www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erari espirituzkoak
Martin Aranburu
1901

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: Erari espirituzcoac gueyegui eratetik personai eta familiai etortzen zaizten ondoren caltegarrien gañean arguibidea, Martín Aramburu. Provinciaren Moldizteguia, 1901.

 

 

aurrekoa  

GIZONAREN OSASUNEAN

eta baita ere etxe eta familietan
ordikeriak edo geiegi erari gogorrak artzeak
egiten dituzten kalteak zer nolakoak
eta zenbateralokoak izan oi diran.

 

        Probintzi onetako Diputazioak Azpeitiko erriyan aurtengo urtean egin bear diran euskal jolasetarako ipiñi duan argibide edo irakurgaietatikan bat, da nik itz labur oen asieratzat izendatzen dedana, eta zeñaren gañean egingo dedan alegiña itzkuntza labur onetan zerbait esatea argitasunik aundienarekin kunpli ditezen gure Probintzi ontako agintari jaunen desioak, zeñak diran bertako jendearen artean zabaltzea jakintasun zenbait modukoak, izan ditezen batez ere nekazari eta langille jendeen ongarriak.

        Dudarik gabeko gauza da orain aitortu ditudan jende oek egiten dituztela okerbiderik asko erari kontuan, zergatik ez dakiten zeiñ kaltegarriak eta zenbateraño iritxi litezkean erariak ekarri litzakean gaitzak, bai norberaren osasunean eta baita ere erariari emandakoen ondorengoenetan, izanik onelakoak sortzen dituzten umeak indargabekoak, aulak, eta askotan zenzugabeak edo burutik nasteko griña dakartenak eta ezer lanetako baliyorik ez dutenak. Gauza oen ganean itzegiten duanean gizon jakintsu batek esaten du, eziñ obetoago adierazotzen dutela beren baliyoa ez bada numeroak edo kontu ateratzeak ordikeriaren bitartez manduko nazioetan etorri izan diran eta egunero etortzen dirala ikusten ditugun kalteak; eta izendatzen ditu Franziako nazioari dagozkionak esanaz nazio onetan bataz-beste izanik urtero eun eta ogeita bat milla gizon edo emakume Justiziko Tribunalen mendean arkitzen diranak egin dituzten okerkeriak gatik, esandako oetatik larogeita zazpi milla oi dirala erariari emandakoak, au da, erariak mendean artu eta daudenetakoak. Modu berean aitortzen dituanean Norte-Amerikako nazioari dagozkion kontuak, izendatzen degun gai onetan esaten du, atzeneko amar urte igaro diran oetan ill dirala erariak galduta irureun milla gizon; joan dirala karzela edo presidioetara bera dala medioz eun eta borrogeita amar milla, eta burutik nastu edo zoratu zaiotela beste amar millari. Kontuan eduki besterik ez dago bada orain aitortu ditugun gauza oek, ikusteko zenbat kalte eta zeiñ aundiak izatera iristen diran erari gogorrak gizonaren osasunean eta nazioetako ongi izate eta aberastasunean egiten dituanak; eta naiz ez izan gure Españiya eta aiñ gutxiago berriz euskal-erriko jendea geienen bat galgarri gai onetan gaur arteraño ateratzen geranak, urte gutxiz onuntz esan gentzake nabarmentzen dijoazela oitura gaiztoak erari kontuan, zeñak kentzeko dan dudarik gabe biderik egokienetako bat adierazotzea eta erakustea jendeai erariak ekartzen dituan kalteak, naiz izan modu batean edo bestean.

        Ari naizen lantegi onetan segituko diot lenago aitortu dudan gizon jakintsu arri esanaz berarekin ez dirala erariak bere izatez gauza kaltegarri eta iñola ere bear ez diranak, baizik moduz eta ordu egokietan artzen badira, osasunarako eta gorputza indartzeko dirala gauza egokiak. Baño ontarako alkarganatu bear dira beste bi gauza zeñak diran, eraria izatea legezkoa, au da, ongi eta garbiro egindakoa izatea, ezer nasterik gabe askotan oi dan bezela osasunarako kaltegarri diran zenbait sustantzi jenerorekin; eta bestea berriz, gizonak artzea erariak neurri jakiñ hatean, geiegizkorik egin gabe eta batez ere orditzera iritxi gabe. Era onetan beti ezagutu izan dira erari garbi eta ongi egindakoen ondasunak; eta emen dagokigu gogora ekartzea arako aita Meajer Jesusen Konpañiakoak orain dala eun eta irurogeita geiago urte esan ziona ardoari itz neurtu sonatu batzuetan:

 

                Erari maitagarriya

                Tristearen alegriya

                Dezu alaitzen begiya

                Kentzen melankoliya

                Mutuba ipintzen kantari

                Eta errena danzari.

