Herbesteratua
—II—
Egun hartan goizsentiarekin bat esnatu zen Mikel. Jeiki eta leihoratuaz, berehala nabari zuen halako lanpara eta zuhaitz adartsu soilduak sakan laino batetan bildurik zeudela kalean. Lehendanik prestaera gehienak eginda zeuzkalarik, laster moldatu zituen gainetikoak garaiz samar ekin zekion partierari. Egongelako mahaian utzi zizkion paper batean idatzita ohar batzuk etxabizitza garbitu eta jaso ohi zion andre asistentari; gutun bat edo beste ere bai seiluak ipini eta postetan errenda zitzan. Kafesne bero beroa hartu kalerako jantzi zenean, eta agudo asko jaitsi zituen atariko autora lorrak eta katoni zituen maletero eta autoaren atzeko jarlekuan magnetofonoa, liburu eta prezixoen gerta zekiokeen beste zenbait gauza anitz. Bertantxe kontu ere egin zuen banan bana ea argiak itzali, gasa kendu, leihoak nola utzi zituen etab., memoria eginez. Hotz zegoen goiz hartan; sakan lainoarekin nahasirik haize umel eta gordinak terkoitz xehetzen zuen aurpegia; arnasa lurrin bihurtzen zen aire edukaitz hark biltzean. Kalean ez baitzen agiri anima gurutzeko bat inon. Bakardade hark geldotasun eta bake osoan, mundu honetatik besterako denboraren une iragankorra zirudien: done, loriotsu eta zerutarra. Sartu barrena eta berealdiko azkarrena jarri zuen autoa abiadan eta hartu zuen abantzada kalerik zehar hiritik at irten arte guztian. Gaiztagin bat zirudien Mikelek kaleetan prestura eta presa izugarrian nonbaitetik irten behar ihes egingo bazuen eta ezinik bezala larri. Filma baten sekuentzia izan balitz, aurki agertuko zen polizia adarra joaz. Plaza de Castillara iritsi zenean, gelditu autoa eta Madrid hiri handiari begiratu zion bueltaturik. Dena lainope agiri zen, ez zegoen ezer ikusterik; existitzen ez balitz bezala zirudien leku hartatik bere aldera begiratuaz. Baina Mikelek, ordea, ez baitzeukan denbora galtzen egoteko astirik eta berriro ere berehala abiatu zen autoari kea borborka aterarazi eta motorra indarrik handienean zuela. Ibilbira apur bat eraman errazteko “cassette” batzuk jarri zituen bere gustoko musikaz. Irratirik ez zuen ipini ere. Mikelek nahiago zuen aspaldiko edozer gauza oroitu, bere egitamuak nola. atarramendu asmoak erabili edo ametsetan pasa denbora. Madrildik irten eta aurki azaldu zen eguzkia, artean urrun begiztatzen zelarik Guadarramatik Somosierra bitarteko mendikatea dena elurrez jantzita. Autobidean garraioko trayler asko zetozen hiri handirantz eta beste ugari ere ikusten ziren geldituta halako ostatu jakinezkoetan. Mikelek, kaiolan luzaro katigu egondako txori bat askatzean hegadaz bezala jo zuen aurrera lehenbailehen Arabako muga harrapatuko zukeenean; baina artean geratzen zen bitarterik asko zerbaitetan pentsatzeko. Zeri lotuaz ekingo zion bada? Mikelek sarritan kontsidera ohi zuen bere burua izaki mentsatzat, Imina ez beti-beti. Hala ere, hobe beharrez, bazekien bere aberriaren muga harrapatzea gerta zekiokela egitekorik errazena gero bertan halako gauza asko kontzientziaz besarka ahal izan baino; txit benetan barrentatu zituen hark bere baitan kontrakoi gauza ugari herriratzen zenerako, baina utz zezatela guztiek, ez baitzeukan ezer ausnartzeko gogorik; bere lur santuan oinak jartzea asko zuen eta gero gerokoak. Haatik, berehala oroitu zen behin bere aitonak eman zion aholkuez; jakina, zenbaiti sentimentalkeria bat irudi zekiokeen zelako ateraldia, baina nolanahi ere bere aitona bihotz bera eta inozo izatetik aparte bila beharko ziren arrazoiak hain erabaki sendo eta iraunkorra hartu ahal izateko. Errioja eta Burgosko lurretan luzaro lanean ibilirik ostean etxerako prestatu zenean, Miranda de Ebro hiritik irten eta bertantxe bidearen ezkerreko ertzean topatzen zen Euskal Herriko mugarri landuan, aspaldi zuen eginik hark promes, alegia, bere bizian ez berriz gehiago Ebroz haruntz joatea. “Hik ere lehenbailehen egin hobe huke”, esan zion behin aitonak. Noski, Mikelek erruz sarritan gogora ohi zuen erraparamen osoenaz aholku hura, baina ez baitzuen sekula konplitzeko ahalmenik ardietsi. Izan ere eta, egungo denbora nahasietan ez baitzegoen nola nahi promes egiterik, ez. Gaur, “topofilia” eta “topofobia” hitzek erraz sor zezaketen nahastura. Autoak hartu, edo tren, hegazkin ala itsasoz, jo ta su pasiabira zebiltzanak ihes egitearren aldatzen ziren lekuz bazter batzuetatik besteetara gelditzeke; ezin inon sosega zitekeen. Bila nahi zuten tokia maite izan baino zetozen hura gorroto zutelako gertatzen zen hala, nonbait. Jendea edonon aspertu eta nekatzen zen orain; baina Mikelen aitonak promes hura egin zuen sasoian besterik zen mundua. Orduan aspertu eta nekatzen zena, ondo ere ondotxo aspertu eta nekatzen zen, baina euskaldunak ere bazuten konpentsapen bat: promes egin eta konplitzeko kemen eta ausardia. Aldez edo moldez, gaur geroenean sekula baino errazago eta ugariago promes egiten zen, baina bakar batzuk ezik beste, inor guttik bete ohi zuen. Judaskeria luzaro irauteko zegoen artean mundu zabalean. Esate baterako, euskaldun askok egin ohi zuten promes beren hizkuntza ikasi, landu eta erabiltzeko, baina gero euskara zekitenek ez zuten egingo, eta hainbat gutti ikasi, ez zekitenek. Nolanahi ere, euskaldunen esparrua eskas ugaltzen zen halako zenbait jende jatorren ahalegin guztien ahaleginez ere; askotan. “el vascuence se muere, y se muere sin remedio” esan ohi zuen hark kezka izugarria sortarazi ohi zion itxaropen itsuan ez zegoen edonori, leizeak behera aldarmailoka hiltamu beldurgarri batetara itzuliaz. Zergatik asaldatzen zuen Mikel arazo hark hainbeste? Agudo alderatu nahi izan zituen berriz eta berriz ere kezka guzti haiek burutik. Bidearen alde batera eta bestera noizik behin landari begira ihardun zuen hurrena autoaren barrundik. Galsoro kabu gabeak nonahi agiri ziren oluraz jantzirik poliki poliki gerturatzen ari zen bedatse zoriontsuari ongietorri egiteko; aldian edo beste hor hemen aloa talde batzuk ikusten ziren hegadaz zeruaren zati bat guruztean; bela tristeren bat edo beste ere bai halako leku sekain eta jaukian hegaztien eremutik ohilduta bezala. Bidea, bihurgune baten ondoren edo aldapa pasaturik, luzeera etengabean agertzen zen zuhaitzen errenkada biren erdian zuzen zuzen bistaz galtzeraino. Kontrako alboan berriz, autoak burrundara zeriela zihoazen abantzada presakatu eta presatu, beste aldean zedozer hoberik bilatu ahal balitz bezala. Mikelek aparteko larri eta tristura sentitu zuen istant batez, esplika ere ezin zitekeen modu arrotz eta berezian bere kemen eta adore guztiak anikilatzeraino. Gelditu autoa lehenengo begiztatu zuen ostatuan, eta segitutik sartu zen barrena hamarretako ahamen bat egiteko asmotan; gose flakiak jorik zeukan apur bat. Mikel bera bezala pasadizoz zegoen jenderik agiri zen ostatuan, asko asko ez bazen ere; batzuk hiruko edo launakako taldetan zeuden mahaira eseri eta zerbait hartuaz; bakarka agertzen zenik ere bazegoen burutapen sakonetan murgildurik zirudiela isil isilik zedozeren jan edanean. Mikel iritsi baino lehen mahai batzuetakoak besteekoekin marmarrean ariturik zeuden itxuraz begiratu zioten Mikeli. Agian, juzgo edo susmo kezkatiak ausanartuaz. Mikelek, jangelaren barrenean irazekita zegoen suinara ondoratu eta gertu topatzen zen mahai bat okupatu zuen; zerbitzariak eskatu zuena ekarririk laster hasi ziren mahaietan zeuden bidairiak lehena berriz esaten, nonbait. Euskal Herriari buruz gauza laido eta doilorkeriaz beteak ahotan zitueztelarik ekin zioten; alegia, hiru mila euskaldun gizagaixo zirela medio patria nola arriskutan aurkitzen zen etab., adieraziaz. Gizaseme batek erremedio izugarriak jartzen zituen antzura bezala, egoera hura errotik desegin eta deusezta ahal izateko. Noski, azkena inguratuak ezik, tertulari denak edo behinik behin gehientsuak zeuden ados hark ailegatu zuenaz. Gobernua gaizki ari zen obratzen; ahul, geldo eta zentzurik gabe. Halako zerbait esaten zuen bakoitzean, Mikeli begiratzen zion gizaje prestu hark ea honek ere bere arrazonamenduei baietza ematen zien ziur gera zedin, baina Mikelek ez zion izan entzun ez bazuen baino axola handiagorik. Zirudienez, ETAk berriz ere eginik zuen nonbait halako ekintzaren bat, eta besteak beste, hura nondik eta nola samurrago katrabilatu eta perplexitate handiagorik sortu ahalegintzen ziren. Kuestioaren harira jo ordez hura zen Espainiako populuaren opinio orokorra. Sutondoan giro zegoen enbor gartuari zirt eta zart txinpartak zerizkiola. Mikel, zigarrotxo bat erre bitartean, suari begira egondu zen aspaldian modu hartan surik ikusi gabe zegoelako edo halanola eritzita. Egia esan, leku hura egungo sofistikazioz horniturik egon arren, tximinian kanpaibarruko suak betidanik zion Mikeli aparteko ekarraia. Era eta modu frankotan zuen su hark garrantziarik asko izaki lotienak gehiago lotarazi edo esnarazteko. Euskaldunon ipuin eta elezahar ugari sutondoan asmatuak ziren seguruenik. Mikel burutazio haietan zegoen bitarte, “bilbaino” batzuk sartu ziren gelara nahiko jarrera astun, zutikoi eta dotorean, ea hurrengo partiduan Athleticek zer egin ote zezakeen etab., aurrez garaile izateko kontuekin. Irabazi egingo zuen partidua, noski; irabazi egin behar zuen. “ ;Aupa Athletic!”; irabazle aterako zen, eta kito. Bazirudien beste gogoetarik ez zutela. Eta ez zuten izango ere gainera, seguruenik. Denbora luzaro iragan baino lehen sortu zen ostatuko bidaiari susmurtien eta bilbainoen artean egundoko tropikoska elkarri gogor erasoz. Bilbainoek ogi zatika batzuk hartu eta lurrera apurtzen hasi zitzaizkien haiei, beste zenbaitek txanponak ere egotziaz isekarik lotsagarrienetan. Bronkatze izugarria maneiatu zuten bada, bakoitzak bestearen ama zakur eta puta aipatuaz taberna baten ateko beroan edozein jendailak bezala. Mikeli ikustekorik gauza nardagarrien, otas, mordoilo eta arlotea iruditu zitzaion sesio farregarri hura, eta kontua ordaintzearekin bat alde egin zuen. Landara atera zenean, pozik hats hartu zuen; elur izpiak ari ziren antzigar eginik; hotz zegoen. Ortzi garbian tarteka tarteka hodeiak ugaltzen ari ziren; eguraldiak arrastatzeko itxura zeukan. Mikelek sekulako arinean egin zuen berriroko abiera ere aidati hartarako arrazoi bakarra presa izan balu bezala. Ez baitzegoen bazterretan hura gelarazi zezakeen ezer asko. Iritsi zen Burgos hirira eta bertan behera pasa ere zuen ez pena eta ez loria. Zenbaitek umekeriatzat eduki zezakeen zelako ikuspena, baina Mikelek klero-militar-abogadu “burgokrazia” bat zela kontsidera ohi zuen hiri hura; Madril ttiki bat, hain zuzen. Madrilek Euskal Herriarekin egiten zuena, Burgosek berbera obra ohi zuen Arabako Trebiño konterriarekin. Jakina, munduan ez baitzegoen gauza okerragorik bortxaren poderiozko handitasuna eskas eta errekaitua zenak imita nahi izatea baino; orduan, eta antzina ez ezik gaur geroenean eta sekula beti, herri arrunt eta xumeen huraxe bera ere, beste pentsakera batzuen aurka plebeo gozakaitz bilaka ohi zen. Handik Miranda de Ebro jotzera bitarte hamaika gogoeta, egitamu eta itxaropen pasa ziren Mikelen batzuek besteekin loturik kate luze baten antzean. Miranda de Ebro iraganik ostean bertantxe, han zegoen azkenik mugarri landua noizpait hargorrian eginik zerbait handia adierazteko. Mikeli munduko oroigailu zoragarriena iruditu zitzaion ondoratu zenean; han hasten zen Arabako probintzia eta bere aberri ukatuaren muga. Esplika ezin zitekeen sentipen berezi batek bildu zion behingo behingoan bere kemen guztia, baina ez zuen egin inongo promesik, eta aurrera jarraitu zuen Gasteiz hirira iritsi zen arte. Arabako hiriburua ez baitzen garai bateko Vitoria jada; aldaketa izugarrian zegoen aspalditxoz geroztik Gasteiz, bere faktoria ugarien bidez hedatzen, handitzen eta zabaltzen kabu gabe. Euskalduntzen ere neurri berean ari bazen, hobe baino hobeto; zenbaitek zioenez, hala zen eta hala izango ere ahal zen euskaldun guztion ospe eta jarraipenerako. Mikel arras poztu zuen une batez zelako oharpen atseginak, eta berehala jo zuen hiriaren erdirantz non zebilen antz handirik ematen ez ziela kale berri, zabal eta apaindu haiei. Gelditu autoa kafetegi baten gertu eta Mikel espaloira ateratzean bertantxe, liburuak besapean zeramatzaten ikasle batzuk bere autoaren matrikulari begiratuaz, “ya están aquí los del cuento”, zioten mesprezioz beterik. Noski, Mikelen autoak Madrilgo matrikula zeukan eduki ere hain zuzen. Bestera, ez zen batetxo ere harritzekoa hala gerta izatea. Mikelek, ez baitzien begiratu ere, eta bere nortza huraxe bat baino estimatuago baitan zuela sartu zen kafetegira. Hartaz gero, eta egonik gauzak zeuden bezala, ikasle haiek heurek ere beste inongoek baino Madrilgo hizkuntza gehiago eta samur aski zerabilten; baina Mikelek bere arrazonamendu hura zeharo kontsideratu zuen eskas eta arlote aipamen handiagorik egiteko; bai koanto, noizpait iritsiko zitzaigun euskaldunoi ere kontzeptuak hobeki barrendu eta sakontzeko sasoia, bitarteko errezelo, peaketa eta puntu hartze guztiak arbuia ahal izan eta beste arazo anitz larriagoak benetan haintzakotzat hartu, salbagorde eta maitatzeko. Laster telefonatu zien Mikelek lagun batzuri, alegia, Gasteizen topatzen zenez gero, nola agur egin eta haiez zerbait jakin nahi zuela ailegatu zielarik. Lagunak, bera eta bere emaztearen partetik bazkaltzera haien etxera joan zedin erregu egin zion, baina Mikelek ez zuen azeptatu deia ahalik eta beraiek zegoen lekura etorri eta berriro joan zedin eskatu zioten arte; gero, hain herane, fidakaitz eta estendikor ikusirik Mikel berebiziko erreprentsioak eman zizkion bere lagunak emaztearen onespen osoenez. Etxabizitza eroso, txukun eta jasoa zuten hiriaren argi eta ederrenean bere lagun haiek, baina Maritxu zen artean hala ere askoz zati preziatuen eta baliozkoena etxe hartan. Modurik atsegin eta prestaera perfeziozkoen batez, aguro manejatu zuen otordua Euskal Herrian beste edozein etxekoandrek bezain egoki eta bikain bertako plato apetigarri batez. Mikelek ez baitzeuzkan artean berekin froga guztiak, Espainian euskaldun emakumeari “mandona” zelako eman ohi zitzaion fama itsu itsuan sinetsi ahal izateko. Otorduan ongi jan eta apurtxo bat edan ere eginik ostean, solas eta konfidentzia txit ardurazkoak eduki zituen Mikelek senar emazte jator haiekin. Hauteskundeak gertu zirelarik, gauza asko jakinarazi zioten Araban politikaz gerta zitekeenez etab., ezer gutti itxarotzeko modura, baina hala ere beren ustetan aldaketa handia egiten ari zen Araba, eta batipat Gasteiz. Halabaina, ordea, ezerk kupi zezakeen gauza, hiru urteko beren haurra ikastolatik etxeratzean gertatu zitzaion Mikeli. Haurtxoak euskaraz egiten zuen eta bere aitamek hitz batzuk oso urri besterik ez baitzekiten; ezin ikasi zuten euskararik. Zedozer harrigarria irudi zitzaion Mikeli arazo haren mamia eta ezin semejatu zuen ea haur hark nola iraun zezakeen euskaldun izaten, baldin bere inguruko jende larria baliatzen ez bazen euskaraz ikasteko, eta eskaini haur errukien hari mugaide aproposago bat isolamen debekugarri batetan inori jostailutzat zerbi ez ziezaion. Poliki zegoen justu, eta liluragarria zen gainera, gaurregun euskaldun izatea edo euskaldun izaten saiatzea, baina zerbait lortzekotan kontzientzia osoenez egin beharko ziren ahaleginak eta batipat jende larriaren aldetik, ze bestela, nahikunde eta fantasia huts bat batetan beste ezin suerta zitekeen ekintza hura dena. Auspeztu haurrarengana eta beso bietatik helduaz, ea euskeraz bazekien galde egin zion Mikelek muttikoari: “bai, nik euskaraz egiten dut, eta zuk?” Erantzun zion haurrak harriturik bezala gizon hura bere etxean euskaraz mintzatzen zela ikustean. Mikelek besarkatu eta musu bat eman zion bekokian begietan malko bi samurturik kupituaz. Jainko Jaunak eta ez bestek, gaurdaino izanik zuten baino adur hobe baten medioz argi egingo ahal zien haurrari eta bere hizkuntzari, sekula gehiago lorerik ederren eta politenez osaturiko arrosetaren antz tristean zimur ez zitezen. Antzinako zaldun bidariak postaetxeak lagarik ateratzen ziren bezain pozik eta arraiki ekin zion Mikelek ere berriro bere etxerako bideari. Laga zitzan behin betirako beregandik hainbeste kezka, zalantza, susmo txar, irudimen eta inguma beltz guztiak, alai jarririk. Trikitixa batzuk jarri zituen “casette”an, aufa-aufa eta ijiju askoren tartean berak ere irrintzi bat eginez. Trikiti alai haiek edonor alegera zezaketen euskaldun bazen behintzat; beraz, hartan jarrai zuen Mikelek guztiak buka zitzaizkion arte. Eta, Euskal Herriko irratiak zer ote zioten? Berehala banan banan egiazta ahal izan zituen denak edo gehientsuak. Bai koanto, Madrilgo “de la SER” katekoak ziruditen. Puntu askorekin e..., luze bat aurretik oguziaz, “concretamente, fundamentalmente, evidentemente, básicamente” eta etengabeko “entonces” manituen medioz baliatzen zirelarik. Ondo ere ondotxo zegoen ikusita, eta hala mila bider, Euskal Herriko irratietan “amaseca” gehiegi zegoela. Edozein hizkuntza aukera ohi zuten betiko gazteleraz aparte, samur eta gogoz baina maixeoz beterik, euskararen seaskari abesteko: “mama eo quero,mama eo quero, mama..., eo quero una xupeta” etab., brasildar Carmen Miranda bezain gazti izan ez bazitekeen ere; baina, ordea, gero “xupeta” lehorra eman ohi zioten euskarari. Egia erdiraz gezur huts baino okerrago zela kontu eginik, “amaseca” edo inude-ugazama haiek, arkumea erdi maite erdi gaitzetsi izan ohi zuten ardi desleialak bezala ziren; muturrean maite hartzen zuten arkumetxoa, baina errapera joaten zitzaienean “xupeta”ren bila, segituan jope egiten zieten arkumeei, eta noski, gero hala zegoen errukien euskaldungoa topatzen zen bezala, hainbeste “xupeta” eskaini eta “xupeta” lehorra hartuaz ezkeitu eta hiltzeko zori hobean. Madrilgo mandatuak betetzearren gerta zitekeen hala, edo ez: Egia esan, nonahiko galsoroetan bila zitekeen Madrilgo laino beltz kaltegarria, baina guztia esan behar zen, eta Euskal Herrian bertan ere jende ekuzia gabeko asko zegoen bazterretan. Zirudienez, “locutore-locutora”k samur eta oparo zaintzen zuten dikzio on bat gaztelera erabiltzean, baina tamalez, handik harako komeria hoberik zion inori aipatu ere ez. Etxeko esparruan ere baziren bateren batzuk otso edo, areago, antuzanoetan marmar egin beste baliorik gabeko oilo hegamotz eta mokotiek oilarito gabeko oilategian. Une hartan entzun zitekeen hura ere nolahala “radio popular” izango zen, noski, baina ez “zuekin —halako edo beste— herri irratia” esateko lain irrati. Mikeli ezin gerta zekiokeen batetxo ere posible Madrilen hainbesterainoxe asper ohi zuen errosariotza hura bera bere herrian agoanta izatea, eta itzali egin zuen irratia. Denbora asko itxaro baino lehen erreparatu zuen Mikelek beste oharpen bat. Autobidearen alde bateko eta besteko pinudiak, alegia. Mundu zabalean zedozer itsusirik bazen, insignis lerro beltz hura gerta zitekeen denetan printzipalena, ogunaren argitan ere iluntzen zituelarik bazterrak tenebru triste bat batetan utziaz edozein inguru. Euskal Herriko egugiroa izanik berez zen bezain lainopetsua, eta bestetik pinudi itsusi eta beltz haiek hain ilun, bazirudien zela gau beti. Lehenengo, otadiak landatu eta jantzi ziren lerrez. Nolanahi ere, beste ezertarako balio ere ez zuten otadi haiek, eta tira;gero, gaztainadiek eramango zuten atarramen berbera. Zoritxarrez, aspaldiko gaztaina zuhaitzak berririk inork jartzen ez eta hondamenezko gaitzak jota beste erremediorik gabe igartzen ari ziren; bueno ba, izan zedila Jainko Jauna bera bitarteko, eta aurrera; hurrena, eta pentsatzekoa zen bezela, pagadi, harizti eta mota guztietako basoak dailatuko ziren lepotik eten gabe, sasondoetako lizar, lertxun, zumar, astigar, haltz, ametz etab., ziur libratuko ez zirelarik adur hobe batez. Pinuak, ez baitzuen balio itzalpean; inguruak garbi behar zituen indartsu, egoki eta labur haziko baziren, edo indartu, txaratu eta enbortuko bazen bere material beldor, makal eta ustela; beraz, geriza, intxaur, urritz eta beste arnaridun zuhaitz ugari ere epaitu eta urkatuak izango ziren ler itsusi haiek salbagorde eta bakean tantai egingo baziren. Jakina, gizonari eszesoen grinak ezaguera kentzen ziola gogoan izanik, sagasti, madari eta aran arbolak triskilatu eta desegingo ziren hurrena, eta handik harako, ezin gerta zitekeen egoera hoberik baserriaren albo bateko eta besteko soro, zelai eta belardiak pinu aldatu baino. Euskal Herriaren orube zaharreko baserri anitz pinu insignis tartean itorik, teilatuak lurra jo eta gailurreko habeak non ziren antz ematerik ere ez zegoela zeuden jada. Trajeria bat. Mikelentzat, pinuzaleen diru usna baino frankismoaren beste plangintzarik eza zen hondamen haren egile. Gaurgero, ordea, papera faktoratzeko pasta inportatu egin ohi zen gehiena;gaztaina, Asturias eta Galiziatik ekartzen zen; sagardoa egiteko sagarrik franko, Asturias, Lerida eta Geronatik. Beste fruitu asko, ahal zen bidez; “hemen izaten den baino jenero gehiago inon ez balitz...”, ahomenta ohi zuten aski sarritan pinudi beltz haiek non zeuden ere konturatzen ez ziren zenbait kristauki zabarrek, beste konta ezin haina taiugabekeria zeriela. Bai, egia izango ahal zen, Euskal Herri langileak diruaren bitartez nondibaitik eskura zezakeela behar zuen dena, baina ontsalaz, erizpide hura ez baitzen basta etxeko zenbait premia, auzi eta halako ezberdintasunak konpontzeko. Burutapen guzti haiek eta beste askori alde emateko kemena aski bagi zuelarik herriratu zen Mikel. Han zegoen eliza haundia antzinako etxaide guztia bere arrimoan babesturik zirudiela; etxe berriak taldeka zeuden eraikita eta beste ugari ere ari ziren egiten alde zaharretik aparte samar. Sinbolo bat zirudien. Iluntza zelarik aurki, langileria faktorietatik irtetzean erraz ohar zitekeen halako jende mugimendu bat kale eta ardandegietan. Itxura zuenez, kanpotar asko zegoen herrian finkaturik, edo behintzat Mikelek hala uste izan zuen ezagunik hain inor gutti ikusita. Gazteria, euskaldunen artean ohizko bezala, ozenki mintzatzen zen euskara oso eskas erabiliaz, eta zerabilen apurtxo hura ere erdarari noiznahi menpekotzen ziola. Noski, bere herriko kaleak antzina baino herstuagoak irudi zitzaizkion Mikeli; autoez josi eta estalirik zeuden bazterrak eta berea nonbait uzteko ere ondo kostata bilatu zuen lekua. Alde zaharreko etxeak, lehen garai batekoek baino ttikiago, pilotuago eta menosagoak zirela esan zitekeen begiratu batez. Kaleetan, aspaldi bezala, espaloietako harlosak mendebalak zerbait umeldurik agiri ziren hain giro berezian; dendak artean zabalik zeuden urteak pasata izan ez baziren modura lehengo toki eta tankera berberetan. Mikelek poz haundi bat nabari zuen bertatik, eta sekula bestetan baino aboroago leku maitagarri haiek berriro topatzean; noski, lehenagoko oroimen eta hainbat bider farre lasai eginak ere erruz bururatu zitzaizkion behingo behingoan hain pozik sentitzean. Elizako kanpai hotsak ziur adierazi zion bere herrian zegoela. Jende ezagun asko bilatu zuen Mikelek gero kalean, eta guztiekin mintzatu eta agurrik beroenak izan zituen etxeratu bitarte. Etxean berriz, ez baitzuten espero eta ustekabe osoan besarkatu zuten bere aita ama eta anaiek. “Nolatan, ordea, deitu ere ez diguk hentorrela, motel”, zioen amak nondik baino nondik gordeko hain poz zoragarria soseguz eta apal; aitak, sekula bere denboran estraineko, halako zenbait galdera gazteleraz egin zizkion Mikeli, eta honek, puntuan ikusirik mahaiaren gainean Hydergina, segituan pentsatu zuen bere aita ezin egon zitekeela burutik oso ondo. Gerturatu beregarana, besarkatu eta laztanduaz, Gasteizko haurrari bezala bi besoetatik heldu eta muin bat eman zion Mikelek bekokian, “euskara ez da hil eta ez hilko ere, aita”, ailegatzen ziolarik guztiz tinko. Hura zen aspaldi bere hitza kunpliturik edonoiz Castillan Ebroz haruntz ez berriz gehiago joateko promes egin zuen gizon fermu eta galant haren semea. Hark, Mikelen aitak alegia, terraje haietara joateko premiarik ez izan arren, are ere eginik zuen promes bere aitaren aholkuari jarraiaz. Hala ordea, Mikelek ezin inolaz ere semejatu zuen nola mintza zekiokeen bere aita erdaraz, eta baldin gaisorik bazegoen, nola expresa zitekeen hain komunztadura onean galdera haiek egitean, eta berehala aztarrena atera zuen lehenengo sendagaiari begiratu, gero aitari eta azkenean amari eramanez begirada; amak, agudo aieru egin zion, ez aitak, ze baizik berak hartzen zuela Hydergina. Mikelek bere ama lehen ere medikamenak egiten saiatua zela kontu eginik, lasaiago geratu zen. Gauean afaloste atsegin eta luze baten bitarte, herriko gauza asko jakinarazi zion bere familiak Mikeli. Artean aste pare bat aurretik zen hilik Paulo Urreta aspaldiko sozialista ere. Zirudienez, eraman zuten klinikara, ireki eta inork zer zuenik jakin ezta ekarri zuten berriro gorputz. Oso ezagun zen Paulo herrian. Landabe baserriko gazte bat eta beste bi kaletar mutil halako eta besteko familiakoak ere herenegun ziren hilik istripu malenkoniazko batetan autoa malda batetik behera amildurik. Mikelek ez baitzituen ezagutzen jada gazte haiek. “Geldikor eta gautxori huts duk izan ere egungo gazteria, eta horra zer gertatzen den gero”, zioen amak ben osoenez. Ezkondu ere jende asko zen eginik aspalditxoz geroztian. Herrian lantegi askotako krisiaren expedienteen berri ere izan zuen Mikelek nahiko asaldagarri. Mikel berandu oheratu zen gau hartan hainbat albiste jakingarri eta haurtzaroko oroimen ugari buruan ezin kabitu zitzaizkiola; ohera etzin eta berehala ekin zion aldarmioka jo batera eta jo bestera loak sosega ezinez. Kabutzeke etortzen zitzaizkion pentsamenduak borborka burua zartaka jartzeraino. Besteak beste, berak bizitzean ezagun zituen hildako askoren zerrenda edo estantigoa ere laino baten modura edo bakoitza nor fantasma bat zirudiela pasa zitzaion banaka banaka irudimenean, gehienik gogora zitzakeen jestoez, aieruz edo halako noizpait entzunik zien hitzez, batzuek besteengandik aparte. Zenbait, herrian hain ezagun ez izan arren, bere ahaide eta hartuak zituelako, beste asko berriz, Paulo Urreta bezala, herrian portaera berezi batetan nabarmendu zirelako. Nolahala, Paulo Urretaren oroitzapenak aurki burutarazi zion Mikeli, haren gertakizun bat. Botere frankistaren gaileneko denboretan, Urreta jauna zen herrian sozialista aklaratuena. Noski, Mikel mutiko koskor bat beste ez zenez gero artean, ezin uler zezakeen Urretaren jarrera aski zehatz eta egoki, baina geroztiko ondorioen bitartez, ongi klarezitu ahal izan zuen baldin eta Francoren aurka joatearren, sozialista bezala izan zitekeela beste edozein alderdi politikoren kide leial eta fidagarri. Arbasoen legaduz, karlista izan behar zuen Urretak, baina antzinako karlista zaharretan