www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Petan Mihiku
Paul Gilsou
1951

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Petan Mihiku: erri-egiteko ikusgarria hirur zatitan, Paul Guilsou. Imprimerie du Courrier, 1951.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ZATIA

 

Nagusiaren etxean

 

 

LEHEN MINTZALDIA

 

Nagusia, Piarres, Leon

 

PIARRES: Ba, nagusia; daukat, kontent izanen zarela; munduko mihiku hoberena ekarki dautzugu.

LEON: Ba, ta, ez dela pikaren azken umea; bertze mihikuek ez dute horren zapeta zolako zikina ere balio.

PIARRES: Gauza harrigarriak egiten dituen gizona dugu.

LEON: Hilak sendatzen dituena.

NAGUSIA: Pizten?!

LEON: Hilak xutiarazten, ba!

PIARRES: Bainan bitxiskoa da, erran dautzutan bezala; eta, baditu mementuak, burutik joaiten baita, eta ez baitu iduri den bezain balio.

NAGUSIA: Ez diagu bertze beharragorik.

LEON: Arralleria maite du; eta, iduri du batzutan burutik xilo.

PIARRES: Bainan... funtsez...        dena jakitate eta kasko da; izigarri ederki mintzo ere, da.

LEON: Ba, hain ederki mintzo da, iduri baitu, liburutik mintzo dela.

PIARRES: Jada famatua da; eta denak horren gaxiat dabiltza beren erranguretan.

NAGUSIA: Ontsa ikusi nahiz nago; ekarraraz zazue.

PIARRES: Banoa bila.

 

 

BIGARREN MINTZALDIA

 

Nagusia, Leon

 

LEON: Mirakuiluak eta guziak egiten omen ditu.

NAGUSIA: Zer demuntre duk bada hori?

 

 

HIRUGARREN MINTZALDIA

 

Nagusia, Leon, Petan, Piarres

PETAN: Huna, nagusia, zure jaun mihikua.

NAGUSIA: Agur, jaun mihikua; milesker hola jiteaz; ontsa zure beharretan aurkitzen baigare.

PETAN: Lehengo mihiku famatu batek dionaz, ez dugu, ez nik eta ez zuk, hola buruhas egon behar.

NAGUSIA: Hala baitiote mihikuek?

PETAN: Ba.

NAGUSIA: Ez banaiz kurios, zeinek dio hola?

PETAN: Zerak... xapel eta gapeluaz mintzo den harek.

NAGUSIA: Mihikuek hola diotenaz geroz, hola eginen dugu.

        (Bigek gapelluak burua.n emaiten dituzte).

PETAN: Jaun mihiku hunek ikasiak baititu gauza miresgarriak...

NAGUSIA: Nori mintzo zare, jauna?

PETAN: Ta, zuri!

NAGUSIA: Bainan ez naiz mihikui, ni.

PETAN: Ez zare mihiku?

NAGUSIA: Ni? Ez!

PETAN: Ez? Egia?

NAGUSIA: Egia ezetz.

PETAN: (Makila ferratu bat dilindatik harturik, panpatzen du nagusia oihuka ari den artean). Orai mihiku zare, ez dut nik ere egundaino bertzel eskolarik ukan mihiku izaiteko.

NAGUSIA: Zer gizon ekarri dautazue hunat?

PIARRES: Erran dautzut. nagusia, bitxiskoa zela.

NAGUSIA: Zela? Dela erraiten ahal duk.

LEON: Etzazula gaizki har, nagusia, jostatzeko egiten du hori.

NAGUSIA: Ni, ez nauk jostagura.

PETAN: Barkatu eman ukaldiez.

NAGUSIA: Zure zerbitzari, jaun mihikua.

PETAN: Pena dut nere funtsean.

NAGUSIA: Ez da, deusik.

PETAN: Barkatu egin minaz.

NAGUSIA: Ez dut minik.

PETAN: Hobe segurki zuretzat: e ben! xantza duzu, ori.

NAGUSIA: Bego hortan.

PETAN: Ba, hobe da; arrazoina duzu.

NAGUSIA: Jaun mihikua, alaba bat badaukat eritasun mixteriozko batek joa...

PETAN: Atsegin dut, jakiteaz alaba nere beharretan duzula; eta, zerbitzu bera egiten ahal izan dezazuetan, gauza bera dautzuet desiratzen zuri eta zure etxeko guzieri.

NAGUSIA: Milesker jauna, zure desirez.

PETAN: Ez'ta'zen. Sinesten ahal nauzu gero, barnez eta zinez ari naizela.

NAGUSIA: Hau ohorea egiten daukuzuna!

PETAN: Nola deitzen da zure alaba?

NAGUSIA: Maider.