 

        Ardoa da bai bere neurri moduzko batean artzen danean gizonaren indargordetzalle eta piztugarri bat, zeñaren gañean antziñako denboretatik asi eta gaurko egunetaraño aiñbeste gauza esan dituzten nazio guztietako gizon iskribitzalleak beraren ondasunak zabalduaz; eta gauza gu guztiokgandik jakiña eta umetandik dotriñan ikasi genduana da Jesukristo gure Jaunak berak ardoari eman zion aunditasun eta esate baterako adiskidetasun baten señalea aukeratu zuanean erari guztien artean beraren bitartez egiteko egunero egun eta gizaldiak iraupena daukaten artean sortu eta pensatu litekean miraririk aundiena, nola dan meza santuan gertatzen dana. Ardoa izaten da ere gizonaren alegrantza guztietan lekurik nagusiena eduki oi duana eta atzeragoan aitortu ditugun itz neurtuetan irakurri dan bezela ipintzen dituana mutuba kantari eta errena dantzari, zergatik piztutzen dituan odolaren indarrak eta egiñ azten dituan ere milla lanbide bere egoera oiturakoan gizonak iñola ere eziñ egiñ al dituanak.

        Iritxi geran puntu onetan ardoaren itzbirea aitortu degun ezkero, esan bear degu nazio bakoitzak dauzkala bere ardo jeneroak, naiz ez izan gure Españiyan beziñ indartsuak eta gozoak; eta gañera berriz usariyoz ardoaren lekuan bertako jendeak artzen dituzten beste erari modu batzuek, nola diran sagardoa gure euskal-errian, cerveza Alemaniyan, koumis Rusiyan, pulké Mejiko aldean, eta onela beste erari modu asko nazio eta zenbait probintzitan usariyo diranak. Ez dago zer esanik oen guztietatik eta beste erari moduen artetik guri geienetsu zerbait esatea dagokiguna dala sagardoa, bada beraren izenak dion bezela da sagarraren ardoa, eta frutu au da gure euskal-erriko lurrean beste iñon baño geiago egiten dana eta bertako aberastasunik aundienetako iturria. Iñolaz ere gero eta geiago dijoa zabalduaz euskal-erriko jendeen artean sagarraren landaketa, egiten dituztela lan onetan saiatzen diranak geienen bat, arbola izendatutako onen gañean eta beraren gaitzen gañean biziro asko jende artean zabaltzea komeni diran jakinbideak, bada ezaguturik dagoan gauza da sagar arbolak izaten dituala gaitzak ez bakarrik bera galdu eta igartzen dutenak, baizik baita ere egiten dan sagardoari iristen zaizkanak izaten dala gutxi edo geiago obea eta gustagarriagoa. Guztiongandik jakiña da ere sagardoak dauzkala bi izaera modu, au da, azaltzen dala batzuetan gorputz gutxikoa eta lasto kolorekoa; eta beste batzuetan berriz loritasun edo gorputz geiagokoa, eta era berean gorri antzekoa gutxi edo geiago izanik bat eta bestea iñoiz gazi antzekoa edo gozoagoa daraman sagarraren izaeraren bitartez. Sagardoa da eran erraza oi duan eraria, eta gai onetan ez dago galdetu besterik Donostiko eta bere inguruetako errietako sagardo eraleai; onela izanaren medioz da ere irteera azkarrekoa, au da, laister kanporako bidea billatzen duana eragiñaz txixa maiz eta ugari. Onelakoa dan medioz egiten du ere garbitasun aundia gulzurrunetan, zergatik gure gorputz barrunbeko pusketa oetan txixa zortzen dan, eta baita ore puxigan galerazoaz leku onetan gelditzea iñoiz sortzen diran ondar ale txikiak, eragozten duala txixa lekuko arriak osatu edo egitea. Onegatik da gauza ikusia eta jakiña medikuen artean txixa lekuko arriak gutxitan sortzen zaiztela sagardo eraleai, au da, sagardo asko egunero eraten duten jendeai. Bañan beste gauza guztiak bezela badauzka sagardoak ere geiegiz artu ezkero bere okerbideak: oetatik lenengoenak dira urdalla edo egoslekua zabaltzea, eta janaria gazitzea; eta azkenik orditzea edo moskortutzea.