ere faltsoak ugari izan zirela jakin zuen unetik arbuiatu zituen haiek ez ezik beren ondorengoak ere. Halabaina, ordea, sozialismoaz ere apenas zeukan ezer sakonki erabakirik, eta bere azken aldera erabatez zegoen etsita. Ez zen sozialista ere. Elizarekin berriz, Francoren horda haiek bere herrian esku batean gurutzea eta bestean iskiluak zituztelarik sartu zirenean hautsi zuen nonbait. Bere herritar askorentzat edo gehiengoaren eritzitan gizon ona zen Urreta, baina nola zeukan jendeak sozialistatzat, eta beraz ez zelarik oso elizkoi ere, begi onez ikusia ezin gerta zitekeen zenbaiten baitan. Zena zela, Eliza Ama Saindu Katolikaren magaletik at bizi ohi zen aspalditik Paulo Urreta sozialista, baina beretzat, Paulorentzat alegia, Jainko Jaunaren aurrerako, Kristoren izena errespetuz erabili ohi zuen edonor zen kristau. Hala bazen sozialista edo ez bazen ze, senperenak eta bi ikusarazi zioten suerte guztietako zigor eta katigutza lotsagarrienak jipoi etengabean padezitu eta nozituaz gudate ondorengo urteetan, baina gero noizbaitekoan ere jaregin eta etorri zen herrira arras bere soin eta anima dolorez josita. Ostiral Saindu eguna zelarik, arratsaldeko hiruretan hasten zen egunaren rituala beraz, herri dena elizaturik zegoen ordurako. Apaizak ornamendu beltzez jantzi eta elizkizunak egiteko prest zeuden beretergoan egun hark eskatu ohi zuen grabetate osoenez. Aldare nagusiaren eskuinerantz, Kristo hilik topatzen zen kristaldurazko zerraldo batetan; ezkerrerantz berriz,Doloretako Ama kandela irazekien tartean bere oinazezko aurpegi alatuak argien islada edonor kupi zezakeela. Elizako jendatza haren tartean noizbehin entzun zitezkeen eztulek ere doinu berezia zuten egun hartan. Afinaketa bat zirudien, edo gero organoaren nota izugarri batzuez lagundurik abestuko zen “Hilda Jesus” kantuaren preludioa. Hitzaldia edo sermoia egiteko garaia heldurik, berehala korritu zituen sakristauak soka eta txirrika batzuen medioz leihoetan gortinak eta gelditu zen eliza linbozko ilunpe bat batetan zenbaitek abaro egiteko prestaera egokian. Mikelek ezin ahantzi izan zuen sekula txirrika haien hain hots berezia, eta jendearen ilunpetan geratzeko gogo baldarra. Nolanahi ere bada, hitzaldia egin behar zuen fraile sermolariak bere saioa baino lehen ea kalean ardi galduren bat ote zebilen ikusteko midez, eliz atadira irten zenekoxe begiztatu zuen nola zetorren kalean behera halako norbait bihurri eta ausarta. Jakina, Paulo Urreta zen hain zuzen. “Zu, adiskide; ez al dakizu gaur Jesus hil dela?” —ailegatu zion fraileak behingoan. Eta Urretak, ez amuts; “Jauna, nik ez bainekien gaiso zegoenik ere” —erantzun zuen ez fanfarreriaz eta zeharo apalki eta umoreko, frailea farrez gelditu zelarik, eta sermolaria elizara joan eta bere artaldeari infernua zer zen irakatsi bitarte, Paulo Urreta sozialista infernuaren berri ongi jakinik, kale krudelaren erdi erdian gelditu zen bakardade osoan triste baina orobatez itxaropentsu, Kristoren izena errespetu handiz gogoratzen. Orain, Paulo Urreta hilik zen azkenean, eta Kristo hainbeste errespetatu zuen gizonak berak ere merezimendurik asko bazuen, “goian bego” esateko lain bederen. Errekalde baserriko Joxe Prantxiko zen Mikeli gau hartan gogoratu zitzaion beste agureetako bat. Hau ere denbora gutti haruntztik zen hilik, nonbait. Joxe Prantxiko bere aitonaren lagun zelarik, maiz sarritan joan ohi zitzaion honi etxera hitzaspertua erruz luzatzeraino. Errekalde baserria, kaletik gertu samar topatzen zen zabalune batetan zelai soro bikainez inguraturik; baina tamalez, aspalditik soro zabal haiek izan ziren hautatuak elektra bateko indar hariak bertan erdiz erdi pasa zitzaten;noski, posteak ere sekulako azkarrena eta puntuan sartu ziztuzten soroaren erdian gaur bat eta bihar bi, handik harako soroa goldatu behar zen bakoitzean itzainak zail burutako zuelarik saila. Ekintza haren errespontsable eta sesiolari bakarra Arteaga jauna zen eta hala izango ere zen sekula betirako Joxe Prantxikorentzat, nahizta gerora jaun honek zerikusirik izan ez arazo hartan. Gero, Iberica entrepesak ipini zituen posteak, eta azkenean Iberica eta Duero elkarturik Iberduero bilakatu zenean entrepresa, lehendik zeuden posteak kendu ez ezik ugaldu egin ziren zutiko malapartadun haiek geroz ugariago, eta bistakoa zen bezala, Joxe Prantxikorentzat ezin izan zitekeen beste errespontsablerik Arteaga jauna baino. Errekaldeko aitona hark egonarria galdu eta bere eramanak gainez eginik, honela ailegatu zion behin batean Mikelen aitonari: “Babiloniako Dorrearen ondoan atera begi biok, eta hala ere Errekaldeko atadira etorri eta soroan posteak sartzen hasiko “llazkek” Arteaga mila demoniau arraioa”. Ateraldi xelebreko besterik ere bazen herrian sasoi hartan. Biharamunean ez zen oso goiztar jaiki Mikel; ama, luze eritzita, gelara joan zitzaion ea gaisorik edo ondoez zegoen galdezka, zedozer hartzeko garaia bazela eta. Jeiki eta bere logelako leihotik luzaro egondu zen etxearen atzeko baratzari begira. Eguraldia hotz topatzen zen haizearen igurtzian seinale zuelarik aurpegi eta besoetan. Udaberria berandu zetorren; beste aldeko erreka ondoan sahats batzuk loretan ezik, ezer kimu berri gutti ikus zitekeen bazterretan udaberria aurki itxaro izateko. Bere zenbait lagunek jakin zutenean Mikel herriraturik zela, ilunabarrerako beren gastronomiako elkartean afal zezan dei egin zioten telefonoz, eta joatea erabaki zuen; nolanahi ere, hasi beharrean zegoen herriko bizimaina apur bat aztertu eta bere berri jakiten. Hauteskundeen aintxitiko oratoria politikoa pil-pil zegoen herrian ere, eta bere majika, ohizko bezala gertatzen zen: alderdi politiko bakoitzak, antzinako Artolaren kantuan bezala, berea zuela uste izatea Bizkaia guztiko jendea, eta baldin ez bazen ere, izango zuela pentsatzea. Euskal Herria, Jainkoa bezala bat izan arren, Trinitate Sainduaren modura hiru pertsonetan agertzen zen: Euskal Herria, Euskadi eta Vasconia. Alderdi politikoak berriz, munduan erlijioak baino ugariago; konta ezin haina zeuden bakoitzak bere herriaren interpretapena besteek baino hobeki emango zuen lehiaz. Noski, Euskal Herria zen aita betikoa; Euskadi, bere etortzeko zuen semea eta etorri zena, eta leku guztietan zegoen espiritua berriz, Vasconia. Nahastura izugarria. Halabaina, ezerk eman ziezaziokeen min eta tristura haundiena, zera zen: arbasoen mandatu sakratua erraz ahantzirik, anaia batzuek besteen aurka elkar hondatzen ibiltzeak hala haserre. “Zuek hau egin duzue” eta “zuek beste halako”, ailega ohi zion nori elkarrekiko auzian herra beroenez muturketa itsusi, penagarri eta zitalenak sortuaz edonon eta edonola. Egon zitezkeen lasai, “yo a los vascos les daría la independencia: pero, eso sí, antes arrasaría el país”, esaten zuten espainiar askok, zeren tamalez, geuk geuron herria hondatuko genuen itxura hobeak agiri ziren eta. Bestera, ahaltsuak legez gainik bizi ziren bitartean eta behartsuak legez azpitik, bistan zegoen politikoak mundu guztian iraungo zuela irakiten. Eta noski, Euskal Herriak ere egin beharko zuen bere iraultza, baina beste moduz; Euskal Herriak, nahiz besterik uste izan, nahasturazko turba handi baten tartean, apenas zeukan harrerarik sendo herri batua bezala behinik behin, eta borroka ari zirenak beti egongo ziren galtzeko arriskuan. Politika egin behar zen, bai; baina ez itsumutuan berari bakarrik lotuta. Noiz egingo zen aitzitik, herrigintza? Mikelentzat kuestiorik larriena zegoen une hartan, ea denetan zein alderdi politikok odolberri zezakeen gehienik Euskal Herria eta lagun egin bizirik atera zitezen bere hizkuntza, kultura etab.. benetasun frogatuenean, baina artean behintzat alderdi politikoen zarata eta iskanbilak ikusita, ezin barrenta zitekeen ezer gauza garbirik. Gainera, bazirudien mundu guztia politikara itzulita zegoela; bazirudien politikak egin behar zuela herria, honek hura egin ordez. Eta benetazko Euskal Herriaren entitatea alderdi politiko eta beren interes desegile eta oportunismo guztien gainetik zegoen; zerbait sakratua zen bada. Egon zitezkeen erne politikoak ere zuzen eta zindo baliarazi politika gero, baldin noizbait, eta agian aurki, aspertuko ez bazen herria hainbeste nahastura eta elkarrekiko borroka lotsagarrien bidez. Politikak, herriaren zerbitzutan egon behar zuen beti, baina ez baitzen hala gertatzen, eta hala gertatzen ez zelako arrazoiak ehundaka konta zitezkeen zenbait gauza ikusita. Bien bitartean, kaleak erailtzaz, zapalketaz, grebaz eta irainez estalirik zeuden. Eta, non eta noiz ez gainera? Etorkizunean, sobra ere, emango ahal zuen fruiturik gaur itzuri ezinezko trekela hark euskaldunen misteriozko adur historikoan. Berehala nekatu zuten Mikel burutapen haiek eta ekin zion beste denborapasako zerbaiti. Eguneko prentsa ere eskura edukiarren, nahiago zuen bakean pentsatu. Eta bestela, nola pentsa zezakeen bakean goizeko prentsaren oihartzun tristeen gosaria irakurriaz? Goiz hartan ere prentsarik gehienak zekarren titular eginik albisterik krudelena, gero hizki lodi haien ondoren ttikiagotan eta ohar grafikoz horniturik orria oro, hildakoen zerrenda eta hiltzaileen erreseina. Agintea zutenen aldetikako zentsuraren hutsarte baldarrena ere erraz igarri zitekeen. Baziren egun eta bazter, ordu eta leku, kalean bizi ezin zitekeenik ez bazen basati ibiltzeko ahalmenik. Poliziak kolpe egiteko ordena zeukan zena zelari. Bere herriaren etorkizun zalantzagarriak erruz sarritan kezkatu eta urduri ohi zuen Mikel, buruhauste, loerre, nahigabe eta, azkenik, odola txartzeraino larritu eta erasanez. Beldur zion denbora asko baino lehen hezueriak joko ote zuen edo bihotzeko ajeak neurosira eraman beste edozein gizon sentibera bezala, bere Euskal Herriaren zorigaitz eta larria ikusita. Nolanahi ere, edozein baldarkeria, maldade, erokeria edo desleialtasuna, euskaldun izateak lotsa behar zituen aurrena. Iluntzean Mikel elkartera inguratzerako bere lagunak gogotik ari ziren ilintxak irazeki eta haragi-okela bikainak erretzeko prestamenak moldaratzen, eta ikusi zutenean beren lagun aipatua, abegi jator eta agur egite beroen eta zinezkoenak opa izan zioten maixeo batzuren edo besteren tartean. Anton Aldalur, izengoitiz “Tripas”, ibili ohi zen sukaldari. Egia esan, herrian ez baitzen gelditzen inor asko halako izengoiti trakets bat gabe. Anton, osorik gerta ohi zen aproposa langintza hartarako; burua karsoildurik zeukan, lepoa motz, aurpegia borobil eta betea, gorputza sendo bezain gizena, eta zilborra beti ongi urdaildurik zuela, ez baitzitzaion sekula ere falta ohi kontakizunen bat tertulariei farre eragiteko. — Motel, zer zabiltzate zuek Madril gozo horretan, beti besteen bizkarretik nola hobeto jan erepizioz beteta? —ailegatu zion behingoan Antonek Mikeli, honek halako gauzarik entzutea batere uste ez zuela. Noski, afaltzeko bertan bildurik zeuden lagun eta elkartean topatzen ziren beste zirkunstari askok algara egin zuten, eta Mikelek ere bai, Antoni bere eguneko okela madrildarrek jango ote zioten bildurraren tankera ikustean. Mikelek aldamenean erretzeko prestik agiri ziren okela bikain haiei begiratuaz, berehala erantzun zuen: — Ba hi, niregana ez baituk iristen honelako okela samur eta gozorik. — Ez ala? — Ez. — Errediola...! — Zartagina eskutik duenak eramaten dik okela eta galanki jan ere. — Horixe berriz, kontua dakark orain. — Berez okelarik ez duenak nasai izango badu —ahomentatu zuen Mikelek ostean—, daukanari muinak jaten zizkiok aurrena “entremes” irudi, eta noski, gero nahierara okelatuaz bere gorputz ustela, egoki indartuko dik edonor dela ere erraz iisko sokiziatuko duen modura. Eta hura esatearekin bat batean Antonengana ondoratu, hari urdaila seinalatu eta ondoren eskua haren kopetara eramanez, han, kopetan alegia, eduki behar zela beste mota batetako okelarentzat hain urdail gotorra, adierazi zion Mikelek nahiko enfasiarekin. Denak algara egin zuten berriro eta Antonek ere bai, bere lagunaren erantzuna aditzean. Noski, ez baitzegoen jakiterik noraino barrenduko zuen Antonek oharpen hura, baina izanik hain gizaki borondate onekoa, Mikelek beste segimenik gabe suposatu zuen ahaliritzira haren sentipen zindoa. Mikel han azkeneko aldiz egon zenetik zeharo aldaberritua zegoen elkartearen egoitza. Aspaldiko horma zaharrak bota barruan eta dena bat eginik lokala, zugamuzko habe sendo batzuetatik besteetarako kapirioak ere agirian zirelarik, aparteko egoki agertzen zen hain zabal eta goibe handiko oholduraren sabaia; burdin gurituz egindako bi lanpara ere txit dotore agertzen ziren zintzilika habe bakoitzetik; hiru kantoietako hormak harbistaz errebokaturik zeuden eta barrenean antzinako bi kupel izugarriek alboan sukaldeari leku emanez osatzen zuten etxe zahar eta haundi baten zoruko laugarren atala. Sarreratik eskuinerantz suina garretan non topatu ere erraz errapara zitekeen basurde baten buru piztikaitza bizihorturik tximiniaren alde batera hormari ipinita. Beste alboan berriz, ikurrina eseki eta aski umil ikusten zen kedarrak apur bat menosturik; sutegiaren kanpai adarrean, ixtanteko begizta zitezkeen sarreratik nolahalako pegar baten segidan bi trofeo dirdaiez eta txukuntasun osoenean kirolarien ostentua nabarmen zeriela. Eta artean, beste origalkozko kandelario antigual bat ere bazegoen ertzean eskuinera. Jan edanak ongi eta patxadaz egin ez ezik neguteko ekaizte txarrak itzuri ahal izateko ere mundu on bateko lekua zen hura; mahai eta zizailuak zurez irmo eginak egoki eta txit eroso agiri ziren hain kottegi aseroan. Telebista ere ordea, han zegoen apaltxo batetan goitik ipinita edozein parte gaiztoko adrezeria zirudiela lekuari buruz behinik behin;eta hala ere, eskerrak inor guttik jartzen zuen abiadan, ze bestela aski erasan beste gauza hoberik ezin lor zitekeen hain txoko maitagarrian zenbait bere publizitate ergel eta gainetiko txepelkerien kontura. Berehala etorri zen elkartera beste adineko gizon eta andre talde bat ere gero sukaldaritza gizasemeek egingo zutelarik. Haietako batzuk Mikelen ezagun zirenez gero, honek, jator eta umoreko opa izan zien hain ongi aurkitzea agurrik beroenez. Bi taldeek batera samar maneitu zuten afaria eta eseri ere egin ziren bakoitza beren mahaira, janariak gogoz erabili ahal izateko sobera gosutsik. Bikain afaldu eta ttantta bat dexente edanik ondoren, denetik hitzegin zen mahaian eta nola talde batek hala besteak armoniarik zoragarrienean elkarrekin abestu ere. Egia zen, laudorioak aparte, euskaldunak dohain berezizko bat zutela kanturako. Eta ezin izango ere zen hain erru handiko gauza, baldin esan bazitekeen kantuak samur elkarganatzen zuela euskaldun jendea; baina zena zela, hainbeste abesti, umoreko bertso, ihardun, esames eta kontakizun oro euskaraz baliaturik, aparteko merezimen eta irabazia zioten Mikeli bere herriaren estima hoberako. Akatsak mundu osoan zeuden, eta ugari, baina funtsean, euskaldunari ezin inolaz ere falta zekiokeen bere semeak euskaraz baliatzearen oinarri fermua. Baina, ordea, beste mahaiko andre eta jaun batzuk pronto zeuden egungo zenbait gazteen oskalabroak aipatzean, haien aurka ekiteko izugarrien espa zeriela. Haiek ez baitziren izan sekula orain beren umeak bezala. Egun, gazte gehientsuek —zioten—, asko eskatu eta ordekotan ezer errenda ohi ez zuten izaki eskergaitz eta kexutzaile berenkoi batzuk beste ez baitziren. Ez erretirarik zuten sekula garaiz, eta ez lotsarik inon; bazirudien zirela bakoitza nor Joan Perilau bat gauez, eta ilunpearen amets gozoetan edo drogaren itsumenean, ahuleriaren ispilu egunez. Are..., ere, bistan zegoen ahoaren bero baldar eta madarikazioan basakristau huts zirela zeru eta lurrak bat batean erre eta kiskaltzeko. Lagun heldu haiei zerien lautatik bat ere izanik egia, bazen nahiko kalte eta galerarik asko gizadiarentzat, baina gauzarik harrigarriena, gazte haiei birtuterik batetxo ere ez bilatzean zegoen guraso haien kuestioa. Besteak beste, zergatik ez zen gazteen hainbat lan isil eta galanta saritzen estima hobean? Noski, perplexitate handia sortzen zuen gazteriak egun edozein erizketa legez egin ahal izateko, baina, ordea, gazte denak ez baitzeuden saskipe batean, eta franko ari zen jakinmide osoenez eta borondate onen onenez beren hizkuntza ikasten eta irakasten ere ardurarik sendoen eta leialenez entregu miresgarrian. Hauengan zegoen osoki biharko itxaropen guztia eta ez edadeko lagun haiei zerien beste zaratatsuengan; hauek, beren kaltetan geratuko ziren hain esku hutsik biharko; heurek izango zuten hala ere, galerarik handiena urteak pasata hain hutsik gelditzean beren gaztaroa probetxatu ezta. Gazteriak beste orientapen berri batzuk behar zituen, baina agian, azkarregia zen nolanahiko ideiak onesteko. Eta zergatik ziren halakoak beren seme eta alabak? Galde egin zuten batzuk artean ere etsikaitz. Mikelek zelako galdera berriro entzutean, eskua bekokira eramanez pentsati gelditu zen eta lehendanez sinesge, ondoren azalduko zituzten arrazoiez. Tamalez, ageri zen gazterik franko bazterretan harramilak bideak oztapatu eta norako ezean, baina egungo gizatearen akats askoren tartean, etsipena baino lehenago zegoen berentzat borroka; zerbaitetarako ziren izan ere gazte. Bazirudien munduaren egituratze berriak geldiro eta kontuz egiten zirela nola eta ez bazen gutti batzuren jazkuntza hoberako eta gehiengoaren kaltetan. Beraz, oraingoz bederen, erremediorik oso urri beste ezin begizta zekiokeen munduari. Borrokak gogor jarraituko zuen bada. Eta Espainian? Ustez, bazegoen jende onik zenbait halako katoliko inkixidore eta ondradun asko, baina bene benetan gerta ohi zitzaion jende honi zail eta posible eza norbere borondatearen ondadeari amore ematearren, zenbait halako beren konbenentzia aurkatu eta arbuiatzea. Jakinezkoa zen halako edo besteko izaki umantena bazen ere itxuraz bederen, eta inongo bizitzean oztoporik gabe bazebilen besteen bizkarretik erraz munduan, ezin kontsidera zitekeela birtutetsua, baina zelako gauza bost axola zion inor guttiri beste. Gaurkoz ere artean itxura egitea zen basta, eta kito. Baina gizonak ordea, nahiz eta kinka larrian edo oker obratzeko sujestapen guztien gainetik, zuzen eta zintzo izatean zeukan bere salbamena hain xoil, eta ez beste ezertan, hala nahi bazen ez bazen. Eta zer zen bizitzea bera, gertu dena, akaskeria bat ezer besterik? Nolanahi ere, gazteriaren modurik birtutenezkoen eta umantena, hain bizitza akastuari ezin amore ematearen opakizuna zen; hots: bihurkeria. Munduan ba ote zegoen gero burgesari bere ile fitsak zutiaraziko zion ezer beste “bihurkeria” edo “rebeldía” hitza baino? Ez. Hitz hau bere belarrietan doinu aparteko bilaka ohi zitzaion izaki frenesiazko bat batetan pertsonifiaturik bezala bake sozialaren aurka obratuaz bere musaje piztikaitz eta eskuetan iskilua harturik basati zirudiela. Burgesak, tiro, errebolta, sute eta, azkenik, urkamenduaren parekotzat jo ohi zuen “bihurkeria” hitza. Halabaina, ordea, hiztegiari buruz, bihurria ez baitzen beharrezko obedientziari huts eginik asaldatzen edo aurka jeikitzen zen hura soilik, ze baita hezikaitz, zaildua, bortitz sendo eta haidorra zen gizakia ere seguruenik, gazte bazen behinik behin. Eta gazteak, gauza guztien gainetik, hezikaitz, zaildua, bortitz, sendo eta haidorra izan behar zuen, eta baldin hala ez bazen, ezin ezer askotzarik balioko ere zion bere bataioko partidak. Gazteria hitza, ordea, ezin kontsidera zitekeen hala modu eskaseko hitz hutsaltzat, eta ezta ere inolaz serbi zezakeen olerkari lirikoen inspiramenerako gai bakartzat. Baina hainbat gutti balio zukeen areago, drogari ateak zabaldu edo seksuarekiko kontinentzia bezterturik aberetzeko aitzakiaren aburu bezala ere. Gauza bat zen bihurkeria eta beste bat oso desberdina plebeotzaren ahuleria geldo eta herbala. Gizona sozietatearen menbru bat izateko sortu eta jaioa zenez gero, nahita nahiez zegoen beharturik —bakoitzari suerta zekiokeen neurrian— gizartea hobetzen saiatzeko parte hartzera. Eta gazteak hartu ere ohi zuen parte lehiaz eta gogotsuenik gizartea aldabarritzeko bere naturazko iraganean, baldin eta behintzat bazen hezikaitz, zaildua, bortitz, sendo eta haidorra; alegia: bihurria. Gazteak berariaz zuen guztia bultzada, kuriositate eta, besteak beste, amaigabeko jakinmide; eta hala ez bazen, ezin gazterik existi zitekeen. Gaztearen irudimenak aise aurre hartzen zion gogoetari. Baina, ordea, espirituaren indarrak bildu eta baretu ahal izateko dohainik, apenas zeukan gazteak; alegia, erreflexiorik, erizketa zuzen eta erantzukizunaren zentzunik. Hauek propiogoak ziren garrantzia osoenez gizon heldu eta eginean. Hala ere, gaztaroa zen nortasuna sendo eraiki eta beste aldaezinezko eredu eta arrazoi ugari moldaratzeko sasoi bakarra. Gizona gaztetatik treba zitekeen modura izango zen bere bizitze guztian; beraz, gazteak gaur nolakoak, halakoa izango zen bihar mundua. Beren esku zegoen dena. Egia esan, gazteria esentziaz zen terkoitz, tematsua eta oldarkoia; mutil gaztearen bihurkeria ez baitzegoen ukatzerik eta domeinatu hura eta beste ezik, baina bai ordea, egiarekin gidatu. Erruz sarritan gerta ohi zen zeharo suminkoi zenbait gizon adinezkoen eta zaharren gazteenganako herra, zorroztasun eta intransijentzia. Haatik, bazegoen besterik ere koldarkeriaz eta beren adinaren angustia, larria eta tristeziagatik, gazteen edozein desarrazoi, abarrikamen eta jarrera txar askori erantzute edo erizketa sakon bat egin ordez, laudorioz eta losintxaz goratuko zituenik gazte zirelako eta ez ezer bestegatik; bazen hau ere kalterik asko, gizon heldua besteen gaztetasunari hain baldintzapen gabez makurtzeko. Mikelen ustez, euskaldun gaztearen egitekorik ardurazkoena bere errealitate nazionalari ez sorbalda ematean zegoen nahiz eta hartarako beste erizketarik ere falta ez izan. Bidezko zen, noski, politikaren sektore batetan militantzia eduki eta suharki grinatzea politikoak beren ekintzetan pelaje huts gera ez zitezen itzuri ahal izateko parte hartuaz, baina politikaren joku guztien gainetik egon beharko zuen hala ere, euskaldunaren identitate nazionala, bere hizkuntza, kultura eta izatea oro, eta hartarako, garaiz bezain benetan konturatu behar zen eta jarrai bere bihurkerian, zeren bestela, gero, urteekin, ohituraren ohituraz espiritua ere samur gogortzen zen salbuespen gutti batzu ezik, injustiziak halakotzat epaitzeko. Eta politikoek ere gazteen derrigorrezko arnaspean defenda beharko zuten herria nahita nahiez. Esate batez, zaharraren zuhurtasuna eta gaztearen bihurkeria bata haina zen bestea preziso baldin munduak bere etengabeko egituratze beharrezkoan hobetzen iraungo bazuen. Kuestioa zen ez elkar gorrotatzea. Laster agertu zen elkartean beste gazte samalda bat ere neska eta mutil taldeka, bertan sahieskia erre eta jateko asmotan. Egia esateko, mintzoa sobera ozenki zeriela, ez baitzegoen erraz antz ematerik ea euskera edo erdera zerabilten bata bestean hain zirpil eta baldarki nahastuaz. Tamalez, iritsiko zen egun bat aurki, esankizun manituez at jakingo ez zena gauza bakoitzak zer izen zuen. Zirudienez, Madrilgo moda “cachondo”a ehun zurian koipe lodi bat bezala zabaltzen zen nola eta noranahi baldarkeriaren ereduz aski agudo. Errosariotza armonia gabe hura ezin onez agoanta zitekeen luzaro. Madrilgo zenbait mundutako azkartxo eta txokarrarien insolentzia aspalditik ezagun izan arren Mikelek ezin eraman zuen morbo hura berriro bere aberkideen ahotan entzunik; bazirudien euskara txankro laidogarri batez kutsatzen ari zirela antzinan egonik zen baino arreta okerragoan uzteko. Mikelen mahaikide eta beste jende heldua ere nonbait ohiturik zeuden zena zelaren ihardunari, eta inortxok ez baitzuen txintik ahozkatu eta ezer haintzakotzat hartu berriketari jarraituz. Halabaina noizean behin, haietatik bateko esankizun izugarriak belarriratzen zitzaizkion Mikeli bera eta bere afalkideen arteko ihardunaren hitoa etetzeraino. Eta gazte haiek ziotena izanik berez nahiko arlote eta otas, esateko moduaren superbia zen oraindik okerrago. Dena “chorrada” bat beste ezer ez zen gaizte haientzat; “chorrada”ren filosofiaz baliatzen ziren gehientsuak. “Chorrada” zen “chorrada” zena, konforme; baina bai ez zena ere hala zen nnzte haientzat. Zenbait gauza ulertu ahal izateko gaitasunik ezak, edozein desproposamen esan eraziko zien modurik mespreziozko eta arbuiagarrienetan. Berehala mahaira eseri eta hasi ziren afaltzen. Bai koanto, politikaz luzaro ihardun ziren itsu itsuan, eta ostean, halako beste gauza anitz frogatzeko aitzakiaz, Jainkoari bila nahi izan zioten maratila. Jainkorik ez baitzen eta zertan izan beharrik ere, aidajo batek zioenez. Bazen inozoak lozorrotik esnatzeko garaia. Nolanahi ere, konprenigarria zen gizonak Jainkorik ez zela uste izan edota, Jainkorik existi zitekeela sinetsi ezina bi eta bi lau ziren bezain ziur inork froga ezin zezakeenez gero, baina Jainkorik bazela ez nahi izatea, izugarria zen. Jakina, bere zenbait lagunek ere bila ezta argudio haien eta Jainko bitarteko komunztadura, kontra egin zioten. Eta areago, gertatzekorik asko gertatu zen Mikelen ez besteko mahaitik norbait adinekoak gazte hari erantzute egitean. — Zaharrak, ixo! Zuek zer egin duzue ba...? Zer? —esanez eraso zion gazteak atzera atadiko ateak baino lotsa guttiagorekin. — Ez guk zer egin dugun, diok? —hasi zen zaharra arras mindurik— Zuek egin zaituztegu, zuek. Eta baduk zerbait gehiago ere gure urteetara nazka gabe iristea. — Zuek, patria joditu duzue eta ez beste ezer —ailegatu zuen hurrena gazteak. — Ez hi izorratzen ari haizen haina! Handik harako gaztearen ausardiak ez baitzuen izan kaburik, eta Mikelek bertatik erregu egin zion isilik egon zedin eta itsustu bere portaera. — Zu ere apur bat astinduaz,eroriko litzaizuke ezkurrik asko —aurpegiratu zion burlaz gazte hark Mikeli ere, eskuan sostenguz zeukan sahiets hezurra platerean utzi, eta beste eskuarekin okotzeko koipea kenduaz. — Hala ere, bahuke hik bazkarik asko, ezkurra —ahomentatu zuen zaharrak mahatik jeiki, gazteari begiratu eta alde egiteko prestaeraz. Mikelek gogor erantzute egin zion gazte hari, eta izanik eztabaida hura hain zemai gaiztokoa, eta elkar joko ez bazuten, guztien kexuz berehala baretu zen ekaitza batzuen eta besteen sosegantza osoan. Jakina, bistan zegoen egungo gizartearen egoera egitura iragankoi bat izanik, eta guztion konbenentzia berdin konforme modura egina egon ez —ze baizik batzuen hoberako eta besteen kaltetan—, bakerik izango ez zela; baina baldin munduan zer edo zer artean egin bazitekeen eta egitekotan, euskaldunok ere geuron etxea hobeki gorde, zaindu eta landuazi parte har genezake gizartean, eta ez behin ere edozein gauzatxogatik elkar hala muturkatzen