www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Andoni deunaren bizitza
Federiko Belaustegigoitia
1919

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Andoni Deunaren bizitza, Federiko Belaustegigoitia. Jaungoiko-Zale, 1919

 

 

aurrekoa  

ANDONI DEUNAREN BIZITZA

 

        Padua'koa deitu arren, Padua'ko seme ez zan Andoni deuna, Lisboa, Portugal'eko uri nagusian jayoa baño. Au 1195garren urtean jazo zan ta ugutzan, bateuan, Perdiñanda (Fernando) izena ipiñi eutsoen. Buloens'tar Marti eta Tabera'ko Miren bere gurasoak, jaun-andra ospetsu ta aundiki jatorrikoak ziran; aundia be bai zan euren onoimen ta Jaungoikoarentzako bildurra. Onegaitik lanik ez dirurik aurreztu ez eben nai izan umeari zeruko bidea erakusteko; baita be zaldun gazte, aberatz bati dagokionez azitzeko.

        Orretarako gura izaten eban astia ez eukan Andoni'ren aitak; guda-agintari ebillan Portugal'eko Alfonso erregeagaz ta ezin izaten eban bere nai ta erara seme maitea erakutsi ta zaindu. Iñoren eskuetan ipiñi bearrez, Lisboa'ko Katedral, Eliz nagusiko Kanonigoen ikastetxera bidaldu eban. Jakituri ta ontasuna baturik egozan toki atan ta alako irakasleakin jakintsu ta santu izatera eldu zan gure Andoni deuna.

        Laster barru-barruan munduko gauzai iguin, gorrotoa sortu yakon, aren galbide, arriskoak ezaguturik. Orretatik iges-egin ta aldendu erabagi eban ta arimaren garbitasuna bakartadan, toki eskier ta seguro baten legez zaindu. 15 urte baño geyago ez ebazala, Augustindar Kanonigoen jantzia artu eban «Deun Bingen»en (au zan lekaretxearen izena).

        Lekaibarri edo nobizio izan arren, zarrentzako eredu ta erakusle bat legez agertu zan Andoni, bere jainko-su ta oneraspenagaitik. Berak nai izaten eban arte ta astirotasuna Jainkoari bere burua emoteko ez eukan baña toki atan; Lisboa'ko atetan auzo baten egon ta sarri gurraso ta senideen ikustaldiak izaten ebazalako. Bere nagusiai eskatu eutsen, lortu be bai, Koinbra'ko Kurutz Deun Abadetxera bidaldu egiela. Munduko zaratak eltzen ez ziran bakartada aretan bai osoro goiko gauzai emon eutsen bere burua. Astirik ia gustia otoi oraziñoari, Edesti ta guraso Santuen liburuak irakurteari banandu eutsen. Buru ta biotza, zentzun ta almen guztiak goiko gauzaetan jarri ta gorputza laztasun penitentziz estuturik deuntasun ta onustasun gorengo malletara igon zan Andoni. Oraziño, otoi egiteko berarizko emoi edo ikasbidez Jaungoikoak apaindu ebala esan eiken, ta apalak goratzen dabezanak goretsi nai ebala munduari eskutatu bizi nai izaten eban Andoni deuna; ordutik, ba, deun aunditzat danak izaten eben.

 

 

Aprika'ra nai

 

        Bizitza orretan 8 edo 9 urte igaro yabezala, Koinbra urira eldu ziran Aprika'n ildako prantziskotar zorioneko batzuen gorputzak. Marruekotarrai Jesukristoren siñestea

erakustera joan ta martir ziñopa-koroya irabaziaz bizitza galdu ebenak ziran areek.

        Gorpu deun areen ikusteaz, Jesu-Kristoren maitasunez sutu zan Andoni ta euren aritzera odola ixurtzeko nai beroz biotza bete yakon. Uste izan eban be orretarako biderik onena Deun Pantzeska'ren seme ëgitea izango zala.

        Burutik asmo ori aldendu gura izan eutsoen Kanonigo beren lagunak; zenbaterañoko min eta naigabea Andoni'ren joateak emongo eutsen ez da esateko.