 

 

Sagardoaren ordikeria

 

        Sagardoak asko eraten danean sortzen duan urdalleko zabaltzea, da gauza txit bidezkoa, bada eraria irrintxitzen danean, sartzen da urdallean zagi txiki baten barruan sartuko litzakean bezela, eta bat batera sartzen bada erari asko eta asko, zagiya premitzen da, geiegi zabaldu azten da, eta gelditzen da esate baterako puztuta balego bezela. Geroagoan eta denbora modu bat igarotzen danean, nola eta ere dijoan galduaz bere bear duan itxurara biurtzeko indarra, izendatzen degun egosleku edo estomaguak, gelditzen da au zabaldurik edo lenago esan degun bezela aizez betetako zagi baten itxuran zeñaren barrunbean sartzen diran janariak eziñ bigundu edo egosi litezkean bear bezela, eta emendik etortzen da erretasun eta barrungo samintasuna zeña izendatzen dan biuztarra, gorako aize larria edo ito bearra, eta baita ere iñoiz buruko miñ galanta, askori gertatzen zaion bezela.

        Bañan gauza esandako oen gañezkoa eta gizonari bere izatea galdu azten diona bere neurriz kanpora sagardoa artzen duanean, da beraren medioz artzen dan moskor aldia, geiegitan ikusten degun moduan. Sagardoaren ordialdiak ez du iñolaz ere egiten urirazekiaren bitartez artzen danak beziñ kalte aundirik, eta ez da ere utzitzen gizona ganadu baten antzera biurturik, baizik lendabizi mugitu azten du mingaña bear baño geiago, askotan sortzen dituala iñork ez zekien moduko bersolariak, zeñak pixkaka eta poliki geroagoan mutu biurtzen diran eta gañera anka elbarri, sagardoteritik etxerako bidea ongi neurtuaz joateko moduan. Baño beste gañerakoan eta modu egokian sagardoa artutzen dala, da au txit erari osasungarria eta garbia, egarri illtzalle guztizkoa, eta eragiñazten duan txixaren bitartez baita ere gultzurrunetako eta puxigako garbitzallerik onetatikan bat.

 

 

Ardoaren ordikeria

 

        Ardoa dago bere lekuan erari indarberritzalleen artean errege balitz bezela, bada lenago esan degunez piztutzen du itzali naiean dabillen odolaren indarra: bañan era berean berak ematen duan ordialdia da ere gogorragoa eta baita ere errazagoa sagardoarena baño, zergatik daukan erari onek baño asko ispiritu geiago, naiz eta izan ardoa indar gutxikoa. Ardoarekin orditzen dan gizonak galdutzen du zenzua, mututzen zaio mingaña, elbarritzen zaizka ankak, eta itz batean gelditzen da ezereren zenturik bere buruari eziñ eman lezaioken modu eta itxuran. Eta orain aitortu degun estadu onetan sarri eta maiz ipintzen badu bere burua ardo-eraleak, denbora asko baño lenago ikusiko da beregan nola dijoan memoriya eta entendimentua illunduaz gelditzen dala, urte asko igaro baño len guztia ajolagabeturik, uzten dituala bere artu emanen edo etxeko lanen joan etorriak eta geroago eta maizago bere burua orditzen duala.