ibiliaz. Besteak beste, zahar eta gazte haien kontentapen eza batetik, eta hain mintzaira kuriositate eskasekoa bestetik, Mikelen irudimenez zenbait edadeko jenderen lukurreria moderatzetik hasi, eta euskaldun gazteek ere guttienez, beren hizkuntza hobeki gorde, zaindu, zabaldu eta lantzen saiatu beharko zuten herri baten kontzientzia bere hizkuntza zenez gero; hizkuntzarik ezean, ez baitzegoen herririk eta herririk gabe ezta inolaz ere aberririk. Eta noski, hitzaren bidez osatzen zenez gero pentsamendua, herri baten hizkuntza zenbat eta aberatsago erabili, orduan eta aberatsago izango zen bere pentsamendua eta, azkenik, pentsamendu aberatsago batez bakarrik herria ere iraunkorrago manten zitekeen. Jenesiak zioenez, Babelen banatu eta nahastu ziren herriak hizkuntzak jaiotzean. Gizonak dorre baten medioz zeuratzeko ahalegintzean Jainkoak nahastu zituen hizkuntzak Babelen. Eta hizkuntzak sortzearekin bat batera sortu ere ziren aberriak eta hasi zen herri bakoitza kontzientzia izaten gainetiko herrien aurrean. Herri haiek batzuk besteengandik elkar hain ezberdin ikustean sentitu ziren bat bedera propio, eta modu hartan soil kontsidera zitezkeen bat bezala ere bakoitza. Hizkuntzen hain desperekotasun narotik hasita joan ziren herriak sortzen. Eta heurengandik kontzientzia ere. Zeren herrien kontzientzia hizkuntza baitzen eta hizkuntza bat besterik ezean, ezin eduki zezakeen herriak berekiko kontzientziarik eta hainbat guttiago besteenik. Babelen jaio ziren aberriak, eta ordutik hizkuntzak osatu eta mugatzen ere zituen herriak. Eta baldin euskal aberriaren anima zen hizkuntza bizirik ez bazegoen bere jabegoan, edo bere kontzientzian, zer gauza tristeagorik pentsa zitekeen gorpu baten pareko zela baino? Ez mugimendu eta ez ezer kreatzeko ahalmenik gabe gorpu kontsidera zitekeen, eta euskaldungoa izen gabeko turba bat ezik, ezta ere beste ezer; jende huts, baina ez herri bezala. Aberriek bataz beste munduan zer eginkizun zuten kontu eginik, beren aberriekiko ideiaren ideiarik ez zutenek apenas zeukaten halakotzat deus kontzientzian. Ez baitzen ideia inolaz ere, irauteko, ugaltzeko eta aberasteko sena. Gizentzeko urdeak ez ezik, hainbat ugaltzen zen untxiak ere ez baitzuen kontzientziarik, eta deus gutti gehiago “mass” amorfoak. Ongi kostata loak hartu zuen Mikel ostiral gau hartan ohearen alderik alde jo batera eta jo bestera inon sosegurik ezta. Ezin semejatu zuen ea zerk asalda zezakeen hainbestetxo bere gogoeta, susmo eta barrenta on edo txar guztien gainetik ere. Bazekien munduak ez zuela pena gabeko loriarik inon eta, agian, bere Euskal Herrian gerta zekiokeela bizitzerik arloteena, baina hala ere besterik zen agustia hura. Areago, gerta izatea ere bazitekeen, Madrilen makurtu ez zuten gauza haiek berek tentatuko zutela gehienik bere aberrian hain erroturik ikusita. Egunsentia gertu zelarik iritsi zen bere anaia gazteagoa, eta hark logelako mahainutxean lanpada irazeki zueneko, Mikel erne zegoen. “Zer? Dagoneko esnaturik nago, motel?” Galde egin zion gautxoriak, erantzi eta oherako presta bitarte. Baietz, eta gainera, hura noiz etorriko zain zegoelako topatzen zuela hala esnaturik, erantzun zion Mikelek maiseoz eta umoreko. Hartu bere oheko burukoa, eta Lorentzok sekulako arinena ipini zion aurpegiaren kontrena Mikeli apur bat herstutuaz; honek, atera ohetik oin bat eta bular ondoa bortizki bultzatuaz anaiari, beste ohera egotzi zuen ixtanteko jeiki eta beso bietatik eutsirik mendera zedin behartuaz; noski, ahaleginak asko probatu zuen Lorentzok zelako indarra beregaindik arbuiatzeko, baina “hi gehiago haiz” erantzun zion arte, Mikelek ez baitzuen askatu. Ilalabaina, oihutarazko borroka jostalari eta bromatze haiez aparte, eta berari sarri amore emanez ez bazen, zail gerta ohi zitzaion Mikeli anaia harekiko tratua benetan ari izateko bederen. Gogoa non, zangoa han ibiltzea zela uste zuen hark ere egiazko libertatea eta norbere jabetasun osoa; handik harako, ez baitzen posible ezer besterik ulertu. Lorentzo, izatez mutil ona zen, baina herrixketako gehiagoren onespen eta mirespen osoenaz, “tipo pinta” firin-falari bat herriaren problema askoren mesedetan aporte haundirik errenda ez baziezaiokeen ere; baina bere esparruan, ordea, bazuen jarraitzalerik franko nonahi bere burua sendo finka ahal izateko. Mikelek, kultura izan zitekeenez gero modurik ardurazkoenetan bat gizona askatzeko arrazoi, maiz sarritan aholkatu ohi zuen bere anaia zerbait ikasten saia zedin, edo euskaldunago izateari hobeki begira ziezaion bederen, baina morrontza bati ihes egingo ziola ze, beste okerrago batetan samur erortzen zen egungo gaztetxorik asko bezala, eta gainera, Lorentzo ez baitzen hain gazte nahiz eta artean hogeitan egon. Inoiz, ezin entzun ahal ez ezik, esan ere ez zitezkeen bere zenbait gauza, “no te jode” batez buka ohi zuelarik hain erdarakazoz beteriko solasaren trikulusaltsa. Baina aitzitik, osoki zuten elkar estimadun eta sendo maitatzen ziren beti anaia eta lagun bezala ere nola familian hala kalean; gainera, nabarmen begi onez miretsi ohi zuen Mikel bere anaia Lorentzok askotan hain kirtenki izango bazen ere. Mikelek ikusirik zeinen desgarai zetorren etxera, halako galdera erantzun batzuren tarte, berehala elkarteko afariaren berri eman eta berak egun hura nola pasa zuen eta beste erruz arlo adierazi zizkion bere anaiari modurik arrunt eta jatorrenean, baina apenas axola handirik izan zion berandu ibiltzeari batipat. Ez zegoela zuzenki eta hala legez bizi izaterik munduan gaur, ailegatu zuen hark ostean. Koanto, putakume, zerrapo eta “coco” jantzaile askotxo agiri zen prestu eta gaizto bazterretan, boteredun betikoek salbagorde eta beste asko jodi zedin obratuaz. Nolanahi ere, zer esangura zuen kontu eginik, eta bere portaera apur bat ikusita, bazirudien obo bizios batetan itzulirik zegoela. Atera behingoxean mahainutxetik errebista porno, bere neska ezagun baten eta beste askore foto eta gutun erotiko ugari, eta “hator motel, gurekin” instatzen ziolarik,bere lagun taldera dei eginez, eskura errendatu zizkion Mikeli ikus zezan benetazko artearen lilura. Bere anaikote astapotro haren ustez, halako janaria sarri behar zuten haiek orduan, eta ez beste “chorrada” engainuzkorik. Artean nonbait, ez baitzekien Lorentzok munduan kasik dena zela engainu, baina hain erraz zen engainuan erortzen!... Haietako zenbait foto ikusi eta gutunak irakurriaz, bazirudien ongi trebe eta adituak zirela egungo tipoje putakoi asko halako neskix zoragarriak hain frenesia erotikoan jartzeko. Are... ere, ordea, han zegoen lagun talde gehienak seksu joerarik gailenekoz konparti nahi zuten neska jinpaines eta erogarri baten argazkia dotore, baina neska hura, eta Madrilgo hizkuntzaren diktadoari jarraiz, ezin inolaz “ligatu” zuten. Bere anaiak lizunkeria askoren tartean eta loak hartu bitarte zioenez, neska hura Mikelek buzia zezakeen larrutan egiteko. Eta harrizkorik inor ez zenez gero, utzi gutun erotiko haiek mahainutxean eta lanpara itzaltzerako neska bilusgorri jinpainesa haren argazkiari begiratuaz, Mikelen oheko tapakiak Everest mendia zirudien. Aurki jeiki zen eta prantatu ere zituen errasura, dutxa eta jantziak gosaltzerako. “Son señoras y señores, las ocho y cinco minutejos”, zioen Bilboko Herri Irratiak sukaldean. Ama egunarekin ohean egon ezinik, kafe teintta bat hartzen ari zen gero larunbatero bezala garaiz samar joan zedin merkatura. “Motel, bi egunetako jana erosi behar honek, zeharo erasatzen nauk”, ahomentatu zuen amak hain goiztar ibilteko premia baino aitzakia gehiagorekin. Izan ere, igandean etortzeko zituzten Lorentzo eta Mikel baino zaharxeago ziren beste anaia eta arreba beren sendiekin bazkaltzera, eta amak zioenez, guztiei kunplimen emateko hark ez baitzeukan txantxarik. Berak eraman eta ekarri egingo zuela autoan merkatutik eta egoteko lasai, erregu egin zion Mikelek hurrena. “Baina, zertan ibiliko haiz horrela, Mikel?” Erantzun zion, hark eraman eta ekarriko zuen itxaropen osoenez. Artean bazegoen Euskal Herrian ama polit eta monona ugari, jada beste erremediorik ezta hain maitagarri. “Bart ere begirik bildu ez diat, mutil zarkun hori dela eta ez”, zioen ondoren Lorentzorengatik. Egia esan, aitak nahi erara lo egin zuen gau lehenetik hasi eta goizdaino guztian ezertaz arduratzeke, baina ama berak ordea, ez baitzeukan hainbesteko barren eta gibelik. Bazirudien zelako gauza hain koittadun aipatzean benetan ari zela, baina funtsean, besterik zen egia ebanjeliokoa. Ondoren berehala maneiatu zuen katilutxo bat kafesne eta prestatu zituen esku zapi, azukre ontzi eta bizkotxo batzuk ere bandejara, aitari ohera eramateko. Mikelek amaren ordez hartu berak bandeja eta eraman zion aitari gosaria. Hau, erne zegoen jadanik, sobra ere bere emazteak gosaria serbi ziezion zain. — Egunon, aita; ondo atsegin duzu, edo... — Ba! Gutti asko zerbait —erantzun zuen aitak ohe barrendik gora geldi eta nahagi samar jeikiaz burukoan kontrena jartzeko. Itxura ona zeukan. — Lorik ez al duzu egin, edo zer arraio? — Ez nik ezer asko. — Ez ote, gero? — Ez. — Eta, amak? —galde egin zion berriro Mikelek apur bat maladioz. — Hire ama, motel, beti lo zegok. — Ezta. Hark ere ez omen du begirik bildu Lorentzo berandu etorri dela eta. — Zer? Gaur ere horrela duk sits egindako alproja ahul hori? —espatu zen ai'ta kafea hartuaz. Bere kafesne bero eta bizkotxoekin, bazirudien zela aita muttiko handi handi bat Gabonetako gozokiak janez. — Gazte gara, aita —oroitarazi zion Mikelek algara egingo ez bazuen. — Sekula besterik izateko ere, baduzue garaia —atajatu zuen aitak bere seme tentakilo hura, zertan zebilen antz emanik—. Gu betirako garela uste al duzue? Bai, gurasoak zahartzen ari ziren sintoma nabarmen agiri zitzaion Mikeli. Aurki ziren haiek ere gazteak bezala inongo errespontsabilitaterik nahi ez eta jende helduaren aurrerako. Eta gauza naturala zen hala gertatu izatea, eta arriskurik asko bazuen gizarteak baldin gazteengandik segimenik garaiz ez bazetorren haiek ordezteko. Beraz, nola egon zitekeen isil isilik eta kontent halako zama biren erdian jende heldua errespontsable bakartzat? Zerbait benetan eta sakonki pentsa beharra zegoen bada: ezkondu. Bien bitartean, kaleko kemen politikoa unetik unera ari zen zuzpertzen txandako lider politikoen mitin, jestu eta gainetiko slogan eta promes guztien medioz; egun gutti barru izango ziren hauteskundeak. Mikelek berehala eskuratu zuen kalean goizeko prentsa eta presakako begi bira bat emanik, aitari errendatu zizkion bi edo hiru egunkari berak gero irakurriko zituela eta. Ondoren, hartu bere ama autoan eta sekulako arinena eraman zuen merkatura eta handik berriz etxeratu konpra eta guzti. Senperren gorriak eta bi ikusteko jaioa zen gaur jaten ipini behar zuena; dena lainoetan gora zegoen eta inondik ezer merkatzeko itxurarik ez, igo eta igo jenero guztia. “Biharko legatz purdinka bi eros zituat, eta kito gertu hiru mila”, zioen amak arras minbera. Diru asko zen izan ere bi legatz haiek ikusita. Hala samintzeko arrazoirik bazuen gaisoak. Zena zela, eta besteak beste, Mikel aspalditxo hartan zegoen jakinik herriko Udalak artean denbora gutti batez gero zuela gehiturik liburutegia eta haruntz joan zen otordua bitartean. Herriko liburutegia, noizbait abastoetako biltoki izana zen etxaobra zaharrean kokaturik topa zitekeen, halako konponketa anitz garestia egin eta hain egoki; orain, bazirudien zegoela berriro eraikita antzinako alondiga umel eta behelaio hura. Lehen iltzepolaz jostia zuen aldaboidun ate zaharkailu hura ere kendu eta beste bat zeukan ordezko txukuntasun osoan, baina arras itsusi. Sartu barrena, eta eskaratzeko horma batetan zegoen adierazpena, alegia noiztik noizdaino aurki zitekeen zabalik. Larunbat eta igandeen salbuespena ezik, arratseko zazpietatik hamarrak bitarte irekitzen zen egunero, eta larunbatetan egun guztian, igandeetan goizetik bakarrik izango zutelarik sarrera irakurtzaileek. Sarreraren barrendik edo eskaratzean eskuineratz dena zurezko mailadi eder bat topatzen zen baranda egokienez liburutegia zegoen lekuraino, eta ezkerrera, lehenengo solaren atalean beste ate bat bila zitekeelarik konferentzia eta hitzaldietako aretoa. Hain eroso eta egoki, arreta onen onenaren bidezko tankera agiri zuen obra hark. Igo mailadia, eta topoz topo bertantxe sartu zen Mikel liburutegiaren egoitzara. Zabal baino luzeago zelarik lokala, sala handi baten konformatura zeukan erdiz erdi eta gertu alderik alderako bi albodun arasa batetan liburuak taiuz eta apain katonita; liburuen errenkadaz eskuinera, mahaitxo eta jarleku batzuk zeuden salan lanparaz egokiro horniturik, eta ezkerretik, halako larru edo eskai beltzezko kadira bigun bezain erosoak, irakurlegoak atsegin eritzi zezan. Noski, han zeuzkan euskarazko liburuak ere arasaren une berezi batetan oroigailu ziruditela bere kottegi polita nahiz kopuru xume eta eskasean izan, baina gero bedelak esan zioenez, euskarazko libururik apenas ezer irakurtzen zen bestelakorik ere asko ezta. Joera huraxe bera zen basta esateko guztiak adierazteko. Mikel liburutegitik atera zenean, ez baitzuen topatu inon bere autoa. Zer arraio, ba? Ea gero... Orduantxe ez baitzuen falta Madrilgo modura han ere “caco”ak egotea beste. Baina aurki agertu zen bere anaia Lorentzo lagun bat edo birekin Mikelen oinetan barren abantzada izugarrian pasa zuelarik autoa, hura apur bat izuarazteraino. “Ostiatzeko autoa daukak, hi”, zioen Lorentzok lehendabiziko diosala, Renaulta handik gertu baztertu eta bi lagunen konpainian Mikelengana ondora bitarte; Mikelek jator agur egin zien beste herritar haiei berak ere lagun zituenez gero, eta joan ziren elkarrekin ardoak hor hemen nonahi hartzeko prest. Lorentzok kale ertzean bere anaiari autoarekin izu galanta pasarazi ziola kontu eginik, heldu lepotik esku biekin eta agudoko astindu eta bultzadak eman zizkion Mikeli, honek nolahalako pundurako belauna jasoaz desafio egin zion arte. Hurrena, Mikel liburutegian egondu zen bitarte haren autoari zer nolako errebisio eginik zion “Perrote”ren tailerrean, eta hala moduzko parte emate izugarria ailegatu zion Lorentzok, beste halako zenbait gauza ere gaizki zeuzkalarik autoak. Lorentzok autoen berri asko zekien eta gau belarako Renaulta pronto zeukan bada, Mikelek. Hartan zebiltzala inguratu zitzaien beste lagun talde bat neska eta mutil batzuek besterekin berritsu eta nahasi, praka bakeroetatik hasi eta hizkuntzaraino; gehientsuek zeramaten lauburu, ikurrin edo zedozer halakorik paparrean, baina erdera samurrago zerabilten eta neskek batipat anitz arruntago. — Hemen ez al zegok inor euskaldunik, edo?... —espatu zen behingoan Mikel. — Eta hi, zer habil hemen Madrildik etorri eta gu nola mintza behartzen —ahomentatu zuen Maider andereñoak heldu lepotik Mikeli pozkida osoez eta musu eman bitarte. — Neska, ni han euskara gorde eta hala ere zerbait ikasten saiatu izan, beldur naun oraintxe hemen dena ahaztu egingo ote zaidan —ailegatu zuen Mikelek banan banan guztiei begira. — ¡Vaya hostia! Tú, Maider —oguzi zuen Lorentzok bere anaiari zelako gauza entzunik puntuan, eta presente guztien algara hotsetan ondoratuaz alboan zeukan Edurne Olanori, zerbait zuzurratu zion belarrira. — ¡Qué marrano eres, cabron! — Bai hik ere gustoko ez bahu, to! Eta ondoren, nork nori handiagoak nola esan temati ahalegindu ziren Edurne eta Lorentzo euskara baino erdara gehiagoz, lagunarte guztiaren gozamen hoberako. Munduan nolahalako bromatze herri denak zutela kontutan izanik, hura “the most spanish typikal cachondeo”bezalakotzat kontsidera zitekeen. Mikeli ez baitzitzaon batet ere ezezagun eta arrotz “cachondeo”hura;zerbaitetarako zuen iraganik hain luzaro denbora estilo haren sorterrian. Baina bere herriak garaitzen ez bazuen benetasun osoago batetan agiri zitzaikion hertasun kontzientziarik eza, erraz gerta zekiekeen gazte haiei soberagarri paparreko lauburu eta ikurrin guztiak nahikunde zoro huts bat ez bestetan parte harreraziaz utziko zituelarik “cachondeo” modu hark ere. Jarrera huraxe ere euskaldunon beste akats askoren tartean, ezin inolaz gerta zitekeen txit eraikarri. Eta hala ez bazen, bazirudien gazteria beti erneguz zegoela “¡qué cachondeo!” esan ahal izateko edozein parada esperotzen. Baina Maider eta bere arteko ihardunari esker, gogoz jarri zion Mikelek politika eta beste anitz gauza aztertuaz hain adiskideki, atsegin eta perfezioz. Handik harako zer asmo zuen eta beste galdera ugari ere egin zizkion Maiderrek opa beroenez. Eskerrak hala ere Mikelek norbait bilatu zuen, zer egiteko asmo zebilen interesatuz. Egia esan, neska jator eta maitagarria zen Maider bere bisaia polita espresioz beterik zeriola hain gazte eta argi. Bestela ere berriz, bazuen inor gustatzeko lain edertasun bere soinak, baina artean ezkongai egon arren, aurki esposatzeko zen. Bazkal garaia zelarik gertu, berehala alde egin zuen Maiderrek berriro ere noiznahi elkar ikusi eta hitz egingo zuten asmotan. Mikel bere lagun taldetik aparte samar gelditu zen Maiderrekin mintza bitarte, eta haiek ere bazkaltzera joateko garaia bazutela arduratuaz, laster bere lagun taldera ondoratu eta adierazi zion Lorentzori, ea etxerako zetorren; zirudienez, honek ez baitzeukan presa apartekorik. Bere anaia eta lagun gehienak betiko eskolan ari ziren. Lorentzok plana eginik zeukan gauerako, fotoko neska beltzaran eta jinpainesa hura zela eta. Beti eskola hartan ez huraxe bat baino gehiago aspertzea gogorrago zen, ziotena ere gutti ezta. Amak, etxean oso ezagun zen aspaldiko zamu batez mahaia jantzi, eta otordua egiteko ontziak txukun ipinita zeuzkan Mikel eta Lorentzo etortzerako; aita, berriz, betagaina apur bat beztu eta haserreturik antxoila batzuk dastatzen ari zen basotxo bat ardoarekin. Aita, eguerdiko otordua egiteko jendeari itxoiteak aise asalda ohi zuen baldin amak bitarteko parada armoniatzen ez bazuen handik edo hemendik hura nolabait baketzeko. Ordu bata bazkaltzeko garaia ez ezik bazkalduta egoteko denbora ere bazen aitaren eritzitan, baina ordu bietan edo beranduago ibiltzea, jende nagiaren kontua zen. Aitaren borondatez bada, etxe hartan ordupe europeoak artean iraungo zuen, baina ja, ordea...! Zabarkeriak ez baitzeukan kaburik Espainian, eta kito. Ordu biak eta laurden pasatuak zeuden sukaldeko erlojuan. Aurki inguratu ziren mutil biok ere mahaira eta hasi zuten otordua;Mikelek aitari begiratu, eta seme haiek bazkaltzera berandu etorri zirelako haserre zegoen barrentatu izanik, barka ziezaien eskudantzia bat edo besterekin ekin zion adiskida zedin. Eguneko prentsak zer zioen eta, berehala hasi zen aita hiztun galdera ugariez ea Mikeli halako edo beste arlok nola pentsarazi ziezaiokeen jakiteko mide osoenez eta amak ere ahal zukeeneraino jarraitzen ziolarik ihardunari. Jakina, izanik egia baldin familia mahaian mintzatzen ez bazen beste edonon zailago gerta zekiokeela, Mikelek erruz hedatu zuen iharduna ahalik eta Lorentzo jeiki mahaitik, eta telebista ipini zuen arte. Akabo!, ordutik aurrera telebistari begiratuko ze, mutu zirudiela gelditu ziren denak. Gezurra zirudien nola adrezeria zozailu hark anikila zezakeen inor hontz bihurtzeraino gertu. Izugarria zen. Mikelek, otordua bukatu zutenean, hartu aitak aldamenean zeuzkan egunkarietatik bat edozein, eta bere ohean etzin zen apur bat irakurri ondoren lokamus laburretan bederen gera zedin sosek'u. Justu, hogei minutuko loa lortzeko dei egin zion Lorentzok kalera etor zedin. Mikeli berriz, artean goiz samar irudi zitzaion ateratzeko, baina bere anaiak plan izugarriak zeuzkan larunbat arrats eta gauerako. Txepel eta geldo ez baziren behintzat, orduan zeuden haiek sasoiko eta probetxatu behar zuten denbora; bestela ere ezkondu, urdailak irten eta aitonatzean, sobera izango zuten erneguz etxean egoteko astirik zegoeneko hala pentsatzen hasita. Lorentzok ez baitzeukan beste gogoetarik ondo pasa baino, eta Mikelek ez baitzekien jada zer zen ondo pasatzea. Lorentzori ezin bururatu zitzaion nonbait, munduan beste gauzarik egon zitekeela estimagarri bere baitako eritzietatik at. Ostiral iluntzean hasi eta astelehen goiz sentia bitarteko iraun ohi zion juergak; astean berriz, jan eta lo hain soil egin ohi zituen etxean. Bazirudien uste zuela gaztarotik heriotzera bitarteko bizitzeak inolaz ezin eduki zezakeela beste zorion, alaitasun eta pozkidarik, baldin gaztaroan ahalegintzen ez bazen bat plazer izaten eta etsi gerorako. Lehendabiziko, kafe eta kopa batzuk hartuaz musean egingo zuten elkartean “Perrote” eta Patxirekin gainetikako lagunak haruntz ingura bitarte, eta ondoren, bingotik buelta, nonbait patxaraz afaldu eta Bilboko festa sala batera joango ziren gaupasa. Gainera, Lorentzok fotoan zeukan neska inponente hura Mikel ezagutzeko irriki bizian zegoenez gero, deitu egingo zioten. Mikeli, egia esan, aldi baterako katramilatze gehitxo irudi zitzaion zerrenda hura dena, baina jeiki ohetik bertantxe, oinetakoak jantzi eta laster prantatu zen kalerako. Lorentzok zioenez, “de puta madre” pasako zuten; Mikelek aitzitik, ezin asmatu zuen nola estimatu Lorentzok beregan zuen estendimendu anaikorra, eta froga onenez, jende harekin joatea erabaki zuen behingoz bederen. Noski, noiz edo bestetan lagunarte bat ere ongi etor zitekeen bagia gailentzeko. — Bakoitzak geuron autoa eraman, edo hik zer diok biotan norena dohakigun hobeto? —galde egin zion Mikelek bere anaiari etxetik irtetzean. — Nerea motel, pasaraz joditurik zegok. Lorentzok lehenbizi bilatu zuten telefonoetako txosnaren alboan autoa gelarazi Mikeli, eta bertatik telefonatu zion hain deliriuzko neskix galant hari ahalik eta txanpon errenkadak aparatoan iraun zion arte guztian. — Nor duk neska hori horren irriskoi, zakarro? —interrogatu zuen Mikelek Lorenzo hurrena, telefonoz hitzegin eta atzerakoen. — Um! Venus dela uste duen aztoratzaile putaki bat. — Eta gero, zer? — Ez baitzaidak errendatzen. Patxi eta “perrote” kopa batzuk hartuaz eta puru bana irazekita, elkartean zeuden ordurako Jon Ugalderekin; hau ere ari zen apur bat mutil-zahartzen. Lorentzok Mikel eta beretzat bi wiskhy gehiago H n kafe 'oatzuk espentxatuaz muserako prestatu hitarte, Jon eta Mikel arraiki besarkatu ziren berriro elkar ikustean. Aintxitiko arratsean Mikel eta bere zenbait lagunei elkartean gertatua ere zorrotz asko aipatu zen guztien bat bateko arbudioz. Mikelek ez baitzuen txintik oguzi hala ere, eta musean esku bat edo beste eginik, eta galdu, Ugalde utzi zuen bere ordezko. Noski, eta Mikeli jokua gustatu ezik aparte, herrian beti ari behar zen halako norbait ezagun zenari agur egiten edo hainbat jenderekin berritsu ibili, jokuan murgil ahal izateko. Aurki elkartu zen lagun sail gehiena batzuk bere emaztegai edo halakotzat ziren hotseko neska eta mutil Donostiaruntz edo beste norabait partieratzeko autoen barrenetan. Areago, maiz entzun zitezkeen kalean haietatik bateko autoen aterakazo soriak trink eta trank, norabait joan behar eta ihesi bezala kotxeak borborka jarriaz herritik jope egiteko. Ezin semeja zitekeen zeinen hutsik eta bakardadean gelditzen zen herria. Diruaren usnara, bingo guztiak jendez estalita zeuden dagoeneko. Izugarri zen mundu pilo haren jokatzeko inkarnua. Edadeko jenderik ere agiri zen ordu hartan behintzat. Denbora aski luzaro iraganik, eta lagunartean bakarren batzuk “hilera” bat edo beste egin eta bingorik ezean, berehala alde egin zuten afaltzera. Nora joango ziren? Batzuek toki bat zuten gogozko eta besteek halako bestea. Azkenean Bermeo aldera jo zuten. Bermeoko ardandegietan edanari ekite emanik, patxaraz mahaira inguratu ziren ongi afalduko zuten asmo osoan. Larunbat gaua zelarik, afalgiro onak zeuden nonahi jateko amets eta gogoa nabarmen bistatzeko. Afalostean, jakina, berdozkeriak berehala leku eman zion porro bati ere, eta hura erretzeko guztiak banan banan elkartu ziren. Mikelek zertan zebilen jabe izatean baliatzeko aitzakiaz, arbuiatu egin zuen zelako erreketa. Eta funtsean, ez baitzen elkartasun hura maitagarri ez zeritzalako ere, ez; ze baizik, Mikelek edozein erepiziozko poz guztien eremutik at, benetazko poza bilatzen saiatu nahiago zuen baldin eta ondo kostata ere posible balekio bederen. Halabaina, denak aurka atera zitzaizkion bronkatze izugarrian. Bazirudien rito sakratu bat zapaltzea bezala zela hartan parte hartu ez nahi izatea. Izatez, bistakoa zen bizitzeak alegrantzia baino tristezia gehiago zuela berekin, eta hala ere, ezin ekipara zitekeen parekotasun batetan bi konzeptu haiek naturaz aparteko poderioz baliaturik behinik behin; nahiz besterik uste izan, alegrantziaren garaipena ez baitzegoen droga, alkool eta beste gauza askoren desmanetan, ze baizik, benetazko liskar eta ahalak egitean. Halaber, tristeziak berak ere bazuen frankotan irakaspenik asko baldin begiratzen bazitzaion beldur gabe eta sendo. Mikelek, besteak beste,herbesteko tristura ikaragarrien haiei esker zion agian hain amodio handia bere herriari, hizkuntzatik hasita. Bilbora arrimatu zirenean, hiri hura Madril zela iduri izan zuen Mikelek zorigaitz osoan; areago, agian, Madril bera baino urrutiago topa zitekeen beste Madril bat zirudien hiri hark Mikelen baitan, ondikoz beterik. Eta okerrago zen halako oharpen gogaikarria Euskal Herriko hiri batek sentiaraztea. Bilbo ikusi, eta euskaldunen euskalduntzeko lehiak bazirudien izan behar zuela nahita nahiez fantasia huts. Baina kontu haietan egoteko festa sala bertantxe zegoen jada. Lorentzo eta beste lagun batzuk begije xelebre samarra agiri zuten edari, afari edo..., porroak zirelako bazen ez bazen. Aurki etorriko dituk Laida eta nere beste txandako neska bat. Guk hemen itxoitekotan geratu nauk lehen telefonoz —ailegatu zuen Lorentzok. Ea ba, motel —erantzun zion Mikelek itxuraz tenplatu. Nolahala, edo kortesiaren bidez behintzat, egun, ez baitzen agian aski arrunt festasalaren alboan neska batzuei hain puntuan itxoitea. Lorentzo apainki zebilen gau hartan, nahiz eta bere asmoak hutsalkeriaz beteta egon. Beste lagun talde guztia festasalaren barrenera pasarik zen dagoeneko. — Honela obratzea ere motel, ez duk bidezko —zioen Mikelek artean, gauaren buru zer erokeria egingo zuten erraparoz. — Zer ostia, gero? —hasi zen Lorentxo txit ozenki—. Beste batzuk bai, eta guk zergatik ez? — Ba al zekiat neronek ere une honetan, zergatik bai edo ez? Probetxa hadi, bestela bihar ez dezaan damu. — Eta nork zekik damuak zein aldetara jo dezakeen? — Emaiok larruari poz! — Erraz diok zentzuari deus, Lorentzo. — Zer? Potrorik ez duk, ala? Istanteko agertu zen biraz bira auto Morris gorri bat ezkerretik eta geratu zen heurek biak zeuden gertu. Lorentzo, berehala ondoratu zitzaien neska haiei eta berebatez aieru egin zion