        Aen maitasun ta alegiñak baño sendoagoa Andoni'ren naya ta iraupena izan ziran. 1221'garren urtean Prantzisko deunaren jantzia artu eban ta ordurarte erabilten eban Perdiñanda izena utsi ta Andonirena artu eban; Andoni Abataren izenpean egoan be, sartu zan lekaidetxe edo konbentua. Ordun bai biztu ta geitu zan Andoni'ren biotz-sua, begitaurrean izaten ebazala Pantzeskar lekaide aen ebanjelio'tar txirotasuna ta ezeukia, aen apaltasun ta bizitzaren latz eta estutasuna. Beren gorputzarentzako gorroto santuz beterik egoala zirudian; ari atsegin guztiak ukatu ta naigabe ta min emotea beste nairik ez eban gure Andoni'k. Geroago ta geyago be aundiagotzen yakon Jesu-Kristo ta siñistearen aldez odola izurtzeko egarri bizia ta ain beroa zala au, egunean-egunean nagusiekana bultzatzen eban eskez, arren Aprika'ra joan eta Sarrazen ta Maomarrak kristartzeko bayetza emon egioela eskatuten.

        Eskubidea azkenez eldu yakola, itxasoratu zan; baña ondo-eza andi bat etorri yakon laster; Aprika'ko itxas-aldean geixoak gelditu eragin eutson negu osoan ta geroago ta makalago egiñik Europa'ra biurtzeko beartu zan. España'ko portu batera eltzeko egoala aize bolada batek ontzia urrindu ta Sizilia ugarteko itxas-ertzera jaurti eban.

        Messina urian ligorra artu ezkero, jakin eban Andoni'k lastertxo Asis'en egingo zan Prantziskotar ordenaren Kapitulo oroikarra edo batzar nagusia, ta onera Asis'tar Pantzeska deun berbera erduko zala. Aita ta deun gurgarria esagutzeko nayak igiturik, Asis urira joan zan.

 

 

Apaltasun goratua

 

        Pozaz besarkatu eban Pantzeska deunak, Andoni'ren aurpegia ez bakarrik ezagutu ebala, gogo arimaren barruan estaltzen eban onoimen ta deuntasun aundi-aundia baizik. Maitasun-agerkunde asko egiten eutsan Pantzeska'k; ez, beintzat, aurkestu yakozan beste lekaide-nagusi edo etxe-zaiñak. Praille alper gauza-ezatzat artu eben danak ta iñok bez eban bere lekaretxe konbentuan artu nai. Aita Grazian Romania'ko Probinziala edo nagusia errukitu yakon eta bere menpean arturik, Monte Paulo bakartadarako izendau eban (ori zan mendiko tokirik latzenean bastertutako konbentotxo bat).

        Ixil-ixil ta apaltasunez beterik toki atan bizi zan. Arrotz izanaz ta bere abizen ta aundiki-odola ta bere jakituria iñori bez agertu ta iñok ezagutu barik, bigarren sukaldari, eskatzako lanetan, Anai Pedro'ri laguntzeko jarri eben. Besterik egiteko gauza ez zalakoan an euken ta 11 illabete basterreko-basterrean igaro yakozan, Andoniri. Pozik egoan an baña, munduko keska ta arduretatik aldendu ta Jaun-Goikoa'gan bere uste osoa ipiñirik.

        Jaun-Goikoa'k baña argitara atara nai izan eban gizonak aiztu ta bastertuta euken Andoni deun ta jakintsua, bere apaltasuna goratu ta saritu guztien begitaurrean. Ona emen gertatua: Bear izan eban Grazian Aita Probintzialak sermoi txonitz bat egitea Yorli uriko elizan; beartu ta itz-emonik egoan orretarako. Baña, eguna eldu yakonean eztarriko miña sortu yakon; ordezkorik aurkitu ezin da gelditu zan. Estu-aldi aundi atatik Aita Grazian iñok ez eban atarako (beste sermolari edo izlaririk, ba, ez zan aurkitzen) gure Andoni ixillak baño, eskatzako tresnak garbitzen ebazan kanpotarrak baño.

        Azkenez, beste biderik ez egoan ta, Goikoak lagun, pulpitora igoteko Andoni'ri agindua emoutson. Esana egin eban Andoni'k, itzik erantzun gabe igon zan, ta, guztien aurrean lotsagarri zer esan jakin gabe geldituko zan sukaldaria, sermolari ta izlaririk aundiena agertu zan orduan, entzule guztien arritasunaz.