 

Urirazeki eta
beste onelako erarien ordikeria

 

        Bañan esandako gaitz oek guztiak atzera uzten ditu eta askoz okerbide aundiagoak ekartzen ditu gizonaren osasunean eta familietako pake eta ongi izatean urirazeki eta onen antzeko beste erari gogorrak neurriz kanpora artzeak eta beraren medioz orditzeak. Guztiz usariyo gaiztoa eta kaltegarriya ikusten degu esandako erari oen bitartez jende langille artean gertatzen dana, goizekoa esaten dioten eratean, bada barrungo illtasuna piztutzeko aitzekian, irintxitzen dute gorputz barruan izan litekean menenorik aundienetako bat. Nola eta ere dagoan goizean utsik estomagu edo urdalla, gertatzen da orduan bere barrunbea modu onetan dagoala sartzen dan erari gogorrak guztia erre eta kiskaltzen duala, eta gañera berriz erari ura dijoala zuzen zuzenean odolarekin nastutzera eta berarekin bat egitera, geroagoan gorputzeko beste pusketa eta baztar guztiak erre eta galdu ditzan. Nork izendatu litzake erari madarikatu onek gizonari ekarri lizazkean kalte izugarriak? Medikuentzako liburuetan irakurtzen da zardadeak gizonaren gorputzean sortzen dituan ajeak, da esatea, urteak bata bestearen gañean asko osatuaz gizonaren izatean egiten dituzten kalteak eta erari gogorrak batez ere urirazekiak gorputz barruan sortzen dituztenak, dirala alkarrekin parez-parekoak. Onela bada, ikusten degu zardadeak dauzkala berekiñ auldadea, besoetako eta anketako dardararak, begietako lausoa, buruko arintasuna edo memoriaren argaltasuna, eta itz batean ezertarako gauza ez dan moduan gorputza gelditzea; modu onetan bertan ez dago begiratu besterik ordikeriari emanik dagoan gizonari, ikusteko dala au denbora baño lenago zartutakoa, bada naiz eta urte gutxi eduki berekiñ, agertuko ditu gizon zar batek azaltzen dituan ajeak berak zeñak lenago aitortu ditugun; egunero ikusi gentzake gauza au gure begiakiñ eta beraren bidez konturatu ere, erari gogorrak ez dutela egiten besterik ez bada bear baño lenago gizona zartutzea, edo zardadea aurreratzea. Gauza onek onela izan bear duala dago begien aurrean, bada gelditzen bagera denbora pixkatxo batean pensatzen beraren gañean, ikusiko degu gure urdalla eta esteak daudela egiñak Jaungoikoak lurraren gañean ipiñi zituan janari eta erari jeneroak beren barrunbean irintxi eta egosteko, izan ditezen modu onetan gorputzeko biziaren sostenigarri eta indarberritzalleak; eta guk beartzen baditugu esandako gorputz barrunbeko pusketa aek, emanik berari oituraz kanpoko beargaiak eta berak lana egiteko bear ez bezelako jenero moduak, beti arkituko dira premiturik eta esate baterako estuasunezko lantegi bat egiten, etorririk emendik beraren nekea edo ler egitea, geiegi korri azten zaion zaldi baten antzera. Modu berean beartzen dira ere gibela, biotza, buruko garunak, gultzurrunak, eta itz batean esateko gure barrunbe guztia, zergatik leen guztietara iristen dan odolarekin nasturik dijoan menenoa, eta zeña dijoan pixkaka alferrik galtzen izendatu ditugun pusketa aek guztiak, sortuaz beretako bakoitzean bakoitzari dagozkion ajeak, zeñak bat banaka izendatzea guri ez dagokigun leku onetan. Eta urirazekiaren bitarten orditzen dan gizona ez dago berriz zer esan gelditzen dala egiaz ganadu baten antzera, bada erari gogor onek eta beste bere antzekoak ematen duten ordialdia da oraindik ardoarena baño askoz pisuagoa eta kaltegarriagoa. Urirazekia eraten danean bazkaldu ondoren usariyo dan moduan kopatxo bat edo beste bakarrik artzen dala, eziñ esan lezake dala kaltegarria, baldin eraria bada ardoagandik datorrena edo ardoarekiñ egiña, bada jakiñaren gañean egotea komeni dan gauza da urirazeki merke eta tabernariak geienetan edo beintzat askotan saldu oi dana, izaten dala erremolatxari edo patatari eta oraindik okerragoak diran besta gauza askori ateratzen dioten ispirituarekiñ egiña, eta oraindik askotzat kaltegarriagoa osasunarako ardoarekin egiten dana baño. Gauza onen egibidea daukate izendaturik eta baita ere eskarmentuz ikusirik urirazekiaren lanbideak nolakoak oi diran jakitera beren alegiñak egin dituzten mediku eta beste gizon jakintzu askok, zeñak probaturik daukaten eta baita ere ontzat emanik, ardoarekiñ egiten ez diran ispiritu klaseak daukatela zortzi aldiz illgarri edo meneno geiago matsaren zumutik datorrenak baño: bada ikusi dute edozein animali ill erazo nai izan dutenean urirazekiaren bitartez, asko izan dutela ematea onetarako zortzigarren partea, ardoa ez izanikan beste gauza modu batzuetatik ateratako ispirituetatik; ateratzen dutela emendik kontu garbia eta begien aurrean dagoana, lenago aitortu degun bezela, zortzi aldiz illgarri geiago daukala ardoarekin egiten dan ispirituak baño, beste sustantzi milla modukoakin egiñ oi dutenak. Onelakoen bidez orditzen dan gizona gelditzen da aotik lerdea dariola, mugitu eziñ dala, eta buruko argitasun guztia galdutzen duala: eta ez badu denboraz eta laister utzitzen erari illgarri au artzeko usariyoa, egin lezake kontu dijoala saltaka bere azkena arrapatzera, bada barrunbean dauzkan pusketa guztiak ari dira galdutzen eta igartzen, batez ere odolak korrimentua daukan zañak, urdalla edo estomagua eta gibela; pusketa au galdutzen zaiotenean eraleai esan oi du jendeak odolak ur biurtu zaiztela, bada ikusi oi dira sabela aunditu eta bertatik ateratzen diozkatela pitxarka barrungo urak, naiz izan alferrik, zergatikan denbora gutxiko iraupena eduki oi duan beren biziak, estadu onetara bein iristen diranean.