Mikeli hurbil zedin. Autotik atera zirenean mirabeek, Lorentzok arras galantki egin zuen neska haien eta bere anaiarekiko aurkezpena; gero, hartu Morris gorria eta aparkategira eraman zuen, han festa salaren aldamenean zegoelarik nonbait hartarako toki aproposa. Laidaren bisaia politak ez baitzeukan edertasunaren kaburik, eta zirudienez, berak ere bazekien ondotxo. Bere ahoa, begi ilun batzuren zabalera desiragarriaz eta ostentu neurrigabean zeriola, kitzikagailu huts zen. Carmina, Lorentzoren txandako beste neska ere berriz, polita zen; aurpegia sotil eta ekarrai handikoa zeukan bere adats orraztua egoki zeriola. Erdaraz baliatzen ziren biak, euskaraz egingo ez zutela bistakoa zen bezala. Lorentzo autoa aparkategian baztertu eta laster azaldu zen Laida, Carmina eta Mikel berritsu ari ziren festa salaren gerturantz. Laidak bere Morris gorriaren giltzak har zitzan eskainiaz, baina honek, giltzak hartzeko eskua prest jarriko zion ze, boltsoa zabaldu zuen. Giltzak hartuko bazituen eskua ipini ziezaion baldintza eskatu zion Lorentzok berriro ere Laidari, zeharo bromatzez baino zerbait aztoratuago. Laidak Mikeli samurki begiratuaz, bi bider ezetz uko egin zion Lorentzori, eta honek, neskaren bere anaiakiko begirada igarrita segituan adierazi zion Mikel anaia ez ezik lagun ere bazuela hark, eta gainera, haurtzaroan ohituak zirela biak plater batetik jaten, baldin errendatu nahi bazitzaien amodioa egiteko. Sartu festa salaren barrena, mailadi bat jaitsi lehenengo solaraino, eta gorderropatik buelta, berehala iritsi ziren bar eta dantzarako pista bi zeuden lekura. Musika “rock” gogorra jo ta su entzute zen kasik ilun-argitan. Jenderik ugari bazebilen dantzatzen Terpsikore musaren omenetan. Noski, Laidak zamarra erantzirik, ezagun zuen zenbateraino kitzika zezakeen bat bere soinak sueter eta praka herstuetan guztia sinale zuela. Beste ezer ezin falta zitzaion inor bere onetik atararazi eta aztoratzeko bistak jarrai baziezaiokeen bederen. Eta zirudienez, halaxe nahi ere zuen obratu nonbait, eta jarri jendea erne, zenbait gizonek esan ziezaion zer nolako ona zegoen eta berekin joango zirela ohera. Huraxe zen hain gosegarri, baldin bakarren bat ez bazegoen gehiegikeriak okaztatu eta arras emalditurik. Denak begiratzen zioten kutizia osoenaz ea nondik baino nondik berekin goza zitezkeen. Mikeli berehala hasi zitzaion bizten eta zuzpertzen aberekeriaren sena, baina erraz eta trebe gorde zezakeen hark bere haragi irrika eskolari jarraiz eta ezertan nabarmentzeke, konbeni zekiokeen arte. Mikel eta Lorentzoren lagun taldea ere han zebilen mahai batetara inguratu eta beren neskekin irri eta zirri esku eta ahoak frenatu ezinez batzutan neska batekin eta bestean besteekin komunitate osoan whisky edan eta porroak erreaz. Bazegoen franko porrotik LSD edo kokaina eta heroinara pasatuak ere momentuz alai, baina itxura txarrean kolorge eta argal. Mikel, Laida, Lorentzo eta Carmina ere batu ziren besteetara eta mahai pare bat harturik agudo antolatu zuten egoitza; beste taldea han zebilen erdiraz hain maitagarri elkartasun haren medioz, eta are ere erdiraz pailaso, kopak hartu eta beste porro bat erretzeko presturaz batetxo ere akuzia gabeko ijiji eta ajaja farreaz. Jakina, beste porro bat erretzeko guztiak jarri ziren ados, baina hartarako ezin ontzat eman zitekeen inor erretzeke gelditzea; borondate onik ez zen falta, baina drogaren bidez. Dena zen hala pozgarri, eta musika “rock” gogor eta zaratatsu huraxe bere ere zerutiar bilaka zitekeen guztiz apetigarri. Denek erre zuten porroa eta Mikelek ere gutti asko parte hartu egin zuen guztien onespen osoenaz. Bien bitartean, ordea, Mikel eta Laidaren elkarganako begiradak meila egiten ari zitzaizkion bakoitzari hain maltzur eta donge. Ordura arte elkarrekin apenas mintza izan arren, biek barrentatu zuten bakoitzak bestearen zer nolako beharra zetorkien gogoeta baten transmisioz bezaia. Mikelek nabarmen antz emanik zeukan Laida bere hutsalkeria guztiekin, ninfomana edo hala zela zedozer, eta ezin edonork atsegin eman ziezaziokeela amodioan. Beraz, barrara dei egin zion nolabait berriketa hasteko. Eseri aulkitxo banatan, eta edozein edari hartuaz, non enplegatzen zen edo zer lan zeukan galdera egin zion Mikelek. Zirudienez, FOTOSTUDIO batetan ihardun ohi zuen “modelo” bezala. Eta berak zioenez, gainera, lanketa hari jarrai ahal izateko, arreta handiz begira behar zien hark janari eta edariei bere soin eder, lirain eta lerden hura hala —zeukan bezala, alegia, mantenduko bazuen handik harako ere. Ezer benetazko gauzarik ez baitzen posible erabili berekin, baina hala ere elkarganako ekarrai seksuala gehiagotzen ari zitzaien unetik unera. “Chiste” bat edo beste ere kontatu zizkion Mikelek berdotz, eta hau isiltzean, bazirudien elkarri begiratu eta ezin sosegatu zirela amodiotzeko desira lardabiozko eta suharkienaz. Bueno, eta ontsalaz nork erabili zezakeen han ezer seriorik? Mikel beraren jarrera ere ez al zen hutsalkeria bat beste ezer inori hala kontu hartzeko? Haruntz joaten zena gehientsu, kargu egiten bazen ez bazen, serio ibiltzeko joanik ez baitzegoen. Eta baldin aitzitik inor konsziente bazen zelako gauzarik ez onesteko, gerta zitekeen bada norbera izatea oker, doilor eta hutsal hutsalena. Beste luzapenik behar ere ezta, Mikelek eraman ezpainak Laidari ahora eta aurki seilatu zion bere bero hasekaitza grinaz, lizunkeriaz eta maitalez, neska ere errenditu zitzaiolarik hain suminkoi eta irritsale. Handik harako ez baitzegoen inon zokorik basta, bakoitzak bestea eskukatu eta elkar jateko. Dantzarako pistara ere irten zuten eta ikusi zituzten Lorentzok eta lagun taldeak nola zeuden Mikel eta Laida guztien mirespen eta harriduraz. Eman zuten ikustekorik haina espektakulo modurik zabarrenetan hainbat seinaletako irriskerien bidez behin eta berriro, eta berehala lagatu zuten festa sala, eskaratzean zamarrak jantzi eta autora bideratuaz hain harremetze zakurkoian. Halabaina, ordea, Morris gorriaren giltzak Lorentzok zeuzkan... Mikel beraren Renaulta hartuko zuten, noski. Festa sala hersteko garaia arrimatu zenerako, jende asko zegoen aldeginik antro sastar, kirastu eta zaratatsu hartatik, baina Lorenzo eta bere lagun taldeak ordea, bertan jarraitu zuen azkeneraino, eta bukaeran, laster sakabanatu ziren denak halako ordu eta lekutan elkarri itxoingo ziotela herriratzeko eta. Halaber, Lorentzo eta Carmina ez baitziren ondoegi konpondu gau hartan elkarrekiko furriada eta furrustadaz nonahi haserretzen zirela; beraz, hartu Morris gorriaren giltzak, eta gora bota eta hartuaz irmo eskuan, berehala eraman zuen Lorentzok neska bere etxeraino eta entregatu zuen atean. Aitzakia asko jarri zizkion Lorentzok Carminari gau hartan adiskida zitezen batetxoren erraparo, arreta eta ardurarik gabe. Agian, Mikeli luzaro itxoin beharrean izango zen, baina hala ere nahiago zuen kale bazter batetan egon, ez Carminarekin haserre; gainera, berandu zen bakeak egiteko eta hala haserre beharko zuten hurrengo igande arte. Baina guztiarekin ere, mesede bat eskatu nahi izan zion bere neskari, alegia esan ziezaion non bizi zen Laida, giltzen erokeria zela eta ez eraman ziezaion hari bere autoa. Carminak, oso haserre, bertatixek eman zion bere lagunaren zuzenbidea Neguriko auzo dotorera lehenbaitlehen iritsi zedin eta errenda Laidari bere autoa. Lorentzok bira eta hiritik kanpora samar zelarik, gelditu eta tenplatu begiratu zuen autoan, ea Laidaren apartamentuko giltzaren bat bila zezakeen; bazitekeen han bakarren bat eduki izatea bada ez bada ere giltza arruntak etxean ahaztu edo kalean galduta ere lor zezan atea zerekin zabaldu. Emerjentziak, askotan guttienik uste zirenean sor zitezkeen. Eta izanik deabruaren lana beti hain perkax eta ziurta, Lorentzok bilatu egin zuen azkenean Laidaren etxabizitzako giltza. Mikel eta Lorentzo atzerakoan, beren lagunek esandako lekutik aldeginik ziren ordurako; berandu zen. Egunsentia beste ordu bat barru. — Joango gaituk, ala...? —galdetu egin zion Mikelek Lorentzori artean heuretako kirten bakarren bat berandu bazebilen kezkatan. — Segi, motel. — Honez gero zakurrak ere lo zeudek. — Bai gu besteak. Lorentzok mus beharta huraxe esateko ahalmenik apenas zeukan, eta autoaren atzeko jarlekuan etzin zen lotara, bide egin bitarte. Egia esan, haietatik bateko itxura zeukan, eta noski, Mikel bera ere halamoduz egongo zen. Zakur putakoi batzu beste ez baitziren kirats eta guzti zerri eginik, heurek lotsarik ez eta besterik lotsatzeko taiu hobean. Eduki zezateela hala Jainkoa, beren gurasoek itxaropen onik haiek ere halakoak eta ;hura bai zela erokeria! Hura ez baitzen martxa; hartarako egon zitekeen hura Madrilen eta nahi bazuen jarrai han bere likiskeriei. Modu hartan izango zuen bederen borrokan zebilen benetazko Euskal Herriaren esker ona omentzat; bere aberriak gizon ausarta, bizarro eta haidorrak behar zituen eta ez doilorkeriari emanak. Mikel amets zoro batetik iratzarririk bezala hasi zen poliki poliki zetozkion burutapenei nola erantzun pentsatzen. Izango zuen handik harako gogoan zer erabili bere urratsak beste moduz hedatzeko. Mikel eguerdi aldera jeiki zen etxean halako ohi ezko mogimenduak erraparatu izanik. Ama eta arreba Miren bazkaria maneiatzen ari ziren sukaldean arreta handiz; aita eta Andres bere suhia mezatara joan eta artean etortzeko zeuden beste anaia Inazio eta honen familia bezala; umeak berriz, kalean zebiltzan Andres eta Mirenen haur ttikiena besteak. Mikelek lehia handienaz besarkatu zuen Miren eta besoetan harturik musu eman zion iloba Idoia nesaki politari. — Bart ere motel, etorri zarete zuek garai onen batean etxera! —ahomentatu zion amak Mikeli mantal txukun eta guzti plantaturik aurrean. Amaren hain begirada garbiak lotsatu egin zuen Mikel apur bat granatzeraino. — Bai, gautxori samar ibili gara. — Gauak dik benta orain, eta egunak nagia. — Juntatu ginen hor batzuk, eta... — Utikan! Oraingo jendailak ez baitzeukak lotsaren izpirik. Mirenek ezer entzun ez balu baino kasu nabariagorik ez zion izan ama eta Mikelen hizketari, baina gero hura pasata beste gauza anitz galde egin zizkion anaiari beti bezain modurik maitagarrian. Ordu biak gerturatu zirenean, aurki ipini zuen Mirenek mahaia jangelan eta disposatu zituen aulkiak ordenuz. Azkenean, inguratu ziren denak etxera. Mikelek Inazio eta Andres besarkatu eta muin eginik koinata Beleni, segituan musukatu zuen hurrena iloba taldea, bi, lau eta berriz ere Idoia politarekin bost, eta aitaren erreguz berehala prestatu ziren mahairako. Aita, noski, poz pozik zegoen familia dena hala elkarturik ikusita. Lorentzo zen bakarrik, baina amak zioenez, han teilapean egongo zen nonbait zakurreria botatzen. Bertatik joan zitzaion Inazio logelara Lorentzo jeiki zedin apur bat behartzera. — Tira motel, jeiki bazkaltzera —deihadar egin zion Inaziok leihatilak zabaldu bitarte eta gero leihoa oro bafainu txarra zegoela eta. — No jodas, hi —erantzun zuen Lorentzok artean erdilotan eta egunaren argi-isladak neke ziolarik. — Bart ere, izan egingo huen hik zerrapo ibilteko putaren bat —ailegatu zuen Inaziok adarjole, sudurmintzak zerbait usnatu eta berriro bizkor ibili zedin erregu eginez. — Hartuko huen, alukoi horrek! — Hire zain gaudek. Lorentzok hartu ohearen albo bateko zorutik zapata bat, eta istanteko egotzi zion Inaziori, honek algaraz eta prestuki berriro hertsi atea gelaren kanpotik bere aldera, eta alkantzatu ez zuelarik oinetakoak. Lorentzoren jeiki etajantzi 'bitarteko errosariotza izugarria izan zen. Gero dutxatik buelta berehala agertu zen jangelan, ea egun hartan haien etxean ze kristo gerta zitekeen galdezka familia osoki elkarturik ikustean. Aita zegoeneko mahaian topatzen zelarik, ez baitzion egin oso begidaje ona; haur, eta batipat Andres eta Mirenen mutil gaztetxoek aitzitik, gogoz farre egin zuten osaba Lorentzoren ateraldia entzutean. — Celebramos la llegada de Mikel, “¡despistao!” —adierazi zion Belenek. — Honek, neska, etxeko berririk ez din sekula jakiten —zioen amak Lorenzorengatik Mireni, ardo eta basoak mahaian jarri bitarte. — Jakin beharko luke zer edo zer, baldin nere inguruan balego —sententziatu zuen Mirenek, haurrak non mahairatu hedatzen zela. Aita mahaiburuko jada, bere eskuinerantz Ander iloba eseri zen lehenengo, eta gero segidan, Andres suhia, Inazio, Mikel, Lorentzo, Belen, haurrak, Miren eta berriro aitaren ezkerrean, ama, jaten maneiatu eta aurpegia arrosa baten pareko zuela. Andres, Inazio eta Mikelek mahairatu zireneko ekin zioten ekonomiaren krisia zenbateraino zen eta beste gauza anitz aztertzen. Lorentzo, konturatu zenean amaren aginduz non eseri zen hark ttikitan hainbat bider zaindutako Ander mutikoa, berehala deihadar egin zion mahaiaren beste kabutik: — Hi, Ander; hiri hemen nere ondoan tokatzen zaik lekua; hator barrabilik baduk. — Ez. Hi, egon hor aitona eta aitaren ondoan —esanez errefusatu zuen Mirenek arrazoi modu hura Lorentzori zorrotz begiratuaz. — Chica, ¡qué dura eres! —ailegatu zuen Belenek Mirenen jarrera ikusita. — Gero ere sobra ikasiko “eiñe” alproja izaten. — Neska, ba... —hasi zen Belen berriro. — Bai koanto; zuenak haurrak ditun oraindik, baina hiri ere etorriko zain zer pentsatua. Hago poliki! — No te jodas, Belen —aholkatu zuen Lorentzok bere koinata—; que por eso a mí no me van a sudar los cojones. — Ixo, gero!! —zioen aitak amenazoz bere lekutik, Lorentzori zeharo haserre begiratuaz. Ander mutil koskorra ezpaingaineko ile lapatxak irten, eta ari zen dexente pikardiotzen osaba Lorentzoren barrakaskeriak samur zirikatzen zutelarik gizonago izateko, baina aitonaren antzinako zenbait gertaera eta ipuinak ere laket zitzaizkion eta konforme gelditu zen aitona eta bere aitaren erdian. Amak, ordea, ikusirik Lorentzo bere aitak hain gogor erantzute egin ziola, eta arrebak arrazoi bazuen ere mespreziatu, atsekabez beterik begiratu zion behin eta berriro disimuloz, eta funtsean haserreturik ote zen jakiteko midez. Mikelek, amaren pena hartaz konturatu zenekoxe eskukada bi eman zizkion sorbaldan Lorentzori bera ere, noski, anaia hura baino hobe ez zela ezagueraz eta lagun bezala begiratu ziezaion, ea haserre zegoen edo ez jakiteko eta familian bederen parte har zezan donario leialagoz guztiekiko ihardun gozoan. Lorentzo agudo hasi zen ardoa falta zitzaien basoak espentxatzen. Amak erreparaturik Mikelen portaera, eta Aita gurea errezatuko zukeenean Aitaren eginik bederen, gogoz hasi zen “consommé” bero bero batekin. Noski, armoniarik onen onenean bukatu zuen Arriagatar sendiak halako oturuntza, falta zitzaien seme, anaia eta osaba hura etorri zela eta nor baino alaiago, azkenean denak kantari jarriaz. Miren eta Belenek kafe eta pattarrak ere ekarri zituzten mahaira eta beste abesti baten bitarte, Mikelek beren logelako arasan gorderik zeukan koñaka hartu eta haien bien partetik aitari errenda ziezaion erregua egin zion Lorentzori. — Entzun, hi —zioen artean Mikelek. — Zer? — Honunzkoan, emaiok amari musu bat. — Ez zak jodi, hi; nik ez baititat... — Ze koño? Emaiok, eta kito. Amak Lorentzo mahaitik jeikitzen ikusi zuenean, kalerako abiadaren susmo egin zuen, baina egun hartan oker zegoen. Lorentzo joan beren logelara, hartu Mikelek esan bezala hain aparteko koñak hura, eta aitari errendatu zion Mikel eta bere partetik, orobatez amari lotsati samar musu emanez. Aitak, pozik botila ireki zuen Lorentzori eskerrak emanez, eta ama apur bat kupitu eta begietan malko bi samur zituelarik, alde egin zuen sukaldera. Lorentzok, atzerakoan, min emateraino atximur egin zion Mikeli gerrondoan, eta jaulki belarrira estimarik zindoenez, kabroi bat zela. Bazkaloste luze baten bukaeran, aurki prestatu ziren kalerako Mikel eta Lorentzo beren senide eta haurrak agurtuaz hurrengo beste bat arte. Amak, biharamunean lanera jator joan zedin garaiz ibiltzeko eskatu zion Lorentzori, aspaldian halako erregurik ezta. Lorentzok goizago etorriko baziren ere, Bilbo aldera joateko proposamena egin zion Mikeli, baina honek, fermuki erantzun zuen ezetz, ez zihoala haruntz. Bueno ba, pultsu bat botako zuten eta baldin Mikelek galtzen bazuen dema, joan egingo ziren, eta bestela berriz, hurrengo larunbata gau arte itxoingo zuten. Ordurako lagun talde gehiena zegoen bildurik elkartera, eta berehala antolatu zuten Mikel eta Lorentzo biekiko liskarra. Gehientsuak zeuden Bilbora joateko aidajorik. Ekin zioten nor baino nor abilago jo eta su indarrean, baina Lorentzok, gogor apelatu izan arren bere anaiari, galdu egin zuen azkenean. Mikelek, berak zerizkion modura obra zezan libre zela ailegatu zion anaiari, eta inolaz ez pentsatzeko gero, harkezerlan koakzionatu nahi zuenik. Eta Mikelek hartu autoa, abiadan jarri eta lagunak lagarik, bakarti alde egin zuen norabait. Nahiz eta goizetik euri jasa eginik egon, oso egugiro ona zegoen arratsaldera. Bazirudien aparteko hotzik ere nabari zitekeela Mikel hozbera ez izan arren. Bestera, eguna ari zen luza eta luza erraz antz emateko erara. Seiak arrima samarturik zeuden Mikel Donostiara iritsi zenean. Utzi autoa bazter batean ondo ere ondotxo kostata, eta laster jo zuen Miramartik itsas ertzaren ertz Paseo Nuevo deituriko kaminogaindik aurrera batean itsasoari begiratu aspertzeke eta noizik behin alboko Urgul Mendiari. Bazirudien sortzen zuela mendi ondo maldatsu liark itsasoaren hain gertu, kontrastasunik izugarriena beste edozein lekutan itsaso eta lur ikusita baino. Paseo Nuevo bezala izendatu ohi zuten donostiarrek pasiabide zoragarri hura, eta bistakoa zen zergatik “nuevo” izan zitekeen, baina esateko, Mikeli Donostia bera bezain antzinako irudi ohi zitzaion noizpait harmora sendoenez eraikia zen kaltzada hura. Pasiabidean itsas ertzean alboko hormaz handik piskat burua makurtuaz, astiro egondu zen Mikel olatuen abantzada eta gero harmoraren kontreneko balastaraz zipriztin zuri haiek nola airean hedatzen ziren begira. Noski, izpazterko zenbait jenderentzat inor han itsasoari hain inozo begira ikustea, kontsidera zezaketen bat izaki mendibasati edo sekainetako norbait terkoitz bezalakotzat, baina Mikelek Donostiara etortzen zen bakoitzean aspertzeke miretsi ohi zuen bista zoragarri hura. Zurriolako olatuen blaustada eta bolitur zuri haiek gero airean, aparteko ekarraia zegioten Mikeli. Eta hala ere, beldur ikaragarria zion hark itsasoari; paradoja bazirudien ere, ur gehiegi zen hura dena; nahiago zuen mendia. Agian, olatuen higidura gozakaitz eta susmur zorabiozko hark bere kemen guztiari neurritik gorako asaldu eta erasoa sortzen ziolako ere izango zen hala nola, baina edozer gauza patxadaz ausnar ahal izateko, nahiago zuen mendiko zori baketsua. Areago, ordea, estima hobeko zuen euskaldun izpaztertarrak mendigizona, sekainetako izaki maltzurra baino; beraz, Mikelek ikusirik zeukan ondo ere ondotxo Euskal Herria sufrituaren seme jator eta leial izateko, esku bat itsasoari zegoela eman beharra eta bestea mendiari, hala bien konpainian izan zedin euskalduna zinez eta sendo Zurriolako olatuek mendiaren kontrena bezain arreratsu, bronko eta osoa. Gero, berehala jaitsi zen AQUARIUM-dik barren Portuko kaietara. Han, aspaldiko lagun zahar batek ezikusi egin zion Mikeli, eta hau kontu eginik zelako nabarmenkeriaz, Alde Zaharrera pasa zen. Jenderik galanki bazebilen Alde Zaharrean beti bezala, nahiz eta une batetik bestera poliziak hain inkurtsio peakoi eta zitala egin zezakeela urduri eta etsipen osoenez egon mundu hura. Donostiako Alde Zaharrak inon besterik ez bezalako enkantumena zuen izan ere. Ardandegi eta ostatuetako ateak zabaltzean haietatik mundu on bateko bafainu janguragarriak erraz aski nabari zitezkeen; baina tamalez, are ere aise kontura zitekeen bat urruti ezta bilatzen zela droga, euskara entzun ahal baino hein handiago batetan. Mikelek barrentatu izan zuenez, Donostian ere euskaraz gutti egiten zen. Bai koanto, nolahala moduzko “hasta gero”, “sí, aitatxo”, “no, maitiya”, “adios biko”, “gauon, a todos”, “no comas, tripazagi”, “es un farregarri”, “¡qué pello es!”, etab... etab..., mixto-saltsa-nahastura xelebrezko bat erruz entzun zitekeen Donostian, baina euskaraz jarraipen osoaz, ezer gutti eta murritz. Donostiako hirikide haiek ere beren euskal identitatea adierazteko, eskas konformatzen ziren hain laineza inozoan. Modu hura ere, euskaldunaren identitateari buruz behinik behin, egia erdizka gezur huts baino kaltegarriago zela pentsatzekoa bezala zen, eta bien bitartean, euskara sobera baino soberago errapara zitekeen edonon hutsalkeriaz aparte, mesprezioz beterik hain arlote. Artean alde handia zegoen lilurazko nahikunde zoro hartatik benetazko errealitatera. Halabaina izanik aski axioma nabaria bihia pilo poxian gelditzen zela eta lastoa buelo handian, Mikelek inolaz ere bihia bilatzen saia behar zuen bere ale bikor hark egiazko herriaren kutxa apur bat bederen bete zezan. Hala ordea, non bila zezakeen hark bere saila? Nola, nondik, noraka hain desesperoz, etsipen eta ernegu guztien lantu miseriazkoen aurka? Hura ez baitzen nonbait, berak Madrilen fantasia, irudipen eta idealtasun zoro, ergel eta hutsal batek itsu itsuan ikusarazirik zion Euskal Herria. Agian, existi ere ba ote zitekeen gero, Euskal Herririk? Eta Euskal Herririk existitzen ez bazen, zertarako zuen hark bere hutsalkeriazko euskaldun zelako identitate hura? Orduantxe bere burua hain eskas ikusita nahiago zuen Kafreriako beltz basati bat izan ondorio kontrakoi guztiekin. Zertarako zuen hark ordea, slogan politiko guzti hura hain prokaz eta farregarri, promes haiek gero ukatuko zitzaizkiolarik herriari? Zer balio zuen jende eta jende pilo hark “ya se hará” esan, “eskerrik asko” eta “gero arte” ikasi, eta gero hain pasiboki gelditzeko? Eta azkenean, zer jazkuntza zion Mikeli bere hutsalkeriak? Oso gutti. Eta gainera, ez baitzen basta norberekin ere modu hartan haserretu eta erasan. Sosega zedin bada; erreflexiona zezan patxadaz; eman ziezaion leku denborari. Berriro hasiko zen apaltasun osoen osoenean. Ea non, nola, noiz? A...! Beharrak erakutsiko zion bidea; kontenta zedin bere euskaldun izatearen kontzientzia apur bat bederen bazuenez gero, eta izan ziezaion axola bere handik harako bizitzean euskaldun nortasunari; baina, ordea, ez ergel, ahul eta pasiboki, ze baizik, benetan, apal, trebe, ausart eta, Zurriolako olatuen modura, arreratsu, bronko eta osorik. Irten Alde Zaharreko eremutik, pasa Bulebar zabala, eta bizkor ibili zen beste toki askotan. Egia esan, Mikeli askoz ere atseginago zitzaion Donostia negu partean udatean baino, eta hala ere ez baitzekien zergatik. Edonor zela ere, onenean, izan zezakeen ikustea basta zeinen aidati iragan ohi ziren donostiarrak hiru zubi haien zehar hiriaren alde batetik besterako, mirespen eta prenduz beterik gelditzeko eta pentsa Donostiak bazuela halako zerbait berezia. Donostia leku eder eta polita zen bere inguruko herri handi guztiekin urbe baten pareko zelarik gertu, baina artean Mikel alatzeraino asalda zezaketen gauzarik bazituen, eta Donostiak bezala gainetiko Euskal Herri osoak padezi beharko zuen luzaro Madrilen legaduzko kalbario gogorra bere inri eta guzti, nahiz onenean, hiri zabalean ikus zitezkeen slogan politiko haien promes denak egia gertatu. Zena zela, zetorren astean izango zen hauteskundeetako eguna, eta huraxe pasa zedin gogorik asko bazuen Mikelek ere. Mikel atzera herriratu eta elkartetik buelta etxeratu zeneko, ordu biak ziren gertu; Lorentzo lo zegoen eta hura esnatu ez zedin isil isilik etzin zen ohera, baina lanpara itzaltzerakoan agudo konturatu zen Mikel, nola zeukan utzirik bere anaiak mahainutxean euskaraz hobeki ikasteko metodo bat. Itzali argia, eta Mikel pozik hasi zen bere asmo berri bat mamitzen loak hartu zuen arteraino. Goizeko zazpietan erloju esnatzaileak tinbrea jotzearekin bat batean iratzarri zen Mikel ere. Lorentzo lanera joateko garaia zelarik, berehala jeiki eta abiada egin zuen honek, beste askotan baino prestura hobez. Mikelek berriz lo egingo ze, bertatik hasi zen pentsa eta pentsa nola antola zezakeen bere asmo hura. Nafarroa aldera joango zen mendian zeharo bakarti egun batzuk iragaiteko. Nola gainera kazetaritzaren eskabidez zegoen Madrilgo zentsoan, ez baitzeukan bozketako aupiderik bere herrian. Bilatuko zuen nonbait halako saletxe, borda edo etxolaren bat eta bada ez bada ere baita ere herriko mendi zaleen elkartean txosna bat eskuratu; lo egiteko zakua Lorentzok etxean zeukan. Jaten berriz, ondroso samar hartuko zuen eta bost litrotako zatotxoa ardoarekin. Zigarro eta beharko zituen beste gauza anitz ere apuntaturik zeuzkan blok batean. Etxean, noski, erruz arduratu zituen zelako erabakiak aita eta ama, baina Mikelek leku jakinezko edo ezagun batetako ostatuan egongo zela promes egin zien guraso urduri haiek konforma zitezen. Mikelek, bere etorkizunari orientapen sendoago bat eman ziezaion bakardadea bilatu nahi zuen egun batzuen buru. Bere nortasuna haidor senti zezan premia zeukan batipat. Hala ere ordea, ez baitzen egongo hain bakarti; Mikelek edozein basotako pago gerrondoak lagun bezala eskurada ohi zituen batzutan “kaixo” batekin. Mendiko lur bustiaren usain, goroldio, belar, untz, gorosti eta beste gauza askoren odoreak ere berdin zitzaizkion atsegin eta konfortagarri; bizkortu eta indartu egiten zuen Mikel mendiak, nahiz negutean izan. Mendiko ibili zoragarri haiek beste brinkotze batzurekin zituen asko, Madrilgo kutsadura nazkagarri haren peste txar guztia barengandik aidoki botatzeko. Irazeki, sua bota enborrak garretan jartzeko, eta zuzi haien epelera sinetsi ere egiten zen sekula baino ziurrago bazela bai Jainko On bat han goian. Madrilen, ordea, haizearen kutsaduraz aparteko beste usain eta bafainurik ere nabari zitezkeen hain erraz, nahiz sandalo eta beste lurrinkai ugari erabili etxeetan eta Parisko perfumatze guztiekikoak jendeetan. Urbe handi bateko kontzentrapen askotzak ezin behin ere ondorio hoberik eduki zezakeen dena zikin, narda, sastar eta kirats izatea baino. Baina ahantzi zitzan behin betirako denbora haiek; zorionez, une hartan ez baitzen topatzen Mikel hiri asaldagarri haren zurrunbilo larrian, eta handik harako, Jainkoak argi hobea egingo al zion berriz haruntz joan ez zedin. Astelehenean eramateko guztia prestatu, eta astearte goizean atera zen Mikel Iruinera, handik nora jo erabakitzeko. Gipuzkoako sarreratik aurrera berehala pasa zuen Arga Ibaia eta iritsi zen Iruñea Zaharreko hirira. Bai koanto, Nafarroako nabarristen inkarnu gaiztoko zabalkunde politiko hura dena ikusita ezin ezer asko itxaro zitekeen. Marruileriaren lana edonon agiri zen halako zenbait lider politikoren sareetan eror zedin Nafarroa oro, eta eraman euskaldun guztioi ama genuen esparru eder