        Andoni'ren izen ta ospea alde guztietatik zabaldu ziran ordutik, bere jakituri ta itzmen aundiak goratuaz.

        Aita Pantzeska berak adierazo eban Antoni'k Teologia erakutsi egian bere naya. Ona emen bere eskuz egiñiko bidaldu eutson idazkia: «Andoni bere maiteari Anai Pantzeska'k Jesu-Kristo'gan osasuna! Ondo eristen deutsat Prailleari Teologia zeuk erakusteari; era onetara baña, onan uartzen deutzut nagusikiro, ikasteko lanak ez dagiala zugan ez eurakan amatau otoitzako gogoa, gure ordenako arauak aginduten dauskunez. Jauna zugaz».

        Menpegin (esana-egin) eban Andoni'k ta guztiak arritu ta mirezten ebazala irakatsi eban Bolonia'n; baita ere gero Montpellier, Toulousse ta Padua'n.

        Aundia zan ekanduen galtze ta nasaikeria; txikiagoak bez, sinistearen okertze ta erriaren jakin-eza. Orregaitik bearrezkoak ziran orduko aldian Andoni lako gizonak, irakasle jakintsuz gañera deun aundiak ziranak. Erriak misiolari sutsuen bear izana zan ta aen eske. Bai izan zan misiolari ta benetako apostoru bat Andoni deuna. Bere lenengo txonitz, sermoyak, egin eben zaratagaz, alde guztietatik, aldra aundiak, entzutera etorkoozan. Eliza aundienak naikoak ez ziran entzuleak barruan artzeko. Erri-zei (plaza) ta zelayetara sermoi egitera urten bear izaten eban. Bitartean uriko lanak amaitu, dendak itxi ta arazo guztiak utxiten ziran Andoni'ren sermoyak azkendurarte. Sermolari bati bez jaramon ta adi aundiagoaz ez yakon iñoiz entzun, ardurago ta ixillagorik bez. Ta nok berak baño onura aundiagorik atarako eban? Geyenetan intziri ta negar-zaratak sermoya geldi erazoten eben. Onera biurtuak amaibakoak ziran. Itzaldia amaitu ezkero, Andoni deunari aozpeztuten yakozan biotz-gogorreneko pekatariak ta sinistoker gaiztoenak ta aitortu nai ebenak ainbeste zirala, abade ta praille, lekaimerik ez zan naiko egoten. Urte gitxitan lortutako uzta ta irabazia ezin litzake esango, Jainko-itza Prantzi ta Itali'ko edonun zabaldu ebalako: Trebis, Probenza, Languedoc, Lemousin, Belar, Berry dukerrian, Sizilia ugartean... Roma ta Padoba'n batez be, zeruko bidera erakarri ebazanak zenbatu ezin alak izanaz. Itzez ta egitez gizon urtenago ta aldunagorik Apostoluen alditik ez zan izan, benetan.

 

 

Deunaren mirari batzuk

 

        Beragana eske etorrita osatuko ez zan geixorik nekez zan aurkituko. Bildur barik esan leike Andoni deunak egindako mirariak zenbat ta zelakotan Jesu-Kristo il zanetik ordurarte bardin antzekorik ez eukela.

        Andoni'gaz autortzera joan zan mutil batek amari ostikada bat emon eutsola deunari agertu eutson. Egindako gaiztakeri ori ain biziro ezaindu ta gaiztetsi ebala Andoni'k, naigabetu ta damuz beterik mutilla etxeratu ta gero berberaren anka ebagi eban. Bear ez dan oben nekelarregia jakiñik, mutillagana doa Andoni; egite zoroa adierazo ta oñ ebagia eskaturik, ankeari irantziten deutso ta bat-egiñik geratu ziran, guztien arritasun aundiz.