 

 

Ordikeriaren ondorenak

 

        Gauza oek oriela izanik, zer esan gentzake orain bere ondorekotzat nai eta nai ez eraleak ekarri bear duan lantegiaren gañean? Erantzuera emango diogu galdera oni gogoratuaz antziñako esangi ura, au da, arbola abarrak frutu onik eziñ eman dezakeala. Alde batera bakarrik balitz kaltegarria gizon eralea edo ordia, oraindik iritxi lezake zerbait barkamen konturaturik aragiaren argaltasuna, baño modu askotan izaten da kaltegille erariaren mendean eta ordikerian bere burua naspillaturik daukan gizon edo emakumea. Bata da lenago esan degun bezela, sortzen dituan umeak izatea edo argalak, edo zenzugabeak edo biotzeko miña egiten zaiotenak eta beñere bear bezelako gizonak izatera eziñ iritxi litezkeanak, zergatik diran sustrai txarreko landareak eta azi txarrarekin eregiñak. Gauza au onela dala egunero ikusten da erri aundietako umeen hospitaletan, bada leku oetan ostatuz dauden gaxoak eunetatikan erdiak bañan geiago dira guraso ordien frutuak eta beren denbora guztian beren aita eta amaren izenak madarikatuaz bizitzeko eskubidea daukatenak, esate baterako. Gañera berriz onelako gazteritik, zer espera lezake gauza onik eta probetxuzkorik berak bizi diran gizaldiak? Beti argaldasunaren eta gaxoen mendean arkitzen badituzte beren buruak, ez bakarrik baliyo ez dute zerbait gauza on berengandik emateko, baizik dira beste beren inguruko guztien kaltegille; emendik atera gentzake bada kontua eraleak egiñ bide onetan bakarrik bere semeentzat eta bere bizilagunentzat ekartzen dituan kalte izugarriak. Ez dago berriz zer esanik bere buruaren kontua eziñ eduki duanak eta arrazoia eta memoriya erariaren mendean ipintzen dituanak, onela gelditzen dala parez pare ganadu edo animaliakin, eziñ eduki lezakeala bere etxeko joan etorri edo artu emanen konturik eta onelakoen etxeetako gobernua izan oi dala egunero eta geiegitan ikusten degun modukoa, ondatzen dituztela baldiñ jabe badira beren ondasunak, eta beti miseriaren azpian beren buruak dauzkatela, beren eskuetako lanaren bear badira familiyak mantentzeko. Baita ere beste gai batean azaltzen da eralea beretzat eta beste inguruko guztientzat kaltegille eta gaiztakeriaz betea. Da ura familietako eta lagun arteko pakearen etsaia, zergatik askotan oi du ordikeriak berekiñ sesiyoa eta pakerik eza; ez dago galdetzera joan besterik gai onetan esaten ari geran gauza onen egibidea karzela eta presidioetara eta leku aetan millaka eta millaka, arkitzen diran eriotzagille eta gizon galduak erantzungo digute eraria dala medioz gertatzen berak dirala arkitzen diran izaera negargarrian. Aitortu ditugun itz-bide labur oetatik konturatuko gera bada erariak neurriz kanpora artzen danean, edo erariari emandako gizonagandik, eziñ gauza onik etorri litekeala; bada ez bakarrik onelakoak ondatzen du bere burua galdurik osasuna, baizik da kaltegarria bere umeentzat, etxeko interesentzat, eta inguruz bere bizilagunentzat.