eta zabal hura maite izanik, berekoi jokatzera beste euskal-eremuetatik aparte. Zeren eta halako kondairagileek zioetenez Iruiñea bera ere XIX mendearen hasierara arte mintzatu baitzen euskaraz, eta Joanes Etxeberri zuberotarrak “Iruinea, euskaldunen hiri buruzagia” izendatu zuen XVII mendean, batetxo ere euskaldun zenak maite zezan bere orube zaharreko leku sakratu bezala. Noizbait akaso, iratzarriko ziren beste nafar askoren kontzientziak ere baldin egia estimatzen bazuten izar eta gidaritzat. Ukanik Iruineak haizeetako arrosak bezainbat zuzenbide bere barrendik irtetzeko, zalantza ugari sortu zitzaizkion Mikeli nora jo. Isaba aldera joateko, urruti samar zegoen toki hura, kafetegi batean adierazi ziotenez zeharo euskomin eta modurik maitagarrienean. Zergatik ez zen joaten Ahuritz eta Orreaga aldera? Leku eder eta atsegina zen hura ere. Bai ba, haruntz egingo zuen. Eta euskaraz “ongi bizi” batez agurtu zuten kafetegian, Mikelek ere atzerakoan berriz ikusiko zituela promes egin zielarik hobeki eskertzeko haien ostatutza. Arin eta biziro ekin zion Mikelek Orreagako bideari, Huarte, Zubiri, Erro, Ahuriztperri edo Espinal eta beste herritxo anitz iraganez Ahuritz topatu arte. Herri polita zen Ahuritz; apaindua eta garbia, erdiko kalearen ertzetako espaloi ondoetan bi ubide txukun jarririk ur gardena zeriela. Herri hartan ere agure batzuk konta ezik, apenas euskararik egiten zen. “Larreko” jaun agurgarria gogoratu zitzaion Mikeli. Handik aurki iritsi zen Orreagara eta bisitatu zuen XIII mendeko Eliza, Kolejiata, Monastegi eta Antso Indartsuaren Hilobia. Gero, Ibañetako Portua pasa eta hogeiren bat kilometro iraganik Luzaidera jo zuen azkenean. Hotz zegoen. Eguraldiak arrastatzeko itxura zeukan; hodeiak zuri ikusten ziren ifar aldetik tontorturik bezala urrun, eguzkiaren isladara. Luzaide milaren bat biztanle inguru zeuzkan herriska zoragarria zen eta txit euskaldun artean. Berehala abertitu zioten Mikeli ez zedila gero mendiratu, ezen elurra egiteko tankera zeukala eta. Baina hala ere, han mendi ondo bateko bordara ondoratu eta agudo sua irazeki eta prantatu zuen jana. Gaua ere bertantxe egin zezan enbor lodi batzuk bota suari eta etzin zen zakuan. Isiltasun baketsu hura ezin ezerk paga zezakeen. Beste mundu batean zegoela amets egin zuen esnaturik eta gelditu zen lo hain plazerki. Hurrengo goizean zeharo atsedenik iratzarri zen Mikel; suinako enborrak artean ilati, laster egur-txilika, zarba eta ezpal batzuren medioz zuzpertu zen sua berriro garretan jartzeraino. Ipini arraultza pare bat beste urdai hirugiharra zatika biekin zartaginean, eta patxadaz eta lasai gosaldu zuen ardo tragoska batzuekin; ez baitzien ezertan beldur eta gurarik Mikelek, Madrilgo Palace, Mindanao, Ritz edo beste ostatu ospetsuetako gosari mixtiforiatu haiei, ez. Eta jantziaz bortzegi, panazko praka, jertse lodi bat eta beste zedozer gainetik, sekulako arinena basoratu zen halako oihu eta irrintzi bat edo beste ere lau haizetara jaurtikiaz. Berehala erantzun zion mendietako oihartzunak eta baita ere beste nondibait txistu, eupada eta irrintziren batek, euskaldunak artean beren azkon era labanak zorrozten ari balira bezala Ibañetako haitz eta harrietan Erroldan indartsua menderatu eta Karlomano Erregea handik botatzeko. Egurtza lanetan zebiltzan baso mutil batzuren erantzuna zen albistu, eupada eta irrintzien sinalea. Zaldi eta mandoekin mendiaren beste hegaleko egurra bide batetaraino ateratzen zebiltzan handik traktorez eramaten zutelarik herriko Galtzadara gero kamionetan norabait garriatzeko. Denak ziren gazte haiek nafar euskaldun eta sasoiko, besondo indartsu eta lepoak irmo agiri zitzaizkielarik, antzinako basoetan ibili ohi ziren euskaldun ikazkin haien modura. Bertatixek baso mutil haien lagun egin zen Mikel, inolaz ere beren lagun izatea ezin zail gerta zekiokeelarik talde guztiaren ondade eta hainbat jatortasun ikusita. Jakina, aurki eskaini zioten ardo zatoka eta edan zuen Mikelek gogotik, ondoren bere bizimainaren berri emanez. Noski, gizagazteria hark ezin sinetsi zuen Madrilgo bizitze eroso eta naroa laga eta ea nola ibil zitekeen gizona hala mendiratu eta mundu diztiratsu hura madarikatuaz; haiek, ez baitzeuden loturik bizitze hari, eta zinez, honez gero era hartan jarrai beharko zuten basoetan edo agian halako faktoria bat edo bestetan morrontzaz, baina ezin inondik ere ulertu zuten nola asper zezakeen Mikel hainbesteraino bizibide hark. Seguruenik, ezin konturatu ere ahal izango ziren bizitze hura zela askorentzat morrontzarik morroiena, nahiz beste ugarientzat jabego oparo bat gertatu. Eta bistakoa zen hala izatea, eta haiei ez ezik beste euskaldun erruz askori ere beste anitz gauzatan hala gertatzea; gero, sobra ere, zerbait konprenitu zuten zer nolako alde txarrak zituen modu hark ere Madril hiri handiaren diztira hura dena majika maltzurren bidez faltsukeria bat ezer beste ez zela. Han zeuden Erroldan eta Karlomagno; Madril zen euskaldunen etsaigo makurra, eta euskaldunak elkartu egin behar ziren eta leial izan senide edozein adur txarreko kinkari aurpegi emateko, antzina handik gertu Ibañetan Karlomagnoren ozterateari bezala. Mikel, berehala hasi zen jertsea kendu, haizkora hartu eta baso mutil, dailaturik zeuden enbor txaraki haien adarrak ebakitzen, ondoren beste norbaitzuk moto-zerrarekin zuhaitz tantaiak mozten jarraiko zutelarik zaldi eta mandoei eramanarazteko mendiaren barrengo kaminondora. Handik harako bere eginkizun guztietan, hala senti behar zen Mikel; sendo, haidor, bortitz eta indartsu, benetazko herriaren zati bat ziren alboko anaia haien lez noizpait bederen geldi zedin Euskal Herria gaztelu honda ezinezko bezala. Lanketa hartan hazturarik ez zuen batek egiteko sobera estima zuten Mikelen saioa baso mutil haiek, eta bazkaltzeko bertan gera zedin erreguen faltarik ere berriz, ez baitzuen izan. Eraman aurreneko azienda haiei jaten, eskuak garbitu aldameneko iturritxo batetan, eta laster bildu ziren denak borda handi bateko mahaira jatordua egiteko. Zazpi lagunek osatu zuten mahaia Mikelekin. Bordako sarreraren ezkerrera tximina sukarretan zegoen giro onenean jarriaz barren guztia; suinaren beste albotik, inoiz bakarren bat edo beste geratu beharta ere mendian, kamaina bat zuten, eta bordaren gainetiko barren edo zorua, dena ikuilu mando eta zaldientzat; beraz, apalago ezin inon jan zitekeen, baina hala ere sasoiaren jateko premiak ongi kunplitu eta ordaindu zuen mahaia. Mikelek ere eskuz esku jan eta edan zituen besteen modura hartzeko ahamenak armoniarik jatorrenean. Gainera, anaia nafar haien euskararekiko doinua aparteko kantu baten eredu zitzaion Mikeli hain laket. Koanto, erruz mintzatu ziren jatorduko denboran, eta baita ere piska bat berdotz emakumeei buruz nahiz ez gaitz handiz eta bai bromatsu; nolanahi ere, gazte haiek beste kezka batzuk zituzten barrenta txarragotan urduri egoteko. Egun, ez baitzegoen fanfarreriarik bizitzean; arazo latza arras, eta ilun edo frankotan beltz ikusten zen dena; asko behar zen eta galanki borrokatu ezer gutti egin ahal izateko ere. Ezkondu, eta familia mantendu eta haurrak aurrera ateratzeko, ez pentsa gero zegoela txantxarik; eta, besteak beste, haientzat neska egoki eta taiuzkorik bilatzen ere kontuak ez baitziren erraz eta arrosa eder eta polittetan topo egiteko moduzkoak. Basomutil haiek ere etsipenaren ilunpetan ikusten zuten kasik dena, baina orduan, gazte ziren eta alai arazo guztien gainetik. Purutxo batzuk bazituzten han nonbait gordeta halako tenore on bati bana opa izateko, eta sekulako agudoenik piztu zituzten erretzaileek; ezin asmatu zuten Mikel nola hobeki kunplitu. Eta hala bazkaria bukatu bitarte, barealdiko laburrenik hodeitu zen ortze dena, eta eguraldiak elurra egiteko tankera hartu ere, baina guztiekin, ekin egin zioten arratsaldeko lanari harik eta elurrak eraso zuen arte. Ezagun ikus zitekeen elur-ekaitz txarren bat zekarrela eguraldi hark, eta bertatik disposatu ziren mando eta zaldiak bordara sartu, jaten eman, kamainak egin eta herriratzeko. Mikelek era bada ez bada ere elurte handiren bat egingo bazukeen erdi kontent eta erdi beldurrez, lagun haiek aterpera ohi zituen ostatura joatea pentsatu zuen, eta ea modu hartan obratzea zer iruditzen zitzaien kontsultatu zituenean, baso mutilek, pozik erregu egin zioten heurekin joan zedin hura ere. Hala; bildu bere jan eta tresneria mendiaren beste hegalean utzirik zituen etxolatik, eta laster zen haiek orduko gertu, autoa bazterturik zuen bidean. Baso langileek Land Rover bat zeukaten eta auto hura aurretik zela askoz errazago eramango zuen Mikelek berea, baina are ere ozta-ozta segi ahal zion kaltzadan Land Roverrari, elur araso izugarri bat ekartzen zuelarik bestearen ondoren hain herstu eta bisutsetan; une batez autoa geratu ere egin zitzaion Mikeli erdibidean, baina berehala gizaindar haren bultzadaz jarri zuen atzera abiadan eta jarrai zioten ostaturako falta zitzaien bideari. Aspaldiko ostatu zahar hura herritik urrun samar zegoen mendi bien magalean Ifar Euskaditik gertu Frantzia aldera. Azkenean, ongi kostata bazen ere, iritsi ziren etxe hartara. Eta eskerrak baliatu ziren aterarte baten denboraz, ze bestela ezin ekarriko zituzten autoek ostatuko ateraino behinik behin. Ostatu zahar hura, harri, zur eta kare zen dena. Eskaratzean, txabizkia edo ardangelak ezkerrerantz zeukan atea; barrenean aurrez aurre, logelen solara igotzeko mailadia eta eskuinera mailadiaren alboan, jangelako sarrera. Etxe hura hain zaharra izan arren, poliki eta taiuz zegoen apaindurik bere zurezko sabai eta taibeteak kisu eta karez ongi errebokatu eta zuriturik garbi asko. Bazirudien zela une hartan jauregi eder bat ontasun guztiekin txit antzinan egina. Halako ekaitzak eramanik bertara, haruntz sartzearen poza zenbateraino gerta zekiokeen bati, ezin erraz deskriba zitekeen. Aurrena, eta lagun haien gisara, sartu ardangelan eta elkarrekin ardo batzuk hartu eta ihardun egin bitarte, Mikelek ostatu eskatu zuen etxe hartan hain estimadun zirudien baso mutil haien lagun zelako karioz. Ostalariak entzun zionean zelako erregua Mikeli, bertatik deihadar egin zion topatzen zen ardangelatik bere emazteari han barrengo sukaldera, ea zegoen libre logela bat, eta segituan erantzun zuen baietz etxekoandreak neska gazte polit bat bidaliaz Mikeli, erakutsi ziezaion non topatu bere apusentua. Irten ardangelatik neskix pertxenta haren ondoren, iragan eskaratza, igo mailadia eta pasadizo luze luze baten kabuan, berehala erakutsi zion Mikeli gazte maitagarri hark bere estantzia. Etxeko alaba zen nonbait neskatila hura, eta Mikelek giltza harturik ostean egin zizkion galderei erraz eta txairoki kunplimendu eman zien; ohiturik zegoen hala jainena, etxe hartako trasiegotzari perkastasun osenez aienamen egiten. Baina nolanahi ere, bere ibilkeraren orpaide gazteak edonor jar zezakeen zelatari eta seguruenik gusta zekiokeen zelako neska monona. Mikelen logela aitzitik, eskas eta ttikia zen, baina ezin eska zitekeen osatutze hoberik halako elur gau zimoitz baterako. Zirudienez gainera ostatua gehiena egongo zen osaturik, eta iluntze hartan elurrari ihes'ka haruntz iristeko lain pozik izan zirenez aparte, bazeudelarik beste zenbait apupilu, baso mutil haietako lau bezala. Ostatuko sukalde, ardangela edo nonahi, euskara zerabilen jendeak gehientsu edo zeharo eta Mikeli guztiz irudi zitzaion agurgarri teilape hartako zoria. Jaitsi pasadizotik barren mailadia eta eskaratzean zelarik jada, norbaitek landatik ostatuan barruratzeko atea zabaltzearekin bapatean sartu zen elur bisuts izugarria zurrunbiloan. Ikusten zenez, elurra goian behean mara mara ari zen hain atergaitz. Martin, Joan, Xabier eta Elias baso mutilak ardangelako mahai batetan musean ari ziren eta laster aieru egin zioten Mikeli non zeuden, baldin arrotz sentitzen bazen etxe hartan. Mikel bere logelara joanik izandu zen bien bitarte, jende berririk azaldu zen ostatu eske txabizkian; bazirudien elurretan larri samar ibilita zeudela batzuk haruntz iritsi baino lehen. Jantziak, ile eta oinetakoak blai eginik agiri zitzaizkien. Ostalariak zioenez, komeria zegoen han hainbeste jende nonbait katonitu behar eta; baina non edo han guztiak erretiratuko zirela gauerako ohetan, eta inor ikaratu ez zedin erreguka ari zen buruzagi jauna. Mikel irten berriro ardangelatik zerbait harturik, pasa eskaratza, eta handik jangela handi batera sartu zen. Istanteko adierazi zion barrengo antigualeko erloju baten kanpaiotsak artean zazpiak zirela. Sala handiaren bi ertzetako suinak zeuden garretan; giro ona zegoen han barruan suak irazekita. Sarreratik barrengo sutondoan bi andere eta lau gizon agiri ziren graduetan gorako “dama” eta “caballero” tankeraz. Mikel estantziara sartu zenean, eta nahiz aparte samar egon haiek beste aldeko sutegi inguruan, isildu eta iharduna aldatu egin zuten momentuz bederen. Mikel, eseri gertuenik zeukan suinaren ondoko aulki batetan, eta beste aldeko jende hari diosal eginik, eskura bilatu zituen halako astekari tetel batzuk bistatzen hasi zen tira eta biraz santuak ikusiaz. — ¡Qué odisea! —zioen andere batek bere senar edo hala zelako norbaiti—. Nunca lo olvidaré, este trance. Creo que al menos, podíamos haber continuado hasta el pueblo más próximo. Hubiera intervenido el alcalde y seguro que nos habría proporcionado un hospedaje más digno. — Nene; te lo hemos repetido mil veces que no era posible continuar el viaje. Serénate. Haz el favor —erregu egin zion senarrak, haiek guztiekiko adur txarrak ikusita bera ere espati zegoen itxura hobeaz. Egia esan, denak zeuden jaun andere haiek erraz igarri ahal izateko egoera kontrakoian, baina batipat erruz franko, hainbeste espagura zerion dama hura. Noizean behin etxarpe bat esku tartean apurtuko zukeenean jeikitzen zen behingoz supazterko kadiratik, eta eseri berriro furriadaz beteta. — ¡Qué calamidad! —hasi zen berriro andere hura leihora begiratuaz—. Sí, sigue nevando; el teléfono no funciona, el televisor tampoco, la radio no se oye y, para mal de males, nos hemos instalado en un lugar que válgame Dios si no es..., una cuadra. — Paciencia, Nene; paciencia, ¡hija! —aholkatu zuen senarrak. — Nada. Eres un irresponsable, Carlos. Gainontzekoek begiratu disimuloz Mikeli, eta isilik geratu ziren, baina ordurakoxe jaun haiek zeuden etxahormaz beste aldeko ikuiluan orro egin zuen behien batek, eta lehenak beste, bertatik aztoratu zen dama hura: — i...Oh! ¡Y hay vacas! Ya digo yo sí, que a este paso vamos a parar en el pesebre. — ¡Calla!, Nene —erreprentsiatu zuen senarrak hurrena. — No. No me callaré; os lo he dicho, más nos valía volver por Irun y, caso me habéis hecho? Ninguno. Mikelek alde egin zuen estantzia hartatik eta eskaratzaren zehar aurki heldu zen ardangelara. Martin eta beste lagunek museko partida bukatu eta berritsu ari ziren elkarrekin. Xabier eta Joan ziren gelditurik galtzaile eta berehala pagatu zuten lehenengo erronda. Han aldameneko beste mahai batean ere bazegoen neska eta mutil taldetxo bat erropa lehorrak jantzi eta etorri zirenean baino kuntza hobean. Bien bitartean, irten sukaldetik halako neska jator bat eta ondoratu zitzaien Martin, Joan, Xabier, Elias eta Mikeli, gabonak emanez. Mikeli, ikus zuenekoxe begiak bete zizkion neska haren kera apartekoak eta bere lagunek aurkeztean, pozik eman zion eskua. Neska hark Eunate zuen izena izatez, baina baso mutil haientzat Euni zen. Mikelek ezin semejatu zuen nola hain istanteko esna ziezaiokeen Eunik beregan halako ekarrai zoragarria. Ezin bistarik kendu ere zion ea berak noiz begiratuko zain, baina Eunik guztiei begiratzen zien berdin eta normal. Mikelek, ordea, sentitu egin zuen zerbait bere hantustean, neska hark ez bat huraxe baino gehiago berari begiratzea. Eta hobe Eunik hala obratzea —zioen gero Mikelek berekiko—; bazuen hark berak ere garaia beti beti bere hutsalkeria hain presente ez edukitzen ikas zezan eta. — Hara! Orain ere falta duzu zuk atorraren paparreko botoin bat —ailegatu zion behingoan Eunik Martini, beste guztien atorrei ere hain gazti kontu hartuaz. — Bai, eta hemen dut honen batean gorderik botoina —erantzun zion Martinek eskua patrikan sartu eta Eunik sukaldetik jostorratz eta haria ekarri bitarte, botoina eskuratuaz. Berehala agertu zen Euni berriro sukaldetik ardangelarantz, jostorratzari albainu bat sartu, eta hura, titare eta goraizeak eskuan zituela, eta bertatixek eskatu zion Martini bere atorraren botoina eskuan ipini ziezaion josteko. Lehendabizi, eta han presenteko guztien bereganako begirada ikusita, ben samar hasi zen Euni. — Zu, Martin; eta noiz eraman behar nauzu zuk ni zaldian mendira? —galde egin zion hurrena Eunik botoina josiaz zeharo bromatsu. — Nik eraman eramatez, pozik egingo zintuzket —hasi zen hura urduri samar—, baina beldur ote didazun kezkatan naiz; badakizu, emakume bat alboan ikusiz gero, gu maiz jartzen garela zakarro. Eunik, noski, gogoz farre egin zuen zelako ateraldia aditzean, eta bere hain algara tolesgabeak zenbateko lilura zuen ezin pentsa zitekeen ikusi gabe. Mikel arras zegoen miresmenez beterik berak ere botoinen bat etengo zukeenean. Hartan, Eunik botoina josi, hariari korapilo bat egin atorraren barrengo alotzean, eta goraizeekin albainua ebakiaz, agudo erantzun zion baso mutilari: — Zer gero, Martin? — Ba nik, egia esan, ezingo nuke sinetsi etorriko zinatekeela nirekin zaldian basora kontent eta lasai —adierazi zion Martinek neskari hurrena perilau antzean. — Ba bai; joango nintzateke eta ziur nago ez zenidakeela ongi zaindu eta gorde baino deus beste egingo. Zu, Martin; ez al da nire uste itsu hau zuregan, amodio? Halabaina, ordea, hemen egia besterik da —jarraitu zion isilago eta bromatsu Eunik—, zuk, ni nauzun baino maiteago duzu ostalariaren alaba Ane pospolina. Uste dut gezurreta bizian ari zarela zu hemen gu guztiokin. Ane, hainbeste jende zutelarik gau hartan etxean, bere amaren laguntzaile zebilen sukaldean afaria maneiatzen, eta lagun talde hark halako gauza entzutean Euniri, bat batean begiratu zioten neska polit hari ardangelako atetik barren zehar non zegoen ikus zezaketenek. — Baina zu, Euni; Anek ere ordea, ez du etorri nahi. Gaitzetsi egiten nau, egia;mando eta zaldien usaina omen daukat eta —ailegatu zuen Martinek patxadaz lagun guztien farre eta gozamenerako. — Hori, aitzakia da —esanez errefusatu zuen Eunik zelako baldraskeria. — “Horratio ere”, horixe bat baino nahiago nuke berari galde egingo bazenio, Euni. — Ez. Ez noa; gezurra da eta. — Ez, ez da gezurra. — Martin...! Martin...! Ea gero, nik dakidana den gezur! Martinek irrifar demoniozko batez piska bat uzkurtzen zen itxura egin zuen Euniren tentamena ikusita, baina laster aidaratu zitzaion neskari tenplau: — Zu, Euni; eta..., zer da badakizun hori? — Lehenengo, zuk Ane maitatzen duzula eta ez ni -erantzun zion Eunik pikardiaz. — Horretan, berak ni maite nauen edo ez ere jakingo duzu’. — A...!, hori, nik ez baitakit! — Ea ba, bigarren dakizuna ere zer den, Euni. — Zera...! Zer ibiltzen zaren zu bernarekin mahaipean, Ane gertu bada! Ja!, ez ba, mutileria hura dena gelditu zen farre gogozkotan bere lagunek adarjole zirikatzen zutelarik Martin Eunik ailegatu ziona era askotara berresanez. Eta Euni, hura esatearekin bat joan zen berriro sukaldera etxekoandre eta Aneri zerbaitetan laguntzeko. Berehala etorri zen tertularien mahaira ostatuko seme bat ere ikuiluko lanak eginda, eta umoreko ihardun zuten guztiek luzaro. Beste mahaiko neska eta mutil haiek aitzitik, ostatuko jende hura dena atzeratu samar bizi ote zen barrunte eta kezkaz obratzen zutela zirudien. Euskara gutti zekiten eta nola etxe hartan euskaraz baliatzen ziren denak, bazitekeen apur bat arrotz sentitu izatea gezurra bazirudien ere hala gertatzea egungo Euskal Herrian. Politikari buruz ordea, Espainian egin zitekeen baino gehiago teorizatzen zuten. Eta maite izanik Euskadi beren aberria, ardura handia zioten Euskadiren handik harako iraultzari. Euskadi —zioten—, batu egin behar zen; konforme. Euskaldunak elkartu egin behar ziren; are..., ere, konforme. Eta zelako gauza edonork zekien eta etxe hartako jende orok ere bai; hura izango zen politika guztien politika, baldin lor bazitekeen utopian gelditzeke, baina baita ere edonork zekien Euskadi sekula bestetan baino sakabanatuago topatzen zela egun, agian besterik uste izan arren. Eta egoera haren zergatia klarezteko mila arrazoi beharta ere ez baitzen zaila guztiak bilatzen. Baina, ordea, gazte haiek ez baitziren konturatzen ostatu hartako praskileria atzeratu hura nolatan hala elkartzen zen. Zerk pozten zuen; zer motatako harma zeukan bere hizkuntzan eta, azkenik, han zegoela nolahalako osagailu batzuk ezik, herriaren odol, hezur eta muina. Eta hartan zeudelarik mahai bateko eta bestekoak elkarrekin hiztun, jo zuten ostatuko atea. Bertantxe guztiak mutu bezala gelditu ziren ea garai hartan nor besterik iritsi zitekeen eguraldi harekin; jeiki etxeko semea mahaitik eta zabaldu zuen eskaratzeko atea “nor da” galde egin eta erantzunik ezean; atea zabaltzearekin bat batean besarkatu zuen landatik halako gazte bizardun beldurgarri batek, erortzen zitzaiolarik gero kordea galduta oinetara. Lerratu apur bat atetik barrurantz eskaratzean gorputz astun eta indarge hura lehenbizi, eta elur bisutsari atea berriro hertsiaz, laguntza eskatu zien ostatuko seme hark besteei eraman zezaten barrena. Ostalariak sukaldera eraendu eta jantzi bustiak kendu zizkionean ordena eman zien bere seme eta Martini, hauek besoetan zeukatelarik jada gizaki ondikoz bete hura. Antzigarrak bizar eta ile, karranka bilakaturik zeuzkan itxura beldurgarrian; jantziak blai eginik, aurpegia kolorge, eskuak uzkur, hasperen neketsua eta herio sentigarria. Agudo aski erropa bustiak kendu eta jantzi zizkioten beste batzuk kuntza lehorrean Martin eta etxeko semeak. Berehala hasi zen bere onera etortzen gazte arrotz hura, eta eman zion andere Mariak ahora salda bero teintta bat. Zerbait bizkortu zenean, jeiki istanteko larrian ipinita zuten kadiratik, eta zeharo estrainu, urduri eta beldurti, ea non zegoen galdera egin zuen. — Aldats-gaingo ostatuan -erantzun zion ostalariak. — ... Ez al da honuntz etorri Iñaki? Non da nire lagun Iñaki? Ez al dago hemen? Non da...!! —galdezkatu zen gaztea deliramen batetan edo larregi beldur zuen legez. Inork ez zion txint bat oguzi. Guztiak zeuden han gazte hark zer esan nahi zuen osoki kupitzeraino kontu eginik. — Joan egin behar dut —ailegatu zuen gazteak hurrena, soinean zeuzkan jantziei begiratu eta oinutsik zegoela konturatuaz. Heldu behingoxean beso bietatik irmo ostalari jaunak, eta aurpegiz aurpegi, ezetz, ez zela inora joango bere etxetik ekaitz txar hartan, erantzun zion. — Atxiki egingo naute, jauna —zioen berriro gazteak heriotsu eta begi biak larri zituelarik. — Ez nire etxean, atxituko haute, motel —promes egin zion ostalariak—, ez zaik faltako mahai, ohe eta beste ezertan arretarik. Hago arren, sosegu. — Lagun nuen Iñaki bilatu behar dut, nagusi —ahomentatu zuen berriz herio izugarrian gazteak, ero bat zirudiela. — Bihar egunsentian bilatuko duk —seinalatu zion ostalariak atzera. Nabarmen zegoen gazte haren kemena ez zegoela artean normal, eta besarkatu ostalari jauna aita izan balu bezala, eta berebiziko aholar samin saminenez negar egin zuen. Maria etxekoandreak salda bero bero hura har zezan erreguz, musu eman zion nonbaiteko amarik tristeren seme hari. Ordurako, ostalariaren seme, baso mutil, Mikel eta beste mahaiko hiru gizagazte, aterarik ziren linterna eta farolargiak hartu eta ea nonbait gertu bila zezaketen Iñaki zelako izaki errukien hura. Halabaina, eginahal guztien ahaleginak ere alfer alferrikazkoak gertatuko zitzaizkien gau maladimenezko hartan. Ez baitzuen atertzen eta elurra oinbeteko lodi zegoen dagoeneko. Elur bisutsak arnasa larriarazteraino behartzen zuen eta, besteak beste, ostatuko bi zakurren zaunka beraiek ere zori txarrez, ezin entzun zitezkeen etxearen ingurumaritik urrun. Ostatura iritsi zenaren elurretako aztarnari ere jarrai zioten ahal izan zuteneraino nahiz ordurako oinatzak estalbeterik eduki elurrak, baina ez baitzuten inor aurkitu. Auskalo non galduko zen. Bere zantzurik ez baitzen inon. Eunate, Ane eta beste taldeko bi neska haiek egundoko burutapen eta susmoak egin zituzten ea bi mutil haiek ETAkoak izan ote zitezkeen edo halanola. Elurretako bilabide haiek fruitu hoberik ez, eta aurki etsi zion landako jendeak elkarri albistu eta deihadar eginez etxera zitezen. Ez baitzegoen ezer lortzerik atertu eta egunargitan ez bazen. Eta hala agertu zen jende hura berriro eskaratzean zakur eta guzti; zakurrak lehorrera zirenean bizkarreko elurrak botatzearren astinka hasi ziren, eta ostatuko semeak bertatik eraman zituen ikuilura. Utzi estalgarriak eskaratzeko isekiluan, eta banaka binaka berehala sartu ziren denak ardangelara eta ostalariak espentxatu zien bere upelategiko ardorik onentxoen bat, elurretan halako kinka pasa eta bizipoz zitezen aurki izango zuten afariari itxoin bitarterako. Ostalariaren semeak zakurrak ikuiluan lotu eta atzerakoan hobeto zegoen tankera harturik aberkide arrotz hori, eman eskurada bat sorbaldan eta berekin eraman zuen sukaldetik ardangelako lagunartera. Bien bitartean, ordea, saloieko jaun andere postinkoi haiek aspertzeke ari ziren espa eta espa beren desbentura apur bat bederen ahantzi, eta ea etxe bendeziozko hartan ostatu egiteari nola etsi beharko zioten zerbait asma nahiez. Afal ordua arrimatua zelarik jada, berehala hasi zen Ane jaunskileria hura zegoen jangelako mahaia prestatzen. Sukaldetik gertuen eta jaun andere haiek zeuden aldetik hpsita ipiniko zuen prezeski, ohitura bezala. Mahaiak handi samarrak izan arren, bi batu zituen ehunezko zamu zuri zuri batez estaliaz, ondoren jan tresneria apal baina egoki eta taiuz jartzeko. — Oiga, señorita; a nosotros, pónganos usted la mesa allá al otro lado —erregu egin zion behingoan Aneri bi andere haietan itxuraz sufrituenak. — Señora: aquí no habrá más mesa que ésta. — ¡Cómo! No irá usted a decir que también nosotros vamos a cenar con la tropa. — Usted lo ha dicho, señora. Noski, dama haiek biak bat batean sumindu ziren: — ¡Oh! Pero, ¡qué atrocidad! — ¡¡Qué horror!! Ane, isildu egin zen. — Pero, ¡bueno! Qué casa es ésta, ¿de bandidos? —ailegatu zuen parte gaiztokoak harturik andere protestalariak. Anek ez zuen mus esateko ere ahorik zabaldu bere eginkizunari jarraiz. — ¡Oh, Dios mío, Dios mío! Eso no es posible, señorita —oguzi zuen dama lehendabizikoak hondamen izugarri bat ikusirik bezala. — Cierto, que eso no va a ser posible, jovencita —ahomentatu zuen berriro dama protestalariak Aneri begiratuaz