        Padoba'n aurkitzen zan deuna jakin ebanean bere aita gizon bat ilteko epaipean Lisboa'n egoala ta urkamendira bidaltzeko zori aundi ta arriskoan. Lisboa'ra joateko bayetza nagusiai eskatu ta une baten, bat batera, Lisboa'n aurkitzen da, mirariz. Epaikariak ikusten dauz, aitaren errugabea agertu, ta bere esanari ez deutsoela siñistuten ikusirik, ildakoaren gorpua epaitegira dakarrela eskatzen dau. Zer jazoko ote zan usteak uri guztia bertara erakarrita eukan. Ildakoari, gorpuari itandu ta Jesu-Kristo'ren izenean aginduten deutso Andoni'k, abots argi ta entzungarriz, berberaren eriotz-giña aita dan edo ez dan agertu dagian. Gorpua jagi zan, ta aita epaipetuaren errueza agertuta, bere il-kutxan etzun zan barriro. Ikuslearen arritasuna norañokoa izango zan ezin asaldu geinke. Egin eutsen gero Andoni'k biotz-beroko otoi bat, ontasun ta onbiderantza bultzatuaz, ta bat-batean, Paduko bere konbento, lekaidetxean aurkitu zan deuna!

        Bera baño arerio aundiago ta indartsuagorik ez eben euki orduko sinisteoker ta guzurrak. Ain azpian ta lotsaturik utxi ebazan ta. Jesu-Kristo Sakramentauaren egia agertzen egoan bein Toulousse'n, sinistoker ospetsu bat entzule ebala. Aitortu eutson onek agirikoak ta erantzuneziñekoak zirala deunaren itzak, siñestuteko mirari bat nai ta bear ebala baña. «Ondo dago, Andoni'k diñotso, ta gurago dozuna aukeratu ta esaizu». «Nai dodan miraria da, sinistokerdun gizonak erantzun eban, neure mandoa ondo gosetua lasto ta garagarrari jaramon egin gabe Ogi Deunaren aurrean auspezturik ikustea». «Izan bedi, deunak iardetsi eutson; ondo eristen deutsozun beste barau ta gose emoyozu zure mandoari». Iru egunetan mandoa ezer artu barik euki eban gizonak; uri guztia ikusle zala, aberearen aldean Ogi Deuna (Osti Santua) ipiñi yakon; janariz beteriko aska bat beste aldean egoala. Gose amorratuak arren, Ogi jaungoikoari belaunbiko jarri yakon mandoa ta ezin izan eutsoen eragin ezer artu, alik eta zeruko Ogia bere aurretik kendu eben arte. Sinistera etorri zan gizona ta beragaz batera beste sinis-galdutako asko.

        Ekandu txarreko ta sinistokerrez beteriko itxas ondoko uri baten iñork bere ez sermoya-entzutera etorri gura ez eutson; ur ertzera doa ta Goikoan uste osoa daula, arraiñai deadar egiten deutsoe: «Jainkoaren itza entzun nai dabenik ez dagola ta zatoze zeuek, bere umeak, ta deunge orreen gogorkeria zuen menpetasunagaz lotsatua». Izugarrizko jazoera! Ondartza arraiñez bete zan, aek burua urtik atara-ta, adi-adi antzaz. Bere itzaldia jarraitu eban Andoni deunak Jaun-Goikua'ren guztialmena goratuten; ta onespen, benedikaziñoa emonaz agur egin eutsen gero, buru-biotz gogordun uri osoa jaunagandu ebala azkenez ta era arrigarri orregaz.

        Sermoi ta itz-egiteko, Andoni deunari danak lagunduten eutsola esan leike: danak beragan erakarten ebala: bere apaltasun ta begiruneak bere egikera guztien on ta gozoak guztien biotzak irabazten zituan lenengoz; oneratuten ebazan gero.

        Verona, Padua ta Trebisa'n Markako uri askoz jabetu zan Ezelino jauntxu anker ta dongea. Odolez ta ikaraz Italia bete eban, bai erri-jabe alkartuen indarrari, bai Aita Santuen exkomuniñoai barre eginda; bakarrik Andoni'ri makurtu eutson bere burua.

        Ainbeste gogosu ta ikaraezaz Andoni'k begitaurrean ipiñi eutson aren pekatuen pillo aundi ta astuna, ta ainbeste kemen ta indarraz aren odol-izurtza gaiztetsi ebala, okerbidean geldierazo eban. Lotsa artu eutson ta deunaren aurreari auspezturik, bizitza onduteko itza emon eban. Asmoa ez eban bete, baña deuna bizi zan artean lotu zan, Andoni il ezkero bere lengo naaspil ta jauntxukerietara biurtur bazan be.