 

 

Ordikeria errietatik kentzeko
erremedioak

 

        Nola eta ere ez degun uste euskal jolas oetarako Probintzi onetako Diputazioak ipintzen dituan puntuak izan bear dutela luzapen aundikoak, baizik langille eta nekazariari zerbait erakusteko modukoak, eta era onetan laburrak eta al dan argitasunik geienarekin esanak, bukaera emango diogu eskuartean dakargun oni esanaz, bertan berean aitortu degun gaitz moduak bear dituala erremedio aundiak eta eraleari bere griña txarra sustraietik kentzeko modukoak. Eta naiz ez izan gure egitekoa emen erremedio au izendatzea, ez degu aitortu gabe utziko gure pensamentu modua gai onetan, esanaz erremedio oen guzien zimendua dala gazte jendeari ematea umetatik argitasun eta ikasbideak, zeñaren bitartez konturatuta egon dediñ dala gizona, au da, Jaungoikoak bere antzera egindakoa eta daukana berekiñ entendimentu eta memoriyaren doaiya, zeña eranaren bitartez galtzera iritxi litekean geldituaz modu onetan bere buruaren jabe ez dala eta jende guztiaren aurrean barregarri azaltzen dala, ez izanik beretzat eta beste guztientzat gauza kaltegarri eta lotsagarri bat baizik. Orain aitortu degun erremedio modu au bera aukeratu zuan Beljikako nazioan, 1882garren urtean egin zan gizon jakintzuen billerak, ordikeria eta urirazekiaren kalteak erremediatzeko alkarganatu ziranean, esanaz ezagutu bear zala entendimentuko argia edo jakinduria eta gizartetik miseriya ezkutatzea, izan bear zutela ordikeria galdu azteko biderik zuzenen edo erremediorik egokienak. Eta gauza onen sinismena ikusi liteke noiznai nazio artan bertako umeen eskoletan gai onetan ematen diozkaten erakus-bideen bitartez, sartuaz gazte jendearen buruetan txikitandik urirazeki eta onen antzeko erari gogorrak egiten dituzten kalte izugarriak nolakoak izan oi diran.

        Beste nazio batzuetan, nola diran Alemaniya eta Rusiya, aukeratu izan dute bertako nagusitza edo aginpidea daukatenak galdu azteko al duten guztia jende artean urirazekia erateko usariyoa, ipintzea erari oni eta bere antzekoai pagatukizun aundiak, modu onetan izan ditezen erari galestiak eta asko iñork, eta gutxiago berriz langille jendeak, eziñ eran al ditzan modukoak. Naiz eta ezagutzen degun gure aldetik atzeneko erremedio au ere ez dala ez konturatzekoa, beti uste degu indar geiagokoa dala lendabizi aitortu deguna, zergatik onen bidez artzen duan bear dan ezaguera gazte jendeak alde egiteko gauza kaltegarri eta ondatzallearen ondotik, badakielako au artutzetik eziñ etorri lezaiokeala gizonari ez bada ondamena eta bere buruaren eta ondorengoen galera negargarria.

        Iskribiturik utzi ditudan errenkara oetan egiñ det al dedana argitaratzeko urirazekiak eta onen antzeko beste erariak gizonaren osasunean eta familietan egiten dituzten kalteak: eta neretzat iritxi litekean saririk onena izango litzake jakitea beren bitartez zerbait gauza ongarri eta probetxuzko ingurutu duala beretzat gure euskal-erriko jende nekazari eta langilleak, zeñaren argibidetarako egiñ dedan orain esku artetik utzitzen dedan nere lantegi laburra.

 

aurrekoa