eta zeharo haserre. — ¡Oh! ¡Sí, sí! Descuiden —erantzun zien Anek andere haien halako zenbait inozokerien imintzioz. Dama protestalariak begiratu aurrean zeuzkan jaun espektariei, eta berehala buziatu zuen bere senarra eztabaida hartan parte har zezan: — Decid algo, Carlos. — Sí, ahora se decidirá, Nene. — Supongo que usted bromea, joven —adierazi zion hurrena Aneri, jaun haietarik zutikoenak. Mahaia jartzeko beste gauza ugari ere ekarriko bazituen, ostalariaren alaba agudo disposatu zen jaun andere haiekiko eskudantziak samur neurtuaz, sukalderako: — Dispensen. Tengo que poner la mesa. Baina bertantxe beste jaun batek autobastatze osoenez atajatu zuen neska: — No. Dígale usted primero al hostelero, que venga. — Sí, dígale al ventero su amo, que venga inmediatamente; esto es, ¡inaudito! ¡Intolerable! — ¡El acabose! —ailegatu zuen dama protestalariak, han Goi-Erdi Aro-ko benta batetan balego modura. — Señora, le participo —hasi zitzaion Ane—, que el ventero es mi padre y no es amo de nadie. — ¡Qué insolencia! ¿Veis lo que pasa con la democracia, Carlos? ¡¡Qué rabia...!! Eta dama protestalariak, infernuko deabrua bera ere lotsatuko zukeen trekela atera zuen ostalari jauna etorri zitzaien arte. Ostalaria, noski, bere gaztaroan mundu ikara eta buru belarri ibilia zen Amerikatik buelta eta beste toki askotan, beraz, aurpegiko azala zerbait zaildua zuen aspalditik eta berehala joan zitzaien jaun andere haiei jangelara: — Señores, ustedes dirán. Arrastotan!, autobastale jauna ez baitzegoen bertan behera ostalariari barkatzeko, eta bertatixek eraso zion: — Oiga, le exijo... — Aquí, usted no puede exigir nada —atajatu zuen etxeko nagusiak bestea, ahobete hortzekin utziaz. Eta ostalari jauna ondoratu eskuenik zeukan leihora, zabaldu alderik alde, eta istanteko barruratu zen elur bisutsaren zurrunbilo izugarrizko baten erdian, eta jaun andere haiei begira, “esto es lo que a ustedes les ha traído aquí, y no otra razón”, ailegatu zien landako ekaitza erakutsiaz. Lau gizajaun haietatik zutikoen hura eta beste autobastalea ezik, gainontzeko biek larri samar ziruditen; urduri, herabe eta uzkur. Bestera, dama haiek isilaraztea ez zen gutti. — Voy a llamar ahora mismo a Pamplona —apelatu zuen berriro autobastale jaunak—, y hablaré con la delegación... — ¡Imposible! —katrabilatu zuen berriro ostalariak. — El teléfono no funciona, Carlos —zioen bere emazte exprotestalariak. — Es usted un navarro terco, ¡eh! —aurpegiratu zion autobastale jaunak ostalariari itxuraz bederen beste moduz. — Sí, como todo buen vasco. — Pero, usted es navarro, ¿no? — Sí, pero vasco al fin. — No. Y déjese de tonterías. — Le ruego que entienda lo que habla. — Bueno, es usted un embaucador de cepa canalla, ¿le parece? — Le advierto por última vez, que se muerda la boca. — Bien, ¿y por qué no quiere usted poner otra mesa para nosotros? Aquí, en esta sala, cabe China. — Aquí no habrá más mesas que la puesta. — ¿Por que no? Denos usted una explicación. — Porque es tradición en esta casa, que la familia y los huéspedes coman y beban en una misma mesa y se sirvan por sí mismos los alimentos. — Pues, ¡Santa Bárbara le asista! Aunque también se apeará usted cualquier día de la mula, claro. Hoy, la tradición no tiene ya mayor raigambre, ¿sabe? — O sí tiene, según se mire. — Lo dudo. — Pues dude usted cuanto quiera, pero hay cosas con las que nunca se rompe, ni se puede, ni se debe. Zirudienez, alboan zuten jaun zutikoi hark galdurik egonarria, eta ikusita bere lagunkidearen berritsukeria alferra, berehala ekin zion: — Oiga, ¡ya esta bien! Usted pónganos otra mesa, y no hay más. Y si no, aténgase a las consecuencias. — ¡Alto ahí! —deihadarkatu zuen ostalariak gizon hura topoz topo—. Como me vuelva usted a hacer una sola alusión intimidatoria más, aténgase también a las consecuencias de inmediato. — ¿Sabe usted con quién habla? —interrogatu zuen hurrena gizon hark ostalaria. — No, pero mejor es que no lo sepa. Quedará usted mucho mejor en esta casa. Eman erantzun hura gizaje prestu hari, eta bere onak utzirik zihoala sukalderantz, beste bijaun haietako batek atzetik deituaz aparte mintzatu zen ostalariarekin. Bizkaitarra zen beste isilik zegoen bere laguna bezala edo, hobeto esateko, bilbainoak ziren, baina hala ere ostalariak estraineko zuen bere denboran zedozer euskaraz zekien bilbaino bat aurkitzea, eta hura, une hartan hantxe aurrean zeukan. Ea bada, esateko, arren, zer nahi zion eta adierazi zer zegokion berari auzi hartan, eta baldin egin baliezaioke mesede, konplitua izango zela, ailegatu zion ostalariak. Bilbainoak aurki adierazi zion etxeko nagusiari nortzuk ziren jaun haiek eta zer nolako arriskua gerta zekiokeen haien esanera ez jartzeak. Noski, bata Madrilgo Gobernuko goi mandataria zen, eta bestea, hoberik zuen aipatu ere ez nolako botere eta ahalak zituen Espainian. Baina guztiekin, ostalariak lehenaz gero baino axola guttiagorekin arbuiatu zion amore ematea. Jakina, bilbainoak ikusirik nafar harekin ezin emango ziola atarramendu onik ezeri, azkeneko galdera ere egin zion: “zu, jaun, eta behingoagatik bederen, zergatik ez duzu hausten antzinako ohitura hori?”. Eta ostalariak modurik sendoenez eta ausarti, bertatik erantzun zion: “behin hautsiko banu, hautsita legoke betirako”. Bilbainoa pentsati gelditu zen ostalariak alde egiten zuen bitarte. Berehala etxekoandre Maria eta bere alaba Anek osatu zuten mahaia. Kuntza hobean ezin inon ezer ikus zitekeen. Bakoitzari bina plater jarri zizkioten txolgon eta attal eta bi gehiago baldin azkeneko orduan bakarren bat ager bazitekeen edo hala zedozer kontu eginik, mahaian leku izan zezan; betidanik zen etxe hartan ohitura hura hala. Mahaiko zamua ez ezik, noizbait gusto apartekoz eginiko esku zapi bana ere ipini zituztenehunezkoak,usain gozozko garbitasur erreparagarrian hain apainki bordalanduak. Kuberteria, nahiz bi saigotan egon desberdin, ona zen; basileria fin eta gardena baso ertzetako kabua loretxo eta osto batzuk xortuago landurik marra biren erdian. Ardoak, ogia eta gainetiko gauza guztiak ordenu eta kuriositate zorgarrienean zeuden mahai hartan ipinita; bazirudien zegoela prestaturik granderiarentzat. Afaltzeko garaia izanik jada, bertatik eseri zen ostalaria mahaiburuko, antzinako aitalehen haietako bat zirudiela; ostalari jaunaren ezkerrera berriz, bere semea, eta ondoren larri iritsi zen gazte hura, Martin, Joan, Eunate, beste taldeko mutil lehenengoa —euskaraz dexente zekiena—, talde bereko lehendabiziko neska —hau ere zerbait euskaldunberri— eta haien lagun mutil erdaldun bigarrena. Etxeko ugazabaren eskuinetik berriz, bada ez bada ere inor etorrita ere harentzat plater eta lekua, ondoren ama eta alaba Ane eseri ziren sukaldetik eskura janak ekartzeko, eta segidan, Xabier, Elias, Mikel eta beste taldeko neska bigarrena eta mutil hirugarrena —hauek ere erdaldunak—. Beste jaun andere haiek ere azkenean, mahairatzea erabaki zuten nahiz asmoz, besteengandik ahal zitekeen urrutienik, baina mahaiak ez baitzeukan justu hogeitalau afalkiderentzat beste lekurik. Haiek, ostalariaren ezkerreko errenkadan, honela jarri ziren: dama zorigaitzezko hura, bere senar jaun zutikoia eta bilbaino lehenengoa; beste aldetik dama protestalaria, autobastale jauna eta, azkenean, bilbaino bigarrena. Ostalariaren aurpegiz aurpegi mahaiaren beste kabuan ez baitzen inor jarri. Denak mahaira eseri zirenean eta etxekoandrea eta bere alaba Anek jana ekarri, ostalariak Aitagure baten otoitza egingo zuela eta libre zirela guztiak, baldin errezatu nahi bazuten edo ez, ailega zuen. Eta otoitzaren ostean, bertatixek hasi zen jende hura afaltzen flakezia osoenez. Martinek aurki hautsi zuen janaren bizipozak eraginiko isiltasun hura, eta agudo eraso zion zalia eta zalia bitarteko salda hartuaz, bere alboko Joanen ondorenik topatzen zen Euniri bromatsu: — Zu, Euni. — Zer? — Zuk esan egin duzu lehen, alegia, maite nauzula, edo... — Bai, eta zer? — Tokitan jarri zarela hor, kaiku honen ondoan —zioen Martinek Joanengatik. Ordurakoxe, Joanek utzi zalia platerean, eta mahai ertzari irmo heldurik esku biekin, ahal zukeeneraino zapaldu zion mahaipean oina Martini, baina honek trebe disimulatu zuen zanpua. — Adi, Martin —zioen Eunik hurrena. — Ea ba, zer. — Zuk, hor aurrean duzu justu Ane, eta badakizu, utz gaitzazu Joan eta ni bakean. — Hori ere, badugu? — Koanto! Martinek, eta oin bat zerbait izorraturik izan arren Joanek, besteko berna Anerenen kontrena ezarrita zeukan aski gozatsu mahaipean ordurako, eta etxeko alabak zelako gauza entzutean Euniri, eta ikusi bere inguruan denei zeriela irrifarre atorrantarisamarra,apurtxo bat granatuegin zitzaion hain aurpegi politta eta segundoko denboraz erretiratu zuen bere berna Martinengandik, baina honek, minutu luze batzuk itxoin ondoren, laster bilatu zion berriro poliki poliki eta gozatsu. Ezin mundu zabalean afal zitekeen inon gozamen hobean hantxe baino. Beste bi neska eta hiru mutil haiek ere poz pozik zeuden nahiz ezin ulertu izan euskara, bat hark eta beste zerbait euskalduntzen ari zen neska haiek ezik gutti asko. Halabaina, Iñaki zelako elurretan hil edo agian, katigu izango zenaren lagun arrotz hura isilik zegoen; pentsati, errezelotsu, urduri. Aldian behin aurrean zeuzkan plater haiei begiratu eta esan zitekeen sortzen zitzaiola halako itxaropen bat, baina gero, berehala erortzen zen etsipen krudel batetan. Ostatuko semearekin ahopeka eta kontu handitan mintzatzen zen Martinek ere kasu egingo zielarik Ane jana ekartzeko sukaldera joaten zen bakoitzean batipat. Lasai egon zedin erregu egiten zien etxeko seme, Martin eta ostalaria berak ere bazekielarik nor zen bizardun hura. Mikel bestetik, pozik zegoen Eunate bere parean tokatu zitzaiola eta; ordura arteko haien hartuemana ohizko frusleriaz beste izan ez bazen ere, aurki hasi ziren elkarren berri izan eta zerbait sakontzen, ohartzen eta kontutan hartzen atentziozko xehetasun guztiekin. Eunatek bere esku leun eta polit haiekin mahaiko tresneria eta janak zerbitzeko zer nolako erabilmodu atsegin eta maitagarriak zituen ikustea asko zuen Mikelek hartaz prendatu izateko. Bere esakizun guzti haiek ere hain berezizko etorri eta era jatorrean erabiltzea, edozein pundutik aparteko bertute bat bezala zeritzon Mikeli, bromatze hizkirimirizko haietan ere sekula iragaiten ez zelarik donariozko zentzu batetik at. Bere aurpegiak bazuen zerbait halako zoragarria atentzioz begiratu eta miresteko, ehunean dama eder baten bisaia margotua bezala edozein museotan; zeukan adats ugari eta zainduak haietatik aire bereizgarria jartzen zien espresioz beteriko begi beltz haiei. Farre egiten, bere ezpainak hain hortz zurien kontrena bazirudien zirela ezti gozoz eginak; soin dena zuen Eunatek apetigarri zeharo, baina guztiekin ere, ordea, artean beste sentipen zindoago bat zuzpertu eta sendotzen zuen bere nortasun eta izakerak: gorde, zaindu, babestu eta, preziso bazen, beragatik sakrifikatu eta maite izateko borondate hasekaitz bat, hain zuzen. Mikelek, bai pozik, hainbat bider ohargarri zeritzon neska hari aski unetan eskatuko zizkiokeen bere eskuak, mun egin eta esan: “maite banauzu, guztia zure-zure naiz”; baina, ordea, Eunirekin poliki eta kontuz zegoen ibili beharra, eta hau bazekien Mikelek dagoeneko; zeren berekin ez baitzuten balio halako zenbait galantio ergel eta errazkoiak maitakeriara lerratu eta uzteko gizonari bere grina irritsetan jaun eta jabe. Zer egin zezakeen bada, Mikelek, neska zoragarri haren ondoan etengabe egon ahal izateko, esku polit haiek bereen tartean bildu, laztandu edo eztiarekin egindako ezpain haietan bere Jeialtasuna gozatu eta bene benetan maite zuela promes egiteko? Sentimendu haiek guztiak ziren onak, umantak eta zoragarriak. Eta baldin aitzitik, sor balekio Mikeli haragi irrika hase ezinezko hura, Eunik beti jakingo zuen nola frenada eman eta baretu, benetazko amodioaren ekintzan ere gizon izaten saia zedin. Konturatzen ote zen Euni, nolako ekarrai handia sortu zuen Mikelengan? Zirudienez, apenas halako gauzarik pentsa zitekeen artean, baina, onenean, zerbait igarriko zion nabarmendu ez izan arren. Zena zela, ordurako elkarren berri eta ezaguera bazuten eta ez ziren asko asko isildu. Eunate, Iruiñeko neska jator bat zen; Letras bukatu eta doktoratzeko tesia prestatzen ari zen—nork esan— Aldats-gaingo ostatu baketsuan gauzarik xumeen, apal eta maitagarrienen tartean. Beste taldeko hiru mutil eta bi neska heuren munduan ari ziren; euskaraz zerbait zekitenek ere ezin jarraitu zioten besteen ihardunari eta Euskadiko beste gauza askoz ahalegindu eta segi zuten beren beste aberkide euskaldunak bezala. Euskal Herrian haien eremuak indar handia izan arren, eta izanik gainera indarrik handiena, edo areago, indar dena, etxe hartan eskas gelditzen zitzaien. Politikaz batipat, gutti hitzegin zuten alboko dama haien erraparoagatik edo hala zedozer. Izan ere, esan baitzitekeen andere haiek beren segidan zerbait jakiteko minez jarririk zeudela; beste gizajeek berriz, zertaz ari ziren apenas entzuterik zegoen, baina nolanahi ere, Gobernuko goi mandaritzatik hasi eta halako nazional-internazional merkatalgoaz edo onenean, beren trapitxetan ihardun zezaketen hainbeste isilkeriaz, sekretuz eta kondu handitan. Bi andere haiek uste baino hobeki afaldu, eta bestera, ohiturik beti beleitatezko bizitze eta kontuetan eroso, agudo aspertu zituen beren senar eta lagun bilbainoen arazoak, eta denborapasa egoteko, ekin zien alboko gazte haiei halako edo beste galdezka. Dama protestalaria hasi zen besteari ere gogorik falta ezta: — Oiga, joven; ustedes los de acá de la mesa, no hablan el vascuence o esa lengua tan malsonante, ¿verdad? — No señora, pero nos gustaría poderlo hablar —erantzun zion bere ondoan topatzen zen gazte hark. Bazirudien agoantatu ezin zutela dama haiek, mahaikide gehienek zer zioten ulertu ez ahal izatea. — Nada —errefusatu zuen dama protestalariak—, ya se ve que son ustedes bastante más civilizados que esta gente cerril y grosera que siendo minoría como es, se resiste tercamente a integrarse en la lengua común de todos los españoles. — Señora... — No me diga usted nada, joven. Es una grosería y muy mala idea por cierto, hablar de ese modo en presencia de gente que como ustedes, y nosotros, no entiende. Es la mala conciencia lo que hace obrar así. En España, hoy, todo el mundo sabe el castellano, y si existe esta vileza, es por otras razones que están a las claras. — ¡Vaya! —zioen Eunatek beste aldetik kuestio hartan parte hartuaz—. De manera que a la señora no le gusta el euskara. — ¡Oh! Es algo horroroso. — Y sin embargo, para nosotros los vascos, es lo más preciado. — Está usted loca, señorita. — Mejor es estar loca que tonta; se lo aseguro. — ¡Oiga! Cuidadito, y no me venga con segundas. — No hay segundas, señora. — Es usted atrevida, ¡eh! — Pero menos que usted, señora. — Señorita —hasi zen autobastale jauna—, le aconsejo que no ofenda usted a nadie de esa manera y menos a mi señora, claro. — Y, ¿por qué no procura usted primero que su señora no diga tonterías? ¡eh! —zioen hurrena Mikelek. — ¡Esto es un atropello! —ailegatu zuen autobastale jaunak istanteko. Mahaiaren beste aldeko errenkadan gertu samar gelditzen zitzaion gizaje zutikoi hark, berehala desafio egin zion Mikeli aurpegiz aurpegi: — Diga usted, esto ya no se lo vamos a consentir. — ¡Silencio! —agindu zion ordurakoxe ostalariak gizaje hari, epailari justiziero bat zirudiela—. Otra media voz suya, y calcule que esto va a ser el Supremo. — ¡Basta ya! ¡Basta! —deihadarkatu zen hurrena bilbaino euskaldun zelako hura—. Señor hostelero, es algo bochornoso lo que está sucediendo esta noche en su casa. Jeiki mahaitik ostalari jauna, ondoratu bilbainoengana, eta haserre, bertatik erantzute egin zion: — Adiskide, zuk beste gauza askoei lotsa izan hobe zenioke, eta ez hainbat hemen gertatzen denari; zaude bada, arren, isilik eta bakean. Eta ostalariak hurreratuaz dama protestalaria eta bere senar autobastale jauna, benetan eta fermuki aholkatu zien bakean gera zitezen eta isilik egon, baldin nahi ez bazuten ostalari jauna zegoen baino erruz gehiago haserretzea: — Les aseguro a ustedes, que no quiero ni una sola discusión más en esta casa. Denek obeditu zioten zelako erabakia ostalariari inork txinta bat ere oguzteke, eta handik aurrerantzean guztiak uxur konpondu ziren bakoitza bere barrutian. Afaloste labur baten ondoren, laster hasi ziren han batzuk oheratzeko prestatzen, baina beste asko gelditu ere bai artean. Bien bitartean, eguraldiari elurte izugarriren bat egingo zuen tankera hobea hartu zekiokeen; aldian behin edo bestetan tximistaren islada ikusten zen laihoan eta ondoren trumoi batzuk elurraren topoz dardara xortuagotan nabari zitezkeelarik hain aparteko arrabots tuntunetan. Jaun andere espati haiek beren hainbat zeremonia eta kuripizio, aurki katoni ziren nonbait beste gehientsuak bezala, eta gudaria ere berehala joan zen ostatuko seme, Elias, Joan, Xabier eta beste norbaitekin logela handira. Ane eta bere amak jaso zutenean dena jangelatik sukaldera eta ontziak ipini ordenu arasan, ostalaria eta bere emazte Maria ere gabonak eman eta agudo oheratu ziren. Jangela handian, bi suinak txirta eginik zeuden enbor batzuren sugarrak artean agiri zirela giro onean. Hormako erloju zaharrak hamaiketako kanpai otsa zuzen erabili zuen gau deabruzko hartan; bazirudien zegoela apur bat erasanik hainbeste eztabaida, trekela eta haserre entzunik arrats hartan, eta ordua baino lehen jo zituela kanpaiak jende hura dena bake hobean erretira zedin presakatuaz bere eginkizuna. Halabaina, Mikel, Eunate, Martin eta Ane, luzaro egon ziren sutondoan kontu kontari pozik. Martinek Ane sukaldetik etorri zitzaienean lanak eginda, esku bat eskatu zion mirabe eder hari bere ondoan jar zedin; Ane, noski, aurreneko ez zen estenditu hainbesteraino, baina Eunik buruarekin ausar zedin aieru egin zion eta agudo eseri zen baso mutilaren alboan; Anek ezin inondik ezkutatu zuen bere amodio zindo hura, jakina. Martinek bazekien Mikelek ere gogoz egin zezakeela Eunirekin beste hainbeste, baina bera zegoen han lehenago Ane bereganatzea ongi kostata. Martinek txanpan botila bat ekar zezan erregu egin zion Aneri, eta bi neska zoragarri haiek txanpan eta lau kopa eskuratu bitarte, baso mutilak Euniren laudorio eta abonaje handiak egin zizkion Mikeli, “kategoriko” neska zela aholkatuaz eta konprometi zedin bertatixek denbora galtzeke. Esku eman eta handik harako adurrik onenak opa izan zioten elkarri Martin eta Mikelek, honek prometatu zuelarik bestea, ez zela sosegatuko Euni osorik bere egin arte. Pozkidaz beteriko egoera zen hura; Mikelek bazekien nor zen Eunate eta zenbateraino maitemindurik zegoen berekin zegoeneko, baina, besteak beste, Martinen aholku jator eta leialak ere zer ikusirik bazuen kontentago topa izateko bere kemena oro. Kopak txanpanez bete eta txin-txin egiterakoan, Martinek gauza bat proposatu zuen beste hiruren konformenerako; alegia, mutil biek beren parejei eskua ematea une gozotsu hura hobeki ospatzeko. Martin eta Mikelek elkarri begiratu eta farre egin zuten, Euni eta Anek halako ausardiaren kontra zeuden itxura egin bitarte. Anek agudo espentxatu zituen lau kopa haiek txit garbi eta ondroso samar gainera, eta Mikelek hartu bat Martinentzat eta bestea berekin, lagun biek txin-txin eginarazi kopei eta bakoitzak berea neska banari eskaini zioten gero berriz hartuaz beste bana mahaitik, Martinek ematen ziolarik bere eskua Aneri eta Mikelek erreguz bezala berea Euniri, laurek bat batean berriro brindis egiteko. — Festa honek musu bana ere merezi du, Ane —proposatu zuen hurrena berriz Martinek halako zerbait perilau, txanpanekin “nik zuri zuk neri” eginik ondoren. Anek, ordurako apur bat aztoraturik, berehala jarri zuen baldintza bere baitan besterik desira izan arren: — Bat bakarrik, Martin. — Bat ez dut ezer asko, Ane. — Zer? Gaur denak beharta, Martin? —ailegatu zion Eunik beti bezain umoreko. — Zu, Euni; ni luzaroko barau eginik nauzu. Eunik farre egin zuen. Baso mutilak Mikeli begiratu, eta bertantxe erabaki zuen: — Zuek aurrena. Mikel eta Eunate beste bikoaren ahalegin eta baldintzaren derrigorra ikusita, elkarrekin konpondu beharrean geratu ziren farrez. Mikel, egia esan, bere ohizko patxaratik at zegoen jada Eunik esku bat eman ziezaion berak biak aurreratuaz. — Konpliketaz bederen, laztandu egingo gara, Mikel —ahomentatu zion Eunik bere adiskide lagunari, aurpegian irrifar maitagarri bat zeriola. — Eta, zergatik ez benetan? —adierazi zuen Mikelek ausarti segituan. — Gu, ez baigara ezagutzen Martin eta Ane bezala. — Nik zu, aski zauzkat ezagun, Euni. — Noizdanik, gero? — Nire gogotan, sekula beti. Mikelek ordurakoxe, hartu Eunik estenditu zion eskua bereen tartean eta munduko gauzarik gozoena baino gozoago musukatu zizkion mirabe zindo hari eztiarekin eginiko ezpain haiek atsegin aspergaitz batetan. Martini oso ongi iruditurik Mikel Eunirentzat, laster ontzat eman zuen musu hura eta berak ere errendatu zion Aneri samur eta gero basati, zuzen zaindu eta gordetako zindo eta amodioz. Orduak bazihoazen poliki poliki, erloju zaharrak bere tik-tak etentzekean adieraziaz berandu zela. Mikel, Eunate, Martin eta Anek eginik hainbat ihardun maitagarri elkarrekin, oheratzea erabaki zuten bakoitza bere kabioan biharamunean ere elkartzeko astirik izango zuten itxaropen osoan. Martin eta Anek elkar eskutik hartu eta igo zuten ezkaratzetik logeletako mailadia. Neskaren apusentuko atera iristean, Martinek Aneren begietan ezarririk hitoz hito bere bista, ea asko maite zuen galdera egin zion. — Bai, maite zaitut, Martin. — Mando eta zaldi usaina dut, Ane —ailegatu zuen Martinek, apur bat bere soineko atorra usainduaz. Martinek beste musu bat harrapatu nahi izan zion Aneri zeharo aztore, baina honek, ihes egin zuen gelaren barrena atea bere aldetik hertsiaz. Mikel eta Eunik farre egin zuten guzti hura ikusirik, eta eman zizkioten elkarri gabonak hurrengo egunera arte, Martin sartuaz pasadizoan Ane eta Eunirenen beste alboko logelara eta Mikel bideratuaz isil isil oinpuntetan han azken barrengo lotegira. Zeharo xume eta errekaitua izan arren Mikeli suertatu zitzaion logela, bozkarioz beterik oheratu zen gau hartan bake hura benetan egia izan zitekeen sineskor. Etzin zenean ohean eta estalkiak bota gainera, bazeritzon topatzen zela munduko lekurik gozotsuenean. Eta nondik norako adur onak eraman zezakeen hura etxe hartara Eunate bila ahal izateko? Mila modutako galderak sortzen zitzazkion bat batean. Jainko beraren argi eta laguntza ote zen? Auskalo; baina nolanahi ere, bazen denbora franko Mikelek biharamunerako hainbeste egitamu, asmo eta itxaropenez ez zela oheratzen. Elurra arituko al zen hurrengo egunean ere, eta luzaro iraun ekaizteak lainberatzeke, bideak behaztoparik nora ezean hantxe bertan jarraitzeko. Hura zen isiltasun, bake eta benetazko atsegina. Bere Madrilgo bizitze hura dena, hain aspaldi bizi izan bazukeen legez amets bat ez ezer beste irudi zitzaion une hartan. Eta, Eunateren ezpainetan sentitu zuen atsegin eta amodioa gogoratzean, arras enardatzen zuen neska hura berriro ikusteko desirak; mota guztietako bihozkadak sortzen zizkion ohean jira eta bira inolaz sosegurik bila nahi eta ezinez. Mirabe hura zen berak hainbat bider amesturik zuen ereduko emazte maiteño huts. Une hartan, ezin ezerk poz handiagorik ekar ziezaiokeen Mikeli, Eunate bere emazte izango zuen itxaropenak baino; bazirudien zirela biak hain txit aspalditik ezagun, eta denbora askoren kabuan zutela berriro elkar bilaturik maitekiroz bata bestearen urrun galdurik egon baziren bezala. Biharamun goizsentiarekin gertu jo zion Martinek tan-tan bere logelako atea Mikeli, eta sartu zen barrena honen erreguz esan ziezaion isilik eta kontu handitan zer gertatzen zen hain garaiz ibiltzeko. Martinek agudo ailegatu zion nola pentsatu zuten lagun egin mendian goiko zaldi eta mandoak zeuden bordaraino Erramuni, “alias Robin”, gero handik eguraldia aldatzean pasa zedin Frantziara. Ea bere autotik lotarako zaku eta halako beste zerbait har zezaketen ere adierazi zion Martinek giltzak utziko zizkion uste osoenez. Mikel, jeiki ohetik arin eta prestuki, jantzi eta leihora gerturatu zen ea ateri zegoen begiratzeko. Artean ez zen ezer asko ikusten baina erdiraz bederen, oskarbi zegoela zirudien eguraldiak. Ondoren, bera ere joateko asmotan eskaini zitzaion Martini baldin laguntzarik behar bazuten elurretan zanga ebakitzeko eta halanola guztien artean errazago egingo zutela eta. Pasadizo luze hura iragan eta laster iritsi ziren eskailera burura Martin eta Mikel, mailadia jaitsi eta eskaratzetik barren agertzen zirelarik beste taldea topatzen zen ardangela eta sukaldera. Etxeko seme Txomin, Joan, Xabier, Elias, haiekin erretiratu zen beste taldeko Koldo zelako erdalduna eta Erramun bera prantaturik zeuden beren bortzegi eta mantarrak jantzi eta bideari ekiteko. Martin eta Mikel ere agudo prestatu ziren besteen modura, aurreko gauean sutondoan utzitako oinetako lehorrak jantziaz, beste jertse, zamar, anorak eta bada ez bada onenean ere beharko zituzten estalgarriak eskuratuaz. Oinbete t’erditik dexente gorako elurra zegoenez gero loditurik, eta elur biguna eskiek ez zietela balioko eta oinez joan beharko zutela adierazi zuen Txominek; gainera, zioen ostalariaren semeak, buru zihoazenak edo lehendabiziko biak bederen, sarritan alda beharko zirela zanga ebakitzetik atzeko eduaskara, neke handiena guztientzat berdin izan zedin elkar txandatuaz. Bere kontadurian baziren zortzi lagun eta asko nekatzeke lortuko zuten goiko borda. Koldok, bere beste bi lagunak ere joango zirela, eta ea hots egingo zien kontsultatu zituen besteak, eta guztien onespen batez, eta galde eginez Txomini ziur nongo logelatan egon zitezkeen haiek eta honek adierazi non, berehala disposatu ziren beste bi gazteak ere. Txomin, Martin eta Mikel bertatik joan ziren etxearen aldamen batetako tejabanara, eta hauek biek Mikelen autotik lotarako zaku eta beste jan eta edariak ere erdetsi bitarte, Txominek askatu ikuiluan bi zakur handiak eta agudo inguratu zitzaien beste biei denbora galtzeke ibilbirari ekiteko prest. Zakurrek, gerriratu beso biekin Martin eta Mikel bultzada izugarrien pozez, eta laster igarri zioten ekintza ausarten bat egin beharko zutela. Beste talde dena ostatuko atarian zegoen zain ea Txomin, Martin eta Mikel noiz agertuko ikuilutik, eta haiek heurengana gertura zitzaizkienean eta botila batetik pattar zurrusta bana egin eta bina txokolate ontza hartuaz, abiada hasteko ez baitzuten luzaro itxoin bere zakurrekin Txomin bera jartzen zelarik