PETAN: Maider! Izenaren araberako izana balinbadu, ez da gaizki.

NAGUSIA: Berehala ekarraraziko dut. (Leon-i). Hoa, ean prest den. Orai ekarriko dautzute, jaun mihikua.

PETAN: Datorla, nahi duelarik; nere, mihikuntza guziarekin goaitatzen dut.

NAGUSIA: Non duzu... mihikuntza?

PETAN: (Kopeta hunkituz). Hemen, barne huntan.

NAGUSIA: Ederki.

 

 

LAUGARREN MINTZALDIA

 

Nagusia, Petan, Piarres, Maider, Leon

 

PETAN: Hau dugu eria

NAGUSIA: Bai. Nere haur bakarra; eta, jada alargun bainaiz...

PETAN: Ez ditutzu malur guziak, beraz.

NAGUSIA: ...hau hilzerat heldu balitzaut, galtze lazgarria litake neretzat, bakar-bakarrik geldi bainindake.

PETAN: Ez duzu ez galduko. Egin dezala, ori, holakorik! Ez du, alabainan hil behar mihikuaren manua gabe.

NAGUSIA: Jartzeko zerbait, are.

        (Mutilek kadirak ekartzen dituzte erdirat)

PETAN: (Aita-alaben erdian jarririk). Huna eri bat, ikusteak atsegin egiten baitaut. Gizon gazte batek, bera osasunekoa izanez gero, ez du zeren utz.

NAGUSIA: Irri eginarazi diozu, jaun mihikua.

PETAN: Hobe: mihikuak eriari irri eginarazten dionean, ditaken seinalerik hoberena duzu. (Maider-i), Ta! Zer gertatzen zautzu?? Zer senditzen duzu?

MAIDER: (Eskua aldizka ahorat, bururat, kokotserat emanez). Han, hin, hon, han.

PETAN: Zen derasazu, haurra?

MAIDER: (Aitzina, berdin) Han, hen, hin, hon, han.

PETAN: He?...

MAIDER: Han, hin, hon, hen...

PETAN: Zer demuntre duzu mintzaire hori? Han, hor eta hemen? Ez dautzut deusik konprenitzen!

NAGUSIA: Hori da, jaun mihikua horren gaitza. Bet-betan mutu gelditu da; eta, orai arte, ez dugu jakiten ahal izan, nola. Horren gatik gibelatu behar izan du bere ezkont eguna.

PETAN: Ta, zertako?

NAGUSIA: Senar-geiak, gauzak ontsa egin nahiz... sendatu arte, igurikatu gogo baitu.

PETAN: Nor ere baita, zer zoroa ditakena! Andrea, mutua ez na.hi? Nerea, hola balitz, ez nuke, ori, nik sendatu nahiko, saritan ere!

NAGUSIA: Dena den, zure ahalak egizkitzu, jauna; ez dautzugu bertzerik galdatzen.

PETAN: Bo! Ez odol gaistorik egin.... Errazu, ta.. gaitz horrek akitzen du?

NAGUSIA: Ba, jauna.

PETAN: Hobe... Hainitz sofritzen du?

NAGUSIA: Izigarriki.

PETAN: Ederki egina da... Joaiten da dakizun toki hartarat?

NAGUSIA: Ba, ba...

PETAN: Jori?

NAGUSIA: Ez dakit zer erran nahi duzun.

PETAN: Behar bezalako gauza?

NAGUSIA: Ez dut pitsik konprenitzen.

PETAN: Berdin munta du... (Maider-i). Luza zazu besoa. (Foltsua hartzen dio; ixtan bat ixilik egonik, karkulan bezala nagusiari.) Foltsu hunek... irakusterat emaiten du... zure alaba... mu-tu-a dela.

NAGUSIA: Ta, ba, hori du, alabainan bere gaitza. Lehen kolpetik haitxeman duzu, jaun mihikua.

PETAN: Ha! ha!

LEON: Jesus! Nola hatzemaiteko eritasuna.

PETAN: Guk, mihiku haundiek, lehenik gauzak ezagutzen badakigu. Bertze mihiku petrikilo txar horiek izanen zuten lanik, aski; eta emanen zautzuten «hau du. hura du», nik aldiz, tankean hatzeman dut. Eta, erranen dautzut (Xutitzen da eta nagusiaren ganat badoa)... pena egin bear badautzut ere..., zure alaba gaixoa... mutua dela!

NAGUSIA: Ba, bainan, erran nahi bazinaut, nondik heldu zaion, hori?

PETAN: Ez da gaitz: ...mintzoa.... galdua duelakotz.

NAGUSIA: Segurki... Eta mintzoa... nolaz galdua duen?

PETAN: Gure gizon jakintsun guziek erranen dautzute: mihia... ez zaiolakotz... behar bezala ibilki.