        Pekatariak ondutzeko ainbeste adoregaz lanegiten eban bitartean, prantziskotarren arazo ta zeregiñetan sartu ta begiratzea, ez eban aztuten. Zoritxarrez, erru andiz, prantziskotarren Jeneral nagusitzat Anai Elias autu eben; gizon arro ta agertu-zalea zan ori, ta Pantzeskatar Ordenaren izakera ta gogoaren arerio ta ondatzalle kaltegiña. Asi eban ba Pantzeska deunaren semeen artean loka ta nasaikeria sartzen. Gergori IX, Aita Santuagana gora jo eban Andonik, ta aren aurrean aldeztu eban prantziskotarren Araudi edo bizitza-aginduak ain ederto azalduten daben idazki txiki bat «San Prantzisko'ren azken-itz (testamentoa)» deitsoena; liburu au da prantziskotar semeen artean txirotasun ta laztasuna asierako gogo utsean zaindu ebazana. Roma'ra deiturik Anai Elias, bere nagositza kendu yakon. Andoni'k berriz apaltasuna ta arimeen zaletasunak igiturik, ez eban izan nai beretzat eskintzen yakon nagusitza, ta uko-utsiteko eskubidea Aita Santuagandik lortu eban. Nai izan eban onek Roma'n bere aldean euki, Elisa arazoetan bere onitz ta jakituriaren balioa artzeko; baña Andonik lotz-oneko eskari ta ekintzaz lortu eban Padua'ko bere basterrera biurtzeko baietza. An bizi zan ba, Jaun-Goikoari osoro emonik ta Elisari onura andia ekarri eutsoen lanetan.

        Sinistu ezin leike ea 36 urtera eldu ez zan gizon gaste osasun makal bat, laztasun larregiz ausiago bat, ainbeste lan eta ainbeste pekatarien biurtze egin al izatea. Ori ain urte gitxitan Andoni'k egin eban ba, Italia, Sizilia, Prantze ta Europa'ko beste erri batzuk erakusten ta itz-egiten igaro zala, ta toki gusti-gusti onetan giza-pilloak beren atzetik erakarri ebazala, bultzaturik danak aren abo-iturri zerutar ta izugarrizko mirarien inderragaz. Jesu-Kristo'rentzako bere maitasun bizi-sutsuaren jatorria izan zan ori. Arentzako bere biotz-bera bardiñik ez dau euki; deun aundienen artean bere ez; gitxitxuri be Jesu-Kristo'k Andoni'ri bezin maitasun aundia agertu deutsoe. Otoi ta zeruko gauzaen ikuspen-emoya ugari emon eutson Jaunak; sarri askotako izan ziran Andoni'ri goi agerketak, bere zerutar ames eta kordegabetzeak. Ikusnayak igiturik, bein Andoni etxez egoan ugazabak ixil begiztu nai izan eban, gela barruan deunak zer egiten eban, ta belauniko ikusi eban Jesus Umea besoetan, deunari lastan gozoak egiten eutsozala Umeak.

        Gallen-urtena zan Ama Birjiñarentzako bere maitasun oneraspena. Jayotza unetik izan ebala esan leike, txiki-txikitatik izan eban ta. Biotza zabaltzen yakon zeruko Amatzaz itz-egiten ebala, bere esakera ta era maitetsuz aregan ipiñita eukan uste ta siniste osoa iragarriaz. Elitzaldi, nai idazki, nai lan-aldietan beti Ama Birjiñari gomutarentzako tokia aurkituko eban. Esturaldiren baten aurkituten baldin ba zan, Ama altsuari Elisak opaltsen deutsozan abesti, kantaren bati ekitea zan, geyenetako bere ate-bidea.

 

 

Deunaren eriotza

 

        Laster ilgo zala goi-argiturik, Campiettro izeneko bakartadako baselizatxo batera urrutiratu zan, Jaun-Goikoa baño beste lagunik ez izateko. Alan egon zan azkenengo arnasa emoteko, une-unea etorkiola ezagutu eban arte. Eskatu eutsen ordun bere lagun lekaideai lekaetxe; konbentora eroan egiela. Urian jakin ta danak arrapaka ta bultzaka abegi-egitera ta ikustera urten ziran. Giza-pillo arek, maitasun larregi artean, deuna estutu ta itoko zan bildur ziran lekaideak, ta jenteari igeska Santa Klara lekaimetxe, konbentuko kapelau-etxera sartu eben. Esan-eziñeko gogosu ta maitasunaz Jesu-Kristo'ren Gorputza ta beste Sakramentuak artu ebazan, ta «O Gloriosa Domina» ereserki sarri esaten oi ebana agostuten, Jauna'ren atsegiñara sartu zan Andoni deuna, Jesu-Kristo'tiko 1231 urte ta bere bizitzako 36 ta lekaide sartzetiko 10'garrenean.