buru. Egunixtana zela esan zitekeen, baina artean goiz samar zen; bestera, bazirudien zeharo oskarbi egon ezik, aldian behin hodei batzuen tarteko zati garbian agertzen zen ilargiaren klarezpena isladatzen zela elurretan eta pentsarazi bertatixek zutela egunsentia. Hamar gizon eta bi zakur errenkadan ikusirik elurraren une zuritan, bazirudien bestela baino kopuru handiagoa osatzen zutela. Sarritan aldatzen ziren buru zihoazenak atzera eta atzekoak aurrera, zakurrak ere nekatzen zirelarik gertu deneatzeraino. Jende hura dena pentsati zihoan; eskas mintzatu zen bidean. Bazitekeen pentsatu izatea bide hura egin bezain zaila gerta zekiokeela Euskal Herriari ere bere askatasunaren abialdia. Eta hala ere, Erramun zihoan denetan isilenik agian bere lagunaren azken gaitz posiblea gogoanduaz, edo auskalo,beste konta ezin haina gauza bere aberritik beste bere aberrira bitarteko oinkada arriskugarri hura emateko bezala beste eta beste anitz kinka larrietan pentsa zezakeen. Zinez, gazte hura egoera hartan ikusi, eta beste asko hildakoen samindura izugarria buruarazten zuen. Azkenean, erdibidea ibili baino lehen zabaldu zuen egunak eta iritsi ziren bordara, gertu lehenengo eguzki ostarte batzuen ikutuz eta ozta ozta elikoptero baten burrundaraz aurretik. Etxolako sutegia irazeki eta aurki maneiatu zuten batzuk gosaria, besteek zaldi eta mandoak atera uraskara, jaten eman eta azienda haiei azpiak egin bitarte. Baina, sobra ere, bi zaldi haietan bat hura, irrintzika, hankabika eta ipurtostikoz sosegatu ezinik zebilen eta Eliasek agudo jaupatu eta trebe hezi zuen abere dohakabe hura lautrot bizi eta gogorrez izerditan pats deneatzeraino jarrita. Zaldi, behor eta mando hezitzaile trebe eta aditua zen kontu eginik miretsi zuten guztiek Elias, eta mantaki pusketa batez lehorturik aziendari bizkarra, bertatik txalmatu zituen hark zaldi biak aurki Txomin eta Martin parti zitezen norabait, handik harako haien ekintza guztiz sekretua izango zelarik. Gizagazteria hark denak gosaldu zuen gogotik arraultz, txistor, urdai, lukainka, baso mutilek mendian zeukaten gatzetako ardiki, ogi etab., zahagi koipetsu batetik ardo pikardiozko bat ere lortu eta zurruztada batzuen ondoren berehala bizipoz zirelarik guztiak. Saletxeko ataritik urruti ezta begizta zitekeen heurak zeuden mendi eta beste aldekoaren bitarteko ibarra, zerbait urrunago sinalatu ziolarik Xabierrek Mikeli Frantzia eta Espainiako muga Euskal Herrian. Ibarreko errekatxo baten ondoan, beste herriska zen kerako zerbait ere bazirudien zegoela, baina elurraren bisuak itsutu egiten zuen bista apur bat. — Hi, Xabier; han topatzen den herriska hura Arnegi al duk? —galde egin zion Mikelek aldamenean zeukan lagunari besoa luzatu eta index behatzarekin urruti samar agiri ziren etxe batzuk erakutsiaz. — Bai, Arnegi duk hura. — Herritxo polita, hala? — Ba! Bi auzo dituen herriska bat. — Bi auzo? —errepikatu zuen Mikelek zedozer barrentatu izanik bezala. — Ba bai; auzo bat Frantziarena dik, eta bestea Espainiarena. — Eta herri bat duk? — Noski; Arnegi. — Egia. Izatez, Euskal Herria ere herri bat bakarra duk. — Baina, bi auzotan banatua. — Espainia-Frantzia, eta biekiko muga doilorrak ez baitik barkatzen Arnegi bera bezalako herritxo bat ere apartatzeke. — Arraioen komeria duk gurea, motel. — Ez diok ez dena, hi. — La puta...!! Izanik egun hura martxoaren aintxitia, ibiliko zen herrietan ordurako jendetzarik franko asmo galtzeke hauteskundeen bozemateko, baina hala ere ezin ezer asko alda zitekeen Euskal Herrian; edo behintzat, hala uste izan zuten Xabier eta Mikelek beren aberriaren muga apartatzailea mendi hartatik hain gertu ikusita. Txomin eta Martin berehala abiatu ziren zaldi banatan guztien artean ebakirik zuten eduaskaren barren norabait bi zakurrak atzetik zituztela, gainontzekoak ere ostatura joan zitezen aholkuez. Eguraldiak onerako tankera zeukan bare bare eta batetxo ere haizerik gabe geroz eta eguzki ostarte gehiago zeritzolarik; bestetik berriz, neguko eguzbiraren abantzada erraz nabari zitekeen dagoeneko, sasoiaren giro hotz hil eta epelak agudo urtu eta desegin zezakeelarik elurra halako errekastoak hor hemen nonahi eratuaz, baina artean behintzat sendo topatzen zen elurra. Aziendak zaindu eta Erramunen egoerari kontu hartzeko, Joan gelditu zen goiko saletxe edo borda handi hartan, beste guztiak etxeratuaz. Bien bitartean, Xabier eta Elias borrokatu ere egin ziren elurretan nork baino nork elkar errendituko jo eta su aldarmailoka mendiaren barren indarrak nola hezi neurtuaz. Noizik behin elkarri heldu eta farrez, buruz behera sartzen ziren elurretan txilimurgilka lehenbaitlehen jeiki berriro eta batak bestea apelatuaz. Bromatze izugarria zen hura eta min hartzeko arrisku galanta. Mikelen taldea Luzaidetik Arnegirako kamiobidera iritsi zenean, hark laster ikusi zuen zaldien oinatzak Frantziaruntz zeudela eta zakurrenak aitzitik ostaturako, baina besteen modura ez baitzuen deus esan. Mikel eta bere taldea ostatura gerturatzerako, Ane, Eunate eta beste bi neska haiek eskaratzak bide aldera zeuzkan leihoko kurtainak korri eta kristalduraren barrendik zehar begira zeuden ea haiek noiz azalduko, eta ikusi zituztenean nola zetozen, eskuekin diosal egin zien landakoei. Eunate, erruz poztu zuen Mikel berriro ikusteak, eta hau, bertatik ondoratu zitzaion kontent eta zoriontsu, neskaren bereganako begirada ikusi eta bere maitemina arras enardatzeraino sentituaz; goiz hartan zer eginik zuten dena kontatu zion Mikelek lagunarte guzti haren jatortasuna ere miresmen osoenez alai eta egoki agertzen ziolarik. Hura zen hain soil zenbait gizon tristezia krudelen batetik errendentora ahal izateko leku eta bizitze baketsua; hura zen gizonari gizonago eta umantago izaten lagun ziezaiokeen toki maitagarria, eta azkenik, hantxe zegoen baita ere Mikelen ereduko emazte ameskoia. Eunatek aspertzeke begiratzen zion Mikeli, haren hain agerpen interesgarri eta alegrantza hartan amodioz parte hartuaz; zeren ba, Eunate ez baitzen jada neskix inozo bat, eta Mikelek bereganako sortzen zion ekarrai eta amodio hura ezkutuka erabili ordez, tolesgabe ager nahi zitzaion mutilari gutti gora behera bera zen modura. Mikel, egia esateko, gizon bezala, ondo zegokion; itxura onik asko bazuen, nahiz noizhala grabetaterik ere izan bere aurpegi haserreak, baina gero ordea, isiltasunezko begi ilun haien expresamen sarkor eta irrifar ustekabe hura hain matrail gogorretan zeharrik aske, aparteko izakera ematen zion gizagalant lirain hari. Eta, besteak beste, bere gizakizko ibilkera, eskuen jestu eta izate osoaren jarrera izan zitzaiolarik hain atsegin, neurtua, kutizi eta irrits edozein emakumeri, bistakoa zen Mikelek ekarrai handia zuela. Halabaina, ordea, Eunatek seksuekiko arazo guztia aldakera askoren bolaratzat kontsidera ohi zuen hain soil, eta beraz, balio eta ardura gehiago errendatuko zien hark gizonaren afekziozko sentipenei; noski, bere portaera hau kontutan ezik, Eunatek bazituen bazterretan hamaikatxo bat gizakasta tentakoi ezaguturik, beren ekarrai eta galanturaren medioz halako zenbait hizkirimiri, errekiebro, hantuste eta irrits zeriela edonolaz, baina besterik zen arlo hartan Eunateren konformatura. Eunatek, noski, bazekien zer nolako gizamodua maita zezakeen. Jende hura dena ostatuko ardangelara inguratu zenean, ostalariak dei egin eta laster bildu zen mahaira berritsu eta armoniarik jatorrenean, hamaiketako salda bero batez hasi eta gero beste bixigarri ugari ere har zitzaten ardozuri baten bultzadaz. Izan ere eta, elurretako ibiliak ez baitzeukan txantxarik eta guztiek jan eta edan zuten gogoz. Eta ihardunari jarraituaz, berehala ideiatu zuten Xabier eta Eliasek arratsalderako basurdeen ondoren ehiztari ibiltzeko asmo aproposa. Koldo bertatixek prantatu zitzaien, baina honez beste bi lagunek begiratu beren emaztegai haiei, eta isilik geratu ziren; Mikel ere berriz Eunateren albotik zebilen hain ilarraindurik, eta Xabierrek Euniren ezkutuka hertsi begi bat maladioz beterik, eta haietatik bateko aieru adarjole eta xelebrea estanpatu zion Mikeli, seguruenik hau ere ez zela joango kontu eginda. Koanto, Mikel berak ere ordea, beso bat dobla eta beste eskuarekin agudo korte egin zion Xabierri, honen gozamen algaratsua nabarmen geratu zelarik hain umoreko. Bien bitartean, Eliasek denborapaserako, baietz irabazi elurpelotada bat Koldo, Xabier eta berak neskadun bi lagun eta Mikeli, desafiatu zituen hauek hurrena. Jakina, sekulako prestuenik inguratu ziren denak atadiko elurretara, eta ekin zioten batzuek alde batetik eta besteek beste hegaletik liskarrari, egundoko elur pelotatze izugarrian elkar jipoitu eta inork inor jotzen ez zituzten ihesekoak bazterrak arras josteko zori hobean. Ardangelako leihoren barrendik begira zeuden bi neska haietako batek, “¡qué brutos son!” zioen miresmen zoroenez; Eunate eta Ane ere beste leihoan topatzen ziren eta ez zuten ezer esan. Ane, geroxeago, ondoratu eskaratzeko atera bere praka eta jertse lodi bat jantzirik, eta oinetako asero batzuekin, bertatik irten zen elurretako gudura, eta eraso zien Xabier, Elias eta Koldori, pelotakazoz katrabilkatu zuelarik piska bat haien abantzara. “Hi, Ane; hik alde hortik, neska!”, deihadar egin zioten beste kabutik Xabier eta Eliasek, neska polit haren ausardia apur bat erreprentsiatuaz; baina, Ane, orduan eta haidorrago apelatu zitzaien ahalik eta bere taldeko Mikel ez beste bietako mutil bat begian zauritu zuten arte. Eta hala ere, eskerrak tanketako astakoi hura berehala pasa zitzaion gazte hari, ze bestela, bukatu ere ez zuten egingo hain borroka zemaitsu eta terkoitza. Artean ostatuko atez landatik, Anek besoak gurutzatu eta esku saminduak sarturik besapeetan, zorrotz erantzute egin zien Xabier eta Eliasi, faltsukeriaren bidez hain elurpelota herstu eta gogorrak egin eta zozokeria handienez hainbeste min eman zietelako beren kontrakoei. Xabierrek, segituan ailegatu zion Ane politari halako gauzarik lainezaz bederen egin ez zuten froga, hartu elur pilotxo bat lurretik, eta lehen nola eginik zituzten berriro erakutsiaz. Anek, etxaurreko harlosadian zeudelarik, oinarekin zapaldu zuen Xabierrek egindako elurpelota; hura ere ondo gogorra zen. Eta ikusirik anaia bezala zituen baso mutil haiek zenbateraino zuten damu Ane hain haserre egotea, honek bertatixek barkatu zien egia bazen ez bazen zelako bihurkeria. Xabierrek, Ane adiskida zekion korrikapustu bat proposatu zion hurrena, halako lekutaraino bentaja handia emanez; eta Eliasek berriz, eskuak maldade guztietatik apartaturik berotuko zizkion eskeintza egin zion, baina Anek zelako proposamenak arbuiatu arren, farrez eta kontent prometatu zituen adiskide zegoela. Eta azkenean, Ane, Xabier, Elias, Koldo eta beste norbait hartan zeudelarik iritsi ziren bueltakoan eta beren bi zaldietan Txomin eta Martin ostatuko atera; ondoren, jaitsi zaldikaturatik biak batera samar, eta Eliasek agudo eraman zituen eramaleen hedeetatik eutsiaz azienda haiek ikuilura. Martinek ikusi zionean Aneri eskuak elurretan samindu eta nola zeuzkan besapeetan gorderik, hartu beren tartean neskarenak, eta ahora gerturatuaz, samur arnastu zizkion lehenbailehen onera etor zekizkion. Bazkaltzeko garaia zen gertu eta aurki ipini zuten mahaia bere zamu eta tresneria guztiarekin, Ane, Eunate eta beste bi neska haien artean. Beste jaun andere edo “señore” haiek berriz, berandu jeiki eta hobeki gosaldurik, bazirudien aparteko presarik ez zutela ea telefonoa konpondurik ote zen maiz konprobatu ahal izatetik at; “señore” haiek jangelako sutondotik ez baitziren kasik beste inorako mugitzen. Sobra ere nonbait, uste baitzuen zirela etxe malenkoniazko hartan guztiak lapur, bandolari, errufian, arlote edo beste edozein taiutako jendaila saldua, beren graduje handikoia hain bertan behera lagatu eta basakristaudi hartan nahastu eta parte hartzeko. Zena zela, ostalari jauna eta bere emazte Maria mahairatu zirenean, eta Anek jaten ekarri, berehala gainontzeko guztiak ere eseri ziren mahairako eta hasi zuten jatordua. Xabier, Elias eta Txominek erabakita zeukaten arratsalderako basurderen bat edo beste ehizatzeko asmoa, eta hala agertu zioten Koldori baldin nahi bazuen haiekin joan. Egia ,esan, zenbait elurteetan sarri sakanera ohi ziren pizti haiek goi mendietan elurteak eraso eta sasondo, sastrakadi eta gauez padurako soroetan uxar egitera behartuaz. Ostalariak berehala izendatu zien ehiztariei non bila zezaketen ziurrenik halako zenbait lahardi, iztinga eta oihanetako babesunetan zakurrak axatu eta norabait aterako zirelarik tiro egiteko. Bere aita ez ezik, Txomin bera ere mutiko mutikotandik zen zerbait ondotxo trebatua lanketa hartan, eta baldin bakarren bat edo beste ikusteko egokiera izanik, larri ibiliko zuten. Iskiluak prest zeuden dagoeneko eskaratzean, eta laster Koldo ere prantatu zen haiekin joateko. Bazkalostean, eskopeta, munizio, ardozatoka bat eta jantziak eskuratu eta zakurrak jareginik, agudo disposatu ziren ehiztariak mendian begidaje eta usmarako. Txomin, Xabier eta Elias euskaraz mintzatu arren, Koldo ongi eta jator moldaratzen zen heurekin euskaraz ikasteko jartzen zuen borondate onak ordezten ziolarik beste edozein oztopo. “Señore” haiek ere berriz, beste aldeko suinara egin eta hango mahaitxo eta kadira erosoak okupatu bitarte, kafe eta te batzuk eskatu zizkioten etxekoandreari eta aurki prantatu ziren poker eta bridgean jokatzeko erruz zeremoniotsu eta beleitatez. Ostalaria, ohitura zuen bezala, ohera etzin zen bazkalondoan, eta Martinek, Ane eta bere amak mahai eta sukaldea jasotzeko denboran, egurtegian enborrak laurkitzen ihardun zuen haizkora porraziri eta gabia handi batekin. Beste bi bikote haiek berriz, ardangelara pasaturik kafe eta kopa batzuk hartuaz partxisean jokatuko zuten. Mikel eta Eunate, ardangelatik zehar eskaratzaren barren eta buelta joan etorrian pasiabiraz zebiltzan. Zirudienez, ardura handiko arazoetan sakon ari ziren haiek berritsu, batak gauza bat bazioen, bestea akordioan egon zekiolarik edo ez, kontrara jartzeko. Geroxeago, Eunatek tejabanan zeukan bere autotik liburu batzuk behar zituela esatea basta izan zuen Mikelek, neskari bere laguntza hain pozik eskaintzeko. Jakina baietz, irten eskaratzetik atarira, eta ostatuetxeak tejabanaruntz zeukan ituxurapeko hegatzaren zehar elurraren ihesi, berehala jo zuten aparkategi ordeko txosnaren aterpera. Eunatek eskuratu zituenean bi liburu edo hiru autoaren barrundik, eta biratu zenean Mikel topatzen zen aldera, honek heldu neskari gerritik bere kontrena, eta grina beroenez musukatu zion ahoa. Eunatek, askatu istanteko balentiaz mutilarengandik, eta emanez oinkada bat atzeraka eta plantaturik aurrez aurre Mikeli tente, “zer gero? Ni ez bainauzu errazkeriaren hildotik jango, zu”, ailegatu zion osoki haidor. Mikel, arras gelditu zen kortapasarik eta kolorge, Eunateren hain inpresiozko jarrera ikusita. Noski, gero mila eskudantzia eta damu askoren bidez ezagueratu zuen Mikelek zelako egite eroa, eta eskatu zion benetan Eunateri, barka ziezaion bere atrebentzia. Mikelek, agian, bazekien hala obratuaz gero erraz ofentsa zezakeela Eunateren hain sentipen zindoa, baina hark edozein modutan muestra nahi zion neskari, bere barnean kabi ezinez nabari zitzaion amodio hura; konforme, eta kontu egiten zen Eunatek afekziozko sentipenak zituela bere baitan estima hobean, baina gizonak, askotan beste moduz senti ohi zuen amodioaren garra. Seguruenik, eta berez izan ezik gizona emaztea bezain sentibera eta aitzitik anarkoago sentipenei buruz behinik behin, beti nabariko zitzaion seksuarekiko joera askoz bizikiago eta tematiago bederen. “Nik ez bainuen espero zuregandik honelako ezer hain basati”, ahomentatu zion berriz hurrena Eunatek, konturatu zelarik istanteko Mikelen begi beltz haietan halako zerbait diztiraz beterik isurtzeko zorian zegoela. Eta zelako gauza ikustean, berebiziko azkarrena bultzatu zuen bihotzak Eunate arras kupitzeraino, eta ondoratu Mikeli, ipini bere esku leun eta polit haietako bat haren alde bateko masailari, eta oinpuntetan, laztan beroz musu eman zion bestean maite zuela esanez; gero, hartu Mikeli esku bat beren tartean, eta bi bider muin egin zion. Amodio zindoenez onesten zuen berak —promes egin zion Eunatek—, baina ez nolanahi jolastu eta irritsari indar eta leku emateko erarik lizun eta maltzurrenetan izango bazen. Bestela, bentura anitz askeagoak bilatzen saiatu nahiago bazuen, harengandik libre zen bietan inork inor konprometatzeke. Mikelek txintik beharta ere ezer oguzteke, betagain batetan musu eman zion Eunateri eta alde egin zuten leku hartatik ostatura, bakoitza bestearen eskutik elkar zindo maitatzeko. Bien bitartean, handik gertuko baserritar bozemale batzuek herritik atzerakoan, lotu beren zaldiak atariko etxahormaren girgiluei, eta halako zerbait hartuaz ostatuan zeuden. Herriko albiste barreiaturen bati buruz ari ziren Mikel eta Eunate barrena sartzean. Egia, eguraldi txarra tokatu zelako edo ez, bozemale askotzarik ez zebilen herrian, baina beste gertakizun triste baten berri aitzitik, ongi kanpaturik zegoen bazterretan;alegia, zauriturik gorpu bilatu zuten gazte haren azken ondikoz beteari zegokiona. Herri guztia zegoen errukiturik eta gogapen kezkatietan sakon murgilduta. Ezin inolaz zalantza zitekeen gorpu hura Erramunen lagun zelako Iñaki gaztearena beste zitekeenik. Ostatuan, albiste hura jakitearekin bat batez barrentatu zuten zer gertaturik izango zen beren aberkide harekin ere, eta atsekabe eta dolu handienez kupitu ziren denak. Nolanahi zela ere bada, berri hura zerbait hobeto jakin eta gorpua ikus ahal bazitekeen asmoz, bertatixek prantatu ziren Martin, Ane, Mikel eta Eunate herriratzeko. Zaldiak txalmatu astategian, eta agudo atera zituen Martinek etxakantoira, Ane eta Eunate pronto jartzerako. Gero, bikote bakoitzak jaupatuaz bere zaldia, aidoki abiatu ziren herrirako; noski, elurretan egiteko joalditxo bat bide ere bazegoen ostatutik burgiaraino, baina azienda ibiltari haiek lasterka bat zuten asko noranahirako. Eguraldia, ari zen aldatzen; ari zuen mendebalak lanberatzen eta ordurako dexente zihoan elurra baltsatzen eta urtzen azpitik batipat, baina artean lodi zegoen autoak erabili ahal izateko. Antzinako ipuin batek zioenez, otsail ttikiak halako artzain erronkalari, superbo eta harroa hobeki zigortu eta erasoerazteko, bi egun t’erdi eskatu omen zizkion martxoari eguraldi txarra egiten jarrai ziezaion, baina orduan behintzat, bazirudien martxoak ez ziola emango otsailari aintxitiko egun hura beste elurrak irauteko. Eguraldiak euriari ekingo zion tankera hobea agiri zuen. Tarte batez, telefonoak konpondu zituztela eta pozik zebiltzan jaun andere seinoriozko haiek bridgeko partida laga eta batera dei, bestera jo eta hots izugarriak zerizkiela, ostatu bendeziozko hartatik norabait alde egiteko. Noski, Ibañetako Portua iragaiteko ahalik ez baitzegoen, baina Frantziako mugatik haruntz bidea irekita topa zitekeen, hain zuzen. Berehala jo zuten Madrilgo Gobernura eta Kanpo Arazoetako Ministeritzaren medioz aurki etor zitzaien St. Jean Pied-de-Port hiritik, bide eta kaleetan elurra kentzeko tresna bat eta libratu zien kaminsola. Hala ordea, adrezeria elurkentzaile hark herriraino jarraitu zuen, eta ondoren ordu bat baino lehen azaldu zen Frantziatik jeep batetan Espainiako polizia. Martin, Ane, Mikel eta Eunatek ezin ikusi ahal izan zuten lehenengotik Iñaki zenaren gorpua La Benemeritak zeukanez gero bere kargu haren kustodiotza, baina Mikelen kazetaritzako kredentzialaren bidez eta erakutsiaz eskuetan foto kamara bat, utzi egin zioten nahiko aitzakia, ohar eta erreparoz izan bazen ere. Bestera, telefonoak konpondurik jada, zibilak presaka ari ziren Iruñeko Komandantziara parte ematen, baina ordurako herria dena zeukan kopaturik poliziak. Eta agian, Iñakiren gurasoek artean gerotxo ere ez baitzuten ezer jakingo. Noski, egoera krudel hura kontu eginik, ondiko, desasoin eta aladura izugarria sortu zitzaion Eunateri, eta esku bat errendatu zion Mikeli, honek bere arrimora jartzen ziolarik sorbalda babestu eta maitatzen zuen seinalez; eskuek hotz mindurik zeuzkan, eta hartu Mikelek beren tartean eta berehala gozatu zizkion gero bisaia eder eta polit hartan maitekiro osoan musu bat emanez. Eunatek, erruz estimatu zion une errukiozko hartan zelako babes fidagarria bere amurus Mikeli, eta joan ziren lauak herriko ostatura ahamen bat egiteko asmoz. Martin eta Ane ere berriz, nahaigabeturik zeuden itxura osoan agertzen ziren; Ane ohiturik gainera bere etxean erropa guttirekin, eta bestetik sentiturik hainbat gazte haren azken tristea animaraino, hotzak dir-dir eragiten zion noizik behin, eta Martinek kendu zamarra, erantzi soineko jertsea, eta momentuan jantzi arazi zion hotza pasa ez zezan berak hain maite zuen Ane pospolinak. Herriko ostatuan jan edan piska bat egin zutenean, laster bizkortu ziren eta pentsatu, etxerako goiz samar abiatzea. Atera berriro zaldiak ezagun batzuen etxeko ikuilutik, eta aurki disposatu ziren erretirarako. Anek, igo aziendara eta ondoren Martin jarririk aurretik, eskuratu zaldiaren hedeak eta gerritik heldu ziezaion aholkatuaz neska, berehala ekin zioten atzerako ekinaldiari. Mikel eta Eunatek ere berdin egin zuten. Mikelek berriro ohartu zituenean Eunateren beso eta eskuak bere gerrian eta burua sorbaldaren kontrena hain irmo, zeharo sentitu zen adur oneko eta, agian, antzinako edozein zaldun haietan bat bezain maitale, ausart eta ongile. Koanto, zaldi biak parez pare trotaratu ziren bide guztian etxeraino, eta bien bitartean elkarri zer konta bukatzeko beldurrik ere ez baitzuten izan bi nobi-nobia haiek. Arratseko ilunistana zen gertu, baina artean erraz ikus zitezkeen ortzeko hodeipean nola sortzen zen mendi magaletan halako laino jariozko bat ahuleriaren nagitan bezala hor hemen egiten eta desegiten zelarik ez jarraipen eta ez akuzia, euriari leku emateko. Noski, elurte baten ondoren maiz sarritan ekar ohi zuen hain eguraldi aldakor eta umelak euri jasa. Bikote haiek zihoazen herritik Frantzia alderako bidea, tresna elurkentzaile hari esker oztoporik gabe topatzen zen jada; autoak sarri agertzen ziren ordurako kaminoan lanpadak irazeki eta bira baten ondoren argiratuaz fokada itsugarri batez neska mutil haien zaldietako itxura antiguala. Atzetik zetozen kotxeek berriz, Ane eta Eunate isladatzen zituzten argien errelunbroz, baziruditelarik batak bestea inongo dama umant eta prendatuena bere jaun zaldunarekin hain maitale. Etxeratu zirenean, berehala nabaritu zuten ehiztariek ez zutela egin ehizik, baina hala ere, alai ari ziren haiek elkarrekin berritsu ardangelako mahai batera egin eta ardo batzuk hartuaz. Martinek gabonak ematearen une batez galde egin zion aieru ezetz. Eta arazo hari buruz ez baitzuten ezer besterik aipatu. Ondoren, Iñakiri zegokionez mintzatu ziren luzaro. Ea ba nola arraio ehizik egin ez zuten eta ekarri basurde bat bederen, etab., galdetzen ihardun zuen Martinek hurrena guztiekin. Areago, berehala jakin zuten Martin eta berekin etorri zirenak, alegia, nola lagaturik zuten ostatua jaun andere kopetagoidun haiek, eta bidearen parada ikusirik erraz, baita ere joanik ziren beste bi pareja euskal erdaldunak Frantziatik buelta; haietarik Koldo gelditzen zen han euskarakada izugarriak zerizkiola, Txomin, Xabier eta Eliasen ziriei nola erantzun asma ezinez, baina egon zitezkeen poliki eta patxadaz, zeren ba, hark euskaraz ikasten zuenean, aditzeko zeuden senperren gorri eta beltzak gainerako guztiekin. Koldo Lopez, mutikotandik zen han Castilla-ko probintziren batetik Euskal Herrira etorria bere gurasoekin, eta “yo soy vasco” zioen, hala kontsideratzen zenez nonbait; “vasco” izateko bere inkarnu eta grina, izugarria zen bada. Zirudienez, bere guraso, senide eta ahaideak ere oro, integraturik zeuden Euskadin. — Tu pues, ¡cómo vas a ser vasco! —erantzun zion Xabierrek dexente bat adarjoile. — Sí, yo soy vasco —zioen berriro Koldok benetan, presente zeuden guztiek halakotzat ezaguera zezaten, eta bere aurpegiko erreguak pena eman ziezaiokeelarik edonori. — Más que muchos —esanez aurreratu zitzaion Mikel—. Y pronto serás tambien euskaldun, Koldo. Gazteak esker beroenez begiratu zion Mikeli, eta gero honen alboan topatzen zen Eunateri; Eunatek ere buruaren mugidaz, istanteko erantzun zion baietz. — Tu, aprender ya yas aprendido hoy también “euskaraz” con nosotros, pero todo al revés —ahomentatu zuen hurrena Eliasek, itxuraz Xabier baino serioago zelarik. Eliasen ateraldia entzutean, denek farre egin zuten, eta Koldo berak ere bai piska bat bederen, baina laster abenturatu zen hau zerbait klarezteko: — A mí Xabier me ha dicho, que..., que..., en euskara joder, se dice: “larrua jope”. — Yo no he dicho así, kaiku! — Sí. — Sí pues...! Estás malo tu para “hazer” “jope” al asunto! “Putakoiago duk zer baino eta...!” zioen Xabierrek bere lagunei ondoren, bere batez Eunateri lotsati samar begiratuaz. — Así me has dicho, si para negar no eres ahora un ca... —apelatu zen berriro Koldo. — A que no sabes ahora como se “dize” “cabrón”, en euskara? ¡Eh! ¡eh! —eraso zuen berriro Xabierrek Koldo. Koldok begiratu bere inguruko guztiei apur bat, eta umoreko, bertatik disposatu zuen erantzuna: — Me parece a mí, “Xabier” o algo por el estilo. Ordurakoxe korapilatu zion Xabierrek beso bat Koldori bere lepoan, eta hasi ziren elkarren katrabiloz jolasborroka trakets batez mahaiko baso bat edo beste ere lurrera bota, hautsi eta txikizioan. Eliasek, mutikokeriak utzi eta geldi egon zitezen eskatu zien Xabier eta Koldori, mahaian behintzat beste ontzirik hautsi ez zezaten eta eman heuren buruei antz hobea, hala borrokan bi sujetu ziruditelarik batak bestea baino okerrago. Eguraldiari, barrendik nabari zekiokeen euri jasa ikaragarriren bat ari zela elurra urtuaz; teilatuko ekarbeek euri eta elur urtuen urez, ituxurako kontra gainbete, eta korronte baten jauskeraz bezala hots egiten zuen lurraren kontrena atariko lau kantoietan. Haize, elur eta euri, aspalditxoz geroztiko bolara hartan bazebilen eguraldiak ere pertsonen modura Kristobal Kolonen abarkak beharta, arrastatzeko inkarnua franko eta sosegatu ezin ugari. Zioen ostalariak ben osoenez. Aurki iritsi zen Joan dena blai eginik ostatuko atarira, eta Xabierrek harturik estalgarri bat eskaratzeko isekilutik, eta jantziaz burutik behera, agudo eraman zuen Joanen mandoa astategira. Momentuko hurreratu zuten Martin eta Txominek Joan, eta galde egin zioten zer edo zer, honek, dena ongi geratu zela hain pozik kontu emanez haiei. Gero, jantzi bustiak soinetik aldatu eta ondoren esango ziela gainetiko guztia, ailegatu zioten bere bi lagunek. Mikel eta Eunate, jangelako bi suina haietan batera eginik zeuden aldian enbor irazekien garrei begira, eta bestean txirta gurituari; giro zegoen sokarrean. Berritsu ari ziren, Mikel bere guraso eta familiaren izakeraz ari zitzaiolarik une hartan. Eunatek isil eta ardurarik handienez entzuten zion irrifar maitagarri bat ipiniaz aho zoragarri hartan eta aurpegian bere kandura tolesgabea. Bakoitzak bere familiaz elkarri hitzeginik hain estendikor, eta funtsean izanik biena gutti asko parekotasun berekoa, ez baitzitzaien oztopo askorik sortuko batak bestearen aitama eta senideen artean ongi konpon ahal izateko. Mikel etxetik atera zenean, eta izan ezik artean norabide jakinezkorik, bere aitama urduriak honez gero kezkati egongo zirela eta haiei telefonatzea pentsatu zuen lehenbailehen. Mikelek erruz erregu egin zion Eunateri, honek ere konferentzia entzunez bederen parte har zezan. Ezarri telefonoan bere etxeko zenbakia, eta bertatitxek jarri ziren Mikel eta Eunate bakoitzak bere belarria aurikularrari erantsiaz. — Bai, nor da? —galde egin zuen amak beste kabutik. — Mikel naiz, ama. — Motel, bizi haiz? — Koanto, eta ongi, amatxo. — Ene, Jesus! — Zuek, ondo zarete? Edo... — Bejondeiala, motel! — Zer? — Barrunte txarrenak eraginik ginduzkaan, Mikel. — Hara! — Zergatik lehenago deitu ez diguk? — Telefonoa zegoen aberiaturik. — Zer asmo huan pentsatuta, uste baigenian honez gero otso, hartz, basurde edo beste edozein pizti gaiztok irentsirik izango hintuela. — Ba ez; bizirik eta kontent nauzu, ama. Bien bitartean, Eunateren bisaia irrifar gozatsu batetan agertzen zen Mikelen masailari berea ezarrita. Jakina, ondo entzuten zen dena. — Aitak, zer dio? —galde egin zion berriz hurrena Mikelek bere amari. — Lasai zegok telebista zozoilu hori ikusten. — Esaiozu, andregaia ere badudala. — Ene..., Maria Santisima!! Laster egin duk... — Neska on eta jatorra, gainera. — ... Bai, horren batean... — Zer gero, ama? — Izando dela biziro baraporen bat. Amak beste kabuan “andregaia ere egin omen dik” Lorentzori errepikatu bitarte, Mikel eta Eunatek gogoz farre egin zuten. — Mikel; eta noiz hator etxerako? -ailegatu zion amak hurrena. — Bihar. — Bihar arte, hortan. Orain Lorentzo jarriko zaik. — Bai, bihar arte, ama. Musu handi bat aita eta bioi. — Zer, ez al haiz aspertzen putakoi, hala?