NAGUSIA: Ba... Oraino, mihiko traba hori, zerk ematen ote dio?

PETAN: Aristoteles gizon aipatuak hortaz dio... ba, erraiten ditu, ba, harek biziki egia ederrak.

NAGUSIA: Baitake.

PETAN: A! Gizon kasko gaitzekoa zen hura!

NAGUSIA: Nor ere baita.

PETAN: Gaitza. gizona, gaitza; gizon bat (eskuz keinua eginez) ni baino oraino haundiagoa... Beraz... gurerat joanez, beretik ari gaiten. Daukat, mihiko traba hori... aire batzutarik heldu zaiola; guk, sabantek, umoreak deitzen ditugu; erran nahi baita... ba... umoreak! Eta, gaitza sortzen den aldetik ateratzen diren delako aireak heldu dire... erraiteko maneran... zererat... eta... Latina ikasia duzu?

NAGUSIA: Ez.

PETAN: (Brau xutiturik) A? Ez duzu latina korrprenitzen?

NAGUSIA: Ez eta hitzik ere.

PETAN: (Lorietan, aho-betean) CABRICIAS ARCI THURAN, CATALAMUS, SINGULARITER, NOMINATIVO, HAEC, EST MUSA, erran nahi baita; musa. BONUS, BONA, BONUN edo bonoa. DEUs, DEUS. SANCTUS, EST-NE ORATIO, LATINAS, latinez. ETIAN: bai. QUARE, zertako. QUIA KUIA ez bada kuiatxoa. SUBSTANTIVO edo buztana. ET ADJECTIVUN CONCORDAT, konkorra IN GENERI, NUMERUN, numeroa, ET CASUS, eta kasu...

NAGUSIA: A! Oxala, ikasi banu hola latina.

PIARRES: Zer eskola dukena!

LEON: Ba, ederki mintzo duk; nik ez diat segurik debru pitsik konprenitzen.

PETAN: Beraz, aipatu aireak, ezkerretik, han baita gibela... eskuinerat, bihotzaren alderdirat... joaitean... bularrak, latinez «armiarma» deitzen ditugunak... hauk, buru-fuineri, grekaz «nahasmihiz» lotuak baitire... buru-fuinetarik bihotzerako zainari, hebreoz, «cubile» erraiten diogunari esker... bidean aurkitzen ditu delak.o aireak, lepa-uztaiaren barnean direnak: eta... delako umoreak... konprenitu behar duzu ontsa arrazoinamendua... eta beraz, delako umoreak kaltekorrak baitire... Kalsu'mazu huni...

NAGUSIA: Bai, bai.

PETAN: Kaltekorrak baitire... zeraren gatik. eta... ba, zaude, erne.

NAGUSIA: Dena bearri nagozu.

PETAN: Zeraren gatik, eta... bearri... ziloetan.. sortzen diren aire minkor batzuen gatik... huna zer gertatzen den... OZADUN DUZ, erran nahi baita: azak onduz... NEQUEIS, NAQUER, edo aise, POTARIUN, QUIPSA MILUS. Horra zergatik den zure alaba mutua.

PIARRES: Gizonaren kasko gaitza eta aho ederra!

LEON: Eta mihi azpiko zaina ontsa pikatua duela!

NAGUSIA: Hau arrazoinkaria! Ez ditake segur; nehor hobeki ari... Gauza batek estonatu nau haatik, jaun mihikua. Gibelaren... eta... bihotzaren lekuak. Iduritzen zaut, ez ditutzula xuxen emaiten; bihotza dela ezkerreko aldean..., gibela aldiz eskuinekoan.

PETAN: Ba, lehen hala ziren; bainan, guk, denak aldaratu ditugu lekuz, eta orai, mihikuntzan arras bertz alderat jokatzen gare.

NAGUSIA: A! Hori ez bainakien. Barka nere ignorantzia.

PETAN: Ez, da makurrik; ez duzu, alabainan, gu bezain argitua izaiterik.

NAGUSIA: Hori hala da. Bainan, jaun mihikua, zer egin behar dela, iduritzen zautzu?

PETAN: Niri iduritzen zautana, egin behar dela.

NAGUSIA: Ba... Ta?

PETAN: Nik, daukat, oherat joan bear duela berriz, eta, erremediotzat harrarazi behar zaiola etxe ogi zearra bat ederra arnoan bustirik.

NAGUSIA: Zertako hori, jaun mihikua?

PETAN: Senda dadin!

NAGUSIA: Bainan, nolaz, ogi eta arnoa!...

PETAN: Huna: arnoak eta ogiak, elgarrekin, nahastekatuak direlarik, indar berezi bat baitute, mintzarazteko... Ez zare ohartu, perruketeri ere ez dela bertzerik emaiten, eta, hura janez, ikasten dutela mintzatzen?