        Barri au jakin zala, Padua'ko uri gustia il-jantziz jarri zan ta umeak kalerik-kale ebilzan «deuna il da» dearrez. Bai Santa Klara'ko lekaimeak, bai Andoni'ren Prantziskotar Anayak bakotxak beretzako nai ta gorputza eukiteko alegin gustiak egin ebezan. Gorpuaren eroate ta lurpetzak negar ta il-jayaren usañik ez eben euki; Erriaren txalo artean, guda-irabazle-garailari baten sartzea zirudian.

        Bere bitartez Jaun-Goikua'k egindako mirariak, il-aurre ta il-ezkero; zenbatu ezin alak izanaz kanonizaziorako, deun izendatzeko epai ta asterketak egitea agindu eban Gergori IX Aita Santuak. Au, len aitatu danez, deuna asko ezagutu ta arte-euki ebana zan. Deuntzeko epai ori urrengo urterako amaitu zan ta Garagarrilla lenengo egunerako bula edo agindua Aita Santuak emon eban. Au da, deuna il zaneko urtebetea 12 egun lenago, ta ordurarte beste deun iñor bategaz egin ez zana.

        32 urte barru, Paduatarren oneraspen deboziñoak Andoni'ren izenezko Elisa bat eregi eban, munduko ederrenetariko bat, ta ara deunaren gorpuzkiñak aldatu ziran. Il-kutxa agerturik, aragi guztia amaituta aurkeztu zan; mingaiña barrez, deunak ainbeste pekatari biurtzeko balio-izan eban zatia, oso-osorik, ezi, gorrizkatxo ta bizi, gorputz biziarena izan balitz bezela.

        Bere eskuetan artu eban ordun Bonabendur deunak (urte atan Prantziskotarren Jeneral, goi-nagusia zan) ta olan ots-egin eban, esanaz, «O zoriondun mingaña, Jainkoa goraltzeko ta, besteai goraldu eragiteko beti erabillia! Zure ustelduezak norañoko atsegiña ziñayon dagerku». Gaur arte yagoten da Andoni deunaren mingaiña ontzi ikusgarrienetariko baten jarria.

        Danen esaguna da kistarrak, urteak igaro arren, Santu oneri dautsen onerazpena; batez be dei egiten yakola, beren laguntza ta osabidea eskatuaz, galdu diran gauzaen bearrean aurkitzen geranean. Orretarako zaindaritzat artu izatea nondik ete datorren eskier ez badakigu, lortutako eskarretatik jatorri izango da, noski. Antziña-antziñeko idazki baten au irakurten da: Andoni deunaren maitale andi batek, Lisboan, erestun eder saritsu bat galdu ebala, ustegabean urzulo osin sakon batera jausten utsirik; egun gitxi barru, zulo beratara jausi zan ango ura atarateko edarra, ta mutil batek goraturik, bere barruan erestuna aurkitu ebala; au ikusi ezkero, mirari, mirari! dearka asi zala.

        Latiñezko antziñeko itz-neurtu asko erabilten diran batzuk labur azaltzen dabe Andoni deunaren bitartez lortuten diran eskar ugariak. Asten dira orreek: Si quaeris miracula, mors, error, calamitas... ta euzkerara biurturik au diñoe:

        Mirari eske ba-zoaz, Andoni deunaren bitartez eriotza urrin, guzurra lañotu, lanak amaitu, deabrua igeska ta legen geixoa garbiturik aurkituko dozuz: Bat-batez geixoak osatzen dira, itxas-asarrea baretu, apurtu kateak. Andoni'ganatzen dira zar eta gazteak, soin-zatiak dirala, nai galdutako beste gauza batzuk dirala; areek osasuna ta oneek gauzak aurkitzen dabez. Itz baten, galbideak bastertu, beartasunari erbesteratu egiten deutso. Paduatarrak, ezpabe, esan begie, ta ikusdakien guztiak argitaldu.

 

aurrekoa