Salome.

SALOME: Goazen ba. (Abiatuaz)

ENEKO: Neri ez dit iñork esan bazkaltzera joateko. Ta ori nere kalabazaz guzientzat zer jana badagola. Zitu ederra! (Orreaga ta Salomek parra dagite dijoazela) Ja, ja, ja!! Ez parrik egin. Nere larriak oraintxe asten dira... (Berekiko) Beingoan Basaburuan, ez! Ameriketan banengo naiago nikek!...

 

OIALA

 

aurrekoa hurrengoa