NAGUSIA: Hala da. A! hau gizon gaitza!.. Fite, arnoa horri, eta ogi zerra bat ederra.

        (Eria ganberarat laguntzen dute).

PETAN: Aratsaldean berriz agertuko naiz.

 

 

BORTZGARREN MINTZALDIA

 

Nagusia, Petan

 

PETAN: Sarri arte.

NAGUSIA: Zaude ixtant bat, plazer baduzu.

PETAN: Zer nahi duzu?

NAGUSIA: Pagatu, jaun mihikua,

PETAN: (Ateratzerat egiten balu bezala, gibelat eskua hedatuz). Ez dut hartuko.

NAGUSIA: Jaun mihikua, zure pena...

PETAN: Deusik.

NAGUSIA: Zaude.

PETAN: (Beti eskua gibelat. hedatua). Ezetz.

NAGUSIA: Otoi!

PETAN: Trufatzen zare.

NAGUSIA: (Dirua emanez). Horra egina.

PETAN: (Dirua eskuan). Ez dutala nahi.

NAGUSIA: He!

PETAN: Ez nau diruak erabilki, gero, ni.

NAGUSIA: Pentsatzen dut. (Maider ateratu ate beretik badoa).

 

 

SEIGARREN MINTZALDIA

 

Petan, Andre

 

PETAN: (Atlerat buruz doalarik). To, ez duk gaizki, alaintso, agian...

ANDRE: (Sartzean). Aspaldian zure goait nindagon, jaun mihikua; zure beharretan bainaiz.

PETAN: (Foltsua berehala harturik). Huna foltsu bat, ontsa eri.

ANDRE: Ni eri?.. Osasun onean naiz, Jainkoari esker.

PETAN: Hainbat gaisto, jauna. Holako osasunarekin beldurtzeko duzu; sangratzea on zinuke.

ANDRE: Sangratu? Zertako, ez eri izanki eta?

PETAN: Igual du; on da. Nola geroko elgarriaren gatik edaten baita, orobat jaten geroko gosearen gatik, hala-hala behar da sangratu geroko eritasunaren gatik.

ANDRE: Bainan ez naiz eritzekotan, eta ez dut erremediotan hasi gogo.

PETAN: Zergatik ez duzu beraz berehala garbiki erran, ez zinela hortarat heldu?

ANDRE: Barkatu, jaun mihikua; huna bi hitzez: Andre deitzen naiz; eta, orai ikusten izan zaren Maider... gostukoa nuke. Eta... harek ere... ni naski; bainan... aitak ez nahi... Hola ausartatzen naiz zuri laguntza galdetzerat... haren ikusteko...

PETAN: Norentzat naukazu?.. Zer! Zure amodiaren zerbitzuko hartzerat ausartatzen zare; eta nere mihikugoa holako lan batetarat ekarri nahi!

ANDRE: Ez, otoi, jaun mihikua, hainbertze harrabots egin!

PETAN: Nik, harrabots haundia egin nahi dut. Eta, zu, ez deus gizon zare... eta. ozar bat, kontuaren gaineeiko.

ANDRE: He! Eztiki, jauna.

PETAN: Jakin zazu, ez naizela hortarako gizona, eta.. gaizki-ikasi bat zarela,.

ANDRE: (Moltsa ateraturik) Jauna.

PETAN: Ni lan hortaratuko?... (Andrek dirua emaiten dio). Ez naiz ez zutaz mintzo; zu gizon gisakoa zare; eta Jainkoaren lorian, zuri zerbitzu egiterat nagozu. Baitire, aldiz, jende ausart batzu, beren buruak ez dakit norentzat dauzkatenak; halakoek errabiarazten naute.

ANDRE: Barka, jauna, nere ausartzia.

PETAN: Zertaz da zure arrangura?

ANDRE: Ori, jauna, sendatu nahi duzun Maider-en eritasuna alegiazkoa da. Mihikuak xuxen ari ziren, bai; eta erran dute ere garbiki batek, buru-fuinetarik heldu zaiola hertzetarik, bertzeak; hirugarren batek, gibeletik; bertze batek, baretik; bainan egia hau da: amodia mina duela, eta, gogo-kontra ezkontarazi nahi zutenarekin ez egiteko, asmatua duela, Maider-ek eritasun hori... Bainan elgarrekin ikus gaitzaten beldur naiz. Goazen; bidean erranen dautzut xeheki zer nahi dutan zutarik.

PETAN: Are oa... Zure kasua biziki gustatzen zaut; nere mihikuntza guzia hortan joanen da: edo eria zurea izanen da, edo... leher egin behar du,

 

aurrekoa hurrengoa