—ekin zion derreferente Lorentzok. — Tira motel, ixo aho hori! — La ostra...! —moderatu zen apur bat Lorentzo, ondoren. — Hau duk bizitza...! Hau...! Lorentzo. — Eta andregaia? — Hi...! Laster jakin duk —zirikatu zuen Mikelek. — Usnaren bidez, berehalaxe etorri zaidak odore gozo bat tresnara. Ez daukak urrun, hala? — Ez. Hementxe alboan bertan zeukat. — Inponente samarra, al duk? — Bai, zeharo. — Hi, eta ez al zegok hor besterik niretzat? — Motel, hi gabe ere bazegok hemen nork andregaia egin zekorrik asko. — Las..., de Haro! Hi haiz azala...! Bat egongo zian guztia, eta huraxe ere bragetaratu duk, urde horrek! — Aldezak hortik, beste bat ere bazegok polit askoa, baina Martin baso mutilarena. — Non habil horren..., zikiro? — Paradisuan, motel! — Konferentziak luze joko dik, hi. — Bai, bueno..., bihar arte. — To, anaia zakarroren besarkada. — Hiretzat nerea ere, Lorentzo. Agur. Mikelek telefonoa isegi, eta artean Eunate bere kontrena zeukalarik beso bat haren sorbaldari ezarrita, behin berriro ere grina beroenez, ahoa bila nahi izan zion musukatzeko, baina Eunatek arbuiatu egin zuen Mikel hala tema ez zedin mesede eskatuaz. Munduan, baldin ikusi, ikasi, sentitu eta estima nahi baziren bakoitzaren inguruneko gauza xumeetatik hasi eta beste hainbat edertasun umildurarik osoenez, eta lor bazitekeen norbera ere gauza guzti haiek bezain apal, xume eta eder izatea, zer balio zuen grina hark gainetiko denaren truke? Biologia at, itsumen hura ez baitzen parte erruzo batetan, lukurreriaren diruekiko kutiziaren kidego bat ezer beste. Agian, eta prezeski ederren eta preziatuenak izan zitezkeen gauza apal eta xume guzti haiek lukurreriaren ondorioetan miretsi izatea, sentipen baino askoz zen gehiago itun. Noski, lukurrari kendu edo uka bazekiokeen bere lukurreriaren opari oparoa, kasik beste ezerk ez baitzion balio eta inanizioz hiltzen zen. Eta haragi irritsarekin ere halamoduz gertatu ohi zen erruz frankotan. Bizitzean beste gauza guztiak bezalatsu, ez guttiago ez gehiago, grina hark ere osagailutzat edo hobeto esateko, osagailu izan behar zuen, eta ez hain soil itsumenaren inkarnu hasekaitz. Utz zitzaten bada, gizartearen egungo zenbait halako egituren prejuzgo eta oztopo dohakabeak, kemen, adore eta balentia osoenez mendera zezaketeneraino, eta abia zitezen gauzarik apal eta xumeenak estimatzen; nolabait izatekotan, hala bilakatuko ere zitzaien mundua zoragarri, eder eta atseginago; areago, hala aurkituko zuten lukurreriaren egungo ezjustiziaren justizia gezur eta sobornotik aparte; bekaizkeriaren faltsia, gorrotoaren garaipena edo, irrits eta beste hainbeste grinen tenplantza zentzu hobean. Zergatik, ordea, desiratzen zuen Mikelek bera hain haragi irrikaz —zioen Eunatek—, eta agian, beste gauza guztien truketan? Berak, Eunatek, asko maite zuen Mikel zegoeneko, baina ez baitzitzaion errendatu nahi inolaz ere seksuarekiko amodioan hasebete eta elkar okaztatzeko arriskuan jartzeraino. Gero, hala apartatu ohi ziren senar emazte anitz elkarren gorrotoz. Mikel, jeiki ahala ihardun zitzaion Eunate zoragarriaren aurreko kadiratik. Hurreratu zutik topatzen zen emazte amodiozko hura, eta beso bietatik helduaz, musutxo bat eman zion ezpainetan komeriaren komeriazko bromeriaz. Noski, Eunatek biziro farre egin zuen. Gero, eseri kadiran batak besteari samur ezarriaz bere masaila, eta luzaro egondu ziren hala elkarren amodioz, berriro ere hartzen zuelarik Mikelek bere kontrena Eunate, sorbalda eta besotik; baina, ordea, lehenago promes egin zion zinez bere neskari patxadaz eta kontentuz gera zekion eta jarrai berritsu, ez zuela berriz berehala hain behingoan zutzatuko eta. Afaltzeko garaia zen, eta Eunatek Aneri mahaia jartzen lagun egin bitarte, Mikel ardangelara pasa zen. Joanek, ez baitzekien Mikel aldeginik bazen ere, eta berriro ikusi zuenean lagunartean, ondoratu eta bizkarrean eskurada bat emanez diosal egin zion halako beste zenbait gauza galdetuaz. Jende haren leialtasuna eta adiskidetza, izugarria zen. Edonor zela ere, beti beren lagun izan bazen bezala tratatu ohi zuten uste zintzoenez hain apalki. Ez bai zera, une hartan lau ehiztariek zer ibili egin zuten berri ematen ari zitzaien ostalari, Martin eta Joani, nola basurdeen aztarrenik bilatu ez zuten etab., dexente etsita; ostalariak erantzun zienez, sasoin hartan ez baitzen abendu eta urtarrileko elurteetan bezala, zeren orduan elurrak luzaro irauten zuen izotz eta antzigar guztiekin, baina, ordea, behin martxoa arrimaturik, basurdeak igarri edo antz eman ohi zion elurrak ezingo zuela asko iraun, eta egun bat edo bietako goseagatik ez ziren beren lekutik inora aldatzen. Anek bi ontzitan itxura aparteko ragout bat zerbitu zuenerako, han inguratu ziren guztiak janaren usnara eta eseri ere aulkietan mahaira, afaltzeko. Noski, aurreko gauean baino bake hobean afalduko ahal zuten ostalariak zioenez, jende eskergaiztoko harekin izan zuen odolberotze txarra gogoratuaz. Eta edonori igarri zekiokeen erraz aski aurpegian, hala gertatuko zen tankera. Ostalari jauna, bere betiko lekuan jarri zen; Txomin, Joan, Xabier, Elias eta Koldo ere berriz, heuren tarteko bakarren batek kontaturik halako baldraskerien bat berdotz, izugarrien algara eta elkarren tropikoz ondo bultzada traketsak zerizkiela eseri ziren mahaira, andre Maria, Ane, Martin, Eunate eta Mikelen parez pare. Mundu on batean, gizagazte haitxen lakartasuna ere apur bat leundu ahal izateko, ez zuen behar nolanahiko garlopa. Langile eta onak ziren, andre Mariak zioenez, baina neska jator banak falta egiten zien. Etxekoandreak, berehala galde egin zion Mikeli, ea bere herrian ba ote zegoen haientzat moduko neskarik. Bai, egotez bazegoen neska jatorrik asko bere herrian, baina..., oi ene!, heurek bila beharko zituztela, erantzun zion Mikelek. “Joango gaituk ba haruntz ere, motel, ea dagoen urtabe oneko behorrik”, ailegatu zion berebatez Xabierrek pikardiaz beterik Mikeli, alboko Elias ukondokatuaz. Amabirjina...!! Tokitan zegoen haietxen jorra ere. Halaber, Txomin eta Joan zerbait eginagoak zirelako edo, aski isilago ari ziren afaltzen eta Koldo ere bai artean arrotz samar senti zitekeelako eta ezin ulertu euskara, baina Xabier eta Elias aitzitik, aldian sarri begiratu Martin eta Mikeli bi neska haiek hain maitemindurik zeuzkatelako, edo halanola, eta erabatez aztoraturik sekulako adarjole zeuden. Haiek uste ez bezalako —Martin eta Mikelek uste ez bezalakoak, alegia— neska ugazdun eta magalalde mardul mardulenetakoak bilatuko zituzten nahiaren arauera edonon. “Jesus..., mutilok! Ahoan ez duzue bero galdurik”, deitu zituen andre Mariak gazte haiek, zelako kontukontatze baldarkoi eta katrabilozkoa entzutean farrez eta umoreko. Eunate eta Anek ere aldian behin beren Mikel eta Martini begiratu, eta farre galanki egin zuten zakarro bezain zindo ziren mutil patxiku haien kontura. Baina kontuak kontu —hasi zitzaien hurrena Eunate, Xabier eta Eliasi—, haien hainbat ordoskeria, pikuesan eta maixeo guztien zirri parra, ipuin eta fantasiak, ez baitziren alfer alferrikako berriketa bat ezer beste. Putzontzikeriak aparte, ordea, bazegoen bazterretan hamaikatxo bat neska jator halako mutil lirain, indartsu eta bikainak hartzeko prest, baina haiek ez baitzekiten nolatan baliatu eta intruizioak eduki neskekin. Besteak beste, haiek heurek bezalako neska tolesgabeei, samur, gozotsu eta kurios hitzegin behar zitzaien eta zindo gorde eta maitekiroz babestu beti hala obratzeko asmo osoenez. “Guk hitzegin, egiten diegu, baina...” erantzun zuen Xabierrek behingoan, Eliasi begiratu eta biei farrea zeriela. Baina... Bai koanto, han zegoen “baina” hura. Neskei erraz hitzegin baino, ordea, askoz errazago joan ohi zitzaien norabait haiengana beren eskua, eta zaplastako bat edo beste harturik, tabernara alde egin ohi zieten neskei. “Jesus...! Hau duk jendea! Hau...! Zioen berriro andre Mariak bere senarrari begiratu, eta galdetzeko: “kontuan ahal zaude, Domingo?”. Egia esan, ostalari jauna, aldian sarri samar esku zapiarekin ezpainak pasa rist-rast eta, kil, kil, kil, gauza haien akordiozko farrea zeriola ari zen afaltzen hain gozamen bakezkoan. Emakume denak ziren zoragarri, eder, polit eta apetigarriak zenbait garaitan —zioen berriro Xabierrek—, baina beronika beronika zen “huaxe” bera ere, beti sorgin. — Ez al da hori horrela, Domingo? —galde egin zion berriz hurrena Xabierrek ostalariari. — Bai, eta gainera, egia ebanjeliokoa duk. Nere alboan daukadan hauxe ere motel, ez huan oso zuzena...! —ailegatu zion ostalariak gazteari bere emazte Mariagatik. — Hara berriz zer esango duen honek! —hasi zen Maria—. Zu Ameriketatik berriro bueltatu arte ere, nik zindo itxoin nuen. — Ja!, baina, ordea, ez baitakit ni han nengoen bitarte, zuk hemen zer nolako kontxulubio saltsa erabiliko zenuen. — Gaur balitz sasoin hura...!! Ez ninduzuke berriz hain erraz harrapatuko, ez. Eta guztiarekin —esanez jarraitu zuen Mariak—, behin eman egin nion nik ere musu hain gustoko nuen mutil bati baina, akabo! — “Haor” ba, “haor” zu ere pekatuan, Maria —ahomentatu zion ostalariak bere emazteari gertu belarrira, munduko emakume onen onena zela pentsatuaz. Andre Mariak zioenez, mundua oso zegoen gaizki disposatuta; munduan, noski, aberatsak zuen ahal eta domeinu dena eta behartsuak ezer ez. Jakina, halamoduz gertatzen zen gizon emakume arazoan ere; gizonezkoa zen ahaltsuaren pareko, eta emaztea beti pobrezian, haren menpeko izan beste biderik ez baitzeukan, eta kito. Eunate eta Anek erruz ondroso goretsi zuten etxekoandrearen oharpena, baina gainetiko gizajende hura ez baitzen egon ados emaztea hain pobrezian ikusteko bederen; beste baliabide ugari ere bazituen emakumezkoak, eta nola haiek han ezingo zuten konpondu mundua, bromari jarraitu zioten. — Hi, Xabier —zirikatu nahi izan zuen hurrena Martinek bere laguna—; hik ez al dakik eskuari geldiro jartzen ere badela trebe zenbait neska? Xabierrek utzi platerean zalia, arrimatu besoak mahai ertzari eta gerria jeikiaz, istanteko abertarazi zuen etxeko alaba: — Hi, Ane, aditzen al dun. Hik ez baitakin nolako ganaduje dunan hori. Bazekizkinat nik horren zenbait kontu, baina ez dizkinat esango. — Hori ez duk inor peatzeko modua, Xabier —gazmindu zuen artean gehiago Anek hizkirimiri hura—; esan egin behar dizkidak. — Ez. Ez dizkinat esango; ezta pentsatu ere. — Zergatik ez? — Nirekin etorri nahi ez dunalako. — Ba hortan, esateko gorde hitzak. Martinek Aneri samur begiratuaz eta gero Xabierri eskuarekin zerbaitz egozteko imintzioz, fite ailegatu zion: — To, hezurra. — Hago..., poliki! Jango diat nik gezurra!! —erantzun zion bihurri Xabierrek atzera, eskuin eskuko behatz erdikoarekin tinko aieru itsusi bat eginez. Txomin eta Joan traktore batzuek besteetatik zer alde zuten etab., ari ziren erraparo osoenez, eta deus gutti kontu egin zioten haiek Xabier eta besteekiko bromatze hari. Mikel, pozik zegoen etxe hartako fidantzia ikusita, eta maiz sarritan gogoarazten zion Eunateri, mundu zabalean ere ezin egon zitekeela leku hoberik ostatu zahar hartakoa baino. Han, etxe loriazko hartan, guztiek zuten elkar estimako armoniarik maitagarrienean. Ostalariak berriz, bere gaztaroan Amerika eta beste leku askotan zer nolako malura, etsipen eta behaztopa suertatu zitzaizkion etab., hamaika gertakizun kontatu zituen gau hartan; gainera, etorri apartekoa zuen hark edozein gertaera hain entzungarri bilakatu izateko. Ostalari jauna lehenengoz itsasora zenean 36-ko gudate aurreko urtea izango zen. Bordelen pakebote zahar bat mota denetako jenero eta jendez fleta zezaten lau egun itxoinik ondoren ontziratu zen eta zarpatu La Habanarako. Eskerrak zen orduan gazte, eta hala ere, gazte izateak baino askoz gehiago lagun egin zion berriro bere Euskal Herrira itzultzeko nahimen eta desirak. Isiltasun osoan entzun zioten mahaikide denek, eta bere seme Txominek galdetu zizkion xehetasun guztiei konplimen ematen zien ostalariak. Atlantikoan, amerikar itsas ertz gehiena edo dena zuen hark ezagun, eta Pazifikoan ere luzaro ibili zen, hasi Californiako San Franciscotik eta Chilen Valparaisoraino. Harrez gero, Europako ere ibili zen zenbait lekutan. Baina gaur geroenean, bere begiek ez baitzuten beste ezer asko ikusteko miderik. Hura, han bere ostatu baserri zaharrean bizi zen zoriontsu. “Zuk zeure etxe eta inguruan besterik zoriontsu egiteko ere birtuterik asko baduzu, jauna”. Adierazi zion Mikelek, etxe hartan berari ere gertatu zitzaion ostatutze jator haren eskerron eta pozaren muestratzat. Postreetan zeudelarik, aurki zerbitu zituen Anek kafe eta pattarrak mahaira, eta Txominek aurrez Donibanetik ekarrita zeuzkan puru berezi batzuk. Anek pentsaturik berebatez, Mikelek biharamunean alde egingo ziela eta Eunik aurki, afaloste hari gatz piska bat gehixeago jartzea ideiatu zuen bere asmoa hobeki ameniatzeko. Izan ere bazuen garaia, eta izan zekiokeen behin behingoz eta ben osoenez aukerakoen parada, bere familiari Martin eta beraren ezkon ituna aurkezteko; a...!, eta ez haiena bakarrik, ze baita Mikel eta Euni bikotearena ere baizik. Ez ba, pentsatu ez ezik egitearen taiu eta maina ere laster prantatu zituen loriazko kreatura hark. Jeiki mahaitik, ondoratu aitari, eta musu bana eman zien honi, ama eta bere anaia Txomini denei jakinaraziaz Martin eta bera nola zeuden elkar prometaturik. Guztien txalo eta onespen beroenez izan zen goretsia pareja, baina oraindik ordea, apur bat isil zitezen eskatu zien Anek mahaikideei, Martin eta bera ez ezik, artean ez bazeuden ere nola aurki prometatuko ziren Mikel eta Euni berri emateko. Eta hala obratu zuen Anek, eta denak txalotu zituzten bi nobi nobiak haiek. Egia esan, Mikel eta Eunate halako gauzarik batetxo ere ustekabe eta zeharo itsumustuan harrapatu zituen Aneren tentaziozko portaerak, baina gaizki iruditu ordez, eta ez guttiagotan, farrez eta pozik guztien onespen eta opa onenak hartu zituzten Ane eta Martinek bezala. Ondoren, ostalari jaun eta andre Mariak beren alaba eta Martin suhi gaiari hainbat zorion opa ziela haiei ere, eta sekula betirako haien etxeko atea zabalik bilatuko zuten fidantzia eskatu zien Mikel eta Euniri. Hauek, baietz, beti etorriko zirela promes egin zuten Eunatek ematen zielarik musu bana Domingo eta Mariari, eta Mikelek emazteari musu bat eta haren senarrari eskua tinko herstutu eta eskukada bat sorbaldan. Mutil basazezen haiek ere denak mun egin zieten neska bieri eta eskuak irmo eman Martin eta Mikeli, beste zenbaitz bizkarreko traunpada, ukondotze, bultzada, tropikoi eta gainetiko ostiko guztiekin. Noski, gizagazteria hura ez baitzen izango Madrilgo zenbait saloi dotoreetan txukuntasunez ibiltzeko oso aproposa, baina bihotzarekin sentitzen zuten beren lagun haien zoriona eta guztiek alaitasun bat batez parte hartu ere egin zuten laudoriozko gau hartan. Artean lehenak gero baino hobeki ospatzeko asmotan berriro mahairatu ziren denak umoreko, festa hura ez zela egunero gerta zitekeen gauza pentsatuaz. — Hi, Mikel; la ostiala...! —hasi zen Xabier—. Hik beste askok hainean eta ongi presaka egin duk andregaia. Eta Euniri begiratuaz ondoren, honi ere agudo jarri zion haietatik bateko solfa: — Ene, Euni maitea! Zuri ere, etorri zaizu bihotzeko printze urdina! Eunatek beste guztiek legez, farreari txistea zeriola erantzun zion: — Koanto!, gu ez baigaude zozoilo mozoilo hontzak bezala. — Erreputa...! Ez. — Ea motel, zuek ere mugitu...! —aholkatu zuen hurrena Mariak Xabier, haren beste pegoi talde hari ere balia ziezaion erakutsiak. Gero, Martinengana jo zuen Xabierrek zerbaiten aztarrenak eramanik: — Adizak, Martin; non zebilek zuen Kontxesi? — Donostian zegok. — Donostian? Ez dik leku txar txarrera jo ere. — Hik esateko, ez duk gutti! — To! Esku hau ezagutzen duk —esan zion Martinek bere eskua Xabierri luzatuaz. — Bai, esku hori ezagutzen diat —erantzun zuen Xabierrek harena berean herstutzerakoan—, baina bai bere jabera ere zeinen zaldizko putagosea den! Martinek heldu lepagaina Xabierri, eta bi bider balantzatu zion honuntz haruntz, guztiak farrez zirela. Halako noizbait, bazirudien sumindu ere egiten zela piskat bat Xabier, Martinen aurka, baina ez, hura dena ez baitzen itxura ezer beste; Martinek anaikote gazteago bat amorraraziko bazukeen modura zirikatu ohi zuen lagun hura, baina funtsean, estimadun zeukan edo bai zelako langile saiatua, sentipen onetako mutiko leial, ondradun edo beste alde on askotako gizakasta jator eta apala. Tan..., tan..., tan...; gauerdiko kanpaiak jotzen ari zen antzinako erloju zaharra geldiro geldiro, auspo handi batek eraginik bezala. Orduak agudo igaro ziren gau hartan, baina biharamunean goiz joan behar zen basora, ikuilu edo beste norabait egunari konplimendu emateko; beraz, lotarako denbora zerbait sakratua zen etxe hartan eta aurki prestatu ziren oherako baso mutilak eta haiekin Koldo, hamabost aldi baterako bederen gelditzea erabakirik; Koldok, leia handia zeukan ea lagun haiekin mendian lan eginez jartzen zen euskaraz trebeago; gainera, besteak beste, paroan zegoen eta nahiago zuen bere herian zer gasta ere askorik ez, eta denborapasa ibili ordez han zaildu. Baso mutilek gelditzeko erregu egin zioten, eta ostalariak ere berriz, ez zion mantenua, aterpe, ohe eta beste arreta anitz ukatuko eta pozik gelditzen zen. Guztiek egin zioten Mikeli agurrik beroena aurki berriro ikusiko zuten itxaropentsu lehenbaitlehen beste halako afari bat edo ugari egiteko asmo bizien eta onen onenarekin. Etxeko jaun eta bere emazte Maria ere hain gozamen gogoangarria izan zutela eta pozik erretiratu zire ohera gabonak emanez. Anek berriz, Mikel eta Eunate ez beste guztien ondoren, eskaratzeko eskailera barnean despeditu zuen Martin, aspertu nahi eta ezinez amodiozko laztan era musu haien entreguz elkar bestearentzat. Martinek bere besartean zeukan tinko Ane.eta ohartu zenean zenbateraino zegoen hau bereganako gizaguraz, agudo zentzatu zen itsumen hartatik eta eraman zion ahoa ahotik belarrira neskari, eta mintzo gozoz beterik esateko: “iritsiko da egun bat etorriko natzaizuna, Ane; hartuko nauzu amurus eta elkar onetsiaz, sortuko dugu fruitu berria.” Anek begiratu zionean Martini aurpegira eta ikusi bere begietan hainbeste ondade, esplika ezinezko sentipen batek bildu zion soina oro. Bazitekeen lasatasun hura benetazko amodioaren oihartzuna izatea. Anek ipini bere bi eskuak Martini masaila bakoitzean, eta “gabon pasa, Martin” esanez, musu eman zion ezpainetan. Martin eta Ane, prometaturik zeuden bada; gero, hain poz pozik, eskaratza eta ardangelatik barren egin sukaldeko lanak, Euni eta Mikelekin eduki halako ihardun laburtxo bat jangelan eta berehala erretiratu zen Martin bere amurus maitea gogotan zuelarik. Mikel eta Eunate nor senar emazte ezkonberri ziruditela, eseri eroso suinaren ertzetik kadiran, eta beren etorkizunerako asmoak mamitzen, taiutzen eta sakontzen ari ziren. Luzaro iraun zien haiei hain kontukontatze atseginak. Bestetik, Eunateren errealtasuna, bere donariozko zentzu eta ezaguera osoak, erruz baretu eta sortzen zion Mikeli seksuarekiko asaldua. Bai, Eunateren gauza haiek denak zeuden ordenu eta kuntza onean, baina zergatik ez obratu hala edo beste modura? Sasoiak sasoiko erara eskatzen zituen gauzak; egun, askeago izan behar zen eta ez garaituekiko denboren jarrera kontukoi haietan bezala hemendik, handik eta nonahiko loturaz josita. Eta Mikelen zenbait halako eskabideei, Eunatek berehalaxe jartzen zien beste hainbat oztopo, jarrera bakoitzaren ondorioa klarki azalduaz. Ordu batak ziren; loari luzapena jartzeko, berandu. Artean, antigualeko ordulari haren zuzen ibiltzeko ahalegina izugarria zen; inguratu nahi bazitzaion inor, eta entzun bere tik-tak iraunkor hura landako euriaren susmurrera, bazirudien bihotzaren taunpadak ere zuzpertu eta biziagotzen zirela denbora iragankoi krudel haren beldurrak asaldaturik. Noski, denbora galtzeke obratu behar zen —zioen Mikelek—, biharamunean arin egon behar zuen hark handik harako burubide guztiei ahal zezakeen harrera onenez aurre emateko. Eunate eserita zegoen artean, eta Mikelek jeiki zedin eskua eskainiaz, zutik jartzearekin bat bereganatu zuen emaztea eta musukatu zizkion zeruko manarekin egindako ezpain gozo haiek. Gero, estantziako argia itzali eta Eunateri hartuaz sorbalda leunkiro eta haren bisaia berearen kontrena emeki emeki, segidan igo zuten geletako mailadia eta despeditu ziren Eunateren apusentuko atondoan, honek itxoingo ziolarik Mikeli pasadizoan beste kabura iritsi zedin bitarte eta irazeki bere logelako argia. Mikelek istanteko piztu zuen lanpara eta agur egin zion beste ertzetik Eunateri, honek pasadizoko argia itzali zuen arteraino. Euriak eraso bazion ze, gogoz ari zen Mikelen lotegiko landaz kantoietik erortzen zen ituxurako urmilaren hotsetara erraz igarri zitekeelarik jasa. Leihoa gutti asko zerbait zabalduaz, gaua arras ilun eta umel agertzen zen usnara sudurmintzetan lur bustiaren odore eta landako usain gozotsua ere nabariaz. Aurki bildu zuen leihoa berriro zirrikitu bat soil uzteraino, eta oheratu zen. Mahainutxeko argia itzali aurretik hartu lanpararen alboan zeukan Eunateren argazkia, eta bi bider muin egin zion, bat Eunate berari, et bestea buelta fotoa eta “Mikel maiteari” jartzen zuen atalean. Utzi berriro argazkia mahinutxeko lanpararen alboan, eta guztiz zoriontsu etzin zen ohean loak hartuaz hain plazerki. Biharamun goizean, gertu bederatziak arrimaturik esnatu zen Mikel bakezko lo batetik, eta ments baten modura jeiki eta disposatu zen arin hark nahi eta behar bezala dena eder eta zoragarri zeritzola fantesiaren irudipen bat beraren legez. Zabaldu leihoa alderik alde eta laster ohartu zen eguraldia euri jasaren ondoren laihotzetan elur bildu batzuk ezik beste, dena lurmendurik zegoen landako zelaietan bedatseak euri jasak hezaturik olura zeriela edonon. Gezurra zirudien iragandako bi gau aurrez ikusi zelako elur ekaitza, eta nola alda zitekeen hain laburki leku haien itxura. Natura, gauza izugarria zen; elur, euri, eguzki hura, haize garbia...; dena zen han amets aspergaitz baten pareko. Madrilgo kedar eta kutsadura oroitzearekin bat abiatu zen jazten eta eramateko zeuzkan gauzak larruzko zurroi batera biltzen. Sekulako arinena iritsi zen bi oinkadatan pasadizo luze hura iragan eta eskailera burura, mailadia jaitsi, eskaratza pasa eta eup!, olestuaz, ardangelara. Bazirudien etxe hartan ez baitzela geratzen anima gurutzeko bat beharta eta inor. Halabaina, aurki agertu zen Maria sukaldean atera eginik Mikeli egunonak emanez. Eunate berriz, etxekoandrearen aieruz, jangelan topatu zuen Mikelek liburu pilo batez inguraturik bere amurus maiteari gosaltzeko itxoinez. Mikelek aurretitxoan bere lotegiko leihoaren zehar miretsirik zuen landa ederraren osagailu delikatu eta preziatuena bezalakotzat musu eman zion Eunateri, alai diosal eginez. Lasai gosaldu bitarte, Mikel eta Eunatek gauza asko erabaki zuten berriz aurki Iruinean elkartzeko eta jarrai biekiko intruizio jator batzuei ezkon aurreko denbora labur batetan. Mariak, zorra gutti besterik ez zion kobratu nahi izan Mikeli, baina honek, beste edozein ostatuko ordaina bezainbat emanez, esker bero eta leialenez despeditu zuen andere on hura. “Domingok errietan egingo dit”, ailegatu zion artean andereak zelako dirutza gehiegi eritzirik. “Ea gero, Maria —erantzun zion Mikelek pagua har ziezaion erreguaz—; bestela, ez baigara berriz etorriko”. Eunatek ere buruaren ereginez, har zezan aieru egin zion andere Mariari. Aparkategiko, edo bere ordezko txoznan autoa abiadan jarri baino lehen, Mikelek biziro besarkatu eta musuka nahi izan zuen Eunate, baina honek, berak jarri zion ostatuko atondoan despedi zitezen baldintza; Eunatek han itxoingo zion besteak autoa prestatu bitarteko denboran. Eraman autoa haruntzaino, irten eta segunduko plantarik aurrean Eunateri, honek musu atsegin bat eman zion Mikeli ezpainetan, gero masaila laztanduaz errendatzen ziolarik alde batetik ikurrina zeukan egutegi ttiki bat. Ikurrinaren atalean, “Baita ere Mikel eta Eunate” jartzen zuen lapitzez idatzita eta egutegian hurrengo igande eguna obo baten barruan agiri zen. Une hartan, Mikelek pozik besarkatuko zukeen Eunate bere kontrena sendo, garbi eta babesle, baina ikusirik neskaren begietan malko biren asaldua hain urduri, hartu autoa eta kaminora iristean pit jo bozina eta haidor abiada egin zuen.
Herbesteratua |